Iragarkia
46. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 7a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
16/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 28koa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana, Iruñerriko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularreko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2019ko martxoaren 8rako dei eginiko greba orokorra dela eta.
2019ko martxoaren 8rako greba orokorrerako deia egin dute honako sindikatu hauek:
–ELA, LAB, ESK, STEILAS eta CNT, 00:00etatik 24:00etara.
–Sindicato de Comisiones de Bases (co.bas), Alternativa Sindical de Trabajadores (AST), Sindicato Único de Trabajadores Solidaridad Obrera (SUTSO), 00:00etatik 24:00etara.
–Confederación General del Trabajo (CGT), 00:00etatik 24:00etara.
–Central Sindical Independiente y de Funcionarios (CSIF), 12:00etatik 13:00era, 15:00etatik 16:00etara eta 22:00etatik 23:00etara.
–Confederación Nacional del Trabajo (CNT), 00:00etatik 24:00etara.
–Confederación Intersindical, 00:00etatik 24:00etara.
–Comisiones Obreras (CCOO), 12:00etatik 14:00etara, 16:00etatik 18:00etara, eta 2019ko martxoaren 8an hasten den gaueko txandako lehen bi orduetan.
–Unión General de Trabajadores (UGT), 12:00etatik 14:00etara, 16:00etatik 18:00etara eta 2019ko martxoaren 8an hasten den gaueko txandako lehen bi orduetan.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidea bateragarri egin behar da funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, aipatu eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.
Bidaiari-garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan askatasunez joan-etorrietarako aitortzen den eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da funtsezko beste eskubide batzuk eta Konstituzioak babesten dituen ondasunak erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lan egiteko eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.
Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.
Hortaz, greba orokorrerako deiak direla eta, bidaiari-garraioaren zerbitzua ezin da osorik gelditu; izan ere, gizarteko beste sektore batzuetan kalte eginen luke, garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileen joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailirateke, gizartearen interes orokorrei eginen litzaizkiekeen kalte larriez gainera, eta ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela.
Funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena berea du gobernuko agintaritzak, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.f) eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Iruñerriko Mankomunitateko buruaren otsailaren 25eko 110/2019 Ebazpenaren bidez proposatu zaio Garapen Ekonomikorako Departamentuari zer gutxieneko zerbitzu ezarri Iruñerriko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularrean, arestian aipatutako sindikatuek 2019ko martxoaren 8rako, iraupen ezberdinekin, dei egindako greba orokorra dela eta; izan ere, erakunde horri dagokio garraio zerbitzuaren titulartasuna.
Ebazpen horren arabera, antzeko ezaugarriak zituzten beste greba batzuetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak ezarri behar dira greba orokorrerako dei horietan. Horrela, hurrengo deialdietan aurkitzen ditugu aurrekari hurbilenak:
–2009ko maiatzaren 21erako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren maiatzaren 11ko 45/2009 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 24ko 424/2009 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 45/2009 Foru Agindua.
–2010eko ekainaren 29rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren ekainaren 23ko 44/2010 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren uztailaren 4ko 327/2011 Epaiak ez zuen onartu 6/2011 Foru Aginduaren aurka aurkeztutako errekurtsoa.
–2010eko irailaren 29rako greba orokorrerako deia, CCOO, UGT, CGT eta Confederación Intersindical sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren irailaren 16ko 57/2010 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.
–2011ko urtarrilaren 27rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB eta STEE/EILAS sindikatuek aurkeztua. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren urtarrilaren 19ko 6/2011 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren irailaren 13ko 389/2011 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 6/2011 Foru Agindua.
–2012ko irailaren 26rako greba orokorrerako deia, ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS eta CGT/LKN sindikatuek aurkeztua. Sustapeneko kontseilariaren irailaren 20ko 42/2012 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren apirilaren 17ko 352/2013 Epaiak zuzenbidearen araberakotzat jo zuen 42/2012 Foru Agindua.
–2018ko martxoaren 8rako greba orokorrerako deia, Alternativa Sindical de Trabajadores (AST), Confederación Nacional del Trabajo (CNT), Sindicato de Comisiones de Bases (co.bas), Confederación lntersindical, Unión Sindical Obrera (USO), Confederación General del Trabajo (CGT), ELA, LAB, ESK, STEILAS, Comisiones Obreras (CCOO) eta Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuek aurkeztua. Garapen Ekonomikorako kontseilariaren martxoaren 2ko 9/2018 Foru Aginduan ezarri ziren gutxieneko zerbitzuak.
