52. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

71E/2019 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita aldaketa nabarmena egitea Tuterako udal-mugartean dagoen hegazti hiltegi industrial batean. Instalazioaren titularra UVESA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumen eta Lurraldearen Antolamenduko kontseilariak ekainaren 15eko 324/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero eguneratu zena Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 276E/2014 Ebazpenaren bidez.

2018ko ekainaren 12an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, proiektu bat ezartzeko non lokal teknikoak birkokatuko diren eta hankak prozesatzeko eremua handituko den. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2018ko uztailaren 17an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa zen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berririk ematea. Baina aldaketa “nabarmena” zela zioen, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan. Hortaz, aldaketak ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta hura aldatu.

2018ko irailaren 5ean, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, proiektua gauzatu ahal izateko. Gero, 2018ko urriaren 26an, titularrak berak proiektu bat aurkeztu zuen, non aldatzen zen hasierako proiektuan planteatutako banaketa, eta, hala, hauxe izanen da azkenik:

–Oilasko-hankak prozesatzeko nabe berri bat eraikitzea, 801 metro koadroko guztirako azalera eraikia duena, barnean dela euskarri-egitura bat eraikitzea, hoditeria pasa dadin eraikin berriko instalazioetatik ekoizpen eraikin berrira. Gaur egun garbiguneak okupatzen duen tokian eginen da eraikuntza berria.

–Garbigunea beste leku batera aldatzea, 91,63 metro koadroko estalki bat eraikitzea mendebaldeko fatxadan, eta erantsitako estalkia 33 metro koadro zabaltzea, helburu berarekin.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Tuterako udal-mugartean dagoen hegazti hiltegi industrial batean instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzea. Xedea da lokal teknikoak birkokatzeko eta hankak prozesatzeko tokia handitzeko proiektua gauzatzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Jardueraren titularra UVESA da.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea UVESAri, Tuterako Udalari eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 19an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1902469