39. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

7/2019 FORU LEGEA, otsailaren 18koa, aldatzen duena martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legea, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzkoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ALDATZEN DUENA MARTXOAREN 5EKO 10/2003 FORU LEGEA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN MONTEPIOETAKO FUNTZIONARIOEN ESKUBIDE PASIBOEN ARAUBIDE IRAGANKORRARI BURUZKOA.

HITZAURREA

Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak aurreikuspen sozialeko eta eskubide pasiboetako sistema bat ezartzen du, berekia, autonomoa eta independentea Gizarte Segurantzaren sistemarekiko eta Estatuko klase pasiboen sistemarekiko, haietako bakoitzak bere araudia baitu. Araubide hori aukeratu zuten funtzionarioentzat (“desagertu beharreko” kolektiboa osatzen dutenak, foru legean aurreikusitakoaren aurrekoan jarraitzea aukeratu zutenak bezala) foru legeak ezarri zuen eskubide pasiboen sistemak oinarrizko zutabe hauek ditu: batetik, Gizarte Segurantzaren araubide orokorraren oinarri diren funtsezko printzipioak biltzen ditu, eta, bestetik, Nafarroako Foru Komunitateko montepioen sistemak, foru legean aurreikusitakoaren aurrekoak, zituen zenbait berezitasun aurreikusten ditu, zeinek Estatuko klase pasiboen araubidean jasotakoen nolabaiteko antza baitute.

Azken urteetan berritasun eta aldaketa garrantzitsuak gertatu dira Gizarte Segurantzaren sistema orokorrean, eta haietako batzuk erantsi zaizkio ondoren Estatuko Klase Pasiboen Araubideari; horiek, ordea, ez dira jaso aurreikuspen sozialeko eta eskubide pasiboetako gure sisteman, hala nola: a) amatasunagatiko osagarriaren ezarpena Gizarte Segurantzaren sistemako kotizaziopeko pentsioetan, bai eta Estatuko klase pasiboetako sisteman ere, 2016ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko urriaren 29ko 48/2015 Legearen bidez ezarritakoa, 2016ko urtarrilaren 1ean indarra hartu zuena eta, egun, honakoetan jasota dagoena: Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onesten duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 60. artikuluan eta Estatuko Klase Pasiboei buruzko Legearen testu bategina onesten duen apirilaren 30eko 670/1987 Legegintzako Errege-dekretuaren hemezortzigarren xedapen gehigarria; b) Gizarte Segurantzaren sisteman erretiroa hartzeko adina aurreratzeko eta koefiziente zuzentzaileak ezartzeko araubide juridikoari eta prozedura orokorrari buruzko azaroaren 18ko 1698/2011 Errege Dekretuaren bidezko erregulazioa, bai eta, ondoren, erretiroa hartzeko adina murrizten duen koefizientearen ezarpena ere, martxoaren 14ko 383/2008 Errege Dekretuaren bidez, administrazio eta erakunde publikoen zerbitzuko suhiltzaileen alde (2017an eta 2018an koefizientea aplikatzea jasota dago 2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legearen hogeigarren xedapen gehigarrian eta 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 20/2017 Foru Legearen hamalaugarren xedapen gehigarrian), eta, abenduaren 5eko 1539/2003 eta abenduaren 4ko 1851/2009 errege dekretuen bidez, erretiroa hartzeko adina murrizteko koefizienteen edo, kasua denean, adin horren murrizketaren ezarpena, desgaitasuna dutenentzat; errege dekretu horiek Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren egungo 206. artikulua garatzeko eman ziren; eta c) erretirodunak erretiro pentsioa jaso eta lanean aritzeko bateraezintasunen araubidea, sistema horietan ezarritakoa; hiru puntu horiek direla eta, komeni da Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen sistema berrikustea, aurreikuspen sozialeko eta eskubide pasiboetako gure sistema, gai horiei dagokienez, osotara edo partzialki egokitzeko gurearen antzekoak diren beste sistema horietan ezarritako araubide juridikora.

