Iragarkia
44. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRULAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
58E/2019 EBAZPENA, otsailaren 18koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ETE turistikoentzako dirulaguntzen deialdia onesten baita, Nafarroako establezimendu turistikoek kalitate turistikoaren Q Ziurtagiria 2019. urtean zehar eskuratu eta manten dezaten. DDBN identifikazioa: 440339.
Turismo azpiegituren eta zerbitzuen kalitatea ezinbesteko jarduketa-ildoa da sektorearen lehiatzeko estrategian.
Behar horren eta Nafarroako turismo eskaintzaren tamainaren jakitun, Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistema (aurrerantzean EKTS) osatzen duten proiektu multzoa, hau da, Turismoko Estatu Idazkaritzaren menpeko programa, sustatuz bultzatu dira kalitate arloko jarduketak.
Programa horren esparruan eta, zehazki, sektoreetara bideratutako proiektuaren esparruan (EKTS Sektoreak), kalitate turistikoaren Q marka sustatzea da Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren helburua; Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak ematen du Q marka, baita ziurtatu eta administratu ere, eta begiratzen du behar bezala erabiltzen dela. Marka hori eskuratzeari esker, agerian gelditzen da turismoko enpresen ahalegina haien azpiegituren eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Horrez gain, prestigioa, desberdintzea, fidagarritasuna eta zorroztasuna ekartzen ditu, baita Turismoko Estatu Idazkaritzaren eta autonomia erkidegoen sustapena ere.
2017-2025eko Turismoko Plan Estrategikoak jasotzen du jarduketa hau, “Enpresa-sarea indartzea, eta turismoaren kalitatea, jasangarritasuna eta irisgarritasuna hobetzea” programaren barruan, zehazki “Kalitatea areagotzea produktuen eskuliburuen eta antzemandako kalitatearen sistemen bidez” izeneko 3.07 neurrian, hor adierazten baita produktuen eskuliburuen prestaketa bultzatu behar dela eta bidaia-proposamenak egin behar direla, ekoizleen eta merkaturatzaileen arteko konpromisoa izan dezaten, eta jarduera turistiko nagusiei buruzko (ostatu emate, jarduera eta abarri buruzko) zerbitzu emateko eskuliburuak garatu behar direla, eta ETEentzako laguntzak ezarri behar direla kalitate-ziurtagiriak lor ditzaten; izan ere, hortxe kokatzen da dirulaguntzen deialdi hau.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera, deialdia norgehiagoka ebatziko da, aurrekontuan behar adina dirua badago; izan ere, baremo bat aplikatuko da, dirulaguntzak emateko lehentasun ordena zehaztuko duena.
Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Turismoko ETE turistikoentzako dirulaguntzen deialdia onestea, Nafarroako establezimendu turistikoek 2019. urtean kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortu eta manten dezaten.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 20.000 euroko gastua baimentzea dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko.
4. Gastu hori Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura finantzatuko da: 830001/83130/4709/432102 ETEentzako dirulaguntzak kalitatea egiaztatzeko (PET.M307).
5. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2019ko otsailaren 18an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.
ERANSKINA
Turismoko ETE turistikoentzako dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak, Nafarroako establezimendu turistikoek 2019. urtean kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortu eta manten dezaten
1. oinarria–Xedea.
Turismoko ETE turistikoentzako dirulaguntzen araubidea erregulatzea dute xede oinarri hauek, haien establezimenduek kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortu eta manten dezaten; Turismoko Estatu Idazkaritzaren marka erregistratua da, eta Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak (aurrerantzean EKTI) kudeatzen du.
Kalitate turistikoaren Q ziurtagiria duten establezimenduek auditoretza zorrotzak gainditu dituzte, ziurtatzeko zerbitzu-prestazioak kalitatea, segurtasuna eta profesionaltasuna bermatzen dituela, eta bezeroek ahal den esperientzia turistiko hoberena jasotzen dutela.
Kanpo mailan, kalitate turistikoaren Q ziurtagiria eskuratzeari esker, bezeroen poztasuna handitzen da, zuzeneko nahiz zeharkako fidelizazioa sustatzen da, erakundearen ospea hobetzen da eta zigilu bereizgarria erakusten zaie bezerogaiei. Barne mailan, egiten diren jardueren kudeaketa eta eraginkortasuna hobetzen dira, baliabideak optimizatzen dira, langileak motibatzen dira eta erakundearen jarduera modu eraginkorrean kontrolatzeko sistema bat finkatzen da.
