Iragarkia
41. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 28a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IGUZKITZA
Iguzkitzako Kontzejuko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Iguzkitzako Kontzejuko Batzarrak, 2018ko otsailaren 23an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Iguzkitzako Kontzejuko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza, aurretik, 2017ko abuztuan, partaidetza prozesu bat eginda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 133. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Erabaki hori 2018ko 51. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 13an, baita Kontzejuaren iragarki-taulan ere, hogeita hamar egun balioduneko epean egoki juzgatzen ziren alegazioak aurkez zitezen.
Jendaurreko epea inork alegaziorik egin gabe iragaten bada, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik emango da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Iguzkitzan, 2018ko abenduaren 19an.–Kontzejuko burua, Raúl Galdeano Álvarez.
ORDENANTZA, IGUZKITZAKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Iguzkitzako Kontzejuaren herri-ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea.
2. artikulua. Definizioak:
–Herri-ondasunak: herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira.
–Familia-unitatea: familia-unitateko kideak izango dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.
–Herri-larreak: Iguzkitzako Kontzejuko herri-larreen aprobetxamenduari dagokionez, herri-larreak dira, tradizioko ohiturari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz, finka partikular batzuk osatzen duten baterako ustiapen unitatea, ez banakakoa, Iguzkitzako Kontzejuak adjudikazio bakoitzerako eremu desberdinetan ezartzen ahal dituenak.
–Nekazaritza-urtea: Iguzkitzako Kontzejuko herri-larreen aprobetxamenduari dagokionez, laborearen ziklo biologikoa da, ekoizten hasten denetik eta horretarako behar diren lanak abian jartzen direnetik, aprobetxamendu ekonomikora iritsi arte (uzta, bilketa, etab.).
–Euriondoa: ordenantza honi dagokionez, euriondoa da ura lurgainean ikustea -istiltzea- lurzatiaren edozein zatitan.
–Lehentasunezko aprobetxamendua: ordenantza honi dagokionez, familia-unitatearen kide bakoitzeko lanbide arteko gutxieneko soldataren %30etik behera jasotzen dutenak edo familia-unitatearen diru-sarrera guztiak aipatu soldata gehi erdiaren azpitik dutenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izango. Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izango, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legea eta garatzen diren erregelamenduak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak.
II. TITULUA
Administrazioa eta erabilera
5. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatu, administratu, antolatu eta haien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herri-ondasunen arloan Iguzkitzako Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Iguzkitzako Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izango baitira lehentasuneko aukerak.
Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatzen bada, lur horiek Iguzkitzako Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
III. TITULUA
Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea
7. artikulua. Iguzkitzako Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra egingo die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.
8. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-lurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emango dio Nafarroako Gobernuari, herri-lurrekin mugakide diren finken inmatrikulazioa edo haien gehiegizko hedadura dela eta. Iguzkitzako Kontzejuaren Batzarrak hartuko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.
10. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aurretiko onespen espresa beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.
11. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak azkentzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izango da.
12. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, haiek interpretatu egingo ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.
13. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izango da, zehaztuko den gisan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Iguzkitzako Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.
IV. TITULUA
Herri-ondasunen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:
a) Laborantzako herri-lurretako aprobetxamendua.
b) Herri-larreen aprobetxamendua.
c) Etxerako egurraren eta zurgaien aprobetxamendua.
d) Bestelako herri-lurretako aprobetxamendu batzuk.
15. artikulua. Iguzkitzako Kontzejua herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri egingo du.
16. artikulua. Orokorrean, Iguzkitzako Kontzejuaren herri-aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua izatea.
b) Biztanleen udal-erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urtebete lehenagotik.
c) Iguzkitzako Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.
d) Iguzkitzako Kontzejuarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.
II. KAPITULUA
Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua
17. artikulua. Zuzenean adjudikatuko zaie herri-lurren aprobetxamendua ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titular diren herritarrei, titulu honen VIII. kapituluan ezarritakoaren arabera.
18. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, Iguzkitzako Kontzejuak berdintasunaren eta justiziaren printzipioak beteko ditu, eta lehentasuna emango die familia-unitatearen titularrak diren herritar hauei:
a) Diru-sarrera gutxien duten familia-unitateak.
b) Ezaugarri bereko lurrak ez dituztenak, ez jabetzan, ez bestela.
c) Herri-lurretako beste aprobetxamendurik ez dutenak.
19. artikulua. Aurreko paragrafoko irizpideak datu objektibo hauetan oinarrituko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena (norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta), baita horren gisako beste edozein datu ere.
