Iragarkia
41. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 28a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
EGUESIBAR
Deialdia, ludotekako eta liburutegiko laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, euskararen B2 jakite maila eskatzen duena
Eguesibarko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2019ko urtarrilaren 28an egin bilkuran, deialdia onetsi zuen, Eguesibarko Udalaren zerbitzuko ludotekako eta liburutegiko laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, euskararen B2 jakite maila eskatzen duena.
Hona hemen deialdiaren oinarriak:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da ludotekako eta liburutegiko laguntzaile lanpostu bat (C maila) oposizio-lehiaketa bidez betetzea, plantillan hutsik baitago. Nahitaezkoa da euskarazko B2 maila edukitzea gutxienez. Eguesibarko Udalaren zerbitzuko lan-kontratudun gisa ariko da, lanaldi osoan.
Lanpostua Eguesibarko Udalaren 2018ko lan publikoaren eskaintzan azaltzen da, eta toki entitatean aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuari dagokio, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean 2018. urterako ezarritakoa bete beharrez.
1.2. Deialdi honen bidez bete gogo den lanpostu hutsak 5.4 kodea dauka plantilla organikoan, eta Udaleko hezkuntza, kultura, euskara, kirol eta berdintasun alorrari atxikia dago.
1.3. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan C mailako lanpostuetarako oro har ezarritakoak, baita Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari buruzko uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan ezarritakoak ere, eta ordainsari osagarriak, halakorik balego, aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezartzen badira eta plantilla organikoan zehazten badira.
Bi hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua deuseztatu edo desegin ahalko du, iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete.
1.4. Era berean, deialdi honen xedea da hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, izangaien zerrenda bat eratzea, zerbitzuan sortzen diren beharren arabera lanpostuak aldi baterako betetzeko.
Deialdi honetako atal honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere bi hilabeteko probaldia ezarri da, eta epe horretan edozein aldek deuseztatu ahalko du kontratua.
1.5. Lanpostuaren titular izendatzen den pertsonak bete beharreko eginkizunak, besteak beste, honako hauetara bideratuko dira:
–Ludotekako laguntzaile bati dagozkion lanak:
Ludotekarako plangintzan sartutako jarduerak gauzatzea, jarduerak programatzeko proposamenak egitea, erabiltzaileak zaintzea, eta ludotekaren arloan proposatzen diren bestelako jarduerak egitea.
–Liburutegiko laguntzaile bati dagozkion lanak:
- Funtsak paratzea eta ordenatzea.
- Aldizkako argitalpenak jaso, erregistratu eta kontrolatzea.
- Zenbaketak eta garbiketak egitea.
- Bibliografia eta dokumentu funtsak sailkatzea, edozein euskarritan.
- Katalogoak mantentzea.
- Bibliografia funtsak erregistratzea eta herritarrek erabiltzeko prestatzea.
- Aleak erregistratzeko datuak sartzea datu-base bibliografikoetan.
- Hondatutako aleetan konponketa txikiak egitea.
- Erabiltzaileei arreta egitea.
- Instalazioak ireki eta ixtea.
- Argibide orokorrak ematea liburutegiari eta haren zerbitzuei buruz.
- Oinarrizko informazio bibliografikoa ematea.
- Dokumentuak maileguan ematea.
- Erabiltzaile txartelak egitea.
- Kultur jardueretan eta irakurketa sustatzekoetan lankidetzan aritzea.
- Erabiltzaileak prestatzeko jardueretan lankidetzan aritzea.
- Estatistikak egitea.
- Liburutegia kudeatzeko sistema ezagutu eta erabiltzea, aipaturiko eginkizunak era egokian bete ahal izateko.
–Aurrekoez gain, beste edozein eginkizun, lanpostuaren helburuarekin bat datorrena, lanpostuari dagokion mailarekin eta eskumenekin bat.
1.6. Hautaprobak gainditurik deialdi honetako lanposturako izendatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorreko kide eginen da, eta hartan inskribatuko.
Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Zerbitzuaren beharretara egokituko dira lanaldia eta ordutegia, eta organo eskudunek noiznahi aldatu ahalko dituzte, beharrezkoa izanez gero. Astean zehar, goizeko, arratsaldeko edo lanaldi zatituko txandak egin ahalko ditu, Zerbitzuak horri dagokionez ezartzen duen antolamenduaren arabera.