Beraz, deialdi honen helburua da turistak jaso eta atzematen duen zerbitzuaren kalitatea hobetzea, bisitatzen gaituztenen poztasuna handitzearren, kalitate turistikoaren Q zigilua establezimenduaren atean izateak ederki asko laguntzen baitu gure azpiegitura eta zerbitzuen kalitatea agerian izaten.
2. oinarria.–Enpresa onuradunak eta haien izaeraren frogabidea.
1. Enpresa turistiko txikiek, ertainek eta mikroenpresek (aurrerantzean ETE turistikoak) eskuratzen ahalko dituzte deialdi honetan azaltzen diren dirulaguntzak, baldin eta, dirulaguntza eskatzen den unean, kalitate turistikoaren Q markaren ziurtagiria duen edo berritu duen establezimenduaren titular gisa agertzen badira Nafarroako Turismo Erregistroan.
ETEa izatea zer den interpretatzeko, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinean ezarritakoa hartuko da kontuan. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
2. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, eskaerak aurkezteko epea bukaturik eta Turismoaren Antolamenduaren, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalarekin batera, ofizioz egiaztatuko du eskatzaileak dirulaguntza eskatzen duten establezimendu turistikoen titularrak direla, eta gainera, establezimenduak Nafarroako Turismo Erregistroan behar bezala inskribaturik daudela. Aipatu atalak aldeko txostena egiten ez badu bi baldintza horiek betetzeari buruz, ezetsi eginen da dirulaguntzaren eskaera.
3. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko baimendu den kreditua 20.000 eurokoa da.
4. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak egiteko epea, dirulaguntzaren zenbatekoa eta diruz lagungarriak diren jarduketak eta gastuak.
1. Jarduketa diruz lagungarriak egiteko epea.
Diruz lagungarriak izanen dira 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 9ra arte, biak barne, egin eta fakturatzen diren gastuak, justifikazio epea bukatu aurretik ordaindu direnak. Ondorio horietarako, fakturazio eguna izanen da gastua egin den eguna.
Gastu diruz lagungarrien ordainagiriek 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 9ra artekoak izan beharko dute, biak barne.
2. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Onartutako gastu diruz lagungarrien %50eko dirulaguntza emanen da (BEZa kanpoan).
3. Diruz lagungarriak diren jarduketak eta gastuak.
EKTIk bultzatzen duen kalitate turistikoaren Q markaren ziurtagiria lortu eta mantentzeko beharrezko ekintzak diruz lagungarriak izanen dira, eta zehazki, gastu hauek:
a) Markari atxikitzeko kuota.
b) Deialdiaren epeari (hau da, 2019. urteari) dagokion marka erabiltzeko eskubidea.
c) Kanpoko auditoretza hasierako ziurtagiria lortzeko, eta berritzeko edo jarraipeneko kanpoko auditoretzak.
d) Kanpoko aholkularien laguntza teknikoa, hauek egiteko:
–Hasierako ziurtagiria.
–Lehen eta bigarren jarraipen-auditoretzak.
–Lehen berritze-auditoretza, hasierako ziurtagiria lortu eta hirugarren urtera, edozein kasutan.
4. Gastu diruz lagungarrien mugak.
–Ezin izanen da eskaera berean dirulaguntza eskatu markari atxikitzeko kuotarengatik eta marka erabiltzeko eskubidea ematen duen kuotarengatik.
–Gastuen mugak kanpoko kontsulten laguntza teknikoengatik.
Hasierako ziurtagiria lortzeko laguntza teknikoarengatik diruz laguntzen ahal den aurrekontua 2.500 eurokoa da, gehienez.
Jarraipenarengatiko edo berritzearengatiko laguntza teknikoak diruz laguntzeko aurrekontua 1.000 eurokoa da, gehienez, establezimendu turistikoaren hasierako ziurtagiria lortzen den urtearen ondorengo hiru urteetako bakoitzean.
–Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:
–Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa).
–Establezimendu turistikoko langileek egiten duten aholkularitza, laguntza edo kontsultoretzaren gastua.
–Auditoreen eta kanpoko kontsultoreen egonaldi, mantenu eta joan-etorriko dieten gastuak.
5. oinarria.–Eskaerak eta eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak aurkezteko modua.
Eskaerak honela aurkeztuko dira:
a) Pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7929/Subvencion-a-pymes-turisticas-para-la-obtencion-y-mantenimiento-de-la-Q-de-calidad-en-20181) (hemendik aitzina laguntzaren fitxa); fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
Eskaera telematika bidez aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala, hau da, elektronika bidez aurkez dezala, eta, ondorio horietarako, zuzenketaren eguna izanen da eskaeraren aurkezpen eguna, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.
b) Pertsona fisikoen kasuan, eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira ahal bada, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarreria kaleko 39an dagoen erregistro bulegoan, edo beste erregistroetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako araubide iragankorrarekin bat. Eskaera ez bada aurkezten Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko gainerako dokumentazioa formatu digitalean aurkeztuko da, lehentasunez (DVD, USB).
