2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BETELU
Ordenantza, Kamioiak eta mota guztietako ibilgailuak aparkatzea arautzen duena. Behin betiko onespena
Udalak, 2018ko azaroaren 6an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Beteluko udalerrian Kamioiak eta mota guztietako ibilgailuak aparkatzea arautzen duen ordenantza.
Jendaurreko epea amaiturik, 2018ko 222. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 16an, eta Udalaren iragarki-taulan argitaratu ondoan, ez da erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.
Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, hasierako onespena behin betiko bilakatu, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen dira artikuluak.
Betelun, 2019ko urtarrilaren 18an.–Alkatea, Miguel Javier Recalde Goldaraz.
BETELUKO UDALERRIAN KAMIOIAK ETA MOTA GUZTIETAKO IBILGAILUAK APARKATZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Ikusirik:
Beteluko udalerrian ibilgailuak aparkatzea arautzeko beharra.
Kontuan harturik:
Beteluko Udalaren asmoa dela ibilgailuen, oro har, eta kamioien, bereziki, aparkatzea arautzea, Beteluko benetako premiak direla-eta, xede horretarako espazioa zentzuz erabiltzeko.
Erabili beharreko irizpidea dela aparkatzeko erreserbak ematea, behar bezala justifikatutako kasuetarako.
Beharrezkotzat jotzen dela erreserba lortzen dutenek arrazoizko tasa, erabiltzen ari diren espazio publikoaren erabilera bereziaren araberakoa, ordaintzea.
Beteluko Udalak honako ordenantza hau ezartzen du:
1. artikulua.–Ordenantza honen xedapenek arautuko dituzte Beteluko Udalerriak ibilgailuak, oro har, aparkatzeko ematen dituen erreserbak, lanegunetako 7:00etatik 22:00etara.
–Erreserbatutako aparkalekutzat ulertzen da eremu publikoko espazio bat entitate publiko edo pribatu bati adjudikatzea, bere jabetzako edo bere zerbitzura dauden ibilgailuak esklusiboki aparka ditzan.
2. artikulua.–Aparkalekuko erreserbak Udalari eskatuko zaizkio, arrazoituz, eta hark ebaluatuko du eskaera bakoitza eta, erreserba ematea ala ez ebatziko, aldeko edo kontrako txostenaren bidez.
3. artikulua.–Aparkatzeko erreserben neurri-unitatea erreserba-modulua da. Halakotzat ulertzen da 2,5 metro zabal bider 5 metro luze hartzen duen espazioa, kotxeen kasuan, eta 2,5 metro zabal bider 20 metro luze hartzen duena, kamioienean.
4. artikulua.–Aparkatzeko erreserbak ematean ezarriko da, zer tokitan eta zer ordutan egonen diren indarrean, zehazten diren premien arabera.
5. artikulua.–Ordenantza honen arabera baimentzen diren aparkatzeko erreserben indarraldia urte bakoitzaren urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte izanen da, salbu eta ordenantzak epe luzeagoa edo bestelakoa ematen duen kasuetan, eta ematen den lehendabiziko urtean, ematen denetik urte horren abenduaren 31ra bitarte izanen baita.
Berritzeko eskaerak epemuga baino hirurogei (60) egun lehenago aurkeztu beharko dira, eta ordenantza honen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz kudeatu eta erabakiko dira. Kontrakorik esaten ez bada, luzatutzat ulertuko da.
6. artikulua.–Ematen diren aparkatzeko erreserben onuradunek 60 euroko tasa ordainduko dute urtean, kotxeen kasuan, eta 240 eurokoa urtean, kamioienean.
7. artikulua.–Udalak seinaleztatuko ditu eremu publikoan xede horretarako erreserbatutako guneak.
8. artikulua.–Ibilgailuak aparkatzeko erreserbatutako guneak libreki erabiltzen ahalko ditu edozein ibilgailuk 22:00etatik hurrengo eguneko 7:00etara bitarte, lanegunetan, eta asteburu nahiz jaiegunetan.
Iragarkiaren kodea: L1900859