1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
4/2019 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, Otsoportilloko leizea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen duena.
Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta horiei buruzko hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.
Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatu du prozedura abiatzea Otsoportilloko leizea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko. Aipatu tokia memoriaren tokien behin-behineko inbentarioan dago, Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak 2017ko azaroaren 22ko bilkuran onetsitako horretan, alegia. Batzordeak berak lehentasunezko deklaratu zuen 2019ko otsailaren 1eko bilkuran.
Otsoportillokoa ikurra da, nagusia, 1936ko kolpe militarraren ondorengo errepresioaren ondoriozko eraildakoen gorpuzkiak botatzeko erabili ziren leizeen artean. Ditugun informazioen arabera, hamalau lagun erail zituzten bertan, Altsasu, Ekala, Olazti, Urdiain edo Ziordiko bizilagun zirenak, beren ideia politikoengatik edo militantziarengatik, 1936an altxatutako indarrek egin zuten garbiketa politikoaren giroan.
Leizea irisgarria izanik, aldaketak izan dira tokian hainbatetan. 1979an hamalau gorpuzki aurkitu zituzten; eta 1982an, ahaideek beraiek, leizea ixteko baimenik ez zegoenez, ahal zituzten hezur guztiak bildu eta metalezko kutxa batean sartu zituzten. Zazpi biktima indentifikatu dituzte genetikoki, gorpuzkiak lurpetik ateratzeko 2016an eta 2017an egindako bi prozesuen ondorioz. 1980tik, José Ramón Andaren eskultura bat dago, bertan erail zituztenak oroitzeko, tokia memoriaren gune bihurtu duena. Eskulturak ekintza bandalikoak jasan dituela ikusita, agerian gelditzen da tokia babestu beharra, multzo osoa alegia, egun itxita dagoen leizearen sarrera eta Andaren eskultura, aipatu sarrera nolabait babesten duena.
Memoriaren arloan, zalantzarik gabeko garrantzia du Otsoportilloko leizeak. Ekitaldi jendetsua egiten ohi da urtero toki horretan, bertan erail zituztenak oroitzeko eta Urbasako mendilerroaren bi aldeetan errepresaliatutako guztiak omentzeko.
Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez onartutako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Otsoportilloko leizea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko prozedura abiatzea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan aurreneurriz idaztea, LM-2019-0005 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.
2. Prozedura abiatzeak berarekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.
3. Kautelaz eteten dira zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta tokiaren gainean emanak leudekeenen ondorioak.
4. Kautelaz eteten da ondasunaren balioak arriskuan jar dezakeen esku-hartze oro.
5. Etete horiek mantenduko dira deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan ken dezake etete hori, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.
6. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen hau argitaratu ondoren. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen da ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, jendaurrean jarriz hilabetez, argitaratzen denetik hasita.
Epe horretan, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio egin ditzakete Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.
8. Ebazpen hau jakinaraztea Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Nafarroako Memoriaren Institutuko Zerbitzuari eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari, eta pertsona fisiko eta juridiko interesdunei hilabeteko entzunaldia ematea, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita, aurkez ditzaten beren eskubidea defendatzeko komenigarri iritzitako alegazio eta agiriak oro.
Pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.
Iruñean, 2019ko otsailaren 22an.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Álvaro Baraibar Etxeberria.
Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena): –Otsoportilloko leizea (Urbasa). –Katastroko erreferentzia: 310000000001459172ZG. –Kokatze kodea: 18-1-A. | Ondasunaren ukitutako zatiak: Leizeko sarrera eta eskultura. |
Mugatze kartografikoa: (SITNA) | 2.1482766861570712,42.852912125936946,898.418. 2.1482501247508567,42.85284101202101,897.768. 2.1481228444626725,42.85286257817127,897.999. 2.148149359321824,42.85293706873741,898.259. 2.1482766861570712,42.852912125936946,898.418. |
Balioen identifikazioa: | Otsoportillokoa nagusia da 1936ko kolpe militarraren ondorioz beren ideologia edo militantzia politikarengatik eraildakoen gorpuak ehorzteko erabili ziren leizeen artean. Kasu honetan, Sakanako hamalau lagun izan ziren eraildakoak. Memoriaren gunetzat jo da tradizioz, eta 1980an eskultura bat jarri zen bertan, zeinak bandalismoa jasan baitu. Gorpuzkiak lurpetik ateratzeko bi prozesu egin dira, 2016an eta 2017an. |
Titulartasuna: | Jabea: Nafarroako Foru Komunitatea. | NANa/IFK: S3100000C. |
Ondasunarekiko bestelako erlazio edo eskubideak: –Maizterra. –Gozamenduna. –Zortasunaren titularra. –Beste batzuk. Zehaztu: | NANa/IFK: |
Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak: | Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak. Berariazkoak: Berariazko zehaztapena ondoko araudi garapenerako utziko da, departamentu eskumendunak hala behar dela irizten badio. | Kontserbazioak hauek zaintzea hartzen ditu: leizearen sarrera, eskultura eta informazio elementuak. Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da eta Nafarroako Memoriaren Tokien Mapan jasoko da. |
Kautelazko babes-neurriak: | Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak. Berariazkoak: | Ez dira zehaztu. |
Iragarkiaren kodea: F1902665