4. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

357E/2018 EBAZPENA, azaroaren 19koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Natur All enpresan ura banatzeko sarearekiko lotura egiteko proiekturako, Corellako udal-mugartean. Sustatzailea Natur-All BBVV-2018 SLU da.

2018ko urriaren 29an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi-hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektaturiko jarduketaren helburua da edateko uraren hornidurako hodi bat, 525 metro ingurukoa, berritzea. Moncayoko Uren Mankomunitatearen saretik landare-edariak egiten dituen Natur All BBVV 2018 SLU nekazaritzako elikagaien arloko enpresara doa hodia. Gaur egungoa 80 mm-koa da, eta beste batekin ordeztu nahi da. Hodi berriak 200 mm-ko diametroa izanen du eta zanga batean metro bateko sakoneran lurperatua egonen da. Proiektua Corellako udal-mugartean barna doa oso-osorik, zati labur bat hiri-lurzoru finkatuan eta gainerakoa Camino del Cascajo izeneko landa bidetik.

Espedienteak aldeko txostena jasoa du, Corellako Udalak 2018ko urriaren 26an emana, jarduketaren hirigintzako bateragarritasunari buruz.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak adierazi du jarduera berrikusi dela honako hauek ote dauden jakiteko: abelbideak, fauna eta florarentzat interesekoak diren babesteko eremuak, babestutako paisaiak eta eremuak, Natura 2000 Sarea, hezeguneak, Donejakue bidea eta beste elementu historiko-artistiko batzuk. Ez dago ukipenik. Ez da paisaiaren edo ingurumenaren gaineko ukipen nabarmenik atzematen, hoditeria udalerriko hiri eremuko edo inguruko tokietan barna lurperatuta doalako, zolatutako bideen ondotik, eta ezarrita dauden hornidura azpiegiturak ordezten dituelako. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala jakinarazi du jarduketa jarduera baimendutzat hartzen dela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 110.2 a) artikuluaren arabera, eta, beraz, ez duela behar lurzoru urbanizaezineko jarduerarako baimenik, lege bereko 117. artikuluari jarraikiz.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Corellako udal-mugartean, ura banatzeko sarearekiko lotura egiteko proiektuari. Sustatzailea Natur-All BBVV-2018 SLU da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

• Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

• Hondeatze lanetatik sobran gelditzen diren lurrak eta gainerako eraikitze eta eraiste hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

• Obrak irauten duen bitartean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ondare historiko eta arkeologikoaren arloan eskumena duen departamentuari horren berri emanen zaio, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 63. artikuluari jarraikiz.

• Inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, landaredia naturala aurreikusi gabe ukitzea, elementu bereziak aurkitu direla, eta abar) sustatzaileak basozaintzari abisua eman behar badio, Tuterako barrutiko Basozaintzara jo beharko da (telefonoa: 948 84 70 33; ogfotude12@navarra.es).

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Corellako Udalari, Basozaintzari (Tuterako barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko azaroaren 19an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1814210