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Merkataritza eta Artisautza Antolatzeko eta Laguntza Ekonomikoen Atalari, mezu elektroniko bat igorriz turismo.ayudas@navarra.es kontura, aurkeztutako eskabidearen kopia bat gehituta, aurkezpen data bertan adierazita.
c) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko eskabidea erabiliz eginen dira nahitaez, eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.6 artikuluan xedatutakoarekin bat.
3. Eskatzen den dokumentazioa.
Eskaerari erantsi behar zaion dokumentazioa, laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakiarekin bat datorrena, eskaneatuta aurkeztu behar da, behar bezala identifikatutako agiri bereizietan. Hauxe da:
–Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
1.–Eskaera ordezkari batek aurkezten badu, zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar da ordezkaritza; ondorio horietarako, dirulaguntzaren eskabidean horretarako finkatutako erantzukizunpeko adierazpena betez ere frogatzen ahalko da.
2.–ETEa izateko baldintza guztiak betetzen dituela dioen erantzukizunpeko adierazpena, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako definizioaren arabera.
3.–Erantzukizunpeko adierazpena, azkeneko hiru urte fiskaletan –aurtengoa barne– administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko “de minimis” arauari jarraikiz emandako dirulaguntzen berri ematen duena.
4.–Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren xedeko kontzeptu berentzat eskatu edo jasotako beste dirulaguntzei buruz.
5.–Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoera debekatu batean ere ez dagoela dioena.
6.–Transferentzia bidez kobratzeko eskabidearen jatorrizko inprimakia, enpresa eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz kobratuko badu, edo abonu-kontua aldatu nahi izanez gero.
Apartatu honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak dirulaguntzaren berariazko eskabidean daude.
–Jarduketa diruz lagungarrien gaineko dokumentazioa.
1.–EKTIren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistemari atxikita egoteari buruzkoa (atxikipen berrien kasuan).
2.–Diruz lagungarria den kontzeptu bakoitzaren aurrekontua.
3.–Erantzukizunpeko adierazpena, deialdiak hartzen duen epean zer auditoretza motatara aurkeztuko den dioena, eta dirulaguntzaren berariazko eskabidean dagoena.
6. oinarria. Dirulaguntza emateko parametroak.
1. Dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, onartzen diren eskaerak alderatuta esleituko dira dirulaguntzak, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren, jarraian ezartzen den baremoa aplikatuta ateratzen den ordenari (puntuazio altuenetik txikienera) jarraituta eta aurrekontuko dirua bukatu arte.
2. Dirulaguntzak emateko lehentasun ordena ezartzearren, honako baremo hau aplikatuko da:
a) Lehendik establezimendu turistikoak jaso dituen dirulaguntzak, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak, kalitate turistikoaren Q ziurtagirirako deialdiak direla eta, aurreko 5 urteetan (2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako ebazpenak) tramitatuak:
–20 puntu, baldin dirulaguntzarik jaso ez bada.
–15 puntu, baldin 500 euro bitarteko dirulaguntzak jaso badira.
–10 puntu, baldin 501 eurotik 1.000 eurora bitarteko dirulaguntzak jaso badira.
–5 puntu, baldin 1.001 eurotik 2.000 eurora bitarteko dirulaguntzak jaso badira.
–2 puntu, baldin 2.001 eurotik 3.000 eurora bitarteko dirulaguntzak jaso badira.
–0 puntu, baldin 3.000 eurotik gorako dirulaguntzak jaso badira.
Ondorio horietarako, establezimendu turistiko bakoitzak jasotako dirulaguntzak batuko dira, kontuan harturik 5 urteko epe horretako titulartasun aldaketek ez dutela ukituko atal honetako puntuazioaren kalkulua.
Baremoaren aplikazioaren ondorioetarako, establezimendu turistiko batek, kalitate turistikoaren Q ziurtagirirako deialdi batean dirulaguntza lortu ondoren, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari deialdian ezarritako epean jakinarazten badio uko egiten diola, kasu horretan emandako dirulaguntza ez da kontuan hartuko; aldiz, epez kanpo jakinarazten bada ukoa, emandako dirulaguntzatzat joko da ondorio guztietarako.
b) Establezimenduaren kalitate turistikoaren Q ziurtagiriaren antzinatasuna:
–Ziurtagiri berriak: 15 puntu.