Ebazpen horrek, halaber, Iruñerriko hiri garraioaren berariazko ezaugarriak hartzen ditu kontuan. Daturik esanguratsuenak jarraian azaltzen dira, bai eta greba zehatz-mehatz zer egunetarako deitzen den ere.
Eskualdeko hiri garraioa Iruñerriko 18 udalerrik osatzen duten eremu batean ematen da. Bertako bizilagunak Nafarroako erdiak baino gehixeago dira eta bertan daude ospitale nagusiak eta bi unibertsitateak. Eremu eta jarduera gune horiek guztiek joan-etorri asko sortzen dituzte egunean, eta joan-etorri horien ehuneko handi bat hiri garraio publikoan egiten da.
Kasu honetan, gainera, dei bat baino gehiago egin dira 2019ko martxoaren 8ko greba orokorrerako, iraupen ezberdinekin. Deialdiek denboran bat egiten dutenez eta praktikan ezinezkoa denez gutxieneko zerbitzuak deialdi bakoitzerako ezartzea, erabaki da gutxieneko zerbitzuak kasurik zabalenerako ezartzea; hau da, greba orokorra martxoaren 8ko 00:00etatik 24:00etara deitu den kasurako.
Iruñerrian ez dago autobusaz gain bestelako hiri garraio kolektiborik (metroa, aldirietako trena, tranbia eta abar), aukera ematen duenik eskualdeko hiri garraioan egunero egiten diren joan-etorrietarako, eta hori oso kontuan hartu beharrekoa da greba honetako funtsezko zerbitzuak ezartzeko orduan.
Taxi zerbitzua, bistan denez, ez da alternatiba bat, haren prezioa ez baita konparatzen ahal hiriko garraioarenarekin eta haien gaitasuna ez da inola ere aski joan-etorri jendetsuetarako (130.000 bidaiari lanegun batean, gutxi gorabehera).
Bestalde, kontuan izan behar da egunero garraio publikoan egiten diren bidaietatik 71.500 beste garraiobiderik (nor bere autoan edo beste batenean) ez duen jendeak egiten dituela eta, ondorioz, modu zuzenagoan jasanen dituztela egun horretako grebaren ondorioak.
Era berean, erabiltzaileei eman beharreko argibide egokiak kontuan hartu behar dira, edo, berdin dena, zehazten den zerbitzu mailak erabat ikusgai izan behar du.
Hiriko garraioaren erabilera garraio horri buruzko informazioaren menpe dago neurri handi batean. Izan ere, eskaintza erreala benetan dena baino txikiagoa bihurtzen ahal da, informazio eskuragarriaren arabera.
Hori bereziki garrantzitsua da gutxieneko zerbitzuak zehazterakoan, gutxi direnez, erabiltzailea “ezin daitekeelako geralekuan gelditu autobusaren zain” (maiztasun handiko zerbitzuetan ohiko portaera da hori), ordu zehatz eta ezagunetan joan beharra dago eta. Hori dela eta, gutxieneko zerbitzu gisa zehazten den portzentajeak bermatu behar du autobus linea ezberdinak arrazoizko tarteetan iritsiko direla eta informazio hori ulergarria izanen dela.
Iruñerriko Mankomunitateko buruaren aipatu ebazpenean jasotzen dira hiriko garraioak lanegun arrunt batean Iruñerrian eskaintzen duen zerbitzuaren ezaugarri nagusiak.
Beraz, eskaintzari dagokionez, honako hau nabarmentzen da:
a) Eguneko sareak 24 linea ditu: 20 erradial edo bitan erradial, 2 perimetral eta 2 zirkular, honako maiztasun hauek dituztenak:
–Handia: 12 minutuko edo hortik beherako tartea autobus batetik bestera: 10 linea (2, 3, 4, 7, 8, 9, 12, 16, 18 eta 21).
–Ertaina-handia: 15-20 minutuko tartea autobus batetik bestera: 8 linea (1, 5, 6, 11, 15, 17, 19 eta 20).
–Txikia: 30 minutuko edo hortik gorako tartea autobus batetik bestera: 6 linea (10, 14, 22, 23, 25 eta A).
Lanegun batean autobus kopuru hauek daude lanean:
–Autobus finkoak, eguneko zerbitzu osoan dabiltzanak: 117.
–Errefortzuko autobusak, puntako orduan bakarrik dabiltzanak: 6 inguru.
–Erreserbako autobusak, matxuratzen diren finkoak edo errefortzuak ordezteko: 2.
–Guztira: 125 inguru.
b) Gaueko sareak 10 linea ditu: 9 erradial eta zirkular 1.
