Iragarkia
41. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 28a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AMUNARRITZ
Amunarrizko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Amunarrizko Kontzejuak, 2018ko irailaren 15ean egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Iragarkia jendaurrean egon zen, 2018ko 227. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 23an, eta Kontzejuaren iragarki-taulan argitaratuta.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan.
Amunarritzen (Goñerri), 2019ko urtarrilaren 26an.–Alkate kontzejuburua, José María Ancizu Asiain.
ORDENANTZA, AMUNARRIZKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Amunarrizko kontzeju-mugarteko laborantzako herri-ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua egiteko, indarra duen legerian eta, bereziki, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta hura garatzen duen araudian ezarritakoaren arabera.
Ordenantza hau onesten denetik aurrera egiten diren herri-lurretako aprobetxamenduak haren xedapenen arabera arautuko dira.
2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herri-lurren ordenantza hau eta, besterik ezean, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.
II. TITULUA
Administrazioa eta xedapen-egintzak
5. artikulua. Amunarrizko Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatu, administratu, antolatu eta haien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herri-ondasunei buruz Amunarrizko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Amunarrizko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izaizanen baitira lehentasuneko aukerak.
Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatzen bada, lur horiek Amunarrizko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 143. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
III. TITULUA
Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea
7. artikulua. Amunarrizko Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.
8. artikulua. Amunarrizko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratu ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Amunarrizko Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, herri-lurrekin mugakide diren finken inmatrikulazioa edo haien gehiegizko hedadura dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horiei buruzko erabakia.
10. artikulua. Amunarrizko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa beharko du aldez aurretik, ondasunak herriaren ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.
11. artikulua. Amunarrizko Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Amunarrizko Kontzejuak, herri-ondasunei buruzko kontratuak interpretatuko ditu, haien partaide denean, eta betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.
13. artikulua. Amunarrizko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da; betiere, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran. Kontzejuak berez berreskuratu ahalko du, noiznahi, herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik dagokion prozedura abiarazita, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta legelariak txostena idatzita, non agertuko baitira usurpatu den ondasuna egiaztatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia Toki Administrazioari buruzko foru legedian ezarritako prozedurari jarraikiz.
Halaber, Udalak egintza zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
IV. TITULUA
Herri-ondasunen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
14. artikulua. Ordenantza honetan herri-lurretako aprobetxamendu hauek arautzen dira:
a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.
b) Herri-larreen aprobetxamenduak.
c) Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak.
d) Beste aprobetxamendu batzuk.
e) Herri-ondasunetako hobekuntzak.
15. artikulua. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.
b) Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez lau urte (4) lehenagotik.
c) Amunarrizko Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.
d) Amunarrizko Kontzejuarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.
Familia-unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.
Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Amunarrizko Kontzejuak ebatziko ditu, banan-banan, gai honi dagokionez eskumena duen Nafarroako Gobernuaren organo eskudunak aurretik txostena eginda.
II. KAPITULUA
Laborantzarako herri-lurren aprobetxamendua
16. artikulua. Laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduak honako modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen dira:
a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.
b) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
c) Toki entitatearen ustiapen zuzena edo enkante publikoaren bidezko adjudikazioa.
Herri-lurzati baten aprobetxamenduaren adjudikazioak, aurreko artikuluan jasotako moduetako edozeinetan, inolaz ere ez dakar berekin Nekazaritzako Politika Bateratuarekin (NPB) loturiko eskubiderik adjudikazio-hartzailearendako, eskubide horiek arautzen dituzten xedapenek zuzenean adjudikatzen baitzaizkie landatzaileei. Horregatik, adjudikazio-hartzaileek, herri-lurzatiak adjudikatuak izan ondoren, haien laborantza lotu beharko dute izan ditzaketen NPBko eskubideekin.
17. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen onuradun izanen dira halako familia-unitateak, ordenantza honetako 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenak.
18. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, Amunarrizko Kontzejuak berdintasun eta justiziaren printzipioak beteko ditu, eta lehentasuna emanen die familia-unitatearen titularrak diren herritar hauei:
–Diru-sarrera gutxien duten familia-unitateak.
–Jabetzan edo beste modu batez, antzeko lurrik ez dutenak.
