4. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

359E/2018 EBAZPENA, azaroaren 19koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Gares-Obanos interkonexiorako zuntz optikoaren proiekturako, Gares eta Obanosko udal-mugarteetan. Sustatzailea Nasertic da.

2018ko uztailaren 25ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren helburua da Gares eta Obanos herriak lotu ahal izateko hoditeria jartzea, etorkizunean zuntz optikoa hedatzea errazagoa izan dadin. Horretarako, lur azpiko hoditeria (4.951 metro) jartzea aurreikusi da, tritubo hormigoiztatua (PEAD 40 mm-ko diametrokoa) duen mikrozanga baten bidez (8 x 40 cm), asfaltatua edo lurrez estalia, igarotzen den lekua nolakoa den, eta pasoko eta kablea erreserbatzeko kutxatilak jartzea trazadura osoan. Kanalizazioaren trazadura Garesko herriguneko Inurrieta kalean dagoen kutxeta batean hasi eta bideetatik eta NA-6062 eta NA-6064 errepideetatik doa, Obanoseko herrigunean dagoen D motako kutxatilaraino, Donejakue bidea eta Orreagako bidea gurutzatzen diren tokian.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostena jaso da. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Gares-Obanos interkonexiorako zuntz optikoaren proiekturako, Gares eta Obanosko udal-mugarteetan. Sustatzailea Nasertic da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Donejakue bidea egiten ari diren erromesei ez eragozteko ahalegina eginen da; distantzia gehiegi handitu gabe balizatutako behin-behineko desbideratze baten bidez edo etenaldiak eginez erromes gehien dabiltzan uneetan.
  • Hoditeria eraikitzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Hirigintza arlokoak:

  • Espedientearen tramitazio fasean Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eskatu zitzaion txostena jaso ondoren, sustatzaileari igorriko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan. Nolanahi ere, oroitarazaten da ezen, ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen duela Arkeologia Atalari eman behar zaiola horren berri berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.
  • Azpiegiturak abelbideetan eragiten duen ukipenari dagokionez, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak aldeko txostena eman zuen 2018ko urriaren 31n, eta zehaztapen hauek finkatu zituen:

–Errepideekin bat egiteari dagokionez, aipatu behar da kasu hauetan Nafarroako Gobernuko Administrazioaren errepideak izatea gailentzen dela, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen arabera erabilera orokorrari lotutako ondasun publikoak baitira, Garapen Ekonomikorako Departamentuari atxikiak, galarazi gabe bateragarriak izan daitezkeen erabilerak. Hargatik, Nafarroako Errepideen Foru Legearen babes eta defentsa araubidea aplikatzen zaie horiei. Bestalde, herriguneen barneko abelbideetan eskumena udalena da.

–Abelbidearen gaineko gainezarpenak berekin ekarriko du Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuak dagokion okupazio kanona kobratzea. Kalte-ordainak bost urtean behin ordainduko dira. Ordainketa bakoitzean, 243,00 euro pagatuko dira, eta, lehenengoan, gainera, 327,60 euroko zenbatekoa ere bai; hartara, guztira 570,60 eurokoa izanen da lehendabiziko ordainketa hori. 30 urte iraganda hasierako baimena eman zenez geroztik, baimena berritu beharko da; bestela, aldi bateko okupaziorako baimena bertan behera geldituko da.

–Abelbideak okupatzen duen azalerak (zorua, zorupea eta hegalkina) NFK-Altxonbideen titulartasuna mantenduko du.

–Era berean, txostena eskatu da “Obanosko udal-mugartetik Muruzabalgo, Legardako eta Utergako udal-mugarteetara (Nafarroa) gas naturalez hornitzeko antenaren eranskina” proiekturako. Horrenbestez, tarte horretan obrak koordinatu behar dira, gasa ekartzearekin bat egiten baitute.

–Obrak bukatutakoan, inola ere ezin izanen da bidearen zoladura aldatu, kasu honetan zabor-legarrezkoa, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude.

–Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako eta ibiltarientzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondorioz soberan geratutako material eta/edo landare lurra ezin izanen dira inolaz ere gaur egun larreak diren horietan utzi, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.

–Zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.

  • Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Sustatzaileak behar den baimena eskatu beharko dio Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, jarduketak Nafarroako Foru Komunitateko Errepideen gainean izaten ahal duen ukipena dela eta.
  • Sustatzaileak behar diren baimenak lortu beharko ditu instalazioak Foru Komunitatearen jabetzapeko lurzatietan eragiten dituen ukipenetarako. Baimen horiek Ondare Zerbitzuan tramitatzen dira.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Garesko Udalari, Obanosko Udalari, Basozaintzari (Lizarra Iparraldeko Barrutia eta Iruñeko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko azaroaren 19an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1814218