Alde horretatik, aurreikusten da Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen gure eskubide pasiboen sisteman ezarri eta aplikatzea erretiroa hartzeko adina murrizten duten koefiziente berriak, jarduera motak edo desgaitasunak eragindakoak, Gizarte Segurantzaren sistema orokorrak egun ezarrita dituenak edo etorkizunean ezartzen dituenak, administrazio horietako funtzionarioei, sistema horren araubide orokorrean sartutakoei, aplikatzen ahal zaizkienak, eta horrela desagertuko dira arlo horretan Nafarroako administrazio publiko desberdinetako langileen artean dauden konparaziozko bidegabekeriak, aurreikuspen sozialeko araubide desberdinei atxikita egotearen ondorioz sortuak; homologazioak edo parekatzeak berekin dakar aipatutako foru legearen hamalaugarren xedapen gehigarriko 1. puntuan aurreikusitako araua indargabetzea.

Zehazki, ezartzen da ezen Nafarroako toki entitateetan tokiko polizia gisa zerbitzu ematen duten montepio-sistemaren araubideko langileei aplikatzen ahalko zaiela erretiro-adinaren murriztapen-koefizientea, abenduaren 14ko 1449/2018 Errege Dekretuari jarraikiz, zeinak erretiro-adinaren murriztapen-koefizientea ezartzen baitu Gizarte Segurantzaren alorreko Toki Administrazioa osatzen duten entitateen zerbitzuko tokiko polizientzat.

Ildo horretan bertan, hemeretzigarren xedapen gehigarrian aurreikuspen bat jasotzen da, halako moldez non, Gizarte Segurantzak erretiro-adinaren murriztapen-koefizienteak edo aurrerapena ezartzen baditu Foruzaingoarentzat, polizia kidego horretako montepio-sistemaren mendeko funtzionarioei aplikatzekoak izanen baitira, kontuan hartuta Gizarte Segurantzaren araudi berariazkoa eta, kasua bada, tokiko poliziari aitortutakoen antzeko baldintzak hartzea, halaber aukera aitorturik erretiro-sistema berri horren edo Nafarroako montepio-sisteman aitortutakoaren aldeko hautua egiteko.

Beste alde batetik, ikusten da edukian hutsune batzuk daudela, esate baterako zurztasun-pentsioei dagokienez; izan ere, Gizarte Segurantzaren sistema orokorrean prestazio ekonomikoa 25 urtetaraino luzatzen da, hildakoa ama, aita nahiz bi gurasoak izan, baldin eta jasotzen duenak bere kontura edo besteren kontura irabazi asmoa duen lanik egiten ez badu edo, egiten badu ere, urtean eskuratzen dituen diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldataren indarreko urteko zenbatekoa baino txikiagoak badira, baina gure eskubide pasiboen sisteman eta Estatuko klase pasiboen sisteman, aldiz, prestazioa gehienez ere 22 edo 24 urteetaraino luzatzen da, hurrenez hurren; horrez gain, gure sisteman ez dago aurreikusirik dagokion prestazio ekonomikoa luzatzeko aukera umezurtza ikasten egon eta 25 urte ikasturtean betetzen dituen kasurako, eta horrelakoetan zurztasun pentsioa hurrengo ikasturtea hasi ondoko hilabeteko lehenengo eguneraino mantenduko da; horrenbestez, komeni da martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legea ere partzialki egokitzea Gizarte Segurantzaren sistema orokorrean ezarritakora. Era berean, sistema horietan ezarrita dagoen bezala, aldatzen da oro har zurztasun pentsiorako eskubidea izateko adin muga, 18 urtetik 21 urtera pasatzeko.

Martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen testuan, halaber, desadostasunak daude prestazioen preskripzioari eta iraungitzeari dagokienez, bai eta haien sortzapenari dagokionez ere, eta horrek arazoak sortzen ditu haien aplikazio praktikoan; horrekin batera, hutsunea dago aitortutako zerbitzuen arloan, ez baitira aipatzen funtzionarioak aitortuta dituenak beste herrialde batzuetako Gizarte Segurantzaren ondorioetarako, Nafarroako administrazio publikoetako montepioen araubideak aplika dezakeen nazioarteko hitzarmen edo erregelamendu bat dagoenean, eta komeni da hutsune hori zuzentzea; horretarako, beharrezkoa da berrikustea eta egokitzea Estatuko Gizarte Segurantzaren sisteman eta klase pasiboenean gai horietaz adierazten denera, hurrenez hurren.