–Herri-lurretako beste aprobetxamendurik ez dutenak.
Aurreko lerroaldeko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hau da, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.
19. artikulua. Aprobetxamendu mota honetarako, Amunarrizko Kontzejuak urteko kanona ezarriko du azalera unitate bakoitzeko, eta hura urtero zehaztuko da aurrekontu arruntean.
Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago.
Aurreko apartatuan adierazten denaren ehuneko berrogeita hamarra (%50) izanen da kanona, hala eskatzen duten onuradunentzat, baldin frogatzen badute beren familia-unitateko diru-sarrerak direla lanbide arteko gutxieneko soldata halako bat eta erdi baino gutxiago, familia-unitateko kide bakoitzeko. Ondorio horietarako, familia-unitatean desgaitasun fisikoa edo mentala duen kide bakoitzeko, lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko hirurogeiko diru-sarrerak daudela zenbatuko da.
20. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua egin ahal izateko epea 8 urtekoa izanen da.
21. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko.
Amunarrizko Kontzejuak zehaztuko du zenbat laborantzako lur adjudikatzen zaion bizilagun bakoitzari, kontuan hartuta dagoen herri-lurra eta adjudikatzen den lurraren produkzio gaitasuna, baita eskatzailearen ustiategia edo beharrak eta familia-unitatearen egoera ekonomikoa ere.
22. artikulua. Amunarrizko Kontzejuak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ahalko ditu edozein unetan, herri-lurretako aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
Ondoko kasu hauetan ulertuko da herri-lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari:
–Nekazaritzako makineria izanik, berari adjudikatu herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.
–Herri-lurrak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari ez direnak.
–Honako alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, beraiek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.
–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez dutenean, horretara beharturik ez egonik ere.
–Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenak.
23. artikulua. Laborantzako herri-lurrak zuzen landu eta aprobetxatu beharko dituzte onuradunek.
24. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurrak erabili adjudikatutako ez beste edozein aprobetxamendutarako, Amunarrizko Kontzejuaren aldez aurreko baimenik gabe.
25. artikulua. Adjudikatutako laborantzako herri-lurretan itxiturak egiteko Amunarrizko Kontzejuaren baimena beharrezkoa da. Itxiturak egiteko honako material hauek erabil daitezke: harlauzak, zura, landareak edo taketak burdin hariekin. Debeku da fabrika-obrako itxiturak egitea, hala nola adreiluzkoak, edo hormigoi-blokezkoak.
26. artikulua. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira batera itxi.
27. artikulua. Ezin izanen da herri-lurren aprobetxamendua trukatu onuradunen artean, aldez aurretik interesdunek eskatu ez badute eta Amunarrizko Kontzejuak baimena eman ez badu.
28. artikulua. Amunarrizko Kontzejuak, hiru hilabete aurretik onuradunei iragarri ondoren, eraginik gabe utzi ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, herri-lur horietan arbolak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea sustatzen badu. Aditzera ematen da laborantzako lurren aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik sortuko onuradunaren alde. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.
III. KAPITULUA
Herri-larreen aprobetxamendua
29. artikulua. Herri-larreen aprobetxamenduak honako modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen dira:
a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.
b) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
c) Toki entitatearen ustiapen zuzena edo enkante publikoaren bidezko adjudikazioa.
30. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.
31. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.
32. artikulua. Adjudikazioa hamabi (12) urterako izanen da.
33. artikulua. Amunarrizko Kontzejuko herri-larreak aprobetxatzeko, tradizioko ohituraz, legez edo hitzarmenez, finkekin batean baterako ustiapen unitatea osatzen baitute, honako aprobetxamendu eremu hauek ezarri dira:
a) Ezpelostegiko mugarteko eremua, muga hauekin: Arnazkako mugartea, Motxope eta Osabiterteko mugarteetako finkak, Iriberzelaiako mugartea, Arribako (Mendiburu) lurzatiak eta Urdanegiko itxitura.
b) Urdanegiko mugarteko eremua, muga hauekin: Ezpelostegiko eta Sietehayaseko itxiturak, Sarropeko mugartea eta Oiantxikiko mugartea.
