1. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRIBERAKO MANKOMUNITATEA

Aldaketa, Hiri-hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Erriberako Mankomunitateak, 2023ko uztailaren 20an egin batzar orokorrean, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Hiri-hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen ordenantzan. Erabaki hori 2023ko 191. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 12an.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantzaren aipatu aldaketa behin betiko onetsi eta argitara ematen da testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua); aipatu foru legearen 326. artikuluan xedatuaren arabera, ordenantzak ez du ondorio juridikorik sortuko harik eta iragaten den arte Estatuko edo Foru Komunitateko administrazioek toki erakundeei errekerimendua egiteko duten epea, halakoen egintzak edo erabakiak deuseztatze aldera.

Tuteran, 2023ko urriaren 30ean.–Mankomunitateko burua, Fernando Ferrer Molina.

ORDENANTZA, HIRI-HONDAKIN SOLIDOEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUENA

AURKIBIDEA

ZIOEN AZALPENA.

I. TITULUA.–Baldintza orokorrak.

II. TITULUA.–Hiri-hondakinen bilketa.

I. KAPITULUA.–Baldintza orokorrak eta hondakin kategoriak.

II. KAPITULUA.–Nahitaezko bilketa.

III. KAPITULUA.–Gaikako zabor bilketa.

1. ATALA.–Kontsiderazio orokorrak.

2. ATALA.–Beiraren gaikako bilketa.

3. ATALA.–Paperaren eta kartoiaren gaikako bilketa.

4. ATALA.–Ontzi arinen gaikako bilketa.

IV. KAPITULUA.–Zaborretarako instalazio finkoak erabiltzea.

V. KAPITULUA.–Hiri-hondakin solidoen bilketa bereziak.

1. ATALA.–Ezaugarri orokorrak.

2. ATALA.–Hondakin arriskutsuak.

3. ATALA.–Industriako eta merkataritzako hondakinak biltzea, garraiatzea eta isurtzea.

4. ATALA.–Hondakin klinikoen bilketa eta garraioa.

5. ATALA.–Animalia hilen bilketa eta garraioa.

6. ATALA.–Lurrak eta obra-hondakinak biltzea, garraiatzea eta botatzea. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH).

7. ATALA.–Altzarien, etxeko tresnen eta traste zaharren bilketa.

8. ATALA.–Garbiguneak.

9. ATALA.–Pila eta baterien bilketa.

10. ATALA.–Arroparen eta zapaten bilketa.

11. ATALA.–Landare olioaren bilketa.

III. TITULUA.–Hondakinen tratamendua.

IV. TITULUA.–Arau-hausteak eta zehapenak.

V. TITULUA.–Erreklamazioak eta jurisdikzioa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.

AZKEN XEDAPENA.

I. ERANSKINA.–ONARTZEN DIREN ETA ONARTZEN EZ DIREN HONDAKINEN ETA TAMAINA HANDIKO HONDAKINEN ZERRENDA

EL CULEBRETEKO HONDAKINAK TRATATZEKO ZENTROAREN (CULEBRETE HTZ) ZERBITZUAREN ERREGELAMENDUA

MANKOMUNITATEAREN GARBIGUNEEN ERABILERARI ETA ZERBITZUARI BURUZKO ERREGELAMENDUA

ZIOEN AZALPENA

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko uztailaren 28ko 7/2022 Legeak indarrik gabe utzi zuen Hondakinei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea, eta 2008ko azaroaren 19ko 2008/98/EE Zuzentarauaren transposizioa egin zuen. Lege horren xedea da hondakinen kudeaketa eta lurzoru kutsatuen araubide juridikoa arautzea, uneko arau-esparrua aldatuz, hura egokitzeko Europako Erkidegoko zuzenbidera, eta hobetzeko hondakinen ekoizpen eta kudeaketaren araubide juridikoa Espainian.

Arauketa berri horrek, batetik, helburu sail bat jartzen du halako hondakin mota batzuen gainean eta, bestetik, hondakinen arloan eskumenak dituzten administrazio publikoak behartzen ditu printzipio batzuk bereganatzera, hondakin arloan egiten dituzten jardueren oinarrian egon behar dutenak.

Printzipio horiek, nagusiki, giza osasunaren eta ingurumenaren babesa bermatzera jotzen dute, hondakinen kudeaketak ez batari ez besteari arriskurik ekar ez diezaien; gainera, hierarkiaren printzipioa ezartzen du hondakin politikan, berrikuntza bat aurreko arauketaren aldean.

Hierarkia horren gailurrean prebentzio jarduera dago, hau da, helburu duena neurriak hartzea sortzen den hondakin-kantitatea, hondakinek eragindako kalteak eta material eta produktuetan dauden gai kaltegarrien edukia gutxitzeko.

Hierarkian beherago, hurrenez hurren kausitzen ditugu hondakinen berrerabilera, birziklatzea eta balorizazioa, hau da, hondakinek xede baliagarria izatea dakarren jarduketa oro, ordezkatzen dituelako eginkizun jakin bat betetzeko bestela erabiliko liratekeen materialak, edo hondakinak prestatzeko jarduketak, eginkizun hori bete dezaten instalazioan bertan edo ekonomian oro har.

Eta azkenik, "kutsatzen duenak ordaindu egiten du" printzipioa; hain zuzen, arau berriak berriz formulatzen du, hondakinen kudeaketaren kostuak hasierako sortzaileari, uneko edukitzaileari edo aurreko edukitzaileari pasaturik, kasuaren arabera; printzipio hori jadanik aplikatzen hasiak ziren aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen kudeaketan.

Mankomunitateak bere jarduerari hasiera emateko ordenantza hau ezari-ezarian aldatuz joan da, batzuetan alorreko araudia aldatu delako, eta beste batzuetan zerbitzu berriak ematen hasi delako. Hondarrekoa 2003koa da.

Azkenik, adierazi behar da idazketa hau testu bategina izanen dela, ondoz ondoko araudiaren aldaketak direla eta. Araudiaren aldaketak jasotzen ditu, bai eta hiri-hondakin solidoak biltzeko eta tratatzeko moduari eta ereduari eragiten dieten aldaketa soziologikoak eta ekonomikoak ere. Gainera, betetzen du Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen laugarren xedapen iragankorrean xedaturikoa, zeinak hiru urteko epea ezartzen baitu, indarrean jartzen denetik, hondakinen arloan eskumenak dituzten administrazioek beren jarduketak eta komunikazioak lege horretan agindutakora egokitu ditzaten.

I. TITULUA.–BALDINTZA OROKORRAK

1. artikulua. Mankomunitatea.

Erriberako Mankomunitatea (aurrerantzean, Mankomunitatea) elkarte izaerako toki-erakunde bat da, eta haren helburuen artean dago hiri-hondakin solidoak biltzeko eta tratatzeko zerbitzuak ematea, mankomunitatea osatzen duten toki-erakundeen udalerrietan, bai eta esparru juridiko eta tekniko egokia ezartzea ere, pertsonen osasuna babesteko eta ingurumena babesteko eta iraunkorra izateko.

Mankomunitateak, gainera, aurreko paragrafoan jasotzen diren zerbitzuak kudeatzen ahalko ditu Servicios Públicos de la Ribera de Navarra SA (Serinsa) sozietate kudeatzailearen bitartez. Serinsa sozietate anonimoa da, xede horretarako eratua, tokiko zerbitzuak emateari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera.

Erriberako Mankomunitateak merkataritza-sozietate bat eratu duenez, SERIN SA, eta sozietate horretako akziodun bakarra denez, sozietate horri eskuordetu dio 1. artikuluan jasotzen diren zerbitzuak kudeatzeko eskumena, tokiko zerbitzuak emateari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera.

2. artikulua. Xedea.

Hiri-hondakin solidoak biltzeko eta tratatzeko zerbitzua egitea arautzen duen ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan toki erakundeei aitortzen zaien erregelamendu ahalaren babespean eta harekin bat, eta haren idazketan eta printzipioetan lotu zaio Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean xedatuari, xedea izanik hiri-hondakin solidoak kudeatzeko zerbitzua bere gain hartzen duen erakundearen eta haren erabiltzaileen arteko harremanak arautzea, aipatu lurralde-eremuan, eta alderdi bakoitzaren eskubide, eginbehar eta betebeharrak zehaztuta.

Tributuen arloan eta zerbitzuak emateagatiko diru-bilketaren arloan, Nafarroako toki-ogasunen arloko araudi espezifikoan ezarritakoari jarraituko zaio, eta, bereziki, une bakoitzean Mankomunitateak onetsitako ordenantza fiskalari.

3. artikulua. Aplikazioa.

Ordenantza hau oro har aplikatuko zaie beren eskumen-eremuko hiri-hondakin solidoak kudeatzeko zerbitzuei, bai eta, hala badagokio, eremu horretatik kanpo ematen direnei ere, osorik edo zati batean. Bertan jasotako arauak analogiaz aplikatuko zaizkie berariaz araututa ez dauden eta, beren izaeragatik, beren aplikazio-eremuan sartuta dauden kasuei, eta Mankomunitateak ahalmena izanen du ordenantza hau aplikatzean sor daitezkeen zalantzak interpretatzeko.

4. artikulua. Zerrendatik baztertzea.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 2. artikuluak aipatzen dituen bazterketak alde batera utzi gabe, ordenantza hau ez zaie aplikatuko merkataritzako hondakin arriskutsuei eta industria hondakinei; alegia, lege horren 2 añ) eta au) artikuluan hala definitzen direnei.

5. artikulua. Definizioak.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak jasotzen dituen kontzeptu eta definizioetariko batzuk ekartzen dira hona:

Aipatu legearen arabera, honako hauek honela definitzen dira:

a) «Hondakina»: edukitzaileak bota duen gai edo gauza oro, edo botatzeko asmoa duena edo botatzeko betebeharra duena.

b) «Etxeko hondakinak»: etxeko jardueren ondorioz etxeetan sortutako hondakinak. Zerbitzuek eta industriek sortzen dituzten gisakoak ere hartuko dira etxeko hondakintzat.

Kategoria honetan sartzen dira, orobat, aparatu elektriko eta elektronikoetatik nahiz arropa, pila, metagailu, altzari eta etxeko gauzetatik etxeetan sortzen diren hondakinak, bai eta etxeetan egiten diren eraikuntza edo konponketa obra txikietatik heldu diren hondakinak eta obra hondakinak ere.

Etxeko hondakintzat hartuko dira bide publikoak, berdeguneak eta jolas-eremuak garbitzean sortutako hondakinak, etxeko animalia hilak eta abandonatutako ibilgailuak jasotzeko denean.

c) «Tokiko eskumeneko hondakinak»: toki-erakundeek kudeatutako hondakinak, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 12.5 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

d) «Merkataritzako hondakinak»: handizkako nahiz txikizkako merkataritzak berezko duen jardueratik sortuak, bai eta jatetxe eta ostatuetako zerbitzuetatik, bulego eta merkatuetatik eta zerbitzu sektoreko gainerakoetatik heldu direnak ere.

e) «Industria hondakinak»: industria jarduerak sortzen dituen hondakinak, fabrikazio, eraldaketa, erabilera, kontsumo, garbiketa edo mantentze prozesuen ondorioz, kanpo utzirik atmosferarako isuriak, azaroaren 15eko 34/2007 Legeak arautzen baititu horiek.

f) «Hondakin arriskutsuak»: legearen III. eranskineko zerrendan ageri diren ezaugarri arriskutsuetarik bat edo gehiago dituzten hondakinak, bai eta Gobernuak onesten dituenak ere, Europako araudian edo Espainiak parte hartzen duen nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoari jarraikiz, bai eta hondakin horiek eduki dituzten ontziak ere.

g) «Olio erabiliak»: olio guztiak, hala mineralak nola sintetikoak, industrialak edo labaingarriak, jatorrian aurreikusitako erabilerarako jadanik balio ez dutenak, hala nola errekuntzako motorretako olio erabiliak eta abiadura-kaxetako olioak, olio lubrifikatzaileak, turbinetarako olioak eta olio hidraulikoak.

h) «Biohondakinak»: lorategi eta parkeetako hondakin biodegradagarriak, eta elikadurako eta sukaldeko hondakinak, etxe, jatetxe, taldeendako sukaldaritza zerbitzu eta txikizkako salmentan aritzen diren establezimenduetatik heldu direnak, bai eta elikagaiak prozesatzeko instalazioetatik heldu diren eta horiekin pareka daitezkeen hondakinak ere.

i) «Prebentzioa»: gai, material edo produktu bat asmatu eta diseinatzeko, ekoizteko, banatzeko nahiz kontsumitzeko faseetan honako hauek murrizteko hartzen diren neurriak:

1. Hondakin kantitatea, barne direla produktuak berriz erabiltzeko edo produktuen balio-bizitza luzatzeko neurriak.

2. Sortutako hondakinek ingurumenaren eta giza osasunaren gainean dituzten inpaktu kaltegarriak, barne direla materialak edo energia erabiltzean aurrezteko neurriak.

3. Gai kaltegarrien edukia, material eta produktuetan.

j) «Hondakin-sortzailea»: pertsona fisiko edo juridiko oro, hondakinak sortzen dituzten jarduerak egiten dituena (hasierako hondakin-sortzailea) edo hondakin horien izaeran edo osaeran aldaketa eragiten duten jarduketak egiten dituena, hala nola aldez aurreko tratamendua, nahasketak edo bestelakoak. Mugetako instalazioetan kontrol eta ikuskaritza zerbitzuek kentzen dituzten salgaien kasuan, salgaiaren ordezkaria hartuko da hondakin-sortzailetzat, edo bestela haren inportatzaile edo esportatzailea.

k) «Hondakin-edukitzailea»: hondakin-sortzailea edo beste pertsona fisiko edo juridiko bat.

l) «Hondakinen kudeaketa»: hondakinen bilketa, garraioa eta tratamendua, lan horien zaintzarekin batera, eta zabortegiak itxi eta geroko mantentze-lana egitea, negoziatzaile edo agente gisa egiten diren jarduketak barne.

m) «Hondakin-kudeatzailea»: pertsona edo erakunde bat, publikoa edo pribatua, baimen edo komunikazio bidez erregistratua, egiten duena hondakinen kudeaketa osatzen duten jarduketetariko edozein, haien sortzailea izan zein ez.

n) «Bilketa»: hondakinak biltzeko jarduketa, barne direla hasierako sailkapena eta biltegiratzea, horiek tratamendu instalazio batera garraiatzeko.

o) «Gaikako bilketa»: hondakin-korronte baten bilketa bereiz egitea, mota edo izaeraren arabera, berariazko tratamendua errazteko.

p) «Berrerabilera»: hondakin ez diren produktuak edo produktu-osagaiak berriz erabiltzeko jarduketa oro, zertarako sortu ziren eta horrexetarako.

q) «Tratamendua»: balorizazio edo ezabaketa jarduketak, barne dela balorizazioaren edo ezabaketaren aurreko prestaketa.

r) «Tarteko tratamendua»: R12 eta R13 balorizazio-eragiketak, D8, D9, D13, D14 eta D15 deuseztatze-eragiketak, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinen arabera.

s) «Balorizazioa»: nagusiki hondakinek xede baliagarria izatea dakarren jarduketa oro, ordezkatzen dituelako eginkizun jakin bat betetzeko bestela erabiliko liratekeen materialak; edo hondakinak prestatzeko jarduketak, eginkizun hori bete dezaten instalazioan bertan edo ekonomian oro har. Hondakinei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eranskinean jasotzen da balorizazio lanen zerrenda ez zehatza.

t) «Berrerabilerarako prestaketa»: egiaztapena, garbiketa edo konponketa egiteko balorizazio jarduketa, hondakin bilakatu diren produktuak edo produktu-osagaiak prestatzen dituena berriz erabili ahal izateko, aldez aurreko beste inolako eraldaketarik gabe.

u) «Birziklatzea»: balorizazio-jarduera bat da, zeinaren bidez hondakin-materialak produktu, material edo substantzia bihurtzen baitira berriro, bai jatorrizko helbururako, bai beste edozein xedetarako. Haren barnean sartzen da material organikoaren eraldaketa, baina ez balorizazio energetikoa, ez eta erregaitzat edo betelanetarako erabiliko den material bilakatzea ere.

v) «Ezabaketa»: balorizazioa ez den jarduketa oro, nahiz eta jarduketa horren bigarren mailako ondorioa izan gaien edo energiaren aprobetxamendua.

w) «Konposta»: medeagarri organikoa, bereizita biltzen diren hondakin biodegradagarrien tratamendu biologiko aerobioaren eta termofiloaren bidez lortzen dena. Ez da konpost gisa hartuko hondakin nahasien tratamendu mekaniko biologikoko instalazioetan lortzen den material organikoa, horri material bioegonkortua iritziko baitzaio.

x) «Frakzioa»: hondakinak multzokatuko dira haien izaeraren eta tratamenduaren arabera. Multzo bakoitzari frakzioa esanen zaio.

y) «Identifikazio agiria (DI )»: hondakina lekualdatzen den bitartean hura identifikatzeko eta harekin batera eramateko dokumentua. Haren edukia izanen da Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren I. eta III. eranskinetan ezarritakoa.

z) «Hondakinak tratatzeko kontratua»: hondakinak tratatzeko instalazio bateko operadorearen eta kudeatzailearen arteko akordioa, zeinaren bidez hark konpromisoa hartzen baitu hondakinak onartu ondoren tratatzeko, eta bertan ezartzen baitira, gutxienez, hondakinen zehaztapenak, lekualdatzeko baldintzak eta alderdien betebeharrak, gorabeherak daudenean, bereziki hartzaileak hondakina baztertzen duenean.

6. artikulua. Hondakinen jabetza.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko uztailaren 28ko 7/2022 Legearekin bat, etxeko hondakinak eta merkataritzako hondakin arrisku gabeak ordenantza honetan finkatzen diren baldintzetan utzi behar edo uzten ahal dira Mankomunitatearen eskura; eskuratzen dituenetik aitzina, horien jabe bilakatuko da.

Sortzaileek edo edukitzaileek erantzukizunik ez dute izanen hondakin horiek eraginiko kalteengatik, halakorik eraginez gero, baldin haiek uztean begiratu badira aipatu ordenantza eta aplikatzeko diren gainerako lege-arauak.

II. TITULUA.–HIRI-HONDAKINEN BILKETA

I. KAPITULUA.–BALDINTZA OROKORRAK ETA HONDAKIN KATEGORIAK

7. artikulua. Baldintza orokorrak.

Titulu honek arautuko du zer baldintzatan emanen dituen Erriberako Mankomunitateak erabiltzaileak erabiliko dituen hondakinak eta hiri-hondakinak biltzeko zerbitzuak.

8. artikulua. Erabiltzaileak.

Zerbitzu horiek egiteari dagokionez, erabiltzaileak dira zerbitzu horien onura hartzen duten pertsona fisiko eta juridiko guztiak.

9. artikulua. Hondakin kategoriak.

