44. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTEKO ETA ESTERIBARKO UDALEN ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Etxeko laguntza zerbitzuak arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena

Uharteko eta Esteribarko Udaletako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzarrak, 2017ko abenduaren 22an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxeko laguntza zerbitzuak arautzen dituen ordenantza. Iragarki hori 2018ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 12an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan.

Uharten, 2019ko urtarrilaren 3an.–Mankomunitateko burua, Ana Labiano Ascunce.

ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

I.–ZIOEN AZALPENA

Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezartzen du “etxeko laguntza zerbitzua” emateak lehentasuna izanen duela.

Halaber, Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 1/2006 Foru Legean ezartzen da etxeko laguntza zerbitzua eman beharko dela gutxienez, Zerbitzu Orokorren Zorroan.

Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Zorroa 2008an argitaratu zen, eta etxeko laguntza zerbitzua prestazio bermatutzat jo zen, baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiendako.

Araudia aldatu denez, beharrezkoa da eguneratzea Uharteko eta Esteribarko Udaletako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Etxeko laguntza zerbitzuak arautzen dituen ordenantza, 2006an onetsi baitzen.

1. artikulua. Etxeko laguntza zerbitzuaren definizioa (ELZ).

ELZ Mankomunitatearen zerbitzua da, ohiko ingurunean beren oinarrizko premiak betetzeko mugak dituzten herritar guztiei zuzentzen zaie, eta banakako hainbat zerbitzu eskaintzen ditu; aldi baterakoa edo iraunkorra izan daiteke egoera bakoitzaren arabera, eta pertsona bere ingurunean ahalik eta hobekien integratzea, haren autonomia funtzionala handitzea eta bizi kalitatea hobetzea bilatzen du.

2. artikulua. Etxeko laguntza zerbitzuaren (ELZ) esku-hartzea zer printzipiotan oinarritzen den.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen printzipio orokorrekin bat, ELZren esku-hartzea printzipio hauetan oinarriturik dago:

–Erantzukizun publikoa: botere publikoek gizarte zerbitzuen eskuragarritasuna bermatuko dute, eta administrazioak bere gain hartuko du finantza, teknika, giza eta antolaketa arloan behar diren baliabideak bultzatzeko ardura.

–Unibertsaltasuna eta berdintasuna: botere publikoek bermatuko dute eguneroko jardueretan aritzeko mugak dituzten pertsona guztiek zerbitzua eskura izatea, betiere eskuratzeko baldintzak betetzen badira.

–Osagarritasuna: pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien atxikitzeko helburua duten beste zerbitzu eta baliabide batzuekin.

–Prebentziora bideratua: laguntza hartzen duen pertsonaren gaitasunen galera eragotzi edo murriztuko du, baita sostengu eta harreman sozialena ere.

–Autonomiaren sustapena: bultzatuko da eguneroko jardueretan parte hartzea eta familia inguruan eta komunitateko bizitzan moldatzea alor desberdinetan. Bultzatuko da nork bere erabakiak hartzea, bai eraman nahi duen bizimoduari, bai gogokoen dituen gauzak hautatzeari dagokionez.

–Laguntza pertsonalizatua eta osoa: ELZk norberari egokituriko laguntza eskainiko du, pertsonen gizarte premiak ezagutzeko aukera emanen duena, haiei modu orokor eta osoan erantzun ahal izateko.

–Malgutasuna: kasu eta egoera bakoitzean laguntza hobea eskaintzeko aukera emanen duten baliabideen konbinazioa eginen da.

–Elkartasuna: botere publikoen jarduketek populazioaren kohesio sozialari mesede egitera jo beharko dute, eta pertsonen arteko desberdintasunak errespetatzea eta onartzea bultzatuko dute, bizikidetza harmoniatsua izan dadin.

–Normalizazioa: ELZren lehentasuna izanen da pertsonak atxikitzea beren gizarte, familia eta inguru pertsonalean, eta bermatzea komunitatearen bizitzan parte hartzea, ahal delarik.

–Koordinazioa: baliabide instituzionalekin nahiz sostengu informaleko baliabideekin koordinazioa eginez, esku-hartzearen sinergia hobetu eta eraginkortasun maila handiagoa bermatuko da.

–Kalitatea: egiten den zerbitzua kalitatezkoa izanen da, zerbitzu horiek egiaztatzeko ematen diren kalitate arauetan garatzen diren baldintzak betez.

–Gizarte arloko boluntario lanaren sustapena: zerbitzua erabiltzen duten pertsonen sostengu sare informalaren atal gisa toki mailan parte hartzen ahal duena, herritarren elkartasun printzipiotik abiatuz.

3. artikulua. ELZko programaren ezaugarriak:

ELZ honelako zerbitzua da:

–Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu autonomia pertsonala falta duten pertsona edo familia taldeen premia sorta zabala betetzea.

–Normalizatzailea, inguruko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.

–Etxekoa, erabiltzailearen etxean egiten baita oroz gain.

–Integrala, bizikidetza unitateen beharrei osotasunean heltzen baitie.

–Prebentiboa, haren bidez ahalegina egiten baita gaitasun pertsonalen andeatze egoerak eta sostengu eta gizarte harremanen galerak eragozteko edo murrizteko, inor zentro batera eraman gabe hori beharrezkoa ez denean, salbu eta zentroan bizi kalitate hobea bermatzen bada.

–Osagarria, oinarrizko beste laguntza batzuekin bateratu baitaiteke, helburuak betetzeko.

–Akuilatzailea eta pizgarria, erabiltzailearen beharrak betetzen lagunduko duena, haren gaitasunak indartuz, aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz.