Ondoko hau da ostiral arrunt baten eskaintza:
–30 minutuko edo hortik beherako tartea autobus batetik bestera: 5 linea (N2, N4, N5, N6 eta N7).
–30-60 minutuko tartea autobus batetik bestera: 3 linea (N1, N3 eta N10).
–60 minututik gorako tartea autobus batetik bestera: 2 linea (N8 eta N9).
Gaueko zerbitzuan autobus gutxiago daude martxan, nabarmenki, egunekoan baino:
–14 autobus finko.
–Erreserbako autobusak, matxuratzen diren finkoak ordezteko: 1.
Jarraian, aipatu ebazpenean jasotzen dira hiriko garraioak eskola eta lan egun batean Iruñerrian eskaintzen duen zerbitzuaren ezaugarri nagusiak:
a) Eguneko sarean, 130.000 bidaiari daude batez beste.
Eskola eta lan egun baterako garraio-eskariak puntako hiru tarte ditu:
–Goizeko puntako orduak: 6:30etik 9:30era; 10.000 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %18,6 inguru biltzen du.
–Eguerdiko puntako orduak: 13:00etik 15:30era; 12.150 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %19,9 inguru biltzen du.
–Arratsaldeko puntako orduak: 17:00etatik 20:30era; 8.900 bidaiari orduko izan daiteke puntako eskaria; aldi horrek eguneko eskariaren %23,2 inguru biltzen du.
–Erabilera gutxieneko orduei (haraneko orduei) dagokienez, goizeko haraneko tarteak (9:30etik 13:00era) erabilera txikiagoa du arratsaldekoa (15:30etik 17:00etara) baino.
Hona hemen batez besteko lanegun batean bidaiatzeko arrazoiak, 2013ko azaroan Iruñerriko hiri garraioko erabiltzaileek betetako inkestatik erauziak eta ehunekotan emanak:
LANA | IKASKETAK | KUDEAKETAK EGITEA | EROSKETAK | MEDIKUA, OSPITALEA | BESTELAKOAK | GUZTIRA |
%38,3 | %20,4 | %13,2 | %6,6 | %6,3 | %15,1 | %100,00 |
Horren arabera, lana eta ikasketak (ikastetxea, unibertsitatea...) dira arrazoi nagusiak, bidaien %60 baitira eskualdeko hiri garraioko linea guztietan. Arrazoi medikoa gehituz gero, hiru arrazoiek garraio publikoan egindako joan-etorrien bi heren biltzen dute.
Egun tartearen arabera arrazoien banaketari dagokionez, lan eta ikasketengatik egindako joan-etorriak goizeko eta eguerdiko puntako orduetan biltzen dira batez ere, eta mediku eta ospitaleengatik egindakoak egunean zehar banatzen dira.
Aipatu inkestaren emaitzen arabera, laneguneko bidaiarien %55ek ez dute bestelako garraiobiderik.
b) Gaueko sarean, ostiral batean, 3.300 bidaiari dira batez beste (5 ordu eta erdiko zerbitzua gutxi gorabehera).
Lehen esandakoa eta hiriko garraioak lanegunetan Iruñerrian duen eskaintzaren eta eskariaren ezaugarriak kontuan hartuz, Iruñerriko Mankomunitateko buruaren ebazpen horretan, gutxieneko zerbitzuen honako proposamen hau egiten da:
–Eguneko sarean, gutxieneko zerbitzuen banaketa aldakorra proposatzen da, eskariari egokitua.
Prozedura hori gauzatu ahal izateko, tarte homogeneoen arabera zehaztu dira gutxieneko zerbitzuak, puntako orduen eta haraneko orduen eskemari jarraituz:
–Goizeko puntako ordua: 06:30etik 09:30era arte.
–Eguerdiko puntako ordua: 13:00etik 15:30era arte.
–Arratsaldeko puntako ordua: 17:00etatik 20:30era arte.
–Haraneko orduak gainerakoak izanen dira.
Bidaien %60 baino gehixeago nahitaezkoak direnez (lana, ikasketak, medikuak, etab.) eta puntako orduetan biltzen direnez, puntako orduko gutxieneko zerbitzuak, ohiko zerbitzuaren portzentaje gisa definituak, neurri horretakoa izan beharko luke.
Portzentaje hori zehazteko, zerbitzu operatiboetan adierazita, beharrezkoak dira 72 autobus finko eta erreserbarako autobus bat, bai eta errefortzuko 2 ibilgailu ere. Kontuan hartuz lanegun batean 117 autobus finko gehi erreserbako 2 eta errefortzuko 6 autobus izaten direla, zehaztutako funtsezko zerbitzua lanegun bateko zerbitzuaren %60 izanen da.
