1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
7/2019 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, Igari eta Bidankoze arteko errepidea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen duena.
Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta horiei buruzko hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.
Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatu du prozedura abiatzea Igari eta Bidankoze arteko errepidea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta erregistroan inskribatzeko. Igari eta Bidankoze arteko errepidea memoriaren tokien behin-behineko inbentarioan dago, Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak 2017ko azaroaren 22ko bilkuran onetsitako horretan, alegia. Batzordeak berak lehentasunezko deklaratu zuen 2019ko otsailaren 1eko bilkuran eta Nafarroako memoria historikoaren toki gisa katalogatua izateko baldintzak betetzen ditu.
Errepide horren xedea NA-2130 eta NA-2132 errepideak lotzea zen, Igari eta Bidankoze artean. Bertan jardun ziren lanean batez ere Asturias, Bartzelona, Bizkaia, Granada eta Jaengoak ziren 2.354 gatibu. Lau urtean zehar, gatibu horiek errepidearen kaxa irekitzen aritu ziren, harik eta 1941eko maiatzean eta ekainean beste toki batzuetara lekutu zituzten arte.
Erregimen frankistak erabili zituen errepresio eta umiliazio moduen artean dago presoak behartzea herri lanak egitera. Politika errepresiboetan aldaketa eman zenean hasi ziren modu hau erabiltzen. Bi ereduak baliatu zituzten, aldi berean aurkari politikoak eliminatuz eta haien eskulana ekonomikoki baliatuz, aurkarien otzantasun ideologikoa erdiesteko asmoz. Horrela, batetik, gatazkan galtzaile izanagatik zigor, ordain edo umiliazioa eragiten zuten eta, bestetik, izaera hezitzailea zuen, galtzaileek Espainia berrian izanen zuten tokia zein zen erakusten zuelako, hots, berreziketa ideologiko eta politikoa. Galtzaileen eskulana horrela ustiatzeak ondorioak izan zituen baita ahaideendako ere.
2004az geroztik, mendate gaineko monolitoak oroitarazten ditu preso hauek. Bertan, urtero, “Memoriaren Bideak” elkarteak omenaldia antolatzen du. 2018an Nafarroako Gobernuak nazioarteko auzolandegi bat antolatu zuen, zeinean berreraiki zuten presoak ostatatzeko baliatu ziren barrakoietako bat. Urte bereko irailean inauguratu zen.
Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez onartutako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Igari eta Bidankoze arteko errepidea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko prozedura abiatzea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan aurreneurriz idaztea, LM-2019-0007 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.
2. Prozedura abiatzeak berarekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.
3. Kautelaz eteten dira zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta tokiaren gainean emanak leudekeenen ondorioak.
4. Kautelaz eteten da ondasunaren balioak arriskuan jartzen dituen esku-hartze oro.
5. Etete horiek mantenduko dira deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan ken dezake etete hori, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.
6. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen hau argitaratu ondoren. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen da ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, jendaurrean jarriz hilabetez, argitaratzen denetik hasita.
Epe horretan, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio egin ditzakete Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.
8. Ebazpen hau jakinaraztea Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Nafarroako Memoriaren Institutuko Zerbitzuari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzuari, Bidankozeko Udalari eta Gorzako Udalari, Igariko Kontzejuari, Erronkariko Ibaxaren Batzordeari eta Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeari, “Memoriaren Bideak” elkarteari, María Nieves Villanueva Azcoiti eta Purificación Villanueva Azcoitiri, eta pertsona fisiko eta juridiko interesdunei hilabeteko entzunaldia ematea, ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina, aurkez ditzaten beren eskubidea defendatzeko komenigarri iritzitako alegazio eta agiriak oro.
Pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.
Iruñean, 2019ko otsailaren 22an.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Álvaro Baraibar Etxeberria.
Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena): –Igari eta Bidankoze arteko errepidea. –Monolitoa. –Katastroko erreferentzia: 310000000001424331IZ. | Ondasunaren ukitutako zatiak: –Monolitoa. Igariko barrakoia. |
–Kokatze kodea: 5-52. –Igariko barrakoia. –Katastroko erreferentzia: 310000000002274684OF. –Kokatze kodea: 5-27-E. | |
Mugatze kartografikoa: (SITNA) | –Monolitoa: 1.0302435486301784,42.80634460908876,897.612. 1.0302609267068354,42.806326898168294,897.612.1.0302278488014858,42.80630944462592, 897.702.1.030213455079379,42.80632945814207,897.702.1.0302435486301784,42.80634460908876,897.612. –Igariko barrakoia: 1.0453318710898218,42.810863736458806,763.875. 1.0453960038572694,42.810769153671025,763.124. 1.0453266368053697,42.81073870297162,761.614. 1.0452609405141273,42.810834384643194,763.703.1.0453333991025535,42.810863762551556,763.875. |
Balioen identifikazioa | Igari eta Bidankoze arteko errepidea izan zen gerran eta gerraondoan presoen eskulana baliatuta eraiki zen bide azpiegitura nagusia, galtzaileen zigor, ordain edo umiliazio modura. 2004tik aitzina, bertan monolito bat dago, presoen sufrimendua oroitarazteko. 2018an, Igariko barrakoia eraiki zen, Nafarroako Gobernuaren nazioarteko auzolandegiaren baitan. |
Titulartasuna | Monolitoaren partzelako jabea: –Nafarroako Gobernua (altxonbidea). Barrakoiaren partzelako jabeak: –María Nieves Villanueva Azcoiti. –Purificación Villanueva Azcoiti. | NANa/IFK: S3100000C. |
Ondasunarekiko bestelako erlazio edo eskubideak: –Errentaria. –Gozamenduna. –Zortasunaren titularra. –Beste batzuk. Zehaztu: –Igariko gaineko monolitoaren jabea: “Memoriaren Bideak” elkartea. –Barrakoiaren jabea: –Nafarroako Gobernua. | NANa/IFK: G31816721. S3100000C. |
Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak | Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak. Berariazkoak: Berariazko zehaztapena ondoko araudi garapenerako utziko da, departamentu eskumendunak hala behar dela irizten badio. | Zainketaren baitan sartzen da mendatean kokaturiko monolitoa eta Igariko barrakoia zaintzea, bai eta ere bertan ezartzen ahalko diren informazio elementuak. Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da eta Nafarroako Memoriaren Tokien Mapan jasoko da. |
Kautelazko babes-neurriak | Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak. Berariazkoak: | Ez dira zehaztu. |
Iragarkiaren kodea: F1902669