Orobat, gure eskubide pasiboen sistema berekiak, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean aurreikusitakoak, sustatzen du lan bizitza borondatez luzatzea nahitaezko erretiroaren adina bete ondoren ere, kasu horietan jasotzen ahal delako oinarri erregulatzailearen 100eko 100 baino handiagoa den pentsioa, baina pentsioaren urteko gehieneko zenbatekoa mugatuta, betiere, Gizarte Segurantzaren gehieneko pentsio orokorrerako ezartzen dena inola ere gainditzerik izan gabe. Horregatik, gehieneko pentsiora iritsiz gero, ez zaio aplikatzen pentsioaren 100eko 2aren igoera 65 urtetik aurrera kotizatzen den urte bakoitzeko. Hori dela eta, beharrezkoa da hori berrikusi eta Gizarte Segurantzaren sisteman adierazitakora egokitzea.

Artikulu bakarra.–Aldatzen dira Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen artikulu hauek: 2., 3., 21., 29. (1. apartatuari e) letra gehituz), 35., 36., 75 (1. eta 2. apartatuak), 77. (2. eta 3. apartatuak), 79. (1. eta 2. apartatuak), eta 80. (1. apartatua); horrekin batera, lau xedapen gehigarri berri gehitzen dira, hamaseigarrena, hamazazpigarrena, hemezortzigarrena eta hemeretzigarrena. Aurrerantzean testu hau izanen dute aipatutako xedapenek:

Bat. 2. artikuluak testu hau izanen du:

“2. artikulua. Izaera.

1. Erretiro pentsioa aitortzeko eskubidea, bai eta heriotzagatiko eta bizirik irauteagatiko prestazioak jasotzekoa ere, preskribaezina da; baina, aitortza hori egiteko, hurrengo artikuluan aurreikusten diren epeak bete beharko dira.

Ezintasun iraunkor partzialagatiko eta ezintasuna sortzen ez duten lesio iraunkorrengatiko prestazioak aitortzeko eskubideak, aldiz, bost urtera preskribatuko du, kasuko prestazioaren gertaera eragilea izan eta biharamunetik hasita.

Aurreko paragrafoan aipatzen den gertaera eragilea, prestazioena, noiz gertatu den zehazteko, Gizarte Segurantzaren esparruan xedatutakoa hartuko da aintzat.

2. Prestazioak osotara eta behin bakarrik jasotzeko eskubidea urtebetera iraungiko da, interesdunari eskubidea aitortzen zaiola forman jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Aldizkako prestazioak direnean, hileko zenbateko bakoitza jasotzeko eskubidea iraungiko da mugaeguneratu eta urtebetera”.

Bi. 3. artikuluak testu hau izanen du:

“3. artikulua. Ekitaldia.

Aurreko artikuluko 1. apartatuan, 1. paragrafoan, jasotzen diren prestazioak aitortzeko eskubidea erabiltzen ahalko da gertaera eragilea izan ondoko edozein unetan, baina aitortzak eskaera aurkeztu baino hiru hilabete lehenagotik izanen ditu ondorioak, ekar ditzakeenak.

Prestaziorako eskubidea aitortzerik ez badago interesdunari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, eskubide horrek ondorio ekonomikoak izanen ditu, soilik, interesdunak berari egotz dakizkiokeen akatsak zuzendu eta biharamunetik aurrera”.

Hiru. 21. artikuluak testu hau izanen du:

“21. artikulua. Prestazioen sortzapena.

Foru lege honetan araututako prestazioak sortuko dira:

a) Nahitaezko edo borondatezko erretiro pentsioak:

a´) Funtzionarioa alta egoeran badago, lanari utzi eta biharamunetik aurrera.

b´) Alta egoeraren pareko egoeraren batean badago, egoera haietako bakoitzerako ondotik zehazten den egunetik aurrera:

–Zerbitzu eginkizunen egoeran egonez gero, egoera hori eragin zuen karguari edo lanari utzi eta biharamunetik aurrera.