Ordenantza honi dagokionez, ondotik ematen diren hondakin kategoriak ezarri dira; horiek, aldi berean, zerbitzuak egiteko baldintzak definitzen dituzte. Horietariko bat nahitaezkoa da herritarrendako, etxeko zaborren edo haien parekoen bilketa, alegia, eta gainerakoak borondatezkoak dira. Hona hemen:

A) Bide publikoetan jarritako edukiontzien edo garbiguneen bidez etxeko hondakinak biltzeko zerbitzuak hiri-hondakin hauei eraginen die:

1. Elikaduraren eta kontsumoaren ondorioz herritarrek beren etxebizitzetan sortzen dituzten hondarrak.

2. Herritarrek edo udal garbiketa zerbitzuek espaloiak ekortzetik heldu diren hondakinak.

3. Etxeko hondakinekin pareka daitezkeen hondakinak: etxeko hondakintzat hartuko dira honako hondakin hauek, baldin eta egunero uzten dena 50 litrotik beherakoa izan ohi bada.

a) Zuhaitzak inaustean eta landarezaintzako lanetan sortutako saskara, xehakatua utziz gero.

b) Saltokietako salgaien bilgarriak, ontziak, enbalajeak eta haietan sortutako beste hondakin solido batzuk.

c) Zerbitzu, merkataritza edo industria jardueretatik heldu diren hondakinak, etxeko hondakinen gisakoak.

d) Jaki prestatuak edo zeinahi motatako kontsumizioak eskaintzen dituzten ostatu, jatetxe eta gainerako establezimenduetan sortzen diren hondakinak. Halaber, supermerkatu, autozerbitzu eta gisako establezimenduetan sortutakoak.

e) Egoitza, hotel, ikastetxe eta beste establezimendu publiko batzuek sortzen dituzten kontsumoko hondakinak, oro har.

f) Udal azoken jardueretatik heldu diren hondakinak.

g) Arriskutsuen kalifikazioa duten hondakinak, baldin herritarrek beren etxebizitzetan sortzen badituzte. Ez dira edukiontzietara botatzen ahalko, baizik eta garbigune finko nahiz mugikorretan utzi.

h) Etxebizitza eta saltokietan sortutako errautsak, betiere erabat itzalirik badaude.

i) Haien izaera, osaera edo ezaugarriak direla-eta hiri-hondakinekin parekatzen ahal direnak.

B) Etxeko hondakinen bilketan inondik ere sartuko ez diren beste hondakin solido batzuk eta, beraz, debeku dutenak erabilera publikoko edukiontzietara botatzea.

1. Industria hondakinak. Hauek joko dira industria hondakintzat:

a) Fabriketan, lantegietan, biltegietan eta saltoki handietan sortutako hondakinak, fabrikazio, eraldaketa, erabilera, kontsumo, garbiketa edo mantentze prozesuen ondorioz, eta hondakinak tratatzeko instalazioetan sortutakoak.

b) Pneumatikoak.

c) Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietatik heldu direnak.

d) Orokorrean, Erriberako Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitatearen zerbitzuen iritziz etxeko hondakinen bilketaren bidez ezin bil daitezkeen hiri-hondakinak, haien aurkezpena, bolumena, pisua, egunero ateratzen den kantitatea, hezetasun edukia eta bestelakoak direla-eta; egunero, batez beste, 50 litrotik gorako bolumena ateratzen bada hartuko dira hondakinak halakotzat.

2. Hondakin klinikoak.

3. Animalia hilak eta AME (arriskuko material espezifikoak) eta GKEDAA (giza kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktuak) kalifikazioa duten hondakinak, haragi ustiategi, harategi, arrandegi eta abarretatik heldu direnak, 1069/2009 EE Erregelamenduaren arabera kalifikatuak.

4. Lurrak eta obra-hondakinak.

5. Altzariak, etxeko gauzak eta traste zaharrak.

6. Hondakin arriskutsuak.

7. Hondakin likidoak edo likidotu daitezkeenak.

8. Hondakin erradioaktiboak.

9. Hondakin leherkor eta piroteknikoak.

10. Mankomunitateak berariaz zehaztu gabeko beste edozein hondakin, baldin eta hondakinak biltzeko zerbitzu mankomunatua ez bada halakoez arduratzen ahal, haien izaeragatik edo ezaugarri bereziengatik.

II. KAPITULUA.–DERRIGORREZKO BILKETA

10. artikulua. Etxeko hondakin bilketa.

Ordenantza honi dagokionez, etxeko zabor bilketa egiten da 9.A) artikuluan definituriko hiri­hondakin solido nahitaez jaso beharrekoekin, erabiltzaileak nahitaez behar bezala erabili behar dituen edukiontzien bidez.

Etxeko hondakin bilketako zerbitzuaren barnean jarduketa hauek izanen dira:

a) Hondakinak eramatea haiek uzteko gunetik bilketa ibilgailuetaraino.

b) Hondakinak ibilgailu horietako zama-tokietara hustea.

c) Hustu ondoan, edukiontziak beren ohiko kokalekuetara itzultzea.

d) Lan horien ondorioz eremu publikoan botatako hondakinak garbitzea.

e) Hondakinak garraiatzea eta hustea Erriberako Mankomunitateak horretarako gaituriko tratamendu zentroetan.

f) Edukiontziak garbitzea eta mantentzea.

11. artikulua. Programazioa.

Mankomunitateak etxeko zabor bilketa ezarriko du egokiena iruditzen zaion maiztasunarekin, aintzat hartuz kide den udalerri bakoitzaren interesa eta zerbitzua egiteko funtzionamendurik hoberena.

Mankomunitateak beharrezkotzat jotzen duen kasuetan, urtero publiko eginen du bilketa-zerbitzuak emateko aurreikusitako programazioa, zerbitzuaren beharren arabera. Mankomunitateak edozein unetan sartzen ahalko ditu bilketa-zerbitzuen programan egokitzat jotzen dituen aldaketak, interes publikoko edo zerbitzuko arrazoiak direla-eta, eta behar besteko aurrerapenaz jakinarazi beharko du zerbitzua emateko ordutegiaren, moduaren edo maiztasunaren edozein aldaketa, salbu eta larrialdi egoeran Mankomunitateko buruak ematen dituen xedapenak.

12. artikulua. Arau orokorrak.

1.–Erabiltzaileak beharturik daude behar bezala erabiltzera Mankomunitateak noiznahi paratzen dituen edukiontziak.

2.–Honako hauek Mankomunitateak finkatuko ditu: edukiontzi mota; haien ezaugarri teknikoak; etxe multzo, industria edo merkataritza gune edo saltoki bakoitzean erabiliko den edukiontzi kopurua, eta haien kokalekua. Egoera berezia suertatuz gero, kentzen ahalko dira.

Mankomunitateak edukiontzien kokalekua halako toki batean ezarriz gero, ez da aldatzen ahalko berak espresuki oniritzia eman ezean. Mankomunitateak eskubidea izanen du edukiontzien kokalekua aldatzeko, interes publikoko arrazoiak direla-eta, behin betiko nahiz behin-behinean. Azken kasu horretan, lekuz aldatzeko arrazoia desagertzean jatorrizko tokietara itzuliko dira.

3.–Arau bereziak: bilketa instalazioak, egun dagoen parkea handituz edo aldatuz.

Erriberako Mankomunitatearen eskumen esparruaren barnean, bilketa gune berriak jartzeko urbanizazio berriko eremuetan edo egun dauden instalazioak handitzea edo aldatzea eskatzen duten hiriguneetan, kontuan hartuko da egiazki biltzeko modurik ba ote den eta betiere bete beharko da Udalaren hirigintza arauetan ezarritakoa.

Urbanizazio proiektu bat sustatzen duenak bilketa instalaziorik ez dagoen edo behar baino instalazio gutxiago dagoen eremuren batean, bere kontura eta funts galdura ordainduko du instalazioen handitze edo aldatzea, zerbitzu eskari berriari erantzuteko beharrezkoa baldin bada. Eginen diren instalazioen ezaugarriak (aire zabaleko edukiontziak, lurpekoak, etab.) Udalaren hirigintza arauetan ezarritakoak izanen dira edo, bestela, urbanizazio-proiektuaren edo obra-lizentziaren gainean egin txostenean Mankomunitateak berak adieraziak.

Instalazioa handitzen edo instalazio berria jartzen denean, enpresa zerbitzu emaileak ezarriko ditu baldintza teknikoak eta kontrolatuko du, obrak gauzatzen direnean, baldintzok betetzen ote diren.

Instalazio hori enpresa zerbitzu emaileak nahi bezala bukatu ondoren, berariazko edo esan gabeko obra-harrera egin eta Udalaren ondasun publiko bihurtuko da instalazioa.

4.–Edukiontziak jabetza publikoko elementuak direnez gero, Mankomunitateko zerbitzuek berrituko dituzte. Erabilera okerragatik zerbitzurako erabili ezinak suertatu direnetan, erabiltzaileari ordaindu beharra ezartzen ahalko zaio.

5.–Aldian behin edukiontzien garbiketa eginen da.

6.– Mankomunitateak zerbitzua ematen duen udalerrietako udalei eskatzen ahalko die hiri-espazioan pasabideak eta erreserba bereziak ezartzeko, zamalanetarako eta zabor-edukiontziak behar bezala kontserbatzeko beharrezkoak diren gainerako lanetarako.

Era berean, hondakin sorkuntza handiko jarduerak direnean –arrandegiak, supermerkatuak, elikagai industriak, etab.– eta haien azalera eraikia 200 m² baino handiagoa denean, toki itxiren bat izan beharko dute, behar bezala aireztatua, zaborrak edukiontzietan gordetzeko, eta hortik kanpora aterako dituzte ordenantza honetan zehazten diren toki eta orduetan.

Mankomunitateko kide diren udalek, beren udal ordenantzetan, zehaztuko dute debekatuta dagoela ibilgailuak edukiontzien aurrean aparkatzea, edo horiek biltzea eta hustea eragozteko moduan aparkatzea, seinale horizontal egokiak erabiliz, egoki iritziz gero, eta zehatzeko ahala izango dute, trafikoko beste arau-hauste bat bezala.

8.–Mankomunitateko udalek, beren aldetik, beren lurralde-eremuko zenbait puntutan lurpean edukiontziak instalatzeko aukera izanen dute, baldin eta instalazio hori Mankomunitateak une bakoitzean onartutako bilketa-sistema arruntarekin bateragarria bada. Honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Obraren inbertsioa eta hautatutako sistemaren instalazioa udal eskatzailearen kontura izanen dira.

–Bilketa guneen kokapenak eta instalazioaren ezaugarriek Mankomunitatearen zerbitzu teknikoen oniritzia beharko dute.

–Instalazioa irekitzeko sistema automatikoa izanen da, eta Mankomunitatearen zerbitzu teknikoen onespena beharko du.

–Mankomunitatearen zerbitzu teknikoek erabakiko dituzte, lurpeko bilketa gune bakoitzerako, bai jarri behar diren edukiontzien gutxieneko kopurua, bai haien bilketaren maiztasuna.

–Udala arduratuko da guneen garbiketaz eta mantentze-lanez. Mankomunitatea arduratuko da, kasu guztietan bezala, instalazioaren barruan sarturik dauden edukiontzien garbiketaz eta mantentze-lanez.

–Hondakinak sartzeko ahoak Mankomunitatearen zerbitzu teknikoek zehazten dituzten kolore eta ezaugarriekin identifikatu beharko dira.

–Udal interesdunak Mankomunitateari ordaindu beharko dio bilketaren kostu gehigarria (zamalanetan denbora gehiago erabiltzeagatik).

–Kostu gehigarri hori kasu bakoitzean zehaztuko da, urte bakoitzeko, ondoko formularen arabera, lurpeko bilketa gune bakoitzerako:

104 euro * (Fv + Fam + Faz + Forg)

F asteko bilketa-kopurua da, eta (v, am, az eta org) azpiindizeak hondakin-frakzio motari egiten dio erreferentzia (berdea/gainerakoa, horia/ontzi arina, urdina/papera/kartoia edo marroia/biohondakina).

–Sistemaren akatsengatik ezin bada hiri-hondakinen bilketa egin, udalak ahalik eta lasterren konpondu beharko du sistema, eta, bien bitartean, zerbitzu egokia bermatzeko behar diren baliabideak jarri beharko ditu.

–Dagokion udalak konpromisoa hartu beharko du puntua zabaltzeko, askiez bilakatu bada saltoki berriak irekitzeagatik edo beste edozein inguruabarrengatik nahikoa ez den kasuetan.

–Hautatutako instalazioek aukera jaso beharko dute bilketa tokian egin beharreko egokitzapena egiteko, bilketa sistema berriak ezartzekotan (konparaziorako, alboko bilketa).

13. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Erabiltzaileak, 16. artikuluan ezarritakoez gain, betebehar hauek izanen ditu:

1.–Mankomunitateak kasu bakoitzean zehazten dituen edukiontziak erabiltzea, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

2.–Erabiltzaileek edukiontzien barruan utzi behar dituzte zaborrak, ezarritako arau eta ordutegien arabera, edukiontzitik kanpo gera ez daitezen, eta debekatuta dago hondakinak uztea edukiontziak kokatzeko eremuen inguruan.

3.–Erabiltzaileek nahiz zabor biltzaileek arreta handiz erabiliko dituzte zaborrontziak, kalterik jasan ez dezaten.

4.–Herritarrak ahaleginduko dira zamalanak, garraio eta edukiontzien garbiketa lanak ez eragoztera.

5.–Debeku da zaborrak solte botatzea edukiontzietara. Erabiltzaileak, partikularra izan zein saltoki txikikoa izan, bere hondakinak poltsa hermetiko arras itxietan sartu beharko ditu, deus ez zikintzeko.

6.–Erabiltzaileak ez du haizu edukiontziak eremu publikoan duten tokitik mugitzea, aitzakia edozein dela. Ez hark beste toki bat nahiago izateagatik, ez hondakinak errazago bota nahi izateagatik, edukiontzira eraman beharrean, bere erosotasunagatik.

7.–Edukiontzietara ez da inondik ere botatzen ahalko eduki likido handiko hondakinik, ezta edukiontzitik bota ondoren 300 kg-tik gorako pisua duen hondakinik edo 50ºC-ko edo gehiagoko tenperatura duen hondakinik ere.

8.–Mankomunitateak udalerriko bide publikoetan edukiontziak erabili ohi dituzten hiriguneetan kokatutako saltoki edo industriak behartzen ahalko ditu edukiontzi jakin batzuk erabiltzera, baldin eta edukiontzi horiek behar bezala adierazita badaude eta udalerrien kanpoaldean badaude. Esaterako, hondakinak trabak sortzen ez diren lekuetan uztera behartzen ahal ditu usaina edo osaera dela-eta bizilagunentzat gogaikarriak diren hondakinak sortzen dituztenak (arrandegiak, adibidez). Betebehar hori idatziz jakinaraziko da, eta, bete ezean, dagokion zehapena ezarriko da.

9.–Hondakinak eta materia organikoa uzteko ordutegia izanen da 19:00etatik 23:00etara, bilketa gauaz egiten duten udalerrietan, eta 19:00etatik hurrengo goizeko 6:00etara, bilketa egunez egiten duten udalerrietan; ordutegi horretatik kanpora debeku da hondakinak uztea, herritarrek usain txarrik eta trabarik izan ez dezaten.

Kasu partikular batzuetan, gehienetan saltokietan, irekitzeko eta ixteko ordutegiak ez badu bat egiten aipatu berri denarekin, hondakinak eremu publikoan bildu gabe geldi ez daitezen, eskaera arrazoitua eginen diote mankomunitate honi, zaborrak ordutegitik kanpo ateratzea galarazten dieten arrazoiak agerturik. Mankomunitateak erantzuna emanen dio eskaerari, eta berak erabakiko du zer egin kasu bakoitzean.

10.–Sortutako hiri-hondakin solidoak ez zaizkio inola ere emanen udalerrietako kale garbiketa egiten duten beharginei.

11.–Nahitaezkoa da sorburuan bereiztea materia organikoa, papera eta kartoia, ontzi arinak, beira, landare olioak, pilak eta ehunkiak, dagozkien edukiontzietan uzteko, eta debeku da hondakinak sartzea ez dagokien beste edukiontzi batean. Arestian aipaturiko frakzioetan sartzen ez diren hondakinak errefusaren edukiontzietara botako dira.

12.–Edukiontzi jakin batzuei txartel bidezko irekitze-sistema bat ematen bazaie, hondakin kopuru handirik sortzen ez duten etxe eta establezimenduek txartela izanen dute horiek erabiltzeko.

Mankomunitatearen zerbitzu teknikoek konfiguratuko dituzte erabiltzaileen txartelak; hala, zehaztu eginen da zein edukiontzi erabili beharko diren, eta horiek asteko zein egunetan edo zer ordu-tartetan irekiko dituzten.

13.–Mankomunitateak ikuskapen zerbitzu bat izanen du, erabiltzaileak hondakinak behar bezala uzten dituzten bermatzearren.

Erriberako Mankomunitateak zehapena ezarriko die betebehar horiek betetzen ez dituztenei, eta beren jokabidearekin edukiontziak jasotzeko edo berriz jartzeko zerbitzua eragozten dutenei.

III. KAPITULUA.–ZABORREN GAIKAKO BILKETA

1. ATALA.–KONTSIDERAZIO OROKORRAK

14. artikulua. Helburuak.

Bai Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak, bai 11/1997 Legeak, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzkoak, eta, ondoren, Nafarroako 2017-2027 Hondakin Planak, 2016ko abenduaren 14koak, eta 14/2018 Foru Legeak, ekainaren 18koak, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoak, hondakinak prebenitzeko, berrerabiltzeko, birziklatzeko eta balorizatzeko beste modu batzuk ezartzeko helburuak ezartzen dituzte, ingurumena eta pertsonen osasuna babesteko, bai eta hondakinen aprobetxamendua lortzeko eta baliabide energetikoak eta lehengaiak optimizatzeko ere.

15. artikulua. Bilketa eredua.

Aurreko artikuluaren ondorioetarako, Mankomunitatearen esparruan bilketa arrunterako ezarritako ereduak erabiltzaileak behartzen ditu hondakinak ondoko frakzioetan aurkeztera, nahiz eta, sistemaren eraginkortasuna xede, horiek gehitu edo gutxitu egin daitezkeen:

a) Materia organikoa.

b) Papera eta kartoia.

c) Ontzi arinak.

d) Beirazko ontziak.

e) Landare olioak.

f) Pilak.

g) Ehunkiak, arropa eta oinetakoak.

h) Errefusa.

Frakzio horiek edukiontzi espezifikoetan utzi behar dira, eta edukiontzi horiek atzeko kargakoak edo alboko kargakoak izan daitezke. Nolanahi ere, bertan bota beharreko hondakin-mota argi adierazten duen errotulazio bat mantendu behar da.

Bilketa eredu honen arabera, erabiltzaileen eginbeharra da bereizirik edo ontzi berezietan sarturik aurkeztea aprobetxamendu desberdinak izan ditzaketen hondakinak edo, komenigarria dela iritzi zaiolako, berariazko bilketa dutenak.

Gaikako bilketako edukiontzietara ez da inondik ere hondakinik botako, ez badira bakoitzerako berariaz seinalatu direnak.

16. artikulua. Hondakinen jabetza.

