48. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SAN ADRIANGO, AZAGRAKO, ANDOSILLAKO ETA CARCARKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza, Larrialdi sozialean dauden pertsonentzako eta/edo familientzako prestazio ekonomikoak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Andosillako, Azagrako, Carcarko eta San Adriango Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2018ko abenduaren 19an egin bilkuran, behin betiko onetsi zuen Larrialdi sozialean dauden pertsonentzako eta/edo familientzako prestazio ekonomikoak arautzen dituen ordenantza.

Onesteko erabakia 2018ko 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 13an, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da 2019ko urtarrilaren 25eko osoko bilkuran eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

San Adrianen, 2018ko abenduaren 19an.–Mankomunitateko burua, Jesús Sola Aranda.

ORDENANTZA, LARRIALDI SOZIALEAN DAUDEN PERTSONENTZAKO ETA/EDO FAMILIENTZAKO PRESTAZIO EKONOMIKOAK ARAUTZEN DITUENA

1.–Xedea, baldintzak eta helburua.

Ekonomiaren aldetik gabezia frogatuak izanda, gizarteratzeko oinarrizko beharrak berdintzeko zailtasunak dituzten pertsonak eta/edo familiak diruz laguntzea da deialdi honen xedea, betiere Andosillako, Azagrako, Carcarko eta San Adriango bizilagunak badira. Horretarako sortuko dira prestazio ekonomikoen bidez babesa emateko bitartekoak, bateragarriak eskualdeko oinarrizko gizarte zerbitzuetako profesionalen esku-hartzearekin.

Izaera berezia izango dute, ez baitira aldian behingoak baizik eta subsidiarioak beste sari batzuen aldera.

Laguntza horien xedea da:

–Udalaren ardura baita gizartearen aldera, halako tresna berezi bat eskaintzea, zertarako eta arintzeko pobrezia endemiko nahiz mementokoa jasaten dutenen egoera, bai eta haien kabuz baliatzeko gaitasun gutxi dutenena ere, gainerako gizarte sarien osagarri gisara erabil dadin.

–Deserrotzea edo gizarte-baztertzea eragin edo larriagotzen ahal duten egoerak arintzea.

–Jarduteko baliabide profesionala eta sostengua izatea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren programetan gizarteratzeko taxuturiko prozesuetan.

2.–Betebeharrak.

Honako hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Dagokion teknikariarekin hitzartutako helburua betetzea eta jarduerak edo atazak egitea, dirulaguntza hau eskatzea ekarri duen egoera konpon dadin.

b) Eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko programaren arduradunen aurrean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta, dirulaguntza zertarako den, helburu horixe bete dutela ere.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari. Jakin bezain laster emango da horren berri eta, nolanahi dela ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

d) Eskuratutako diruak itzultzea, horrela ezarri den kasuetan.

3.–Dirulaguntza eskatzeko betebeharrak eta haien frogabideak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten norbanakoek edo bizikidetasun unitateek eskatzen ahalko dute dirulaguntza:

1.–Andosillako, Azagrako, Carcarko edo San Adriango bizilaguna izatea eta herri horietariko batean erroldatuta egotea urtebete lehenagotik gutxienez.

Salbuespenez, eta egoera behar larrietakoa delarik, ez da antzinatasuna kontuan hartuko, eta orduan aski izango da erroldaturik egotea eskaera egiten den unean.

2.–San Adrián aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen programa eta zerbitzuen erabiltzaileak izatea, eta esku-hartze sozialeko prozesu baten barnean egotea.

3.–Behar adinako baliabide ekonomiko propiorik ez izatea (deialdi honen 8. apartatuko taularen arabera) eta gizartearen edo familiaren laguntzaren babesik gabe egotea ezinbestean eta nahi gabe pairatutako ezbeharrari aurre egiteko.

