1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
135/2019 EBAZPENA, otsailaren 18koa, Herri Lanetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzendaria (2018-2030).
Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuak Garraio Zerbitzuari esleitzen dio, besteak beste, mugikortasun, garraio eta logistikaren arloko politikak eta planak prestatzeko eginkizuna, bai eta bidaiariak eta salgaiak garraiatzeko zerbitzu publikoaren eta pribatuaren arloa planifikatzea ere.
Eginkizun horiek gauzatuz, Garraio Zerbitzuak sustatu du Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzendaria (2018-2030) egin dadila Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako helburu honetan aurrera egiteko: lor dadila “iraunkortasun handiagoa, Nafarroako natura ingurunea errespetatuz eta nabarmenduz, bertako baliabide naturalak babestuz eta haien erabilera efizientea sustatuz ingurumenaren kalitatea mantendu eta hobetzeko”. Horretarako, bilatzen da efizientzia energetikoaren adierazleak hobetzea (energia kontsumoa murriztea) eta berotegi-efektuko gasen guztirako emisioak murriztea. Orobat, bilatzen da aipatutako estrategian zehaztutako lehiakortasun faktoreetako bat sendotzea: azpiegiturak (energia, konektagarritasuna eta komunikazioak, eta pertsonen eta salgaien garraioa).
Hala, plan hori egiteko, kontuan hartu da 2030erako Nafarroako Energia Plana. Horrek, energiari eta ingurumenari dagokion estrategian, aintzat hartzen ditu mugikortasuna eta garraioa, eta, besteak beste, proposatzen du garraio publikoa sustatzea, ibilgailu motordunetan egindako bidaiak murriztea eta ibilgailuek ekarritako energia kontsumoa eta ingurumeneko eta gizarteko inpaktuak gutxitzea.
Orobat, Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzendaria (2018-2030) lerrokatzen eta koordinatzen da Klima Aldaketari buruzko Nafarroako Ibilbide-orriarekin (2017-2030-2050). Hartan, garraioa arintzeko jarduketa lerroen artean dago MI-L8 deitutakoa: emisiorik gabeko garraio publikoa eta ibilgailuak sustatzea.
Halaber, planaren helburua da Nafarroako Lurralde Estrategia indartzea; haren helburuetako bat (3.2.3) da banakako mugikortasuna eta interes kolektiboa uztartzea, eta, horretarako, botere publikoek bultzatu behar dute mugikortasun agenteen parte-hartzea (auzo elkarteak, ziklisten elkarteak, RAC, oinezkoen kolektiboak, desgaitasunen bat duten pertsonak, garraio enpresak, enpresaburuen elkarteak, langileen sindikatuak) mugikortasunaren uztarketan eta koordinazioan, hain zuzen ere garraio mota desberdinen bidez eta espazio publikoa banatuz mugikortasun ez motordunen (oinezkoak eta ziklistak) eta motordunen (motorrak, garraio publikoa eta ibilgailu pribatua) artean.
Bestalde, kontuan hartu da ezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, eskualdeko hiri garraioan sartutako udalek eta Iruñerriko Mankomunitateak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zutela 2016ko ekainean, Iruñerriko hiri-mugikortasun jasangarriaren plan bat egiteko: plan estrategiko bat hiriko eta inguruetako pertsonen eta salgaien mugikortasun beharrak asetzeko, bizi kalitate hobea helburu. Haren helburua da jarduketa plan integral eta koordinatua egitea Iruñerriko lekualdatzeko moduez eta herritarren mugikortasunean eragiten duten elementuez, jarduketa horiek gauzatuko dituzten administrazio eskudun guztien artean adosturik.
Halaber, Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzendariak (2018-2030) sakontzen eta laguntzen ditu lurralde koordinazioaren eta mugikortasun jasangarriaren helburuak, zeinak jaso baitziren uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan (arau horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina). Legegintzako foru dekretu horretan ezartzen da mugikortasun jasangarriari buruzko determinazioak ezarri beharra, eta, horretarako, proposatzen da hirigintza-planeamendu orokorrak mugikortasun jasangarriko politikak ezartzea, honakoak integratuz: oinezkoen eta txirrindularien mugikortasun-irizpideak, bide-segurtasunaren kontzeptua kaleen eta espazio publikoen diseinuan, eta herritarrek garraio publiko eta kolektibora eta inpaktu txikiko gainerako garraio-sistemetara erraz iristeko modua izatea.