Bat etorriz Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearekin, Erriberako Mankomunitateak hondakin horien jabetza hartuko du, hiri-hondakin solidoak diren aldetik, biltzeko uzten diren unetik bertatik, eta zehapena ezarriko zaio hondakin horiek manipulatzen edo osten dituenari.

17. artikulua. Hondakin birziklagarriak sortzen dituzten enpresak.

Beren hondakinetan 9. artikuluaren B apartatuaren 1.d) puntuan ezarritako bolumena (50 litrotik gorako eguneko batez besteko bolumena) gainditzen duten hondakin birziklagarriak ekoizten dituzten enpresek edo industriek hondakin horiek bereizita eta beren kabuz eraman beharko dituzte "El Culebrete" Hondakinak Tratatzeko Zentroko instalazioetara, erabilera esklusiboko edukiontzien alta eman beharko dute 34. artikuluak ezartzen duen moduan, edo baimendutako kudeatzaile bati entregatu beharko dizkiote.

2. ATALA.–BEIRAREN GAIKAKO BILKETA

18. artikulua. Beiraren edukiontzien eta bilketaren ezaugarriak.

Mankomunitateak berariazko edukiontziak ditu prestatuak beiraren gaikako bilketarako; kolore berdekoak eta iglu-formakoak dira, eta 3 eta 4 m³-ko edukierak dituzte. Haien ordez beste mota eta kolore batekoak jar litezke, beste sistema bat ezarriz gero.

Zerbitzuaren erabiltzaileek beirazko ontziak edukiontzi horiexetan sartu beharko dituzte.

Edukiontzi horiek beirazko ontziak isurtzeko moduko sarbidea izan dezakete, baina edukiontziaren edukia utzitako materiala birziklatzeko erabil ezin dezakeen beste edozein hondakin isurtzea eragotzi dezakete.

Beirazko edukiontziren bat beteta dagoela ikusten duen edonork abisatzen ahalko du, Mankomunitateko bulegoetara deituta.

Zerbitzuaren erabiltzaileek beira sartu beharko dute edukiontzietan 8:00etatik 22:00etara bitartean eta, betiere, Mankomunitateak auzoak ez gogaitzeko egokitzat jotzen duen ordutegian.

Hautara, sortzaileek edo edukitzaileek berek uzten ahalko dituzte beirazko ontziak Mankomunitatearen garbiguneetariko batean.

Edukiontzi horietara beirazko ontziak baizik ez dira botako, mota guztietakoak, kolorea bereizi gabe, poltsarik batere gabe, tapoirik gabe eta huts-hutsik likido edo produktu oroz.

Nolanahi ere, I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, beirazko ontziei dagokienez.

3. ATALA.–PAPERAREN ETA KARTOIAREN GAIKAKO BILKETA

19. artikulua. Paper eta kartoiaren edukiontzien eta bilketaren ezaugarriak.

Mankomunitateak berariazko edukiontziak ditu prestatuak paperaren eta kartoiaren gaikako bilketarako.

Zerbitzuaren erabiltzaileek papera eta kartoia ordutegi librean sartuko dituzte edukiontzietan, Mankomunitateak egutegi eta ordutegi zehatzak ezarri ezean.

Hautara, sortzaile edo edukitzaileek berek uzten ahalko dituzte etxeko papera eta kartoia Mankomunitatearen garbiguneetariko batean.

Kartoizko kaxak behar bezala tolestuta edo zatituta bota beharko dira, edukiontziaren barruan bolumen handiegia har ez dezaten, eta saihestuko da kartoizko kutxak edukiontzietatik kanpo uztea, haizeak herrestan eramaten ahal baititu, eta kaleetan barna sakabanatu.

Tamaina dela-eta, kaxak ez badira edukiontziaren barnean sartzen ahal, tolestu egin beharko dira, eta ahal baldin bada lotu, edo gutxienez edukiontzien artean tolesturik sartu, sakabana ez daitezen.

Edukiontzi horiek sartzeko aho laukizuzena dute, gutxienez ere 15 bider 60 cm-koa; horrela, papera eta kartoia barnera botatzen uzten da, baina eragozten da, hein batean bederen, barnera botatzea beste edozein hondakin mota, horrek edukiontzian utzitako materiala birziklatzeko erabilezin bihurtuko bailuke, edo gero garbitze tratamendu bat egitera behartuko.

Edukiontzi horietan bestelako produkturik (argizariak, plastikoak edo aluminioa, adibidez) ez duen edozein paper eta kartoi soilik isuriko da, brik-ontziak adibidez, halakoak ez baitira bertan botatzekoak.

Nolanahi ere, I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, paperari eta kartoiari dagokienez.

4. ATALA.–ONTZI ARINEN GAIKAKO BILKETA

20. artikulua. Ontzien edukiontzien eta bilketaren ezaugarriak.

Mankomunitateak berariazko edukiontziak ditu prestatuak ontzi arinen gaikako bilketarako.

Zerbitzuaren erabiltzaileek ontzi arinak ordutegi librean sartuko dituzte edukiontzietan, Mankomunitateak egutegi eta ordutegi zehatzak ezarri ezean.

Hautara, sortzaile edo edukitzaileek berek uzten ahalko dituzte ontzi arinak Mankomunitatearen garbiguneetariko batean.

Edukiontzi horiek sartzeko ahoa biribila dute, 25 cm inguruko diametrokoa; horrela, ontziak barnera botatzen uzten da, baina eragozten da, hein batean bederen, barnera botatzea beste edozein hondakin mota, horrek edukiontzian utzitako materiala birziklatzeko erabilezin bihurtuko bailuke, edo gero garbitze tratamendu bat egitera behartuko.

Edukiontzi horietara ontziak baizik ez dira botako, mota guztietakoak, salbu eta paperezkoak, kartoizkoak edo beirazkoak, hau da, plastikozko ontziak, metalezko latak eta brikak, edo etorkizunean izendatzen diren beste mota batzuetakoak.

Nolanahi ere, I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, ontzi arinei dagokienez.

5. ATALA.–MATERIA ORGANIKOAREN GAIKAKO BILKETA

21. artikulua. Materia organikoaren bilketa.

Nafarroako Hondakinen Planeko eskakizunak betetzeko, Mankomunitateak berariazko edukiontziak ditu materia organikoaren gaikako bilketarako.

Hondakin organikotzat hartzen dira, besteak beste, hondakin hauek: biodegradagarriak, etxeetatik, jatetxeetatik, sukaldaritza kolektiboko zerbitzuetatik eta txikizkako establezimenduetatik datozen elikagai- eta sukalde-hondakinak, eta elikagaiak prozesatzeko instalazioetatik datozen hondakin parekagarriak. Fruta eta barazki hondarrak, haragi eta arrain hondarrak, sukaldeko paper eta ezpainzapi zikinak, arrautzen eta fruitu lehorren oskolak, kafe eta infusio hondarrak, janari prestatuen hondarrak, ogia eta elikagai iraungiak.

Zerbitzuaren erabiltzaileek hondakin organikoak utzi behar dituzte Mankomunitateak horretarako jarritako edukiontzietan. Edukiontzi horietan uzten diren hondakin guztiak behar bezala itxitako konpostatzeko poltsetan eraman beharko dira, isurketarik gerta ez dadin eta edukiontzia edo bide publikoa zikindu ez dadin.

Mankomunitateak egun eta ordutegi zehatz batzuk ezartzen ahalko ditu bilketarako, herriaren arabera. Aldez aurretik, haien berri emanen die bizilagunei.

Mota horretako hondakinak uzteko ordutegia 19:00etatik 23:00etara bitartekoa izanen da, eta debeku da hondakinak ordutegi horretatik kanpo uztea.

Kasu partikular batzuetan, gehienetan saltokietan, irekitzeko eta ixteko ordutegiak ez badu bat egiten aipatu berri denarekin, hondakinak eremu publikoan bildu gabe geldi ez daitezen, eskaera arrazoitua eginen diote Mankomunitate honi, zaborrak ordutegitik kanpo ateratzea galarazten dieten arrazoiak agerturik. Mankomunitateak erantzuna emanen dio eskaerari, eta berak erabakiko du zer egin kasu bakoitzean.

Bilketa hau, era berean, nahitaezkoa izanen dute hondakin organikoen sortzaile handiek. Materia organikoa bereizi egin beharko dute, eta frakzio horretarako berariazko ontzietan sartu.

Gai organikoen sortzaile handien kasuan, Mankomunitateak berariazko bilketa sistema bat ezartzen ahalko du.

Hondakin organikoen sortzaile handiak izanen dira: fruta eta barazkien saltokiak, harategiak, arrandegiak, supermerkatu edo hipermerkatuak, hornidura azokak, jatetxeak, jatekoak zerbitzatzen dituzten tabernak, ospitaleak, ikastetxeetako jantokiak, elikagaiak ekoizten edo manipulatzen dituzten industriak, eta Mankomunitateak halakotzat jotzen duen industria edo merkataritza arloko beste edozein sortzaile.

I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, materia organikoari dagokionez.

6. ATALA.–ERREFUSAREN GAIKAKO BILKETA

22. artikulua. Errefusaren bilketa.

Mankomunitateak berariazko edukiontziak ditu prestatuak errefusaren bilketarako.

Zerbitzuaren erabiltzaileek Mankomunitateak ezarritako moduan eta tokian utzi behar dute «errefusa», alegia, birziklagarriak ez diren eta gaikako edo berariazko beste bilketen bidez jasotzen ez diren hondakinek osaturiko frakzioa.

13.9 artikuluan ezartzen den bezala, hondakin hauek uzteko ordutegia 19:00etatik 23:00etara izanen da bilketa gauaz egiten den udalerrietan, eta 19:00etatik hurrengo goizeko 6:00etara, bilketa egunez egiten den udalerrietan. Debekatuta dago hondakinak ordutegi horretatik kanpo uztea.

Kasu partikular batzuetan, gehienetan saltokietan, irekitzeko eta ixteko ordutegiak ez badu bat egiten aipatu berri denarekin, hondakinak eremu publikoan bildu gabe geldi ez daitezen, eskaera arrazoitua eginen diote Mankomunitate honi, zaborrak ordutegitik kanpo ateratzea galarazten dieten arrazoiak agerturik. Mankomunitateak erantzuna emanen dio eskaerari, eta berak erabakiko du zer egin kasu bakoitzean.

Edukiontzi horietan uzten diren hondakin guztiak poltsa arrunt ongi itxietan sartu beharko dira, eror ez daitezen eta edukiontzia edo eremu publikoa zikin ez daitezen.

Debeku da poltsak edo zaborrontziak herrestan eramatea. Hondakinak, gaizki jartzearen ondorioz isurketak gertatzen badira, isurketa eragin duen erabiltzailea izanen da sortutako zikinkeriaren erantzulea.

Mankomunitateak baldintza bereziak ezartzen ahalko ditu, hala nola edukiontzietan poltsa jartzea, sortzen den hondakin kantitatea edo hondakin mota dela-eta neurri bereziak hartzea komeni bada zerbitzu teknikoen iritziz.

I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, errefusari dagokionez.

7. ATALA–BESTE BILKETA BATZUK

23. artikulua. Arroparen eta oinetakoen gaikako bilketa.

Zerbitzuaren erabiltzaileek arropa eta oinetakoak ordutegi librean sartuko dituzte Mankomunitateak horretarako ezarritako edukiontzietan, Mankomunitateak egutegi eta ordutegi zehatzak ezarri ezean.

Hautara, sortzaile edo edukitzaileek berek uzten ahalko dituzte arropa eta oinetakoak Mankomunitatearen garbiguneetariko batean.

I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, arropari eta oinetakoei dagokienez.

24. artikulua. Pilen gaikako bilketa.

Zerbitzuaren erabiltzaileek pilak ordutegi librean sartuko dituzte Mankomunitateak horretarako ezarritako edukiontzietan, Mankomunitateak egutegi eta ordutegi zehatzak ezarri ezean.

Hautara, sortzaile edo edukitzaileek berek uzten ahalko dituzte pilak Mankomunitatearen garbiguneetariko batean.

Debeku da poltsak edo zaborrontziak herrestan eramatea. Hondakinak, gaizki jartzearen ondorioz isurketak gertatzen badira, isurketa eragin duen erabiltzailea izanen da sortutako zikinkeriaren erantzulea.

I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, pilei dagokienez.

25. artikulua. Landare olioaren gaikako bilketa.

Zerbitzuaren erabiltzaileek landare olioa ordutegi librean sartuko dute Mankomunitateak horretarako ezarritako edukiontzietan, Mankomunitateak egutegi eta ordutegi zehatzak ezarri ezean. Landare olio erabilia ontzi itxi batean utziko da, ahal dela plastikozkoa.

Hautara, landare olio erabiliaren ekoizleek edo edukitzaileek berek uzten ahalko dute landare olio erabilia Mankomunitatearen garbiguneetariko batean.

Debeku da olioaren edukiontzietan sartzea saltokietatik, zerbitzuetatik eta ostalaritzatik heldu den olioa.

Landare olioa bildu edo kudeatzeko, horretarako baimena duten enpresen zerbitzuak kontratatu beharko dituzte aipatu establezimendu horien titularrek.

I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, landare olioari dagokionez.

26. artikulua. Tamaina handiko hondakinen bilketa.

Mankomunitateak badu antolatua tamaina handiko hondakinen bilketa berezia egiteko zerbitzu bat, doakoa eta aldez aurreko abisuaren bidezkoa. Mota orotako altzariak, etxeko gauzak eta traste zaharrak biltzen ditu, baita AEEH (aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak) ere. Zerbitzuak ez ditu bilduko maneiatzeko bitarteko mekanikoak (garabiak, txirrikak, etab.) behar dituztenak.

Debeku da tamaina handiko gauzekin batera beste edozein hondakin mota uztea, oroz gainetik etxeetan egiten diren eraikuntza edo konponketa obra txikietatik heldu diren hondakinak, pneumatikoak eta ordenantza honen arabera nahitaez jaso beharrekoak ez diren beste hondakin batzuk.

Debeku da tamaina handiko objektuak bide publikoan uztea, bai eta edukiontzietan edo horien ondoan uztea ere, Mankomunitateko tamaina handiko objektuak biltzeko zerbitzuak berariaz baimendu ezean.

Bilketarako tamaina handiko hondakinen bolumena ez da izanen 2.000 litrotik (2m³) gorakoa eguneko.

Zerbitzu hori partikularren etxeetan baizik ez da eginen, baina Mankomunitateak oniritzia ematen badu, entitate eta erakunde publiko eta pribatuetan ere egin liteke, irabazi-asmorik gabekoak badira eta ez badute baliabiderik gauzak berek eramateko "El Culebrete" Hondakinak Tratatzeko Zentrora.

Beste edozein kasutan, edo isurketa ohikoa bada edo bolumen hori gainditzen bada, interesdunak hondakinak onartzeko kontratu bat eskatu beharko du, eta ordenantza fiskalean indarrean dauden tasak aplikatuko zaizkio.

Zerbitzu hori erabili nahi duten auzotarrek telefonoz jakinarazi beharko dute "El Culebrete" Hondakinak Tratatzeko Zentroko instalazioetan. Uneko zenbakia 948386068 da, baina daitekeena da etorkizunean beste bat ezartzea; hala gertatzen bada, behar den moduan ezagutaraziko da. Deia egitean, jasoko da zer hondakin diren biltzekoak eta non dauden, eta horiek uzteko tokia eta eguna jakinaraziko da, zerbitzuak duen programazioaren arabera.

Hautara, sortzaile edo edukitzaileek berek uzten ahalko dituzte tamaina handiko hondakinak Mankomunitatearen garbiguneetariko batean.

I. eranskinean ematen da onartzen diren eta onartzen ez diren hondakinen zerrenda, tamaina handiko hondakinei dagokienez.

IV. KAPITULUA.–HIRI-HONDAKIN SOLIDOEN BILKETA BEREZIAK

1. ATALA.–XEDAPEN OROKORRAK

27. artikulua. Kontzeptua.

9. artikuluaren B) letran definitu diren hondakinen bilketa hartzen da hiri-hondakin solidoen bilketa berezitzat. Horietarako, Erriberako Mankomunitateak bilketa zerbitzu bereziak ezarriko ditu edo, bestela, erabiltzaileek nola egin behar duten zehaztuko du.

Inondik ere ez dira biltzen ahalko araudi orokorrak hondakin arriskutsutzat hartzen dituenak, edo kudeatzaile baimendu baten aldez aurretiko tratamendua behar dutenak, salbu eta Mankomunitateari horretarako gaitasuna ematen bazaio.

28. artikulua. Tasak.

Mankomunitateak urtero ezarriko ditu hondakin-zerbitzu bereziak emateagatiko tasak, dagokion ordenantza fiskalak horri buruz ezartzen duenaren arabera.

2. ATALA.–HONDAKIN ARRISKUTSUAK

29. artikulua. Hondakin arriskutsuak.

Ordenantza honetatik kanpo geratzeko, hondakin arriskutsuen kategoria du Batzordearen 2000ko maiatzaren 3ko 2000/532/EE Erabakian (hondakin arriskutsuei buruzkoa, 952/1997 Errege Dekretuan onartua) ezarritako zerrendan agertzen diren hondakin-material guztiek, bai eta material horiek eduki dituzten ontziek ere, Europar Batasuneko araudiak arriskutsutzat jotakoek, eta Gobernuak etorkizunean onartuko dituenek, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean xedatutakoaren arabera.

30. artikulua. Informazioa.

Aurreko artikuluak dioena bermatu beharrez, lehenagoko artikuluetan zehaztutako hondakinak sortu, manipulatu edo garraiatzen dituzten sortzaile, edukitzaile eta hirugarren baimenduak beharturik daude Mankomunitateari informazioa ematera hondakinen sorburuari, izaerari, osaerari, ezaugarriei, kantitateari, hustuketa motari, aurretratamendu sistemari eta behin betiko tratamenduari buruz.

31. artikulua. Hondakin arriskutsuen aurretiazko tratamendua.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak xedatutakoarekin bat, Erriberako Mankomunitateak hondakin motaren bat arriskutsua dela irizten dionean, edo hondakin mota horren ezaugarriek zail egiten badute kudeaketa, haren sortzaile edo edukitzaileari eska diezaioke behar den tratamendua egin dezala Mankomunitateak hura bildu baino lehen, tratamenduaren bidez hondakina arriskutsu bihurtzen duen ezaugarria kentzeko edo eraldaketaren bidez beste material bat lortzeko, pertsona, gauza edo ingurumenarendako arriskutsua ez dena biltzen, garraiatzen, tratatzen edo ezabatzen denean.

3. ATALA.–INDUSTRIAKO EDO MERKATARITZAKO HONDAKINAK BILDU, GARRAIATU ETA UZTEA

32. artikulua. Egiten ahal diren zerbitzuak.

Industriako edo merkataritzako hondakinen sortzaile edo edukitzaileak biltzeko eskaera egin ondotik, Erriberako Mankomunitateak erabakiko du ea bilketa egin daitekeen erabilera esklusiboko edukiontzien bidez 30. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hondakin horien kantitatearen eta baldintzen arabera, ala hondakinak onartzeko kontratuaren bidez egin behar den, eskatzaileak "El Culebrete" Hondakinak Tratatzeko Zentroan utz ditzan. Halaber, kasuan kasuko tasa egokiak ezarriko ditu.

