52. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5E/2019 FORU AGINDUA, urtarrilaren 28koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, dirulaguntza hauek emateko deialdia onesten duena: “Nafarroako udalentzako dirulaguntzak Foru Komunitateko udal agertokietan arte eszeniko eta musikal profesionalen programazioa (Udal Platea Local) bultzatzeko 2019. urtean”. DDBN identifikazioa: 436965.

Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena aurkeztu du, non proposatzen baita Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onestea 2019. urtean Foru Komunitateko udal agertokietan arte eszeniko eta musikal profesionalen programazioa (Udal Platea Local) bultzatzeko, 552.000,00 euroko gastua baimentzea, eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta, kontuan harturik betetzen direla gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen helburua, baldintzak eta betebeharrak, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, Foru Komunitateko udal agertokietan 2019. urtean arte eszeniko eta musikal profesionalen programazioa (Udal Platea Local) bultzatzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondotik adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4609-334100: Udaletako kultur ekintzetarako laguntzak

2019

552.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 28an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

NAFARROAKO UDALEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO
DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, FORU KOMUNITATEKO UDAL AGERTOKIETAN ARTE ESZENIKO ETA MUSIKAL PROFESIONALEN PROGRAMAZIOA (UDAL PLATEA LOCAL) BULTZATZEKO 2019. URTEAN

1. Dirulaguntzen xedea eta helburua.

1.1. Dirulaguntzen xedea da laguntza ematea udalek egiten duten arte eszenikoen eta musikalen programazioari, publikoekin bitartekaritza egiteko jarduerei eta egoitzei, baita artista elkartuen beste ekintza batzuei ere, arte eszenikoen eta musikaren arloko profesionalak kontratatuz, Foru Komunitateko udalen titulartasunekoak diren barruko agertokietarako.

1.2. 2018ko azaroaren 6tik 2019ko azaroaren 5era, biak barne, egiten diren arte eszenikoetako eta musikaren arloko ikuskizun profesionalen programazioa du xede deialdi honek.

1.3. Deialdi honen ondorioetarako, arte eszenikoen eta musikaren arloko profesionalak hauek dira: Ekonomia-jardueren gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legean jarduera artistikoen epigrafeetan sartzen diren jardueran aritzen diren enpresak eta profesionalak. Ez dira talde profesionaltzat hartuko irabazi asmorik gabeko elkarteak eta fundazioak.

1.4. Jardueren programazioaren helburua da eragin positiboa izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2.2. Bi baldintza hauetakoren bat betetzen duen udal bat izatea:

a) Nafarroako Antzokien Sarea elkarteko agertoki baten titularra izatea.

b) II. eta III. eranskinetan jasotako baldintzak betetzen dituen agertoki baten titularra izatea. Baldintza horiek udaleko idazkariaren ziurtagiriaren bidez frogatu behar dira, ziurtagirian alkatearen oniritzia jasota.

2.3. Aurrekoez gain, udalek beren agertokiak zuzenean kudeatzeko erabiltzen dituzten erakunde edo entitateak onuradunak izaten ahal dira.

2.4. Kategoria bakoitzean honako baldintza hauek betetzea:

a) A kategoria:

–Bi baldintza hauetako bat bete beharko du:

  • Populazioa: 10.000 biztanletik 19.999 biztanlera bitarte (biak barne), 2018ko urtarrilaren 1ean.
  • Gutxieneko inbertsioa: 40.001 eurotik aurrera.

b) B kategoria:

–Bi baldintza hauetako bat bete beharko du:

  • Populazioa: 9.999 biztanle gehienez ere 2018ko urtarrilaren 1ean.
  • Inbertsioa: 40.000 euro arte.

2.5. Nafarroako Gobernuaren 2019ko aurrekontuetan partida izenduna duten agertokien udalerri, erakunde edo entitate kudeatzaileak ez dira sartuko deialdian, partida horren xedea deialdi honen bera (edo antzekoa) baldin bada.

3. Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa eta banaketa.

3.1. Laguntza hauek (552.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2019ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira, eta honela banatuko dira:

a) A kategoria: 415.000 euro.

b) B kategoria: 137.000 euro.