1.7. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren babesean, izangaiei jakinaraziko zaie deialdi honi, bere oinarriei edo betearazteko ematen diren egintzei buruzko edozein gorabehera, egintza edo errekurtso, Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan argitaratuta, bai eta Udalaren web-orrian ere (www.valledeegues.com).
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.
Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat izatea edo eskuratzeko moduan egotea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
d) Euskarazko B2 mailako titulua izatea gutxienez, Hizkuntza Eskola Ofizialak luzatua, edo baliokidea.
e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.
2.2. Izendapenerako proposatutako izangaiek deialdi honen 7.2 oinarrian ezarritako epean eta moduan egiaztatu beharko dituzte aipatu beharkizun guztiak. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko dituzte baldintza horiek, eta haien jabe izanen dira hautapen prozeduran izendatuak izan eta lanpostuaz jabetzen diren arte.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdiko hautapen prozesuan parte hartzeko eskabideak Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Garajonay kalea, 1; 31621-Sarriguren, Eguesibar), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.
Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratzen den ereduari jarraikiz aurkeztuko dira; haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako baldintza guztiak betetzen dituztela eta, hartara, jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dituzte. Eguesibarko Udalaren Erregistroko bulego horietako edozeinetan eskuratuko da eskabidearen eredua; bestela, Interneten, www.valledeegues.com helbidean, edo www.nafarroa.eus webgunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren orrian.
3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.
3.3. Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideengatik 6,00 euroko tasa ordaindu beharko da Caixabankeko ES22 2100 5323 4822 0008 2104 kontuan edo Eguesibarko Udalean berean. Tasak Udaleko Diruzaintzan ordaintzen badira, ordainagiri bat emanen da eta eskabideari erantsi beharko zaio.
3.4. Eskabideari, behar bezala bete ondotik, agiri hauek erantsiko zaizkio:
3.4.1. Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren bat.
3.4.2. 2.1.c) oinarriko baldintza egiaztatzen duen tituluaren kopia konpultsatua.
3.4.3. 2.1.d) oinarriko baldintza egiaztatzen duen tituluaren kopia konpultsatua.
3.4.4. Tasa ordaindu izanaren agiria. Tasa hori ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
3.5. Eskabidearekin batera, alegatzen diren merezimendu guztien zerrenda eta haien egiaztagirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, 6. oinarrian ezartzen denari jarraikiz.
3.6. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.7. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Eguesibarko Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta erreklamazioei erantzun ondoren, Eguesibarko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Alfonso Etxeberria Goñi, Eguesibarko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Fátima Puñal Senosiain, Eguesibarko Udaleko Liburutegietako zinegotzi ordezkaria.
1. mahaikidea: Patricia Cifrian, Eguesibarko Udaleko kultura teknikaria.
1. mahaikidearen ordezkoa: Maite Santos, Eguesibarko Udaleko liburutegiko laguntzailea.
2. mahaikidea: Ana Isabel Olaso Val, Informazio Baliabideen Bulegoko burua.
2. mahaikidearen ordezkoa: Virginia Oyarzun Martínez, erdi mailako teknikaria-liburuzaina.
3. mahaikidea: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.
3. mahaikidearen ordezkoa: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.
Mahaikide-idazkaria: Eguesibarko Udaleko idazkaria.
Mahaikide-idazkariaren ordezkoa: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko aholkulari juridikoa-kudeatzailea.
5.2. Epaimahaia hautaprobak baino lehenago eratuko da.
5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.
Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.4. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errekusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Hautapen prozesua bi urratsetan gauzatuko da, hurrenez hurren, lehenbizi, lehiaketaldia, eta bigarrenik, oposizioaldia.
6.2. Lehiaketaldia:
6.2.1. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean, 3.5 oinarrian jasotzen den bezala, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Bestela, ez dira kontuan hartuko.
Egindako zerbitzuen apartatuan alegaturiko merezimenduak dagokion administrazio publikoaren ziurtagirien bidez egiaztatuko dira eta, ziurtagiri horietan, lan egindako denbora eta lanaldiaren iraupena jaso beharko da.
6.2.2. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdiaren III. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.