33. artikulua. Hondakinen tratamendurako kontratua.

Industriako edo merkataritzako hondakinei dagokienez, Mankomunitateak sortzailea behartzen ahalko du hondakinak bere kabuz uztera "El Culebrete" Hondakinak Tratatzeko Zentroan edo, bestela, erabilera esklusiboko edukiontzi batzuei alta ematera, 34. artikuluak ezartzen dituen baldintza eta kasuetan.

Mankomunitatearen lurralde-eremuaren barruan dagoen edo, kokatuta ez egon arren, bertan hondakinak sortzen dituen edozein industria edo saltokik "El Culebrete" Hondakinak Tratatzeko Zentroan entregatzen ahalko ditu bere hondakinak, eta bere kabuz garraiatu, betiere arriskutsuak ez badira. Horretarako, hondakinak onartzeko eskabidea aurkeztu beharko du eta, Mankomunitateak aztertu ondoren, tratamendurako kontratu bat emanen zaio.

Orobat, Nafarroako beste udalerri batzuetako industriek edo saltokiek eskatzen ahalko dute, baldintza beretan, haien mankomunitateak hondakindegirik ez badu.

Mankomunitatetik eta Foru Komunitatetik kanpoko udalerrietan kokatutako enpresek ere eskatu ahalko dute Hondakinen Tratamendurako Kontratua; kasu horretan, Mankomunitateak hondakinak onar daitezkeela erabaki ondoren, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuari baimena eskatuko zaio onar ditzan, eta interesdunak eskaeraren arrazoia argudiatu beharko du, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Hondakinak Tratatzeko Zentroan hondakinen tratamenduaz arduratzen diren langileek betiere ikuskatu beharko dituzte industriek edo saltokiek utzi nahi dituzten hondakinak.

Nolanahi ere, "El Culebrete" Hondakinak Tratatzeko Zentroaren Erregelamenduan xedsatua beteko da beti, bertan hondakinak onartzeari dagokionez. Araudi hori ordenantza honen eranskin gisa gehitu da.

Hondakinak Tratatzeko Zentroan hondakinak uzten dituzten industria edo saltokiek –hondakinak onartzeko behar den kontratua dutela, betiere– tasa bat ordainduko dute tona bakoitzeko, uzten den hondakinaren ezaugarrien eta norakoaren arabera. Tasa hori urtero ezarriko da ordenantza fiskalean.

34. artikulua. Erabilera esklusiboko edukiontziak.

Etxe partikularrak ez diren erabiltzaileei, hau da, saltokiei, sozietateei, industriei eta abarri, bilketa zerbitzua egiten ahalko zaie "erabilera esklusiboko edukiontziak" erabiliz, honako kasu hauetan:

1.–Mankomunitatearen Zerbitzu Teknikoek egiaztatzen dutenean normalean egunean 50 litrotik gorako hondakin-bolumena sortzen dutela (9. artikuluko B ataleko 1-d puntuan aipatzen dira), bai ohiko hondakinetan, bai hondakin birziklagarrietan: papera eta kartoia, ontzi arinak (plastikoak, latak eta brikak) eta materia organikoa.

2.–Aurreko kasua ez gertatu arren, komenigarria bada erabilera esklusiboko edukiontzi bat erabiltzea Mankomunitatearen zerbitzu teknikoen iritziz, hondakinen ezaugarriak direla eta. Horiek izan daitezke: likido kantitate handiegia, usain txarrak, dentsitate handia eta abar.

3.–Bakartze handiko kasua izanik, beste ezein erabiltzailek ez badu erabiltzen ahal hondakin arrunten edo birziklagarrien edukiontzia.

Mankomunitateak hornituko ditu, zuzenean, edukiontzi horietaz.

Edukiontzi horiek bilketa-ibilbideko gainerako edukiontzien maiztasun berarekin garbituko dira.

Mankomunitatearen kontura mantenduko eta garbituko dira, bai eta ordeztuko ere, erabilezin gelditzen badira.

Frogatzen bada edukiontziaren kalteak erabiltzaileek gaizki erabiltzearen ondorio direla, konponketa- edo birjartze-kostuak fakturatuko zaizkie erabiltzaileei, edukiontzia erabilgarri geratuko ez balitz, gehi gastu orokorren %15.

Hori guztia oinarri hartuta, ordenantza fiskalean ezarriko da zerbitzu horri dagokion tasa. Tasa hori honela osatuko da: zenbateko finko bat egonen da edukiontzi mota bakoitzerako (hondakin arruntak edo birziklagarriak) eta beste kantitate bat aldakorra, astean zenbat aldiz jasotzea nahi den, hau da, astean behin, hirutan edo seitan zabor arrunterako edo astean behin edo bitan gaikako bilketarako. Kostu horretan sartuko dira lehen aipatutako zerbitzuak.

Erabiltzaileak bere instalazioaren barruan erabiltzen ahalko du edukiontzia, betiere leku horietan edukiontziaren egoerari eta mantentzeari kalterik egiten ez bazaio. Zerbitzua dagoen egunetan bakarrik atera beharko du bide publikora, 23:00ak baino lehen kentzeko, eta hustu ondoren, berriro kentzen ahalko du. Mugigarria ez bada, edukiontzia eremu publikoan kokatuko da.

Erabilera esklusiboko edukiontziak Mankomunitateko zerbitzuek jaso ditzaten, Mankomunitatean alta eman beharko zaie, dagokien bilketarako kontratuarekin batera, eta kontratu horretan zehaztu beharko dira mota bakoitzeko edukiontzien kopurua eta astean bildu nahi diren egunen kopurua.

Interesdunak astean egun batetik 6 egunera bitarte eskatzen ahalko du, edukiontzi esklusiboa erabiltzeko kontratuan ezarritakoaren arabera.

Eskatzaileak 7 egunetan jasotzea nahi badu, horri buruzko berariazko eskaera aurkeztu beharko du, eta, irizpide teknikoaren arabera, baloratuko dira 7. eguneko bilketa egiteko aukera eta baldintzak.

Bilketa egun batean edukiontzia eremu publikoan ez badago kamioi biltzailea iragatean, iritziko zaio egun horretan ez dagoela bilketaren beharrik.

Bilketa egun horietako bat jaiegun suertatzen bada, hurrengo lanegunean eginen da bilketa.

Erabilera esklusiboko edukiontzien eskatzaileek bi faktura ordaindu ezean, Mankomunitateak erabilera esklusiboko edukiontzia kentzen ahalko du.

Edukiontzi esklusibo bat eduki behar duten erabiltzaileek, hori egin beharrean, beren kabuz eraman ditzakete hondakinak "El Culebrete" Hondakinak Tratatzeko Zentrora (Tutera-Fitero errepidea, 11. km), Mankomunitateari kontratuaren arabera behar den baimena eskatu ondoren, 37. artikuluan eta HTZren erregelamenduan ezarrita dagoen bezala.

Mankomunitateak behartzen ahalko ditu edukiontzi esklusiboak biltzeko kontratuen titular diren saltoki eta industriak horiei baja ematera eta hondakinak beren kabuz eramatera Hondakinak Tratatzeko Zentrora, horretarako behar den kontratua eginda, baldin eta Mankomunitateak uste badu hondakin horiek arazoren bat sor dezaketela bilketa zerbitzuen funtzionamendu egokian edo gero ematen zaien tratamenduan, Mankomunitateak horretarako jartzen dituen instalazioetan (birziklatzeko instalazioa eta materia organikoa tratatzeko instalazioak).

Nolanahi ere, Mankomunitatearen zerbitzu teknikoek erabakiko dute kasuan kasuko konponbidea, hau da, edukiontzi esklusiboa ala hondakinak tratatzeko zentrora eramatea, eta tasak izanen dira ordenantza fiskalean urtero ezarritakoak.

Hondakina zuzenean "El Culebrete" Hondakinak Tratatzeko Zentroaren instalaziora eramaten dutenen kasuan, ordaindu gabe bi hilabetez egon ondoren, instalazioetarako sarbidea ukatzen ahalko zaie, eta tratamenduaren kontratua suntsiarazi.

Baja emanen zaie zaborren tasetatik edukiontzi esklusiboren bati alta ematen dioten erabiltzaileei, edo hondakinak beren kabuz eramaten dituztenei Hondakinak Tratatzeko Zentrora; azken kasu horretan, baldin eta, Mankomunitatearen iritziz, benetan ez badute aukerarik erabilera publikoko hurbileko edukiontziren bat erabiltzeko.

4. ATALA.–HONDAKIN KLINIKOEN BILKETA ETA GARRAIOA

35. artikulua. Hondakin klinikoen bilketa eta garraioa.

Hondakin klinikoen bilketa eta garraioarekin eta tratamenduarekin zerikusia duen guztia Foru Komunitatean hondakin sanitarioak kudeatzeko araudia ezartzen duen irailaren 13ko 296/1993 Foru Dekretuan xedatutakora egokituko da.

Mankomunitatearen zerbitzuak arduratuko dira dekretu horren 1. eta 2. multzoetan sailkaturiko hondakinen bilketaz eta tratamenduaz, eta 3. multzoko hondakinen tratamenduaz arduratzen ahalko dira behin horiek geldotu direnean bakar-bakarrik, dekretuan deskribatzen diren sistemetako bat erabilita geldotze horretarako.

5. ATALA.–ANIMALIA HILEN BILKETA ETA GARRAIOA

36. artikulua. Animalia hilak.

Debeku da animalia hilak abandonatzea, edozein motatakoak direla ere eta edozein lur motatan dela ere, bai eta horiek hiri-hondakinen edukiontzietan uztea edo jabetza publikoko lurretan lurperatzea ere.

Etxeko animalia hilak nonbaiten utzi behar dituena bere kabuz antolatuko da (sektoreko enpresen edo albaitaritzako kliniken bidez) edota Nafarroako Gobernuak horretarako baimenduriko kudeatzaileengana jo beharko du.

Animalien edo animalia-azpiproduktuak ezabatzeko edo tratatzeko, urriaren 21eko 1069/2009 EE Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

6. ATALA. – ERAIKUNTZAKO ETA ERAISPENEKO HONDAKINEN (EEH) BILKETA, GARRAIOA ETA ISURKETA

37. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honi dagokionez, EEH eraikuntzako eta eraispeneko hondakintzat hartuko dira honako hauetan hondakin geldotzat jotakoak: uztailaren 7ko 604/2020 Errege Dekretua, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duena, eta apirilaren 8ko 7/2022 Legea, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoa.

38. artikulua. EEHen bilketa eta tratamendua.

Halakoen sortzaileek egin beharko dituzte EEHen bilketa eta tratamendua, Nafarroako Gobernuak material horietarako baimenduriko kudeatzaileen bidez.

39. artikulua. Mankomunitateak egin beharreko zerbitzuak.

Mankomunitatearen zerbitzuek berariazko edukiontziak jartzen ahalko dituzte kide diren udalerrietako garbigune finkoetan eta hondakinen ekarpen eremuak deitutakoetan, etxeetarako eraikuntza- eta konponketa-lan txikietako hondakinetarako.

Etxeko eraikuntza- eta konponketa-lan txikitzat hartzen da 3d artikuluan adierazitakoa. Martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren definizioak (Nafarroako Foru Komunitatean eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituena).

"d) Etxean eraikitzeko edo konpontzeko obra txikiak: etxe partikular, saltegi edo bulego batean edo zerbitzuen sektoreko higiezin batean egiten diren eraikuntza edo eraispen obrak dira, teknika errazekoak eta eraikuntza eta ekonomia aldetik garrantzi txikikoak; haien ondorioz ez dira aldatzen bolumena, erabilera, denek erabiltzeko instalazioak edo etxebizitza eta lokalen kopurua, eta ez dute behar tituludun profesionalek sinatutako proiekturik."

Ez da botatzen ahalko edukiontzi horietara bestelako hondakinik, EEHtzat jotzen dena baizik, garbiguneei eta ekarpen eremuei dagokien erregelamenduaren arabera (ordenantza honen eranskin gisa gehitua).

Debeku da arras EEHak botatzea edukiontzi horietatik kanpora, eta beterik badaude, erabiltzaileak EEHen kudeatzaile baimendu baten eskuetan utzi beharko ditu; hala egiten ez bada, zehatzeko ahala baliatuko da.

Mankomunitatearen zerbitzuek edukiontzi horiek aldian behin eramanen dituzte.

7. ATALA.–GARBIGUNEAK ETA EKARPEN EREMUAK

40. artikulua. Ezaugarriak.

Mankomunitateak bi garbigune mota ditu gaur egun: garbigune finkoa, instalazio iraunkorra duena, eta irekitzeko eta arreta emateko ordutegi jakin bat; eta garbigune mugikorra, berariaz egokituriko kamioi baten bidezkoa, Mankomunitateko udalerrietara joaten dena, aurretiaz ezarri eta behar bezala ezagutarazi diren ordu eta tokietan zerbitzu egitera.

Era berean, kide diren hainbat udalerritan, ekarpen eremuak ezarrita daude erabiltzaileek utz ditzaten obra txikien eraikuntza- eta eraispen-hondakinak, tamaina handiko objektuak eta inausketa-hondarrak.

Bai garbiguneak bai ekarpen eremuak Mankomunitateko biztanleek baino ez dituzte erabiliko, eta ez enpresek, industriek edo saltokiek. Etxean sortutako hondakin arriskutsuak bertan utz daitezke, baita etxeko beste hondakin mota batzuk ere.

Merkatariek, eraikuntzako gremio txikiek, industriek eta are udal zerbitzuek ere (lantaldeak, bulegoak, etab.) erabiltzen ahalko dituzte garbigune zerbitzuak; horretarako, aldez aurretik Mankomunitatearen zerbitzu teknikoen baimena beharko dute. Gainera, uzten diren materialek ez dituzte gainditzen ahalko etxeei ezarritako kantitate eta mugak, eta izan beharko dute Mankomunitateko kide diren udalerrietan eginiko obrenak.

Nolanahi ere, garbigune eta ekarpen eremuen erabilera arautuko da halakoei dagokien erregelamenduaren arabera (ordenantza honen eranskintzat gehitua).

41. artikulua. Garbigune finkoa.

Garbigune finkoa eraturik dago hormigoizko prefabrikatuen modulu-sistema baten bidez; horrela, 2,5 m goitituriko plataforma bat sortzen da, eta azken horretara arrapala batetik irits daiteke ibilgailuz.

Plataforma goitituaren alboetan metalezko edukiontziak instalatzen dira, eta erabiltzaileek haietara bota ditzakete ekartzen dituzten hondakinak.

Edukiontziok material hauek jasotzeko erabiliko dira, etxeetatik heldu direnak bakar-bakarrik:

1. Inausketen eta lorategien hondarrak.

2. Obra txikien eraikuntza hondarrak.

3. Tamaina handiko objektuak (altzariak, koltxoiak, tresnak... EZ gailu elektriko eta/edo elektronikoak).

Garbigunearen plataformaren azpian, modulu prefabrikatuz egina denez, biltegi bat gelditzen da, eta hantxe utziko dira garbiguneak onartzen dituen gainerako hondakinak.

Garbigunea ustiatzeko arduradunek garbigune finkoko sarrera zainduko dute horretarako ezarritako orduetan.

Garbigune finkoaren funtzionamendua dagokion erregelamenduaren arabera arauturik dago (ordenantza honen eranskin gisa gehitua).

42. artikulua. Garbigune mugikorra.

Garbigune mugikorra furgoneta bat da, etxeetako hondakinak jaso eta biltzeko egokiturik dagoena eta ordutegi jakin bat betez Mankomunitateko udalerri guztietara joaten dena, furgoneta horretan utz daitezen erabilera publikoko edukiontzietara ezin bota daitezkeen hondakinak.

Garbigune mugikorraren funtzionamendua dagokion erregelamenduaren arabera arauturik dago (ordenantza honen eranskin gisa gehitua).

43. artikulua. Ekarpen eremuak.

Hondakinen ekarpen eremuak Erriberako Mankomunitateko udalerrietan kokaturik daude, eta orube bat dira, sarbide murriztukoa, tamaina handiko hiru edukiontzi dauzkana, etxeko hondakinak biltzeko.

Edukiontziok material hauek jasotzeko erabiliko dira, etxeetatik heldu direnak bakar-bakarrik:

1. Inausketen eta lorategien hondarrak.

2. Obra txikien eraikuntza hondarrak.

3. Tamaina handiko objektuak (altzariak, koltxoiak, tresnak... EZ gailu elektriko eta/edo elektronikoak).

Udalek kontrolatuko dituzte beren ekarpen eremuak, eta eremuon funtzionamendua dagokien erregelamenduaren arabera arauturik egonen da (ordenantza honen eranskin gisa gehitua).

44. artikulua. Tasak.

Garbigunearen eta ekarpen eremuen erabilera doakoa izanen da, printzipioz; hala ere, Mankomunitateak tasak ezartzen ahalko dizkie ordenantza fiskalean, zerbitzu jakin batzuk egiteagatik, erabiltzaileari zuzenean edo horiek non kokatuta dauden, udal horiei.

45. artikulua. Ordutegiak.

Urtero ezarriko dira ordutegiak garbigune eta ekarpen eremuetan hondakinak jasotzeko eta erabiltzaileei arreta emateko.

Ordutegi horiek une oro egonen dira ikusgai Mankomunitatearen web-orrian eta garbigune zein ekarpen eremu bakoitzaren sarreran.

Partikularrek ez dute izanen garbiguneetan sartzerik ezarritako orduetatik kanpo, Mankomunitateak aldez aurretik baimendutako salbuespen egoeretan izan ezik.

46. artikulua. Onartzen diren hondakinak.

Garbigune finkoetan, garbigune mugikorretan eta ekarpen eremuetan onartzen diren hondakinak izanen dira haiei buruzko erregelamenduan aipatutakoak.

Zerrenda horri gehitzen ahalko zaizkio etorkizun hurbilean beharrezko eta egokitzat jotzen diren hondakin guztiak. Aldaketa oro Erriberako Mankomunitatearen web-orrian eta garbiguneetan iragarriko da.

Bilketa eta tratamendua optimizatzeko xedez, Mankomunitateak noiznahi erabakitzen ahalko du hondakin motaren bat ez onartzea garbigune guztietan eta ekarpen eremuetan.

Garbiguneak erabiltzeko araudian definitutako hondakin arriskutsuak Mankomunitateak kudeatuko ditu kudeatzaile baimenduen bidez.

47. artikulua. Kantitateak eta mugak.

Garbigune finkoetan eta ekarpen eremuetan utziko diren hondakinen bolumena mugatuko da haien funtzionamenduari buruzko erregelamenduan ezarritakora.

III. TITULUA.–HONDAKINEN TRATAMENDUA

48. artikulua. Baldintza orokorrak.

El Culebrete HTZn entregatu beharreko hondakinak ekoizten, manipulatzen edo garraiatzen dituzten ekoizle, edukitzaile eta hirugarren baimendu guztiek ordenantza honi erantsitako funtzionamendu-erregelamenduan ezarritakoa bete beharko dute, bai eta Hondakinak zabortegian biltegiratuta ezabatzea arautzen duen ekainaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan xedatutakoa ere.