3.2. Dirulaguntzaren portzentajea, gehienez, onartutako aurrekontuan jasota dauden gastu diruz lagungarrien %70 izanen da.

Laguntzak, kategoria bakoitzean, proportzioaren arabera eta berdintasunez banatuko dira onuradunen artean, eskaeren baremazioan lortzen duten puntuazioaren arabera, IV. eranskinean ezarritako irizpideei jarraituz. Horretarako, udal bakoitzari dagokion dirulaguntza zehazteko, baremoan lortzen diren puntu guztiak batuko dira eta puntu bakoitzari ematen zaion balioaz biderkatuko dira. Puntu baten balioa lortzen da kategoria bakoitzean baimendutako gastua zati barematutako udal guztien puntu kopurua eginda.

A eta B kategorietan, deialdian esleitutako diru-kopurua agortu ez bada, irizpide bera erabiliko da banaketan.

4. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

4.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.navarra.es).

Eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

4.3. Laguntza eskabideak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat aurkeztuko dira, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.

4.4. Eskaera eredua eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

4.5. Dirulaguntzarako eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5. Gastu diruz lagungarria.

5.1. Deialdi honen ondorioetarako, honako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Talde profesionalen ikuskizunak kontratatzearen ondoriozko gastuak, balio erantsiaren gaineko zerga barne.

b) Publikoarekin bitartekaritza jarduerak egiteko kontratatutako profesionalek sortutako gastuak, balio erantsiaren gaineko zerga barne.

c) Egoitza, artisten elkarketa eta sorkuntza habia/laborategia proiektuak egiteko kontratatutako profesionalek sortutako gastuak, balio erantsiaren gaineko zerga barne.

d) Diruz lagungarria den programazioaren sustapenak eta/edo publizitateak ekarritako gastuak, balio erantsiaren gaineko zerga barne.

e) Egile eskubideen kontzeptu gisa ordaindu behar diren gastuak, balio erantsiaren gaineko zerga barne.

5.2. Dirulaguntza hauen xedetik kanpo daude, berariaz, honako hauek:

a) Irabazi asmorik gabeko elkarte eta fundazioen talde ez-profesionalen ikuskizunak kontratatzeak ekarritako gastuak.

b) Bidaia, garraio, otordu eta ostatu gastuak.

c) Herriko arte eta/edo kultur entitateen parte-hartzea duten jarduerak.

d) Toki eta materialen alokairuak, errefortzu teknikoak eta/edo laguntza langileen kontratazioa.

e) Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak diruz lagundutako edo sustatutako ikuskizunei dagozkien gastuak.

f) Zeharkako zergak ez dira inolaz ere dirulaguntza jasotzen ahal duten gastutzat joko, berreskuratzeko edo konpentsatzeko aukera ematen dutenean.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.2. Batzorde batek baloratuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Carmen Oroz Iribarren andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria. Batzordeko burua izanen da. Ordezkoa: Carlos Martínez Alava jauna, Ondare Historikoko zuzendaria.

–Roberto Rebolé Armendáriz jauna, Kultur Ekintza Zerbitzuko goi mailako teknikaria. Batzordekidea izanen da. Ordezkoa: Patrick Ullate García jauna.

–Mikel Ozkoidi Pérez jauna, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Kultura Herrikoiaren Bulegoko burua. Batzordekidea izanen da. Ordezkoa: Urko Ocaña Gómez jauna.

–Estefanía Munárriz Nuin andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua. Batzordeko idazkaria izanen da, hitza eta botoa dituela. Ordezkoa: María José Redín Armañanzas andrea.

Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eta akta eginen ditu. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eskatuta, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7. Norgehiagokako prozeduraren balorazio irizpideak.

7.1. Batzordeak kontuan hartuko ditu “IV. eranskina-Dirulaguntza banatzeko baremoa” izeneko baremoan ageri diren balorazio irizpideak. Baremoak hiru atal ditu:

A atala: Balorazio osoaren %35 da, eta toki entitate bakoitzak barneko areto batean talde profesionalen arte eszenikoei eta musikari ematen dien laguntzaren aurrekontu-eginahalari dagokio.

