49. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

390/2019 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko 2019ko otsailaren 27ko Gobernu Kontseiluak onetsi zuen “Ikerketari Laguntzeko Atal Zientifiko-Teknikoaren Arautegia (ILAZT)”.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2019ko otsailaren 27an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen da. Erabaki horren bidez, Ikerketari Laguntzeko Atal Zientifiko-Teknikoaren Arautegia (ILAZT) onetsi zen.

“ERABAKIA, IKERKETARI LAGUNTZEKO ATAL ZIENTIFIKO-TEKNIKOAREN ARAUTEGIA (ILAZT) ONESTEN DUENA

Gobernu Batzordearen 1999ko ekainaren 14ko 52/99 Erabakiaren bidez, Ikerketari Laguntzeko Zerbitzuaren antolakuntzari eta eginkizunei buruzko Arautegia onetsi zen. ILZ akronimoaz ere ezaguna den zerbitzu hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa taldeei eta haren kanpoko enpresa publiko eta/edo pribatuei izaera esperimentaleko zerbitzuak emateko ardura duen unitatea da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 126. artikuluaren arabera, “Nafarroako Unibertsitate Publikoak behar diren administrazio unitateak sortu, antolatu eta mantenduko ditu irakaskuntzari, ikerketari, teknologia eta jakintzaren transferentziari eta unibertsitate hedapenari laguntzeko, eta berdin egingo du Unibertsitateko komunitateari arreta emateko zerbitzuekin, beren eginkizunak hobeki bete ditzaten”. Estatuak 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren (NAO, 63 zk., 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuaren 2011ko martxoaren 21eko Erabakiaren bidez aldatu (NAO, 70 zk., 2011ko apirilaren 11koa).

Artikulu hori betetzeko, bidezkotzat jo da ILZ zaharra berritzea eta izenez aldatzea; hartara, orain Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketari Laguntzeko Atal Zientifiko-Teknikoa deituko da (hemendik aurrera, ILAZT) eta Unibertsitateko zein bestelako instituzio publiko eta pribatuetako ikerketa institutuei eta ikertzaileei laguntza ematea izanen du xede.

Europan, Espainian eta Foru Komunitatean ezarri diren ikerketa jardueraren helburu berriek sortutako dinamikak eta Ikerketa Institutuak sustatzera bideratutako Unibertsitateko politika berriak ILAZTen funtzionamendu arautegiak egokitzea eskatzen dute. Hori dela eta, Ikerketako Errektoreordetzak proposatu du oraingo Ikerketari Laguntzeko Zerbitzuaren Arautegia indargabetzea eta eranskinean ageri denarekin ordezkatzea. Hala, haren egitura eta funtzionamendua egokituko dira, NUPeko hiru campusetan (Arrosadia, Osasun Zientziak eta Tutera) eskura dauden azpiegiturek izan duten garapenaren arabera, eta taldeen eta giza baliabideen kopuruek izan duten gorakada kontuan hartuta. Hazkunde horrek antolakuntza eta kudeaketa politika berriak eskatzen ditu, zerbitzuak emateko orduan eraginkortasuna hobetzeko eta zerbitzuen jasangarritasuna bermatzeko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 20.o) artikuluarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluaren eginkizunetako bat da erregelamendu independenteak onestea Unibertsitatearen alorrean.

Aurreko guztiarengatik, honako hau da Gobernu Kontseiluak, Ikerketarako errektoreordeak proposatuta, bere kideek aldez aurretik eztabaida egin eta gero, 2019ko otsailaren 27an egindako bileran hartu duen

ERABAKIA:

Lehena.–Ikerketari Laguntzeko Zerbitzuaren (ILZ) antolakuntzari eta eginkizunei buruzko Arautegia indargabetzea. Arautegi hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Batzordearen ekainaren 14ko 52/99 Erabakiaren bidez onetsi zen.

Bigarrena.–Ikerketari Laguntzeko Atal Zientifiko-Teknikoaren Arautegia (ILAZT) onestea; erabaki honen eranskinean dago.

Hirugarrena.–Ikerketari Laguntzeko Atal Zientifiko-Teknikoaren Arautegiak (ILAZT) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Laugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, bi hilabeteko epean, Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat”.

