44. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRULAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

13E/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana. Honen bidez onesten da “Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia, 2019an artxibatze sistema propioa abiarazteko eta/edo finkatzeko”. DDBN identifikazioa: 439081.

Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legeak 28. artikuluan ezartzen du, Nafarroako Artxibo Sistemaren parte izateagatik, toki entitateak behartuta daudela tratamendu egokia bermatuko duten arau eta prozedurak aplikatzera, beren jardunean sortu edo jasotzen dituzten dokumentuak ekoitzi, kudeatu, antolatu, kontserbatu eta zabaltzeari dagokionez. Betebehar hori zuzenekoa da 15.000 biztanletik gorako udalerrientzat, hau da, foru legearen arabera beren udal artxiboaren zerbitzua eurak antolatzeko gauza direnentzat, eta horregatik ematen zaie antolaketa arloko berariazko eginkizun eta ezaugarri multzo bat (29. artikulua); aldiz, laguntza handiagoa emango die artxibo arloan eskuduna den departamentuak biztanle gutxiagoko toki entitateei (30. artikulua).

Nafarroako Artxibo Sistemako kide diren aldetik, toki entitateek eskubidea dute, aurrekontuko posibilitateen arabera, eta hitzarmen eta laguntza publikoen bidez (11. artikulua), Foru Komunitateko Administraziotik jasotzeko honako hauetarako lankidetza: agiriak kontserbatzea eta zaharberritzea, artxiboko langileen prestakuntza, artxiboen instalazio materialen hobekuntza, dokumentazioa tratatzea fase guztietan, eta teknologia berriak ezartzeko informazioa eta aholkularitza.

Foru agindu honen helburua da epe luzeko prozesu bat abiaraztea, ahalbidetuko duena Nafarroako toki entitateek artxibatze sistema finkatu eta eraginkorrak izatea, bermatuko dutenak toki entitate bakoitzak duen agiri ondarearen ardura egokia, ekainaren 10eko 50/2016 Foru Aginduko jarraibideekin bat (haren bidez onetsi ziren 15.000 biztanletik beherako Nafarroako toki entitateen artxiboak antolatu eta kudeatzeko jarraibideak). Orobat, foru agindu honen helburua da artxibatzeko zerbitzu jardueraren ikusmolde zabala sustatzea, presentzia izanik tramitazio administratibotik beretik, arreta emanez administrazio, informazio edo kultura beharrei.

Horren guztiaren ondorioz, egoki da lankidetza ematea bitarteko ekonomikoz hornitzeko toki entitateek planteatutako ekimenak, horien behar bereziekin bat, helburu dutela artxibatze sistemak araudira egokitzea, artxibatze zerbitzu publiko egonkorrak finkatzeko, batez ere agiri funtsen antolakuntzari eta kudeaketari dagokienez, 50/2016 Foru Aginduko jarraibideekin bat.

Foru agindu hau zuzen aplikatzearen eta garatzearen ondorioetarako, hau joko da “toki entitate baten artxibatze sistematzat”: erakunde esparru horretan gauzatzea agiriak tratatzeko politika baten definizioa eta aplikazioa, bere baitan hartuko dituena bulegoetatik hasi eta artxibatze historikoraino, ulerturik ezen agirien tratamenduari buruzko politika hori, entitate bakoitzak aplikatuko duena, oinarrituko dela, oro har, 50/2016 Foru Aginduan agertzen diren jarraibideetan. Honako honi esaten zaio “toki entitate baten artxibatze sistemarako proiektua”: zehaztutako politikaren arabera, toki entitateak aurreikusitako faseen segida zehaztea, oraingo artxiboa egokitzeko 50/2016 Foru Aginduan oro har jasotako jarraibideetara. Azkenik, “artxibatze programa” honako honi esaten zaio: dirulaguntza eskaeraren xede den jarduketa zehatza, urtebetekoa edo gutxiagokoa, bat etorriko dena artxibatzeko sistema proiektuko elementu bat edo batzuk osorik edo partez betetzearekin.