B apartatua: Balorazio osoaren %50 da, eta barneko areto batean talde profesionalen arte eszenikoen eta musikaren programazio berariazkoari buruzkoa da; arreta berezia jarriko zaie dantzari eta Nafarroako sektore profesionalari.

C atala: Balorazio osoaren %15 da, eta bestelako alderdi osagarriei buruzkoa da.

8. Dirulaguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Dirulaguntza hau emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak argitaratuko dira Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren iragarki-oholean (Navarrería, 39, Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Halaber, horren berri emanen zaio eskatzaile bakoitzari, erregistro orokor elektronikoaren bidez.

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita; presuntziozko ezespenaren aurka, berriz, epea sei hilabetekoa izanen da laguntza eskaera ezetsitzat jo eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

9. Diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek interes soziala izatea Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek (salbu merkataritza-sozietateen eta fundazio pribatuen bidez zuzenean kudeatutakoak) interes soziala dute foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10. Onuradunen betebeharrak.

10.1. Dirulaguntza eman dela posta elektronikoaz jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen diren jardueretarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

10.3. Diruz lagundutako jarduerak egin direla eta egindako gastuak justifikatu beharko dira Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalean.

10.4. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinarazi beharko zaio jarduerak gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu. Diruz lagundutako jardueretan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik, eta zerbitzu horrek baimena emanen du ofizioz, baldin eta aldaketak diruz lagundutako jarduerak funtsean aldatzen ez baditu, ebaluazio batzordearen ustean.

10.5. Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatuko da programan, kartelean, iragarkietan edo edozein eratako publizitatean. Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuaren jarraibideen arabera egin beharko da publicaciones@navarra.es posta elektronikoaren bidez, kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren zabalkundeak iraun bitarte izanen da agerian.

10.6. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Lankidetzaren eta Berrikuntzaren Atalak jarduerak gauzatzen ari direla ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

10.7. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.8. Ez erabili inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan, hizkera edo irudi sexistarik. Halaber, egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, onuradunek honako lan hau kontsulta dezakete: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena:

https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Onuradunak jarduerak gauzatu dituela frogatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, %25, %50, %75 eta %100 egindakoan, hurrenez hurren.

Justifikazio partzialetan edo bukaerako justifikazioan, entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du, 2019ko azaroaren 15ean beranduenez:

a) Diruz lagundutako jardueragatik ordaindutako gastu guztien fakturen zerrenda zenbakidun eta zehatza, honakoak barne:

–Ordainketaren kontabilitate agiriaren zenbakia.

–Gastuaren kontabilizazio agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren data.

–Kontratatutako talde artistikoa eta/edo entitatea.

–Kontratatutako talde artistikoaren eta/edo entitatearen IFK.

–Ikuskizunen banaketarako kontratatutako enpresa.

–Ikuskizunen banaketarako kontratatutako enpresaren IFZ.

–Kontzeptua / jarduera / ikuskizunaren izena.

–Emanaldiaren data.

–Faktura zenbakia eta data (toki entitateei frogagiri gisa aurkezten zaizkien fakturak apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera egin beharko dira. Dekretu horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zen).

–Oinarrizko zenbatekoa, BEZa, eta guztizko zenbatekoa.

Datu horiek betetzeko, VII. eranskineko eredua erabili beharko da. Informazio hori Excel formatuan aurkeztu beharko da, ez PDF formatuan.

b) Udaleko idazkariaren ziurtagiria, alkateak ontzat emana (IX. eranskina); bestela, entitateko idazkariaren ziurtagiria, entitateko kudeatzaileak edo buruak ontzat emana, datu hauek ziurtatzen dituena:

–Dirulaguntzaren xedea den programazioa bat datorrela laguntzak emateko baremoa egiteko igorritako aurreikuspenarekin, VI. eranskineko ereduarekin bat.

–Programatutako jarduera bakoitzaren datuak Nafarroako Kultur Informazioaren Sisteman (SICNA) sartu direla.

–VII. eranskinean sartutako datuak egiazkoak direla ziurtatzea.

c) Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.

