43. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

11/2019 FORU DEKRETUA, otsailaren 13koa, hein batean aldatzen duena irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa.

ZIOEN AZALPENA

Irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez, onetsi zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa.

Departamentuko kontseilariak eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak proposatu dute egitura hori neurri batean aldatzea, zehazki Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuaren antolaketari eta egiturari dagokienez, atal batera murriztuko baita, eta unitate berri baten sorrerari dagokionez: Estatistika Atala-Lurraldearen eta Jasangarritasunaren gaineko Datuen Ekosistemaren Behatokia.

Atala sortzeko arrazoia da beharrezkoa dela ezagutzaren erreferentzia den gune bat izatea, baliagarria izanen dena Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak informazio garrantzitsua lortzeko politika transbertsalen aplikazioaren esparruaren barnean, politika horiek helburu izanik departamentuaren eta Nafarroako Gobernuaren beste departamentu batzuen jasangarritasuna, bai eta Europako eta nazioarteko politiken aplikazioaren esparruaren barnean ere.

Adierazitakoarekin bat etorriz, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko otsailaren 13an egindako bilkuran hartutako Erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Hein batean aldatzen da irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua, zeinak ezarri baitzuen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa. Hona aldaketak:

Bat.–3. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“3. artikulua. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren antolamendu orokorra.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, bere titularraren zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu:

a) Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusia.

b) Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia.

c) Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusia.

d) Idazkaritza Tekniko Nagusia.

e) Estatistika Atala-Lurraldearen eta Jasangarritasunaren gaineko Datuen Ekosistemaren Behatokia”.

Bi.–41. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“41. artikulua. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

1. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu:

a) Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzua.

b) Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzua.

c) Natur Ingurunearen Zerbitzua.

d) Lurralde eta Paisaia Zerbitzua.

e) Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoa.

f) Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzua.

2. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuek beren jarduketak koordinatuko dituzte, lan lerroak ezarriko dituzte eta jarraibide tekniko zehatzak emanen dizkiote Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuari basozaintzak behar bezala egin ahal ditzan natur ingurumenaren kudeaketan, zaintzan, ikerketan eta ikuskapenean esleiturik dituen eginkizunak.

3. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuek barne koordinazioa izanen dute Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuarekin, zerbitzu horren eskumenen esparruko arloetan”.

Hiru.–42. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“42. artikulua. Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala.

Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, kontuan hartuta transbertsala, integratzailea eta ezagutza sortzailea izan nahi duela, honako arlo hauetan:

a) Jasangarritasuna bultzatzea Gobernuaren politika guztietan.

b) Departamentuko gainerako unitateekin konpartitzen diren gai transbertsalen dinamizazioa sustatzea.

c) Barne koordinazioa, integrazioa, dagoen ezagutzaren kudeaketa eta zeharkako lana zuzendaritza nagusiko unitateen artean, eta departamentuko beste konexio eremu batzuekiko harremana.

d) Klimaren, lurzoruaren, eta beste baliabide natural batzuen ebaluazioa kudeatzea, eta degradazioaren aurrean hura babesteko azterlanak egitea.

e) Baliabide naturalen inbentarioen eta ebaluazioaren inguruko koordinazioa, eta lurzoruak degradatzetik babestearen arloko azterlanak.

f) Lurzoruei buruzko datu-baseak biltzen duen informazio edafologikoa kudeatzea, bai kartografikoa bai alfanumerikoa.

g) Ingurumen faktoreen jarraipen sareak diseinatu eta inplementatzearen inguruko koordinazioa, barnean direla meteorologia eta klimatologia.

h) Klima-aldaketaren arloko ezagutzaren jarraipena egitea, eta arlo horretako egokitze eta arintze neurriak garatzeko giltzarri diren eragileak dinamizatzea.

i) Agenda 21 Tokiko Ekintzako Planei eta tokiko jasangarritasunerako beste plan batzuei laguntza ematea.

j) Departamentuarteko batzordeen dinamizazioa eta jarraipena egitea.

k) Ingurumenaren arloko barne eta kanpo informazio eta ezagutzaren nukleo antolatzailea: web-orria, GIS eta informazio antolatu eta zabaltzeko beste tresna batzuk.

l) Informazio eskaerei erantzuteko zerbitzua ingurumenaren eta lurraldearen eta hirigintzaren gaietan.