–Teknikoa, jarduerak teknikoki planifikatzen baitira eta profesional adituek taldean esku hartzen baitute, haien lana behar adina gainbegiratua izanik.

–Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak bere beharretara egokitutako programa eta segimendua behar baitu, bitarteko hoberenak batera erabiliz.

–Laguntza hartzen duten lagunen eta haien begiraleen lehentasunekiko errespetuan oinarritua.

4. artikulua. Xedeak.

Mankomunitate honen etxeko laguntza programak helburu hauek ditu:

–Pertsonak beren ohiko ingurunean ahalik eta denbora gehien eta ahalik eta bizi kalitate handienarekin atxikitzea, gisa horretara, behar bezalako aukera emanez, eragozten baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, horrek dakarren deserrotzearekin.

–Pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa lortzea, beregaintasun handiena izateko aukera eman beharrez, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasun eta autoestimua handitzea.

–Ohiko bizilekuan prestazio multzo bat eskaintzea, modu integralean eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea erraztu eta haietan sostengu emateko.

–Jarduketak koordinatzea osasun eta gizarte zerbitzuetatik esku hartzen duten profesionalen sarearekin, baliabide egokiak erabiliz eta aplikatuz, esku-hartzea eraginkorrago izan dadin.

–Hobetzea norberaren oreka pertsonala, beren familiarena eta inguruarena, familia, auzo eta adiskide loturak sendotuz; eta sostengu sare naturalen lankidetza handiagoa bultzatzea eta indartzea, bereziki familiarena, begiraleei behar bezalako sostengua eman diezaieten.

–Beregaintasun pertsonal eta sozialari eragiten dioten krisi pertsonal eta/edo familiarren unean uneko egoeretan laguntza ematea.

–Erabiltzaileen gizarte harremanak eta jarduketak haien komunitate ingurunean indartzea, sor litezkeen isolamendu eta bakartasun arazoei aurrea hartzeko.

–Komunitateko boluntarioen bidezko sostengu soziala bultzatzea eta bideratzea, zaindutako pertsonei lagun egiteko indargarria izan dadin.

5. artikulua. ELZren erabiltzaileak/hartzaileak.

ELZren erabiltzaileak izaten ahalko dira Uharteko eta Esteribarko udalerrietan erroldaturiko pertsona edo bizikidetzako familia unitate guztiak, bizia beren gain egiteko mugaturik badaude eta, horren ondorioz, beren kasa premia pertsonal eta sozialak estali ezinean badabiltza eta laguntza behar badute ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.

Erabiltzaile izateko tenorean hauexek dute lehentasuna:

–Beregain izateko arazoak dituzten adineko pertsonek.

–Beren autonomia pertsonalari modu larrian eragiten dion desgaitasuna dutenek.

–Familia unitateek, beren baitan adingabeak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten kideak dituztenek, eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan etxean berean behar bezalako zaintza eta arreta ematen ahal ez badiete edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxeko laguntza, haien garapen normal eta orekatsua bermatze aldera.

Salbuespenez, senideen etxean aldi baterako egonen diren mendeko pertsonei ere ematen ahal zaie laguntza, senide horiek Mankomunitateko udalerriren batean erroldaturik badaude.

Premia maila bera izanik, lehentasuna izanen dute kargaren eskala progresiboan prezio publikoaren %100 baino gutxiago ordaindu behar dutenek.

Mendekotasun onartua duten pertsonen arreta bermatzeko, lehentasuna emanen zaie haiei. Eskaera aurkeztean edo zerbitzua jaso bitartean mendekotasuna onarturik ez duten pertsonen kasuan, mendekotasuna onartzeko eskaerak egin beharko dituzte geroago.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak ezarriko du zein egun eta ordutan emanen duen arreta, eta aldaketak egin ahalko ditu erabiltzailearen egoera soziofamiliarra aldatzen bada, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan berean aldaketak gertatzen badira, eta/edo zerbitzuaren berehalako arreta behar duten egoerak sortzen badira.

6. artikulua. ELZn parte hartzen duten profesionalak:

Etxeko laguntza zerbitzuko lan talde oinarrizkoa profesional hauek osatuko dute:

–Gizarte-langilea: eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasua aztertu eta baloratzea, komeni den esku-hartze programa diseinatzea eta proiektua gainbegiratu, segitu eta ebaluatzea.

–Familia-langilea: horrenak dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion egitekoak, baita hari laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko du bere esku-hartze jarraituaren ondorioz egoerak duen bilakaerari buruz. Aipatu lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio.

–Administrazio-langileak: zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak eginen dituzte.

Prestazioa emateko beharrezkoa bada, beste langile batzuek esku hartu ahalko dute: gizarte-hezitzaileek, psikologoek, beste entitate sozialetako langileek, etab.

7. artikulua. Zerbitzua eskuratzeko irizpideak: mendekotasuna baloratzeko tresnak:

Mankomunitate honen etxeko laguntza zerbitzua nork nola eskuratu baloratzean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kontuan hartuko du:

–Onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko autonomia funtzionala duten eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak eta tresna bidezkoak egiteko.

–Sare naturalaren eta bereziki familiaren sostengua ote duten.

–Onuradun izan nahi duenaren egoera soziofamiliarra.

Horretarako, egungo araudiari jarraikiz indarra duten balorazio eskalak erabiliko dira.

8. artikulua. Zerbitzuen zorroa:

8.1 Etxeko laguntzaren barnean ondotik ematen diren jarduketak sartzen dira. Guztiak eman daitezke, edo baten bat bakarrik, zerbitzuaren ahalen arabera:

Zerbitzua egunean 2 orduz emanen da gehienez etxe bakoitzean, salbu eta zerbitzuaren beharrek besterik eskatzen badute, eta lan taldeak horri buruzko balorazioa egin ondoan.

