51. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

16/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako eta pribatu itunduetako Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren prestaketa arautzen duena.

Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 22. artikuluak azpimarratzen du Batasunak kultura eta hizkuntza aniztasuna errespetatzen dituela. Era berean, Europako Batasunak hizkuntza aniztasuna finkatzen du proiektu europarraren eraikuntzaren helburu ezinbesteko gisa.

Abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzkoak, eleaniztasunaren sustapena nabarmentzen du helburu gisa eta eragin bereziko eremu gisa.

Martxoaren 19ko 23/2007 Foru Dekretuaren hitzaurreak, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko ikasketen curriculuma ezartzen duenak, hezkuntzaren irizpide gisa arautzen du curriculumaren hizkuntza-ikasketen koordinazioa, hizkuntzen tratamendu integratuaren bidez. Era berean, hizkuntzen tratamendu integratua egin behar dela arautzen dute uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak (Lehen Hezkuntzaren irakaskuntzen curriculuma ezartzen du foru dekretu horrek), apirilaren 22ko 24/2015 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketen curriculuma ezartzen du foru dekretu horrek), eta apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak (Batxilergoko ikasketen curriculuma ezartzen duen foru dekretu horrek). Irakasten diren hizkuntza guztiak era integratuan eta koordinatuan irakatsi behar direla agintzen dute xedapen horiek, haien ikaskuntza optimizatzeko, ezarri zaien curriculumaren arabera.

Hizkuntzen koordinazio eta tratamendu integratua egitea eta hizkuntza aniztasuna sustatzea interes estrategikoko helburuak direla uste du Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak, eta Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzen laguntzen dutela hizkuntza komunikazioaren alorrean.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, honako hau

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru Agindu honen xedea Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren elaborazioa arautzea da, ikastetxearen oinarrizko dokumentuetako bat izan dadin. Ikastetxeek Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua prestatzearen edo, kasuan kasu, egokitzearen helburua Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea izanen da, hizkuntza komunikazioaren konpetentziaren alorrean; izan ere, proiektu horrek antolatuko ditu hizkuntzen koordinazioa eta tratamendu integratua eta eleaniztasunaren eta hizkuntza aniztasunaren sustapena.

2. Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua hezkuntza proiektuaren garapena da hizkuntzaren alorrean, eta ikastetxeko planifikazio dokumentuekin eta curriculum zehaztapenekin bat etorri behar du.

3. Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa irakasten duten ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan ezarriko da Foru Agindu hau.

2. artikulua Koordinazio organoak.

1. Hauek dira Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren koordinazio organoak:

a) Ikastetxeko hizkuntza batzordea.

b) Ikastetxeko hizkuntza koordinatzailea.

2. Hezkuntza Departamentuko Hizkuntza Aniztasuna eta Arte Ikaskuntzen Zerbitzuak Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua egiteko aholkularitza eta tutoretza zerbitzuak eskainiko ditu Foru Agindu honen 6. artikuluak adierazten duen epean.

3. Hezkuntza Departamentuaren ikuskapen zerbitzuak Urteko Programazio Orokorraren bidez eta Ikasturte amaierako Memoriaren bidez kontrolatu eta jarraituko du ikastetxeetako Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuen prestaketa, eta foru agindu honen 6. artikuluak adierazten duen epean eginen du lan hori.

3. artikulua Ikastetxearen hizkuntza batzordea. Osaera eta eginkizunak.

1. Foru Agindu honen xedeko ikastetxe guztietan eratuko da hizkuntza batzordea, eta ikastetxeko zuzendariak izendatuko du.

2. Hizkuntza batzordeak, oro har, osaera hau izanen du Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Lehen Hezkuntzan:

a) Zuzendaria edo hark izendatzen duen zuzendaritza taldeko kidea.

b) Ikastetxeko hizkuntza koordinatzailea.

c) Haur Hezkuntzako tutorea.

d) Lehen Hezkuntzako tutorea.

e) Euskaran aditua den irakaslea, halakorik badago.

f) Atzerriko hizkuntza bakoitzeko irakasle adituak, halakorik balego.

g) Atzerriko hizkuntzan baina hizkuntzakoak ez diren arloetako irakasleak, etapako bana, halakorik badago.

3. Hizkuntza batzordeak, oro har, osaera hau izanen du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan:

a) Zuzendaria edo hark izendatzen duen zuzendaritza taldeko kidea.

b) Ikastetxeko hizkuntza koordinatzailea.

c) Ikastetxean ematen diren hizkuntza bakoitzeko Departamentuetako buruak.

d) Atzerriko hizkuntzan ematen den eta hizkuntzakoa ez den area bakoitzeko irakasle bana, halakorik balego.

4. Ikastetxea, bere beharren eta aukeren arabera, hezkuntza komunitateko beste hainbat kide sartzen ahalko ditu hizkuntza batzordean.

5. Batzordeko kide baten eginkizunak edo profila bat badator beste kide baten eginkizun edo profilarekin, ez da beharrezkoa izanen eginkizun edo profil bereko kide hori batzordean sartzea.

6. Linea osagabeak dituen ikastetxeren batean ezin bada hizkuntza batzordea artikulu honen 2. eta 3. puntuetan zehaztutako osaeraz eratu, ikastetxeko errealitateari egokitzen ahalko zaio osaera hori.