20. artikulua. Adjudikazioa egin baino lehen, Iguzkitzako Kontzejuak aprobetxamendu bakoitzaren urteko kanona onetsiko du, eta dagokion adjudikazio-agirian zehaztuko da.
1.–Aprobetxamendu mota bakoitzerako, Iguzkitzako Kontzejuak urteko kanona finkatuko du azalera unitate bakoitzeko; kanona zehazteko herri-ondasunen ezaugarri teknikoak eta produkziokoak hartuko dira kontuan, bai eta ezaugarri bereko eskualdeko herri-lurren merkatuko prezioak ere.
2.–Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioari dagokionez, kanona ez da izango antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino txikiagoa.
3.–Herritarren arteko lehentasunezko adjudikazioari dagokionez, Iguzkitzako Kontzejuak zehaztuko du kanona, eta antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %50 artekoa izaten ahalko da.
21. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izango. Urte anitzeko laboreen kasuan, epe hori laborearen bizitza baliagarriaren arabera luzatzen ahalko da.
22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landuko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.
23. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, herri-lurrak zuzenean eta pertsonalki landu direla ziurtatzeko. Ulertuko da ez dituela lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen honako kasu hauetan:
a) Nekazaritzako makineria edukita, adjudikatutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.
b) Honako alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta Iguzkitzako Kontzejuak agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzekoa, lehengaiak erostekoa eta produktuak saltzekoa (beraiek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak).
c) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez denean, horretara beharturik ez egonik ere.
d) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak direnean.
24. artikulua. Onuradunek behartuta daude eta adjudikazioa egin aurretik onartzen dute, herri-lurren aprobetxamendu eta laborantza egokia egitera baldintza hauen arabera:
a) Adjudikatutako lurzatiaren jatorrizko mugak bere horretan izatea.
b) Herri-lurra hondatu edo kaltetzen ez duten laborantzako teknika eta lanak egitea. Gainera, ez dituzte aldatuko lurzatietan edo haien ondoan diren erreken ibilguak.
c) Mugakide diren onuradunek edo jabeek izan ditzaketen bide-zorrak errespetatu eta mantentzea.
d) Herri-lurra behar besteko maiztasunez mantentzea eta garbitzea, sastraka eta zuhaixkaz bete ez dadin.
e) Herri-lurretan ezein jarduketa egin aurretik, adjudikazio-hartzaileak Iguzkitzako Kontzejuari eskaera egin behar dio, eta haren berariazko onespena eta legez dagozkion baimenak eduki beharko ditu.
f) Adjudikazio-hartzaileak jardueran aritzeko beharrezko baimen guztiak eduki beharko ditu eta bere jarduerari dagozkion arauzko betekizun guztiak bete beharko ditu.
Baldintza horiek betetzen ez baditu, Iguzkitzako Kontzejuak herri-lurraren adjudikazioa kenduko dio berehala.
25. artikulua. Onuradunek ezin izango dituzte herri-lurrak erabili adjudikatutako ez beste edozein aprobetxamendutarako, Iguzkitzako Kontzejuaren aldez aurreko baimenik gabe.
26. artikulua. Ezin izango da herri-lurren aprobetxamendua trukatu onuradunen artean, aldez aurretik interesdunek eskatu ez badute eta Iguzkitzako Kontzejuak baimena eman ez badu.
27. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuak bertan behera utzi ahal izanen du adjudikazioa, titulu honen VIII. kapituluan ezarritako arrazoiengatik eta gutxienez hiru hilabete lehenago jakinarazita. Nekazaritza-urtea amaitzerakoan, adjudikaziodunak lurrak utzi beharko ditu, eta ezin izango du kalte-ordainik edo kontraprestaziorik eskatu bertan egindako lanengatik. Lurrak Kontzejuaren esku geldituko dira.
III. KAPITULUA
Herri-larreen aprobetxamendua
28. artikulua. Herri-larreen aprobetxamenduari dagokionez, Iguzkitzako Kontzejuak aprobetxamenduaren agirian zehaztuko du zein diren hura osatzen duten azpiegiturak (askak, artegiak, igarobideak, etab.) eta larratzeko eremuak, zeintzuk finka partikularrekin batuta, baterako ustiapen unitatea eta ez banakoa osatzen baitute, tradizioko ohiturari jarraikiz.