8.1.1. Sostengu eta laguntza pertsonaleko jarduketak. Hona hemen, eguneroko oinarrizko zereginetan, sostengu pertsonaleko jarduketak:

a) Norberaren higienea:

–Oinarrizko garbiketa: aurpegia, eskuak, genitalak, aho-higienea eta orraztea.

–Bizarra kentzea (makina elektrikoarekin).

–Ohean eri direnen garbiketa.

–Bainua/dutxa.

–Pixoihalak aldatzea.

–Larruazala hidratatu eta haren egoera zaintzea.

–Oinen eta eskuen higienea eta zaintza (garbitu eta idortzea, azazkalak limatu eta/edo moztea, azal gogorra leuntzea, hidratazioa). Hortik kanpo dago diabetikoei edo tratamendu antikoagulanteak hartzen dituztenei azazkalak moztea.

–Ilea garbitu, idortu eta zaintzea.

–Iraizkinak biltzea (pixontziak/gauontziak). Baztertuta daude profesional kualifikatu baten esku hartzea behar duten jarduketa/zainketak.

b) Jantziak/oinetakoak:

–Janztea/eranztea.

–Oinetakoak janztea/eranztea.

–Jantziak eta oinetakoak gainbegiratzea.

c) Oinarrizko mugikortasuna:

–Ohetik jaikitzeko edo/eta etzateko laguntza.

–Tokiz aldatzea (ohea, jarlekuak, komuna).

–Etxean mugitzen laguntzea.

–Etxetik kanpo mugitzen laguntzea.

–Laguntza teknikoak aplikatzea.

d) Jarduketa soziosanitarioak:

–Gorputz-jarrerak aldatzeko laguntza, ezarritako protokoloei jarraituz.

–Hainbat patologiari egokitutako dieten kontrola eta jarraipena.

–Sendagileek agindutako botikak behar bezala hartzen direla begiratzea.

–Errezetak eta botikak jasotzea.

–Botikak prestatu eta ematea, xiringaz hartu beharrekoak izan ezik. Ez da orratzik duen gailurik erabiliko.

–Pertsonaren osasunari lotutako alderdiei (dietak, inkontinentziak, eskarak, oroimen galera...) erreparatzea, eta haren berri ematea lantalde profesionalari.

–Gaitasun fisikoak eta mugitzeko gaitasunak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (mobilizazio pasiboak, kremak, pomadak igurtziz ematea, material ortoprotesikoa jartzen laguntzea eta abar).

–Gaitasun kognitiboak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (oroimen ariketak, denboran eta espazioan orientatzekoak eta abar).

–Osasun arloko kontsultetara laguntzea.

–Aposituak aldatzea, osasun arloko profesionalen esku-hartzea behar ez denean.

8.1.2. Etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak. Hona hemen etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak:

a) Erabiltzailearen elikadurarekin ikusteko dutenak, hala nola:

–Elikagaiak prestatzen laguntzea.

–Elikagaiak atontzen laguntzea (berotzea, mahaia jartzea, janariak banatzea).

–Baxera eta/edo otordua prestatzean erabilitako tresnak bildu eta garbitzea.

b) Erosketari lotuak:

–Erosteko ohiturei eta antolaketari jarraipena egitea.

–Erosgaien zerrenda prestatzen laguntzea.

–Erosketak egitea.

–Erositakoa etxera eramatea.

–Erositakoa antolatzen laguntzea.

ELZn erosketa egiteaz ari garenean, eguneroko bizimoduari lotutako oinarrizko produktuak eskuratzeaz ari gara.

c) Erabiltzailearen oinetakoak, arropa eta etxea zaintzeari lotutakoak, hala nola:

–Arropa/oinetakoak garbitzen laguntzea.

–Arropa hedatu eta biltzea.

–Arropa lisatzea.

–Arropa/oinetakoak antolatu eta hautatzea.

–Armairuak txukuntzea.

–Arropa pasaratu eta konpontzea (botoiak, urratuak), joskintzako ezagutza berezirik behar ez bada.

–Arropa garbitzeko kanpoko zerbitzua behar izanez gero (garbitu eta lisatzea), erabilera arrunteko arropa sartuko da jarduera honetan.

d) Bizilekuaren mantentze-lanekin ikusteko dutenak, hala nola:

Jarduera/zeregin arruntak:

–Oheak egitea, erratzez garbitzea, xurgagailua pasatzea, mopa pasatzea, hautsa kentzea, lanbasa pasatzea, kristalak garbitzea.

–Etxetresna elektrikoak garbitzea: hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea.

–Sukaldea garbitzea.

–Komuna garbitzea.

–Erabiltzailearen logela garbitzea.

Jarduera/zeregin bereziak:

–Sabaiak eta paretak garbitzea.

–Gortinak, lanparak garbitzea.

–Etxetresna elektrikoak garbitzea (hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea izan ezik).

–Ateak, leihoak eta armairuak garbitzea.

–Orbanak garbitzea (etengailuak, eskutokiak, telefonoa, aulki-bizkarrak eta abar).

Etxeko konpontze lan errazak:

Etxeko konponketa lan errazetan eskulan xumea behar duten jarduerak sartzen dira, hau da, zenbait elementu ordeztu edo doitzea etxea behar bezala mantentzeko; betiere, kontuan hartuko da langileen laneko arriskuen prebentzioa.

Ez dira sartzen beste lanbide batzuen berariazko ezagutza edo teknikari baten esku-hartzea behar dutenak.