7. Hizkuntza batzordeak eginkizun hauek ditu:

a) Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua idaztea eta aldiro berrikustea.

b) Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua diseinatzea eta bere urteko zehaztapenak, urteko programazio orokorrean sartuko direnak, elaborazio partekatuaz egiten dela arduratzea.

c) Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren urteko ebaluazioa egitea eta ikasturte amaierako memorian behar diren hobekuntzak proposatzea.

d) Bere eginkizunak betetzeko, ikastetxeko organoekin koordinatuko da, halako moduan non denek hartuko baitute parte urteko jarduera zehatzak prestatzen eta abian jartzen.

e) Aldian behin, Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren inplementazioaren berri ematea eta sentsibilizatzea hezkuntza komunitatea.

8. Ebazpen honen eranskinean aipatutako jarraibideak ikastetxe pribatu itunduei edo diruz lagunduei aplikatuko zaizkie, indarra duten arauei jarraikiz, dagozkien afera orotan.

4. artikulua Ikastetxeko hizkuntza koordinatzailea.

1. Zuzendaritzak irakasle taldeko kide bat izendatuko du ikastetxeko hizkuntza koordinatzailea izan dadin. Orobat, ikastetxe publikoko zuzendariak orduen banaketa hartzen ahalko du kontuan, ikastetxean dauden aukerak ikusita.

2. Hauek dira ikastetxeko hizkuntza koordinatzailearen eginkizunak:

a) Hizkuntza batzordea eta haren ekintza eta proiektuak dinamizatzea.

b) Hezkuntza komunitatea Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren elaborazioan eta inplementazioan inplikatzeko eta parte hartzeko mekanismoak bultzatzea.

c) Irakasleei prestakuntza eskaintzea hizkuntzen tratamendu integratuan eta hizkuntza aniztasunaren aplikazio didaktikoetan.

d) Ikastetxetik kanpoko eragileekin kontaktatzea eta lankidetzan aritzea hizkuntza gaiei dagokienez.

3. Ebazpen honen eranskinean aipatutako jarraibideak ikastetxe pribatu itunduei edo diruz lagunduei aplikatuko zaizkie, indarra duten arauei jarraikiz, dagozkien afera orotan.

5. artikulua. Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren edukiak.

1. Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuak, gutxienez, atal hauek izanen ditu:

a) Sarrera: proiektuaren jatorria eta beharraren azalpen laburra.

b) Egoeraren analisia:

–Ikastetxearen eta bere ingurunearen ezaugarriak.

–Ikastetxearen hizkuntza ibilbidea.

–Bertako eta atzerriko hizkuntzen erabilera eta presentzia ikastetxean.

–Barneko eta/edo kanpoko ebaluazio emaitzen eta hobetzeko proposamenen analisia.

c) Ikastetxeko hizkuntza helburuak:

–Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuaren printzipioak hizkuntzei dagokienez.

–Antolamendu eta didaktika-metodologia mailako helburuak, barne direla irakasleen koordinazioa, hizkuntzen tratamendu integratua eta ikasleen hizkuntz aniztasunaren sustapena.

d) Ikastetxeko hizkuntza planteamendua:

–Antolamendu mailako neurriak: irakasleen koordinazioa, hizkuntza/areak asteko ordutegian banatzeko era, eskolaz kanpoko jarduerak eta osagarriak, etab.

–Ikasleen eskolarako sarrera berantiarra edozein unetan eta ikas-mailatan errazteko antolamendua eta metodologia.

–Ikastetxeak hizkuntza helburuak lortzeko erabiliko dituen metodologia eta ebaluazio-irizpideak, xehetasunez azalduz hizkuntzen tratamendu integratuaren garapena curriculumean.

–Hizkuntzekiko sentsibilizazio eta errespetu jarrerak garatzea.

–Irakasleak hizkuntza-gaietan trebatzea.

e) Egiteko eperako ezarritako plana:

–Egin beharreko jarduketak.

–Kronograma.

–Arduradunen zehaztapena.

f) Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren ebaluazioa: hizkuntza helburuen lorpen mailak.

6. artikulua. Egiteko epea.

1. Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua egiteko epea lau urtekoa izanen da gehienez, Foru Agindu hau argitaratzen denetik aitzina.

2. Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua egiteko epea amaiturik, etengabe gainbegiratu eta eguneratuko du dokumentua ikastetxeko hizkuntza batzordeak.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Lanbide Heziketa eta bestelako ikasketak.

Foru agindu honetan xedatutakoa beren borondatez aplikatzen ahalko dute Lanbide Heziketako edo erregimen bereziko ikasketak ematen dituzten ikastetxeek, hemen ezarritakoa ikasketa bakoitzaren arabera egokituta.

Bigarren xedapen gehigarria.–Eskualdeka koordinatutako ikastetxeak.

Ikastetxeko zereginak eskualdeko beste ikastetxe batzuekin koordinatzen dituzten ikastetxeek beren funtzionamenduaren arabera egokitzen ahalko dute foru agindu honetan ezarritakoa.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako arauak.

1. Foru agindu honek indarra hartu orduko, indargabetuta geratuko da abenduaren 30eko 147/2016 Foru Aginduaren 5. artikulua. Hezkuntzako kontseilariak emandako foru agindu horrek, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan atzerriko hizkuntzak ikasteko programen oinarrizko alderdiak arautzen ditu eta zenbait ikastetxeri haiek emateko baimena ematen die.

2. Orobat, indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arauak.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko otsailaren 19an.–Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.

Iragarkiaren kodea: F1902486