m) Europako proiektuen jarraipena eta kontrola egitea, eta proiektu berriak definitu eta prestatzea.

n) Espainiako eta nazioarteko sareetan parte hartzea eta haien jarraipena egitea.

o) Ezagutzaren lankidetza harremanak ezartzea unibertsitateekin eta ikerketa zentroekin departamentuarekiko konexio arloetan.

p) Ingurumen hezkuntza eta sentsibilizazioa jasangarritasunaren arloan.

q) Laguntza ematea herritarren parte-hartzearen prozesuak definitzean, ingurumenaren eta lurraldearen antolamenduaren gaietan.

r) Berrikuntza kultura garatzea departamentuko arloetan, prospektiba eta lankidetza ekintzen bidez.

s) Eskudantzien esparruetan eskumena duten Administrazioko unitate organikoekin elkarlanean aritzea, helburuak modu hoberenean garatzeko.

t) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada”.

Lau.–43. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“43. artikulua. Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuaren egitura.

Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzua atal baten bidez egituratuko da, zehazki honen bidez: Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atala”.

Bost.–Kendu egiten da 44. artikulua.

Sei.–45. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“45. artikulua. Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalaren eskumenen esparru materiala.

Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak ditu ondoko arlo hauetan:

a) Jasangarritasuna bultzatzea Gobernuan garatzen diren politika orotan, gainerako zuzendaritza nagusi eta departamentuekiko koordinazioa eta lankidetza sustatuko dituzten lantaldeen bitartez.

b) Jasangarritasun neurriak proposatzea departamentuko instalazio, ekipamendu eta ekintzetarako, halako neurrien erreferente rola indartzeko gizarte aurrean.

c) Pausoak ematea Departamentuak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean duen presentzia indartu eta koordinatzeko lanen aurrerabidean eta tokiko agenteekiko nahiz kooperazio sareekiko harremanetan.

d) Ingurumen arloko diagnostikoak, auditoretzak eta neurriak aplikatzeko behar diren neurriak proposatu eta gauzatzea, udalerrien jasangarritasuna hobetzeko.

e) Laguntza ematea Agenda 21 Toki Jasangarritasuneko Ekintzako Planak prestatu eta garatzeko.

f) Nafarroako Toki Entitateen Jasangarritasunerako Sareko idazkaritzan aritzea.

g) Ingurumen hezkuntzako planen eta programen prestaketa, jarraipena eta gauzatzea.

h) Ingurumenaren eta lurraldearen jasangarritasunari buruzko programak eta jarduerak, prestakuntzakoak, zabalkundekoak eta hezkuntzakoak, planifikatu, koordinatu eta gauzatzea.

i) Sentsibilizazioko, ingurumen hezkuntzako eta ingurumeneko boluntariotzako ekintzak koordinatzea unitate eskudunekin, bereziki basozaintzarekin.

j) Sustatu eta babestea Departamentuak bultzatzen dituen plan, programa eta proiektuei aplikatzen zaizkien herritarren parte-hartze prozesuak eta beste departamentu batzuen koordinazioaren eta lankidetzaren beharra dutenak.

k) Herritarren partaidetzarako tresnen aplikazioa gainbegiratzea eta aholkuak ematea beste entitate batzuen proiektu, plan eta programetan, betiere ingurumenaren arloko politikan eragina badute.

l) Departamentuko kontseiluak eta aholku batzordeak dinamizatu eta koordinatzea, haietako idazkaritzetarako laguntza gisa.

m) Ingurumena zaintzeko laguntzaile eta boluntarioen jarduerak sustatu eta kudeatzeko behar diren ekintzak egitea natur inguruneko eta hiri inguruneko eremu guztietan, hala nola lankidetza sareak, komunitate birtualak, zientzia herritarra eta sare sozialak.

n) Klima-aldaketaren arloko ezagutzaren jarraipena egitea, eta arlo horretako egokitze eta arintze neurriak garatzeko giltzarri diren eragileak dinamizatzea, bai eta planak egitea ere klima aldaketa murrizteko eta hartara egokitzeko.

o) Herritarrek egindako informazio eskaerei eta kontsultei erantzuna ematea eta haiek ebaztea, lurraldearen, ingurumenaren eta hirigintzaren arloetan, kalitatezko arreta eta erantzun gardenak bermatuz.