–Gainerako kasuetan, eskaera aurkeztu eta biharamunetik hasita.

c´) Alta egoeran edo alta egoeraren pareko egoeran ez badago, eskaera aurkeztu eta biharamunetik hasita.

b) Ezintasun iraunkorragatiko erretiro pentsioak: dagokion administrazio organoak ezintasunagatiko erretiroa deklaratzeko emandako ebazpenaren eguna, horrek galarazi gabe ondorio ekonomikoek atzeraeragina izatea hura amaitu zen uneraino, ezintasun iraunkorrak jatorria aldi baterako ezintasunean duenean.

c) Ezintasun iraunkor partzialaren edo ezintasuna eragiten ez duten lesio iraunkorren deklarazioaren unetik aurrera, kasu horietan aurreikusten diren kalte-ordain orokorrak direnean.

d) Kausatzailea hil eta hurrengo hilabeteko lehen egunetik aurrera, alargun eta zurztasun pentsioen kasuan, salbu eta jarduneko funtzionarioa hiltzen denean, kasu horretan gertaera eragilea izan eta biharamunetik aurrera sortuko baitira.

e) Familiakoentzako pentsioetan, eskubidea sortu duena hil eta hurrengo hilabeteko lehenbiziko egunetik, ezkontide alargunik edo umezurtz pentsioa kobratzeko legezko eskubidea duen umezurtzik ez dagoen kasuetarako, edo alarguna edo, halakorik badago, umezurtz pentsiodun umezurtzak hil edo lege gaitasuna galdu eta hurrengo hilabeteko lehenbiziko egunetik”.

Lau. 29. artikuluko 1. apartatuari e) letra gehitzen zaio. Hona:

“29. artikulua. Aitortutako zerbitzuak.

1. apartatua, e) letra. Funtzionarioak, zerbitzu aitortuak izatea beste herrialde batzuetako Gizarte Segurantzaren ondorioetarako, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako araubideak aplika dezakeen nazioarteko hitzarmen edo erregelamendu bat dagoenean horretarako, eta, betiere, nazioarteko bitarteko horietan eta kasuan aplikatu beharreko erregelamenduzko arauetan jasotako modu eta baldintzekin”.

Bost. 35. artikuluak testu hau izanen du:

“35. artikulua. Pentsioaren zenbatekoa.

Nahitaezko erretiro pentsioaren zenbatekoa zehazteko, oinarri arautzaileari kasuko portzentajea aplikatuko zaio, eskala honen arabera eta kotizazio urteak kontuan hartuta:

OINARRI ARAUTZAILEAREN

KOTIZAZIO URTEAK
PORTZENTAJEA

Hamabost urtera

50

Hamasei urtera

53

Hamazazpi urtera

56

Hemezortzi urtera

59

Hemeretzi urtera

62

Hogei urtera

65

Hogeita bat urtera

68

Hogeita bi urtera

71

Hogeita hiru urtera

74

Hogeita lau urtera

77

Hogeita bost urtera

80

Hogeita sei urtera

82

Hogeita zazpi urtera

84

Hogeita zortzi urtera

86

Hogeita bederatzi urtera

88

Hogeita hamar urtera

90

Hogeita hamaika urtera

92

Hogeita hamabi urtera

94

Hogeita hamahiru urtera

96

Hogeita hamalau urtera

98

Hogeita hamabost urtera

100

Erretiro pentsioa hirurogeita bost urte baino gehiagorekin jasotzen hasiz gero, oinarri arautzaileari aplikatu beharreko portzentajea hau izanen da: hirurogeita bost urte betetzez geroztik, pentsioaren gertaera eragilearen egunean kotizatu den urte oso bakoitzeko 100eko 100ari 100eko 2 gehiago batzearen emaitza, baldin eta une horretan interesdunak hogeita hamabost urteko kotizazioa frogatua badu. Interesdunak frogaturik ez badu hogeita hamabost urteko kotizazioa, aipatutako portzentaje gehigarri hori aplikatuko da, hirurogeita bost urte bete ondoren, kotizazio aldi hori frogatzen duen egunetik aurrera.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera lortutako portzentaje gehigarria interesdunari oro har dagokionari batuko zaio, eta horren emaitza den portzentajea kasuko oinarri arautzaileari aplikatuko zaio, pentsioaren zenbatekoa zehazteko, zeina ez baita inola ere izanen foru lege honen 25. artikuluko 1. apartatuan ezarritako gehienekoa baino handiagoa.