4.–Diruz lagundu beharreko kontzeptuak Nafarroako Gobernuaren gizarteratzeko laguntza berezietan sarturik ez egotea. Hala baldin badaude, larrialdietarako laguntza gisa hartzen diren edo hartu behar diren aztertuko da, eta Administrazioaren beste esparruetan eskatu beharko dituzte kontzeptu berberetarako dauden laguntzak/baliabideak. Kontsideratuko da prestazio hori subsidiarioa eta/edo osagarria dela komunitatean diren beste prestazio eta baliabideen aldera.

5.–Diruz lagundu beharreko kontzeptuak sortutako beharraldia arintzen laguntzea, horiek luzarorako egoerak eta konpontzeko itxurarik gabeak ez direlarik.

6.–Lehenagoko laguntza bat itzuli gabe ez izatea.

Aipatu baldintzak betetzen direla frogatuko da 6. apartatuan zehazten den dokumentazioa aurkeztuta.

Ez da beharrezkoa izango Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren agiritegietan jasota dauden alderdiak agiri bidez eranstea.

4.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute beren herriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan; horretarako, eskabide sinatua erabiliko dute, deialdi honekin batera doan eredu normalizatuaren araberakoa.

Eskaerarekin batera, deialdi honen 6. apartatuan aipatzen diren agiriak eta txostenak aurkeztuko dira.

Eskaerak betetzen ez baditu deialdian ezarritako baldintzak, interesdunari errekerimendu egingo zaio horiek zuzen ditzan gehienez ere hamar egun balioduneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko zaio eskaeran atzera egin duela ulertuko dela hala egiten ez badu.

5.–Dirulaguntzak bideratzeko eta ebazteko organo eskudunak.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko teknikari arduradunek, aurkeztutako eskabidea aurretik balioetsirik, txosten-proposamen bat prestatuko dute, interesa duen bizikidetza unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia eta egokitasuna zehazteko.

Proposamena egingo zaio Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruari, onets dezan edo uka dezan, bost laneguneko epean, gehienez ere.

Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, hilabeteko izango da. Epea kontatzen hasiko da eskaera Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistroan sartzen denetik hasita.

Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.

6.–Eskaerarekin batean aurkeztu beharreko agiri eta argibideak.

Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskabidea, deialdi honekin batera doan ereduaren arabera betea.

b) Bizikidetza eta erroldaren ziurtagiria, antzinatasuna zehaztuta.

c) Eskatzailearen NANa / pasaportea edo lanerako / bizitzeko baimena, eta haren izenean diharduen ordezkariarena, halakorik bada.

d) Familiaren diru-sarrera guztien frogagiria (azken 6 nominak, finkoak ez badira), pentsioak, prestazioak eta gisakoak barne direla. Nominarik edo jarduera irregularraren ondoriozko diru-sarrerarik ezean, diru-sarreren zinpeko aitorpena eta Gizarte Segurantzako kotizazioaren agiriak eta egoera sozioekonomikoa frogatzen ahal duten beste batzuk aurkeztuko dira.

e) Katastroaren ziurtagiria.

f) Errenta aitorpena.

g) Egungo saldoaren bankuko frogagiriak, bai eta azken urteko banku mugimenduak ere.

h) Diruz lagundu beharreko kontzeptua eta zenbatekoa justifikatzen duten agiriak (faktura, aurrekontuak edo bestelakoak).

i) Dagokion profesionalaren ustez aurkeztu behar diren beste agiri batzuk, interesa badute eta egoera agertzeagatik, laguntza esleitzeko beharrezkoak badira.

7.–Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak.

Dirulaguntza jaso dezaketen kontzeptu guztietarako, laguntzak emango dira ekitaldi bakoitzeko aurrekontuetan dagoen mugaraino iritsi arte; gisa hartara, xede honetarako ezarritako partidan dirurik ez bada, laguntza ezetsiko da.

Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak larrialdi egoeran:

–Gehienez ere 3.000 euro familia-unitateko.

–Epea: abian den urteko azaroaren 30era arte.

a) Ostatuarekin lotuak: gehienez ere 3.000 euro urtean familia-unitateko.

a.1) Etxebizitzaren alokairua ordaintzea.

–Hipoteka maileguaren kuota ordaintzea.

