54. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

17/2019 FORU DEKRETUA, martxoaren 6koa, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretua.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak aurrerapen handia ekarri zuen administrazio prozeduren kudeaketan Administrazio Publiko elektronikoa erabiltzeari dagokionez, eta aldi berean, lehentasuna eman zitzaien jakinarazpen elektronikoei, zeinak egiten baitira egoitza elektronikoan edo gaitutako helbide elektroniko bakarrean, kasu bakoitzean dagokiona.

Horrez gain, beharrezko zehaztasunez bereizten ditu identifikazio elektronikoko sistema eta sinadura elektronikoko sistema, eta orobat, sinplifikatu egiten ditu horiek akreditatzeko eta erabiltzeko bitartekoak. Hala bada, zehazten du ezen, oro har, identifikazio elektronikoa soilik izanen dela beharrezkoa eta sinadura elektronikoa eskatuko dela soilik pertsona edo entitate interesdunaren borondatea eta baimena akreditatu behar den kasuetan.

Halaber, lege horretan zehazten da, beste berritasun batzuen artean, zein diren administrazio publikoarekin ezinbestean hartu-eman elektronikoa izan behar duten pertsona eta entitateak. Horri dagokionez, 14.2 artikuluan jasotzen da ezen hartu-emanetarako bitarteko elektronikoak erabili behar dituztela ezinbestean honako hauek, gutxienez: pertsona juridikoek, izaera juridikoa ez duten entitateek, lanean aritzeko nahi eta nahi ez elkargokide izan behar dutenek, administrazioarekin hartu-eman elektronikoa izatera behartuta dagoen interesdun baten ordezkari direnek, bai eta administrazio publikoetako langileek ere, langile publiko diren aldetik administrazio publikoekin egiten dituzten tramite eta jarduketetarako.

Gainera, lege testu horren 14.3 artikuluak ezartzen du ezen erregelamendu bidez Administrazioek ezartzen ahalko dutela nahitaezkoa dela bitarteko elektronikoen bidez jartzea harremanetan, bai prozedura batzuetarako, bai eta, beren gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo egiaztaturiko beste arrazoiren batengatik, behar diren bitarteko elektronikoez baliatzeko aukera duten pertsona fisikoen zenbait kolektiborentzat ere.

Hala, Administrazio publikoekin hartu-eman elektronikoa izateko betebeharra, beraz, betebehar orokor gisa ulertu behar da, zeinaren arabera tresna elektronikoak erabili behar baitituzte (administrazio publikoak herritarren esku jarri dituenak) horretara beharturik dauden pertsona eta entitateek. Betebehar horrek berekin dakar, alde batetik, eskaera edo dokumentu mota oro entitate publikoaren erregistro elektronikoaren bidez aurkeztea, eta aitorpenak edo autolikidazioak bitarteko telematikoak baliatuz aurkeztea; eta berekin dakar, halaber, administrazio publikoaren aldetik jakinarazpen elektronikoak jasotzea.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko tributu arloan, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrak, tributu kudeaketako prozedura arautu zuenez gero, bere 99.5 artikuluan ezartzen du zein diren jakinarazpen elektronikoaren oinarrizko lerroak, eta eskumena ematen zaio erregelamenduari intereseko espezialitateak zehazteko.

Lege xedapen hori betetzeko, uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak bere 30. artikuluan zehazten du ezen gaitutako helbide elektronikoa izanen dela jakinarazpen elektronikoa egiteko sistema, eta adierazten da, halaber, zerbitzua emateko moduen ezaugarriak eta funtzionalitateak foru agindu bidez arautuko direla, ekonomian eta ogasunean eskumena duen departamentuko titularrak emanda. Bestalde, 32. artikuluan zehazten da zer entitate dauden behartuta jakinarazpenak bitarteko elektrikoen bidez jasotzera Nafarroako Zerga Ogasunaren aldetik hark egindako zeinahi zerga jarduketa eta prozeduratan.

Oinarri hartuta uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 30. artikuluan jasotzen den helbide elektronikoaren gaikuntza, onetsi zen Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abenduaren 18ko 148/2017 Foru Agindua, Nafarroako Zerga Ogasunaren eremuan jakinarazpen elektronikoaren zerbitzua arautzen duena, baita zergapekoek gaitutako helbide elektronikoan jakinarazpenik ez egiteko egunak adierazteko aukera ere.

Irailaren 26ko 77/2018 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua aldatzen duenak, jasotzen du bere azken xedapenetako lehendabizikoan aldaketa bat uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 32.1 artikuluarentzat, jakinarazpen elektronikoa jasotzeko betebeharra zabal dadin pertsona fisikoen zenbait kolektibotara, baldin egoki diren tresna informatikoak eskura izatea bermatzen duten baldintzak betetzen badira.

