39. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

2019ko lan egutegia

Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburuak 19/2019 Ebazpena eman zuen 2019ko urtarrilaren 23an. Hona hemen testu osoa:

Honen bidez onesten da 2019ko lan egutegia, Oltza Zendeako Udalaren eta haren erakunde autonomoaren zerbitzuko langileendako.

Ikusirik Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 19ko 312/2018 Ebazpena, zeinak ezartzen baitu Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2019ko jaiegunen egutegi ofiziala.

Ikusirik abenduaren 19ko 105/2018 Foru Dekretua, zeinak ezartzen baititu Nafarroako Foru Komunitatean epeak zenbatzeko 2019an baliogabeak izanen diren egunak.

Ikusirik Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren abenduaren 11ko 730/2018 Ebazpena, zeinak zehazten baititu ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren herrietako 2019ko jaiegunak, Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

Ikusirik funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen lan baldintzak ezartzeko akordio kolektiboa eta udal honetako lan-kontratudunen lan hitzarmen kolektiboa.

Behin amaituta Udaleko langileen ordezkari sindikalekin egin beharreko negoziazioa.

Kontuan harturik espedientean dagoen dokumentazioa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Oltza Zendeako Udalaren eta haren erakunde autonomoaren zerbitzuko langileen 2019ko aste barreneko jaiegunen egutegia onestea. Hona hemen:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 7a: Errege egunaren ondoko astelehena.

–Urtarrilaren 8a: jaieguna Ororbian.

–Martxoaren 18a: San Jose egunaren zubia.

–Martxoaren 19a: San Jose.

–Apirilaren 18a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 19a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 22a: Pazko biharamuna.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.

–Abuztuaren 16a eta 19a: Ororbiako bestak.

–Urriaren 12a: Espainiako Jai Nazionala.

–Azaroaren 1a: Santu Guztien eguna.

–Abenduaren 2a: San Frantzisko Xabierkoaren egunaren zubia.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoaren eguna.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Bigarrena.–Oltza Zendeako Udalaren eta haren erakunde autonomoaren administrazioan eginen den lanaldiaren urteko kopurua, abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuaren arabera, 1.592 ordukoa izanen da, eta honela banatuko da:

Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da. Nahitaez lan egin beharko da 9:30etik 14:30era arte; gainerako bi ordu eta hogei minutuak egiteko langileek malgutasuna izanen dute, 7:00etatik 16:30era arte. Orobat, kirol eta kultur koordinatzaileak asteazken arratsaldeetan ordu bat eta berrogei minutuz lan egin beharko du nahitaez. Hortaz, lanpostu horren ordutegi malgua, astelehenetik ostiralerako goizaldeetan, bi ordutara mugatuko da.

Zerbitzuaren beharren mendekoa ez den lanaldi murriztua duten langileen kasuan, nahitaez bertan egoteko denbora egokitu eginen da, ahal den neurrian, murrizketaren ebazpenean baimendutako ordutegira, edo, bestela, langilearekin adostuko da zerbitzuaren beharren arabera.

Hirugarrena.–Oltza Zendeako Udalaren zerbitzuko langileen lanaldiaren malgutasuna handitu da, langileek laneko eta familiako eginkizunak batera eramatea errazago izan dadin. Hona hemen jarraibideak:

1.–Enplegatu bakoitzak gehienez 10 orduko saldo positibo edo negatiboa izaten ahalko du 7 ordu eta 20 minutuko lanaldiarekiko. Saldo hori egunero gaurkotuko da lanera agertzeko kontrol sistemaren bidez eta konpentsatuko dira hilabete natural bakoitzaren barrenean, benetan egindako lanordu guztiak eta hilabete natural bakoitzean egin beharreko lanorduak berdinak izan daitezen.

2.–Nahitaezko lanaldia izanen da 9:30etik 14:30era arte eta langile bakoitza kanpoan egon daiteke gehienez 25 orduz urtean; nolanahi ere, lantokian egon gabeko ordu horiek konpentsatu beharko ditu urtean zehar lan eginda.