IV. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

49. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoari lotutako arau-hausteak titulu honetan xedatzen denaren arabera zehatuko dira; gainera, arlo zibil eta penaleko erantzukizunak ere eskatzen ahalko dira, halakorik badago.

50. artikulua. Prozedura.

Testu honetan jasotako arauak ez betetzearen ondoriozko erantzukizunak dituzten pertsonak zehatzen ahalko dira, dagokion prozedura egin ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean xedatutakoaren arabera.

51. artikulua. Zehatzeko ahalmena.

Baldin Mankomunitatearen eskumenekoak diren hondakinak kontrolik gabe abandonatu, isuri edo ezabatzen badira, edo ordenantza honetan ezarritako baldintzak bete gabe entregatzen badira, Mankomunitateak izanen du zehatzeko ahala, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 111.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

52. artikulua. Hondakinen titular erantzulea.

Hondakinek betiere izanen dute titular erantzule bat, eta hura izanen da erabiltzailea, sortzailea, edukitzailea edo hondakinen kudeatzailea, kasuaren arabera.

Administrazio-erantzukizunetik salbuetsirik geldituko dira, bakarrik, hondakinak Mankomunitatearen esku utzi dituztenak ordenantza hau eta gainerako araudi aplikagarria betez, edo administrazioak baimenduriko kudeatzaile batzuen esku utzi dituztenak, azken horiek egin ditzaten hondakinak kudeatzeko jarduketak.

53. artikulua. Arau-hausteen subjektu erantzuleak.

1.–Zehapena ezartzen ahalko zaie kapitulu honetan jasoriko arau-hauste administratiboak eragiten dituzten egitateengatik haiek egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoei, ordenantza honetan xedaturik dagoenarekin bat, deusetan galarazi gabe arlo zibil edo penaleko edo ingurumen arloko erantzukizunak ere eskatzea, halakorik badago.

2.–Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea hainbat pertsonari batera dagokienean, diruzko zehapenen erantzukizun solidarioa izanen dute. Hala ere, zehapena diruzkoa denean eta posible denean, ebazpenean banakatuko da arduradun bakoitzaren parte-hartze mailaren arabera, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 28. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.–Nolanahi ere, honako kasu hauetan erantzukizuna solidarioa izanen da beti:

a) Hondakinen sortzaileak edo hasierako edukitzaileak edo kudeatzaileak lege honetan jasotakoa ez den beste pertsona fisiko edo juridiko bati entregatzen dizkionean.

b) Erantzule batek baino gehiagok parte hartu eta arau-hausteari behar bezala eta modu nabarmenean lagundu diotenean, eta ezin denean zehaztu erantzule bakoitzak zenbateraino parte hartu duen arau-haustean.

Tokiko eskumeneko hondakinen kasuan, zehapenak ezartzen ahalko zaizkie, halaber, nortasun juridikorik gabeko erakundeei, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 28. artikuluan jasotako baldintzetan.

c) Hainbat pertsonaren jarduera metatuek dakartzatenean ingurumenari eraginiko kalteak, administrazio eskudunak banaka egozten ahalko ditu erantzukizun hori eta haren ondorio ekonomikoak.

54. artikulua. Ikuskapena.

Erabiltzaileek, hondakin-sortzaileek edo hondakin-edukitzaileek erabateko laguntza eman behar diete ikuskapen zerbitzuei, egin ditzaten beharrezko kontrol, azterketa eta informazio bilketak, bai eta beren betebeharrak ongi betetzeko gauzatu behar duten gainerako jarduketa oro ere.

Ikuskapen lanak egiteko Mankomunitateak izendatzen dituen pertsonak agintaritza-agenteak izanen dira, eta haiek egiaztaturiko eta aktetan jasoriko egitateak ziurtasun-presuntzioa izanen dute, frogabide gisa.

55. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Arau-hauste dira ordenantza honetan ezarritakoa urratzen duten jarduketa guztiak, bai eta gaiok arautzen dituen Estatuko edo Autonomia Erkidegoko legedian tipifikatuta daudenak ere, eta, bereziki, honako hauek:

A) Bilketari lotuak.

1.–Arau-hauste arinak:

1. Hondakinak uztea gaika bereizi gabe, edo hondakin mota bakoitzaren edukiontzia edo gunea ez den batean, edo ordenantza honetan xedatutakoa bete gabe.

2. Behar bezala utzi diren hondakin solidoak ebastea.

3. Mankomunitatearen jarraibideak betetzeari uko egitea, erabiltzaileei erabilera esklusiboko edukiontziak eskuratu beharra adierazten dienean, edo hondakin gogaikarriak ekoizten dituzten saltoki edo industriak behartzen dituenean halako edukiontzi bakartu batzuetan botatzera, ordenantza honen 17. artikuluaren 8. puntuan jasotzen den bezala.

4. Mankomunitateak ordenantza honen bidez ezarritako baldintza, toki eta ordutegiak bete gabe uztea hondakinak.

5. Hondakinak modu desantolatuan uztea, tolestu edo zatikatu gabe, kasuaren arabera, haien bolumena gutxitzeko eta poltsa eta edukiontzien edukiera ahalik eta gehiena aprobetxatzeko, bereziki kartoizko kutxei dagokienez.

6. Hondakinak uztea zerbitzuaren funtzionamendu normala eragozten dutela.

7. Edukiontziak mugitzea edo lekuz aldatzea Mankomunitatearen baimenik gabe. Horien kokalekua aldatzea eremu publikoan, hala modu iraunkorrean nola aldi baterako.

8. Gai likidoak, likidotu daitezkeen gaiak edo isuriak sorraraz ditzaketenak dauzkaten hondakinak uztea.

9. 50ºC-tik gorako tenperaturan dauden hondakinak uztea.

10. Garbiguneetako edo Animalien Eskualde Zentroko arduradunen eskaerak eta jarraibideak ez betetzea ondoriorik gabe.

11. Ordenantza honetako arauen inguruko gainerako arau-hausteak, ez badaude espresuki sailkatuta arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat.

2.–Arau-hauste astunak:

1. Hondakin mota bakoitzerako ordenantza honetan ezartzen diren edukiontzietatik kanpo uztea hondakinak.

2. Edozein udal hondakin mota kontrolik gabe abandonatu edo isurtzea, baldin ez bada pertsonen osasuna arrisku larrian jarri, edo ingurumenean ez bada eragin kalte edo narriadura larririk.

3. Hondakinak estolderia saretik behera botatzea, baldin ez bada pertsonen osasuna arrisku larrian jarri edo ingurumenean ez bada eragin kalte edo narriadura larririk.

4. Etxeetan hondakinen aurretratamendurako instalazioak jartzea (konparaziorako, prentsaketa egiteko) Mankomunitateak baimenik eman gabe, baldin ez bada pertsonen osasuna arrisku larrian jarri edo ingurumenean ez bada eragin kalte edo narriadura larririk.

5. Mankomunitatearen zaintza, ikuskapen eta kontrol jarduera oztopatzea, bai eta laguntza emateko betebeharrak ez betetzea ere (Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean daude ezarriak).

6. Edukiontzietan pintadak, grafitiak eta halakoak egitea, kartelak edo edonolako eranskailuak paratzea, eta iragarkietarako erabiltzea. Egilea edo iragarlea izanen da erantzule zuzen edo subsidiarioa.

7. Ez ematea hondakinen izaerari, kantitateari edo sorburuari buruz eskatutako informazioa.

8. Hondakin baten sortzailearen datuak faltsutzea.

9. Bilketa guneetan uztea ordenantza honen arabera nahitaez jaso beharrekoa ez den beste zernahi hondakin.

10. Erabiltzaileak uko egitea berak sorturiko hondakinak bilketa zerbitzuaren eskuetan uzteari, arrazoi justifikaturik gabe eta nahitaezkoa denean.

11. Edukiontziak, ontziak eta hondakinak biltzeko beste elementu osagarri batzuk funtzionalki edo estetikoki kaltetzea, hala nola hondakin goriak botatzea, betiere arau-hauste oso larritzat jotzen ez bada.

12. Bide publikoan utzitako hondakinak manipulatzea eta hautatzea, dagozkien zerbitzuek jaso arte.

13. Garbiguneko arduradunari ez ematea hondakinen izaerari, kantitateari edo sorburuari buruz eskatutako argibideak.

14. Uko egitea garbigunean oker utzitako hondakinak kentzeari edo garbitzeari.

15. Garbiguneko edo Animalien Eskualde Zentroko arduradunen aginduak eta oharrak ez betetzea, eta horrek ondorioak izatea.

16. Nahita kalte egitea garbiguneko ekipamendu edo instalazioei.

17. Ordenantza hau betetzeko beharrezkoak diren ikuskapenak eta egiaztapenak eragoztea.

18. Arau-hauste oso astunen artean sartzen den arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik halakotzat jotzea merezi ez badu.

19. Arau-hauste arinak errepikatzea. Urtebetean gutxienez bi arau-hauste arin egiten direnean esanen da errepikatzea dagoela.

3.–Arau-hauste oso astunak:

1. Edukiontzien zamalanak eta mantentze eta garbiketa lanak eragoztea eta, oro har, zerbitzua egiteko gainerako jarduerak nolanahi oztopatzea.

2. Edozein udal hondakin mota kontrolik gabe abandonatu edo isurtzea, pertsonen osasuna arrisku larrian jarri bada edo ingurumenean kalte edo narriadura larria eragin bada.

3. Hondakinak estolderia saretik behera botatzea, pertsonen osasuna arrisku larrian jarri bada edo ingurumenean kalte edo narriadura larria eragin bada.

4. Etxeetan hondakinen aurretratamendurako instalazioak jartzea (konparaziorako, prentsaketa egiteko) Mankomunitateak baimenik eman gabe, pertsonen osasuna arrisku larrian jarri bada edo ingurumenean kalte edo narriadura larria eragin bada.

5. Nahita kalte egitea Mankomunitatearen hondakinak biltzeko eta tratatzeko bitartekoei, erabat suntsitzea edo zerbitzua egiteko gauza ez direla uztea xedetzat duten baliabideak edo moduak erabiliz.

6. Edukiontziak edo bilketarako beste elementu osagarri batzuk ostea.

7. Hondakinak uztea garbiguneen kanpoaldean, irekita dagoenean dela nahiz irekitzeko ordutegitik kanpo dela.

8. Garbiguneetatik hondakinak hartzea, arduradunen baimenik izan gabe.

9. Edukiontziak hondatu eta erabiltezinak izatea. Gainera, konponketa-gastuak ere arau-hauslearen kontura izanen dira, halakorik eginez gero.

10. Eragotzi edo oztopatzea edukiontziak eremu publikoan jartzea.

11. Hondakin arriskutsuak uztea, bai eta biltzen direnekin batera nahastea ere.

12. Jasotzekoak ez diren hondakin klinikoak uztea, edo horiek nahastea onartzen diren hondakinekin.

13. Animalia hilak edozein lur motatan abandonatzea edo jabetza publikoko lurretan lurperatzea, edo edukiontzietara botatzea.

14. Arau-hauste astunak errepikatzea. Urtebetean gutxienez bi arau-hauste astun egiten direnean esanen da errepikatzea dagoela.

B) Tratamenduari lotuak.

1.–Arau-hauste arinak:

1. Hondakinak Tratatzeko Zentroan sartzea nahitaezkoa den baimena izan gabe.

2. Isurketa eremuan edo tratamendu-instalazioetan hondakinak bilatzea edo manipulatzea, salbuetsirik zerbitzuari atxikitako langileek egiten dituzten tratamendu-lanak.

3. Arduradunaren jarraibideei kasu ez egitea HTZ erabiltzean.

4. Hondakinak garraiatzea ordenantza honetan ezarritako baldintzak bete gabe.

5. Ordenantza arautzaile honetan eta bere eranskinetan ezarritakoa urratzen duen edozein ekintza edo ez-egite.

6. Tratamendua eragozten edo zailtzen duten hondakinak nahastea.

7. Arau-hauste astunen edo oso astunen artean sartzen den arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik halakotzat jotzea merezi ez duenean.

2.–Arau-hauste astunak:

1. HTZren Erregelamenduaren 7. artikuluan adierazten diren zirkunstantzietako bat duten hondakin-materialak hustea, nahiz eta aldez aurreko baimena izan.

2. Errespetua galtzea Hondakinak Tratatzeko Zentroko langileei.

3. Instalazioek zuzen funtzionatzea eragozten duten egiteak edo omisioak.

4. Informazioko, ikuskapeneko eta laginak hartzeko lanak oztopatzea, bai sorburuan, bai instalazioetan.

5. Hondakinak diluitzea edo nahastea.

6. Administrazio baimenik gabeko hondakinak uztea.

7. Datuak ezkutatzea edo aldatzea hondakinak onartzeko kontraturako eskabidean.

8. Agiriak, albaranak, analisiak eta gisako datuak manipulatzea edo faltsutzea.

9. Uko egitea oker isuri edo utzitako hondakinak kentzeari.

10. Agiriak aurkezteko betebeharra ez betetzea, aplikatzekoa den araudian edo baimenaren estipulazioetan eskatzen diren datuak ezkutatu edo faltsutzea, eta ez betetzea agiri horiek zaindu edo mantentzeko betebeharra.

3.–Arau-hauste oso astunak:

1. Hondakin toxiko edo arriskutsuak uztea, hutsak edo beste hondakin batzuekin nahasiak.

2. HTZko Erregelamendu honen 7. artikuluan adierazitakoaren arabera onartzen ez diren hondakinak isurtzea.

3. Apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta hura garatzeko arauetan xedaturik dagoenaren aurka jokatzea, pertsonen osasuna arrisku larrian jarri bada edo kalte larria eragin bazaio, ingurumenean kalte edo narriadura larria eragin bada edo jarduera naturagune babestuetan gauzatu bada.

4. Arestian aipatutakoez gain, ordenantza honetan, apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo ondorengo garapenetan ezarritakoa urratzen duen edozein ekintza edo ez-egite.

Nolanahi ere, arau-haustea hondakin arriskutsuekin edo lurzoru kutsatuekin lotuta badago, horren berri emanen zaio Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuari edo administrazio publiko eskudunari.

56. artikulua. Zehapenak.

1.–Aurreko artikuluan ezarritako arau-hausteek zehapen hauek guztiak edo batzuk izanen dituzte:

a) Arau-hauste oso astunengatik, 5.001 eurotik 20.000 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunengatik, 601 eurotik 5.000 eurora arteko isuna.

c) Arau-hauste arinengatik, 200 eurotik 600 eurora bitarteko isunarekin zehatuko dira.

2.–Zehapenak aplikatzerakoan, behar bezala egokitu beharko dira zehapena eta arau-haustea dakarren egitatea, eta bereziki kontuan hartuko dira haren eragina, pertsonen osasunari eta segurtasunari dagokienez eta lege honek babestutako ingurumen edo ondasunei dagokienez duen garrantzia, erantzulearen inguruabarrak, asmoaren, parte-hartzearen eta lortutako onuraren maila, urtebetean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egiteagatik berrerortzea, administrazio-bideko ebazpen irmoaren bidez hala deklaratu denean, jokabide arau-hauslearen jarraitutasuna edo iraunkortasuna, bai eta eragindako kalte edo narriaduren itzulezintasuna ere.

Era berean, zehapenak behar bezala mailakatzeko, diruzko zehapenen kasuan, bereziki kontuan hartuko da tipifikatutako arau-hausteak egitea ez dela arau-hauslearentzat onuragarriagoa izan behar urratutako arauak betetzea baino.

3.–Kasu bakoitzean bidezkoa den zehapena galarazi gabe, arau-hausleak konpondu egin beharko du eragindako kaltea, eta hondatutakoa lehengora itzuli.

4.–Zehapen prozedura bati hasiera emanik, arau-hausleak bere erantzukizuna onartzen badu, prozedura ebazten ahalko da, behar den zehapena ezarrita.

Egindako arau-hausteari dagokion zehapena diruzkoa baino ez bada, edo diruzko zehapen bat edo diruzkoa ez den beste bat ezar badaiteke, baina bigarrena bidegabea dela justifikatu bada, ustezko erantzuleak, ebazpena eman aurreko edozein unetan, borondatez ordaintzeak prozedura amaitzea ekarriko du, salbu aldatutako egoera berrezartzeari edo arau-hausteak eragindako kalte-galeren ordaina zehazteari dagokienez.

Aurreko bi apartatuetan azaldutako kasuetan, zehapena diruzkoa baino ez bada, prozedura ebazteko eskumena duen organoak ehuneko hogei, gutxienez, murriztuko du kasu bakoitzerako proposatutako isunaren zenbatekoa. Murriztapen horiek elkarrekiko metagarriak izanen dira. Aipatu murrizketak zehaztu beharko dira prozeduraren hasiera jakinaraztean, eta eraginkorrak izanen dira, baldin eta uko egiten bazaio administrazio bidean edozein ekintza edo errekurtso jartzeari zehapenaren aurka.

Aurreko bi apartatuetan adierazitako kasuetan, zehapena diruzkoa baino ez denean, ezarritako zehapenaren zenbatekoari %50eko murriztapena aplikatuta gauzatzen ahalko da zehapena. Aipatu murrizketa zehaztu beharko da prozeduraren hasiera jakinaraztean, eta eraginkorra izanen da, baldin eta uko egiten bazaio administrazio bidean edozein ekintza edo errekurtso jartzeari zehapenaren aurka.

57. artikulua. Eskumena eta zehapen-prozedura.

1.–Mankomunitateko buruari dagokio zehapeneko administrazio espedienteak ebaztea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.n) artikuluak horretarako esleitutako eskumena erabiliz.

2.–Zehapenak ezartzea eta ordenantza honen araberako erantzukizuna eskatzea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean ezarritakoaren arabera eginen da.

V. TITULUA.–ERREKLAMAZIOAK ETA JURISDIKZIOA

58. artikulua. Erreklamazioak.

Hurrengo artikuluan ezartzen dena ukatu gabe, Erriberako Mankomunitateak ebatziko ditu, administrazio bidea erabiliz, erabiltzaileek zerbitzuen baldintzak direla-eta aurkezten dituzten erreklamazioak, zalantzak edo interpretazioak.

59. artikulua. Baliabideak.

Mankomunitateko organoen erabaki eta ebazpenen aurka eta ordenantza honen interpretazioan gertatzen diren zalantza guztiak argitzeko, jartzen ahalko dira Toki Administrazioari buruz indarrean dagoen legediak oro har ezarrita dauzkan errekurtso eta erreklamazioak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten dira bai ordenantza hauetan arautzen diren gaiei buruz orain arte izan diren ordenantzak, bai ordenantza honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko arauak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarri eta ondorio juridikoak izanen ditu testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta eta behin iraganda Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek duten epea, toki erakundeen egintza edo erabakiak indargabe ditzatela eskatzeko duten eskumenaz baliatzeko.

I. ERANSKINA.–ONARTZEN DIREN ETA ONARTZEN EZ DIREN HONDAKINEN ETA TAMAINA HANDIKO HONDAKINEN ZERRENDA

Materia organikoa.