Horregatik, zehazten da jarduera profesionala betetzen duten pertsona fisikoen zer kolektibok duen nahitaezkoa elkargoko kide izatea, ulertuta jarduera profesionalarengatik bitarteko elektronikoak eskura dauzkatela eta erabiltzen dituztela, eta halakotzat hartuko dira alta emanik daudenak EJZko talde eta multzo batzuetan; gainera, sartu dira baimena dutenak hirugarrenen izenean jakinarazpen elektronikoak jasotzeko Nafarroako Zerga Ogasunak egindako zeinahi zerga jarduketatan eta prozeduratan; eta baimena dutenak hirugarrenen izenean fakturazio erregistroen hornidura elektronikoa egiteko, baldin eta horrek aukera ematen badu Balio Erantsiaren Zergaren erregistro liburuak eramateko Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez.

Nolanahi ere, berritasun garrantzitsu hau pixkanaka ezar dadin gizartean, jakinarazpen elektronikoa jasotzera behartutakoen zerrendatik kendu dira energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren subjektu pasiboak. Hauxe da arrazoia: kolektibo horren barnean pertsona fisikoen aniztasun heterogeneo handia dago, eta ez dute nahitaez ohiturik egon behar tramite elektronikoak erabitzera.

Kontuan hartuta administrazio publikoek, beren jardunean, asmo nagusitzat izan behar duela efikaziaren oinarrizko printzipioa sustatzea eta interes orokorrei erantzutea, eta kontuan hartuta, halaber, horretarako beharrezkoa dela modu orokorrean eta ohikotasunez erabiltzea informazioaren teknologiak herritarrek administrazioarekin duten hartu-emanean, beste bulkada bat eman nahi zaio jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteari Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan. Horrenbestez, eta bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legean jasotako administrazio arau orokorrekin, beharrezkoa da zenbait aldaketa sartzea aipatu uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan.

Batetik, helburua da Nafarroako Zerga Ogasunak jakinarazpen elektronikoak egitea uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 31.1 artikulu berrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona eta entitateei, aurrez komunikatu gabe jakinarazpenen sistema horretan sartuta daudela. Beraz, proposatutako aldaketa horrekin, pertsonak eta entitateak behartuta badaude 50/2006 Foru Dekretuaren 31.1 artikulu berriaren arabera administrazio jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez jasotzera Nafarroako Zerga Ogasunaren aldetik, ez dute aurrez jakinarazpenik jasoko nahi eta nahi ez jakinarazpen elektronikoen sisteman sartuta daudela adieraziz.

Helburua da, orobat, guztiz ezabatzea foru dekretuaren testutik gaitutako helbide elektronikoaren aipamen oro, jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko modu gisa, abenduaren 18ko 148/2017 Foru Aginduan baitago hori araututa. Izan ere, foru dekretuan jakinarazpen mota horri berariazko aipamena egiteak ez dio inolako baliorik ematen bitarteko elektronikoen bidez egindako jakinarazpenaren funtzionamendu egokiari.

Horrez gain, eta pertsona eta entitate interesdunen segurtasun juridikoa areagotzeko asmoz, neurri berri batzuk ezartzen dira jakinarazpenen kalitatea hobetzeko, eta zergapekoari bermatuko zaio jakinarazpenen berri izanen duela, jakinarazpen abisuak bidaliz, hori posible den heinean, pertsona edo entitate interesdunak berak komunikatutako helbide elektronikora.

Aldaketa bat eginen da 31.2 artikulu berrian araututako prozeduran ere, helburu harturik zergapekoak aukera izatea nahitaezko jakinarazpen elektronikoaren sistematik ateratzeko eskatzeko, baldin eta desagertu badira aipatu sisteman sartzeko zergapekoak zituen inguruabarrak. Eskaera hori Nafarroako Zerga Ogasunaren webgunean erabilgarri dagoen zerbitzu telematikoaren bidez egiten ahal da soilik, Interneteko honako helbide honetan: https://hacienda.navarra.es.

II. kapituluaren edukia ere eguneratzen da, identifikazio eta sinadura elektronikoei buruzkoa, hori ere bat etor dadin Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin. Testuinguru honetan idazketa berria eman zaie 14. eta 15. artikuluei. Lehenak jasotzen ditu identifikazio elektronikoko sistemak onartzeari eta erabiltzeari buruzkoak. Bigarrena sinadura elektronikoko sistemen erabilerari buruzkoa da. Alde horretatik, indargabetzen dira 16. artikulutik 19. artikulura artekoak, biak barne, haien edukia ez baitator bat hartu-eman administratiboetan teknologia berriak aplikatzeari buruz indarrean dagoen araudiarekin.

Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren txostenaren arabera, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 6ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretua aldatzea.

Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren hurrengo aginduek ondoko testua izanen dute:

Bat.–1.2 artikulua.

“2. Foru dekretu honen xede izanen dira bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzearen ondorioetarako une bakoitzean benetan operatibo dauden tramite eta prozedurak. Pertsona eta entitate interesdunek Interneteko helbide honetan izanen dute eskura zerrenda hori: https://hacienda.navarra.es. Hala ere, tributu arloan eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru aginduaren bidez, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko baita, aukera izanen da zabaltzeko edo mugatzeko bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera beste tramite eta prozedura batzuetara, foru dekretu honetan ezarritako bermeekin bat.”

Bi.–2.1. artikulua.

“1. Foru dekretu honekin bat eta hau garatzeko ematen diren arauei jarraikiz arautzen diren bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoek muga izanen dituzte Konstituzioan eta gainerako ordenamendu juridikoan ezarritakoak, eta herritarrek aitorturik dituzten eskubideak osoki erabiltzea errespetatuko dute. Bereziki, bermatuko da pertsona fisikoek beren datu pertsonalak babesteko funtsezko eskubidea, jaso baita abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, zeinak jorratzen baitu Datu Pertsonalen Babesa eta Eskubide Digitalen Bermea, bai eta hura garatzeko arauetan ere.”

Hiru.–7.2.c) artikulua.

“c) Jakinarazpena partikularrei egiten zaienean, baldin horiek eskatu edo berariaz onartu badute, edo, 30. eta 31. artikuluetan xedatutakoarekin bat, jakinarazpen elektronikoa derrigorrezkoa denean.”

Lau.–9.3. artikulua.

“3. Dokumentu elektronikoen kontserbazioak behar bezalako segurtasun neurriak izanen ditu, bermatuko dituztenak biltegiratutako agirien osotasuna, benetakotasuna, konfidentzialtasuna eta kontserbazioa. Bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez biltegiratutako agirietarako sarbideak jarraituko die Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari eta hura garatzeko arauei.”

Bost.–11.1 artikulua.

“1. Nafarroako Zerga Ogasunak tributu arloko informazioa emanen du Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 105.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, bai eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz ere.”

Sei.–14 artikulua. Identifikazio elektronikoko sistemak.

“14. artikulua. Identifikazio elektronikoko sistemak.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak onartzen ahal ditu indarreko araudian ezarritako pertsona eta entitate interesdunen identifikazio sistemak, araudian ezarritako terminoetan eta betiere sistema horiek aurretiazko erregistro bat baldin badute erabiltzaile gisa, interesdunen nortasuna bermatu ahal izateko.

2. Tributuen arloan eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru agindu bidez zehaztuko da zer identifikazio sistema dauden onartuta tramite eta prozedura jakin batzuetarako; edonola ere, ziurtagiri elektronikoetan oinarritutako sistemak beti izanen dira onartuak.

3. Identifikazio sistemak erabiltzen ahalko dira sinadura sistema gisa baldin eta aukera ematen badute pertsona eta entitate interesdunen borondate eta baimen adierazpena benetakoa dela akreditatzeko, baldin aplikagarri den araudian hala ezarrita badago.”

Zazpi.–15. artikulua. Sinadura elektronikoko sistemak.

“15. artikulua. Sinadura elektronikoko sistemak.

1. Zeinahi pertsona fisikok edo juridikok, publiko zein pribatuk, zilegi izanen du hartu-emana izatea Nafarroako Zerga Ogasunarekin bitarteko elektronikoen bidez, indarreko araudian ezarritako sinadura sistemak baliatuz, araudi horretan aurreikusitako terminoetan.

2. Tributuen arloan eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru agindu bidez zehaztuko da zer sinadura sistema dauden onartuta tramite eta prozedura jakin batzuetarako; edonola ere, ziurtagiri elektronikoetan oinarritutako sistemak beti izanen dira onartuak.

3. Baldin eta bitarteko elektronikoen bidez egiten diren eta pertsona batek baino gehiagok sinatu beharrekoak diren tramite eta prozedurak badira, haietako bakoitzak elektronikoki sinatu beharko ditu beti, aurreko apartatuetan adierazitako sinadura sistemak erabiliz.”

Zortzi.–23.2 artikulua.

