1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
126/2018 EBAZPENA, azaroaren 22koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimentzen baita abiaraztea agregakinak tratatzeko instalazio bat Buñuelgo 3. poligonoko 733. lurzatian. Ablitasko Saso de Pedriz II legartegiari lotua dago.
Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren urriaren 11ko 193/2016 Ebazpenaren bidez, Hormigones Beriain SAri baimena eman zitzaion Saso de Pedriz II legartegia ustiatzeko, Ablitasko udal-mugarteko 3. poligonoko 238. lurzatian, eta hurbil dauden 236., 260., 261. eta 262. lurzatiak lehengoratzeko, 7 urtez.
Meategien Ataleko teknikariek 2017ko abenduan egindako ikuskatze bisitan egiaztatu ahal izan zenez, enpresak Buñuelgo 3. poligonoko 733. lurzatian du ustiategi horretatik ateratako mineralak tratatzeko instalazio bat; hori da ustiategiaren onura-instalazioa, meatzaritzako araudiarekin bat.
Ikusirik Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuan dagoen dokumentazioa, egiaztatu zen instalazioak ez zuela aurreikusitako nahitaezko baimena, hain zuzen ere meatzaritzako araubidearen erregelamendu orokorraren 138. artikuluan ezarritakoa (abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen); hortaz, 2018ko otsailaren 12an enpresari agindu zitzaion hiru hilabeteko epean eska zezala. Aurkeztu beharreko dokumentazioan zeuden laneko arriskuen prebentzioko araudia betetzearen frogagiriak.
Epea iragan zenez tramite horri buruzko inolako agiririk aurkeztu gabe, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren ekainaren 22ko 50/2018 Ebazpenaren bidez agindu zen tratamendu instalazioa gelditzea, ulertzen baitzen langileen segurtasunerako arriskugarria zela.
2018ko azaroaren 15ean, enpresak eskatu zuen agregakinak tratatzeko instalazioa abiaraztea, eta, horretarako, uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretuari egokitzeko ziurtagiria erantsi zuen (foru dekretu haren bidez ezarri ziren langileek lan ekipoak erabiltzeko segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak). Aipatutako dokumentazioa azterturik, proposatzen da baimena eman dadila agregakinak tratatzeko instalazioa abiarazteko, apirilaren 2ko 863/1985 Errege Dekretuaren 7. eta 117. artikuluetan ezarritakoarekin bat (errege dekretu haren bidez onetsi zen Meategietako Segurtasunari buruzko Oinarrizko Arauen Erregelamendu Orokorra), eta, horrenbestez, bukaera eman dadila Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren ekainaren 22ko 50/2018 Ebazpenaren bidez agindutako gelditzeari.
Buñuelgo 3. poligonoko 733. lurzatian dagoen tratamendurako instalazioa 1998ko maiatzeko proiektu baten arabera eraiki zen hasiera batean, eta gero egokitzapenak izan ditu, 2018ko azaroaren 15ean aurkeztutako ziurtagiriaren arabera. Honako hauetarako instalazioak dira: agregakinak xehatzeko, garbitzeko eta sailkatzeko eta putzu bidezko dekantaziorako.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Baimentzea agregakinak tratatzeko instalazio bat abiaraztea Buñuelgo 3. poligonoko 733. lurzatian. Ablitasko Saso de Pedriz II legartegiari lotua dago.
2. Tratamendu instalazioaren geldiarazteari bukaera ematea, eta, horrenbestez, lanei berrekiteko baimena ematea. Aipatutako geldiaraztea Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren ekainaren 22ko 50/2018 Ebazpenaren bidez agindu zen.
3. Ebazpen hau Meategien Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen hau Hormigones Beriain SAri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.
5. Ebazpen hau Buñuelgo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2018ko azaroaren 22an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.
Iragarkiaren kodea: F1814386