Mezenasgoaren eta babesletzaren modalitate ezberdinen bidez jasotako ekarpenak zehaztuko dira, halakorik bada, eta horiek diruz lagundutako proiektuaren garapenean izandako eragina ebaluatuko da. Orobat, babesletza-kontratuen kopia igorri beharko da, 9.3 oinarrian ezarritakoarekin bat.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

11.2. Dirulaguntzaren xedeko programarako onartu den gastu guztia justifikatu beharko da.

11.3. Eskatzaileak egindako programazioa bat ez badator Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeari laguntzak emateko baremorako igorritako programazioaren aurreikuspenarekin, hau da, egindako programazioak VI. eranskinean jasotzen duen puntuazioa programaziorako aurreikuspenak V. eranskinean jasotakoa baino txikiagoa baldin bada, puntuazio berriari dagokion behin betiko laguntza kalkulatuko da.

11.4. Onartutako aurrekontua osorik justifikatzen ez bada, eta diruz lagundutako jarduera egin bada, honela kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa: gastu justifikatuen baturari aplikatuko zaio onartutako aurrekontuaren eta emandako dirulaguntzen arteko portzentaje bera.

12. Beste dirulaguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Udalak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren edozein deialditara aurkezten ahalko dira. Dena dela, bateraezina izanen da proiektu/programa bera Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, onuradunak jarduera bera egiteko bateragarriak diren dirulaguntza bat baino gehiago hartzen dituenean, dirulaguntza horren zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Dirua itzultzea.

Onuradunak programazio eszenikoa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

15. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri hauek aplikatzeko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

ERANSKINEN INDIZEA

I. eranskina.–Eskabide eredua.

II. eranskina.–Agertokien baldintzak.

III. eranskina.–Dirulaguntzen deialdian parte hartzeko baldintzak, Nafarroako Antzokien Sarea elkartekoak ez diren udalentzat.

IV. eranskina.–Dirulaguntza banatzeko baremoa.

V. eranskina.–Dirulaguntza banatzeko baremoko fitxa.

VI. eranskina.–Behin betiko programazioa justifikatzeko fitxa.

VII. eranskina.–Diruz lagun daitekeen gastua justifikatzeko taula.

VIII. eranskina.–Ziurtagiriaren eredua / Dirulaguntzaren eskabidea.

IX. eranskina.–Ziurtagiriaren eredua / Dirulaguntzaren justifikazioa.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua.

II. ERANSKINA

Agertokien baldintzak

1. Agertokiaren betebeharrak:

a) 140 eserleku edo gehiago sartzeko tokia.

b) Eszenatoki edo eremu eszeniko bat, gutxieneko neurri hauekin:

b.1) Zabalera: 7 metro. Hondoa: 5 metro. Altuera: 4,5 metro, 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen eraiki eta martxan dauden agertokientzat.

b.2) Zabalera: 8 metro. Hondoa: 6 metro. Altuera: 4,5 metro, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera eraikitako agertokientzat.

c) Trust-ari dagokionez:

c.1) 2007ko urtarrilaren 1a baino geroago eraikitako agertokietan, eremu eszenikoaren sabaian trust edo metalezko euskarri bat izatea, proportziozko banaketarekin, ekoizpeneko elementuen euskarri izateko. Elementu horiek dira, besteak beste: eszenografiak, ehunak eta argi eta soinu aparatuak. Trustak haga independenteen bitartez eraikita egon behar du, batzuk elektrifikatuak eta beste batzuk ez, eta ez egitura guztia batera jaistera behartzen duen armazoi baten bitartez. Gainera, eszenatokitik kanpora dagoen haga bat izan beharko da, besaulki-patioaren gainean, eta elektrifikatua, ikuskizunari aurretiko argiztapena eman ahal izateko.

c.2) 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen eraiki bada, agertokiak trusta izan behar du edo, bestela, metalezko euskarria edo argiztapeneko pantaila. Agertokiak eszenatokitik kanpora dagoen haga bat izan behar du, besaulki-patioaren gainean, eta elektrifikatua, ikuskizunari aurretiko argiztapena eman ahal izateko.

d) Zama-lanetarako sarbide bat:

d.1) 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen eraikitako agertokietan, eszenatokitik ahalik eta hurbilen, betiere instalazioak igogailua edo karga-jasogailua izanez gero areto eszenikoa kalearen mailan ez badago.