–Etxebizitza partekatuan gela ordaintzea.

–Aldi baterako ostatua (pentsioa, hotela...).

–Bizilagunen erkidegoko gastuak.

a.2) Alokairuko etxebizitza berriaren kontratua (ohiko eta egiazko bizitokia, hasierako ordainketa apartekoa dakarrenean eta diru-baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketa bermatzeko).

2.000 euro gehienez.

b) Oinarrizko hornidurekin lotuak:

b.1) Ur hotzaren hornidura gastuak eta bestelako zerbitzuetakoak (estolderia, zaborrak biltzea, eta abar).

b.2) Argindarra, gasa, berokuntza, ur bero zentrala eta bestelako erregaien gastuak (egurra, ikatza, berokuntzarako gasoila). b1 eta b2.–Gehienez ere 800 euro familia-unitateko, bi kontzeptuen artean.

b.3) Oinarrizko horniduren kontratuen altak ohiko bizilekuan; altaren kostuaren kopurua gehienez ere. (Kontzeptu honen gehieneko kopurua izango da, gehienez ere, oro har ezarritako gehienekoa. 2.000 euro)

c) Nutrizioarekin eta higienearekin lotuak:

c.1) Eguneko elikadura eta higienea (norberaren eta etxeko higienerako oinarrizko gaiak). Kontzeptu honen konturako gehieneko zenbatekoa, urtean, honako koadro honetan azaltzen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera. (pertsona 1: 500 euro/urtea; 2 pertsona: 700 euro/urtea)

Prestakuntzarekin eta gizartean eta lan munduan sartzearekin lotuak:

Gizarteratze eta laneratze prozesuaren barnean norbera gaitzeko arautu gabeko prestakuntza jardueretan eta/edo laneratze eta gizarteratze jardueretan parte hartzeko diren gastuak.

Gehienez ere 800 euro familia-unitate bakoitzeko.

Bekarik gabeko ikastaroetako matrikulak.

Laneko arroparako edo uniformeetarako (ekipamendua) laguntzak.

Laneko erremintetarako laguntzak.

Garraiorako laguntzak, prestakuntza edo lanerako ibilbidea egiteko denean.

Gidabaimena eskuratzeko laguntzak.

d) Oinarrizko beste premia batzuk:

Aurreko apartatuetan zehaztu gabeko laguntzak jasoko dira, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren balorazio teknikoaren bidez justifikatzen badira. Laguntzak emateko beharra. Kontzeptu honen konturako gehieneko zenbatekoa, urtean, honako koadro honetan azaltzen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera.

  • Pertsona 1: 500 euro/urtea.
  • 2 pertsona: 700 euro/urtea.
  • 3 pertsona: 940 euro/urtea.
  • 4 pertsona edo +: 1220 euro.

d.1) Gaixotasunaren ondoriozko gastuak:

Nafarroako Osasun Zerbitzuak igorrita nahitaez egin beharreko joan-etorrien edo egonaldien gastuak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren uztailaren 30eko 212/2001 Foru Dekretuan jasota ez daudenak.

Farmaziako gastuak, fakultatiboek agindutakoak, eta osasun sistema publikoak ordaintzen ez dituenak.

d.2) Funtzionamendu pertsonal integraturako beharrezko elementuak erosteko laguntzak (betiere ezinbestekoak badira eta ez kontu estetiko hutsa): gehienez ere 500 euro/urtea pertsonako.

Entzumen eta ikusmen protesiak, hortz protesiak eta ortoprotesiak.

Laguntza teknikoak (garabiak, ohe artikulatuak, etab).

d.3) Beste jarduketa sozio-sanitario batzuk, gizarte-bazterketa saihesteko eta gizarteratzea errazteko (eskola-jantokiko gastuak, dauden laguntzen bidez erabat ordainduta ez daudenak, txertoak).

d.4) Etxerako oinarrizko tresnak erosteko laguntzak (sukaldeko gaiak, neguko arropa, mantak etab., etxetresna elektriko txikiak...).

d.5) Konponketa txikiak etxebizitza mantentzeko.

d.6) Eskolako materiala eta testu liburuetarako laguntzak.

d.7) Laguntzak eskola-jardueretarako (txangoak) eta eskolaz kanpokoetarako (eskola laguntza, kirola...).