–Kalitate turistikoaren Q ziurtagiria zein urtetan lortu zen: puntu bat urte bakoitzeko, eta gehienez ere 15 puntu. Hilabetea eta eguna ez dira kontuan hartzen, urtea bakarrik.
c) Establezimenduak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta duen antzinatasuna: puntu 1 urte bakoitzeko, eta 10 puntu gehienez (hilabetea eta eguna ez dira kontuan hartzen, urtea bakarrik).
3. Berdinketarik badago, lehenbizi, azkeneko 5 urteetan jasotako dirulaguntzei begiratuko zaie. Epe horretan diru gutxien jaso duten establezimendu turistikoek izanen dute lehentasuna. Berdinketak bere horretan iraunez gero, Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzioaren antzinatasuna hartuko da aintzat (hilabetea eta eguna ere hartuko dira kontuan), eta establezimendu zaharrenek izanen dute lehentasuna.
4. Deialdiaren zerbitzu kudeatzaileak ofizioz eskuratuko du onartutako eskaerei baremoa aplikatzeko behar den informazio guztia.
Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusian dauden datuen arabera banatuko dira a) eta c) apartatuetan ezartzen den puntuazioa.
Eta b) apartatuan ezartzen den puntuazioa banatzeko, aintzat hartuko da Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuaren web-orrian dagoen informazioa (http://www.calidadturistica.es/), onartutako eskabideak ebaluatzen direnean.
7. oinarria.–Izapidetzea eta laguntzak emateko ebazpena.
1. Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak jasotzen diren eskaerak aztertuko ditu eta, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, enpresa interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta gehienez hamar egun balioduneko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, eta dagokion ebazpena idatziko dela.
Behin egiaztatuta eskaerak osorik eta zuzen daudela eta 4.3 oinarrian ezarritako proiektu diruz lagungarri bati dagozkiola, eskaerak 6. oinarrian ezarritakoari jarraituz balioetsiko dira. Onartutako eskaeren arteko lehentasun ordena lortutako puntuazioaren arabera zehaztuko da, altuenetik txikienera, eta kasuan kasuko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatuko, 4. oinarriaren 2. eta 4. puntuetan ezarritakoarekin bat.
2. Aurrekontuan diru aski ez egotearen ondorioz funtsak eskaera bati dagokion dirulaguntza adinakoak ez direnean, zerbitzu kudeatzaileak ondoriozko dirulaguntzaren proposamenaren berri emanen dio enpresa eskatzaileari. Enpresak 5 egun baliodun izanen ditu jakinarazi zaion dirulaguntzaren proposamena onartzeko edo ukatzeko:
–Enpresak ez badu jakinarazten epe horretan hura onartu edo ukatzen duen, ulertuko da proposamena onartzen duela eta espedientearen tramitazioak aurrera eginen du.
–Enpresak dirulaguntzaren proposamena onartzen ez badu, hurrengo eskaera ebaluatu eta aztertuko da, eta, hala badagokio, berriz modu berean jokatuko da.
Dirulaguntzak lehen adierazitakoari jarraituz esleitu ondoren deialdiaren aurrekontuko dirua agortzen denean, gainerako eskaerak berariaz ezetsiko dira.
3. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua deialdiaren organo kudeatzailea da dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa egiteko eta antolatzeko, eta behar den ebazpen proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.
4. Dirulaguntzak emateko ebazpenaren gaineko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Dirulaguntza emateko ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta, epe hori iraganik berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.
5. Dirulaguntza emateko ebazpenen aurka edo berariazko edo ustezko ukoen aurka, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
8. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
1. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9.e) artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.
Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, enpresa onuradunak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori, ez bada enpresak berariaz horren aurka agertzen direla. Kasu horretan, enpresek aipatutako frogagiriak aurkeztu beharko dituzte.
2. Dirulaguntza eman dela dioen ebazpena jakinarazi eta handik hilabeteko epean, dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, dirulaguntzaren fitxan dagoen ereduaren arabera; hori guztia, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek arautzen baititu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du. Betebehar horrek entitate eta pertsona juridikoei eragiten die, baina ez pertsona fisikoei.
3. Dirulaguntzaren xedeko jarduketak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan. Egindako jarduketen justifikazioa 2019ko abenduaren 9a baino beranduago aurkeztuz gero, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
4. Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak, bai eta deialdian ezarritako gainerako baldintzak ere.
5. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea dirulaguntzari uko egiten zaiola, dirulaguntza ematen dion ebazpena jaso eta 10 egun balioduneko epean gehienez ere, establezimendua ez bada aurkeztuko dagokion auditoretzara.
6. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea zer “de minimis” laguntza jaso duen entitate onuradunak aurten eta aurreko bi zergaldietan, eta, kasua bada, zer beste dirulaguntza eskatu eta lortu duen dirulaguntzaren xedeko kontzeptu berengatik.
Oinarri honen 4., 5., 6. eta 6. apartuetako komunikazioak posta elektronikoaren bidez eginen dira, turismo.ayudas@navarra.es helbidera idatziz.
7. Egindako gastua Nafarroako Gobernuak diruz lagundu duela aditzera ematea. Horretarako, entitate onuradunaren webgunean testu hau jarriko da: “Establezimendu honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortu eta mantentzeko 2019ko deialdian”. Testua webgunean izanen da ikusgai dirulaguntzaren xede izan zen ziurtagiriaren balio-aldi guztian zehar.
Enpresa onuradunaren sustapena egiteko materialean kalitate turistikoaren Q logoa ezartzen bada, material horietan goiko paragrafoa ere ezarri beharko da, edo antzeko edukia daukan beste bat.
Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo diru hori itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
9. oinarria.–Egindako jarduketak frogatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.
1. Justifikazioa aurkezteko epea eta modua.
a) Edozein unetan egiten ahalko da justifikazioa, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik. Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2019ko abenduaren 15a izanen da, egun hori ere barne.
b) Justifikazioa telematika bidez aurkeztuko da nahitaez, pertsona juridikoen kasuan eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eta telematika bidez, lehentasunez, pertsona fisikoen kasuan; ondorio horietarako, eskaerak aurkezteko 5.2 oinarrian ezarritakoa hartuko da kontuan.
c) Justifikazioa laguntzaren fitxan ageri den berariazko justifikazio inprimakia erabiliz aurkeztuko da, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.
2. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.
Diruz lagundutako jarduketak amaitu ondoren, enpresa onuradunek justifikatu beharko dute jarduketa horiek egin direla, eta, horretarako, laguntzaren fitxan eskura daitekeen berariazko justifikazio inprimakia aurkeztu beharko dute, ondoren aipatzen den dokumentazioarekin batera, behar bezala identifikatutako agiri bereizien bidez eskaneatuta.
1.–Fakturen zerrenda, laguntzaren fitxan ezarritako ereduaren araberakoa.
2.–Diruz lagundutako jarduketa guztiei dagozkien fakturen kopia; fakturak fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira, eta, betiere, dirulaguntzaren enpresa eskatzailearen edo, hala bada, onuradunaren izenean jaulki beharko dira.
3.–Fakturak ordaindu izanaren bankuko frogagiriak. Eskudirutan egindako ordainketak ez dira onartuko.
4.–Kalitate turistikoaren Q marka lortu izanaren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak (EKTI) edo beste erakunde eskudun batek luzatua, edo ziurtagiria mantentzeko edo berritzeko auditoretza gainditu izanaren ziurtagiria.
5.–Establezimendu turistikoaren webgunearen informazioa, egiaztatzeko enpresak publizitatea egin duela lortutako dirulaguntzari buruz, eta hala badagokio, egindako promozio-materialaren agirizko froga, betebehar hori bete dela egiaztatzeko, 8.7 oinarrian ezartzen denarekin bat etorriz.
6.–Adierazpena, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruz: dirulaguntza honetaz aparte jarduketak finantzatu dituzten funtsen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa adierazi behar dira; funts berekiak, bestelako baliabideak, bestelako dirulaguntzak edo diruz lagundutako jarduketak sortutako diru-sarrerak izan daitezke. Adierazpen hori justifikazio inprimakian dago.
10. oinarria.–Dirulaguntzaren ordainketa.
Frogagiriak aurkeztu, aztertu eta onartu ondoren emanen da dirulaguntza ordaintzeko ebazpena, aurreko oinarri arautzailean ezarritakoari jarraikiz.
Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da; aurretik, deialdiaren organo kudeatzaileak egiaztatu behar du gastuak aurkeztutako proiektuarekin bat datozela, justifikazioa puntu guztietan zuzena dela eta dirulaguntzaren xedea bete dela.
11. oinarria Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.
1. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira onuradunek jarduketa berberetarako jaso dezakeen beste edozein laguntzarekin.
Jarduketa hauetarako jasotako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
2. Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein alditan.
Horretarako, entitate eskatzaileak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.
12. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren dirulaguntzak laguntzaren fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, enpresa onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
13. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.
Iragarkiaren kodea: F1902422
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