c) Cierre de Arriba (Sietehayas) mugarteko eremua, muga hauekin: Urdanegiko itxitura, Andia mendia, Urdozko kontzeju-mugartea eta Bidaurreko kontzeju-mugartea.
d) Odiagako mugarteko eremua, muga hauekin: Usaleze, Odiagaburute eta Bizkarraundiko mugarteak eta Bidaurreko kontzeju-mugartea.
e) Los Regadiosko mugarteko eremua, muga hauekin: Urdanegi, Itolaz eta Iriberzelaiako mugarteak eta Urdozko kontzeju-mugartea.
f) Itsasiako mugarteko eremua, muga hauekin: Odiaga, Lezaia, Larreberria eta Burongo mugarteak.
g) Ezpeldiako mugarteko eremua, muga hauekin: Lezaia, Soroluzeta eta Ezpeldiabazterreko mugarteak eta Genbeko kontzeju-mugartea.
h) Itxi gabeko bazter-lurrak (uztondoak).
34. artikulua. Aldez aurretik txosten teknikoa edo Larreak Antolatzeko Proiektua (LAP) izanda, Amunarrizko Kontzejuak finkatuko ditu urtean jasan daitekeen azienda karga eta larratzeko aldiak eta, beharrezkoa bada, 20. artikuluan jasotako larratze-eremu bakoitzaren debekuak, kontuan hartuta azalera, larreen eskaintza eta larreen eskuragarritasuna.
Larreek jasan dezaketen azienda karga zehazteko, honako baliokidetza hauek finkatu dira dauden azienda moten artean:
a) Zaldi-aziendako buru 1 behi-aziendako buru 1en baliokidea da.
b) Behi aziendako buru 1 ardi aziendako 7 bururen baliokidea da.
c) Behi aziendako buru 1 ahuntz aziendako 7 bururen baliokidea da.
35. artikulua. Amunarrizko Kontzejuak finkatuko du lote bakoitzaren adjudikazio prezioa, merkatuko prezioaren arabera, kontuan hartuta larretarako azalera eta bazkalekuak eta abeltzaintzako azpiegiturak dauden (edo ez). Nolanahi dela ere, 6/1990 Foru Legearen 150. artikuluan jaso bezala, adjudikazio prezioa ez da izanen larreen balio errealaren %80 baino txikiagoa, ezta haren %90 baino handiagoa ere.
Ezarritako larratze kanona aldatu ahalko du Amunarrizko Kontzejuak egokitzat jotzen duenean, behin teknikari eskudun batek baloratu ondoren larreen balio erreala eta egin ahal diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostua eta, betiere, aldatzeko erabaki den urte naturala amaitu baino lehen, tarifa berriak hurrengo urtearen hasieran indarrean jar daitezen.
36. artikulua. Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da, biziaren kostuak dituen gorabeheren arabera egokitzeko, kontuan hartuz Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak (abeltzaintzako KPIa).
37. artikulua. Urte bakoitzari dagokion kanona epe bakar batean pagatuko da, adjudikazioa egin eta hamabi hilabetera.
38. artikulua. Onuradunak, adjudikazioaren egunetik 5 eguneko epean, adjudikazioaren 8 urteei dagokien diru kopuru osoaren %4a utzi beharko du fidantzatako.
39. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.
40. artikulua. Prozedura. Amunarrizko Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuko iragarki-taulan ediktua jarrita, 5 eguneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.
Hala ere, Amunarrizko Kontzejuak, era berean, larre guztien bostena gorde dezake urtero adjudikatu ahal izateko, onuradun berriak agertzen ote diren. (OEren 191. artikulua)
41. artikulua. Amunarrizko Kontzejuak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, honako baldintza hauek kontuan harturik:
a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia-unitateei.
b) Bazkalekuak, hartu ahal duten abelburu kargaren arabera adjudikatuko dira, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.
c) Bazkaleku bat bera abeltzain bati baino gehiagori adjudikatu ahal zaio, baldin eta guztiek dituzten abelburuen kopurua bazkalekuak hartu ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.
d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku adjudikatu ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.
42. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 15 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.
43. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira 8 urterako, egungo arautegia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.