Aitortutako pentsioaren zenbatekoa gehieneko horretara iristen bada portzentaje gehigarria aplikatu gabe edo soilik partzialki aplikatuta, interesdunak eskubidea izanen du, gainera, urtean zenbateko bat jasotzeko, unean-unean indarra duen gehieneko zenbatekoari pentsioaren zenbatekoa zehazteko erabili ez den portzentaje gehigarria aplikatuz lortutakoa, goragoko unitate gertuenera ekarrita. Zenbateko hori hilero sortuko da, hilabete amaieran, eta hamalau ordainketa eginen dira, baina zenbateko horren eta interesdunak aitortua(k) d(it)uen pentsioarena edo pentsioen zenbatekoaren batura ez da izanen, urtean, unean-unean indarra duen kotizazio oinarriaren gehienekoa, urtekoa, baino handiagoa.

Kotizazio urtetzat hartuko dira, eta hortaz aurreko lerrokadek agintzen dituztenetarako kontatuko, zerbitzu aitortuen denbora aldiak, borondatezko eszedentzian edo eginkizunez gabeturik dauden funtzionarioen kotizazio bereziei dagozkienak, eta Gizarte Segurantzako edozein araubidetan kotizatutakoak foru lege honetako 30. artikuluan agintzen denaren arabera”.

Sei. 36. artikuluak testu hau izanen du:

“36. artikulua. Bateraezintasunak.

1. Erretiro pentsioa jasotzea eta pentsiodunaren lana bateraezinak izanen dira, artikulu honetan zehaztutako salbuespenekin eta baldintzekin.

Aurrekoa gorabehera, erretiroa hartzen dutenentzat pentsioa jaso eta lanaldi partzialeko lan bat izatea bateragarria izanen da, betiere Gizarte Segurantzaren arloan indarra duen araudian ezarritako baldintzekin. Egoera horretan dagoen bitartean, jasotzen duen pentsioari zenbateko bat kenduko zaio, hain zuzen, lanaldi osoan aritzen den pareko langile batekin alderatuta, pentsiodunaren lanaldiari aplikatu beharreko murrizketaren alderantzizko proportzioan.

2. Bateraezina da erretiro pentsioa jasotzea eta lanpostu bat betetzea sektore publikoan, Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legearen 1.1 artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoaren arabera ulertzen den moduan.

Aurrekoa gorabehera, bateraezintasun araubide horri lege horren 19. artikuluan eta bederatzigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako salbuespenak aplikatuko zaizkio, bai eta lege horren beraren 5. artikuluan aurreikusitakoak ere, aldizkako ordainsaririk jasotzen ez denean hautetsi karguak betetzeagatik autonomia erkidegoetako legebiltzarretako edo toki korporazioetako kide gisa.

Era berean, apartatu honetan aipatzen den bateraezintasuna ez zaie aplikatuko osasun arloko lizentziadun emerituei.

3. Bateraezina izanen da, halaber, erretiro pentsioa jasotzea eta goi karguak betetzea, zehazki Estatuko Administrazio Orokorreko goi kargua betetzea arautzen duen maiatzaren 30eko 3/2015 Legearen 1. artikuluan eta Foru Komunitateko Administrazioko Gobernuko kideen eta goi kargudunen bateraezintasunak arautzen dituen azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen 2. artikuluan jasotzen direnak.

4. Horrez gain, ezin izanen da erretiro pentsioa jaso administrazio, entitate edo instituzio publikoen edo haien menpeko erakunde eta enpresetako aurrekontuen kargura ordaintzen den beste edozein ordainsarirekin batera, salbu eta foru lege honetan aurreikusitako kasuetan. Ondorio horietarako, ulertuko da ordainsaria dela aldizka jasotzen den lansaria, edozein direla ere haren zenbatekoa eta izena.