Iruñean, 2019ko otsailaren 27an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

IKERKETARI LAGUNTZEKO ATAL ZIENTIFIKO-TEKNIKOAREN ARAUTEGIA (ILAZT)

Gobernu Kontseiluak 2019ko otsailaren 27an onetsia

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 126. artikuluko 5. tituluak honako hau ezartzen du (110/2003 FA; Nafarroako Aldizkari Ofiziala 63 zk., 2003ko maiatzaren 19koa. 2011Ko martxoaren 21ean aldatuak; Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 70 zk., 2011ko apirilaren 11koa): “Nafarroako Unibertsitate Publikoak behar diren administrazio unitateak sortu, antolatu eta mantenduko ditu irakaskuntzari, ikerketari, teknologia eta jakintzaren transferentziari eta unibertsitate hedapenari laguntzeko, eta berdin egingo du Unibertsitateko komunitateari arreta emateko zerbitzuekin, beren eginkizunak hobeki bete ditzaten.” Artikulu hori betetzeko, Ikerketari Laguntzeko Zerbitzua sortu zen (ILZ). Bere izena aldatu, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketari Laguntzeko Atal Zientifiko-teknikoa da orain (aurrerantzean ILAZT). Unibertsitateko ikerketa Institutuei eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuei laguntza ematea du xede.

ILAZTen funtzionamendua arautzera zuzendutako araudiak egokitzea eskatzen dute Europan, Espainian eta Foru Komunitatean ezarri diren ikerketa jardueraren helburu berriek sortutako dinamikak eta Ikerketa Institutuak sustatzera bideratutako Unibertsitateko politika berriak. Hori dela eta, Ikerketako Errektoreordetzak proposatu du oraingo Ikerketari Laguntzeko Zerbitzuaren Araudia indargabetzea eta eranskinean ageri denarekin ordezkatzea. Hala, haren egitura eta funtzionamendua egokituko dira, NUPeko bi campusetan (Iruñea eta Tutera) eskura dauden azpiegiturek izan duten garapenaren arabera, eta taldeen eta giza baliabideen kopuruek izan duten gorakada kontuan hartuta. Hazkunde hori dela-eta ordenatzeko eta kudeatzeko politika berriak onetsi behar dira, zerbitzu ematean eraginkortasuna hobetu eta bere jasangarritasuna bermatuko dutenak.

1. KAPITULUA

Xedea, izaera eta helburuak

1. artikulua. Xedea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ILAZTen antolamendu egitura, funtzionamendua eta kudeatzeko eskumenak ezartzea da Araudi honen xedea.

2. artikulua. Izena.

Ikerketari Laguntzeko Atal Zientifiko-teknikoa (ILAZT) deituko zaio Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Institutu, Ikerketa Talde eta Sailei eta Unibertsitatetik kanpoko enpresa publiko eta pribatuei izaera esperimentaleko zerbitzuak emateko ardura duen atalari.

3. artikulua. ILAZTen izaera.

Laborategi, ekipamendu eta langile teknikoen multzo batek osatzen du ILAZT. Arlo zientifiko-tekniko tematikoetan aritzen dira, eta NUPeko Estatutuetan oro har ezarritakoak, aplikatzekoak zaizkion arau espezifikoek eta Araudi honek arautuko dute haien funtzionamendua.

4. artikulua. Helburuak eta gaitasunak.

ILAZTen helburu nagusia Unibertsitateko Ikerketa Institutuek, Ikerketa Taldeek eta ikertzaileek egiten duten ikerketari laguntzea da, bai eta beste edozein organismo publiko edo pribaturen ikertzaileei eta kanpoko beste erabiltzaile batzuei ere, hala banaka nola Unibertsitatearekin ezartzen diren hitzarmen, kontratu eta akordioen esparruan.

Honako hauek izango dira ILAZTen helburu orokorrak:

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Institutu eta Sailei atxikitako ekipamendu zientifikoaren erabilera sustatzea Unibertsitateko ikertzaileen artean, haien lana errazteko eta eskura dauden baliabideak ahalik eta gehien baliatzeko.

2. Unibertsitateak Nafarroako Unibertsitate Publikotik kanpoko enpresa publiko eta pribatuei eskaini ahal dizkien zerbitzuak emateko neurriak sustatzea.