Funtsezko zerbitzu hau jaiegunetakoa bezalakoa da 9 lineatan (2, 9, 12, 14, 15, 16, 18, 20 eta A), 9 lineatan jaiegunetakoa baino txikiagoa da (3, 5, 6, 7, 8, 10, 11, 19 eta 21) eta 6 lineatan pixka bat handiagoa da (1, 4, 17, 22, 23 eta 25).
Haraneko orduetako gutxienekoa ezartzeko, haraneko orduaren eta puntako orduaren arteko erlazioa hartzen da kontuan, eta puntako orduan ezarritako gutxienekoei aplikatzen zaie. Honelakoa izanen litzateke: 6.655/12.154 bidaiari-ordua = puntako orduaren %54,8. Erlazio hori aplikatuz gero puntako orduetarako zehaztutako gutxienekoari, emaitza hau lortzen da: %54,8 x %60 = %32,9.
Portzentaje hori zehazteko zerbitzu operatiboetan adierazten bada, 46 autobus finko eta erreserbako autobus 1 beharko dira, hau da, lanegun bateko zerbitzuaren %40. Kasu honetan ez dago errefortzuko autobusik.
Hortik ateratzen dira %60ko gutxieneko zerbitzuak puntako orduetan (06:30-09:30, 13:00-15:30 eta 17:00-20:30) eta %40koak haraneko orduetan (09:30-13:00, 15:30-17:00 eta 20:30-22:30), lanegunetako ohiko zerbitzua erreferentzia hartuta. Portzentaje horiek bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko dira, Iruñerriko Mankomunitateak egin duen proposamenean zehaztutako zerbitzuaren arabera, foru agindu honen eranskinean ikus daitekeen moduan.
Puntako ordutik haraneko ordura pasatzen den uneetan (09:30, 15:30 eta 20:30), autobusean doazen bidaiariei errespetatu egin beharko zaie zerbitzua, eta ibilbidea hurrengo burualderaino segitu beharko da oraindik jaisteko dagoen bidaiaririk izanez gero, eta eskatzen diren geldiuneetan gelditu; gero, autobusa hutsik dela, kotxetegira itzuliko da.
–Gaueko sareak zerbitzu murriztua du berez, eta gehienetan 30 eta 60 minutu arteko maiztasuna du. Horregatik, Iruñerriko Mankomunitateak, gutxieneko mugikortasuna bermatzeko, honako hau proposatzen du ostirala den martxoaren 8ko gaueko zerbitzuko funtsezko zerbitzu gisa: zerbitzu bat egitea orduro gaueko lineetako bakoitzean, N8 eta N9 lineetan izan ezik; izan ere, horietako zerbitzua bi ordurik behin egitea proposatzen da. Gutxieneko zerbitzu horiek larunbata den martxoaren 9ko goizaldean iraunen dute, martxoaren 8aren amaieran hasitako gaueko zerbitzua luzatzen baita horretan.
Osteguna den martxoaren 7ko gaueko zerbitzuari dagokionez, ia ordu erdiz luzatzen da bakarrik martxoaren 8ko goizaldean. Horrenbestez, kasu horretan, proposatzen da funtsezko zerbitzu gisa eustea gaueko zerbitzuaren funtzionamendu osoari, greba ukitzen duen tartean.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoa, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. artikulua kontuan harturik, Iruñerriko Mankomunitateak eta Garraio Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Aipatutako sindikatuek 2019ko martxoaren 8rako iraupen ezberdinekin deitutako greba orokorrean, errespetatu egin beharko dira honako gutxieneko zerbitzu hauek Iruñerriko erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularrean, egun horretako 00:00etatik 24:00etara bitartean:
–Eguneko zerbitzuan: %60 puntako orduetan (06:30-09:30, 13:00-15:30 eta 17:00-20:30) eta %40 haraneko orduetan (09:30-13:00, 15:30-17:00 eta 20:30-22:30), lanegunetako ohiko zerbitzua erreferentzia hartuta. Portzentaje horiek bai autobus finkoetan eta erreserbakoetan bai errefortzukoetan aplikatuko dira, Iruñerriko Mankomunitateak egin duen proposamenean zehaztutako zerbitzuaren arabera, foru agindu honen eranskinean ikus daitekeen moduan.
