39. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

6/2019 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendariak emana, Lur-ondasunen Erregistroan 2018ko azaroaren 30etik aurrera inskribatutako ondasun higiezinen balioak, urte horretakoak, erregistro administratibo horretan 2019ko otsailaren 27an daudenak, onesten dituena.

Abuztuaren 28ko 135/2015 Foru Dekretuaren bitartez onetsitako Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuen 48. artikuluan adierazten da Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuari dagokiola, besteak beste, ondasun higiezinak karakterizatu eta baloratzeko jarduketak egitea.

Bestetik, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 21.8 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondasun higiezinen katastroko balioa izanen da udaleko katastroaren inskripzioan agertzen dena. Balioak urtero eguneratuko dira, ondorioak urtarrilaren 1ean hasita, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan aurreko urteko azaroaren 30ean inskribatuta daudenak hartuz.

Aipatu lege aginduaren bigarren apartatuan zehazten denez, ondasun higiezinei ematen zaien balioa edo urte berean egiten diren aldaketak, bai balorazio kolektiboko prozeduren ondoriozkoak badira bai banakako baloraziokoak badira ere, hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen jakinaraziko dizkio Nafarroako Zerga Ogasunak kasuan kasuko udalari, ondasun higiezinak baloratzeko eginkizuna esleitua duen Nafarroako Zerga Ogasuneko zerbitzuburuak multzoan onetsitako balioak Lurralde Aberastasunaren Erregistroan azaroaren 30aren ondotik sartu ondoren eta onespenaren akordioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu ondoren.

Jakinarazpen hori jasotakoan, Zerga Ogasunak ordura arte jakinarazitako balio guztiak udal katastroan sartzen ahalko dituzte udalek, horien banakako jakinarazpena egin ondoren. Balio horien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilari zuzendua.

Horrenbestez, aipatu aginduan xedatutakoaren arabera,

EBATZI DUT:

Lehena.–Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 21.8 artikuluan ezarritako ondorioetarako, erregistroko balio gisa onestea zenbait ondasun higiezini eman eta Lur-Ondasunen Erregistroan 2018ko azaroaren 30etik aurrera sartu diren balioak, urte horretakoak, 2019ko otsailaren 27an erregistro administratibo horretan daudenak.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta onetsitako balioak Nafarroako udaletara igortzea, horrela kasuan kasuko udal katastroan sar daitezen, sartu behar badira, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 21.8 artikuluan ezarritako moduan.

Hirugarrena.–Adieraztea ezen, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2016 Foru Legearen 21.8 artikuluan xedatutakoaren arabera, ebazpen honen bidez onetsitako balioen aurka, horien banakako jakinarazpena egin eta balio horiek kasuan kasuko udal katastroan sartu ondoren, foru lege horren 5.1 artikuluan ezarritako eskubideen titularrek gaitasuna dutela gora jotzeko errekurtsoa jartzeko Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten zaien egunetik hasita, eta, betiere, balio hori aldatuta badago aurreko zergaldian hartu zen katastroko balioaren aldean.

Iruñean, 2019ko otsailaren 13an.–Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendaria, Sergio Osés Amézqueta.

Iragarkiaren kodea: F1902177