5. Erretiro pentsioa jasotzea bateragarria izanen da norbere konturako lanak egitearekin, baldin eta horien urteko sarrerek, guztira, lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen ez badute urtean.

6. Aurreko apartatuetan jasotako kasu horiek salbu, hau da, erretiro pentsioa eta pentsiodunaren lana bateragarriak direnean kenduta, gainerakoetan kasuan kasuko pentsioa ez da jasoko bateraezina den lanpostua, kargua edo jarduera betetzen den bitartean, baina horrek ez du eraginik izanen errebalorizazioetan.

7. Erretiro pentsioa eta zahartze aktiboa.

Aurreko apartatuetan ezarritakoa ukatu gabe, erretiro pentsioa jasotzea, foru lege honen 26. artikuluko a) letran aurreikusitako kasuan, bateragarria izanen da pentsiodunak bere kontura nahiz besteren kontura edozein lan betetzearekin, Gizarte Segurantzaren arloan indarra duen araudian aurreikusitako modu eta baldintzetan.

8. Erretiroa hartzen duen funtzionarioak jakinarazi beharko dio Nafarroako Administrazio Publikoko Montepioari, pentsioa aitortu dionari, lanpostu, kargu edo jarduera ordaindua bete behar duela sektore publikoan edo pribatuan, lanean hasi aurretik jakinarazi ere, eta konpromisoa hartuko du geroago aurkezteko PFEZaren aitorpenaren kopia bat, kasuko ekitaldiari dagokiona”.

Zazpi. 75. artikuluko 1. eta 2. apartatuek testu hau izanen dute:

“75. artikulua. Pentsiorako eskubidearen baldintzak.

1. Zurztasun pentsioa berdintasunez jasotzeko eskubidea izanen dute kausatzailearen seme-alaba guztiek, haien filiazioa edozein dela ere, kautsatzailea hiltzen denean hogeita bat urte baino gutxiago dutenek, betiere.

2. Umezurtzak besteren edo norbere konturako irabazizko lanik betetzen ez badu, edo, betetzen badu ere, urtean lortzen dituen sarrerak, bai lanetik bai prestazioetatik (langabezia, aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskua, edoskitze naturala edo gurasotasuna), unean-unean ezarrita dagoen lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekoa baino apalagoak badira urtean, zurztasun pentsioaren onuradun izan daiteke, baldin eta kausatzailea hiltzen den unean hogeita bost urte baino gutxiago badu.

Umezurtza ikasten ari baldin bada eta ikasturtean zehar betetzen baditu hogeita bost urte, zurztasun pentsioa jasotzen segituko du, hurrengo ikasturtea hasi ondoko lehen hilabeteko lehen egunera bitarte”.

Zortzi. 77. artikuluko 2. eta 3. apartatuek testu hau izanen dute:

“77. artikulua. Bateragarritasuna.

2. Zilegi izanen da hogeita bat urte baino gutxiago dituzten edo lan gaitasuna ezintasun iraunkor erabatekoaren edo elbarritasun handiaren mailan murrizturik daukaten hartzaileen umezurtz pentsioak bateratzea ezkontide biziaren edo umezurtzaren beraren edozein lan irabazirekin, eta bai, hala tokatzen bada, ezkontide biziak jasotzen duen alargun pentsioarekin.

3. Hogeita bat urte baino gehiagoko onuradunen zurztasun pentsioa, ezintasunik ez dutenena, bateragarria izanen da bizirik iraun duen ezkontidearen edo umezurtzaren beraren edozein lan errentarekin, foru lege honen 75. artikuluko bigarren apartatuan aipatzen diren baldintzetan, bai eta hark jasotzen duen alargun pentsioarekin ere, kasua bada”.

Bederatzi. 79. artikuluko 1. eta 2. apartatuek testu hau izanen dute:

“79. artikulua. Pentsioa etetea.