Horrenbestez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Nafarroako Artxibo eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, artxibatze sistema propioa abiarazteko eta/edo finkatzeko. Oinarriak foru agindu honen eranskinean azaltzen dira.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 60.000 (hirurogei mila) euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2019ko gastuen aurrekontuko “Toki entitateen artxiboetarako dirulaguntzak” izeneko A21002-A2200-7609-332100 partida ekonomikoaren kargura.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A21002-A2200-7609-332100: Toki entitateen artxiboetarako dirulaguntzak

2019

60.000,00

3. Deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta haren aurka toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko otsailaren 7an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

ERANSKINA

Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, artxibatze sistema propioa abiarazteko eta/edo finkatzeko

1. Xedea.

1.1.–Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko arauak ezartzea, artxibo sistemetan inbertsioak egiteko, ekainaren 10eko 50/2016 Foru Aginduarekin bat (haren bidez onetsi ziren 15.000 biztanletik beherako Nafarroako toki entitateen artxiboak antolatu eta kudeatzeko jarraibideak). Helburu orokorrarekin bat, deialdia bi alderditan gauzatzen da:

–Artxibatze sistema propioa edukitzeko proiektuak egitea.

–Toki entitate baten artxibatze sistema baterako proiektu batean txertaturik dauden programak gauzatzea, lagunduko dutenak artxibatze sistema propioa ezartzen eta/edo finkatzen.

1.2. Honako hauek izango dira dirulaguntzaren xede:

1.2.1. Proiektu bat prestatzea toki entitateak artxibatze sistema propioa izateko, non zehaztuko baita agiriak tratatzeko politika berariazko bat eta hura ezartzeko aurreikusitako fase segida bat, egungo egoeraren diagnostikoarekin bat, erreferentziatzat hartuta 50/2016 Foru Aginduan oro har jasotako jarraibideak.

1.2.2. Programa zehatzak gauzatzea, honako alderdi hauek jasoko dituztenak, erreferentziatzat hartuta 50/2016 Foru Aginduan oro har jasotako jarraibideak:

a) Agiri funtsak antolatzea edo berrantolatzea, baita eguneratze lanak egitea ere, lehendik baden agirien antolaketa bati jarraipena emateko eguneratzearen bidez.

b) Artxibatze sistema mantentzea. Artxibatze sistema artxiboa kudeatzeko, erabiltzaileei arreta emateko eta bulegoei (baita toki entitate batzuek partekatzen dutenei edo mankomunatuta daukatenei) aholkua emateko lan egonkorra dela ulertuko da.

c) Deskribapen tresnak (inbentarioak edo katalogoak) sortzea, eguneratzea edo hobetzea, funtsak deskribatzearen bidez, deskribapen tresna informatizatuak lortzeko helburuarekin.

d) Deskribapen tresnak (inbentarioak eta katalogoak) eta sailkapen koadroa egokitzea 50/2016 Foru Aginduko jarraibideen formatuetara eta kodetzera.

e) Agiriak ebaluatzeko azterlanak, ulerturik funtsak kontserbatzeko edo ezabatzeko politika orokor baten barnean daudela, ekainaren 14ko 51/2016 Foru Aginduarekin bat (horren bidez onetsi ziren Nafarroako toki entitateen dokumentuak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).

f) Balio historikoko agiriak edo bolumenak zaharberritzea eta prebentziozko kontserbaziorako ekintzak.

g) Zabalkunde kulturaleko jarduerak, artxiboko agiriei buruz.

h) Artxibatzeko agiriak digitalizatzea, soil-soilik jatorrizko agiria babesteko, inoiz ez haiek ordezteko, betiere agiri funtsa aldez aurretik euskarri informatikoan antolatua eta deskribatua badago. Oro har, digitalizazioaren xedeko agiriak 40 urtetik gorakoak izango dira, baina antzinatasun txikiagoko agiriak digitalizatzeko programa zehatzek ere har ditzakete dirulaguntzak, baldin ebaluatu badira eta kontserbazio iraunkorreko segiden zati badira. Kontserbazio iraunkorreko artxibo digital baten sorrera jasoko dute programek, egoki diren segurtasuneko kopia digitalekin, eta Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren web-orrian argitaratutako agindu teknikoak beteko dituzte.

1.3.–Eskaerak ez dira deialdi honen barnean sartuko baldin haien xedeko artxibatze sistemarako proiektuek ez badituzte erreferentziatzat hartzen 50/2016 Foru Aginduan oro har jasotako jarraibideak.

Oro har, proiektuak kanpoan geldituko dira baldin sarturik ez badaude toki entitatearen artxibatze sistema proiektu batean, edo hartan sartzeko konpromisorik ez badute, halako moduz non bermatuko den mantenduko direla agiri funtsak antolatzeko, kontrolatzeko eta kontserbatzeko gutxieneko baldintzak, baita horiek ikustekoak ere, orain eta etorkizunean, 50/2016 Foru Aginduko jarraibideekin bat.