“2. Erregistro telematikotik bidaltzen zaizkienean aitorpenak, eskaerak, idatziak eta komunikazioak organo eskudunei tramita ditzaten, segurtasun neurri egokiak hartuko dira teknikaren egoeraren arabera, baimendu gabeko sarbiderik izan ez dadin, eta komunikazioak atzeman edo aldatu ez daitezen, eta, kasu orotan, datu pertsonalen babesa bermatzeko, aplikagarri den araudian ezarritakoa betez.”

Bederatzi.–29.1 artikulua eta 6., 7. eta 8. apartatuak gehitzea.

“1. Nafarroako Zerga Ogasuneko organoek bide elektronikoen bidez eginen dituzte jakinarazpenak, pertsona edo entitate interesdunak hala eskatu edo berariaz onartu badu, edo, 30. eta 31. artikuluetan xedatutakoarekin bat, jakinarazpen elektronikoa derrigorrezkoa denean.”

“6. Bitarteko elektronikoen bidez egindako jakinarazpenak ezinbestean bete beharko ditu antolamendu juridikoak jakinarazpen administratiboei ezartzen dizkien baldintzak erabateko balio eta eraginkortasuna izateko; hauek bereziki:

a) Jakinarazpenaren xedeko egintza pertsona edo entitate interesdunaren eskura jarri zen eguna eta ordua akreditatuko ditu.

b) Interesdunak edukia ikusi zuen eguna eta ordua akreditatuko ditu.

c) Erabileraren esklusibotasuna eta erabiltzailearen identitatea bermatzeko autentifikazio tresnak izanen ditu.”

“7. Tributu arloko eskumena duen departamentuaren titularraren foru agindu baten bidez arautuko da zerbitzu hori emateko moduari, ezaugarriei eta funtzionalitateei lotutakoa, bai eta tributudunek jakinarazpen mota hori ez egiteko egunak adierazteko aukera ere.”

“8. Jakinarazpen elektronikoko zerbitzuak abisu sistema bat gaituko du gailu elektronikoen bidez eta/edo helbide elektronikoen bidez, eta balioko du pertsona edo entitate interesdunari jakinarazteko baduela jakinarazpen elektroniko bat. Hala ere, horretarako, pertsona edo entitate interesdunak gailu elektroniko bat eta/edo helbide elektroniko bat identifikatu beharko du, eta hara bidaliko dira aipatu abisuak, baina ez du balioko jakinarazpenak egiteko.”

Hamar.–31. artikulua aurrerantzean 30. artikulua izanen da, eta 1., 2. eta 4. apartatuak aldatzen dira.

“30. artikulua. Jakinarazpenak bide ez-elektronikoen bidez egiteko kasuak”.

“1. Hurrengo artikuluan aipatzen diren pertsonek eta entitateek bide elektronikoen bidez jaso beharko dituzte Nafarroako Zerga Ogasunak bidaltzen dizkien jakinarazpen administratiboak.”

“2. Aurreko atalean ezarritakoa gorabehera, Nafarroako Zerga Ogasuneko organoek bide ez-elektronikoen bidez egiten ahalko dituzte jakinarazpenak kasu hauetan, betiere Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 99. artikuluan ezarritako toki eta moduetan:

a) Tributuduna edo bere ordezkaria bat-batean agertzen denean Nafarroako Zerga Ogasuneko bulegoetan eta jakinarazpen pertsonala eskatzen duenean. Aukera hau ez dagokio tributudunari b) letrako inguruabarrak gertatzen direnean.

b) Jarduketa administratiboa berehala edo lehenbailehen jakinarazi behar denean bere eraginkortasuna segurtatzeko, eta jakinarazpen elektronikoaren bidez hori bateraezina denean.”

“4. Jakinarazpen hauek ez dira inolaz ere bitarteko elektronikoen bidez eginen:

a) Jakinarazi beharreko egintzak formatu elektroniko bihurtu ezin diren elementuak dituenean.

b) Berariazko arau bati jarraikiz tributudunaren helbide fiskalean egin behar denean, edo arauak horretarako ezartzen duen beste toki batean, edo modu ez-elektroniko baten bidez.

c) Kreditu entitateetan ireki diren kontuetan diruaren enbargoa bide elektronikoen bidez egiteko prozedurari atxikiak dauden kreditu entitateei zuzendu beharrekoak.

d) Nafarroako Zerga Ogasunaren diru bilketaren kudeaketan entitate laguntzaile gisa aritzen diren kreditu entitateei laguntza zerbitzu horretan zuzendu beharrekoak.

e) Nafarroako Zerga Ogasunaren eta kreditu entitateen artean fitxategiak elkartrukatzeko prozedura elektronikoari atxikiak dauden kreditu entitateei zuzendu beharrekoak.”