1. Behin foru lege honetako 25. artikuluko bigarren idatz-zatian aipatu kasuan umezurtz pentsioa jasotzeko eskubidea aitortu delarik, eskubide hori eten eginen da hartzaileak lan kontratu bat sinatu badu edo aurrerakoan sinatzen badu, edozein modalitatekoa, edo bere konturako lan batean aritzen bada edo langabezi, aldi baterako ezintasun, haurdunaldiko arrisku, edoskitze natural edo gurasotasuneko prestazioa jasotzen badu, betiere kontratu, jarduera edo prestazio horretatik sortzen diren dirusarrerak, urteko, lanbide arteko soldata gutxienekoa baino gehiagokoak badira. Eteteko arrazoia gertatu eta biharamunean izanen ditu ondorioak etendurak.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitakoa aplikatuko da, halaber, hogeita bat urte bete aurretik ere zurztasun pentsioa jasotzen denean eta umezurtzak besteren nahiz norbere konturako lan bat betetzen duenean edo prestazio bat jasotzen duenean, baldin eta sarrerak apartatuan adierazten den gehieneko zenbatekoa baino handiagoak badira. Horrelakoetan, etendurak ondorioak izanen ditu umezurtzak hogeita bat urte betetzen dituenean”.

Hamar. 80. artikuluko 1. apartatuak testu hau izanen du:

“80. artikulua. Pentsioa berreskuratzea.

1. Pentsioa jasotzeko eskubidea berreskuratu eginen da lan kontratua iraungi, bere konturako jarduera utzi edo, hala tokatzen bada, langabezi, aldi baterako ezintasun, haurdunaldiko arrisku, edoskitze natural edo gurasotasuneko prestazioa bukatzen denean edo, jarduera batean aritzen edo prestazio bat jasotzen segitzen badu, batetik zein bestetik heldu diren dirusarrerak ez direnean aurreko artikuluko lehen idatz-zatiko muga baino gehiagokoak”.

Hamaika. Beste xedapen gehigarri bat gehitzen da. Testu hau izanen du:

“Hamaseigarren xedapen gehigarria.–Amatasunagatiko osagarria Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen sistemaren pentsioetan.

Pentsiorako osagarri bat aitortuko zaie seme-alaba biologikoak edo adoptatuak izan dituzten emakumeei, nahitaezko erretiro pentsioen, ezintasun iraunkorrekoen edo alargun pentsioen onuradunak direnei, pentsio horiek Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen sistemakoak badira, Gizarte Segurantzaren arloan indarra duen araudian aurreikusitako moduan”.

Hamabi. Beste xedapen gehigarri bat gehitzen da. Testu hau izanen du:

“Hamazazpigarren xedapen gehigarria.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko suhiltzaileen erretiro adina murrizteko koefizientea ezartzea.

Suhiltzaile gisa zerbitzuak ematen dituzten langileei erretiro adina murrizteko koefizientea aplikatuko zaie, Gizarte Segurantzaren arloan indarra duen araudian aurreikusitako moduan.

Suhiltzaile lanpostua duten funtzionarioek, montepioen sistemaren menpe daudenek, eta murrizketa koefiziente hori ez aplikatzea aukeratu dutenek 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 20/2017 Foru Legearen hamalaugarren xedapen gehigarrian ezarritako bi hilabeteko epean, koefizientea atzeraeraginez aplikatzea aukeratzen ahalko dute, dagozkion ekarpen ekonomikoei kalterik egin gabe, foru lege honek indarra hartu eta bi hilabeteko epean.

Era berean, edozein arau aldaketaren ondorioz dagoena baino baldintza hobea sortzen bada, erretiro adina murrizteko koefizientea aplikatzeari uko egin dionak hura aplikatzea hautatzen ahalko du atzeraeraginez, dagozkion ekarpen ekonomikoei kalterik egin gabe”.

Hamahiru. Beste xedapen gehigarri bat gehitzen da. Testu hau izanen du:

“Hemezortzigarren xedapen gehigarria.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko tokiko polizien erretiro-adinaren murriztapen-koefizientea ezartzea.

