42. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

8/2019 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, emakumearen errepresioaren memoriarako Azkoienen dagoen “Emakume biktima eta erresistenteak” izeneko eskultura Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen duena.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta horiei buruzko hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.

Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatu du prozedura abiatzea emakumearen errepresioaren memoriarako Azkoienen dagoen “Emakume biktima eta erresistenteak” izeneko eskultura Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta horren erregistroan inskribatzeko. Aipatu tokia memoriaren tokien behin-behineko inbentarioan dago, Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak 2017ko azaroaren 22ko bilkuran onetsitako horretan, alegia. Batzordeak berak lehentasunezko deklaratu zuen 2019ko otsailaren 1eko bilkuran.

Eskultura horrekin gogorarazi nahi da emakumeek, emakumeak izateagatik, jasandako berariazko errepresioa eta genero-indarkeria, kasu askotan jaso behar zuen arreta jaso ez duena; ahozko historian jasotako testigantza anitz lekuko dira umiliazio ekintzen bitartez gauzatutako eraso horietaz. Praktika hauen artean ezagunenak hauexek dira: sexu eraso eta abusuak, ile mozketak eta errizino olioa edanarazi ondoren umiliazio publikoak. Emakumeen kontrako errepresio gogor horren bidez, erregimen frankistak suntsitu nahi izan zuen XX. mendeko lehenengo hamarkadetan eta, bereziki, Bigarren Errepublikan agertzen hasia zen emakumearen eredu berria.

Eskultura horren egilea José Ramón Urtasun eskultorea da, proiektuaren diseinatzaile eta koordinatzailea. Botilen Hilerritik, gorpuzkiak ateratako zenbait hobitatik eta Saturrarango emakumeendako kartzelatik hartutako errekarriekin egina dago eskultura. Egilearen hitzetan, emozioz eta oroitzapen garratzez beteriko harriak. Inaugurazioa Azkoienen egin zen, 2016ko urrian, eta harrezkeroztik, frankismoak emakumeei jasanarazi zien bereizketarik gabeko errepresioaren bidegabekeriaz hausnartzeko topagune bihurtu da.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez onartutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Azkoienen dagoen emakumearen errepresioaren memoriarako eskultura Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko prozedura abiatzea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan aurreneurriz idaztea, LM-2019-0010 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.

2. Prozedura abiatzeak berarekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

3. Kautelaz eteten dira zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta tokiaren gainean emanak leudekeenen ondorioak.

4. Kautelaz eteten da ondasunaren balioak arriskuan jartzen dituen esku-hartze oro.

5. Etete horiek mantenduko dira deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan ken dezake etete hori, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.

6. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen hau argitaratu ondoren. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen da ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, jendaurrean jarriz hilabetez, argitaratzen denetik hasita.

Epe horretan, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio egin ditzakete Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

8. Ebazpen hau jakinaraztea Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Nafarroako Memoriaren Institutuko Zerbitzuari eta Azkoiengo Udalari, eta pertsona fisiko eta juridiko interesdunei hilabeteko entzunaldia ematea, ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina, aurkez ditzaten beren eskubidea defendatzeko komenigarri iritzitako alegazio eta agiriak oro.

Pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

Iruñean, 2019ko otsailaren 22an.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Álvaro Baraibar Etxeberría.

ERANSKINA

Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):

–Emakumearen errepresioaren memoriarako eskultura.

–Katastroko erreferentzia: 310000000001652882JX.

–Kokatze kodea: 1-326-1-1.

Ondasunaren ukitutako zatiak:

“Emakume biktima eta erresistenteak” izeneko eskultura.

Mugatze kartografikoa:

(SITNA)

1.797048956352297,42.33650527380553,285.658.

1.797003145200725,42.33652055353756,285.661.

1.7969764609301138,42.336487626973984,285.661.

1.7970283616194909,42.336471285404116,285.661.

1.797048956352297,42.33650527380553,285.658.

Balioen identifikazioa

Eskultura egin da frankismoak emakumeei jasanarazi zien genero-indarkeria eta bereizketarik gabeko errepresioaren bidegabekeriaz hausnartzeko topagune izateko.

Titulartasuna

Jabea:

Azkoiengo Udala.

NANa/IFK:

P3120200E.

Ondasunarekiko bestelako erlazio edo eskubideak:

–Errentaria.

–Gozamenduna.

–Zortasunaren titularra.

–Beste batzuk.

Zehaztu:

NANa/IFK:

Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak

Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

Berariazkoak:

Berariazko zehaztapena ondoko araudi garapenerako utziko da, departamentu eskumendunak hala behar dela irizten badio.

Kautelazko babes-neurriak

Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

Berariazkoak:

Ez dira zehaztu.

Iragarkiaren kodea: F1902670