p) Web aplikazio tematikoak sustatu, bultzatu eta kudeatzea, teknologia berriak komunikabide tradizionalen ordez ezartzeko eta departamentuarekiko komunikazioa, informazioa eskuratzea eta partaidetza errazteko teknikari, populazio-sektore edo, oro har, herritarrei.

q) Informazio alfanumerikoko eta geografikoko sistemak sustatzea, bultzatzea eta kudeatzea departamentuko informazioa ekoizteko, eguneratzeko, ustiatzeko eta zabaltzeko, esaterako SIUN eta SIAN.

r) Nafarroako lurraldeari buruzko informazio sistemetan departamentuaren partaidetza kudeatzea, eta sistema horietako informazio geografikoa mantentzeko laguntza ematea, galarazi gabe erakunde ordaintzailearekin lotutako eskumenak.

s) I+G+Bren jarraipen batzordeak koordinatzea eta Nekazaritzako I+G+Bren jarraipen batzordeko idazkaritza lanak egitea.

t) Departamentu honen eskumeneko arloetako inbertsioak koordinatzea Gobernuaren I+G+Bko urte anitzeko planetan.

u) Antena gisa jokatzea intereseko gaietan lehentasunezko lerroak identifikatzeko eta departamentuko arloetan proiektu aukerak identifikatzeko.

v) Proposamenak definitu eta prestatzea eta proiektuak dinamizatzea departamentuaren arlo estrategikoetan baliabideak bereganatzeko.

w) Beste departamentu batzuekin eta zentro teknologikoekin eta enpresekin harremanak izatea Europako proiektuetako partaidetza sustatzeko.

x) Departamentua eta hari atxikitako entitate publikoak partaide dituzten Europako proiektuen jarraipena eta kontrola egitea.

y) Baliabide publikoak kudeatzea proiektu propioak eta departamentuak sustatzen dituenak finantzatzeko.

z) Departamentuaren intereseko eta jardun eremu bereko arloetan Espainian eta nazioartean dauden sareetan parte hartzea eta haien jarraipena egitea.

aa) Europako seihilekoen jarraipena egitea, departamentuaren intereseko gaietan ministerioei laguntzeko eratzen diren autonomia erkidegoen batzordeetan parte hartuz.

bb) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak”.

Zazpi.–VI. kapitulu berri bat gehitzen da, honako edukia duena:

“VI. kapitulua. Estatistika Atala-Lurraldearen eta Jasangarritasunaren gaineko Datuen Ekosistemaren Behatokia.

92. artikulua. Estatistika Atala-Lurraldearen eta Jasangarritasunaren gaineko Datuen Ekosistemaren Behatokiaren eskumenen esparru materiala.

1. Estatistika Atala-Lurraldearen eta Jasangarritasunaren gaineko Datuen Ekosistemaren Behatokiak honako hauek eginen ditu ikerketa aplikatuaren esparru materialean: landa garapeneko, nekazaritzako, abeltzaintzako, ingurumeneko, lurraldearen antolamenduko eta toki administrazioko arloetako politika publikoen plangintza eta ebaluazioa, eta jasangarritasunaren helburuekin lotutako lurraldearen eraldaketa-prozesuen azterketa.

2. Unitate honen bidez, informazio garrantzitsua lortuko da politika transbertsalen aplikazioaren esparruaren barnean, politika horiek helburu izanik departamentuaren eta Nafarroako Gobernuaren beste departamentu batzuen jasangarritasuna, bai eta Europako eta nazioarteko politiken aplikazioaren esparruaren barnean ere.

3. Organo honen ardura da lurraldeari eta politika publikoei buruzko informazioa biltzea, aztertzea eta operatiboki aurkeztea, eta, horretarako, honako hauek eginen ditu:

a) Azterketa estatistikoak: mandatuaren gako-alderdietan (estrategikoetan) sakontzeko eta lurralde mailako (eskualdea, udalerria...) gai interesgarrietarako.

b) Azterlan kuantitatibo eta kualitatiboak: azterlan propioak (Behatokia), kuantitatiboak eta kualitatiboak, lurraldearen ikuspegi sozioekonomikoa eta ingurumenekoa izanik.

c) Beste departamentu batzuen datu eta txostenen azterketa: departamentuetako agiriak, planak eta azterlanak (kuantitatiboak eta kualitatiboak) ezagutzea, biltzea eta antolatzea. Nafarroako Gobernuaren departamentuetan oro har sortzen den informazioaren azterketa orokorra egitea, har daitezkeen erabaki eta estrategietan ekarpen baliotsua egiteko. Gainera, informazio gordailu hori bihurtu nahi da lurraldeari buruzko datuen iturri, sintesi txostenen bidez.