Nafarroako toki entitateetan tokiko polizia gisa zerbitzu ematen duten montepio-sistemaren araubideko langileei aplikatzen ahalko zaie erretiro-adinaren murriztapen-koefizientea, Gizarte Segurantzaren alorreko Toki Administrazioa osatzen duten entitateen zerbitzuko tokiko polizientzat erretiro-adinaren murriztapen-koefizientea ezartzen duen abenduaren 14ko 1449/2018 Errege Dekretuan ezarritako moduan.

Horretarako, pertsona interesdunak kasuko udal administrazioari urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen jakinarazi beharko dio erretiroa hartzeko bide hau hautatzeko borondatea, 2019an izan ezik; urte honetan foru lege hau indarrean sartu eta hurrengo hilabetearen azken eguna baino lehen jakinarazi beharko da. Ulertuko da ezen, horrela, uko egiten diola foru lege honetan arauturiko borondatezko erretiro aurreratuko sistemari.

Baldin eta edozein arau-aldaketaren ondorioz gertatzen bada dagoena baino baldintza hobea sortzen dela, Gizarte Segurantzaren araudian erretiro-adina dela eta eraendutako murriztapen-koefizientea aplikatzeari uko egin dionak zilegi izanen du hura atzeraeraginez aplika dadin hautatzea, bidezkoak gerta litezkeen ekarpen ekonomikoak eragotzi gabe”.

Hamalau. Xedapen gehigarri berri bat eransten da. Testu hau izanen du:

“Hemeretzigarren xedapen gehigarria.–Erretiro adina murrizteko koefiziente berriak ezartzea jarduera dela eta edo desgaitasuna tartean dela, Nafarroako administrazio publikoetako montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen sistemako pentsioetan.

1. Nafarroako administrazio publikoetako montepioetako funtzionarioei aplikatuko zaizkie erretiroa hartzeko adina murrizteko edo, kasua bada, aurreratzeko koefizienteak, Gizarte Segurantzaren sistemak jarduera dela-eta ezar ditzaketenak eta aplikatzen ahal zaizkienak administrazio horietako funtzionarioei, sistema horretako araubide orokorrean sartuta daudenei.

Gizarte Segurantzak erretiro-adinaren murriztapen-koefizienteak edo aurrerapena ezarriko balu Foruzaingoarentzat, polizia kidego horretako montepio-sistemaren mendeko funtzionarioei aplikatzekoak izanen dira, kontuan hartuta Gizarte Segurantzaren araudi berariazkoa eta, kasua bada, aurreko xedapenean tokiko poliziarentzat aipatutako baldintzen antzekoak hartzea.

Nolanahi ere, arrisku edo zailtasun berezia duten lanbideen katalogoaren barruan 55 urtetik aurrera erretiro aurreratua aplikatzeko modukoak direnak aztertzeko lana egiten bada, eta ondoren arau bidezko formulazioa, azken horretan xedatutakoari helduko zaio.

2. Era berean, Nafarroako administrazio publikoetako montepioetako funtzionarioei, Gizarte Segurantzaren esparruan jasota egon eta erretiroa hartzeko adina murriztea edo aurreratzea ekar dezakeen desgaitasun bat dutenei, aplikatuko zaizkie erretiroa hartzeko adina murrizteko koefizienteak edo, kasua bada, adina murriztuko zaie erretirorako gutxieneko adina ezarriz, aurreikuspen sozialeko sistema horrek ezarri bezala.

3. Erretiro-adina murrizteko koefiziente berrien aplikazioa edo, kasua bada, adin horren murrizketa, jarduera edo desgaitasuna dela eta, aurreko apartatuetan aurreikusi bezala, Gizarte Segurantzaren arloan indarra duen araudian edo aplikatzekoa den lege arauan aurreikusitako modu eta baldintzekin eginen da”.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Foru lege honetan xedatutakoaren kontrako maila bereko edo txikiagoko arauak indargabetzen dira; eta, bereziki, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen xedapen hauek: 39. artikuluko 2. apartatuko lehen paragrafoa, zazpigarren xedapen gehigarria eta hamalaugarren xedapen gehigarriko 1. puntua.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2019ko otsailaren 18an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1902601