42. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

6/2019 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, Erreniegako hobietako memoriala Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen duena.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta horiei buruzko hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.

Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatu du prozedura abiatzea Erreniegako hobietako memoriala Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko. Erreniegakoa memorial bat da, Peio Iraizoz artistaren lana. 20 harriko multzo bat da eta 1936ko uztaileko kolpe militarraren ondorengo errepresioan, 1936 eta 1937 bitartean, Erreniega mendian erailak izan ziren 92 pertsonen aitorpena eta erreparazioa irudikatzen du. Harrietako bat erdian dago, desagertutako pertsona guztien oroimenez, eta beste hemeretzi haren inguruan, espiral ireki baten gisan. 92 erailak hemeretzi herritakoak ziren, eta herri horien isla dira harriak. Memoriala 2017ko azaroan inauguratu zen eta handik hilabete gutxira eraso basati bat pairatu zuen.

Erreniega gainean, Lizarra Iruñearekin lotzen duen errepidean, fusilamendu aunitz egin ziren; bertan eteten ziren, tragikoki eta modu itzulezinean, Nafarroako hiriburua helburu egindako presoen lekualdatzeak. Erreniegako hobitik gorpuak oso aspaldi hasi ziren ateratzen eta 40ko hamarkadan zenbait gorpuzki berreskuratu ziren. Baina lan nagusiak 60ko hamarkadaren bukaeran egin ziren, “desobiratze goiztiarrak” deitu izan direnen testuinguruan. Garai hartan hainbat gorpuzki berreskuratu ziren. Ondoren ez da kokapen berririk aurkitu ahal izan, nahiz eta hainbat unetan egin diren prospekzioak, izan ere, errepidean behin eta berriz egin diren lanek arrunt aldatu baitute paisaia. Erailketa masiboak izan diren beste toki batzuetan bezala, Erreniegako hobietako memorialak galderak egiten dizkio bisitariari, Nafarroak 1936ko estatu kolpearen ondoren bizi izan zuen terrorezko iraganari buruz eta diferente pentsatzea delitu bakar zuten ehunka lagunen kontra egindako garbiketa politikoari buruz.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez onartutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Erreniegako hobietako memoriala Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko prozedura abiatzea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan aurreneurriz idaztea, LM-2019-0008 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.

2. Prozedura abiatzeak berarekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

3. Kautelaz eteten dira zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta tokiaren gainean emanak leudekeenen ondorioak.

4. Kautelaz eteten da ondasunaren balioak arriskuan jartzen dituen esku-hartze oro.

5. Etete horiek mantenduko dira deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan ken dezake etete hori, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.

6. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen hau argitaratu ondoren. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen da ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, jendaurrean jarriz hilabetez, argitaratzen denetik hasita.

Epe horretan, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio egin ditzakete Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

8. Ebazpen hau jakinaraztea Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Nafarroako Memoriaren Institutuko Zerbitzuari, Zizurko Udalari, Asteraingo Kontzejuari eta Undioko Kontzejuari, eta pertsona fisiko eta juridiko interesdunei hilabeteko entzunaldia ematea, ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina, aurkez ditzaten beren eskubidea defendatzeko komenigarri iritzitako alegazio eta agiriak oro.

Pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

Iruñean, 2019ko otsailaren 22an.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Álvaro Baraibar Etxeberria.

ERANSKINA

Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):

–Erreniegako hobietako memoriala

–Katastroko erreferentzia: 310000000001140425HL.

–Kokatze kodea: 11-330-C.

Ondasunaren ukitutako zatiak:

Monumentu multzoa.

Mugatze kartografikoa:

(SITNA)

1.7424379428694448,42.735454171164236,762.864.

1.7423686735828106,42.735481552122586,764.453.

1.742297783842666,42.73543799824469,764.773.

1.7423143016444935,42.735376267990546,763.044.1.7424078839854418,42.73535478240234,761.69.

1.7424695681433544,42.735400486457,761.859.

1.74246874941526,42.73544100146512,762.864.

1.7424379428694448,42.735454171164236,762.864.

Balioen identifikazioa

Erreniegako hobietako memoriala adibide ona da, ikusteko nola elkarteen, toki entitateen eta Gobernuaren arteko lankidetzak bihur dezakeen lazturaren gune bat, zeinetan erail ziren Nafarroako 19 herritako ia ehun lagun, memoriarako, erreparaziorako eta hausnarketarako toki, 1936ko kolpe militarraren ondorioz Nafarroak bizi izan zuen iragan traumatikoaren karietara.

Titulartasuna

Jabea:

Asteraingo Kontzejua.

NANa/IFK:

P3137000J.

Ondasunarekiko bestelako erlazio edo eskubideak:

–Errentaria.

–Gozamenduna.

–Zortasunaren titularra.

–Beste batzuk.

Zehaztu:

Eskulturen jabea: Undioko Kontzejua.

NANa/IFK:

P3169000A.

Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak

Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

Berariazkoak:

Berariazko zehaztapena ondoko araudi garapenerako utziko da, departamentu eskumendunak hala behar dela irizten badio.

Kontserbazioaren barnean sartzen da eskultura- eta informazio-elementuak zaintzea eta lorategi bihurtutako tokia mantentzea.

Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da eta Nafarroako Memoriaren Tokien Mapan jasoko da.

Kautelazko babes-neurriak

Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

Berariazkoak:

Ez dira zehaztu.

Iragarkiaren kodea: F1902668