d.2) Eszenatokira zuzenean iristea, eta gutxienez 2,15 metroko zabalera eta 2,15 metroko altuera izatea, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera eraikitako agertokietan.

e) Eszenatokian zurezko zorua izatea, beltzez pintatua, iltzatutako ainguraketak onartu ahal izateko nahikoa den lodierakoa.

f) Emanaldiaren egunean, jantzi eszeniko bat izatea, ganbera beltz bat sortuko duena, agertokia aforatzeko nahikoa, horren barnean izanik foro-oihala, hankak (ehunezkoak edo zur beltzezko bastidoreak) eta banbalinak.

2. Azpiegitura teknikoaren ezaugarriak:

a) Argiztapenari dagokionez:

a.1) Areto guztian potentzia igorpenen proportziozko banaketa, eszenatokiaren ondoan hargune elektrikoa egonen den tokian bildu ahal izateko.

a.2) DMX 512 seinalea igortzea kabinaren eta eszenatokiaren artean.

a.3) Korronte hargunea, gutxienez ere 40 kilowatteko potentziarako.

b) Soinuari dagokionez:

b.1) Soinu patch bat kabinaren eta eszenatokiaren artean, 8 kanalekoa eta 2 itzuleraduna, kableatu finkoarekin, agerian egonen ez dena eta ikusle bakar batek ere uki ez dezakeena.

b.2) Bi mikrofono, oin eta guzti.

c) Laneko tokiei dagokienez:

c.1) Kontrolerako puntu edo kabina bat (konpartimentu iragazgaitz bat izanen duena edo agertokiko berariazko eremu bat, eszenatokia ikusteko aukera emanen duena; ikusleak ezin izanen dira bertara iritsi edo eremu hori gurutzatu). Toki hori ikuskizuneko langile teknikoen lantokia izanen da, eta argiztapeneko eta ikuskizuneko aparatuen kontrolerako izanen da (eszenatokiarekin komunikatuta egonen da). Aretoko argien kontrola ere izan behar du.

c.2) Agertokian laneko eskailera bat, bi orrikoa, egonen da, arauaren araberakoa, eremu eszenikoaren altuerarekin bat etorriko den altuerakoa.

d) Bermatuko da kontratatutako talde artistikoak argi eta soinuko behar besteko ekipamendu teknikoa izanen duela emanaldiaren egunean, antzerki, dantza edo musikako ikuskizun estandar bat denean. Ekipamendua emanaldirako kontratatzen ahalko da, edo areto eszenikoaren jabetzakoa izan.

III. ERANSKINA

Arte eszenikoen programazioa bultzatzeko deialdian parte
hartzeko beharrezkoak diren baldintzak, Nafarroako Antzokien Sarea elkartekoak ez diren udalentzat.

A) II. eranskinean ezarritako baldintzetarako egokia den agertoki bat izatea.

B) Kultur kudeaketako langile profesionalak izatea, agertokirako.

C) Aretoari laguntza teknikoa emateko zerbitzua izatea, bertako langileen bitartez edo enpresa espezializatu baten bitartez.

D) Dirulaguntza honen bidez programatzen diren arte eszenikoetako ikuskizun guztietan gutxieneko sarrera bat kobratzeko konpromisoaren bermea.

IV. ERANSKINA

Dirulaguntza banatzeko baremoa

Lortutako puntuazioa Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak toki entitate eskatzaileei emanen dien dirulaguntza banatzeko oinarria izanen da. Baremoan ageri diren datuak 2018ko azaroaren 6tik 2019ko azaroaren 5era bitarteko epeari buruzkoak izanen dira, biak barne.

Baremoak hiru atal ditu:

A atala: %35 da, eta toki entitate bakoitzak barneko areto eszeniko batean eta 2018ko azaroaren 6tik 2019ko azaroaren 5era, biak barne, talde profesionalen arte eszenikoei eta musikalei laguntzeko egiten duen aurrekontu-eginahalari dagokio.