Hamaika.–32. artikulua aurrerantzean 31.a izanen da, eta 1.8., 1.9. eta 2. apartatuak aldatzen dira.

“31. artikulua. Jakinarazpen elektronikoa jasotzera behartuta daudenak.”

“8. Subjektu pasiboak direnak zerga hauetako batean: fabrikazioaren gaineko zerga bereziak, ikatzaren gaineko zerga berezia, elektrizitatearen gaineko zerga berezia, energia nukleoelektrikoa sortzearen ondoriozko hondakin erradiaktiboak eta erregai nuklear gastatua ekoiztearen gaineko zerga, erregai nuklear gastatua eta hondakin erradiaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zerga eta berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga.

Kasu horietan, bide elektronikoen bidez jakinarazpenak jasotzeko betebeharra subjektu pasiboak aipatu diren zergetako bati dagokion aitorpena aurkezten duenetik aurrera sortuko da.”

“9. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren tarifak eta jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legean, I. eranskineko Bigarren Atalean, alta emanik daudenak 41., 42. eta 73. multzoetan, edo 722., 723., 726., 741., 747., 831., 832., 833., 834. eta 835. taldeetan.”

“2. Zergapekoa jakinarazpen elektronikoko sistematik kanpo geratuko da sistema horretan sartzeko egoerak gertatzeari utzitakoan, betiere eskatzen badu Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian eskuragarri dagoen zerbitzu telematikoaren bidez, Interneteko helbide honetan: https://hacienda.navarra.es. Jakinarazpen elektronikoko sistematik kanpo geratzeko eskaera egiteak bide horretatik berekin dakar baja ematea sisteman berehalakoan.

Hala ere, baldin eta aplikazio informatikoak hautematen badu bere horretan jarraitzen dutela jakinarazpen elektronikoko sisteman ezinbestean sartzeko inguruabarrek, jakitera emanen da, bide beretik, eskaera ukatu dela.

Gerora gertatuko balira, behin sistematik ateratakoan, jakinarazpen elektronikoko sisteman ezinbestean sartzeko inguruabarrak, bestelako tramiterik gabe berrezarriko da jakinarazpenen bidalketa elektronikoa.”

Hamabi.–32.bis artikulua 32. artikulua izanen da.

“32. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak egitea.

Jakinarazpenen hartzaile diren pertsona eta entitateek eta haien ordezkariek, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera, aukera izanen dute onartutako identifikazio elektronikoko sistemen bidez Nafarroako Zerga Ogasunak egindako jakinarazpen elektronikoen edukira sartzeko, indarreko arauan ezarritakoarekin bat.

Pertsona juridikoek eta izaerarik gabeko entitateek pertsona juridiko edo entitateari dagokion sinadura elektronikoaren sistema erabiliko dute jakinarazpen elektronikoak ikusteko.

Nafarroako Zerga Ogasunak ziurtatuko du egintza bat jakinarazi dela elektronikoki, jakinarazpenen zerbitzua ematen duenak bidali behar duen informazioarekin bat. Ziurtapena modu automatizatuan sortzen ahalko da, eta datu hauek izanen ditu: pertsona edo entitate hartzailearen identifikazioa, jakinarazitako egintzaren identifikazioa, interesdunaren eskura jarri zen eguna eta edukia ikusi zen eguna edo jakinarazpena legez ezarritako epea igarotzeagatik errefusatutzat jo zen eguna.”

Hamahiru.–32.ter artikulua 32.bis artikulua izanen da, eta 3.c) apartatua aldatzen da.

“32.bis artikulua. Zergapekoen ordezkariei bide elektronikoen bidez bidaltzea jakinarazpenak.”

“c) Internet bidez, identifikazio eta autentikazio sistemaren bat erabiliz, baldin eta indarreko araudian ezarritakoaren arabera onartua bada.”

Hamalau.–35. artikulua, lehen paragrafoa.

“Ahalordetzen erregistroak bete beharko du Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa.”

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Lehen xedapen indargabetzailea.–Araudia indargabetzea.

Indargabetzen dira 16., 17., 18., 19. eta 30. artikuluak, bai eta xedapen gehigarri bakarra eta eranskina ere.

Bigarren xedapen indargabetzailea.–147/2017 Foru Agindua indarrik gabe uztea.

Indarrik gabe gelditzen da 147/2017 Foru Agindua, abenduaren 18koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan jakinarazpenak bide elektronikotik jaso behar dituzten entitate taldeak.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabetera hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko martxoaren 6an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1903410