29. artikulua. Zuzenean adjudikatuko zaie herri-lurren aprobetxamendua ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titular diren herritarrei, titulu honen VIII. kapituluan jasotakoaren arabera.
30. artikulua. Herri-larreak adjudikatzeko, Iguzkitzako Kontzejuak irizpide sozialei jarraituko die; horretarako, lehentasuna emango die maila ekonomiko apalena duten familia-unitateei, bai eta, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Berezian sailkatuta, lanbide nagusia nekazaritza dutenei ere.
Aurreko artikuluan aipatu familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Iguzkitzako Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 19. artikuluan jasotzen den bezala.
31. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki egingo da, eta ez da baimenik emango hirugarrenei azpierrentamendua egiteko edo beste batzuei lagatzeko. Horri dagokionez, Iguzkitzako Kontzejuak ulertuko du herri-larreak ez dituela onuradunak zuzenean aprobetxatzen honako kasu hauetan:
a) Familia-unitateko titular diren herritarrek beren jabetzako azienda Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistrotik ateratzen dutenean (Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua).
b) Bere ustiapeneko aziendak elikatzeko bazka ekoizten duten herri-lurren adjudikaziodunek beren jabetzako azienda ateratzen dutenean Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistrotik.
32. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak ziurtagiria izan behar du, honako hau egiaztatzen duena: Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela. Foru lege horretan, hura garatzeko erregelamenduetan eta jarduerak bete beharreko gainerako araudian xedatutako baldintza guztiak bete beharko dira.
33. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuko herritarrek bere egiten dute, erabilera eta ohituragatik adjudikazio-hartzailearekin batera larratzeko eskubidea, familia-unitatearen etxekoak diren abereekin, ordenantza honetako 16. artikuluaren arabera.
34. artikulua. Herri-larreen adjudikazioa arautzen duen agirian, Iguzkitzako Kontzejuak eremuak mugatuko ditu, eta horietako bakoitzaren abere-zama ezarriko du. Ordenantza honetan aipatutako eremu bakoitzak jasan dezakeen abere-zama zehazteko, Iguzkitzako Udalak baliokidetasun hauek ezarri ditu azienda espezieen artean:
a) Behi-azienda larriko abelburua, AzLU 1.
b) Ardi edo ahuntz aziendako abelburu heldua, 0,15 AzLU, eta kumea, 0,025 AzLU.
c) Zaldi-aziendako abelburu heldua, 0,90 AzLU, eta kumea, 0,30 AzLU.
Hori hala izanik ere, Iguzkitzako Kontzejuak ordenantza honen 33. artikulua eta Kontzejuko herritarren eskubide legitimoak bete daitezen zainduko du.
35. artikulua. Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, Iguzkitzako Kontzejuak ahalmena du herri-larreetan esku-hartzeko, Batzarrak hala erabakita, herri-lurra defendatu eta behar bezala erabil dadin, artzaintza aldia, abere-karga edo herri-lurretan eragina duen beste edozein alderdi dela eta.
36. artikulua. Aprobetxamenduaren adjudikazioa arautzen duen agirian zehaztuko da kanona. Abelburuen arabera edo aprobetxamenduaren azaleraren arabera adierazi daiteke. Kanon hori herri-lurren egiazko balioaren %80 eta %90 artekoa izango da eta ordenantza honen IX. kapituluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da.
37. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuak bertan behera utzi ahal izango du adjudikazioa, titulu honen VIII. kapituluan ezarritako arrazoiengatik eta gutxienez hiru hilabete lehenago jakinarazita.
38. artikulua. Larreen aprobetxamendua egiterakoan, adjudikaziodunak honako hau bete beharko du:
a) Abeltzaintzako azpiegiturak instalatu baino lehen (askak, bazka-landareak, etab.) edo aldi baterako bestelako instalazioak egin baino lehen, adjudikaziodunak Iguzkitzako Kontzejuari eskaera egin beharko dio, eta haren onespen espresa eta beharrezko baimenak eduki beharko ditu.
b) Aziendak ezin izango dira nekazaritzako lurzatietan sartu euriteen ondoko 3 eguneko epean.
c) Laboreen nekazaritza-urtetik kanpo bazkatuko dira aziendak, eta ezin izango dira bazkatu hirigune barnean, adjudikazioaren agirian espresuki eta modu arrazoituan adierazitako eremuetan, ez eta urte anitzetako laboreen gainean ere.
d) Adjudikazioduna izango da aziendek pertsona eta ondasun publiko zein pribatuei eragiten dizkieten kalteen erantzule.