Hala ere, Amunarrizko Kontzejuak, herri-lurren defentsa eta erabilera zuzenari erantzunez, bere egiten du herri-larreen erabileran esku hartzeko eskubidea, herri-lurrei ukitzen dien edozein alderdiren gainean, osoko bilkuran harturiko erabaki baten bidez.
44. artikulua. Adjudikazio-hartzaileak du bere aziendek egindako kalteen erantzukizuna, eta adjudikazioaren uneko baldintza beretan mantendu behar ditu artegiak, itxiturak, atakak, idoiak eta abeltzaintzarako gainerako instalazioak, eta jarritako fidantzaren bitartez erantzun behar du egiten diren kalte eta galerengatik.
IV. KAPITULUA
Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak
45. artikulua. Sutako egurraren aprobetxamenduari dagokionez, 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 205. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
Mendian aski izan eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Basogintzako Administrazioak markatu ondoren, Amunarrizko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.
46. artikulua. Amunarrizko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko egur epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, egoki iruditzen zaion denborarako.
47. artikulua. Egurra, ahal dela, saldutako oihan aprobetxamenduen (adaburuak) hondarrak izanen dira, baita arbola kaxkar edo erietatik, garbiketetatik etab. ateratakoa, eta inoiz ez zurgaietatik.
48. artikulua. Norbera 12 hilabetean, gehienez ere, baliatuko da zuzenean egur epaitzez, eta ez da zilegi haiek laga edo saltzea. Adjudikazio-hartzaile batek ez badu aprobetxatzen ematen zaion egur epaitza eta beste bat eskatzen badu hurrengo urtean, berriz ere aurreko urtekoa adjudikatuko zaio.
Guztiz debekatua dago egurretarako emandako produktuak saldu edo eskuz aldatzea, baita bizilekura ez beste toki batera eramatea ere.
49. artikulua. Onuradunak behartuta daude hondarrak bildu eta pilatzera, egurra bildu ondotik, eta ez dira bide, mendiko pista edo oztopo izan daitezkeen tokietan metatuko; betiere, Kontzejuak ematen dituen jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua urtebeterako ukatuko zaie.
50. artikulua. Kontzesioa hartzen dutenek erantzun beharko dute, baldin eta aprobetxamendua dela-eta mendian kalte edo galerarik gertatzen bada, eta ordaina ematera beharturik egonen dira, baita dagozkiekeen zehapenak ordaintzera ere.
51. artikulua. Zozketa publikoaren bidez adjudikatuko dira epaitzak. Kontzejuaren erabakiaren ondotik eta iragarki-taularen eta Alkatetzaren Bandoaren bidez ediktuak argitaratuta, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek etxerako egurraren aprobetxamendurako eskabidea aurkez dezaten. Aurretik, azken urteko epaitzen aprobetxamendua berrikusiko da, eta behar diren neurriak hartuko dira arautegia hautsi dela ikusiz gero.
Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, zozketa egiteko eguna ezarriko da; Kontzejuaren iragarki-taulan eta Alkatetzaren Bandoaren bidez argitaratuko da, eta eskatzaileei zuzenean jakinaraziko zaie.
Aprobetxamendu mota honetarako, Nafarroako Gobernuaren baimena beharko da aldez aurretik, eta haren jarraibide tekniko-fakultatiboak bete beharko dira.
52. artikulua. Kontzejuak, oro har, egurraren aprobetxamendurako kanon bat ezarri ahalko du, eta kuota horiek Kontzejuari ordainduko zaizkio aprobetxamendua hasi aurretik.
V. KAPITULUA
Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak
53. artikulua. Ehiza-barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraituz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua, eta beti adjudikatuko da ehizari buruz dagoen indarreko araudiarekin bat.
54. artikulua. Amunarrizko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzean bete beharreko lege-tramiteak bete ondoren.
VI. KAPITULUA
Hobekuntzak herri-ondasunetan
55. artikulua. Amunarrizko Kontzejuak, hiru hilabete aurretik onuradunei iragarri ondoren, eraginik gabe utzi ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, herri-lur horietan arbolak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea sustatzen badu. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko dute.