4. Foru dekretu honetan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren informazioaren esparruan aurreikusitako eskudantziak beteko ditu, eta, bereziki, eginkizun hauek:

a) Antolatzea, koordinatzea eta garatzea halako informazio sistema bat zeinak ahalbidetuko baitu datuen kudeaketa transbertsala eta integratua egitea, Nafarroako Gobernuaren planetan jasotako jasangarritasun helburuekin lotutako adierazleetarako, baita plan horiek Europako eta nazioarteko konpromiso eta jarraibideetara egokitzearekin lotutako adierazleetarako ere.

b) Atala arduratuko da gutxienez ere honako plan hauen datuen eta adierazleen azterketa emateaz:

i. Transbertsalak: Klima-aldaketaren Ibilbide-orria, Garapen Jasangarriaren Helburuen Agenda 2030, Landa Garapeneko Programa 2014-2020 eta Despopulazioa, Ekonomia Zirkularreko Agenda, Uraren Estrategia Integrala.

ii. Ingurumena eta lurraldearen antolamendua: Nafarroako Lurralde Estrategia, Hondakinen Plana, Ingurumeneko Koiuntura, etab.

iii. Landa garapena, nekazaritza eta abeltzaintza: Nekazaritza Politika Erkidea, Leader, Nekazaritzako Koiuntura, Prezioen Behatokia, Nekazaritzako Behatokia, RICAN (Nafarroako nekazaritzako kontabilitatearen informazio sarea), etab.

iv. Toki Administrazioa: tokiko finantzazioa eta inbertsioa, Nafarroako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzendaria, etab.

c) Adierazle, balantze eta estatistiken sistema bat prestatu eta mantentzea, ezagutzaren zabalkundea, gardentasuna eta departamentuko estatistiken koordinazio eta hedapena errazteko.

d) Atalak, edo beste erakunde edo entitate instrumentalek (barnean dela NASUVINSAri atxikitako Nafarroako lurralde behatokia) egindako txosten eta agiriak prestatzea eta koordinatzea.

e) Gobernuak bultzatutako eragiketa estatistiko, erregistro eta ebaluazio-proiektuetan parte hartzea.

f) Departamentuak Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistemari, SITNAri, eman beharreko informazioa kudeatzea, koordinatzea eta mantentzea, halako moduz non hobetuko baita departamentuaren informazioaren ekoizpena, eguneratzea, ustiapena eta zabalpena.

g) Datu alfanumerikoak kudeatu eta ustiatzea, banakako datu-baseetatik edo datu-base korporatiboetatik eta espedienteak kudeatzeko tresnetatik datozenak.

h) Informazio geografikoa eta departamentuak eskuratutako sateliteko irudiak kudeatu eta ustiatzea.

i) Departamentuko erabiltzaileentzako eta gako diren eragileentzako zabalkunde jarduerak proposatzea eta unitate eskudunei laguntzea eta haiekin koordinatuta aritzea, sustatzeko informazioaren teknologien erabilera eta garapena eta departamentuko gaien ezagutza, koordinaturik zuzendaritza nagusiekin eta gaian inplikatuen dauden atalekin.

j) Departamentuaren dokumentazio zentroa-liburutegia mantentzea eta kudeatzea, eta ikerketak, inkestak eta buletinak egitea, ahalbidetuko dutenak baliabideen ezagutza hobetzea eta zabaltzea, landa garapeneko, ingurumeneko eta lurraldearen antolamenduko esparruan.

k) Eskudantzia hauen esparruetan eskumena duten Administrazioko unitate organikoekin elkarlanean aritzea, helburuak modu hoberenean garatzeko.

l) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkionak”.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Xedapen gehigarri bakarra.–Unitateen iraupena.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atal mailatik beherako unitate organikoek berdin jarraituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekotasunez, egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte izan dituzten eginkizunekin bat.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren titularrari gaikuntza ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko otsailaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1902212