1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
3/2019 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, Sartagudako Memoriaren Parkea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen duena.
Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta horiei buruzko hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.
Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatu du prozedura abiatzea Sartagudako Memoriaren Parkea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko. Aipatu tokia memoriaren tokien behin-behineko inbentarioan dago, Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak 2017ko azaroaren 22ko bilkuran onetsitako horretan, alegia. Batzordeak berak lehentasunezko deklaratu zuen 2019ko otsailaren 1eko bilkuran.
Proposatzen da Sartagudako Memoriaren Parkea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzea, Nafarroako monumentu memorialista nagusia baita, 1936ko estatu kolpearen ondoren eraildako nafarrak oroitu eta omentzeko altxatua. Sartagudako Pueblo de las Viudas Elkarteak eta Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak (AFFNA36) bultzatu zuten parkea –eskulturen gaur egungo jabeak dira–, Sartagudako Udalaren laguntza jaso zuen –egiteko lurra utzi zuen–, eta, orobat, Nafarroako Parlamentuaren babesa izan zuen, 2003ko martxoaren 10eko adierazpen instituzionalarekin. Tokiko erakundeek eta partikularrek emandako diruarekin ordaindu zen.
1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko 33/2013 Foru Legearen 15. artikuluan ezartzen da Sartagudako Memoriaren Parkeak errekonozimendu eta babes ofizialik handiena izanen duela.
Parkeak 6.000 metro koadroko lurrak hartzen ditu; lurrak Sartagudako Udalarenak dira, gaur egungo erabilerarako utziak. Parkeko elementu nagusia horma bat da eta hartan biltzen dira 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarraren ondoren Nafarroan eraildako pertsona guztien izen-deiturak. Era berean, hantxe daude zenbait lan, hala nola José Ramón Andaren "Atariaren besarkada", Joxe Ulibarrenaren "Los acribillados de la Santa Cruzada" eta Néstor Basterretxearen "Como hoz atávica y mortal". Horiez gainera, eskultura horietan tragedia hartaz hausnartzen duten hitz zenbait ageri dira, Bernardo Atxagak, Castillo Suárezek, Jokin Muñozek, eta José María Jimeno Jurío eta Pablo Antoñana zenduek idatzitakoak.
Mustu zenetik, senitartekoen, elkarteen eta herritar ororen erreferentzia-puntu bilakatu da Parkea, 1936ko kolpe militarraren ondoren piztutako indarkeriak bidegabe errepresaliatutako pertsona guztien memoria aldarrikatzeko tokia, alegia. Orobat, Nafarroako gizarteak iragan traumatiko hori ahanzturan ez uzteko borondatearen lekuko.
Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez onartutako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Sartagudako Memoriaren Parkea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko prozedura abiatzea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan aurreneurriz idaztea, LM-2019-0001 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.
2. Prozedura abiatzeak berarekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.
3. Kautelaz eteten dira zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta tokiaren gainean emanak leudekeenen ondorioak.
4. Kautelaz eteten da ondasunaren balioak arriskuan jartzen dituen esku-hartze oro.
5. Etete horiek mantenduko dira deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan ken dezake etete hori, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.
6. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen hau argitaratu ondoren. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen da ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, jendaurrean jarriz hilabetez, argitaratzen denetik hasita.
Epe horretan, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio egin ditzakete Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.
8. Ebazpen hau Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Nafarroako Memoriaren Institutuari, Sartagudako Udalari, Sartagudako Pueblo de las Viudas Elkarteari eta Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteari (AFFNA36) jakinaraztea, eta pertsona fisiko eta juridiko interesdunei hilabeteko entzunaldia ematea, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita, beren eskubidea defendatzeko komenigarri iritzitako alegazio eta agiriak oro.
Pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.
Iruñean, 2019ko otsailaren 22an.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Álvaro Baraibar Etxeberria.
Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena): –Sartagudako Memoriaren Parkea. –Katastroko erreferentzia: 310000000001493191MU. –Kokatze kodea: 2-2190. –NA-123 errepidearen ondoan kokatua, industrialdearen beste aldean. –Neurriak: 6.000 m². –Lorategi moduko tokia, eskulturez, testu alegoriko eta informatiboak dituzten panelez eta horma batez hornitua; horma horretan ageri dira 1936ko kolpe militarraren ondoren fusilatu eta desagerrarazitako pertsonen izen-deiturak. Horiekin batera daude aulkiak, paperontziak, iturriak eta zenbait espezietako zuhaitz eta zuhaixkak. | Ondasunaren ukitutako zatiak: Parke osoa. |
Mugatze kartografikoa: (SITNA) | 2.0531914004070426,42.3889061507296,341.19. 2.0527197003311626,42.38917018063095,342.182. 2.0523182276247103,42.389207389169655,344.162. 2.052556666318383,42.38829750854654,346.86. 2.0525688576284433,42.388092724131916,347.58. 2.053414769147468,42.38818977153763,343.397. 2.0531914004070426,42.3889061507296,341.19. |
Balioen identifikazioa | Nafarroako multzo memorialista nagusia, 33/2013 Foru Legeak aitortua eta elkarte memorialistek eta Sartagudako Udalak bultzatua. Senitartekoen, elkarteen eta herritar ororen erreferentzia-puntua da, 1936ko kolpe militarraren ondoren piztutako indarkeriak bidegabe errepresaliatutako pertsona guztien memoria aldarrikatzeko toki moduan. |
Titulartasuna | Orubearen jabea: Sartagudako Udala. | NANa/IFK: P3122300A. |
Ondasunarekiko bestelako erlazio edo eskubideak: –Maizterra. –Gozamenduna. –Zortasunaren titularra. –Beste batzuk. Zehaztu: Parkeko eskulturen jabeak: –Pueblo de las Viudas Elkartea. –Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartea (AFFNA36). | NANa/IFK: G31775968. G31774227. |
Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak | Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak. Berariazkoak: Berariazko zehaztapena ondoko araudi garapenerako utziko da, departamentu eskumendunak hala behar dela irizten badio. | Kontserbazioaren barnean sartzen da eskultura- eta informazio-elementuak zaintzea eta lorategi bihurtutako tokia mantentzea. Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da eta Nafarroako Memoriaren Tokien Mapan jasoko da. |
Kautelazko babes-neurriak | Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak. Berariazkoak: | Ez dira zehaztu. |
Iragarkiaren kodea: F1902664