6.2.3. Aipatu baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia izan beharko dute agiriek. Ez dira kontatuko arrazoitzen ez diren merezimenduak.
Lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruzko azalpen eta datu osagarriak noiznahi eskatzen ahal ditu epaimahaiak.
6.2.4. Lehiaketaldiak 20 puntuko balorazioa izanen du, gehienez ere. Deialdiko II. eranskinari jarraikiz banatuko dira puntuak, honako apartatu hauetan:
a) Egindako zerbitzuak: gehienez ere 15 puntu.
b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 5 puntu gehienez.
6.2.5. Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.
6.2.6. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen.
6.2.7. Merezimenduen balorazioa egindakoan, emaitzak ikusgai jarriko dira Udalaren iragarki-taulan eta www.valledeegues.com web-orrian.
6.3. Oposizioaldia:
6.3.1. Oposizioa kalifikazio epaimahaiak adierazten duen egunean hasiko da; aurreikusia dago 2019ko apirilean izatea. Lehiaketaldian izangaiek lortutako emaitzekin batera argitaratuko da probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren ere.
Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta www.valledeegues.com web-orrian.
6.3.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:
–Lehenbiziko ariketa.
Teorikoa. 40 eta 80 galdera artean erantzun beharko dira, test modukoak, II. eranskineko gai zerrendan sartutako gaiei buruz. Hainbat erantzun emanen dira aukeran, eta horietako bat bakarra izanen da zuzena. Okerrengatik puntuak kenduko dira. Epaimahaiak erabakiko du zenbat denbora izanen den ariketa hau egiteko. Gehienez ere bi ordu izanen dira.
–Bigarren ariketa.
Praktikoa. Epaimahaiak proposatutako kasu praktikoak ebatzi beharko dira idatziz, II. eranskineko gaiei buruz. Epaimahaiak erabakiko du zenbat denbora izanen den ariketa hau egiteko, egin beharreko probaren arabera. Gehienez ere bi ordu izanen dira.
6.3.3. Oposizioko ariketen balorazioan 80 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:
–Lehen ariketa: gehienez 40 puntu.
–Bigarren ariketa: gehienez 40 puntu.
6.3.4. Oposizioko ariketa guztiak baztertzaileak izanen dira, eta kanporaturik geldituko dira ariketa horietako batean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak. Baztertuta geldituko da, era berean, oposizioaren ariketa horietakoren batean 0 puntuko kalifikazioa jasotzen duena.
6.3.5. Bigarren ariketa plika sistemaren bidez eginen da, salbu eta epaimahaiak erabakitzen badu izangaiek ariketa hori jendaurrean irakur dezatela, epaimahaikoen aurrean.
6.3.6. Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, ariketa egin den lekuan eta Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan, probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gainera, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zein ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago. Zerrenda hori Udalaren www.valledeegues.com web-orrian ere ikusi ahalko da.
6.3.7. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute aldean. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak.
6.3.8. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendatzeko proposamena eta agirien aurkezpena.
7.1. Hautaprobak buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin, Udalaren iragarki-taulan. Gero, zerrenda hori Alkatetzari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrenda Udalaren www.valledeegues.com web-orrian ere kontsultatzen ahalko da.
Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinduta jarraituz gero, oposizioaldiko lehen ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan eta, azkenik, berdin jarraituz gero, jendaurreko zozketa eginen da.
7.2. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
7.2.1. Eguesibarko Udalaren zerbitzuko langile finkoa ez bada:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Deialdiko lanpostua betetzeko eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.
c) Osasun ziurtagiri ofiziala, interesdunak karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela ziurtatzen duena.
Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.
d) Zinpeko edo zinezko deklarazio bat, adierazteko ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
e) Nafarroako Foru Araubidea errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.
Baldin eta izangaia Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finkoa bada (ez deialdi hau egin duenekoa, baizik eta beste batekoa), goikoez gain, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria (sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abarri buruzkoa) aurkeztu beharko du.
7.2.2. Eguesibarko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langile finko diren izangaiek, ezgaitasunen bat alegatu badute bakarrik, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.
7.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe beren eskabidean faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
7.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Eguesibarko Udalak 7.1 oinarrian aipatzen den zerrendan (probak gainditzen dituztenena) hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta aurreko apartatuetan adierazi bezala jokatuko da harekin.