Materia organikoaren frakzioak sukaldeko hondarrak izanen ditu, bai begetalak bai animaliak, gordinak zein kozinatuak, hala nola fruten eta barazkien hondarrak, arrautza-oskolak, fruitu lehorren azalak, ogia eta opilak, fruta-hezurrak, loreak eta landareak, baratzeko eta lorategiko hondarrak (belarra, inausketa xehatua), prestatutako janari-hondarrak, haragi eta arrain-hondarrak, hezurrak, itsaski-azalak, sukaldeko papera, ezpainzapiak eta paper zikinezko musuzapiak, infusio-poltsatxoak, kafe hondarrak eta iragazkiak, kortxozko tapoiak eta, oro har, konpostajearen instalazioan konpostatu daitekeen edozein material.

Debeku da materia organikoarekin batera goian aipaturikoak ez diren beste hondakin batzuk uztea, bereziki lorezaintzako egur hondarrak (adarrak, enborrak), lurra, zigarro muturrak eta hautsontzietako hondarrak, animalien gorozkiak, xurgagailua edo erratza pasatu ondoko hondarrak, paper-zapi bustiak, pixoihalak eta konpresak, olioa eta, oro har, ezin konposta daitezkeen material solido guztiak. Ahal dela, poltsa ez-konpostagarriak erabiliko dira frakzio organikoa entregatzeko. Debekatuta dago frakzio organikoa edukiontzi marroitik kanpo uztea edo ontziratu gabe uztea, Mankomunitateak berariaz baimendu ezean.

Papera eta kartoia.

Paperaren eta kartoiaren frakzioan sartuko dira egunkariak, aldizkariak, liburuak, gutun-azalak, propaganda, administrazio papera, kartoizko kaxak eta enbalajeak eta abar.

Debeku da paper edo kartoiarekin batera uztea paper edo kartoi garbia ez diren beste material batzuk, bereziki plastikoak, zumitzak, tetrabrikak, paper zikina, arrandegiko edo harategiko paper zikina eta abar. Debeku da papera eta kartoia edukiontzi urdinetik kanpo uztea.

Ontzi arinak.

Ontzi arinen frakzioan honako hauek sartuko dira: edari ontziak, garbiketa produktuen ontziak, metalezko kontserba potoak, edari latak, jogurt eta gisakoen ontziak, olio eta ozpin ontziak, xanpu, gel eta gisakoen ontziak, plastikozko poltsak, esne, zuku, ardo eta tomate ontziak, sprai potoak, kafe edo ur makinen edalontziak, plastikozko, poliespanezko eta aluminiozko erretiluak, tapa eta tapoiak, opilen edo litxarrerien poltsak, blisterrak, lata eta botila packak finkatzekoak, hortzetako pastaren tuboak eta gisakoak eta, oro har, ECOEMBESen «puntu berdea» daramaten metalezko eta plastikozko ontzi eta tetrabrik guztiak.

Debeku da ontzi arinekin batera uztea ontzi arin garbiak ez diren beste material batzuk, bereziki beirazko ontziak, pertxak, pertsianak, jostailuak, boligrafo eta errotuladoreak, zartaginak, lapikoak eta tresneria, etxetresna elektriko txikiak (plantxak, lehorgailuak, etab.), eta datu, audio edo bideo zintak edo diskoak (CD, DVD, VHS, biniloak). Debeku da ontzi arinak edukiontzi horitik kanpo uztea.

Beirazko ontziak.

Beirazko ontzien frakzioan sartuko dira beirazko botilak, kontserba potoak eta, oro har, ECOVIDRIOren «puntu berdea» daramaten beirazko ontzi guztiak.

Debeku da beirazko ontziekin batera uztea beirazko ontziak ez diren beste material batzuk, bereziki bonbillak eta fluoreszenteak, ispiluak eta leihoak, eta zeramikazko eta kristalezko plater eta edalontziak. Debeku da beirazko ontziak beiraren berariazko edukiontzitik kanpo uztea. Debeku da beirazko ontziak ezarritako ordutegitik kanpo uztea.

Arropa eta ehunkiak eta etxeko beste hondakin batzuk.

Arroparen eta oinetakoen frakzioan sartuko dira denetariko jantziak (kalekoak, kirolekoak, bainukoak, etxe barnekoak, etab.), etxeko arropa (mantak, maindireak, ohazalak, edredoiak, gortinak, eskuoihalak, etab.), erabiltzeko egoera onean dauden oinetakoak, eta askotariko osagarriak (gerrikoak, gorbatak, tiranteak, bufandak, zapiak, eskularruak, poltsak, diru-zorroak, gerriko poltsak, etab.).

Debeku da arroparekin batera uztea arropa erabilia, erabiltzeko egoera onean dauden oinetakoak eta osagarriak ez diren beste material batzuk, bereziki tapizak eta moketak, garbitzekoak (lanbasak, hautsa kentzeko trapuak, baietak, etab.), garbiketan erabiltzen diren trapu eta hariak, eta ehun-denden ebakinak. Debeku da arropa dagokion berariazko edukiontzitik kanpo uztea.

Pilak eta metagailuak.

Frakzio honetan sartzen dira mota guztietako pilak eta metagailu eramangarriak, otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan arautzen direnetakoak.

Debeku da pilekin batera uztea kargagailuak eta urrutiko kontrolak (telebistenak, musika ekipoenak). Debeku da pilak dagokien berariazko edukiontzitik kanpo uztea.

Sukaldeko landare olioa.

Frakzio honetan sukaldeko olio erabilia bakar-bakarrik sartzen da, landare jatorrikoa, etxeetan sorturikoa.

Debeku da ibilgailuetarako olio erabiliarekin edo beste zernahi likidorekin nahastea. Debeku da olioa dagokion berariazko edukiontzitik kanpo uztea. Debeku da ontziratu gabeko olioa botatzea edukiontzira.

Errefusa.

«Errefusa» frakzioan honako hauek sartuko dira: pixoihalak (haur txikienak eta helduenak), paper-zapi bustiak, konpresak, tanpoiak eta higiene pertsonalerako beste produktu batzuk, xurgagailuaren hondarrak, erraztakinak, bizarra egiteko eta depilatzeko xaflak, kosmetikako txotxak, preserbatiboak, arrandegiko edo harakindegiko paper zikina, loturak, bendak eta gisakoak, boligrafoak, errotuladoreak eta gisakoak, jostailu hautsiak, zeramikazko plater eta edalontziak, zigarro muturrak eta hautsontzietako hondarrak, eta animalien gorozkiak.

Mankomunitateak pixoihalen berariazko bilketa ezartzen ahalko du hondakin korronte hori sortzen dutenendako, erabilera esklusiboko edukiontzien bidez edo egoki deritzon beste zernahi sistema erabiliz.

Debekatuta dago birziklatu daitekeen edozein material «errefusa» frakzioarekin entregatzea.

Edukiontzien bidezko bilketan, debeku da errefusa uztea frakzio horren berariazko edukiontzitik kanpo. Debeku da errefusa solte botatzea berariazko edukiontzira, ontzi, pakete, kaxa eta gisakoen bidez.

Debeku da errefusarekin batera hondakin likidoak edo likidotu daitezkeenak uztea.

Tamaina handiko hondakinak.

Tamaina handiko gauzen frakzioak barne hartzen ditu altzariak eta erabili ezin diren etxeko beste tresna batzuk.

Debeku da maneiatzeko bitarteko mekanikoak (garabiak, txirrikak, etab.) behar dituzten hondakinak uztea, edo berehala eraman ahal izateko prest ez daudenak.

Debeku da tamaina handiko gauzekin batera beste edozein hondakin mota uztea, oroz gainetik etxeetan egiten diren eraikuntza edo konponketa obra txikietatik heldu diren hondakinak, pneumatikoak eta ordenantza honen arabera nahitaez jaso beharrekoak ez diren beste hondakin batzuk.

Debeku da gauzak uztea Mankomunitatearen zerbitzu teknikoek ezarritako egun eta orduetatik kanpo.

Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak (AEEH).

Etxetresna elektrikoak (etxetresna elektriko handiak eta txikiak, informatika- eta telekomunikazio-ekipoak, kontsumorako tresna elektronikoak, etab.).

EL CULEBRETEKO HONDAKINAK TRATATZEKO ZENTROAREN (CULEBRETE HTZ) ZERBITZUAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da "El Culebrete" Hondakinak Tratatzeko Zentroaren (aurrerantzean, "HTZ") funtzionamendua arautzea, bai eta haren instalazioen bidez eginen den zerbitzua ere. Halakoak, hain zuzen, Erriberako Mankomunitatearen (aurrerantzean, "Mankomunitatea") jabetzakoak dira, eta Tuterako (Nafarroa) NA-160 errepideko 11. kilometroan daude.

Zerbitzua arduratuko da onartzen diren hondakinak jasotzeaz, tratatzeaz, isurtzeaz, manipulatzeaz eta biltegiratzeaz, Erregelamendu honetan zehar ezartzen diren irizpideei jarraikiz.

Horretarako, HTZk honako instalazio hauek dauzka (eranskinetako 1. eta 2. planoetan ageri dira):

1. Industria-hondakin ez arriskutsuak tratatzeko instalazioa.

2. Etxeko ontziak tratatzeko instalazioa.

3. Etxeko errefusa biometanizazioz tratatzeko instalazioa.

4. Hondakin arriskugabeen hondakindegia.

5. Konpostaje planta.

Hondakinaren ezaugarrien arabera, ustiapeneko zuzendaritza teknikoak erabakiko du aurreko instalazioetatik zeinek jasoko duen hondakin hori.

2. artikulua. Erabiltzaileak.

Hauek dira HTZ erabiltzen ahalko dutenak:

–Mankomunitateko kide diren udalak.

–Mankomunitatearen lurralde-esparruan kokaturiko pertsona fisiko edo juridikoak, edo Nafarroako Foru Komunitateko beste mankomunitate batzuetakoak, baldin beren lurralde-esparruan ez badute hondakindegirik edo tratatzeko instalaziorik, aldez aurretik eskaera egin eta baimena eskuraturik.

Aldez aurretik banakako eskaera eginik, Mankomunitateak HTZ erabiltzeko baimena ematen ahalko die aurreko puntuetan sartzen ez diren pertsona edo entitateei.

3. artikulua. Ustiapenaren kudeaketa.

Zuzendaritza teknikoaz arduratuko da une bakoitzean Mankomunitateko hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuak eta tratatzeko instalazioen ustiapena adjudikaturik dauzkan enpresa.

Enpresa horrek ustiapenaren arduradun bat izendatuko du; berak izanen du haren ardura eta men eginen die Mankomunitateko Zuzendaritzaren jarraibideei.

4. artikulua. Tasa.

Mankomunitateak tasa bat ordaintzeko eskatuko die erabiltzaileei. Tasa hori urtez urte ezarriko da, dagokion ordenantza fiskalaren bidez.

Hondakina zuzenean "El Culebrete" Hondakinak Tratatzeko Zentroaren instalaziora eramaten dutenen kasuan, ordaindu gabe bi hilabetez egon ondoren, instalazioetarako sarbidea ukatzen ahalko zaie, eta tratamenduaren kontratua suntsiarazi.

5. artikulua. Ordutegia.

HTZren funtzionamendu-ordutegia hau izanen da, erabiltzaileek erabil dezaten:

–Astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 15:00etara.

–Larunbatetan, 8:00etatik 13:00etara.

Jaiegunetan ez da da hondakinik onartuko HTZn, salbu eta Mankomunitatearenak berarenak edo kide diren udalenak.

Ez da onartuko hondakinik uztea ezarritako ordutegitik kanpo, salbuespenezko egoeretan izan ezik, eta Mankomunitateak egoerok aldez aurretik baimendurik betiere.

II. KAPITULUA.–HONDAKINAK ONARTZEA ETA JASOTZEA

6. artikulua. Onartzen diren hondakinak.

"El Culebrete" Hondakinak Tratatzeko Zentroan onartzen diren hondakin solidoak dira zentroaren ingurumen baimen integratuan sarturiko LER kodeak dituztenak, eta, oro har, honako hauek:

1. Hiri-hondakin solido arriskugabeak, honako hauek barne harturik: etxeko hondakinak, kale-garbiketako hondakinak, saneamendu sarearen garbiketako hondakinak, inausketen eta lorategien hondarrak, merkataritza jardueretako hondakinak, tamaina handiko hondakinen bilketa-zerbitzukoak, eta hiri-hondakinen parekotzat jo daitezkeen beste hondakin batzuk, dituzten ezaugarriak edo osaera direla eta.

2. Hondeaketa, lur-erauzketa eta lur-mugitzeetatik heldu diren lurrak, harriak, agregatuak eta gainerako materialak.

3. Industria hondakin arriskugabeak.

Zabortegian lurperatzera bideratuta dauden eta 3. apartatuan jasota dauden hondakinek baimen-araubidea bete beharko dute, Europar Batasunean indarrean dagoen 2003/33/EE Erabakian eta uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera (646/2020 Errege Dekretua, hondakinak zabortegian biltegiratuta ezabatzea arautzen duena). Bereziki bete beharko dute 14. artikuluan ("Hondakinak onartzeko prozedura") eta II. Eranskinean ("Hondakinak onartzeko prozedurak eta irizpideak") xedatutakoa. Hain zuzen, kapituluaren amaieran jasota daude erabaki horretako zer xedapenek duten eragina ingurumen-instalazioaren kudeaketan.

Gero deskribatzen dira partikularrengandik heldu diren hondakinak onartzeko irizpideak, agiri eta administrazioaren aldetik nahiz kontrol operatiboaren aldetik, lehen jasotakoarekin bat, erakunde ustiatzaileak halakoak onartzeko konpromisoa hartzen baitu.

Eranskin honetan xedatzen dena xedatzen dela, ingurumen baimen integratuan ezarritakoari jarraiki beharko zaio aurrekoa osatzen edo baliogabetzen duen orotan, eta baimen hori nagusituko da betiere.

Nolanahi ere, baimenak kudeatuko dira erregelamendu honen 8. artikuluan xedaturikoaren arabera.

Mankomunitateak ukatzen ahalko du hondakin jakin batzuk onartzea, onartzen diren hondakinen artean egon arren, interes publikoari lotutako arrazoiengatik beste kudeatzaile batzuen esku uztea komeni denean.

7. artikulua. Onartzen ez diren hondakinak.

Ez dira HTZko instalazioetan onartuko indarrean dagoen legediak toxiko eta arriskutsu gisa tipifikatuta dituen hondakinak, ezta erregelamendu honen 2. eranskinean 2003/33/EE Erabakian deskribatutako probak egin ondoren onartezintzat jo direnak ere.

Inondik ere ez dira honako hondakin hauek onartuko:

a) Hondakin erradioaktiboak.

b) Hondakin leherkorrak.

c) Hondakin sukoiak.

d) Meatzaritzatik heldu diren hondakinak.

e) Nekazaritzatik eta abeltzaintzatik heldu diren hondakinak.

f) Ospitaleetako hondakinak eta hondakin klinikoak, ez badira hiri-hondakinekin parekatzen ahal.

g) Hondakin farmazeutikoak eta botikak berak.

h) Hondakin likido edo likatsuak, oro har, kamioi hermetiko edo zisternetan garraiatutakoak.

i) Automobilak.

Ez da onartuko hondakin-materialak deskarga daitezen, nahiz eta aurretiaz baimena izan, baldin egoera hauetako batean badaude:

a) Sutan egotea.

b) 50 ºC-tik gorako tenperaturan egotea.

c) %65etik gorako hezetasuna izatea, salbuespen direla hiriko hondakin uren araztegietatik heldu diren lohiak.

d) Bolumen trinkoetan aurkezturik egotea, edo hondakindegiari esleituriko bitartekoek trinkotzeari gogor egiten dioten blokeetan.

e) Ageriko arrisku berezi bat agertzea, hondakindegiaren edo tratamendu-instalazioen funtzionamendu egokiaren aurkakoa edo langileen segurtasunaren aurkakoa.

Hondakinen titularraren kontura izanen da haiek egokitzea onartzeko moduan jartzeko.

Ez da onartuko hondakinak diluitzea edo nahastea, hondakinak onartzeko irizpideak betetzeko xedez, ez haiek isuri aurretik, ez isurtzen ari diren bitartean.

8. artikulua. Hondakinak onartzeko irizpideak.

HTZn hondakinak onartzeko irizpideek jarraibide hauek izanen dituzte:

1.–Arau orokor gisa, aintzat hartuko dira hondakinak hondakindegian onartzeko 2003/33/EE Erabakian ezarri baldintzak.

2.–Hondakinaren LER kodea ez da inondik ere izaten ahalko hondakin toxiko edo arriskutsuena.

3.–LER kode hori sarturik badago HTZren ingurumen baimen integratuaren onarpeneko kode-zerrendan, berehala onartuko da.

4.–Aipatu zerrendan ez badago, eskaera igorriko zaio ingurumen alorreko departamentuari, onar dezan eta ingurumen baimen integratuan sar dezan.

5.–Hondakinak ez badu LER kode zehazturik, edo denborarekin osaeran aldaketak izan ditzakeen hondakina bada (araztegietako lohia, konparaziorako), edo arrazoi teknikoak direla-medio Mankomunitateak hala erabakitzen badu, besterik gabe, lixibiazio analisi bat egin beharko da, hondakinak hondakindegian onartzeko 2003/33/EE Erabakian ezarri baldintzei jarraikiz. Laborategi homologatu batek eginen du analisi hori, eta haren emaitzak ez ditu gainditzen ahalko aipatu erabakian gehienez ezarririko mugak.

Analisia urtez urte egin beharko da berriro, analisia egitea beharrezkoa edo nahitaezkoa izan duten hondakin horiek onartzeko kontratua berritu ahal izateko.

6.–Hondakina zuzenean Culebrete HTZren instalaziora eramaten duten eta ordaindu gabe daudenei, instalazioetarako sarbidea ukatzen ahalko zaie, eta tratamenduaren kontratua suntsiarazi.

9. artikulua. Hondakinak jaso aurreko baldintzak.

1.–Ordenantza honetan araututako hondakin-lekualdaketa guztiei aplikatu beharreko baldintzak honako hauek dira:

a) Lekualdaketa hasi aurretik, tratamendurako kontratu bat izatea, 9.B) artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Hondakinekin batera identifikazio-agiri bat (DI) eramatea, jatorritik helmugako instalazioan jaso arte.

2.–Aurreko apartatuan ezarritako betekizunez gain, honako hauek lekualdaketaren aurretik jakinarazi beharko dira (NT):

a) Deuseztatzera bideratutako hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen lekualdaketa.

b) Hondakin arriskutsuak, EHZ 20 03 01 kodearekin identifikatutako etxeko hondakin nahastuak eta erregelamendu bidez zehazten direnak, balorizatzeko lekualdaketa.

3.–Aldez aurreko jakinarazpenaren betekizunetik kanpo geratzen dira laborategiko analisietara berariaz bideratutako hondakinen lekualdaketak, haien ezaugarri fisikoak edo kimikoak ebaluatzeko edo balorizatzeko edo ezabatzeko eragiketetarako egokiak diren zehazteko, baina III. eranskinean adierazitako identifikazio agiria erantsi beharko da. Hondakin horien kopurua kasu bakoitzean zehaztuko da analisia egiteko behar den gutxieneko kopuruaren arabera.