Etxebizitzako hornidura eta azpiegituraren egoera orokorra kontrolatu eta jarraitzea.

–Etxebizitzaren ekipamendua eta instalazioak behar bezala daudela eta funtzionatzen dutela egiaztatzea (gasa, elektrizitatea, hoditeria, berogailu sistema, telefonoa).

8.1.3. Laguntza psikosozialeko oinarrizko jarduketak. Laguntza psikosozialeko jarduketak dira laguntzazko prozesu batean egiten direnak, eremu pertsonal, familiar eta/edo sozialean azaldutako egoerak gainditzeko, lagundutako pertsonak baloratuak eta sare sozialeko kide senti daitezen.

a) Psikologiaren, gizartearen eta hezkuntzaren arloko jarduketak:

Hezkuntzaren ikuspegi eta estrategiatik, trebetasun, jokabide eta iaiotasun oinarrizkoak eskuratu, berreskuratu, ikasi eta erabiltzera bideratutako jarduerak eta lanak dira, erabiltzailearen eta bere ingurunearen autonomia ahalik eta handiena izan dadin:

–Jokabide eta egoera arriskutsuak identifikatzea eta haiek aldatzeko informazioa eta orientazioa.

–Laguntza teknikoak erabiltzeko orientazioa eta trebakuntza.

–Orientazioa etxeko antolaketan (gauzak eta elikagaiak antolatzea).

–Orientazioa, bizikidetza egokirako harremanak bultzatzeko (trebetasun sozialak, asertibitatea).

–Bizi ohitura osasungarriak erakustea (elikadura, norberaren higienea edo etxekoa, ariketa fisikoa).

–Nork bere burua zaintzeko eta beregain izateko ohiturak eta trebetasunak eskuratu eta garatzea. (Eguneroko bizimoduaren oinarrizko jarduerak eta instrumentalak).

–Prebentziorako trebetasunak eskuratu eta garatzea, eta etxeko jokabide eta egoera arriskutsuak aldatzea.

–Laguntza emozionala biziaren egoeretan (bakardadea/isolamendua, mendekotasuna/ahalmenak, osasuna edo autonomia galtzea, dolua).

–Autoestimua bultzatu eta sustatzea (norberaren irudia, onarpena, balorazioa eta konfiantza norberarengan).

–Familiaren dinamikan agertzen diren egoerak gainditzeko jarrera positiboak indartzea (errespetua, onarpena, entzutea).

–Norberaren interesen arabera, denbora okupatzeko jarduerak bultzatzea, jokabide aktiboa bultzatzearren (zaletasunak, hobbiak).

b) Familiari eta/edo zaintzaileei sostengu emateko jarduerak.

Familiaren eta/edo zaintzaileen lana lagundu eta bultzatzera bideratutako jarduera eta zereginak dira, erabiltzailea zaindu eta artatzearren.

–Laguntza teknikoen, baliabideen, prestakuntza jardueren eta sostengatzeko beste modu batzuen gainean informatu eta orientatzea.

–Orientazioa, aholkua eta jarraipena erabiltzailea zaindu eta artatzeko kontuen gainean.

–Jarraibide eta trebetasunak ematea zaintze eta artatze lanaren hainbat egoerari aurre egiteko eta sortzen diren errealitate berriei egokitzen laguntzeko.

–Nork bere burua zaintzeko jarraibide, trebetasun eta jarreretan lagundu eta orientatzea, baita estresari eta gainkargari aurrea hartzeko ere.

–Zaintzaileendako sostengu emozionala.

–Jarrera positiboak bultzatzea, elkar ulertzeko, parte hartzeko eta komunikatzeko.

c) Sostengu soziokomunitarioko jarduketak.

Erabiltzailea bizitza sozialean eta harremanetan, baita komunitatearen baliabideen ezagutzan eta erabileran parte hartzera bultzatzen duten jarduerak eta zereginak. Zehazki, honako jarduera eta zeregin hauek dira:

–Jarduera antolatuei eta baliabide komunitarioen erabilerari buruz informatu eta orientatzea.

–Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzera bultzatzea.

–Etxetik kanpo lagun egitea, kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.

–Komunitatea sentsibilizatzea mendekotasuna duten pertsonei buruz.

8.1.5. Sostengu teknikoko jarduketak eta laguntzarako beste baliabide batzuk. Sostengu teknikoko jarduketak eta laguntzarako beste baliabide batzuk hauek dira: etxebizitza erabiltzailearen beharretara egokitzeko bideratzen diren jarduketak, eta aldaketa batera edo ohiko etxebizitzatik ateratzera behartzen duten beste bizi egoera batzuetara jotzea.

a) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak:

–Etxean zaintzea eta autonomia bultzatzen duten laguntza teknikoei buruzko balorazioa, informazioa eta orientazioa.

–Etxea egokitzeko beharrei buruzko eta arrisku zein oztopo arkitektonikoak kentzeari buruzko balorazioa, informazioa eta orientazioa.

–Etxea erabiltzailearen egoeraren arabera egokitu eta antolatzeko orientazioa eta laguntza.

b) Laguntzazko beste baliabide batzuk:

–Etxean sostengu emateko beste baliabide osagarri batzuen gainean (materiala mailegatzea, larrialdiko telefonoa, eguneko zentroak) balorazioa, informazioa eta orientazioa ematea.

–Etxean egon beharrean, balorazioa, informazioa eta orientazioa ematea beste baliabide batzuen gainean.

