1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
5/2019 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, Olabeko hobia Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen duena.
Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta horiei buruzko hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.
Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatu du prozedura abiatzea Olabeko hobia Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta erregistroan inskribatzeko. Olabeko hobia memoriaren tokien behin-behineko inbentarioan dago, Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak 2017ko azaroaren 22ko bilkuran onetsitako horretan, alegia. Batzordeak berak lehentasunezko deklaratu zuen 2019ko otsailaren 1eko bilkuran eta Nafarroako memoria historikoaren toki gisa katalogatua izateko baldintzak betetzen ditu.
1938ko maiatzaren 22an Ezkabako Gotorlekuko espetxean izan zen ihesaldi handiaren ondoren izan zen errepresioarekin loturik gaur arte induskatu diren hobi komunetan handiena da. 795 giltzapetuk ihes egin zuten mendian barna, Frantzia helburu. Alabaina, berehala antolatu zen esetsaldia eta, ondorioz, arrakastarako aukerarik gabe gelditu zen ihesa. Hiru iheslarik baino ez zuten muga zeharkatzerik izan. Iheslarietako gehientsuenak atxilotu egin zituzten, baina 206 preso epaitu gabe erail zituzten eta soro, mendi eta hilerrietan ehortzi. Pertsona horiek nahierara hautatuak izan ziren, ez baitzuten egin gainerako iheslariengandik bestelakoa zen deusik. Beraz, xedea bereizkuntzarik egin gabe zigorra ematea zen.
Olabeko hobian hamasei iheslariren gorpuak ehortzi ziren eta oraindik ezin izan dira identifikatu. Hobitik gorpuzkiak 2016ko otsailean atera ziren. Ondoren, 2017an Olaibarko Udalak toki horretan hamasei lagun hauen oroimenerako gune bat ezarri zuen eta bertan egiten dira, halaber, ekitaldi memorialistak eta “Eskolak eta memoria” programako ekitaldiak. Gisa horretan, izuaren gune horri esanahi berria eman zaio, bizikidetzaren eta memoriaren gune bihurtuz.
Memoriaren multzoa 2016an hobitik atera ziren hamasei gorpuzkiak ehortzirik zeuden lubakiaren inguruan ezarri zen. Babesteko, inguru guztian soka bat ezarri zen, zurezko hesolei loturik. Haren oinetan Corten altzairuzko oroigarri bat dago, hamasei bao dituela, bertan eraildakoak irudikatuz. Multzoa monolito batek osatzen du. Multzoaren inguruko lurra hondarrez txukundu da.
Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez onartutako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Olabeko hobia Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko prozedura abiatzea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan aurreneurriz idaztea, LM-2019-0006 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.
2. Prozedura abiatzeak berarekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.
3. Kautelaz eteten dira zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta tokiaren gainean emanak leudekeenen ondorioak.
4. Kautelaz eteten da ondasunaren balioak arriskuan jartzen dituen esku-hartze oro.
5. Etete horiek mantenduko dira deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan ken dezake etete hori, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.
6. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen hau argitaratu ondoren. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen da ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, jendaurrean jarriz hilabetez, argitaratzen denetik hasita.
Epe horretan, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio egin ditzakete Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.
8. Ebazpen hau jakinaraztea Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Nafarroako Memoriaren Institutuko Zerbitzuari, Olaibarko Udalari eta Olabeko Kontzejuari, eta pertsona fisiko eta juridiko interesdunei hilabeteko entzunaldia ematea, ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina, aurkez ditzaten beren eskubidea defendatzeko komenigarri iritzitako alegazio eta agiriak oro.
Pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.
Iruñean, 2019ko otsailaren 22an.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Álvaro Baraibar Etxeberría.
Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena): –Olabeko hobia. –Katastroko erreferentzia: 310000000001309588MQ. –Kokatze kodea: 3-279. | Ukitutako ondasunaren zatiak: Multzo osoa. |
Mugatze kartografikoa: (SITNA) | 1.6026577264655315,42.88220549308767,506.321. 1.602702115444048,42.88206983319975,509.553. 1.6025239197527346,42.88203051192083,512.106. 1.6024779748049935,42.8821672783775,509.348. 1.6026577010650973,42.88220661841186,506.321. |
Balioen identifikazioa | Olabeko hobia da, 1938ko maiatzaren 22an Ezkabako Gotorlekutik ihes egin eta atxilotuak izan ondoren, epaiketarik gabe erail ziren presoen gorpuak ehorzteko hobirik handiena. 2016an atera ziren gorpuzkiak bertatik, eta 2017an Olaibarko Udalak oroimenerako eta bizikidetzarako gune bat ezarri zuen bertan, esanahi berri bat emateko tokiari. |
Titulartasuna | Jabea: Olaibarko Udala. Olabeko Kontzejua. | NANa/IFK: P3118800F. |
Ondasunarekiko bestelako erlazio edo eskubideak: –Errentaria. –Gozamenduna. –Zortasunaren titularra. –Beste batzuk. Zehaztu: | NANa/IFK: |
Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak | Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak. Berariazkoak: Berariazko zehaztapena ondoko araudi garapenerako utziko da, departamentu eskumendunak hala behar dela irizten badio. | Zainketak memoriaren multzoa eta informazio elementuak hartzen ditu barne. Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da eta Nafarroako Memoriaren Tokien Mapan jasoko da. |
Kautelazko babes-neurriak | Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak. Berariazkoak: | Ez dira zehaztu. |
Iragarkiaren kodea: F1902667