Laugarrena.–Lanera agertzea kontrolatzeko, bertaratu direnen kontrolerako sistema automatikoa erabiliko da, eta enplegatu guztiek lanpostura sartzean eta bertatik ateratzean fitxatu beharko dute nahitaez. Hala egin beharko dute lanaldiaren hasieran eta amaieran, baita lanaldiaren barnean irteten eta itzultzen diren bakoitzean ere.

Bosgarrena.–Langileek lanaldiaren barnean gehienez hogeita hamar minutu iraunen duen atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horri dagokionez, bulegoetako langileek nahitaez fitxatu beharko dute sartu-ateratzeetan.

Seigarrena.–Baliogabeak izanen dira, 2019. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak eta ebazpen honen lehenbiziko xedapenean adierazitako jaiegunak, salbu eta martxoaren 18a, abuztuaren 16a eta 19a eta abenduaren 2a, horiek jaiegun izanen baitira.

Zazpigarrena.–Udal administrazioaren zerbitzuetako premiak direla-eta, eta behar bezala jardun ahal izateko, kontabilitate, herritarrendako laguntza eta idazkaritza zerbitzuetan eta zerbitzu anitzetan-albiente lanetan, bertako langileek ezin izanen dituzte oporrak batera hartu.

Orobat, garbiketako langileen kasuan, medikuaren kontsultategiaren garbiketa 14:00etatik 16:00etara egiten saiatuko dira, osasun langileei trabarik ez egiteko.

Zortzigarrena.–Prestakuntza ikastaroetan parte hartzea.

Prestakuntza ikastaroetara joateko erabilitako denbora lan denboratzat hartuko da baldin eta ikastaroek lanpostuko eginkizunekin zerikusirik badute, lanaldian egiten badira eta zerbitzuaren beharrek uzten badute, betiere dagokion organoak aldez aurretik baimena emanda.

Oltza Zendeatik kanpo egiten diren ikastaroen kasuan, ikastaroaren benetako iraupenari kasuan kasuko herrira egin beharreko joan-etorriaren denbora gehituko zaio. Iruñerriko herrietan, joan-etorria egiteko kalkulatutako denbora 60 minutukoa izanen da (joan-etorria guztira).

Ikastaroaren iraupena 5 ordukoa edo hortik gorakoa bada eta bertaratuta egin beharrekoa, lanaldi osoa bezala kontatuko da.

Oro har, lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da inolako ordu edo diru konpentsaziorik izanen. Urteko lanorduen kontaketaren ondorioetarako, prestakuntzan emandako denbora kasu honetan baizik ez da lan denboratzat hartuko: Administrazioak erabakitzen duenean, lanpostuak bere dituen eginkizunak ongi betetzeko, nahitaezkoa dela prestakuntza ikastaroetara joatea. Halakoetan, langileek eskubidea izanen dute zerbitzuaren arrazoiak direla-eta izandako gastuengatik ezarrita dauden kalte-ordainak eta/edo ordu konpentsazioa jasotzeko.

Euskara ikastaroak egiteko ordu eta dirua konpentsazioak, behar bezala baimenduak, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 17ko 1311/2010 Ebazpenean arautzen dira, haren bitartez parekatzen baitira ekainaren 21eko 195/1993 Foru Dekretuan ezarritako euskara ikastaroak egiteko ordu konpentsazioak gaur egungo prestakuntza jardueretara.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita, ediktuen bidez, Oltza Zendeako Udalaren iragarki-taulan ere.

Hamargarrena.–Ebazpen honen berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo osoko bilkura arruntean.

Aditzera ematen dut, jakin dadin eta ondorioak izan ditzan. Halaber, ohartarazten dut erabaki horren aurka errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela:

1. Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

2. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik hasita.

3. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Oltza Zendean, 2019ko urtarrilaren 25ean.–Alkatea, Moisés Garjón Villanueva.

Iragarkiaren kodea: L1901302