8.2. Zerbitzuen zorroa aplikatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

–Zerbitzuen zorroa aplikatzeak zentzua du erabiltzailearekiko laguntza-harreman baten ingurumariaren barrenean, horixe baita haren xede nagusia. Alde horretatik, zorroko jarduerak ingurumari horretan sarturik daude eta, kasu bakoitzerako abiarazi den banakako esku-hartze planean oinarriturik, haien xedea izan daiteke sostengatzea, gainbegiratzea, lankidetzan aritzea, gauzatzea, heztea eta prestatzea.

ELZko lan taldeak zehazten dituen banakako esku-hartze planetan etxeko lanak egitea erabakitzen denean, beti ulertzen da profesionalen lana ez dela bakar-bakarrik zeregin hori egitea; aldiz, lotura hertsia du laguntza harreman bat ezartzearekin, eta horrek desberdintasuna finkatzen du merkatuan diren bestelako etxeko zerbitzuekin.

–Etxeko laguntza zerbitzuan, pertsonei arreta eta laguntza emateko jarduketak lehenetsiko dira.

–Zerbitzuen zorroa ELZn egin daitezkeen prestazio eta jardueren multzoa da, baina horrek ez du esan nahi kasu guztietan den-denak aplikatu behar direnik. Jarduerak Banakako Esku-hartze Planean zehazturik eta bildurik gelditu dira.

–Bestelako profesional kualifikatuak behar ez dituzten jarduerak eta lanak eginen dira, eta ohiko erabilerakoak diren espazio edo lekuetan bakar-bakarrik, behar-beharrezkoak direnean erabiltzailearen eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egin ahal izateko.

–Zerbitzuen zorroan aipatzen edo jasotzen ez diren jarduera eta lanak salbuespenez egiten ahalko dira, baldintza hauetan oinarriturik:

  • ELZko lantaldeak balorazio profesionala egitea.
  • Oinarrizko premia bat asetzea, ase ezean arrisku egoera bat piztu edo bizi baldintzen hondatzea ekartzen ahal baita.
  • Hura betetzeko beste aukera edo baliabiderik ez egotea.
  • Aldi baterako egitea, eta aldi berean beste aukera batzuk bilatzea, ohiko lan bilaka ez dadin.

–Zorroaren aplikazioa partez aldatzen edo eteten ahalko da, baldin eta erabiltzailearen nahiz profesionalaren segurtasun edo osasunari eragiten dieten arrisku egoerak gertatzen badira.

–Zorroa modu egokian aplikatzeko, nahitaezkoa izanen da zerbitzu espezializatuen arteko koordinazioa, batez ere osasun arlokoena, hala behar denean erabiltzailearen baimena izanda.

–Zerbitzuek erantzukizun eta lan banaketa berdina sustatuko dute, generoko bazterkeriarik gabe, erabiltzaileari eta bere familia eta gizarte inguruari dagokionez.

9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.

Finantzaketari aplikatzen ahal zaizkion irizpide eta printzipioak honako hauek dira:

–Zerbitzu unitatearen definizioa: ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko zenbat denbora ematen den etxean; gehienez ere bi ordu izanen da egun bakoitzean, legean ezarritakoarekin bat.

–Familia unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko erabiliko da PFEZan definitzen den familia unitatea:

  • Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.
  • Berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.
  • Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontza-loturarik edo bikote egonkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko apartatuan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Ahalmen ekonomikoa zehaztea: errenta eta gastu kengarriak:

–Errenta: PFEZa egitera beharturik dauden kideen azken deklarazioko edo likidazioko zati hauen batura hartuko da kontuan: zerga-oinarriaren zati orokorra (507 laukitxoa), aurrezkiaren berariazko zatiaren zerga-oinarria (8841 laukitxoa) eta errenta salbuetsiak (529 laukitxoa).

–Gastu kengarriak: honako hauek dira:

  • Ohiko etxebizitzako gastuak (gehienez ere 400 euro).
  • Ohiko etxebizitzaren, tutoretzapeko apartamentuaren edo gisakoaren alokairua.
  • Ohiko etxebizitza eskuratzeko maileguaren amortizazioa.
  • Ohiko etxebizitzan egin behar diren egokitzapenen edo berritzeen gastuak.
  • Langileria gastuak, langileak kontratatzen badira etxeko mantentze-lanak egiteko edo laguntza pertsonala emateko (gehienez ere 700 euro), beharrezkoa bada pertsona horien egoera soziosanitarioa dela eta. Mendekotasuna aitortzen duen ebazpena edo Udalaren gizarte zerbitzuen txostena aurkeztu beharko da hori frogatzeko.
  • Eguneko zentroko egonaldi gastuak (gehienez ere 400 euro) eta garraiobide egokitua ordaintzeko gastuak (gehienez ere 100 euro).

–Hileko per capita errenta garbia: aurreko kontzeptuak batu eta familia unitatea osatzen duten kideen kopuruaz eta 12 hilabetez zatituta sortzen dena.

Erabiltzailea PFEZaren aitorpena egitera behartua ez dagoenean, aurreko ekitaldian izandako diru-sarreren arabera zehaztuko da ahalmen ekonomikoa.

–Kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Zerbitzuaren kostu guztiak egotzi eta emandako laguntzaren guztirako kostuaren balioa, ordu bakoitzeko, zenbat den ateratzeko, honela eginen da:

Urtero zehaztuko da kostu zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko familia-langile baten kostua eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15, azken bi profesional horiek ere zuzenean parte hartzen baitute programaren kudeaketan.

Guztirako kostua lanaldi osoko familia-langile batek etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopuruaz (lanaldi horren %80) zatituta ateratzen da laguntza orduaren kostua.

