39. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

39/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 8koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, familiaren esparrurako laguntza ekonomiko batzuk emateko deialdia onesten duena, familia ugarietan 2019. urtean sortzen diren ohiz kanpoko eta beharrezko gastuei aurre egiteko, eta horretarako behar den gastua egitea baimentzen duena. DDBN identifikazioa: 439676.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 4ko 222/2016 Foru Aginduaren bidez, familia ugarietan sortzen diren ohiz kanpoko eta beharrezko gastuei aurre egiteko laguntza ekonomikoak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onetsi ziren 2016tik 2019ra bitarterako, zehazki, honelakoak erosi edo berritzeko gastuetarako: entzumen protesiak, optikako gaiak (betaurrekoak edo ukipen lenteak, estetikaz bestelako arrazoiengatik behar direnean), ortodontziakoak eta ortopediakoak.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak honako eginkizun eta helburu hauek ditu, besteak beste: Familiari Laguntzeko Planean aipatzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Laguntza horiek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dauden aurrekontuak agortzen direnean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Familiei laguntza ekonomikoak emateko deialdia onestea, 2019. urtean familia ugarietan sortzen diren ohiz kanpoko eta beharrezko gastuak ordaintzeko, hau da, entzumen protesiak eta optikako, ortodontziako eta ortopediako gaiak erosteko edo berritzeko behar direnak, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 4ko 222/2016 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarri arautzaileekin bat.

2. 199.500 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura:

920006 93300 4809 231509, “Familia ugarientzako laguntzak” izenekoa.

Dirulaguntzaren xedeko lerro bakoitzerako gehieneko zenbatekoa honako hau izanen da:

–9.500 euro, entzumen protesiak erosteko edo berritzeko aurreikusten diren laguntzetarako.

–75.000 euro, optikako gaiak erosteko edo berritzeko aurreikusten diren laguntzetarako.

–15.000 euro, ortopediako gaiak erosteko edo berritzeko aurreikusten diren laguntzetarako.

–100.000 euro, ortodontziako tratamenduetarako aurreikusten diren laguntzetarako.

Kasu horietakoren baterako aurreikusitako zenbatekoa agortzen ez bada, gainerako kasuetarako eskaerei emateko eta ordaintzeko erabiltzen ahalko da, haiek kreditu eskasiagatik laguntzarik gabe geldituz gero; halakoetan, eskaera zer egunetan jaso zen hartuko da aintzat.

3. Dirulaguntza bakoitzari dagozkion zenbatekoak ezartzea. 2019rako, honako hauek izanen dira:

a) Entzumen protesiak erosteko edo berritzeko dirulaguntzak:

–500 euro, edo protesiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik beherakoa denean.

–350 euro, edo protesiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik gorakoa baina 13.848,22 eurotik beherakoa denean.

b) Optikako gaiak erosteko edo berritzeko dirulaguntzak:

–160 euro, edo optikako gaiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik beherakoa denean.

–120 euro, edo optikako gaiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik gorakoa baina 13.848,22 eurotik beherakoa denean.

c) Ortopediako gaiak erosteko edo berritzeko dirulaguntzak:

–250 euro, edo ortopediako gaiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik beherakoa denean.

–150 euro, edo ortopediako gaiaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik gorakoa baina 13.848,22 eurotik beherakoa denean.

d) Ortodontziako tratamenduetarako dirulaguntzak:

–600 euro, edo ortodontziako tratamenduaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik beherakoa denean.

–300 euro, edo ortodontziako tratamenduaren zenbatekoa, baldin eta kostua txikiagoa bada, familia unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik gorakoa baina 13.848,22 eurotik beherakoa denean.

4. Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, dagokion aurrekontu-gehikuntzaren bidez.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

7. Foru agindu hau Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari eta Eskubide Sozialetako Departamentuko Kontabilitate Zentroari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari igortzea.

Iruñean, 2019ko otsailaren 8an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1902097