3. Ikertzaileen lana erraztea, funtsezkoak baitira ikerketa jarduera garatzeko.

2. KAPITULUA

Eginkizunak

5. artikulua. ILAZTen eginkizunak.

Bere helburuak betetzeko, honako hauek dira ILAZTek bere gain hartzen dituen eginkizunak:

1. Zerbitzuak emateari buruzko eginkizunak.

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Institutu, Ikerketa Talde eta Sailei atxikitako eta ILAZTek katalogatutako ekipamendu zientifikoa erabiltzea berekin dakarten zerbitzuak emateko eskaerak koordinatzea.

b) Jasotzen dituen zerbitzuak emateko eskaerak bideratzea.

c) Emandako zerbitzuen xede diren alderdi administratibo guztiak kudeatzea.

d) Zerbitzuak gauzatzeko beharrezkoa den material suntsigarria eta inbentariagarria eskuratzeko prozesua kudeatzea.

e) Zerbitzuak katalogatutako material inbentariagarriaren mantentze-lanak kudeatzea.

f) Zerbitzuak egiteko ezarritako epeak bete daitezen zaintzea.

g) Eskatutako zerbitzuak gauzatzeko beharrezkoak diren langileen kontratazioa eskatzea eta horri buruzko txostena egitea.

h) ILAZTi esleitutako aurrekontu-partidak administratzea.

i) Katalogatutako zerbitzuen tarifak proposatzea dagokion Errektoreordetzari.

j) Gauzatutako zerbitzuei dagozkien egiaztagiriak bidaltzea.

k) Esleitutako funtzioak betetzeko beharrezkoak diren jarraibideak ezartzea.

l) Esleitzen zaizkion guztiak ILAZTen sorrera ekarri duen xedearen arabera.

2. Unibertsitateak ekipamendua erosteari buruzko eginkizunak.

a) Ikerketa arloan eskuduna den errektoreordeari berri ematea, hark hala eskatzen duenean, Ikerketa Institutu, Ikerketa Talde, Sail eta oro har ikertzaileek ekipamendu zientifikoa eskuratzeko eskaerei buruz.

b) Kokalekuak proposatzea Unibertsitateko laborategi eta instalazioetako ekipamenduarentzat. Ekipamendu hori aurreko apartatuan aipatutakoa da.

c) Unibertsitateko ekipo zientifikoen katalogoa eguneratuta edukitzea.

3. Beste eginkizun batzuk.

a) ILAZTeko langileen eta unibertsitateko ikertzaileen eta beste zerbitzu batzuei atxikitako langile teknikoen arteko lankidetza sustatzea proiektu zehatzak egiteko.

b) Ikerketari laguntzeko metodoak eta teknikak mantentzea eta garatzea, eta eskura dagoen ekipamenduaren prestazioak baliatzea.

c) Prestakuntza eta aholkularitza zientifiko eta tekniko espezializatua ematea ikertzaile eta langile teknikoei teknika eta ekipoen funtsari, aplikazioari eta erabilerari buruz.

d) Unibertsitateko Ikerketa Institutuek ILAZTen Arlo Zientifiko-tekniko diferenteetan eskura dauden ekipo eta teknikei buruz antolatzen dituzten prestakuntza jarduerak erraztea.

e) Hedapen eta zabalkunde zientifikoari laguntzeko jardueretan lankidetzan jardutea. NUPek antolatzen ditu laguntzeko jarduera horiek eta Arlo Zientifiko-tekniko diferenteetan erabilitako teknikekin lotuta daude.

f) Ekarpena egitea Nafarroako Berrikuntza Sistemaren, eta, bereziki SIESS komunitatearen osagai aktibo gisa (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System). NUP komunitate horretakoa da.

g) Ikerketari laguntzeko zentroen nazio mailako eta nazioarteko sareetan parte hartzea.

h) Ikerketari laguntzeko beste zentro batzuekin eta ikerketa-jarduerak egiten dituzten entitateekin lankidetzan jardutea, akordio eta hitzarmenen bidez, bereziki Campus Iberuseko eta G9 taldeko unibertsitateekin.