Planteaturiko beharrei berehala erantzuteko, larrialdiz beharrezkotzat jotzen diren beste laguntza batzuk, aurreko apartatuetan bete ez direnak.

8.–Baremo ekonomikoa.

Eskatzailea 18 urtetik gorakoa izatea, edo bere ardurapean adingabeak dituen adingabe emantzipatua.

Araudiaren arabera ez dago ezarrita erroldatze eperik baina, barnera begira, 2 urteko errolda zehazten dugu edo urte batekoa, ardurapean seme/alaba adingaberik badu. Erroldatze eperik betetzen ez badu, taldeko bilera batean aztertuko da.

Eskaera egiten denean familia-unitateko kide guztien hileroko diru-sarrerak, bigarren klausularen 3. puntuan adierazitakoaren arabera kalkulatuak, ez izatea hurrengo eskala progresiboan adierazten diren kopuruak baino handiagoak (familia-unitatearen kide kopuruaren arabera):

FAMILIA UNITATEKO KIDE KOPURUA

HILEKO DIRU-SARREREN GEHIENEKO ZENBATEKOAK 2019an

1

1.255 euro familia-unitateko

2

1.506 euro familia-unitateko

3

1.631 euro familia-unitateko

4

1.757 euro familia-unitateko

5

1.882 euro familia-unitateko

6 edo gehiago

2.008 euro familia-unitateko

Familia-unitateko kide guztien ondasun higigarriak, eskaera egiten den unean, ezin dira izan azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean ezarritako ondasun higigarri konputagarriak baino handiagoak. Foru lege horren bidez gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautu ziren.

Familia-unitateko kide guztien ondasun higiezinen katastro-balioa, ohiko bizilekua kenduta, ezin da izan 73.296 euro baino handiagoa.

Aurkeztu behar dute berariazko gastuei aurre egiteko zailtasunak dituztela, eta gastu horiek ordaintzea beharrezkoa dela gizarte-bazterketako egoerei aurrea hartzeko edo halakoak saihestu edo arintzeko.

Garrantzitsua: ez da Larrialdi Sozialeko Laguntzarako eskaerarik egingo, eskatzen den dirulaguntza AEIren edo beste erakunde batzuen bidez lagundu ahal diren kontzeptuetako bat bada. Zalantzarik izanez gero, taldeko bilera batean aztertuko da.

–Familia-unitate eskatzailea Errenta Bermatua jasotzen ari baldin bada, ulertuko da betetzen duela 3., 4. eta 5. apartatuetan eskatutakoa.

9.–Dirulaguntzaren zenbateko egiazkoa

Urteko laguntzen egiazko zenbatekoa, gehienez ere, 3.000 euro izango da, familia-unitate bakoitzeko.

Kasu partikular bakoitzean aplikatzen ahal den gehieneko zenbatekoa hauen arabera aldatzen ahalko da:

–Aurrekontuetan dagoen dirua.

–Sortutako premiari dagokionez Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek egiten duten balorazioa, bazterketa egoeran dauden pertsonak gizarteratzen laguntzeko duen garrantzia edo haren lehentasuna.

–Zehazten zailak diren larritasun handiko egoerei erantzutea, haurren babesarekin, biziraupeneko egoerekin edo gisakoekin ikusteko dutenak.

10.–Ordainketak eta gastua frogatzea.

Aldeko ebazpena emanik, gehienez ere 5 eguneko epean ordainduko da laguntza, haien berehalakotasuna kontuan harturik. Laguntza eskaera aurkezten den egunetik hasita zenbatuko da epea.