39. artikulua. Adjudikazioa, 8 urtekoa izango da gutxienez, edo kasu bakoitzean adjudikazio-agirian zehazten den eperako; eta 15 urterako gehienez ere. Horretatik salbuetsirik dago etxeko abeltegiaren aprobetxamendua, herritarrek egindakoa, urtero berrituko baita ohitura eta tradizioa direla eta.
IV. KAPITULUA
Etxerako egurraren aprobetxamendua
40. artikulua. Mendian aski izan eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Basogintzako Administrazioak markatu ondoren, Iguzkitzako Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.
41. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten egingo da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.
42. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izango ditu saldu.
Onuradunen batek epaitza osorik edo partez saldu duela egiaztatzen bada, Kontzejuak behar diren zehapen neurriak hartuko ditu.
43. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuak finkatuko du etxerako egurra aprobetxatzeagatik ordaindu beharreko kanona lotea markatzerakoan, kontuan hartuta loteak markatzearen eta bideak konpontzearen kostuak, bai eta lanak sortutako beste kostu batzuk ere, betiere behar bezala justifikatuta eta zuzenean loteei egotzita.
44. artikulua. Zozketa publikoaren bidez adjudikatuko dira epaitzak.
a) Adjudikazio prozedurari dagokionez, Kontzejuaren Batzarraren erabakiaren ondotik eta iragarki oholean iragarkia argitaratuta, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek etxerako egurraren aprobetxamendurako eskabidea aurkez dezaten. Aurretik, azken urteko epaitzen aprobetxamendua berrikusiko da, eta behar diren neurriak hartuko dira arautegia hautsi dela ikusiz gero.
b) Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, zozketa egiteko eguna ezarriko da eta iragarki oholean iragarriko da. Zozketa jendaurrean egingo da eta horren emaitza Iguzkitzako Kontzejuaren iragarki oholean jarriko da.
45. artikulua. Egur epaitzak erretiratzea.
a) Zozketa egiten denetik hilabete bateko epea dago garbiketa egiteko, eta urtebetekoa markatzen direnetik loteak jasotzeko. Kontzejuak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori aldatzeko, baita epaitzak entregatzeko eguna eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko ere. Epealdi hori iraganik, epaitzak aztertuko dira.
b) Onuradunak behartuta daude ezarritako epeak betetzera eta egurra bildu ondotik hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izango dira pilatu ez bideetan, ez mendi pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Iguzkitzako Kontzejuak ematen dituzten jarraibideei kasu egingo zaie.
Jarraibideak betetzen ez badira, Kontzejuak behar diren zehapen neurriak hartu ahalko ditu.
c) Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu egingo zaie aprobetxamendua, egurra erretiratzeko baldintza betetzen ez duten artean. Bi urteko epean ez bada emandako egur lotea erretiratzen, arrazoi behar bezala justifikatua dagoela izan ezean, aprobetxamenduaren emakida ukatuko zaie, eta gainera kanonaren %100eko errekargua izango dute.
46. artikulua. Epaitzan adierazitako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Lotea behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, Basogintzako Administrazioari eta Udaleko basozainei egingo zaie kontsulta. Kontzejuaren adostasuna beharko da, idatzizkoa betiere. Bestela, behar diren zehapen neurriak hartu ahalko ditu Kontzejuak.
47. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzen edo zuhaitz ihartuen eta abarren egurra aprobetxatzeko aurretiko baimen idatziak lortu baino lehen eta Kontzejuak horren berri duela, adjudikazioa zozketa bidez egingo da ordenantza honen 16. artikuluan xedatua betetzen duten familia-unitateen artean.
48. artikulua. Guztiz debekatua dago zaborra, bidoiak eta edozein hondakin mendian uztea. Arau hau hautsiz gero, Kontzejuak edo bestelako entitate eskudunek behar diren zehapenak edo ekintza judizialak bideratuko dituzte.
V. KAPITULUA
Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak
49. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuak Alaitza de Arriba eremua gordeko du etxeko baratzeen aprobetxamendurako.
a) Eremu hori loteetan banatuko da, Iguzkitzako Kontzejuan jasotako eskaeren arabera.
b) Iguzkitzako Kontzejuak otsailean iragarriko du etxeko baratzen urteko emakiden berritzea, eta 16. artikuluan ezarritakoa betetzen dituzten familia-unitateek parte hartzeko eskubidea izango dute. Iragarki horretan jakinaraziko da Kontzejuaren Batzarrak hartutako erabakia, azalera unitate bakoitzeko aprobetxamenduaren kanonaren onespenari buruzkoa (15 euro/erregua), eta hori urtero igoko da KPIaren arabera.
c) Zenbatekoa aldez aurretik ordainduko da, behin betiko adjudikazioa egin ondoren.