3. KAPITULUA

Egitura eta kudeaketa

6. artikulua. ILAZTen atxikipena.

Dituen eginkizunen izaera dela-eta, Atala Ikerketa Zerbitzuari atxikita egongo da.

7. artikulua. Egitura.

7.1. ILAZTen egituraren oinarrizko osagaia Arlo Zientifiko-teknikoa da. Ekipo batzuk eta giza baliabide batzuk biltzen ditu, oro har, teknika instrumental zehatz baten aplikazioari edo helburu eta baliabide komunak partekatzen dituzten antzeko tekniken multzo bati dagozkionak. Arlo Zientifiko-tekniko bakoitzak ikerketari laguntzeko lanak garatuko ditu, eta lan horiek bere espezializazio-arloarekin lotuta egongo dira.

7.2. Eranskinean aipatzen diren Arlo Zientifiko-teknikoek osatzen dute ILAZT.

7.3. Ikerketa arloan eskuduna den errektoreordeak onetsi behar du, ILAZTen Koordinazio Batzordeak proposatuta, Arlo Zientifiko-teknikoen sorrera, aldaketa edo kentzea, bai eta Arlo bakoitzari teknikak eta ekipamenduak atxikitzea ere.

8. artikulua. Unibertsitatearen ohiko gobernu erakundea da.

Gobernu-organo hauen bidez kudeatuko da ILAZT:

1. ILAZTen zuzendaria.

2. ILAZTen Koordinazio Batzordea.

9. artikulua. ILAZTen zuzendaria.

9.1. Errektoreak izendatuko du ILAZTen zuzendaria, lau urteko eperako, ikerketa arloan eskuduna den errektoreordeak proposatuta eta ILAZTen Koordinazio Batzordeari entzunda.

9.2. ILAZTen zuzendariak doktorea izan behar du, eta ikerketako bi ebaluazio positibo eduki behar ditu gutxienez ere, eta Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duen irakaslea izan behar du. Halaber ikertzaile berekia izan behar du edo Unibertsitateko Ikerketa Institutuetakoren bati lotua.

9.3. ILAZTen zuzendariak eginkizun hauek izango ditu besteak beste:

a) Atxikitako langileen zuzendaritza funtzionala.

b) ILAZTen eguneroko jarduera kudeatzea eta ikuskatzea.

c) ILAZTen Batzordeak hartutako erabakiak bete daitezen zaintzea.

d) ILAZTen kudeaketarekin lotutako gastuak onestea.

e) Aurrekontuaren aurreproiektua eta ILAZTen garapen planak egitea, bai eta aurrekontu horren eta plan horien exekuzioa koordinatzea ere, ILAZTeko langile teknikoen laguntzarekin eta ikerketa arloan eskuduna den errektoreordeak ikuskatuta.

f) ILAZTen Koordinazio Batzordeari Atalaren urteko aurrekontua proposatzea.

g) ILAZTen Koordinazio Batzordeari Atalari aurrekontuaren exekuzioaren berri ematea aurrekontu-ekitaldiaren amaieran.

h) ILAZTen Koordinazio Batzordeari Atala une bakoitzean gauzatzen ari den proiektuen eta ematen dituen zerbitzuen berri ematea.

i) Lankidetzan jardutea eginkizun hauetan: aldi baterako langile teknikoak lanean hasteko proposamenen prestakuntza; laguntzeko teknikariak kontratatzeko laguntzen eskaerak, ekipamendu berriak eskuratzeko proposamenak eta finantzaketa-eskaerak, Europako, Espainiako eta eskualdeko deialdietan lehiatuz. Horretarako, Lankidetza Batzordearen aholkularitza izango du, eta NUPeko Ikerketa Institutu eta Taldeen laguntza eskatzeko aukera ere izango du.

j) ILAZTen Koordinazio Batzordeari Atalaren urteko aurrekontua proposatzea.

k) Ikerketa arloan eskuduna den errektoreordeari Unibertsitateko ekipamendua, Atalari atxiki gabe dagoena, ILAZTiri atxikitzeko eskatzea.

l) ILAZTeko langileek Atalari atxiki gabeko ekipamendua nola erabiliko duten kudeatzea, proiektu, zerbitzu eta saiakuntza espezifikoak egiteko.