B atala: %50 da, eta barneko areto eszeniko batean, eta 2018ko azaroaren 6tik 2019ko azaroaren 5era, biak barne, talde profesionalen arte eszenikoen eta musikalen programazio berariazkoa aurreikusteari dagokio; arreta berezia jarriko zaie dantzari eta Nafarroako sektore profesionalari.

C atala: Balorazio osoaren %15 da, eta bestelako alderdi osagarriei buruzkoa da.

A atala.–Toki entitate bakoitzak barneko areto eszeniko batean eta 2018ko azaroaren 6tik 2019ko azaroaren 5era, biak barne, talde profesionalen arte eszenikoei eta musikalei laguntzeko egiten duen aurrekontu-eginahala.

1.–Udalak egiten duen aurrekontu-eginahalari buruzkoa (35 puntu gehienez).

Barneko areto batean arte eszenikoetarako aurreikusitako aurrekontua, honela neurtua: deialdi honetan diruz lagundu daitezkeen gastuak, 2018ko azaroaren 6tik 2019ko azaroaren 5era, biak barne.

Ez da aurreikusten atal honetan dezimalik erabiltzea.

a) A kategoria: Inbertsioa: gutxienez 40.001 euro edo Populazioa: 10.000 biztanletik 19.999 biztanlera bitarte (biak barne).

3 puntu 1.500 euroko, 40.001 eurotik aurrera.

b) B kategoria: Inbertsioa: 40.000 euro arte.

3 puntu inbertitutako 2.000 euroko.

Udal erroldako datuen ondorioetarako, kontuan hartuko dira Nafarroako Estatistika Institutuak ematen dituen datu ofizial eguneratuak.

B atala.–%50 da, eta barneko areto eszeniko batean, eta 2018ko azaroaren 6tik 2019ko azaroaren 5era, biak barne, talde profesionalen arte eszenikoen eta musikalen programazio berariazkoa aurreikusteari dagokio.

“Txarteldegi” bidez egiten diren programazioak salbu.

50 puntu gehienez.

B.1. Foru Komunitatean helbideratutako arte eszenikoetako profesionalentzako laguntzari dagokionez. 25 puntu gehienez:

B.1.A. Antzerki eta musika konpainiak:

  • 2,5 puntu kontratatutako ikuskizun bakoitzeko.
  • 0,5 puntu gehiago euskaraz egindako ikuskizun bakoitzeko.

B.1.B. Dantza konpainiak:

  • 2,5 puntu kontratatutako ikuskizun bakoitzeko.

B.2. Foru Komunitatekoak ez diren arte eszenikoetako profesionalen kontratazioari dagokionez. 20 puntu gehienez:

B.2.A. Antzerki eta musika konpainiak:

  • 1,5 puntu kontratatutako ikuskizun bakoitzeko.
  • 0,5 puntu gehiago euskaraz egindako ikuskizun bakoitzeko.

B.2.B. Dantza konpainiak:

  • 2 puntu kontratatutako ikuskizun bakoitzeko.

B.3. Arte eszenikoak kontratazio formula desberdinekin (finkoa + txarteldegia) sustatzeari dagokionez. Gehienez ere 2,5 puntu.

B.3.A. Beren agertokia musikako eta antzerkiko talde profesionalentzat uzten duten udalak, talde horiek emanaldia gutxieneko finkoa + txarteldegi bidez egiteko: (Gehienez ere 1,25 puntu).

  • 1 puntu ikuskizun bakoitzeko.
  • 0,25 puntu euskaraz egindako ikuskizun bakoitzeko.

B.3.B. Beren agertokia dantzako talde profesionalentzat uzten duten udalak, talde horiek emanaldia gutxieneko finkoa + txarteldegi bidez egiteko: (Gehienez ere 1,25 puntu).

  • 1,25 puntu ikuskizun bakoitzeko.

B.4. Programazioa landu eta sustatzeko molde desberdinei dagokienez. 2,5 puntu gehienez:

B.4.A. Agertokiko programazioan arte eszenikoen arloko zikloak eta jaialdiak sortzea: 1,25 puntu ziklo edo jaialdi bakoitzeko. Gehienez ere, 1,25 puntu.