2. Entitate onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Oinarri hauetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan daitezke Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, halakotzat harturik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan deskribatutakoak.

2.2. Nafarroako Foru Komunitateko udalez gaindiko entitateen kasuan, onuradunak izan daitezke baldin laguntza eskatzen badute udalez gaindiko edo mankomunatutako proiektuak edo programak egiteko.

2.3. Entitate eskatzaile guztiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

2.4. Oraindik artxibatzeko sistema proiekturik izan gabe programa baten onuradun diren toki entitateek frogatu beharko dute proiektua zehazteko konpromisoa, baita dirulaguntzaren xede den programa operatiboa izatekoa ere.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Dirulaguntzaren zenbatekoa proiektu edo programaren gastuen %40 finantzatzeko behar dena izango da (BEZa barne). Aplikatu beharreko BEZa deialdia argitaratzen den egunean indarra duena izango da. Onuradun bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko laguntza 5000 eurokoa izango da. Eskaeraren xedea baldin bada arriskuan den agiri-ondarean aplikatu beharreko proiektu bat, dirulaguntzaren zenbatekoa handitzen ahalko da, %60 arte, betiere behar bezala justifikatzen bada eta ezarritako gehieneko laguntza gainditzen ez bada (5.000 euro).

3.2. Toki entitate onuradunen batek laguntzari uko egiten badio edo, edozein arrazoirengatik, hasiera batean emandako diru kopuruak askatzen badira, kopuru hori dirulaguntzarik lortu ez duten toki entitateei ematen ahalko zaie, deialdi honen 7. oinarrian adierazitako balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, aurrekontu guztia banatu arte, betiere 3.1 oinarrian onuradun bakoitzeko ezarritako diru-muga gainditu gabe. Kasu horretan, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak aukera horren berri emango die interesdunei, dirulaguntzaren proposamena eskura dezaten hamar egun balioduneko gehieneko epean. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, Vianako Printzea-Kulturako zuzendari nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emango du eta jakinarazi egingo da.

3.3. Eskaera batzuen azken puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, berdinketa biztanle-kopuruaren arabera ebatziko da, lehentasuna emanez biztanle-kopuru txikiena daukaten tokin entitateei.

4. Aurrekontu zuzkidura.

Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren 2019ko ekitaldirako gastuen aurrekontuko “Toki entitateen artxiboetarako dirulaguntzak” izeneko A21002 A2200 7609 332100 partidaren kargura finantzatuko dira deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak, 60.000 euroko mugarekin, gehienez.

5. Eskaeren aurkezpena, eskatzen diren agiriak, eta betebeharrak betetzeari buruzko ziurtagiriak.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa), edo Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Laguntza hauekin loturik, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren jakinarazpen eta komunikazio guztiak telematikoki egingo dira, eta, horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala eta gaitutako helbide elektroniko (DEH) bat izatea.

5.3. Laguntzen fitxan dagoen ereduaren araberakoa izango da eskaera, eta, harekin batera, deialdi honetan parte hartzen duten toki entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Aurkezten den proiektuaren edo programaren helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu zehaztuak (BEZa barne) eta justifikazioa jasotzen dituen memoria xehatua. Memoriak xehetasunez azalduko du zein den hasierako egoera. Deialdiaren 1.2.2 a) atalean biltzen diren programak betearazteko eskaeretan, azaldu beharko da, laburki, antolaketa-lana den (lehen esku-hartzea), berrantolaketa bat den (dagoeneko baden antolamendu bat erreferentziazko araudiak definitzen dituen irizpideetara egokitzea, bere deskribapenarekin), edo gaurkotze bat den (artxiboa eguneratzeko jarduketa planifikatua, aldez aurretik izan den esku-hartze egoki batetik abiaturik).

b) Artxibatzeko lokalak deskribatzea, eta agiri funtsak identifikatzea, baita toki entitatearen artxiboan kontserbatzen diren deskribapen tresnak ere.

c) Eskaeraren xede diren artxibo lanak zer lantalderi edo enpresari esleitu behar zaizkion, bertako langileek horiek gauzatzeko prestakuntza teknikoa edo profesionala dutela frogatzea.

d) Beste edozein informazio osagarri, baita argazkiak ere, baldin eskatzailearen ustez eskaera justifikatzeko balio badu.

e) Dirulaguntzaren xede den proiektua edo programa, behin zehazturik edo gauzaturik, funtzionamenduan izateko konpromisoa frogatzea.

f) Entitate eskatzailearen adostasuna, eskaera aurkezteak bere baitan duena, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak behar diren egiaztapenak egin ditzan Ogasunean eta Gizarte Segurantzan, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateaz, baita behar den beste edozein ere.

g) Toki entitatearen Idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena deialdi honen xedeko lanetarako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu edo/eta jaso ote den, horren bitartez ziurtatzeko aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen aurkeztutako proiektuaren kostu osoa.