m) ILAZTen laborategiak eta ekipamenduak Unibertsitatean kokatzeko Plan bat egitea eta eguneratuta edukitzea. ILAZTen Batzordeak onetsi eta Ikerketako errektoreordeari bidali beharko dio.

n) Unibertsitateko Ikerketa Institutu, Ikerketa Talde, Sail edo ikertzaileek egindako ekipamendu-erosketei buruz Atalari eskatutako txostenen berri ematea ILAZTen Koordinazio Batzordeari.

o) Beste Zerbitzu, Institutu edo Sail batzuei atxikitako langile teknikoen lankidetza eskatzea Ikerketa arloan eskuduna den errektoreordeari, proiektu zehatzak egiteko. Zerbitzu, Institutu edo Sail parte-hartzaileetako arduradunen oniritzia eduki beharko du eskaerak.

p) ILAZTen arloko lan arriskuen prebentziorako eta hondakinen kudeaketarako arauak bete daitezen zaintzea.

q) ILAZTen teknikariek Unibertsitateko ikertzaileak buru dituzten proiektuetan egindako lanaren aitorpena susta dadin zaintzea.

r) ILAZTen interesekoak diren akordioak eta hitzarmenak proposatzea.

s) ILAZTen prezio publikoak proposatzea urtero.

t) ILAZTen Batzordeari Atalaren beste arazo aipagarri batzuen berri ematea.

u) ILAZT ofizialki ordezkatzea eta haien dibulgazio lana egitea foro zientifiko eta teknologikoetan.

v) Araudi hau eta barne araubidea bete daitezen zaintzea.

w) Kalitate sistemak eta Ikerketa arloan eskuduna den errektoreordeak ILAZTi eman nahi dizkion kontrolatzeko eta kudeatzeko beste sistemak bete daitezen zaintzea.

10. artikulua. ILAZTen Koordinazio Batzordea.

10.1. Koordinazio Batzordea da ILAZTen gobernurako kide anitzeko organo arrunta, eta ILAZTen zuzendaritzari lagunduko dio unibertsitateko zerbitzu horiekin lotuta garatutako politika zientifikoen definizioan eta exekuzioan.

10.2. Gutxienez ere honako hauek osatuko dute ILAZTen Koordinazio Batzordea: ILAZTen zuzendaria, Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria, Ikerketako Errektoreordetzaren Arloko zuzendaria eta Atala erabiltzen duten Unibertsitateko Ikerketa Institutuetako bakoitzaren ordezkari bana. ILAZTen Batzordeko kide diren Ikerketa Institutuen ordezkariek beren Institutuko ikertzaile berekien edo lotuen kolektiboak izan behar dute. Institutuko Zuzendaritzak proposatu eta Ikerketa arloan eskuduna den errektoreordeak izendatuko ditu.

10.3. ILAZTen Koordinazio Batzordea sei hilabetean behin bilduko da gutxienez ere, edo ILAZTeko zuzendariak eskatzen duenean. BIlerak presentzialak, ez-presentzialak edo mistoak izango dira. Nolanahi ere, deialdiari buruzko informazioa eta dagokion dokumentazioa kide guztiei iritsiko zaiela bermatuko da.

10.4. Koordinazio Batzordeak idazkari bat izendatuko du Institutuetako ordezkarien artean. Idazkariak bilerak deitu eta hartutako erabakiei buruzko akta egingo du, beharrezkoa bada.

10.5. ILAZTen Koordinazio Batzordeak eginkizun hauek izango ditu besteak beste:

a) ILAZTen zuzendari berriaren proposamena bidaltzea Ikerketa arloan eskuduna den errektoreordeari; kasu honetan, ILAZTen zuzendariak ez du parte hartuko Batzordearen eztabaidetan eta zuzendari berriaren proposamenaren bozketan.

b) ILAZTen funtzionamendu zientifiko-teknikoaren jarraipena egitea.

c) Garatuko den jarduera zientifiko-teknikoari buruzko proposamenak bidaltzea errektoreordeari.

d) Atalarentzat diren ekipoak eskuratzeko proposamenak onestea, ILAZTen zuzendariaren iritzia entzun eta gero.

