1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
22/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 22koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria emana, aldatzen duena 105/2015 Foru Agindua, abenduaren 15ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezarri baitzen Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren antolamendu egitura ataletik beherako unitate administratiboetan.
Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abenduaren 15eko105/2015 Foru Aginduaren bidez, ezarri zen Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren antolamendu egitura ataletik beherako unitate administratiboetan.
Erakunde autonomoa hobetzeko eta modernizatzeko gako elementu diren aldetik, tributu arloko informazio sistemak bultzatzen dira, eta, ildo horretan, zuzendari kudeatzaileak justifikatu du eginkizun horiek indartzeko beharra Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuan, unitate administratibo berri bat sortuz, deituko baita Ikuskapen Jarduketak Erregistratzeko eta Kontrolatzeko Bulegoa. Proposamen honek berekin dakar, orobat, gaur egun Kudeaketa Administratibo eta Dokumentazioaren Bulegoak zerbitzu horren barnean esleiturik dituen eginkizunak birrantolatzea.
Era berean, eta erakunde autonomoaren egitura ez handitzeko, ezabatu eginen da Zuzendaritzarako Informazioaren Unitate Administratiboa, Hitzarmen Ekonomikoaren Zerbitzuaren barnekoa.
Erakunde autonomoaren estatutuen 67. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, bulegoak edo ataletatik beherako beste unitate administratibo batzuk sortu, aldatu eta kentzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko titularraren foru agindu baten bidez eginen da, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.
Horrenbestez, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta ikusirik funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten organoen txostenak.
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra.–1. artikulua ezabatzea eta 4. artikulua berriz idaztea honako foru agindu honetan: 105/2015 Foru Agindua, abenduaren 15ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezarri baitzen Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren antolamendu egitura ataletik beherako unitate administratiboetan.
Lehenbiziko artikulua ezabatzen da eta 4. artikulua aldatzen, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abenduaren 15eko 105/2015 Foru Aginduan, eta azkeneko artikulu hori honela geldituko da idatzita:
“4. artikulua. Tributu Ikuskapenerako Zerbitzua.
1. Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuak bulego eta unitate administratibo hauek ditu, zerbitzuari zuzenean atxikiak: Ikuskapen Jarduketak Erregistratzeko eta Kontrolatzeko Bulegoa, Kudeaketa Administratibo eta Dokumentazioaren Bulegoa, Ikuskapen Jarduketak Koordinatzeko 1. Unitate Administratiboa, Ikuskapen Jarduketak Koordinatzeko 2. Unitate Administratiboa, Ikuskapen Jarduketak Koordinatzeko 3. Unitate Administratiboa eta Plangintza eta Ikerketarako Unitate Administratiboa.
2. Ikuskapen Jarduketak Erregistratzeko eta Kontrolatzeko Bulegoak eginkizun hauek ditu:
a) Ikuskapen Zerbitzuko langileei laguntza ematea tributu arloko informazio sistemetarako sarbidean.
b) Tributu arloko informazio sistemetan, ikuskapen jarduketak hasi aurreko izapideak kudeatzea.
c) Ikuskapen espedienteen kontrola eta jarraipena Ikuskapen Jarduketen eta Tributu Arloko Informazio Sistemen Erregistroan.
d) Tributu arloko informazio sistemetan erregistratzea ikuskapen jarduketen emaitzak eta bukatu ondoko izapideak.
e) Tributu arloko informazio sistemetan, Ikuskapen Zerbitzuak erregistratutako emaitzen izapideak kontrolatzea, Diru-bilketa Zerbitzuarekin koordinatuta.
f) Ikuskapen jarduketen xede diren zergapekoen zentsuak eta zerrendak kudeatzea.
g) Laguntza ematea ikuskapen espedienteei lotutako ebazpenak eta epaiak betearazten.
h) Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eginkizunak eta aurrekoekin zerikusia duen edo haien ondoriozkoa den beste edozein, esleitzen bazaio.