B.4.B. Dirulaguntza honen onuraduna diren agertokietan beste udal batzuekin batera egindako programetan parte hartzea, edo beste toki batzuekiko elkarlana ordainsariak eta kontratazio baldintzak batera negoziatzeko: 1,25 puntu ekintza bakoitzeko.

  • Gehienez ere, 1,25 puntu.

C atala.–%15 da, eta bestelako alderdi osagarriei buruzkoa da. Gehienez ere 15 puntu.

C.1. Kulturako teknikarien etengabeko prestakuntzarako konpromisoari dagokionez:

  • Puntu bat, kultur kudeaketako gaiei buruzko prestakuntzako 10 orduko, agertokiaren arduradunak diren kultura teknikariek emanak. Gehienez ere 2 puntu.
  • Azokak eta biltzarrak: puntu bat, azoka edo biltzar bakoitzeko. Gehienez ere 2 puntu.

C.2. Sarrerak Interneten bidez saltzeko sistema bat izatea.

  • puntu bat.

C.3. Inklusio sozialeko ekintzekin loturik eta gaitasun desberdinetarako babesa (gehienez 2 puntu).

  • 0,5 puntu, egokitutako eserleku kopuru bat izanez gero, eserleku guztien %2 gutxienez.
  • 0,5 puntu, baldin sistema bat badago entzumen edo ikusmen desgaitasuna duen publikoari egokitua.
  • Puntu bat, baldin programak edo ekintzak badaude helburu dituztenak zailtasun fisikoak eta psikosozialak dituzten publikoak barne hartzea eta/edo kultura-aniztasunari arreta ematea.

C.4. Egoitza proiektuetan profesionalak kontratatzea (gehienez 4 puntu).

  • 2 puntu egoitza, artisten elkarketa eta sorkuntza laborategi bakoitzeko, edo antzeko proiektu bakoitzeko, helburu baldin badute Nafarroako talde edo artista profesionalen sorrera bultzatzea, deialdiaren aldian.

C.5. Profesionalak kontratatzea publikoarekin bitartekaritza jarduerak egiteko (gehienez 4 puntu).

  • 2 puntu, publikoarekin bitartekaritza egiteko proiektu bakoitzeko.

V. ERANSKINA

Baremazio fitxa
(bete eta I.eranskinarekin batera –eskabidea– bidali beharrekoa)

Baremorako datuak

Baremo honetako atalei dagokien frogagiria udalaren ziurtagiri bat izanen da. Agiriak 2018ko azaroaren 6tik 2019ko azaroaren 5era bitarteko epeari buruzkoa izanen dira, biak barne.

A atala.

1. Udalak egiten duen aurrekontu-eginahalari buruzkoa: toki entitate bakoitzak barneko areto eszeniko batean talde profesionalen arte eszenikoei eta musikalei laguntzeko egiten duen aurrekontu-eginahala.

Arte eszenikoetako ikuskizunen arloko talde profesionalen kontrataziorako kalkulatzen den aurrekontua, 2018ko azaroaren 6tik 2019ko azaroaren 5era bitarte, biak barne.

Gastu diruz lagungarriak: ...... euro.

B atala.

2018ko azaroaren 6tik 2019ko azaroaren 5era, biak barne, barneko areto baterako talde profesionalen arte eszenikoen programazio berariazkoa, arreta berezia emanez dantzari eta Nafarroako sektore profesionalari.

B.1. Foru Komunitatean helbideratutako arte eszenikoetako profesionalentzako laguntzari dagokionez. Txarteldegi bidez egiten diren talde programazioak salbuesten dira.

B.1.A. Antzerki eta musika konpainiak:

  • Aurreikusitako ikuskizun kopurua (euskarazko ikuskizunak barne).
  • Aurrekoetatik zenbat aurreikusi dira euskaraz.

B.1.B. Dantza konpainiak:

  • Aurreikusten den ikuskizun kopurua:

B.2. Foru Komunitatekoak ez diren arte eszenikoetako profesionalen kontratazioari dagokionez. Txarteldegi bidez egiten diren talde programazioak salbuesten dira.

B.2.A. Antzerki eta musika konpainiak:

  • Aurreikusitako ikuskizun kopurua (euskarazko ikuskizunak barne).
  • Aurrekoetatik zenbat aurreikusi dira euskaraz:

B.2.B. Dantza konpainiak:

  • Aurreikusten den ikuskizun kopurua.