A) Hondakinak tratatzeko kontratuaren eskaera.

HTZra eramatekoak diren hondakinen sortzaile orok, sorburutik hara eraman aurretik, ezinbesteko baldintza izanen du Mankomunitatearen onarpen konpromiso bat edukitzea, agiri bidezkoa.

Horretarako, onartzeko eskabide bat aurkeztu beharko du, Erregelamendu honen eranskinetako ereduaren araberakoa. Eskabide horretan hondakinen ezaugarriak adieraziko dira, bai eta, beharrezkoa bada, hondakinak hondakindegian onartzeko 2003/33/EE Erabakiari jarraikiz eginiko lixibiazio analisiaren emaitzak ere. Laborategi homologatu batek egina izan beharko du analisiak, eta eskatzailearen kontura.

Beharrezkoa bada analisi hori egitea, sortzaileak analisi proba horiek gutxienez urtean behin egin beharko ditu, egiaztatzeko ea hondakina bat datorren aurretiaz baimenerako ezarri ziren baldintzekin, eta horren emaitzak Mankomunitateari aurkeztu beharko dizkio.

Eskabidean banku-kontuaren IBANa sartu beharko da, HTZn hondakinak uzteagatik aplikagarriak diren tasak helbideratzeko.

Mankomunitateak ikuskapeneko bisitaldi bat egiten ahalko du zentro sortzailean, egoki iritziz gero.

Zalantzarik badago onartzeko aukeraren inguruan, edo eskabideko hondakinaren LER kodea ez badago sarturik ingurumen baimen integratuan, hondakinaren dokumentazio guztia Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentura igorriko da, haren gaineko irizpena eman dezan hondakina onartzeari buruz eta, beharrezkoa bada, ingurumen baimen integratua alda dezan.

Eskabide bakoitza jasotzean, eskaera-zenbaki bat esleituko zaio onartzeko eskatu den eta onartu egin den hondakin bakoitzari.

B) Hondakinen tratamendurako kontratua.

Mankomunitateak, gehienez ere hilabeteko epean, agiri bidez adierazi beharko ditu onarpena eta baldintzak, eta hondakinen tratamendurako kontratu bat sortuko du onarpen-kode batekin, edo, hala badagokio, hura ukatu eginen du.

Tratamendurako kontratua izanen da eranskinetako ereduaren araberakoa, eta aurretiaz eginiko eskaera aipatuko du.

Sortzaileak tratamendurako kontratuaren kopia bat igorriko du ingurumen arloko organora, behar bezala beterik, eta Mankomunitateak agiri horren ale bat gorde beharko du 5 urtez gutxienez.

C) HTZn hondakinak uzteko entregatze agiria.

Behin hondakin baten sortzaileak hondakinak tratatzeko kontratua lorturik, hondakinok HTZn uzten hasten ahalko ditu.

Hondakinak HTZra garraiatzen diren bakoitzean, hondakin-sortzaileak entregatze agiri bat beteko du, eranskinetako ereduaren araberakoa.

Entregatze agiri horretan adieraziko dira hondakinaren sortzailearen datuak eta hondakinaren LER kodea, bai eta hura HTZn uzten duen garraiolariaren datuak ere.

Horrez gain, sinatu eta zigilatu egin beharko dute, bai sortzaileak, bai garraiolariak.

Agiria Hondakinak Tratatzeko Zentroko baskulan emanen da, eta haren arabera eginen dira pisaldia eta albarana. Hala, albaran-zenbaki bat sortuko da dagokion pisaldiarekin, 3 kopia sorturik, ale bana sortzailearendako, garraiolariarendako, eta Mankomunitatearendako, alegia. Azken kopia hori entregatze agiriari erantsiko zaio, eta hura Mankomunitatearen eskuetan geratuko da, bere sinadura eta zigiluekin.

D) Identifikazio agiria (DI).

Hondakin-sortzaileak eta garraiolariak hondakinaren identifikazio agiria formalizatu beharko dute HTZra garraiatzeko, Estatuaren lurraldearen barnean hondakinak garraiatzeko arauak ematen dituen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuan zehaztu bezala.

Hondakinak Culebretera iristen direnean, instalazioaren kudeatzaileak garraiolariari emanen dio instalazio horren kudeatzaileak sinatutako identifikazio agiriaren kopia bat. Bertan, hondakinak noiz entregatu diren eta zenbat jaso den adieraziko da. Garraiolariak informazio hori bere artxibo kronologikoan sartuko du, eta identifikazio-agiriaren kopia gutxienez hiru urtez gordeko du.

Culebreteko kudeatzaileak, gehienez ere, hogeita hamar eguneko epea izanen du, hondakinak entregatzen direnetik, instalazio horren kudeatzaileak sinatutako identifikazio agiria bidaltzeko Nafarroako Foru Komunitateko ingurumen-organoari.

Nahastutako udal-hondakinen kasuan, 20 03 01 LER kodearekin identifikatzen direnak eta toki-erakundeek zuzenean edo zeharka kudeatzen dituztenak, aurreko apartatuan ezarritako prozedurari jarraituko zaio. Kasu horretan, abiapuntua eta helmuga bat datozen lekualdatze batzuetarako, operadoreak identifikazio-agiri bakar bat egiten ahalko du, ibilgailu bakoitzeko hilabete batean lekualdatzea aurreikusten den kopuruarekin. Dokumentu horrek xede-instalaziora entregatutako kopuruak identifikazio-dokumentuan aurreikusitako kopurura iritsi arte balioko du, eta, gehienez ere, hilabete.

Xede-instalaziora egindako entrega bakoitzean pisatzen diren hondakin-kantitateei buruzko informazioa Culebreteko kudeatzailearen artxibo kronologikoan sartuko da. Identifikazio-dokumentuak gutxienez hiru urtez gordeko dira.

Indarraldia amaituta, Culebreteko kudeatzaileak identifikazio-agiriko "Hondakina onartzeari buruzko informazioa" apartatura benetan eramandako kantitatea sartuko du, eta Nafarroako Foru Komunitateko ingurumen-organoari igorriko dio, aurreko apartatuan ezarritako prozedurarekin jarraitzeko.

10. artikulua. Sarreren eta pisuaren kontrola.

Debeku da arras El Culebrete Hondakinak Tratatzeko Zentrora sartzea baimenik gabeko pertsona edo enpresarik; zehapena jasotzen ahalko dute.

HTZra sartzen diren guztiek zentroa ustiatzeko arduradunen jarraibideak bete beharko dituzte une oro.

HTZra sartzen diren bisitariek beti egon beharko dute bertako langile kualifikaturen batek lagundurik.

A) Sarbidea.

Ibilgailuak hondakindegira sartzeko sarbide bakarra izanen da Tutera-Fitero NA-160 errepideko 11. kilometroaren parean dagoena. Ibilgailuak sartzeko nahiz ateratzeko erabiliko da.

B) Pisuaren kontrola.

Ibilgailu guztiak kontrolerako etxola dagoen tokitik sartuko dira HTZra. Han zama pisatuko da, bitarteko automatikoak erabiliz.

Etxola hori eta baskula HTZko harrera patioan daude (eranskinetako 3. planoan ageri da kokapena).

HTZra hondakinez zamaturiko kamioi bat iristean, pisatzeko baskulan jarriko da, eta gidariak kontrolerako etxolara joko du, kontroleko langileari hondakinen entregatze agiria emateko, 9. artikuluaren C apartatuan jaso bezala.

Kontroleko langileak egiaztatuko du ea zuzenak diren entregatze agiriaren alderdi guztiak, eta ea bat datorren bertan aipatzen den hondakinen tratamendurako indarreko kontratuarekin.

Langileak pisatzeko softwarean sartuko ditu entregatze agiriaren datuak, eta horrek pisaldiari automatikoki erantsiko dizkio ibilgailuaren matrikula zenbakia eta ibilgailuak zamarekin duen pisu gordina.

Entregatze agirian eskuz idatziko ditu eguna, ordua, hondakinaren norakoa HTZren barnean, pisaldi zenbakia eta pisu gordina.

Garraiolariak, HTZren barnean, langileak esleitutako tokira joanen da, tratamendurako kontratuan hondakin horri eman zaion norakoaren arabera.

Behar den norakoan zama hustu eta gero, garraiolariak HTZtik ateratzeko bidea hartuko du; horretarako, ibilgailua kontrolerako etxolaren ondoko baskulan jarri, eta etxolara joko du.

Kontroleko langileak pisatzeko softwarearen bidez –hark ibilgailu hustuaren tara automatikoki hautemanen baitu– behin betiko pisaldi tiketa sortuko du, eta eskuz idatziko ditu entregatze agirian tara, pisu garbia, eta pisaldi tiketaren zenbakia.

Pisaldi tiketaren hiru kopia eginen dira, ale bana garraiolariarendako, hondakin-sortzailearendako (hura ere garraiolariari emanen zaio) eta Mankomunitatearendako, alegia. Azken horrek bere tiketa entregatze agirian josiko du grapaz, eta kontrolerako etxolan bertan artxibatuko da.

Pisaldi tiketak, ibilgailuaren zamaz gain, honako datu hauek jasoko ditu: ibilgailuaren matrikula, garraiolaria, hondakinak onartzeko kontratuaren zenbakia, hondakinen LER kodea, pisaldiaren eguna eta ordua, eta beste ohar batzuk.

Aldi berean, software osagarri baten bidez eta instalaturik dauden bideokameren bidez, pisatzen diharduen langileak hiru argazki hartuko ditu: ibilgailuaren matrikularena, ibilgailuko zamaren goitikako argazki bat, eta hondakinaren hustuketarena, dela isurketa ontzian, dela industria hondakinen instalazioan.

Hiru argazkiok datu base paralelo batean gordeko dira, pisaldi zenbakiari lotuak.

Aurreko guztia gorabehera, hondakinak garraiatzen dituzten ibilgailuek identifikazio agiria (DI) eramanen dute, ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuan zehaztu bezala. Pisaldia bukatutakoan, kontroleko langileak identifikazio agiria beteko du garraiolariarendako.

Itxaronaldietan nahiz pisatzean eta sarrera-kontrolean, zehatz-mehatz bete beharko dira zentroa ustiatzeko arduradunek ematen dituzten jarraibideak.

C) HTZn hondakinak uztea bisualki ikuskatzea.

Pisatzeaz gain, hondakin guztien kontrol bisuala eginen dute zerbitzuari atxikitako langileek, bai hondakinak sartzean, bai isurtzean, eta haien argazkiak egiten ahalko dituzte, dokumentatzearren.

Ikuskapen bisual horretarako, lehen bideokamera bat erabiliko da, pisatzeko baskularen gaineko puntu garai batean kokaturik egonen dena, kontroleko langileak, horrela, kamioiak daraman zama ikusi ahal izateko, eta dagokion argazkia egiteko.

Kamera horrez gain, kontroleko langileak, egoki baderitzo, baskularen ondoko plataforma goititua erabiltzen ahalko du, zuzenean ikusteko kamioiaren zama.

Baskulatik iragan, eta ibilgailuak HTZren barnean adierazi zaion norakora joko du. Han ere bideokamerak daude. Zehazki, industria hondakinak tratatzeko instalazioetako harrera eremuan, industria-egurra deskargatzeko gunean eta hondakindegiko isurketa ontzian.

Kontroleko langileak kamera horiek zuzenean erabiltzen ahalko ditu baskularen etxolatik, egiaztatzeko husten diren hondakinak badirela adierazitakoak eta kontratuaren bidez onartutakoak, eta datu baserako argazkiak hartzeko.

Gainera, instalazioetako harrera nabeetako eta hondakindegiko makinistak berehala jarriko dira harremanetan kontroleko langilearekin, baldin eta ohiz kanpoko zerbait ikusten badute hustu diren hondakinetan.

Era berean, laginak hartzen ahalko dira, eta haien analisia in situ egin, onartutako hondakinak bakar-bakarrik direla, eta ez besterik, egiaztatzearren.

D) HTZn hondakinak uztea ukatzea.

HTZn utzi nahi diren hondakinak ez badatoz bat kontratuaren bidez onartutakoekin, hondakin horiek sortzaileari itzuliko zaizkio. Halaber, ukatze agiri bat sortu, eta Ingurumen Departamentura igorriko da, eranskinetako ereduaren arabera.

Ukatzen ahalko da, bai baskulan bertan, ibilgailua sartzean, kontroleko langileak ikustean hondakinak ez datozela bat, ibilgailua HTZn sartzea ukaturik eta sorburura itzularaziz, bai kamioa hustu ondoren HTZren barneko helmugan. Azken kasu horretan, hondakinak berriz ere ibilgailuan zamatuko dira HTZren bitartekoak erabiliz, sortzaileari itzultzeko, eta hark hartuko ditu bere gain eraginiko gastu guztiak.

11. artikulua. Hondakinak uzteko baldintzak.

Hondakinak ez dira onartuko, ez badatoz haien garraiorako berariaz egokitutako ibilgailuetan.

Hondakinen garraioaren edo hustuketaren baldintza eskasak direla eta, HTZren instalazioetan istripurik gertatzen bada edo kalterik eragiten bazaie ingurumenari edo hirugarren batzuei, hondakinak daramatzan garraiolaria izanen da erantzule bakarra, baita hondakindegiaren esparruaren barnean ere, eta hondakin-sortzailea erantzule subsidiarioa izanen da.

Hondakindegirako sarbideetan edo haren barnean hondakinik erortzen bada garraioaren eta hustuketaren baldintza eskasak direla-eta, gidariak arduratuko dira bildu eta kentzeaz.

Mankomunitateak behar diren bitarteko eta tresnak uzten ahalko ditu gidarien eskura, hondakinak bildu eta ken ditzaten, halakoak erortzen badira, eta erabilitako bitartekoen kostua ordainarazten ahalko die erantzuleei.

Garraiolariak uko egiten badio isuritako hondakinak kendu eta garbitzeari, Mankomunitateak eginen du lan hori, eta eragiketa horri dagozkion kostuak garraiolariari edo hondakinaren titularrari egotziko dizkio, ordenantza arautzailearen 55. artikuluan ezarritako zehapenak alde batera utzi gabe.

III. KAPITULUA.–HONDAKINAK HUSTEA ETA ISURTZEA

12. artikulua. Egonaldia.

Ibilgailuak nahiz haietan doazen pertsonak zama husteko behar den denboraz bakar-bakarrik egonen dira HTZren barnean.

Ez da aparkaturik uzten ahalko ibilgailurik, edukiontzirik edo antzekorik HTZren barnean, ez badira zerbitzuarenak berarenak, salbu eta matxura edo ezinbesteko kasua gertatzen bada.

13. artikulua. Hondakinak hustea.

Hondakinak husteko, kamioi-gidariek zehatz-mehatz beteko dituzte ustiapenaren arduradunak emaniko jarraibideak.

Hustuketa-lanak eginen dira, betiere, pertsonei ahalik eta eragozpenik gutxiena ekartzeko eta inguruneari ahalik eta gutxiena eragiteko moduan, bereziki hautsa harrotzeari eta zaratak sortzeari dagokionez.

Hondakindegiak eremu bat izanen du ibilgailuek itxaroteko, aztertu beharreko zama daramatenean edo zama husteko itxaron behar dutenean ustiapen beharrengatik, bai eta behin-behinean deskargatzeko eremu bat ere. Ustiapenaren une bakoitzean zehaztuko dira horiek guztiak, eta ustiapenak aurrera egin ahala.

Era berdinean jokatuko da birziklatzeko instalazioetara eraman behar diren hondakinekin.

14. artikulua. Hustuketarako sarbideen egokitzapena.

Birziklatzeko instalazioek behar bezala zolaturik dauzkate sarbide guztiak.

Aurrera egin ahala eta eremuak zehaztu ahala egokituko dira hondakindegiko hustuketa-eremuetara daramaten sarbideak.

Behar bezala seinaleztaturik egonen dira hustuketa-eremuetarako sarbide guztiak.

IV. KAPITULUA.–HTZren KONTROLA

15. artikulua. Isurketa ontziaren ustiapen plana.

"El Culebrete" Hondakinak Tratatzeko Zentroak hiru isurketa ontzi dauzka; 1., 2. eta 3. eremuak deritze, eta eranskinetako 4. planoan ageri dira.

1. eta 2. eremuak badaude itxirik eta zigilaturik.

3. eremua, egungo isurketa ontzia, abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren arabera egin zen, eta haren hasierako konposizioa eranskinetako 5. planoan ageri da; 2009. urteaz geroztik ari da ustiatzen.

Oinaldean hiru hodi zulatu dauzka, bertako lixibiatuak bildu eta kanpoko tanga bateraino eramateko.

Urtero, abenduan, isurketa ontziaren jasotze topografiko bat eginen da, urtean zehar bete den edukiera kubikatzeko, bai eta balio-bizitza agortu arte betetzeko dagoena ere. Halaber, horren bidez zehaztuko da ustiatzeko zer metodo erabiliko den hurrengo urtean.

Urte bukaerako egoera zein den, daitekeena da ustiatzeko metodo hori aldatzea, baina honako premisa hauek izanen ditu oinarri betiere:

–Hondakin geruzak gehienez ere 3 metro garai izanen dira, eta 30 metro zabal.

–Luzetara ezarriko dira, isurketa ontziaren hegoaldeko mugaren luzeran.

–Isurketa kota berri bakoitzean, lehen geruza ezarriko da isurketa ontziaren hegoaldeko mugaren luzera osoan, eta hurrengoak harekiko paraleloan ezarriko dira, iparralderantz. Helburua da aurrezigilaturik dauden geruzak karel edo oztopotzat baliatzea material arinak sakabana ez daitezen; izan ere, haize nagusiak iparraldetik hegoaldera doaz bertan.

–Aurreko geruzaren mugatik 30 metrora, lurrezko pezoi bat eginen da luzetara, euri ur garbia desbideratzeko isurketa eremutik kanpora, eta geruza berriaren zabalera zedarritzeko. Lurrezko pezoi horretan marka edo hesola adierazle batzuk egonen dira, 30 metroko tarteetan, aurrezigilatzea errazteko, 16. artikuluan deskribatutako protokoloak ezarri bezala.

Ontzia ustiatzeko era 6. planoan ageri da.

16. artikulua. Isurketa eremuaren behin-behineko zigilatzea.

Egunero, behin-behinean zigilatuko da isurketa eremua; hala, hondakinak onartzeko ordutegia bukatzean, zigilatu gabe geratzen den isurketa frontea 1000 m² baino gutxiagokoa izanen da, salbuespenezko kasuetan izan ezik (euria, etab.).

Hori segurtatzeko, prozedura honi jarraikiko zaio:

–Isurketa geruzak albo batean aurreko geruza izanen du muga, eta beste alboan, zigilatzeko pezoi bat, lurrezkoa; batetik bestera, 30 metroko zabalera egonen da, gutxi gorabehera.

–Luzetara, 30 metrotik 30 metrora, marka batzuk eginen dira alboko lurrezko pezoian, hondakindegiko makina daramatzan langileak zehatz jakin dezan 900 m² inguruko eremu bat nondik nora doan, eremu hori, hain zuzen, bi markaren artekoa baita.

