39. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

41/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 8koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, eszedentzia hartzeko laguntza ekonomikoen deialdia onetsi eta horretarako gastua baimentzen duena 2019. urterako, eszedentzia hori adingabeko seme-alabak zaintzeko bada edo, eritasuna edo/eta istripua dela-eta, zuzenean, jarraian eta etengabe zaindu beharra duten adin nagusiko lehen graduko ahaideak zaintzeko. DDBN identifikazioa: 439661.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 4ko 222/2016 Foru Aginduaren bidez oinarri arautzaileak onetsi ziren, besteak beste, aldizka ordainduko diren laguntza ekonomikoak zuzenean emateko 2016tik 2019ra bitarteko urteetarako, langileen laneko eta familiako bizitza bateratzeko neurri osagarri gisa, langile horiek eszedentzian daudenean lehen graduko ahaideak, adingabeak eta helduak, zuzenean, jarraituan eta etengabe zaintzeko, eritasunagatik edo istripuagatik.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 9ko 98/2017 Foru Aginduaren bidez, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 4ko 222/2016 Foru Agindua aldatu zen, familiaren esparrurako zenbait laguntza emateko oinarri arautzaileak onetsi zituena 2016tik 2019ra bitarteko urteetarako.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak honako eginkizun eta helburu hauek ditu, besteak beste: Familiari Laguntzeko Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dauden aurrekontuak agortzen direnean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Aldizka ordaintzen diren laguntza ekonomikoak zuzenean emateko deialdia onestea, 2019. urterako, langileen laneko eta familiako bizitza batera eramateko neurri osagarri gisa, eszedentzian daudenean, lehen graduko ahaideak, adingabeak eta helduak zuzenean, jarraian eta etengabe zaintzeko, eritasunagatik eta/edo istripuagatik, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 4ko 222/2016 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarri arautzaileei jarraituz.

2. 525.000 euroko gastua baimentzea 2019ko gastuen aurrekontuko “Eginkizunak batera eramateko laguntzak” izeneko 920006 93300 4809 231507 partidaren kargura.

3. Dirulaguntza bakoitzari dagozkion zenbatekoak ezartzea. 2019rako, honako hauek izanen dira:

a) 645,50 euro hilean, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 4ko 222/2016 Foru Aginduaren 1. eranskineko 2.1 oinarriko a) eta b) letretan jasotako kasuetan. Foru agindu horren bidez familiaren esparrurako zenbait laguntza emateko oinarri arautzaileak onetsi ziren 2016tik 2019ra bitarteko urteetarako.

b) 450 euro hilean, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 4ko 222/2016 Foru Aginduaren 1. eranskineko 2.1 oinarriko c), d), e) eta f) letretan jasotako kasuetan. Foru agindu horren bidez familiaren esparrurako zenbait laguntza emateko oinarri arautzaileak onetsi ziren 2016tik 2019ra bitarteko urteetarako.

4. Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, dagokion aurrekontu-gehikuntzaren bidez.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

7. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Kontabilitate Zentroari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 8an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1902102