7.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako izendatzeko baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Eguesibarko Udalak, bere eskudantziak erabiltzeko, besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honetan ezarritako moduan ekarri beharko du.
8.–Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.
8.1. Udal honetako Alkateak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Eguesibarko Udaleko lan-kontratudun finko izendatuko du, ludotekako eta liburutegiko laguntzaile lanpostuan ari dadin, eta lanpostu hutsaren adjudikazioa eginen du.
8.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepiotako eskubide pasiboen araubidekoak direnen kasuan, bi aukera izanen dituzte: eskubide pasiboen araubide horretan babesturik jarraitzea, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.
8.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.
8.4. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izangai izendatuek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, izendapena jakinarazten denetik hasita.
Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Eguesibarko Udaleko lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 7.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.
8.5. Izangai bat lan-kontratudun finko bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, lanpostu huts hori ere deialdiko 7.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
9.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.
9.1. Hautapen prozesuaren ondorioz sortzen den aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda, 1.4 apartatuan ezarritakoa, Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da eta www.valledeegues.com web-orrian ere kontsultatzen ahalko da.
Probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Eguesibarko Udalean dagokion zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.
9.2. Lortutako puntuazioak erabakiko du zein den ordena lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendan. Berdinketarik egonez gero, 7.1 apartatuko bigarren paragrafoan ezarritako eran ebatziko da.
Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahalko zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.
9.3. Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera eginen zaie dei izangaiei, oinarri hauetan berariaz ezarri ez denari dagokionez.
Deitutako izangaiak kontratua sinatu beharko du –beste epe bat ezarri ezean– abisua eman eta bost eguneko epean –edo beranduenez 15 egunekoan, une horretan duen lanpostuan aurreabisua eman behar badu–; eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, eta zinpeko aitorpena, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako, udalerrietako edo toki entitateetako inolako kargu, lanpostu edo eginkizunetatik, eta ez dagoela ezgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.
Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epe horien barrenean betetzen ez bada, ezin izanen da kontratazioa egin, eta indarrik gabe geldituko dira ordura arte lorturiko eskubideak.
Halakoetan, zerrendan hurrengo puntuazio handiena duen izangaiari deituko zaio. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren xedapen gehigarriak ezartzen duenaren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetatik deitzeko, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat erreserbatuko da, hautaprobak gainditu badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.
9.4. Unez uneko kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.
9.5. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.
9.6. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraitutan, eta dei horien frogak jasoko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, posta elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.
Izangai batekin harremanetan jarri eta, kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 9.7 atalean xedatutakoarekin bat.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Izendapena eginda, toki entitate eskatzaileak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.
Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko beste lanposturik eskainiko kontratua indarrean den bitartean.
9.7. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:
a) Aldi baterako ezintasuna.
b) Amatasun edo aitatasun baimena.
c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.
d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.
e) Norberaren ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalean bada.
f) Kontratazioren bat indarrean izatea, administrazio araubidekoa edo lanekoa izan.
g) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.
Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
Kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa epe barrenean aurkezten ez bada, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
9.8. Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:
a) Kontratazio eskaintza onartuta dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
c) Lanpostua bertan behera uztea.
d) Probaldia ez gainditzea.
e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.
9.9. Deia jasotzen duten izangaiek aurkeztu beharko dute deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak eta bestelakoak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa, tituluaren fotokopia konpultsatua aurkeztuta edo, bestela, titulu hori eskuratzeko pagatu beharrekoa eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik ordaindu dela frogatzen duen gordekinarena. Gidabaimenaren kasuan, kontratuaren egunean indarrean dagoela frogatu beharko da.
9.10. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
10.–Errekurtsoak.
Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da Eguesibarko Udaleko alkateari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Deialdiaren eta bere oinarrien kontra edo hura aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, ondoko errekurtsoetako bat aurkezten ahal da:
A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Sarrigurenen, 2019ko urtarrilaren 28an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua (PDFa).
II. ERANSKINA
Gai-zerrenda
Lehenbiziko zatia.
1. gaia.–Liburua eta liburutegiak Antzinatean. Liburua eta liburutegiak Erdi Aroan.
2. gaia.–Inprentaren asmakizuna eta hedatzea: inkunableak.