e) Ikerketa arloan eskuduna den errektoreordeari langile berriak ILAZTen lanean hasteko proposamenak bidaltzea, ILAZTen zuzendariaren iritzia entzun eta gero.

f) Ikerketa arloan eskuduna den errektoreordeari Ataleko urteko aurrekontua proposatzea, ILAZTen zuzendariaren iritzia entzun eta gero, eta Ikerketako errektoreordeari bidaltzea.

g) Araudiari egin beharreko aldaketak proposatzea Ikerketa arloan eskuduna den errektoreordeari.

h) Unibertsitateko Ikerketa Institutu, Ikerketa Talde eta Sailentzat egindako proiektuen esparruan emandako zerbitzuen fakturazio politika proposatzea ikerketa arloan eskuduna den errektoreordeari.

11. artikulua. ILAZTen funtzionamendua.

11.1. Jarduerak bat etorri behar du ILAZTen xede eta eskumenekin. Araudi honetako 5. artikuluak zehazten ditu xede eta eskumenak.

11.2. Arlo Zientifiko-tekniko bakoitzari atxikitako langile teknikoena da Arloaren zuzkidura osatzen duten ekipo eta tresnen erabileraren eta mantentze-lanen gaineko ardura.

11.3. ILAZTek emandako zerbitzuak ohiko araubidekoak edo autozerbitzu-araubidekoak izan daitezke.

a) Ohiko araubidean teknikariek zerbitzu eman edo dagokion jarduketa egiten dute eskatzaileak edo erabiltzaileak esku hartu gabe.

b) Autozerbitzu-araubidean NUPeko langilea den eskatzaileak edo erabiltzaileak beharrezkoak diren ekipoak erabiliko ditu eta dagokion saiakuntza egingo du Arlo Zientifiko-teknikoko teknikariek ikuskatuta. Ezinbesteko baldintza da erabiltzaile hori egiaztatuta egotea horretarako, prestakuntzako ikastaro espezifiko bat eginez edo aplikatu beharreko ekipoen tekniketan edo erabileran frogatzeko moduko esperientzia edukitzeagatik. Egiaztatzeak berekin dakar erabiltzaileak Arlo Zientifiko-teknikoko ekipoak erabiltzeko protokoloa onartzea, bai eta ekipoak erabiltzeko arau espezifikoak ere.

11.4. ILAZTen erabiltzaileek argitaratutako lanek behar bezala jasoko dute jasotako laguntza teknikoa (artikulu zientifikoak, doktoretza-tesiak, master edo gradu amaierako lanak).

11.5. Instalazioetan egiten diren teknikekin eta/edo prestazioekin lotutako prestakuntza-eta dibulgazio-jardueretan lagundu eta parte hartu ahal izango dute ILAZTen langile teknikoek.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

NUPeko Estatutuetako lehen xedapen gehigarriarekin bat etorriz, Estatutu hauetan genero maskulinoan adierazitako izenak, Unibertsitateko organoei, beren titularrei eta kideei eta Unibertsitateko Komunitateko kideei buruzkoak, bai eta beste edozein izen ere, genero femeninoan adierazi direla ulertuko da titularraren sexua zein den eta izenak nori eragiten dion.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ikerketari Laguntzeko Zerbitzua (ILZ) desagerraraziko du Ikerketari Laguntzeko Atal Zientifiko-teknikoaren sorrerak (ILAZT). ILZren langileak eta baliabide materialak ILAZTi atxikiko zaizkio automatikoki ILZ desagertzen denetik aurrera.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Aurrekontua betearazteko oinarrietan ezarritako aurreikuspenak, sarrera eta gastuen aurrekontua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2019rako ILZrentzat ezarritako prezio publikoak ILAZTi aplikatzekoak izango dira haren sorreratik.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Araudi hau indarrean sartzen denean, Ikerketa Laguntzeko Zerbitzuaren Antolamendu eta Eginkizunei buruzko Erregelamendua indargabetuko da, Unibertsitateko Gobernu Batzordearen 1999ko ekainaren 14ko 52/99 erabakiaren bidez onetsia.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman, eta biharamunean hartuko du indarra araudi honek.

ERANSKINA

ILAZTen antolamendu egitura

F1902924_0.pdf

Iragarkiaren kodea: F1902924