V. TITULUA
Adjudikatzeko prozedura
56. artikulua. Amunarrizko Kontzejuak, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza hau onetsi ondoren, erabaki ahalko du ordenantza honetan arauturiko aprobetxamenduen eskabideak aurkezteko epea noiz hasten den, eta ediktua jarriko du iragarki-taulan; kasu horretan, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako aprobetxamenduak eska ditzaten.
57. artikulua. Aprobetxamendurako eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Amunarrizko Kontzejuaren errolda-ziurtagiria, non adierazten den noiztik dagoen erroldatua etenik izan gabe.
b) Udalerri honetan gutxienez 9 hilabetez bizi izatearen zinpeko aitorpena.
c) Familia-unitateko kideen zinpeko aitorpena eta familia liburuaren fotokopia konpultsatua edo, bestela, Elkartze Zibilen Erregistroarena.
d) Udal Ogasunaren Kontu-hartzailetzaren ziurtagiria, Kontzejuarekiko zerga betebeharrak eguneratuta izatearena.
e) Zinpeko aitorpena eta ziurtagiriak, kontzeju honetan eta beste kontzeju/udal batzuetan jabetzan dituen lurren azalera eta labore motak egiaztatzeko.
f) Zinpeko aitorpena, errentamenduan edo bestela baliatzen dituen lurrena.
g) Zinpeko aitorpena eta ziurtagiriak, hiri-lurreko jabetza egiaztatzeko, ohiko bizilekua den norberaren etxebizitza kenduta.
h) Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko ziurtagiria.
i) Teknikari eskudunak sinatutako ziurtagiria, aziendaren osasun kanpainak Nafarroako animalien osasunaren arloko legeriari jarraituz betetzen direla dioena.
j) Familia-unitateko kide guztiek eta bakoitzak jasotako errenten ziurtagiria eta bakoitzaren PFEZren aitorpenaren kopiak. Aurkeztutako dokumentazioa egiaztatzeko, Kontzejuak badu ahalmena kasu bakoitzean beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarria eskatzeko.
58. artikulua. Eskaerak ikusita, Kontzejuak, adjudikatu beharreko aprobetxamendu bakoitzean onartutakoen zerrenda onetsiko du behin-behinekoz, adierazita zein den aprobetxamenduaren tokia eta lotea.
59. artikulua. Behin-behineko zerrenda kontzeju honen iragarki-taulan jarriko da 15 egun balioduneko epean, egoki juzgatzen diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betiko bihurtuko dira.
60. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Amunarrizko Kontzejuak haien gaineko ebazpena emanen du, eta aprobetxamenduetako adjudikazio-hartzaileen behin betiko zerrenda onetsiko du, aprobetxamenduen tokiak edo loteak adierazita.
VI. TITULUA
Arau-hauste eta zehapenak
61. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.
c) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.
d) Herritarrek aprobetxamendua nabarmen gaizki edo ez osorik egitea.
e) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.
f) Animalia hilak edo animalia hilen gorpuzkiak lurperatu gabe uztea.
g) Bazkatzeko epeak eta eremuak ez errespetatzea.
h) Azienda sartzea Kontzejuaren baimenik gabe, bai eta ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak ere.
i) Era berean, arau-haustetzat joko da adjudikazio-hartzaile ez diren hirugarrenek azienda sartzea Amunarrizko Kontzejuaren baimenik gabe.
62. artikulua. Arau-hauste horiek zehapen hauek izanen dituzte:
a) Emakida kenduko da a), b), c), d) eta e) arau-hausteengatik, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezarri ahal dituzten zehapenak.
b) Abereak udalerriaren larreetan sartzea debekatuko da, bi (2) urteko epean, g) arau-hausteagatik eta egindako aprobetxamenduaren urteko kanonaren halako bi eta sei artean ordaindu beharko da, kasuaren arabera.
c) Gainerako arau-hausteetan, zein den aprobetxameduaren balioa, haren halako bost eta hamar artekoa ordainduko da. Kopuru hori ezin zehaztu bada, 600 eta 2000 euro arteko isuna ezarriko da.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza honek arautzen ez duen orotan, herri-ondasunei buruzko foru legediak ezarritakoari jarraituko zaio.
Bigarrena.–Ordenantza honek behin betiko onesten den egun berean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L1901705
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