  • Tarifaren oinarrizko unitatea: zerbitzua etxean benetan ematen iragandako ordua da tarifaren oinarrizko unitatea.
  • Laguntza orduaren kostuaren %50 izanen da prezio publikoa edo tarifa.
  • Prezio publikoa kargatzeko eskala progresiboa: karga-eskala familia unitatearen per capita errenta garbiari egotziko zaio, eta errenta horrek urteko OAEAParekiko (ondorio askotarako errentaren adierazle publikoa) gordetzen duen proportzioan oinarrituko da.

ERRENTA MAILAREN TARTEAK

TARIFAREN ESKALA

PCEG (Per Capita Errenta Garbia) < OAEAP

3 euroko tarifa finkoa, hilean

OAEAP < PCEG > %105 OAEAP

6 euroko tarifa finkoa, hilean

%105 OAEAP < PCEG > %120 OAEAP

Prezio publikoaren 0,15

%120 OAEAP < PCEG > %135 OAEAP

Prezio publikoaren 0,30

%135 OAEAP < PCEG > %150 OAEAP

Prezio publikoaren 0,45

%150 OAEAP < PCEG > %165 OAEAP

Prezio publikoaren 0,60

%165 OAEAP < PCEG > %180 OAEAP

Prezio publikoaren 0,75

%180 OAEAP < PCEG > %195 OAEAP

Prezio publikoaren 0,90

PCEG > OAEAParen %195

Prezio publikoa

10. artikulua. Esku hartzeko protokolo teknikoa.

Esku hartzeko protokolo teknikoak ondotik adierazten diren urratsak jasotzen ditu, eta haien edukia 1. eranskinean azaltzen da:

–Eskariaren harrera eta aurkezpena.

–Kasuaren azterketa.

–Egoeraren diagnostikoa.

–Banakako laguntzarako proposamena. Esku-hartzearen diseinua.

–Alderdien arteko konpromisoen formalizazioa.

–Esku-hartzearen hasiera.

–Segimendua eta ebaluazio jarraitua.

11. artikulua. Kudeaketa arauak: etxeko laguntza zerbitzua emateko administrazio prozedura.

a) Prozedura abiaraztea:

ELZ emateko prozedura ofizioz edo interesdunak eskatuta abia daiteke:

–Ofizioz. Prozedura ofizioz abiatzen bada, Mankomunitateko buruaren erabakiaren bidez izanen da, dela buruaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuek arrazoiturik eskatuta. Ofizioz abiatutako prozeduretan epea kontatzeko, noiz ematen den ofiziozko prozedura abiatzeko ebazpena, data hori izanen da hasteko eguna. Nolanahi dela ere, prozedurak bat eginen du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoarekin.

–Alderdi batek eskaturik. Alderdi batek eskaturik abiatuz gero, eskabideekin batera agiri honen 2. eranskinean aipatu dokumentazio administratiboa aurkeztu beharko da gutxienez, eta eskabidea behar bezala bete. Aipatu dokumentazioa gorabehera, espedientea tramitatzen den bitartean aurkeztutako eskabideari dagokionez egokitzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko dira.Eskabideak Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Uharten, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa ukatu gabe; eskabidea aipatu erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura tramitatzeko epea.

–Tramitazioa: interesdunari errekerimendua eginen zaio eskabideak eskatzen diren datu eta agiri guztiak biltzen ez baditu, falta direnak edo aginduzko agiriekin batera ekarri behar direnak aurkez ditzan, hamar eguneko epean, eta ohartaraziko da hala egin ezean eskariari uko egin diola ulertuko dela. Hala izanez gero, artxibatu eginen da tramite gehiagorik gabe.

Mankomunitatearen ELZko teknikari arduradunek, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, proposamen-txostena prestatuko dute, interesa duen bizikidetza unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna zehazteko.

Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZren eskaria ebazteko proposamen-agiria.

a) Ebazpena: Mankomunitateko burua da zerbitzua baiesteaz edo ezesteaz ebazpena emateko eskumena duen pertsona, beste inor espresuki eskuordetu ezean. Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, espedientea artxibaturik bukatuko da tramitea; aldiz, ebazpena aldekoa bada, sarreraren data edo zerbitzua hasteko eguna erabakiko da, baldin eta laguntza emateko ordurik badago. Ordurik ez dagoenean, kasua itxarote zerrendara pasatuko da. Ematen den ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxaron zerrendan sartu duten harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta orobat ebazpenaren kontra zein errekurtso diren bidezko.

Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, besteak beste:

–Zerbitzua ukatzen edo ematen den.

–Zerbitzua zein baldintzatan ematen den, eta gutxienez ere hauek:

  • Banakako arreta programa.
  • Egin beharreko lanak/jarduketak.
  • Laguntzaren iraupena.
  • Laguntzaren ordutegia.
  • Astean laguntza emateko egunak.
  • Mota: bermatua edo bermatu gabea.
  • Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.
  • Onuradunarendako ezarritako beste betebehar edo baldintza batzuk.
  • Ebazpenaren aurka aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.

Interesdunak hasitako prozeduretan, ebazpen espresurik ez bada, ezetsitzat joko da.

Aitzineko puntuak aipatzen duen ebazpenaz gain, prozedurari amaiera emanen diote atzera egiteak, uko egiteak eta iraungitzeko deklarazioak, baita ezustean gertatutako arrazoiengatik jarraipena emateko ezintasun egiazkoak ere.

b) Jakinarazpena:

Zerbitzua baietsita, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Jakinarazpen hori zerbitzuan sarrera izateko aginduaren pareko izanen da; bertan zehaztuko da zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion. Orobat, jakinaraziko zaie Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta dagokion profesionalari.

c) Iraungipena eta etena:

Iraungipena: honako egoera hauengatik gertatuko da:

–Interesdunak hala nahi duelako edo uko egin duelako.