3. Kudeaketa Administratibo eta Dokumentazioaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Dokumentuen sarrerak eta irteerak erregistratzea eta kontrolatzea Ikuskapenerako Zerbitzuan.
b) Zerbitzuko langileei eman beharreko ikuskapen espedienteak prestatzea eta dokumentatzea, eta, behin bukatuta, espedienteak izapidetzea.
c) Ikuskapen espedienteen artxiboa kudeatzea.
d) Izapide administratiboak erregistratzea Ikuskapen Jarduketen Erregistroan.
e) Ikuskapen Zerbitzurako ondasunen eta zerbitzuen eskurapena kudeatzea.
f) Ikuskapen Zerbitzuko langileek beren eginkizunak betetzeko egindako gastuak kudeatzea.
g) Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eginkizunak eta aurrekoekin zerikusia duen edo haien ondoriozkoa den beste edozein, esleitzen bazaio.
4. Ikuskapen Jarduketak Koordinatzeko Unitate Administratiboek (1.a, 2.a eta 3.a) eginkizun hauek dituzte:
a) Tributuen ikuskapenerako planak prestatzen laguntzea.
b) Tributu Ikuskapenerako Planean sartutako tributudunak esleitzea.
c) Ezartzen diren espedienteen instrukzioan laguntzea.
d) Espediente bakoitzean formalizatzen diren dokumentuen izapidetzea zuzentzea.
e) Ikuskapen jarduketen kalitatea gainbegiratzea eta, bere unitateari esleitutako espedienteen izapidetzeetan, jarduteko irizpide homogeneoak aplikatzea, Zerbitzuko gainerako unitateekin eta Bulego Teknikoaren Atalarekin koordinaturik.
f) Bere unitateari esleitutako espedienteen ikuskapen jarduketei buruzko txostenak egitea, Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko Zuzendaritzak eskatuz gero.
g) Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eginkizunak eta aurrekoekin zerikusia duen edo haien ondoriozkoa den beste edozein, esleitzen bazaio.
5. Plangintza eta Ikerketarako Unitate Administratiboak eginkizun hauek beteko ditu:
a) Tributu Ikuskapenerako planen proposamenak egitea, Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko zuzendaritzaren bidez jasotzen dituen irizpide eta jarraibideekin bat.
b) Tributu arloan eragina duen informazioa eskuratu eta aztertzea zerga-egitateak egiaztatzeko, eta iruzur fiskala ikertu eta aztertzea iruzurra egiteko arriskua duten sektoreak eta praktikak atzeman eta hautatzeko.
c) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuaren informazioa ikuskapen arloan aritzen diren beste administrazio publiko eta erakunde batzuekin trukatzea, eta informazio truke hori sustatu eta hobetzea.
d) Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzuarekin koordinatzea ikuskapenerako beharrezkoak diren prozedura eta tresnak diseinatu eta ezartzeko.
e) Ikuskapenerako Zerbitzuan sinatutako akta bakarrak eta beste zerga administrazio batzuetatik jasotakoak kudeatzea.
f) Zerga administrazioen arteko desadostasunak egiaztatu eta izapidetzea, zergapekoen helbideratzeari dagokionez.
g) Ikuskapen Jarduketak Koordinatzeko Unitate Administratiboen berezko eginkizunak, bere unitateari esleitutako espedienteei dagokienez.
h) Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eginkizunak eta aurrekoekin zerikusia duen edo haien ondoriozkoa den beste edozein, esleitzen bazaio.”
Xedapen gehigarria.–Izendapenen berrespena eginkizunak aldatzen dituen unitatean.
Mantentzen da Kudeaketa Administratibo eta Dokumentazioaren Bulegoko burua, bitarte baterako, Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuan.
Xedapen indargabetzailea.–Indargabetutako arauak.
Indarrik gabe utzi dira foru agindu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
Azken xedapena. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2019ko otsailaren 22an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.
Iragarkiaren kodea: F1902639