5.4. Dirulaguntzarako eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

6. Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta 2019an egiten direnak, dirulaguntza ematen denetik abenduaren 13ra arte (egun hau barne). Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izango merkatuko balioa baino handiagoa.

6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izango:

a) Artxiboko funtsei buruzko ikerketa historikoa.

b) Agirien transkripzioa.

c) Artxiborako lokalak egokitzeko edo hobetzeko obrak edo azpiegitura (apalategiak) eskuratzea.

d) Irudiak hartzeko edo agiriak erreproduzitzeko ekipamendu informatikoa, aplikazio informatikoa edo ekipoak eskuratzea.

e) Kutxak, karpetatxoak, etiketa itsasgarriak, usb memoriak/disko gogorrak, argazkietarako gutun-azalak eta abar, bai eta antzeko beste material batzuk ere.

7. Laguntzak emateko prozedura eta adjudikazio irizpideak.

7.1. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emango dira, oinarri honetan azaltzen diren balorazio irizpideak aplikatuz lortzen den puntuazioaren ondoriozko lehentasun ordenari jarraikiz, 3. oinarrian ezarritako mugekin.

7.2. Puntuazio handienetik txikienera arteko lehentasun hurrenkera bat ezartzearen ondorioetarako, eskaerak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

7.2.1. Proposamenaren kalitatea. Irizpide honengatik balorazio osoaren 40 puntu emango dira gehienez, eta balorazio elementu hauek hartuko dira kontuan:

–40 puntu gehienez, oinarri hauen 1.2.1 ataleko zehaztapenak dituen artxibatze sistema proiektu bat prestatzeko proposamenetarako (diagnostikoa, politika eta ezarpen faseen aurreikuspena), 50/2016 Foru Aginduan jasotako jarraibideen arabera.

–40 puntu gehienez, oinarri hauen 1.2.2 atalean jasotako programa zehatzen proposamenetarako, 50/2016 Foru Aginduan jasotako jarraibideen arabera. Balio hauen arabera puntuatuko dira:

  • Proposamenaren egokitasun maila 50/2016 Foru Aginduarekiko (20 puntu gehienez ere).
  • Abiapuntuko egoeraren azalpen argi eta zabala, hasierako balorazioa eta egin beharreko lanak barne (5 puntu gehienez ere).
  • Jarraikortasuna. Irizpide hau aplikatuko da programen proposamenetan, 2018ko dirulaguntza deialdiaren jarraipena diren kontuan hartuta (otsailaren 6ko 3E/2018 Foru Agindua) (15 puntu).

7.2.2. Biztanleria, 15.000 biztanleen mugaren arabera. Irizpide honi puntuazio osoaren 30 puntu dagozkio. Populazio tasa txikieneko toki entitateek aurkeztutako proiektu edo programei emango zaie puntuazio handiena, balio hauen arabera:

500 biztanle edo gutxiago

30 puntu

501 eta 1.000ra bitarte

20 puntu

1.001 eta 2.000 biztanle bitarte

15 puntu

5.001 eta 5.000 biztanle bitarte

10 puntu

5.001 eta 14.999 biztanle bitarte

5 puntu

7.2.3. Toki entitateen arteko elkarlana. Irizpide honi puntuazio osoaren 20 puntu dagozkio. Puntuazio handiagoa emango da baldin proiektu edo programa batek berarekin badakar toki entitate zenbaiten artxibatze zerbitzuen elkarlana. Balio hauen arabera puntuatuko dira:

–Toki entitate baten kontzejuetarako proiektu edo programen proposamenetarako, 5 puntu bitarte.

–Toki entitate desberdinen bi artxibo zerbitzuk parte hartzen duten proiektu edo programen proposamenetarako, 10 puntu bitarte.

–Toki entitateen hiru artxibo zerbitzu edo gehiago barne hartzen dituzten mankomunitateen edo udalez gaindiko entitateen proiektu edo programen proposamenetarako, 20 puntu bitarte.

