2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BEASOAIN-EGILLOR
Ordenantza, Beasoain-Egillorko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Kontzejuak, 2018ko apirilaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.
2018ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 10ean, eta Kontzejuaren iragarki-taulan argitaratu ondoren, bukatu da jendaurrean egon beharreko epea, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe.
Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, hasierako onespena behin betiko bilakatu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen da delako ordenantza.
Egillorren, 2019ko urtarrilaren 14an.–Kontzejuko burua, David Campion Ventura.
ORDENANTZA, BEASOAIN-EGILLORKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da kontzeju-mugarte honetako herri-ondasunen administraziorako, xedapen egintzetarako, eta babes, berreskuratze eta aprobetxamendurako arauak ezartzea.
2. artikulua. Herri-ondasunak dira herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute tributurik izanen beren gain.
4. artikulua. Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, 280/1990 Foru Dekretuak onartutako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua, eta gainerako erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa deusetan galarazi gabe.
II. TITULUA
Administrazioa eta xedapen-egintzak
5. artikulua. Herri-ondasunak erabili, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Beasoain-Egillorko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Beasoain-Egillorko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.
Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Beasoain-Egillorko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke, herri-ondasun gisa.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
III. TITULUA
Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea
7. artikulua. Beasoain-Egillorko Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.
8. artikulua. Beasoain-Egillorko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Beasoain-Egillorko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren finken hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horiei buruzko erabakia.
10. artikulua. Beasoain-Egillorko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko baimen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarri bezala.
11. artikulua. Beasoain-Egillorko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, emakida edo beste edozein tituluren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Beasoain-Egillorko Kontzejuak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu, eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.
13. artikulua. Beasoain-Egillorko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimenaren txanda izanen da, legez zehaztuko den gisan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.
IV. TITULUA
Herri-ondasunen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:
a) Herri-larreen aprobetxamenduak.
b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.
c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.
15. artikulua.
1. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua izatea.
b) Biztanleen Udal Erroldan Beasoain-Egillorko bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez 3 urte lehenagotik.
c) Beasoain-Egillorren urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.
d) Beasoain-Egillorko Kontzejuan eta Ollarango Udalean ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.
2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldatatik beheitikoak baldin badira.
3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Beasoain-Egillorko Kontzejuak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.
Herri-larreen aprobetxamendua.
16. artikulua. Beasoain-Egillorko Kontzejuko herri-larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da, lehentasunezko ordena honetan:
a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez.
b) Enkante publikoaren bidez adjudikatuz.
1. ATALA
17. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa.
1. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako tilularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren onuradunak, Nafarroako Gobernuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda dutenak.
18. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.
19. artikulua. Adjudikazioa 15 urterako izanen da. Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez ez badira herri-larre guztiak adjudikatzen, soberan gelditu direnak enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, zortzi urteko eperako.
20. artikulua. Kontuan harturik jasan daitekeen abelburu kopurua, larreen kopurua eta kalitatea eta haien eskuragarritasuna, Kontzejuaren osoko bilkurak abelburuko kanona ezarriko du, merkatuko prezioaren arabera. Nolanahi dela ere, bai abelburuko kanona, espezien araberakoa, bai adjudikazio prezioa ez dira izanen larreen balio errealaren %80 baino txikiagoak, ezta haren %90 baino handiagoak ere. Beasoain-Egillorko herri-larreek jasan dezaketen azienda karga zehazteko, baliokidetza hauek finkatu dira dauden azienda moten artean:
a) Zaldi azienda bakoitzeko behi bat.
b) Behi azienda bakoitzeko 8 ardi.
c) Behi azienda bakoitzeko 8 ahuntz.
21. artikulua. Adjudikazioaren prezioa lehen urtetik aurrera igoko da; horretarako, bizitza kostuaren igoera, onetsitako indize ofizialen araberakoa, gehituko zaio.
22. artikulua. Epe bakar batean ordainduko da urte bakoitzari dagokion kanonaren edo adjudikazioaren zenbatekoa, urte bakoitzeko azaroan.
23. artikulua. Onuradunak urteko prezioaren %10 jarri beharko du fidantza gisa, bost eguneko epean, adjudikazioaren egunetik hasita.
24. artikulua. Larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita betetzen direla Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta aplikatzen den gainerako araudian eskatzen diren baldintzak, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.
25. artikulua. Abeltzainak bere kontura eraiki nahi baditu estalpeak edo ganaduarendako bestelako instalazioak, Kontzejuari baimena eskatzen ahalko dio eta, adjudikazio aldia bukatutakoan, erabilitako materialak eraman ahalko ditu.
