46. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

14/2019 FORU DEKRETUA, otsailaren 27koa, zeinaren bidez aldatzen baitira Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak, onetsi zirenak irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuaren bidez.

Irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak.

Erakundeak esleiturik zituen eginkizunen artean honako hau zegoen: LGTB kolektiboaren eskubideen benetako berdintasuna bultzatu eta sustatzea, eta berariazko arretarako neurriak garatzea kolektibo horrek jasaten duen genero bereizkeria gainditzeko, genero desberdintasunaren aurrean zaurgarria baita.

Gero LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea onetsita, eginkizun berriak esleitu zitzaizkion Nafarroako Berdintasunerako Institutuari; horiek gauzatzeko, beharrezkoa da aldaketak egitea institutuaren egitura organikoan.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko otsailaren 27an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak, onetsi zirenak irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuaren bidez.

Bat.–c) letra erantsi zaio 3. artikuluaren 1. apartatuari, eta honela idatzita geldituko da:

“c) LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko politikak koordinatzea eta kudeatzea.”

Bi.–Estatutuen 3. artikuluko 2. apartatuaren p) letra aldatzen da, eta q), r), s) eta t) letrak gehitu dira, eta honela idatzita geldituko da:

“p) LGTBI+ errealitateari buruzko diagnostikorako azterlanak egitea.”

“q) LGTBI+ pertsonak ez direla diskriminatzen bermatzeko, proposamenak eta gomendioak egitea politika publikoetarako, LGTBI arloko prestakuntzarako eta jarduketetarako.”

“r) Bultzatzea LGTBI+ pertsonen eskubideak txerta daitezela politika publiko sektorialen formulazioan, abiaraztean, jarraipenean eta ebaluazioan.”

“s) Bermatzea ongi aplikatzen eta benetan betetzen direla Nafarroako Gobernuak onetsitako jarraibideak, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea garatzeko Ekintza Planari dagokionez.”

“t) Indarra duten xedapenek esleitutako edo agindutako gainerako eginkizunak.”

Hiru.–Estatutuen 5. artikuluko 3. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“3. Gobernu Kontseiluak, bidezko baderitzo, baimena ematen ahalko die berdintasunaren arloan aritzen diren organo eta entitateen ordezkariei bilkuretan parte har dezaten, bereziki mugimendu feministaren eta elkarteen mugimenduaren entitateetakoei, LGTBI+ kolektiboetakoei, tokiko eragileei eta emakumeen aurkako indarkerian aditu direnei. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.”

Lau.–Estatutuen 14. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“14. artikulua. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko unitate organikoak.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak unitate organiko hauek ditu bere egituran, zuzenean Zuzendaritza-kudeatzailetzaren mendean:

a) Plangintzaren eta Programen Zuzendariordetza.

b) Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetza.

c) LGTBI arloko Berdintasunerako Atala.”

Bost.–Estatutuen 15. artikuluko izenburua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“15. artikulua. Zuzendariordeak izendatzea eta kargutik kentzea.”

Sei.–Estatutuen 20. artikuluko c) letra kentzen da.

Zazpi.–Estatutuen 22. artikuluko g) letra aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“g) Emakumeen diskriminazioaren eta sexismoaren kontra egiten duten sentsibilizazio ekintzak bultzatzea eta horietarako laguntza ematea hezkuntza, gizarte eta kultura arloetan, zeharka eta instituzio guztietan.”

Zortzi.-Estatutuei 23.bis artikulua gehitzen zaie. Hauxe da testua:

“23.bis artikulua. LGTBI arloko Berdintasunerako Atala.

LGTBI arloko Berdintasunerako Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) LGTBI arloko berdintasunerako politiken esparruko jarduketen urteko plangintza proposatzea zuzendaritza-kudeatzailetzari.

b) LGTBI arloko berdintasunerako esku-hartzea gauzatzeko ekintzak garatzea.

c) LGTBI esparruko berdintasunaren arloko txostenak eta azterlanak prestatzea beste departamentuekin batera.

d) Ebaluazio txostenak egitea, ikusteko ea Nafarroako Berdintasunerako Institutuan egiten diren arau, plan eta proiektuek zer-nolako inpaktua duten sexu orientazioari, genero espresioari eta sexu edo genero identitateari dagokienez.

e) Nafarroako Gobernuko departamentuei aholku ematea ebaluazio txostenak egiterakoan, ikusi nahi denean ea politika publikoak garatzean zer-nolako inpaktua izaten den sexu orientazioari, genero espresioari eta sexu edo genero identitateari dagokienez, bermatu dadin txertatuko dela LGTBI pertsonen berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioa.

f) Nafarroako Gobernuko departamentuek lege xedapenak eta araudiak egiten dituztenean, sexu orientazioagatik, genero espresioagatik eta sexu edo genero identitateagatik egiten diren aurretiazko txostenei ohar-txostena egitea.

g) Nafarroako Gobernuan toki administrazioaren arloko eskumenak dituen departamentuarekin batera, Nafarroako toki entitateei dagokienez prestatzen diren LGTBI arloko berdintasun politikak koordinatzea eta horien jarraipena egitea.

h) LGTBI kolektiboaren elkartegintza eta parte-hartze soziala bultzatzea eta babestea, Nafarroako LGTBI+ Kontseiluaren bidez.

i) LGTBI arloko berdintasun sozialaren esparruko sentsibilizazio kanpainak egitea jardunbide egokiei eta balioei buruz.

j) Azterlanak eta txostenak egitea, eta jardunaldiak, mintegiak eta biltzarrak diseinatzea eta antolatzea LGTBI arloko berdintasun sozialaren gainean, Institutuko helburuetarako interesekoak.

k) Egoki den departamentuarekin elkarlanean aritzea hezkidetza, balioetan oinarritutako hezkuntza eta hezkuntza afektibo-sexuala garatzeko, ardatz baitira sexu eta genero aniztasunagatiko diskriminazioa prebenitzeko.

l) LGTBI pertsonei arreta emateko baliabideak kudeatzea eta horietarako laguntza ematea, indarreko araudia betez.

m) Zehapen-espedienteak tramitatzea, instruitzea edo horiez txostena egitea, indarreko araudia aplikatuz.

n) Zuzendaritza-kudeatzailetzak agintzen dizkion bestelako eginkizunak.”

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko otsailaren 27an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1902882