7.2.4. Arriskuaren kalifikazioa. Irizpide honi puntuazio osoaren 10 puntu dagozkio. Arrisku handieneko kontserbazio-egoeran dagoen agiri ondarean aplikatu beharreko programei puntuazio handiagoa emango zaie, eta, nolanahi ere, 5.3 oinarrian jasotako memorian proposatzen diren soluzioak 50/2016 Foru Aginduan jasotako jarraibideen araberakoak izango dira. Balio hauen arabera puntuatuko dira:

Arrisku handia

10 puntu

Arrisku ertaina

5 puntu

Arriskurik gabe

0 puntu

8. Deialdia ebaztea.

8.1. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak txosten justifikatua emango du eskaera bakoitzari emandako puntuazioez.

8.2. Zazpigarren oinarrian ezarritako irizpideen araberako ebaluazioa egin ondoren, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak ebazpen proposamena egingo du eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren aurrekontuetako diru-mugak direla kausa deialditik kanpora gelditzen direnekin.

8.3. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emango dira, bi hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.4. Dirulaguntza hau emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira:

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/

Halaber, horren berri emango zaio eskatzaile bakoitzari, hark emandako gaitutako helbide elektronikoaren (DEH) bidez.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki-taulan ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea 39, Iruña).

8.5. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita; presuntziozko ezespenaren aurka, berriz, interesdunek zilegi izango dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, noiznahi ere isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita, administrazio prozedurari buruzko legediari jarraikiz. Horrek ez du alde batera uzten, kasua bada, Nafarroako Gobernuan aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

9. Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateek betebehar hauek izango dituzte:

9.1. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari idatziz komunikatzea dirulaguntza onartu dela. Hala, baldin dirulaguntza eman dela jakinarazten den egunetik hamabost eguneko epean onuraduna den toki entitateak ez badu berariaz hura onartzen, ulertuko da ezetsi egin dela.

9.2. Dirulaguntzaren xede diren programa eta/edo proiektuak egiteko bakarrik erabiltzea laguntza.

Ondorio horietarako, entitate onuradunak Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari komunikatu beharko dio programetan eta/edo proiektuetan gertatzen den gorabehera oro, gertatzen den unean berean, baldin horiek aldaketa ekartzen badute. Dirulaguntza jasotzen duten jardueretan edo haien kostuan edozein aldaketa egiteko, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta horrek baimena emango du baldin eta aldaketak ez baditu funtsean aldatzen dirulaguntzen xede diren jarduerak.

9.3. Jarduerak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin direla aipatzea egiten diren edozein eratako programetan, proiektuetan, agirietan edo iragarkietan.

9.4. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak jarduerak gauzatzen ari direla ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

9.5. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari. Jakin bezain laster emango da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

9.6. Organo emaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudunek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere.

9.7. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztea, erregistro telematikoaren bidez, dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, ordaindutakoa itzuli beharko du.

9.8. Onuradunek, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

10. Ordainketa egiteko modua eta epea.

Laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, eta, aldez aurretik honako agiri hauek bidali behar dira telematikoki 2019ko abenduaren 13a baino lehen:

a) Dirulaguntza jaso duen programa eta/edo proiektu bakoitzaren xedea betetzearen justifikazio-memoria.

b) Dirulaguntza jaso duen programa bakoitza gauzatzean sortu diren material zientifikoak eta teknikoak (datu baseen kopiak, zaharberritze txostenak, digitalizazio txostenak, eta abar). Haien formatuak Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren menpeko informazio sistemetan txertatzeko modukoak izango dira, eta, horretarako, harekin harremana izango da.

c) Egindako gastuaren fakturak edo horien kopia konpultsatuak.

d) Faktura horiek ordaindu izanaren agiriak.

11. Diruz lagundutako programen jarraipena.

Dirulaguntza jaso duten programen gauzatzea ikuskatzen ahalko du Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak, bai zuzenean bai berari atxikitako teknikarien bidez, eta, ondorio horietarako, lanak egiten diren tokietara sartu ahal izango dira, eta komenigarritzat jotzen duen informazio guztia eskatzen ahalko du.

12. Diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek interes soziala izatea Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

12.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

12.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

13. Beste dirulaguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin. Aplikatzekoa izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikulua.

14. Ez-betetzeak eta dirulaguntzaren itzulketa.

Onuradunak behar bezala justifikatu ezean onartutako programa gauzatu dela, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, aipatutako 35. artikuluarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da (42. artikulua eta hurrengoak).

15.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izango da.

16. Administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauek aplikatzeko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

17. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

Iragarkiaren kodea: F1902002