2. ATALA
Adjudikatzeko prozedura
26. artikulua. Beasoain-Egillorko Kontzejuak erabakia hartu ondoan, 15 egun balioduneko epea irekiko da, Kontzejuaren iragarki-taulan iragarkia agertuta, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.
27. artikulua. Eskaerei honako hauen gaineko zinpeko aitorpena erantsiko zaie:
a) Beasoain-Egillorko biztanlea izatea, gutxienez 3 urte lehenagotik, eta Beasoain-Egillorren bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen.
b) Beasoain-Egillorko Kontzejuarekiko eta Ollarango Udalarekiko zerga beharkizunak beteak izatea.
c) Abelburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria.
d) Osasun ziurtagiria.
e) Erabili nahi diren eremuen zerrenda ordenatua.
28. artikulua. Herri-larreak adjudikatzerakoan irizpide sozialetan oinarrituko da, eta diru aldetik apalenak diren familia unitateei emanen zaie lehentasuna.
Familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko, irizpide objektiboak erabil daitezke; adibidez, errenta aitorpena.
29. artikulua. Beasoain-Egillorko Kontzejuak osoko bilkuran onetsiko du onartutakoen zerrenda. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da. Onartutakoen behin-behineko zerrenda Beasoain-Egillorko Kontzejuaren iragarki-taulan jendaurrean jarriko da hamar egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da, besterik gabe.
30. artikulu. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Beasoain-Egillorko Kontzejuak horien gaineko ebazpena emanen du, eta behin betiko zerrenda onetsiko.
31. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan adjudikatuko dira 8 urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez; orobat, Beasoain-Egillorko Kontzejuak ezartzen dituen baldintzak beteko dira.
II. KAPITULUA
Etxerako egurraren aprobetxamendua (epaitza)
32. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Beasoain-Egillorko Kontzejuak etxerako egur epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.
33. artikulua. Beasoain-Egillorko Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko egur epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako. Nolanahi ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Legearen 163. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa bete beharko da.
34. artikulua. Egur epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta ezin izanen dira saldu.
35. artikulua. Egurra banatzerakoan, Beasoain-Egillorko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da eta, beraz, diru aldetik apalenak diren familia unitateei lehentasuna emanen die.
36. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu diren familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Beasoain-Egillorko Kontzejuak irizpide objektiboen arabera jokatuko du, ordenantza honen 27. artikuluan jasotzen denari jarraituz, non ez dagoen Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 165. artikuluan ezarritakoaren aurka, horrexek baitu lehentasuna.
37. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du etxerako egurraren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona.
38. artikulua. Epaitzak hartutzat ematen dira:
a) Markaketa eremutik baztertuta daudenean.
b) Zatituta eta metatuta daudenean.
c) Ezin dira hondar horiek metatu bideetan, mendiko pistetan edota bertatik igarotzea galarazten duten tokietan; gainera, zehatz-mehatz bete beharko dira basozainek agindutako jarraibideak.
d) Loteak gehienez ere urtebetez uzten ahal dira mendian, zatituta eta metatuta.
e) Loteak ateratzean alanbre-hesiak hondatuz gero, konpondu egin beharko dira.
Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.
III. KAPITULUA
Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak
39. artikulua. Ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, ehizaren aprobetxamendua arautzeko, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta haren osagarri diren xedapenetan ezarritakoari jarraituko zaio.
40. artikulua. Beasoain-Egillorko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza.
Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.
V. TITULUA
Hobekuntzak herri-ondasunetan
41. artikulua.
1. Beasoain-Egillorko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hau baldin badute:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurra hobetzea.
c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela frogatzen duten herritarrei laguntzeko.
2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.
3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:
a) Beasoain-Egillorko Kontzejuak hartutako erabakia, zeinak proiektua onetsiko baitu, eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.
b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea, eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.
c) Nafarroako Gobernuaren onespena.
4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
42. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Kontzejuak ebatzi ondoren.
VI. TITULUA
Arau-hauste eta zehapenak
43. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.
c) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.
d) Herri-lurra zertarako adjudikatzen den, beste zerbaitetarako erabiltzea.
e) Adjudikazioetan adierazitako epeak ez errespetatzea.
f) Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.
g) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.
h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.
44. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:
Arau-hausteek berekin ekarriko dute ondoko hau: adjudikazioa galtzea, ezarritako fidantza galtzea (halakorik ezarri bazen), Beasoain-Egillorko Kontzejuak zehazten duen kalte-ordaina, kaltea konpondu nahiz lehengoratzeko behar den kopurua kontuan izanik, eta 750 euroko zehapena.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L1900687