B.3. Arte eszenikoak kontratazio formula desberdinekin (finkoa + txarteldegia) sustatzeari dagokionez.

B.3.A. Beren agertokia musikako eta antzerkiko talde profesionalentzat uzten duten udalak, talde horiek emanaldia gutxieneko finkoa + txarteldegi bidez egiteko:

  • Aurreikusitako ikuskizun kopurua (barnean direla euskarazko ikuskizunak dituzten taldeak).
  • Aurrekoetatik euskarazko ikuskizunak dituzten taldeen kopuru aurreikusia.

B.3.B. Beren agertokia dantzako talde profesionalentzat uzten duten udalak, talde horiek emanaldia gutxieneko finkoa + txarteldegi bidez egiteko:

  • Aurreikusten den dantza-ikuskizun kopurua.

B.4. Programazioa landu eta sustatzeko molde desberdinei dagokienez.

B.4.A. Agertokiaren programazioan arte eszenikoetako zikloak eta jaialdiak sortzea: programazioan sartutako arte eszenikoetako zikloen eta jaialdien zerrenda. Kasu bakoitzari buruzko azalpen laburra.

B.4.B. Dirulaguntza honen onuraduna diren agertokietan beste udal batzuekin batera egindako programetan parte hartzea, edo beste toki batzuekiko elkarlana, ordainsariak eta kontratazio baldintzak batera negoziatzeko: partekatutako programen eta elkarlanean egindako lan ekintzen zerrenda. Kasu bakoitzari buruzko azalpen laburra.

C atala.–Beste alderdi osagarri batzuk.

C.1. Kulturako teknikarien etengabeko prestakuntzarako konpromisoari dagokionez:

  • Kultur kudeaketaren arloko prestakuntza espezializatuko ordu kopurua, agertokiaren arduradunak diren kultura teknikariek emanak.
  • Azoka eta biltzarrak: agertokiaren ardura duen kultur teknikariak zein azoka eta biltzarretara joatea duen aurreikusirik, horien zerrenda.

C.2. Sarrerak Interneten bidez saltzeko sistema bat izatea (dagokiona hautatu).

  • Sarrerak Interneten bidez saltzeko sistemarik bada? Bai / Ez.

C.3. Inklusio sozialeko ekintzekin loturik eta gaitasun desberdinetarako babesa:

  • Desgaitasun fisikoa duten pertsonak sartzeko oztoporik ez izatea, eta egokitutako eserleku kopuru bat izatea, hau da, eserleku guztien %2 gutxienez.
  • Biak betetzen ditu? Bai / Ez.
  • Anplifikatutako entzute sistema bat izatea, entzuteko eta ikusteko desgaitasuna duten pertsonentzat, baita agertokiko ekintzaren entzute-deskribapeneko sistemak, braille programak edo antzekoak ere.
  • Bada sistema horietakoren bat? Bai / Ez.
  • Gizarte bazterketarako arriskua duten taldeei edo desgaitasun fisikoa duten pertsonei arreta emateko programak edo ekintzak egiteagatik.
  • Bada programa edo ekintza berariazkorik? Bai / Ez.

Baiezkoa bada, azaldu.

C.4. Egoitza proiektuetan profesionalak kontratatzea

  • Bada proiektu edo ekintza berariazkorik? Bai / Ez.
  • Baiezkoa bada, azaldu.

C.5. Profesionalak kontratatzea publikoarekin bitartekaritza jarduerak egiteko.

  • Bada proiektu edo ekintza berariazkorik? Bai / Ez.
  • Baiezkoa bada, azaldu.

VI. ERANSKINA

Behin betiko programazioa justifikatzeko fitxa.

VII. ERANSKINA

Udalaren aurrekontu-eginahalaren gastu diruz lagungarrien justifikazio taula.

VIII. ERANSKINA

Ziurtagiriaren eredua / Dirulaguntzaren eskabidea.

IX. ERANSKINA

Ziurtagiriaren eredua / Dirulaguntzaren justifikazioa.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1901251