46. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

386/2019 Ebazpena, 2019ko otsailaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko 2019ko otsailaren 27ko Gobernu Kontseiluak onetsi zuen “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Hauteskunde Arautegiaren aldaketa onesten duena”.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2019ko otsailaren 27an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen da. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Hauteskunde Arautegiaren aldaketa onetsi zen.

GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN HAUTESKUNDEETAKO ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA

Gobernu Kontseiluak 2018ko apirilaren 24an hartutako erabakiaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Hauteskunde Arautegia onetsi zen (2018ko maiatzaren 2ko 83 zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen).

Hauteskundeetako Erregelamenduaren Testu Bateginaren 8. artikuluak Klaustroak errektorea eta dekanoak eta ikastegiko zuzendariak hautatzeko hauteskundeetako behin-behineko errolden argitalpena arautzen duenean beren 1. apartatuan, xedatzen du erroldak Nafarroako Unibertsitate Publikoak Iruñeko campusean eta Tuterako campusean dituen erregistro fisikoetako iragarki-oholetan jarriko direla. Halaber, gainerako hauteskunde-prozesuei dagokienez, 8. artikuluak xedatzen du behin-behineko erroldak hauteskunde-egutegian zehazten diren iragarki-oholetan jarriko direla.

Bestalde, Hauteskundeetako Erregelamenduaren Testu Bateginaren 11. artikuluak, hautagaitzen aurkezpena arautzean, xedatzen du paperean eta modu presentzialean aurkeztuko direla Unibertsitatearen erregistro orokor fisikoetan.

Kontuan hartuta berehala sortuko dela Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Egoitza Elektronikoan unibertsitateko komunitateko kide guztiek erabilgarri duten iragarki-ohol elektronikoa, eta kontuan hartuta Organo Kolegiatuen Funtzionamendu Arautegi Orokorrak (Gobernu Kontseiluak 2018ko apirilaren 24ko bileran hartutako erabakiaren bidez onetsia) xedatutakoaren arabera organo kolegiatu guztiek Komunikazioetako Ingurune Itxi bat eduki beharko dutela, idazkari nagusiak proposatu du aipatu 8. artikulua alda dadila Klaustroa, errektorea eta dekano eta Ikastegietako zuzendariak hautatzeko hauteskundeetan erroldak erregistro fisikoetako iragarki-oholetan jendaurrean jarri ordez jar daitezela iragarki-ohol elektronikoan ere jar daitezen, eta aukera izan dadin gainerako hauteskunde-prozesuetako behin-behineko erroldak iragarki-oholetan jendaurrean jartzeaz gainera dagokion hauteskunde-egutegian zehazten diren Komunikazioetako Ingurune Itxietan ere jartzeko. Bermatu beharko da, betiere, hautesle guztiek izango dutela eskura hauteskunde-prozesuko erroldetarako sarbidea.

Bestalde, egun unibertsitateko komunitateko kideek aukera dutenez eskaera baliabideko elektronikoen bidez erregistro elektronikoan aurkezteko, 11. artikulua aldatzea proposatu du, modu presentzialean edo paperean aurkezteaz gainera, hautaketa prozesuetan hautagaitzak bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko aukera egon dadin.

Azaldutakoagatik, eta kontuan harturik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 49.4 artikuluak ezartzen duela “Gobernu Kontseiluari dagokiola aurreko apartatuek aipatzen dituzten hautaketa prozesuetan aginduko duen Hauteskunde Arautegia onestea”, hau da Gobernu Kontseiluak, 2019ko otsailaren 27an egindako bileran, hartu duen

ERABAKIA

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Hauteskunde Arautegiaren Testu Bateginak, Gobernu Kontseiluak 2018ko apirilaren 24an egindako bileran hartutako erabakiaren bidez onetsitakoak, 8. artikuluaren 1. apartatuan eta 11. artikuluaren 1. apartatuan egindako aldaketak onestea (Testu Bategina 2018ko maiatzaren 2ko 83. zenbakiko Nafarroako Unibertsitate Publikoan argitaratu zen). Aipatu apartatuak honela geldituko dira idatzita:

8. artikulua, 1. apartatua:

Klaustroa, errektorea eta ikastegiko dekanoak eta zuzendariak hautatzeko hauteskundeetan, Hauteskunde Batzorde Nagusiaren erabakiak, behin-behineko hauteskunde erroldak argitara ematen dituztenak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-oholetan jarriko dira jendaurrean, hauteskundeetarako deialditik hurrengo bi eguneko epearen barruan, goizenez, eta bost eguneko epearen barruan, beranduenez. Epe horretan eta iragarki-ohol elektronikoaren bidez, unibertsitateko komunitateko kideei behin-behineko erroldetan behar bezala agertzen direla egiaztatzen duen egiaztagiria emango zaie.

Gainerako hauteskunde-prozesuetan, behin-behineko erroldak jendaurrean jarriko dira, gutxienez ere bi eguneko eta gehienez ere bost eguneko epean, hauteskundeak deitu eta biharamunetik, iragarki-ohol fisikoetan, edo Komunikazioen Ingurune Itxian edo hauteskunde-egutegian zehazten diren espazio elektronikoetan. Nolanahi ere, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Araudia betetzen dela bermatuko dute erroldak jendaurrean jartzeko toki, bitarteko eta moduek.

11. artikulua, 1. apartatua:

Hautagaitzak Unibertsitateko Erregistro Orokorretan aurkeztuko dira. Aurkezpen hori behin betiko hauteskunde errolda onetsi eta argitaratu eta ondorengo lau eguneko epearen barruan egingo da. Hautagaitza aurkezteko idazkian hautagaiaren datuak adierazi beharko dira, eta Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia erantsiko zaio, edo, bestela, pasaportearena, Unibertsitatearen txartelarena edo argazkia duen gidatzeko baimenarena.

Halaber, aurreko paragrafoan aipatutako erregistro orokor fisikoetan ez ezik, hautagaitzak Unibertsitatearen egoitza elektronikoko erregistro elektronikoan aurkezteko aukera ere egongo da, betiere horretarako gaitutako sinadura elektronikoa edukiz gero. Kasu horretan, hautagaitza sinatzen duenak ez du aurkeztu behar izango Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopiarik, Unibertsitateko txartelik edo gidabaimenik, ikasleek Unibertsitateko Klaustrorako hautagai-zerrendak aurkezten dituztenean izan ezik. Azken kasu horretan, aurkeztu egin behar dira hautagai-zerrenda osatzen dutenen dokumentu esanguratsu horiek.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Laugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat”.

Iruñean, 2019ko otsailaren 27an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

Iragarkiaren kodea: F1902892