Esparru orokor horren barnean, eta Nafarroaren interes orokorra bilatuz garraioaren eta mugikortasunaren esparruan, Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzendariak (2018-2030) helburu du politika amankomuna formulatzea mugikortasunaren eta garraioaren arloan, hurrengo urteetan garatzeko modukoa, 2030. urtera arte, funtsezko xede izanen duena Nafarroarako garraio jasangarriaren eredu bat lortzea.
Plan honek ahalbidetzen du edukitzea plan zuzendari bat honako hauek lortzera bideratutako neurriak dituena: herritarrek eta enpresek mugikortasun jasangarriaren arloko kultura izatea; garraioaren eta haren azpiegituren efizientzia optimizatzea eta hobetzea, eta, horretarako, lurraldea egoki planifikatzea eta koordinazio egokia izatea garraio sistemaren eta lurraldeko jarduera banaketaren artean; joan-etorriak oinez eta bizikletaz egin daitezela bultzatzea; garraio publikoa sustatzea; eta gizarte kohesioa hobetzea. Orobat, helburuak beteko direla, jarduketak ongi gauzatuko direla eta administrazioaren eta eragile inplikatuen arteko koordinazioa izanen dela bermatzeko tresna legal eta administratiboak identifikatzen ditu.
Garraio Zerbitzuak, Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzendaria (2018-2030) eta Hasierako Dokumentu Estrategikoa egin ondoren, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eskatu zion hasiera eman ziezaiola ingurumen ebaluazio estrategiko arruntari, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 18. artikuluarekin. Haren bidez hasiera eman zitzaion ingurumenaren arloko aurretiazko kontsulten tramiteari.
Aldi berean, Herri Lanetako zuzendari nagusiaren maiatzaren 30eko 458/2018 Ebazpenaren bidez, onetsi zen Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzendariaren (2018-2030) parte-hartze prozesuaren hasiera eta diseinua. Haren barnean zegoen parte-hartze publikoaren tramitea, bat etorriz Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearekin, indarrean baitzegoen orduan.
Aurretiko kontsulten eta parte-hartze publikoaren tramiteetan izandako ekarpenekin egin da Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzendariaren (2018-2030) hasierako bertsioa, eta harekin egin da ingurumen ebaluazio estrategikoa.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluarekin bat, planaren hasierako bertsio hori, ingurumen azterlan estrategikoarekin batera, jendaurrean jarri behar da, aurretik iragarkia jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta, behar denean, haren egoitza elektronikoan, gutxienez berrogeita bost egun baliodunean.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraio Zerbitzuak proposatutakoarekin bat,
EBATZI DUT:
1. Jendaurrean jartzea Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzendariaren (2018-2030) hasierako bertsioa, ingurumen azterlan estrategikoarekin batera, 45 egun baliodunean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.
Ondorio horietarako, Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzendariaren (2018-2030) hasierako bertsioa eta aipatutako dokumentazioa eskura egonen dira Garraio Zerbitzuan (Alondegi kalea 1, 2. solairua, Iruña, bulego-orduetan) eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian, helbide honetan:
https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/partaidetza/prozesuak/nafarroako-2018-2030-mugikortasun-jasangarrirako-gidaplana
Epe horretan, pertsona interesdunek bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkezten ahalko dituzte Garapen Ekonomikorako Departamentuan dagoen Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean (San Ignazio etorbidea 3, beheko solairua, 31002, Iruña, Nafarroa), edo helbide honetan azaltzen diren Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetatik beste edozeinetan: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/AtencionCiudadana/Oficinas.htm Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan adierazitako bulegoetan eta erregistroetan aurkezten ahalko dira, eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Interneteko atarian adieraziko den helbide elektronikoaren bidez ere bai (https://gobiernoabierto.navarra.es/es).
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau jakinaraztea Garraio Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2019ko otsailaren 18an.–Herri Lanetako zuzendari nagusia, Ignacio Nagore Laín.
Iragarkiaren kodea: F1902429