39. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

42/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 8koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez gastua baimentzen baita eta deialdia egiten baita ordainketa bakarreko zenbait zuzeneko laguntza ekonomiko emateko, 2019. urterako, diru-sarrera nahikorik ez duten familia gurasobakarrei etxebizitzak alokatzen laguntzeko. DDBN identifikazioa: 439673.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren uztailaren 3ko 257/2017 Foru Aginduaren bidez, diru-sarrera nahikorik ez duten familia gurasobakarrentzako 2017tik 2020ra bitarte etxebizitza alokatzeko laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onetsi ziren.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak honako eginkizun eta helburu hauek ditu, besteak beste: Familiari Laguntzeko Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dauden aurrekontuak agortzen direnean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Diru-sarrera nahikorik ez duten familia gurasobakarrentzako etxebizitza alokatzeko laguntzen 2019. urterako deialdia onestea, Eskubide Sozialetako kontseilariaren uztailaren 3ko 257/2017 Foru Aginduak onetsitako oinarri arautzaileen arabera.

2. 200.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastuen aurrekontuko “Familia gurasobakarrentzako laguntzak” izeneko 920006 93300 4809 231500 partidaren kargura.

3. Dirulaguntza bakoitzari dagozkion zenbatekoak ezartzea. 2019rako, honako hauek izanen dira:

a) Gurasoak eta haren ardurapeko pertsona batek osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio-oinarria OAEAP halako 2,3 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %60, urtean gehienez 4.680 euro emanda etxebizitzako.

b) Gurasoak eta haren ardurapeko bi pertsonak osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio-oinarria OAEAP halako 2,3 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %70, urtean gehienez 5.460 euro emanda etxebizitzako.

c) Gurasoak eta haren ardurapeko hiru pertsonak edo gehiagok osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio-oinarria OAEAP halako 2,3 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %80, urtean gehienez 6.240 euro emanda etxebizitzako.

4. Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, dagokion aurrekontu-gehikuntzaren bidez.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

7. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Kontabilitate Zentroari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 8an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1902103