53. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTSAGABIA

Ordenantza, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Otsagabiko Udalak, 2018ko azaroaren 16an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantza.

Iragarkia 2018ko 245. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 21ean, eta hogeita hamar egun baliodunean jendaurrean egon ondoan, inork ez du inolako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Otsagabian, 2019ko urtarrilaren 29an.–Alkate udalburua, Juan Manuel Tohane Contín.

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikatzekoa den araudia betez, desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan ezarritako eginbeharrak betetzea (legea martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa jasoz (haren bidez desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautu ziren).

2. artikulua. Titularrak.

Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1. Ondoko egoera hauetakoren batean dauden pertsona fisiko desgaituak:

a) Desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoaren araberako mugikortasun murriztua izatea.

Aipatutako eranskinean jasotako baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B edo C apartatuetan deskribatutako egoeraren batean egotea, edo gutxienez 7 puntuko puntuazioa lortzea gainerako apartatuetan (D, E, F, G eta H) lortutako puntuen baturan.

b) Begirik onenean begi-zorroztasuna 0,1 edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikusmen eremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

Bi egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalen irizpena jaso behar dute.

2. Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak jasotzen duenaren arabera, desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuak dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean. Halaber, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta horien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginak (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) aipatzen dituen gizarte zerbitzuak.

3. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

Aparkatzeko txartela titularraren alde eta soilik berak erabiltzeko emanen da, txartelaren titularrak joan-etorrietarako ibilgailuetan erabil dezan. Pertsonala eta besterenezina da, eta soilik erabiliko da baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.

Aurreko artikuluko 2. apartatuan jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko baizik ez da erabiliko. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

Aparkatzeko txartela erabiliko bada, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.

4. artikulua. Balio epea.

Aparkatzeko txartelen balio epea honako hau izanen da: bost urte.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskaera egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak betetzea txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak.

Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, ulertuko da indarrean jarraitzen duela berritzeko prozedura ebatzi arte.

Txartela jasotzeko eskubidea ematen duen ezintasun mailaren balorazioa berrikusteko epea motzagoa baldin bada artikulu honetan aipatutako balio epea baino, txartelaren balio epea bat etorriko da desgaitasun maila berrikusteko falta den denbora tartearekin.

5. artikulua. Aparkatzeko txartela, behin-behinekoa.

Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatu mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarren larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik. Betiere, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dagoenean.

Osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira halako egoerak. Ziurtagiria eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak balioztatu beharko du.

Txartel hori urtebeterako emanen da gehienez ere, eta epe bererako luzatzen ahalko da, mantentzen baldin badira emateko eskatutako hasierako baldintzak.

Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

6. artikulua. Txartela eskatu eta emateko prozedura.

Interesdunak eskaera egin ondoren emanen da txartela.

Txartela Udaleko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honen I. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-deiturak.

–Titularraren bi argazki, karnet tamainakoak.

–NANa.

–Herrian erroldaturik dagoelako ziurtagiria.

–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

–Eskaera desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean eta leiar zuzentzaileekin 0,1eko edo gutxiagoko begi-zorroztasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikusmen eremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. apartatuan jasotako baldintzetan. Dokumentazioa desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek bete beharko dute.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkotzat jotzen badu, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txostena eskatzen ahalko dio, eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela frogatzen duena, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak balioztatua.

–Ordenantza honen 1. artikuluko 2. apartatuan aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela.

Eskatzen diren baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela emanen da.

7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatuetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

1. Txartelaren titularrek ondoren aipatzen diren eskubideak edukiko dituzte estatu osoan, baldin eta txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago.

a) Bizilekutik edo lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatzen bada, eta premia justifikatuz gero.

b) Desgaitasuna duten pertsonentzat gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea.

c) Zama-lanetarako gordetako eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

d) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago, eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Zirkulazioa bertako bizilagunentzat mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan sartzea, baldin eta helmuga aipatu eremu horren barnean badago.

2. Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzeko debekua duten lekuetan eta kasuetan, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan eta zirkulazio erreiak txikiagotzen dituzten eremuetan.

9. artikulua. Titularren betebeharrak.

1. Aparkatzeko txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aginte-mahaian jartzea, edo aurreko haizetakoan, barnetik itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da, eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.

c) Bere burua identifikatzea, agintaritzaren agente batek hala eskatzen badio.

d) Agintaritzaren agenteei laguntzea, ahal den neurrian saiheste aldera sor daitezkeen trafiko arazoak, aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak betetzean.

e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.

2. Eginbehar horiek ez betetzeak aparkatzeko txartela bertan behera geratzea edo aldi baterako kentzea ekar dezake. Gainera, legezko eta araubidezko xedapenetan ezarritako zigorrak jarri ahalko dira.

Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.

Txartela deuseztatu edo aldi baterako ken daiteke aldez aurretik espedientea tramitatuta, eta bertan interesdunei entzutea emanda.

Lehen xedapen iragankorra.–Ordenantza hau onartu aurretik emandako aparkatzeko txartelak baliozkoak izanen dira txartela emateko jatorrizko agirian jasotzen den muga-egunera arte.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

ERANSKINA

Eskabide eredua

Titularraren datuak:

Izen-deiturak:

Helbidea: ..........................................................................................

NANa:

Harremanetarako telefonoa:

Ibilgailuaren datuak*:

Desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako erabiltzen den ibilgailuaren matrikula:

ESKATZEN DUT:

Horretarako behar diren baldintzak betetzen ditudala egiaztatuta, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela eman dakidala.

…............(e)n, …….........(e)ko …………...........aren …......(e)an

Sinadura:

(*) Soilik, eskatzailea baldin bada Desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartela ematea arautzen duen ordenantzaren 1. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren pertsona fisiko edo juridikoen sailekoa.

Erantsi beharreko agiriak.

–Bi argazki, karnet tamainakoak.

–NANa.

–Erroldatze-ziurtagiria.

–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

–Eskatzailea desgaitasuna duen pertsona bada: desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko begi-zorroztasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikusmen eremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. apartatuan jasotako baldintzetan. Dokumentazioa kalifikaziorako eta desgaitasun maila aitortzeko talde multiprofesionalek bete beharko dute.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak baliozkotua.

–Pertsona fisikoek edo juridikoek desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako txartela eskatzen badute, honako hau frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte: autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta emateko zerbitzuak ematen dituztela, edo desgaitasuna duten pertsonendako eta horiek gizarteratzeko gizarte zerbitzuak.

Iragarkiaren kodea: L1902229