3. gaia.–Liburua eta liburutegiak XVI. mendetik XX. mendera arte Liburugintza eta liburuaren merkataritza XXI. mendean.
4. gaia.–Liburu elektronikoa eta liburutegietan dituen aplikazioak. Irakurketa digitala.
5. gaia.–Haurrendako liburuak. Erreferentziako liburuak eta bibliografiak.
6. gaia.–Aldizkako argitalpenen historia. Sorrera eta bilakaera. Haren egoera Nafarroan.
7. gaia.–Bibliografia: bilakaera historikoa, helburuak eta motak. Nafarroako bibliografia.
8. gaia.–Liburutegiak: kontzeptua, helburua, eginkizunak eta motak.
9. gaia.–Liburutegi publikoak: ikuspegi historikoa, kontzeptua, eginkizunak eta zerbitzuak.
10. gaia.–UNESCOren agiria liburutegi publikoei buruz (1994). IFLA/UNESCOren jarraibideak Liburutegi Publikoen Zerbitzuaren garapenerako. Kultura Ministerioa (2002).
11. gaia.–Liburutegi publikoaren eraikina: eraikuntzari buruzko alderdiak, irisgarritasuna, instalazioak, eremuen eta zerbitzuen definizioa, segurtasun neurriak, seinaleak, altzarien eta ekipamendu teknologikoaren hornidura.
12. gaia.–Liburutegi publikoetako bildumak: plangintza, hautapena, eskurapena, mantentze-lanak eta garapena. Aldizkako eta serieko argitalpenen prozesua eta kudeaketa.
13. gaia.–Identifikazio bibliografikoaren normalizazioa. ISBNa, ISSNa eta nazioarteko beste zenbaki normalizatuak.
14. gaia.–Deskripzio bibliografikoa: kontzeptua eta eginkizuna: ISBDa, AACRa, RDA. Espainiako katalogazio arauak.
15. gaia.–MARC formatuak. MARC 21 formatua.
16. gaia.–Katalogoak: katalogoen prestaketa, mantentze-lanak eta normalizazioa. Katalogo motak. Katalogo kolektiboak. Katalogazio kooperatiboa.
17. gaia.–Dokumentaziorako hizkuntzak: Indexazioa, Gaien idazpuruak, Tesauroak. Gaien idazpuruen zerrenda liburutegi publikoetarako, Kultura Ministerioak onetsia (1993). Laburpena.
18. gaia.–Dokumentaziorako hizkuntzak: sailkapen sistemak. Sailkapen Hamartar Unibertsala (SHU-CDU).
19. gaia.–Liburutegien automatizazioa. Liburutegiak kudeatzeko sistema integralak.
20. gaia.–Liburutegi digitala. Garapena eta mantentze-lanak. Horren egoera Espainian.
21. gaia.–Internet eta liburutegiak. IFLAk Interneti buruz onetsitako Agiria. Interneten sartzeko, Kultura Ministerioak emandako jarraibideak (2005).
22. gaia.–Liburutegi publikoek erabiltzaileentzat dituzten zerbitzuak: zerbitzuen gutuna. Liburutegi publikoetako erabiltzaileen iradokizun, kontsulta eta erreklamazioei kasu egiteko protokoloa.
23. gaia.–Liburutegietako zerbitzu birtualak. Zerbitzuen antolaketa eta plangintza. Horren egoera Espainian. Nazioarteko egoeraren aipamena.
24. gaia.–Erabiltzaileen prestakuntza. Informazio-alfabetatzea eta etengabeko ikaskuntza.
25. gaia.–Liburutegi publikoak integrazio soziokulturalerako zentro gisa. Gizartean gutxiengoak diren taldeei eta etorkinei kasu egitea.
26. gaia.–Liburutegi publikoetan irakurketa sustatzeko lana. Liburutegietako hedapenerako zerbitzuak. Irakurleen klubak.
27. gaia.–Liburutegi publikoa eta tokian tokiko memoria. Tokian tokiko gaiak aukeratzea: gaien esparrua, agirien definizioa, eskurapena, antolaketa eta hedapena.
28. gaia.–Material bibliografikoak gorde eta zaintzea: azaleztatzea, zaharberritzea, mikrofilmazioa, digitalizazioa, etab.
