54. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

9/2019 FORU AGINDUA, urtarrilaren 23koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, eskumen batzuk Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko idazkariaren esku uzten dituena.

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak, 121.1 artikuluan, ezartzen du Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegia independentzia funtzionala duen organo bat dela, organikoki atxikia kontratazio publikoaren alorrean eskudun den departamentuari, eta bere eginkizuna dela zuzenbideari jarraikiz ebaztea kontratazio publikoaren arloko erreklamazio bereziak, eta foru lege horretan araututako kautelazko neurriak hartzea. Artikulu horrexen 9. apartatuak zehazten du ezen Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko idazkaria berariaz horretarako hautatua izanen dela jardunean bost urte baino gehiago daramaten funtzionarioen artetik. Gainera, Zuzenbideko lizentziaduna izatea eskatuko zaio, eta prestakuntza berezia kontratazio publikoaren arloan.

121. artikulu horren apartatu berean zehazten da ezen Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiari baliabide propioak esleituko zaizkiola bere jarduerak egiteko; hori helburu,100002 10400 2301 923900 partida aurreikusi da 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legean.

Legezko agindu hori garatzeko asmoz, ekainaren 27ko 48/2018 Foru Dekretuaren bidez abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretua aldatu zen, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuena, eta VI. kapitulua gehitu zitzaion, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Idazkaritzari buruzkoa. Hortxe ezartzen dira idazkariaren eginkizunak.

Azkenik, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen zortzigarren xedapen gehigarriak xedatzen du Foru Komunitateko Administrazioaren izenean eta hura ordezkatuz kontratuak sinatzeko ahalmena departamentu bakoitzeko titularrari dagokiola. Ahalmen hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barruan maila bera edo baxuagoa duten beste organo batzuen esku utz daiteke, hierarkikoki titularraren menpe ez badaude ere, salbu eta arau batek kontrakoa xedatzen badu, hori guztia Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Auzitegiaren ohiko funtzionamendurako behar diren gastu txikien tramitazio administratiboa arintzeko asmoz, bidezkoa dirudi foru agindu bat ematea Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko idazkariaren esku uzteko auzitegiaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gastu txikiak baimentzeko eskumena, betiere horretarako aurrekontu-kontsignazioa baldin badago.

Legezko agindu horiekin bat,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko idazkariaren esku uztea auzitegiaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gastu txikiak baimentzeko eskumena, betiere aurrekontu-kontsignazioa baldin badago.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik sortuko ditu ondorioak.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 23an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1901030