Fakturek edo gastuen frogagiriek pertsona fisiko edo juridiko igorlearen oinarrizko datuak jaso beharko dituzte, horretan barne direla identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) edo nortasun agiri nazionalaren zenbakia (NAN), gastuen kontzeptuak zehazturik, eta horiei dagokien zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion atala barne, halakorik bada. Halaber, pertsona fisiko edo juridiko igorlearen hartze-agiriko zigilua eta sinadura jaso beharko dituzte fakturek edo frogagiriek. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren erregistroan aurkeztu beharko dira, nahitaez, 5 egun balioduneko epean.

Onartutako larriadietako laguntzen ordainketa dena batera edo zatika egin daiteke. Orokorrean, laguntzaren hartzailea eskatzailea bera izango da.

11.–Entitate laguntzaileak.

Laguntza behar bezala erabiltzen dela bermatzeko aukera izango da, salbuespenez, haren zenbatekoa entitate laguntzaileei ordaintzeko, prestazioa hobeki erabili ahal izateko.

Entitate horien laguntza izateko, onuradunaren baimen espresa behar da, laguntzaren dirua entitatearen kontuan sartu ahal izateko.

Halakoetan, entitateek Mankomunitateari frogatu beharko diote beren laguntzaren xede den kontzepturako ordainketa egin dutela.

12.–Jasotako laguntzak itzultzea.

Ondoko kasuetan itzuli beharko dira jasotako zenbatekoak:

1.–Justifikatu beharra ez betetzea.

2.–Eskatzen ziren baldintzak bete gabe eskuratzea dirulaguntza.

3.–Dirulaguntza jasotzeko ezarritako baldintzak ez betetzea.

4.–2018ko Larrialdi Sozialeko Laguntzetatik eta AEIren irizpideengatik dirulaguntza jasotzea kontzeptu eta zenbateko beragatik. Ikuskatzean edo kontrolatzean zantzuek erakusten badute jasotako dirulaguntza modu okerrean lortu edo gastatu dela, Mankomunitateak erabakitzen ahal du fakturak edo zantzu horiek erakusten dituzten agiri baliokideak atxikitzea.

Laguntzaren itzulketa partzial bat egingo da, edozein kontzeptu gisa lortutako diru-sarreren zenbatekoaren gastuak justifikatzen ez direnean, eta lortutako diru-sarrerei dagozkien gastuak justifikatzen ez direnean.

13.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta iruzurra, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

a) Dirulaguntza edo laguntza lortzea, horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

b) Dirulaguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta dirua itzuli bada, errekerimendurik egin gabe.

c) Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, dirulaguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.

d) Jasotako funtsei emandako erabilera ez justifikatzea.

Aipatu portaerak dituzten onuradunak izango dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortu, gaizki aplikatu edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.

Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:

a) Laguntza eman duen administrazioaren dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea, bost urte arteko epean.

b) Laguntza eman duen administrazioarekin kontratuak egiteko debekua izatea, bost urte arteko epean.

Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak; eta interesdunari entzunaldia emango zaio beti, erabakia hartu aurretik; Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuaren arabera tramitatuko da espedientea.

Dirua itzultzearen eta zehapenaren erantzule subsidiarioak izango dira haien jarduera bertan behera utzi duten pertsona juridikoen administratzaileak.

14.–Aurrekontua.

Laguntza berezien zenbatekoa "Larrialdi sozialeko laguntzak" izeneko aurrekontuko partidan ezarritako aurrekontu lerroari egotziko zaio.

15.–Datuak babesteko klausula.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat, eskatzaileei aditzera ematen zaie deialdi honetan eskatutakoaren arabera ematen dituzten datu pertsonalak Mankomunitatearen ardurapeko fitxategi batean gordeko direla eta soilik erabiliko direla laguntzak emateko kudeaketa ahalbidetzeko.

Ez dira egingo legezko eginbehar bat betez egin beharreko jakinarazpenak besterik. Datuen titularrek datuak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien kontra jotzeko eskubideak gauzatzen ahalko dituzte, Nafarroa, San Adriango Foruen Plazako 1, 1.ean dauden bulegoetan idazki bat aurkeztuz, NANaren kopiarekin batera.

Iragarkiaren kodea: L1900790