Puntako ordutik haraneko ordura pasatzen den uneetan (09:30, 15:30 eta 20:30), autobusean doazen bidaiariei errespetatu egin beharko zaie zerbitzua, eta ibilbidea hurrengo burualderaino segitu beharko da oraindik jaisteko dagoen bidaiaririk izanez gero, eta eskatzen diren geldiuneetan gelditu; gero, autobusa hutsik dela, kotxetegira itzuliko da.
–Gaueko zerbitzuan: ostirala den martxoaren 8ko gaueko zerbitzuko gutxieneko zerbitzu gisa eutsiko zaio zerbitzu bat egiteari orduro gaueko lineetako bakoitzean, N8 eta N9 lineetan izan ezik; izan ere, horietako zerbitzua bi ordurik behin egitea proposatzen da. Gutxieneko zerbitzu horiek larunbata den martxoaren 9ko goizaldean iraunen dute, martxoaren 8aren amaieran hasitako gaueko zerbitzua luzatzen baita horretan.
Osteguna den martxoaren 7ko gaueko zerbitzuari dagokionez, gutxieneko zerbitzu gisa eutsiko zaio gaueko zerbitzuaren funtzionamendu osoari.
2. Zerbitzu horiek guztiak egiteko beharrezkoak diren langileek jardunean egon beharko dute.
3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.
4. Garapen Ekonomikorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.
5. Foru agindu hau eta haren eranskina jakinaraztea ELA, LAB, ESK, STEILAS, Sindicato de Comisiones de Bases (co.bas), Alternativa Sindical de Trabajadores (AST), Sindicato Único de Trabajadores Solidaridad Obrera (SUTSO), Confederación General del Trabajo (CGT), Central Sindical Independiente y de Funcionarios (CSIF), Confederación Nacional del Trabajo (CNT), Confederación Intersindical, Comisiones Obreras (CCOO) eta Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuei, Iruñerriko Mankomunitateari eta Transports Ciutat Comtal SAri, behar diren ondorioak izan ditzaten.
6. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta partikularrek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dutela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, foru agindu honek amaitzen du administrazio publikoentzako administrazio bidea. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2019ko otsailaren 28an.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.
ERANSKINA
Gutxieneko zerbitzuak 2019ko martxoaren 8ko greban, 00:00etatik 24:00etara - Lanegunen %40-%60
LINEA | HARANEKO ORDUETAKO | PUNTAKO ORDUETAKO | ||||
(9:30etik 13:00era; | (6:30etik 9:30era; | |||||
Ibilgailu kopurua | Tarteak autobus | Bidaia denbora (min) | Ibilgailu kopurua | Tarteak autobus | Bidaia | |
L-1 | 1 | 60 | 60 | 2 | 30 | 60 |
L-2 | 2 | 25 | 50 | 3 | 20 | 60 |
L-3 | 2 | 20 | 40 | 3 | 15 | 45 |
L-4 | 7 | 15 | 105 | 11 | 10 | 110 |
L-5 | 2 | 40 | 80 | 3 | 25 | 75 |
L-6 | 1 | 60 | 60 | 2 | 30 | 60 |
L-7 | 4 | 30 | 120 | 6 | 20 | 120 |
L-8 | 1 | 48 | 48 | 2 | 24 | 48 |
L-9 | 2 | 30 | 60 | 3 | 20 | 60 |
L-10 | 1 | 75 | 75 | 2 | 45 | 90 |
L-11 | 2 | 40 | 80 | 3 | 25 | 75 |
L-12 | 3 | 25 | 75 | 4 | 20 | 80 |
L-14 | 1 | 30 | 30 | 1 | 30 | 30 |
L-15 | 1 | 60 | 60 | 2 | 30 | 60 |
L-16 | 4 | 30 | 120 | 6 | 20 | 120 |
L-17 | 2 | 40 | 80 | 3 | 30 | 90 |
L-18 | 4 | 25 | 100 | 5 | 20 | 100 |
L-19 | 2 | 45 | 90 | 3 | 30 | 90 |
L-20 | 1 | 60 | 60 | 1 | 60 | 60 |
L-21 | 2 | 20 | 40 | 3 | 15 | 45 |
L-22 | 1 | 30 | 30 | 1 | 30 | 30 |
L-23 | 1 | 60 | 60 | 1 | 60 | 60 |
L-25 | 1 | 30 | 30 | 1 | 30 | 30 |
L-A | 1 | 60 | 60 | 1 | 60 | 60 |
Erreserbak | 1 | 1 | ||||
Errefortzuak | 2 | |||||
GUZTIRA | 50 | 75 | ||||
Iragarkiaren kodea: F1902933
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