50. artikulua. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, indarrean dagoen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta haren osagarri direnetan ezarritakoari segituz arautuko da.
51. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Iguzkitzako Kontzejuak onesten dituen baldintza agirien arabera egingo dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko ditu.
VI. KAPITULUA
Hobekuntzak herri-ondasunetan
52. artikulua. Proiektu horiek Kontzejuak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatu ditzakete eta lehentasuna izango dute. Kasu horietan, honako prozedura honi jarraituko zaio:
a) Iguzkitzako Kontzejuaren erabakia, horren bidez onetsiz dena delako proiektua eta herri-lurretako aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.
b) Jendaurrean jartzea hilabetez, eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioen gainekoa.
c) Nafarroako Gobernuaren behin betiko onespena.
53. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuaren Batzarrak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean jarri eta gero.
VII. KAPITULUA
Herritarrek herri-lurrak luberritzea
54. artikulua. Herritarrek debeku dute herri-lurrak luberritzea, Iguzkitzako Kontzejuaren aurretiko baimena ez badute.
55. artikulua. Kasu horietan, interesa duten herritarrek honako prozedura honi jarraituko diote:
a) Interesdunaren eskaera Iguzkitzako Kontzejuari, herri-lurrak luberritzeko eta lur horiek nahi dituen helburuetarako erabiltzeko baimena eskatuz, zehaztutako agiriekin batera.
b) Kontzejuaren Osoko Bilkuraren erabakia, eskatutako luberritzea onetsiz edo ukatuz.
c) Erabakia Nafarroako Gobernura igortzea eta behin betiko onestea.
56. artikulua. Luberritzeen aprobetxamendua arautuko duen baldintza-agiria Iguzkitzako Kontzejuko Batzarrak onetsiko du. Luberritutako herri-lurren aprobetxamenduaren emakidaren epea 5 eta 20 urte bitartekoa izango da.
57. artikulua. Kasu horietan, Iguzkitzako Kontzejuak onuradunari kanona murrizten ahal dio, adjudikazioaren epe osorako nahiz zati baterako, hobekuntza amortizatzeko kontzeptu gisa. Adjudikazioaren gainerako epean, ordenantza honetan aprobetxamendu mota honetarako ezarritako kanona ordainduko du, ordenantzaren artikuluetan xedatuari jarraituz.
VIII. KAPITULUA
Adjudikatzeko prozedura
58. artikulua. Herri-lurretako aprobetxamenduak adjudikatu baino lehen, Iguzkitzako Kontzejuak egin batzarrean onetsi beharko du aprobetxamendu hori arautuko duen baldintza-agiria, ordenantza honen jarraibideak jasoko dituena.
59. artikulua. Adjudikazio motak. Iguzkitzako Kontzejuak hurrenkera honi jarraikiz egingo du herri-lurretako aprobetxamenduaren adjudikazioa.
a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.
b) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
c) Enkantea edo bestelako ustiapen moduak.
60. artikulua. Herri-ondasunen adjudikaziorako prozedura.
a) Iguzkitzako Kontzejuak iragarki oholean ikusgai jarriko du herri-lurren aprobetxamenduaren adjudikazioaren berritzea; 20 egun naturaleko epean adjudikazio horretarako eskubidea dutela uste duten herritarrek Kontzejuari horren berri emango diote.
b) Iguzkitzako Kontzejuak iragarki-taulan ikusgai jarriko du onartuen behin behineko zerrenda, 15 egun naturalean.
c) Kontzejuak ebatziko ditu alegazioak, halakorik bada, eta eskaerak eta eskatzaileen ezaugarriak aztertuko; ondoren, banatzeko loteak egingo ditu, lehenenik lehentasunezko eskaerak bermatuz, familia-unitateko kideen araberako honako proportzionaltasun irizpide honi jarraikiz, eta per capita errentaren alderantzizko proportzionaltasunaren arabera:
Familia-unitateko kideen araberako koefizientea:
–3 bitarte: 1
–4 eta 6 bitarte: 2
–6 eta 9 bitarte: 3
–9tik gora: 4
d) Behin adjudikazioa ebatzita, Kontzejuaren iragarki-taulan ikusgai jarriko da 20 egun naturalean.
e) Epe hori bukatuta eta Kontzejuak alegazioak ebatzita, halakorik bada, adjudikazioa behin betikotzat joko da.
61. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuak zehaztuko du zenbat lur adjudikatzen zaion herritar bakoitzari; horretarako honako hauek hartuko ditu kontuan: dagoen herri-lurra, adjudikatzen den lurraren produkzio gaitasuna, eskatzailearen ustiategiari edo beharrei dagokienez, familia-unitatearen egoera ekonomikoa eta agirian ezarritako ohartarazpenak.
62. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuak larre guztien bostena gordeko du urteko adjudikaziorako, eta laborantzako lurren ehuneko hamarra, onuradun berririk dauden kasuetarako. Lur horiek modu proportzionalean adjudikatuko dira adjudikazio-hartzaileen artean.
63. artikulua. Iguzkitzako Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hau baldin badute:
a) Eskatzaile berriendako loteetatik gordetako zatiaren adjudikazioa.
b) Haien gaineko kargak kentzea.
c) Herri-lurra hobetzea.
d) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.
64. artikulua. Aprobetxamendurako eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Iguzkitzako Kontzejuko udalerriaren errolda-ziurtagiria, ziurtagiria eman den egunetik gutxienez urtebete lehenagokoa dena.
b) Udalerri honetan gutxienez 9 hilabetez bizi izatearen zinpeko aitorpena.
c) Familia-unitateko kideen zinpeko aitorpena eta familia liburuaren fotokopia konpultsatua edo, bestela, Elkartze Zibilen Erregistroarena.
d) Udal Ogasunaren Esku-hartzailetzaren ziurtagiria, Udalarekiko/Kontzejuarekiko zerga betebeharrak eguneratuta izatearena.
e) Zinpeko aitorpena eta ziurtagiriak, udal honetan eta beste batzuetan jabetzan dituen lurren azalera eta labore motak egiaztatzeko.
f) Zinpeko aitorpena, errentamenduan edo bestela baliatzen dituen lurrena.
g) Zinpeko aitorpena eta ziurtagiriak, hiri-lurreko jabetza egiaztatzeko, ohiko bizilekua den norberaren etxebizitza kenduta.
h) Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko ziurtagiria.
i) Teknikari eskudunak sinatutako ziurtagiria, aziendaren osasun kanpainak animalien osasunaren arloko legeriari jarraituz betetzen direla dioena.
j) Zinpeko aitorpena, familia-unitateko kideak zein errenta tartean dauden dioena.
k) Zinpeko aitorpena, jakinarazitako datuak egiaztatzeko jatorrizko agiriak edo legez konpultsatuak aurkezteko konpromisoa hartuz.
IX. KAPITULUA
Kanona ordaintzeko prozedura
65. artikulua. Kanonak ordaintzeko epea behin betiko adjudikazioaren biharamunean hasiko da, eta aprobetxamendua bukatu arte izango da, horren kontratuan zehazten baita.
66. artikulua. Kanona urtero ordainduko da, aprobetxamenduaren urte bukaeran.
67. artikulua. Kanona urtero eguneratuko da, lehenengo ordainketatik hasita. Horretarako, KPIaren azken erreferentzia erabiliko da, eguneratze dataren aurrekoa, organo eskudunak argitaratutakoa.
68. artikulua. Behin betiko adjudikaziodunak adjudikazioaren epealdi osoaren balioaren %3 utziko du fidantza gisa, Iguzkitzako Kontzejuaren kontuan.
V. TITULUA
Arau-hauste eta zehapenak
69. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
a) Aprobetxamendua ez egitea zuzenean eta pertsonalki, edo hirugarren batzuei bazka saltzea, berdea, lehorra zein siloratua izan.
b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.
c) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.
d) Herri-lurra zertarako adjudikatzen den, beste zerbaitetarako erabiltzea.
e) Lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.
f) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) baimenik gabe landatzea.
g) Adjudikazioetan adierazitako epeak ez errespetatzea.
h) Ez betetzea Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legearen eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua, herri-larreetan eta antzekoetan bazkatzen duen aziendaren osasuna zaintzeari buruzkoa.
i) Hildako abereak bertan uztea.
j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.
k) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.
70. artikulua. Arau-hauste horiek zehapen hauek izango dituzte:
–a), b), c), d), f), h) eta i) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.
–g) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea galduko da.
–Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, edo adjudikazioaren balioaren %50, zehapen gisa.
Iragarkiaren kodea: L1900799
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
