46. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

388/2019 Ebazpena, 2019ko otsailaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2019ko otsailaren 27an onetsi zuen “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen 2019ko Lan Publikoaren Eskaintza onesten duena”.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2019ko otsailaren 27an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen da. Erabaki horren bidez, “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen 2019ko Lan Publikoaren Eskaintza onesten duena” onetsi zen.

ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IRAKASLE ETA IKERTZAILEEN 2019. URTEKO LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA ONESTEN DUENA

2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorren 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legeak, zeina indarduna baita 2019rako Lan Publikoaren Eskaintza erregulatuko duen arau bat onesten ez den bitartean, bere 19.Bat.3.i) artikuluan % 100eko birjarpen tasa ezarri zuen unibertsitateko katedradunen, unibertsitateko irakasle titularren eta unibertsitateko kontratupeko irakasle doktoreen irakaskidegoetako lanpostuetarako. Muga horren barruan, unibertsitate bakoitzak eskaintzen diren lanpostuen gutxienez %15 gorde behar du Ramón y Cajal programa bukatu duten eta I3 ziurtagiria eskuratu duten ikertzaile doktoreentzat, edo, erreserba hori baliatzen ez bada, I3 ziurtagiria eskuratu duten eta Espainiako edo nazioarteko bikaintasun programetan diharduten beste ikertzaile batzuentzat, bakoitzari dagokion kategorian.

Halaber, unibertsitateko irakaskidego batean sartzearen ondorioz hutsik gelditzen diren kontratupeko irakasle doktoreentzako lanpostuei dagokienez, zilegi da horiek hurrengo ekitaldiko birjarpen tasari gehitzea.

19. artikulu horretako bosgarren apartatuan ezartzen da birjarpen tasa hori balioduna izateko baldintza izango dela horren ondoriozko lanpostuak Lan Publikoaren Eskaintzan sartzea. Gainera, eskaintza hori, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 70. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, Administrazio Publikoaren gobernu erakundeak onetsi behar du, eta autonomia erkidegoko aldizkari ofizialean argitara eman behar da, edo, bestela, Estatukoan, urtea amaitu baino lehen.

Bestalde, 2001eko abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoaren 62.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, unibertsitateek ahalmena dute unibertsitateko katedradunen kidegoan sartzeko barne-igoerako lanpostuetarako deialdiak egiteko, betiere irakaskidegoetan sartzeko txanda libreko Lan Publikoaren Eskaintzan dagoen lanpostu kopurua gainditzen ez bada urte horretako deialdian.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan ezarri bezala, Lan Publikoaren Eskaintzak, giza baliabideak planifikatzeko tresna den aldetik, gehitu beharreko langileak definitzen eta kopuruak zehazten ditu giza baliabideen plangintza orokorretik eratorritako beharren eta lehentasunen arabera. Beste alde batetik, gardentasun eta berdintasun printzipioei jarraikiz, Lan Publikoaren Eskaintzan sartu behar dira, beharrezkoa denean, barne-igoerarako eskaini nahi diren lanpostuak, txanda librean eskaintzen diren lanpostuekin batera, eta bai barne-igoerarako diren lanpostuak bai txanda librekoak argi eta garbi egon behar dira bereiz.

Alde horretatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle eta Ikertzaileen 2019. urterako Lan Publikoaren Eskaintzak barne hartzen ditu aurrekontu esleipena daukaten eta langile berriak sartuta bete behar diren giza baliabideen beharrak, eta jaso egiten ditu, halaber, barne-igoerarako eskaini nahi diren unibertsitateko katedradunen kidegoetako lanpostuak, txanda librekoetatik bereizita.

Langileen birjarpen tasaren kalkulua Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako Departamentuari jakinarazi beharko zaio, eta 2018an zerbitzua emateari utzi dioten langile finkoen kopuruaren araberakoa izango da, 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19.Bat.7 artikuluan ezarritako kalkuluarekin bat etorriz. Kasu honetan, 7 lanpostu dira, eta, aipatu Legearen 19.Bat.3.i) artikuluarekin bat etorriz, horietako bat ikertzaileentzat gorde beharko da, artikulu horrek ezartzen duen moduan.

Barne-igoeran eskain daitezkeen unibertsitateko katedradunen kidegoetako lanpostuen kopurua irakaskidegoetan sartzeko txanda libreko Lan Publikoaren Eskaintzan dagoen lanpostu kopuru bera da.

Bere titularra unibertsitateko irakaskidego batean sartzearen ondorioz 2018an hutsik gelditu diren kontratupeko irakasle doktorearen lanpostuen kopurua 7 izan da.

Azkenik, 2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorrek Lan Publikoaren Eskaintza honetan jasotakoa ez den beste birjarpen tasa bat ezartzen badute, Erabaki hau aldatu egingo da tasa horretara egokitzeko.

Irakasle eta Ikertzaileen Batzordeari eta Kontratupeko Irakasleen Enpresa Batzordeari honen berri eman eta gero.

Ikusirik Langileen Kudeaketarako Ataleko buruak egin duen txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Irakaskuntza Batzordeak 2019ko otsailaren 21ean egin zuen bileran bere txostena eman ondoren, hau da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2019ko otsailaren 27an egindako bileran, hartu duen

ERABAKIA

Lehena.–Lan Publikoaren Eskaintza onestea.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen 2015eko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 70. artikuluan eta 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorren 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, onetsi egin da Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen 2019. urteko Lan Publikoaren Eskaintza.

Bigarrena.–Txanda irekiko lanpostuak.

Hau da 2019. urtean txanda irekian eskaintzen diren irakasle eta ikertzaileentzako lanpostuen kopurua:

I. Irakasle eta ikertzaile funtzionarioak

KIDEGOA

TALDEA

LANPOSTUAK GUZTIRA

Unibertsitateko titularra

A1

6

II. Lotura iraunkorra duten kontratupeko irakasle eta ikertzaileak

KATEGORIA

LANPOSTUAK GUZTIRA

Kontratupeko irakasle doktorea

8(*)

(*) Lanpostu horietako bat I3 ziurtagiria eskuratu duten ikertzaile doktoreentzat gordeta dago, 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorren 2018ko uztailaren 3ko 3/2018 Legearen 19.Bat.3.i) artikuluan jasotakoari jarraikiz.

Gainerakoak bere titularra unibertsitateko irakaskidego batean sartzearen ondorioz hutsik gelditu diren lanpostuak dira.

Hirugarrena.–Barne-igoerako lanpostuak.

Unibertsitateko katedradunen kidegoan 2019. urterako barne-igoeran eskaintzen den lanpostu kopurua hau da:

KIDEGOA

TALDEA

LANPOSTUAK GUZTIRA

Unibertsitateko katedraduna

A1

6

Laugarrena.–Hautaketa prozesuak.

Lan Eskaintza honen ondoriozko hautaprobak arautzen dituzten oinarri espezifikoak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratu behar dira hiru urteko epean, lan eskaintza hau argitaratzen den egunetik aurrera, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen 2015eko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 70. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoarekin bat.

Bosgarrena.–Erabaki hau aditzea ematea Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietarako Errektoreordetzari, Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuari.

Seigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat.

Iruñean, 2019ko otsailaren 27an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

Iragarkiaren kodea: F1902893