29. gaia.–Dokumentuak erreproduzitzeko zerbitzuak liburutegi publikoetan. Prozedura teknikoak. Jabetza intelektualerako eskubideak.
30. gaia.–Nafarroako Liburutegi Publikoei buruzko Legea (2002).
31. gaia.–Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistema. Egungo egoera, antolaketa eta funtzionamendua. Espainiako beste liburutegi publikoetako sistemekin dituen antzekotasunak eta ezberdintasunak.
32. gaia.–Espainian liburutegien arloan dauden erakundeen antolaketa egitura eta eskumenak. 10/2007 Legea, Irakurketari, Liburuari eta Liburutegiari buruzkoa.
33. gaia.–Liburutegien arteko lankidetza. Erakundeak, programak eta proiektuak.
34. gaia.–Liburutegietako zerbitzuen kalitatearen kudeaketa eta ebaluazioa.
35. gaia.–Web sozialak liburutegietan eta liburutegietako zerbitzuetan dituen aplikazioak.
36. gaia.–Liburutegien marketina.
Bigarren zatia.
1. gaia.–Udala. Udalaren Erregelamendu Organikoa. Udalaren organoak. Alkatetza. Osoko Bilkura. Gobernu Batzarra. Udal organoen eskumenak eta eskudantziak.
2. gaia.–Eguesibarko Udalaren ludotekaren erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen erregelamendua.
3. gaia.–Ludoteka: definizioa, helburuak eta ezaugarriak.
4. gaia.–Haurren jolasak: ezaugarriak, eginkizunak eta sailkapena.
5. gaia.–Haurren animazioa eta ludotekak. Eginkizuna eta helburuak.
6. gaia.–Ludotekari lanpostuan bere beharreko eginkizunak eta xedeak.
7. gaia.–Pertsonen arteko komunikazioaren elementuak.
8. gaia.–Haurtzaroko lengoaia.
9. gaia.–Etika profesionala. Aplikazioa ludotekari lanpostuan.
Hirugarren zatia.
1. gaia.–Administrazio-egintzak. Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.
2. gaia.–Administrazio prozeduren xedapen orokorrak: prozeduraren bermeak, hasiera, antolamendua, instrukzioa eta prozedura amaitzea. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.
3. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Administrazio egoerak. Funtzionarioen eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak. Ordainsariak.
4. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioa: Nafarroako toki entitateak: motak eta eskumen orokorrak. Udalerrietako organoak. Toki entitateen ondasunak. Nafarroako toki entitateen jarduketen aurkaratzea eta kontrola.
5. gaia.–11/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzkoa.
6. gaia.–21/2005 Foru Legea, abenduaren 29koa, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzkoa.
7. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.
III. ERANSKINA
Merezimenduen baremoa
a) atala. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.
–Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak, hauetariko lanposturen batean: ludotekako eta liburutegiko laguntzaile, ludotekako laguntzaile, liburutegiko laguntzaile edo liburutegiko arduradun: 2 puntu, urte bakoitzeko.
Oharrak a) atalerako:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, proportzioan dagokion puntuazioa esleituko da.
2. Atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 15 puntu izanen da.
b) atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak.
–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duen unibertsitateko titulazioa izatea: 2 puntu.
–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duen masterra edo graduondoko titulua izatea: 0,5 puntu.
–Lanpostuaren eginkizunekin lotutako eta erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzeagatik: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 2 puntu.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, irakastorduen zatikiak proportzionalki kalkulatuko dira.
2. Irakastordu kopurua adierazten ez duten ziurtagiriei 0,05 puntuko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte bateko iraupena adierazten duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean sartuko dira, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak.
5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.
–Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek edo taldean egina den, eta biltzarra edo argitalpena zer mailatakoa den: tokikoa, eskualdekoa, Estatukoa edo nazioartekoa.
–Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatu edo halakoetan irakasle jardutea: gehienez puntu bat, epaimahai kalifikatzaileak baloraturik haien iraupenaren arabera.
Oharrak b) atal osorako:
1. Apartatu honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin ikusteko izanez gero baizik ez dira baloratuko.
2. b) atal honetako baremoaren puntuazioa 5 puntukoa izanen da, gehienez ere.
Iragarkiaren kodea: L1901408
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
