41. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

98E/2019 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baliogabetzen baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 21eko 1523E/2018 Ebazpena eta horren ondoriozko administrazio-egintzak. Ebazpen horren bidez onetsi zen osasun larrialdietako teknikari lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko deialdia, aldi baterako kontratazioak egiteko.

Osasun Departamentuak erabaki du ZIU mugikorren zerbitzuak kanpoan kontratatzea, zerbitzu horientzat aurreikusia zuen internalizazioa atzeratuz. Luzamendutan ibili gabe hartutako erabakia izan da, izan ere, arriskua dago arretarik ez emateko baldin eta ez badira bat etortzen internalizazio epeak eta osasun garraiorako kontratu berria esleitzeko epeak. Azken hori lehiaketaldian dago honezkero.

Foru legerian xedatutakoaren kontra, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak debekatu egiten du langileak lan-kontratu finko mugagabearekin subrogatzea. Horri gehitu behar zaio ezen, eragile politiko eta sindikalen artean akordio bat erdiesteko ahaleginak gorabehera, ezinezkoa izan dela foru lege bat onestea osasun garraioa internalizatzeko.

Hori horrela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bertan behera utzi behar izan du osasun larrialdietako teknikarien deialdia, bai eta horren ondoriozko administrazio-egintzak ere.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Baliorik gabe uztea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 21eko 1523E/2018 Ebazpenaren bidez egindako deialdia eta deialdiaren testua. Ebazpen horren bidez onetsi zen osasun larrialdietako teknikari lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko deialdia, aldi baterako kontratazioak egiteko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sortzen diren beharrei erantzuteko.

2. Baliorik gabe uztea aipatu deialdia tramitatzearen ondoriozko administrazio-egintzak, besteak beste, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak urtarrilaren 15ean emandako 85E/2019 Ebazpena, zeinaren bidez onetsi baitzen osasun larrialdietako teknikari lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko deialdian onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda. Lanpostuen zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoak aldi baterako kontratazioak egiteko erabiliko zuen.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen honen kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1. eta 2.c) artikuluarekin bat eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariaren apirilaren 19ko 82/2016 Foru Aginduaren bidez egindako eskuordetzarekin, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 13an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Óscar Moracho del Río.

Iragarkiaren kodea: F1902388