–Zerbitzua behar diren baldintzak bete gabe eskuratzeagatik, edo une batetik aurrera betetzen ez dituelako.

–Ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

–Beste udalerri batera bizitzera joateagatik, zahar etxe batean sartzeagatik edo hiltzeagatik.

–Ezustean gertatutako arrazoiengatik zerbitzu ematen jarraitzeko ezintasunagatik.

–Hiru hilabete baino gehiagotan zerbitzua etenda edukitzeagatik.

–Egoera hobetzeagatik edo ELZren esku-hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.

ELZn baja emateko, erreferentziako profesionalak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian, erabiltzaileari dagozkion datuak eta baja emateko arrazoiak agertuko dira, baita zerbitzua emateko azken eguna ere.

Mankomunitateko buruak zerbitzua uzteko ebazpena emanen du, eta hartan agertuko dira arrazoia eta eguna.

Irteeraren arrazoiak bigarrena eta hirugarrena badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.

Etena: zerbitzua aldi baterako etetea izanen da ondorioa:

–Gehienez ere 3 hilabete iraunen du.

–Lehen hilabetean dagokion tarifa kobratuko da.

Salbuespenez, tokia eta arreta emateko ordutegia ere gordetzea baloratu ahalko du ELZko erreferentziako profesionalak, erabiltzailea egoera bereziki ahulean eta/edo premia larriko egoeran baldin badago.

Arreta ez bada ematen, Mankomunitateari egozten ahal zaizkion arrazoien ondorioz (ordezkapenik gabeko norberaren aferetarako egunak, oporrak eta/edo grebak), hilabete horretan familiari ez zaio kobratuko eman ez den arreta hori. Ez da horrela izanen zerbitzua aldi baterako eteten bada familiari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta.

Zerbitzua interesdunak eskaturik abiaraziko da berriz. Hilabete baino etenaldi laburragoetan, laguntza berehala berrezarriko da.

d) Ebaluazioa, jarraipena eta berrikuspenak:

–Jarraipena eta balorazioa:

Behin zerbitzua hasita, ELZko lantalde arduradunak eginen du kasuaren jarraipena, eta dagokion espedientean agertuko da.

Urtero, PFEZa aurkezteko eskatuko zaie erabiltzaileei, datu ekonomikoak eta tarifak eguneratzeko.

–Berrikuspena:

Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, erabiltzailearen egoera aldatu bada hasierako baiespena eman zenetik.

Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskari idatzia aurkeztu behar du, berak sinatua edo, bestela, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko profesionalak proposatu beharko du, baiespena ekarri zuen egoeran gertatu ahal izan diren gorabeherak ikusirik.

Zerbitzu egiteko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki entitateak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari egokiturik.

Nolanahi dela ere, aldaketa tramitatzeko, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.

e) Prozedura berezia:

Premia larriei erantzuteko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak proposamen arrazoitua eginez gero, berehala abiatuko da etxeko laguntza zerbitzua, deusetan ukatu gabe geroago tramitatzea, ezarritako prozedurari jarraikiz.

12. artikulua. Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.

a) Eskubideak: etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek honako eskubide hauek izanen dituzte:

–Banakako Esku-hartze Planaren berri izatea.

–Laguntza modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.

–Aukerako beste baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.

–Laguntzaren araubidean gerta litezkeen aldaketen berri garaiz izatea.

–Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.

b) Betebeharrak: etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Prestazioaren beharra pertsona, familia eta gizarte aldetik sorrarazten duten inguruabarrak baloratzeko eskatzen den informazio guztia ekartzea.

–Prestazioa garatzeko jarrera egokia eta laguntzailea agertzea.

–Banakako arreta programatik kanpoko lan eta jarduerak ez eskatzea.

–Zerbitzuko langileak haien duintasunari zor zaion begiruneaz tratatzea.

–Zerbitzuaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokion ordaina pagatuz, hala behar badu.

–Pertsona, familia, gizarte eta ekonomia aldetik bere egoeran gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea, baldin eta etxeko laguntza zerbitzua aldatzea, etetea edo iraungitzea badakar.

13. artikulua. Datuak babestea.

DBLOren 5. artikuluaren arabera, jakinaren gainean daude eskaeran erregistratu datu pertsonalak Datuak Babesteko Espainiako Agentzian inskribatua dagoen eta Uharteko eta Esteribarko Udaletako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen ardurapekoa den fitxategi batean sartuko direla, oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzak kudeatu beharrez. Eskatzen diren datu guztiak beharrezkoak dira zerbitzu eskaerari erantzuteko, eta eskabidea aurkezteak berez dakar baimena ematea horiek eskuratzeko eta aztertzeko, eta horien gaineko agiriak luzatzeko.

Mankomunitatearen Erregistro Orokorrari zuzendurik erabil daitezke datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak.

Bestalde, Mankomunitateari baimena ematen zaio fitxategi automatizatuetan sartzen diren datu pertsonal, ekonomiko eta sozialak beste xede batzuetarako erabiltzeko, hala nola estatistiketarako edo ikerketa zientifikorako, datu pertsonalak babestearen gaineko arloan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.

Datu pertsonalak erabiltzea beharrezkoa den kasuetan, bermatuko da betetzen direla datuak babesteari buruzko legeria eta, hala behar bada, arlo horretako araudi sektoriala.

1. ERANSKINA

Esku hartzeko protokolo teknikoa

ELZren esku-hartzea zehazteko beharrezkoa den esku-hartze profesionalaren prozesuak honako hauek behar ditu:

a) Eskaerari harrera egitea eta aurkeztea:

Profesionalaren eta eskatzailearen arteko lehen harremanari dagokio; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.

Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izanen du profesionalak.

Une hartan, baliabidearen berri ematen da, eta izan daitezkeen itxaropenak argitzen laguntzen du horrek; orobat, argibide eta aholku ematen da etxeko laguntzarako izan daitezkeen beste baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna eman liezaioketen bestelakoez.

Behin baloratuta komeni ote den baliabide hau aplikatzea, eskabide eredua emanen zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa.

b) Kasuaren azterketa: balorazio tresnak erabiliz, beste baliabide batzuekin koordinatuz (osasuna, hezkuntza...), etxean bisitak eginez eta erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solastatuz, baita onuradunak ekartzen duen dokumentazioaren bidez ere, informazioa biltzen da bizikidetza unitatearen egoera soziosanitarioaz eta pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko beste batzuek (auzoak, komunitatea) egoerari aurre egiteko dituzten baliabideez.

c) Egoeraren diagnosia, honako hauek zehazteko:

–Erabiltzailearen premiak.

–Erabiltzaileak bere kasa betetzen ahal dituen premiak.

–Hura laguntzen duen sostengu sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...) zer premia betetzen ahal dituen.

–Erabiltzailea etxean atxikitzeko behar direnetan zer premia gelditzen diren bete gabe, horietarik zenbat har litzakeen ELZk bere gain, eta horretarako zer beste baliabide behar liratekeen.

d) Banakakoendako laguntzaren proposamena edo esku-hartzearen diseinua, honako hauek zehazteko:

–Esku-hartzearen helburuak.

–Egin beharreko lanak/jarduketak.

–Laguntzaren maiztasuna.

–Esku hartu behar duten profesionalak.

–Laguntzaren ordutegia.

–Laguntzaren iraupena.

–Alderdien konpromisoak.

–Koordinazio premiak, bai barnean, segimendu jarraitua egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.

–Onuradunen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.

e) ELZk erabiltzaileei eta familiari eskaintzen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean, tarteko diren guztien dedikazio denbora.

f) Esku-hartzearen hasiera: zuzeneko laguntzarako langileen esku-hartzearekin abiatzen da, programatutakoa aplikatuz, eta malgutasun eta egokitasun maila handia izanik erabiltzailearen egoeraren bilakaerari dagokionez. Lehenbizikoan, funtsezkoa da hasierako laguntza egokia den baloratzea, baita bestelako sostengurik behar ote duen, eta laguntzarako ematen den denbora nahiz esku hartze planean ezarritako jarduketak aski ote diren. ELZren laguntzaren hasieran, prestazioaren lehen egunean, ELZko erreferentziako profesionala eta zuzeneko laguntzarako langileak izanen dira hartzailearen etxean, alderdi guztiek sina dezaten konpromisoen kontratua.

g) Etengabeko jarraipena eta ebaluazioa: segimenduan banakakoarendako proiektuan aldaketak egitea dakarten egoerak atzematen ahal dira. Funtsezko aldaketa bat izan bada, hala nola familia unitateko kideen aldaketa edo hobekuntza bat autonomian, gizarte eta familiaren sostenguan, sostengu ekonomikoan etab., kasuaren beste balorazio bat eginen da. Aldaketak beste baloraziorik ez badakar, hala nola ordutegiaren aldaketa, langileena etab., banakoarendako proiektuan aplikatuko da.

h) Itxaron zerrendan daudenen egoerak gehienez ere urtebetean berrikusiko dira.

Espedienteari ondoko agiriak gehituko zaizkio:

–Gizarte egoerari buruzko txostena.

–Mendekotasuna baloratzeko tresna.

–Zerbitzua abiatzeko proposamena.

–Banakako laguntzarako proiektuaren proposamena.

–Zerbitzuaren baldintzen gaineko dokumentua.

–Alderdiek konpromisoak hartuz gero, haien gaineko dokumentua.

Eskaria eta balorazio profesionala behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS) erregistratuko dira.

2. ERANSKINA

ELZ eskatzeko aurkeztu behar diren agiriak

ELZ hartzeko eskaria Uharteko eta Esteribarko Udaletako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistroan aurkeztuko da, eskabide eredua erabiliz, eta horri ondotik ematen den dokumentazioa gehituko zaio, familia unitatearen kide guztien gainean (9. puntuan ezarritakoari jarraikiz):

–Eskatzailearen NANaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.

–Norbanakoaren osasun txartelaren fotokopia.

–Osasun txostena eta, hala bada, onuradun izan daitezkeenen Desgaitasunaren Aitorpen Agiria, haien osasun egoera eta beren buruaz baliatzeko gaitasunaren maila egiaztatzeko.

–Erroldaren eta bizikidetzaren ziurtagiria.

–Azken ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenaren fotokopia. Egin ez badu, PFEZaren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta horrekin batean aurreko ekitaldiko diru-sarreren gordekinak (nominak, pentsio eta/edo bestelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak...), edo, halakorik ez bada, dagozkien diru-sarreren zinpeko aitorpena.

–Bankuko baimena, kontu zenbakia.

–9. puntuan jasotzen diren gastu kengarrien ziurtagiri behar bezala egiaztatuak, honako hauetatik heldu direnak:

  • Etxebizitzaren alokairua edo erosketa.
  • Familia unitateko kideen mendekotasunaren ondoriozko laguntza: eguneko zentroa, garraioa, etxeko lanak egitea, bestelakoak.

Bizikidetza unitatea nolakoa den, beste agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da, eskaeraren gaineko ebazpena emateko beharrezkoak badira.

Mankomunitatearen eskutan dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ezta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.

Iragarkiaren kodea: L1901245