–Eguna bukatzean, zigilatu gabeko eremua ez da inoiz izanen handiagoa 30 x 30 metroko lauki bat baino.

17. artikulua. Sakabanatzearen kontrola eta garbiketa.

Egunero, material hegalarien ikuskapen bisuala eginen da instalazioetan, hondakindegian eta kanpoaldean.

Sakabanatutako hondakin-materialak garbituko dira egoerak hala eskatzen duenean, eta gutxienez ere astean behin. Arreta berezia jarriko da hondakindegiaren kanpo-perimetroko eremuak garbitzeko.

Material hegalariak ikusten direnean, behar diren langileekin lantalde bat antolatuko da berehala, halakoak poltsetan biltzeko.

Material hegalariak hondakindegitik kanpo aurkitzen direnean, bilketa kamioia eramanen duen lantalde bat antolatuko da, lan horretarako behar diren langileekin.

Aldian behin, bildu eginen dira perimetroko hesiari itsatsitako materialak, une oro ahal den garbiena edukitzearren.

HTZko instalazio guztiak garbituko dira, oro har, bai eta kanpoko eremuak ere, zentroa han egoteak eragiten dien neurrian.

18. artikulua. Lixibiatuen tratamendua

5. planoan ageri denez, 3. isurketa eremuak badauzka bere oinaldean hiru hoditeria bereizi, lixibiatuak biltzeko, azken horiek kanpoan dagoen hormigoizko tanga bateraino (50 m³) eramaten dituztenak.

Ontziko lixibiatuak kontrolatzeko instalazioak 7. eta 8. planoetan ageri dira. Hona hemen nola eginen den kontrol hori:

1. Gehienez ere 30 egunean behin, ontziko lixibiatuak aterako dira. Horretarako, hodiak ixteko giltzak ireki, eta tanga beteko da. Lixibiatuak handik zisterna kamioietara pasatu, eta kanpoko kudeatzaileari eramateko edo zentroko Ingurumen Baimen Bateratuaren arabera erabiltzeko.

2. Dagokion egoera-orrian (eranskinetan) honako hauek jasoko dira: lixibiatuak zer egunetan atera diren, egun bakoitzean zenbat zisterna atera diren, eta lixibiatuez zein kudeatzaile baimendun arduratuko den.

19. artikulua. Piezometroen kontrola.

HTZan 9 piezometro daude instalaturik; horietako 8, (P1-P8) isurketa eremuen inguruan, 4. planoan ageri denez, eta azkena (P9) biometanizazioz tratatzeko instalazioko ur zikinen eta ur garbien idoien ondoan (2. planoan ageri da).

Hona hemen nola eginen den horien kontrola:

1. 9. piezometroa, biometanizazioz tratatzeko instalazioko idoietatik uretan behera, astero kontrolatuko da, urik ez daukala egiaztatzeko; edukiko balu, idoietan jarioa dagoen seinale litzateke. Kontrol hori dagokion egoera-orrian jasoko da (eranskinetan).

2. Ustiatzen ari den III. ontziari dagozkion 1-4 piezometroak hiru hilean behin kontrolatuko dira, horien lagina hartuz, ondoren aztertzeko, eta itxitako I. eta II. ontziei dagozkien 5-8 zenbakiak sei hilean behin kontrolatuko dira.

3. Laginei eginiko analisiek bete beharko dituzte zentroaren ingurumen baimen integratuan eskatzen diren parametroak.

4. Zortzi piezometroez gain, eta haiekin batera hiru hilean behin, laginak hartuko dira honako zerrenda honetan ageri direnen azaleko uretatik:

TOKIA

UDALERRIA

POLIGONOA

LURZATIA

KOORD. X

KOORD. Y

OHARRAK

S1

Idoia

Tutera

46

447

604917

4657376

Aziendendako idoia

S2

Idoia

Tutera

46

472

606797

4657051

Pulguer idoia

Horiek, hain zuzen, bat datoz plano honetan ageri diren idoiekin:

5. Azaleko ur horien analisiek piezometroen parametro berak bete beharko dituzte, salbu eta sakonerari dagokionez.

20. artikulua. Biogasaren erauzketa.

Lehen aipatu denez, HTZn badaude bi isurketa ontzi itxi eta zigilaturik, 4. planoko 1. eta 2. eremuak, hain zuzen ere.

Bi eremuok zeinek bere sare bereizia dute biogasa biltzeko, huts ponpa batzuei konektaturik, horiek ere bereiziak. Irteeran badauzkate, halaber, erauzitako emariaren neurgailu bat eta metano kontzentrazioaren analizagailu bat.

Hona hemen nola desgasifikatuko diren aipatu bi eremuak:

1. Gutxienez astean 5 aldiz erauziko da biogasa zigilaturik dauden eremuetatik; bi aldiz 1. eremutik, eta hiru aldiz 2. eremutik.

2. Lortutako emaitzekin, erauzketaren egoera-orria beteko da (eredua eranskinetan ageri da).

3. Egoera-orri horretan, besteak beste, honako datu hauek jasoko dira: zein eremutan egin den erauzketa, zenbat m³ erauzi diren, erauzitakoaren konposizioa, eta zer depresio neurtu den erauzketa-eremuko hiru tximiniako bakuometroetan, egun batetik bestera tximiniak aldaturik.

4. 1. eremutik erauzitako gasa, zigilatutako eremurik zaharrena denez, metanoan oso pobrea da, eta, beraz, zuzira bideratuko da zuzenean erretzeko; 2. eremukoa ere zuzian erretzeko erabiliko da. Zehatzago aztertuko da 2. eremuko biogasaren konposizioa, ea aprobetxa daitekeen elektrizitatea ekoizteko.

21. artikulua. Suteen prebentzioa eta kontrola.

Suteak itzaltzeko plan bat izanen da.

Suak itzaltzeko prebentzio neurri gisa, lur erreserba bat gordeko da. Erreserba hori ustiapen frontetik hurbil egonen da, eta irisgarria izanen da zamatzeko eta garraiatzeko ibilgailuentzat.

Barne errekuntzaren aztarnarik hautematen bada hondakin multzoaren barnean, berehala ekinen zaio itzaltzeari.

Sua itzaltzeko zisterna kamioiak prest egonen dira hondakindegiko zernahi tokitara iristeko.

V. KAPITULUA.–BETEBEHARRAK

22. artikulua. Betebeharrak eta erantzukizunak.

Erregelamendu honen testuan zehar jaso diren betebeharrez gain, HTZn uztekoak diren hondakinak sortzen eta garraiatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak beharturik daude Mankomunitateari edo enpresa ustiatzaileari ematera hark beharrezkoa deritzon informazioa, segurtatzeko hondakinen garraio eta tratamendurako ezarritako baldintzak betetzen direla, bai eta xede bererako ikuskapena, laginketa eta gainbegiratzea ahalbideratzera ere.

Erregelamenduan ezarritako betebeharrak ez betetzeak dakartzan erantzukizunak hondakinen sortzaileari eta garraiolariari eskatzen ahalko zaizkie, solidarioki.

"EL CULEBRETE" HONDAKINAK TRATATZEKO ZENTROAREN ERREGELAMENDUAREN ERANSKINAK

1. Ereduzko dokumentuak. Ereduak orrialde honetatik deskarga ditzakezu:

https://mancoribera.com/la-mancomunidad/#!/instancias

2. Planoak.

1. planoa.–"El Culebrete" HTZ.

2. planoa.–Eraikinak.

3. planoa.–Sarrera-kontrola.

4. planoa.–Isurketa eremuak.

5. planoa.–3. eremua.

6. planoa.–Ontziaren ustiapena.

7. planoa.–Lixibiatuen bilketa.

8. planoa.–Lixibiatuen tanga.

MANKOMUNITATEAREN GARBIGUNEEN ERABILERARI ETA ZERBITZUARI BURUZKO ERREGELAMENDUA

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da diseinua eta funtzionamendua arautzea Erriberako Mankomunitatean zerbitzua egiten duten garbiguneetan.

Garbiguneen sailkapenaren barruan, honako instalazio hauek daude:

a) Garbigune finkoak.

b) Garbigune mugikorrak.

c) Ekarpen eremuak.

2. artikulua. Definizioak.

Garbigune finkoak instalazio finko bat dira, non langileek zerbitzu ematen duten ordutegi jakin batean. Instalazio horretan, herritarrek etxeko hainbat hondakin mota bota ditzakete, batez ere arriskutsuak direlako edo ezaugarri fisikoak dituztelako edukiontzietara bota ezin diren hondakinetara.

Garbigune mugikorra da ibilgailu bat udalerriz udalerri joaten dena, aurretiaz ezarritako egun eta ordu batzuetan, bizilagunek utz ditzaten garbigune finkoetan utzi ohi diren hondakin mota berak, salbuespen batzuekin, pisua edo bolumena dela eta.

Ekarpen eremua da sarbide murriztuko orube bat, arreta pertsonalik gabekoa, tamaina handiko hainbat edukiontzi dauzkana, zenbait etxeko hondakin, oso zehatzak, uzteko.

3. artikulua. Erabiltzaileak.

Mankomunitateko udalerrietako bizilagunek erabiltzen ahalko dituzte garbigune mota horiek guztiak; izan ere, halakoek etxeko hondakinak biltzeko zerbitzua ematen dute bakar-bakarrik.

Inondik ere ez dituzte garbigune horiek erabiliko saltokiek edo industriek. Horiek beren kabuz eraman beharko dituzte hondakinak "El Culebrete" Hondakinak Tratatzeko Zentrora, aldez aurretik hondakinak onartzeko kontratua eskaturik.

4. artikulua. Garbigune finkoak.

Garbigune finkoak eraturik daude hormigoizko prefabrikatuen modulu-sistema baten bidez; horrela, 2,5 m goitituriko plataforma bat sortzen da, eta azken horretara arrapala batetik irits daiteke ibilgailuz.

Plataforma goitituaren alboetan metalezko edukiontziak instalatzen dira, 20 m³-koak, eta erabiltzaileek haietara bota ditzakete ekartzen dituzten hondakinak.

Edukiontziok material hauek jasotzeko erabiliko dira batez ere, etxeetatik heldu direnak bakar-bakarrik:

1. Inausketen eta lorategien hondarrak.

2. Obra txikien eraikuntza hondarrak (eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak).

3. Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak ez diren tamaina handiko objektuak.

Garbigunearen plataformaren azpian, modulu prefabrikatuz egina denez, biltegi bat gelditzen da, 100 m² baino gehiagokoa, eta hantxe utziko dira garbiguneak onartzen dituen gainerako hondakinak.

Garbigunea ustiatzeko arduradunek garbigune finkoko sarrera zainduko dute, ezarritako irekiera-ordutegian.

Langile horien eskudantziak, erabiltzaileei dagokienez, honako hauek izanen dira:

a) Hondakinak uzteko aholku ematea.

b) Garbiguneko instalazio osoa txukun eta egoera onean edukitzea.

c) Debekatzea onartzen ez diren materialak uztea.

d) Erabiltzaileen eta materialen onarpen- eta sarrera-erregistroa eramatea.

e) Idatziz jasotzea ibilgailuaren matrikula eta utzitako hondakinaren sorburua, kantitatea eta mota.

f) Materialen irteera- eta helmuga-erregistroa eramatea.

Garbigune finkoko hondakinen onarpen- eta irteera-erregistroa izanen da erregelamendu honen 2. eranskinean ageri dena.

5. artikulua. Garbigune mugikorrak.

Garbigune mugikorrak furgoneta gisako ibilgailu batzuk dira, karrozerian hondakin mota bakoitzerako konpartimentuak dauzkatenak. Ezarritako egutegi baten bidez, ibilgailu hori egun eta ordu jakin batzuetan kokatzen da, Mankomunitateko udalerrietan aurrez ezarritako lekuetan.

Furgonetaren gidariak berak ematen du arreta garbigune mugikorreko hondakin bilketarako, eta honako eskudantzia hauek ditu:

a) Hondakinak uzteko aholku ematea.

b) Garbigune mugikorra txukun eta egoera onean edukitzea.

c) Debekatzea onartzen ez diren materialak uztea.

d) Erabiltzaileen eta materialen onarpen- eta sarrera-erregistroa eramatea, utzitako hondakinaren sorburua, kantitatea eta mota jasota.

Lanaldia bukatutakoan, garbigune mugikorra El Culebreteko garbigune finkora joanen da, eta han utziko ditu bilduriko hondakinak. Kontrola eramanen da bildu eta utzitakoei buruzko egoera-orri baten bidez, erregelamendu honen 2. eranskinean ageri den ereduaren arabera.

6. artikulua. Ekarpen eremuak.

Eremuok sortu eta egiteko, udal bakoitza eta Mankomunitatearen zerbitzu teknikoak koordinatuko dira.

Eremuak sarrera murriztuko orube batean kokatuko dira. Hau da, hesiz edo hormaz itxiko da, eta sarbideko atea itxita edukiko du.

Orubea eta sarbideko atea neurri egokikoak izanen dira, edukiontziak behar bezala jarri ahal izateko, bilketa kamioia haietaraino iristeko, eta behar diren maniobrak egiteko edukiontziak kentzen eta jartzen direnean.

Ekarpen eremu bakoitzak, oro har, 3 edukiontzi edukiko ditu gehienez, 20 m³ ingurukoak eta gutxi gorabehera 6x2,5 m-koak.

Edukiontziok material hauek jasotzeko erabiliko dira, etxeetatik heldu direnak bakar-bakarrik:

1. Inausketen eta lorategien hondarrak.

2. Obra txikien eraikuntza hondarrak (eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak).

3. Tamaina handiko objektuak (altzariak, koltxoiak, tresnak... EZ gailu elektriko eta/edo elektronikoak, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak).

Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak edukiontzien ondoan utzi beharko dira, baina horien barruan sartu gabe.

Eremuek une oro edukiko dute sarbideko atea itxita.

Bizilagunen batek hondakinak utzi nahi baditu eremuetako batean, bere Udalera jo beharko du, eta horretarako eskaera egin.

Udalean erabiltzailearen datuak jasoko dira, erregelamendu honen 2. eranskineko egoera-orriaren arabera, eta eremuan sartzeko modua emanen zaio.

Udal zerbitzuek ikusten dutenean edukiontziren bat beterik dagoela eremu batean, horren berri emanen diote Mankomunitateari, beteen ordez edukiontzi hutsak jartzeko.

Udal bakoitzak ezarritako funtzionamendu-ordutegia izanen dute eremuek kasuan kasuko udalerrian.

7. artikulua. Sarrera-kontrola.

Debeku da arras baimenik gabeko inor garbiguneetan sartzea; zehapena jasotzen ahalko du. Instalaziotik ateratzeko eskatzen ahalko zaio horiek behar bezala erabiltzen ez dituen orori.

Garbiguneetara sartzen diren kanpoko guztiek zehatz bete beharko dituzte garbigunea ustiatzeko arduradunen jarraibideak, edo Udalarenak, ekarpen eremuetan.

Garbigunea ustiatzeko arduradunek garbigune finkoko sarrera zainduko dute horretarako ezarritako orduetan.

8. artikulua. Erabiltzailearen erantzukizuna eta betebeharrak.

Une oro, erabiltzaileak garbiguneko arduradunen jarraibideak beteko ditu, edo Udalarenak, ekarpen eremuetan.

a) Bertako langileei emanen die zerbitzuak ongi funtziona dezan eskatzen dioten beharrezko informazioa (hondakinaren sorburua, mota, gutxi gorabeherako kantitatea, identifikazio datuak, etab.).

b) Material bakoitza dagokion edukiontzian utziko du, haien izaera kontuan hartuz eta txukunki.

c) Hondakinak deskargatuko dira ahalik eta eragozpenik gutxiena sortzeko moduan, bereziki zaratak sortzeari dagokionez.

d) Hondakinak utzi ondoan, eremua garbituko du, beharrezkoa bada.

e) Behar bezala gidatuko du, abiadura egokian, eta sarbidea une oro libre utzirik; erabiliko diren ibilgailuen gehieneko pisu baimendua 3.500 kilogramotik beherakoa izanen da.

f) Astean ez du utziko 2 m³ edo 750 kg hondakin baino gehiago, Erriberako Mankomunitateak espresuki eta idatziz baimena eman ezean.

Garbiguneetara hondakinak uzteko joaten diren ibilgailuei pisu kontrola pasarazten ahalko zaie, kantitatearen eta motaren araberakoa.

Erabiltzaileek, arrazoi justifikatuak direla-eta, pisatzeaz arduratzen diren langileei eskatzen ahalko diete baskularen kalibrazioaren ziurtagiria, enpresa homologatu batek emana, edo utziko den hondakin motarena.

9. artikulua. Berrerabilera.

Garbiguneetan egoten ahalko da erabiltzaileek utzitako gauzak eta tresnak berrerabiltzeko eremu bat (tamaina handiko hondakinak, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak, etab.), kontserbazio eta erabilera egoeragatik berriz erabiltzeko moduan daudenen kasuan.

Garbiguneetan jasoriko aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei azterketa bat eginen zaie birziklatze instalazioetara eraman aurretik, lehentasuna emanez berrerabilerarako konponketari, bat etorriz Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

Mankomunitateko erabiltzaileek dohainik eskuratzen ahalko dituzte horiek. Inondik ere ez dira saltzen ahalko irabazteko asmoz hirugarren batzuen bidez, Erriberako Mankomunitateak espresuki horretarako baimena eman ezean.

Kasu horretan, zerbitzuaren erabiltzaileek, hartzeko eskabidea eginen diote Mankomunitateari, eta justifikatu beharko dute gauzak eta tresnak norberak erabiltzeko izanen direla.

Mankomunitateak eskatzen ahalko du aurkezteko, xedapen honen ondorioetarako, Mankomunitatearen esparruan egiazki bizitzea egiaztatzen duen agiriren bat.

Aukeran dauden gauzen banaketa bidezkoa izan dadin, mugatzat jartzen da astean bi gauza txiki hartzea (liburuak, jostailuak, etab.), edo gauza bakarra tamaina handiagokoak badira (bizikletak, altzariak, etab.) edo etxetresna elektrikoak badira (telebistak, erradiadoreak, irratiak, etab.).

Ikusten bada inork etengabe hartzen dituela gauzak ezarritako mugara hurbilduz, Mankomunitateak erabiltzaileari eskatzen ahalko dio agiri bidez justifika dezala hartutako ondasunen erabilera pribatibo egokia. Bestela, ukatu eginen zaio material berrerabilgarrien eremura sartzea.

Nolanahi ere, erabiltzaileek betiere izanen dute debekatua sartzea eta gauzak hartzea, baimenik ez badiete eman aurretiaz garbiguneko arduradunek.

10. artikulua. Kantitateak eta mugak.

Garbigune finkoetan, garbigune mugikorretan eta ekarpen eremuetan erabiltzaile bakoitzak uzten ahalko duen hondakin bolumena egonen da mugaturik astean 2 m³-ra eta/edo 750 kg-ra. Hondakin-sortzaile batzuen kasu berezietan, Mankomunitateak salbuespenak ezartzen ahalko ditu, muga horiek handiagotuz edo txikiagotuz bolumenaren zein pisuaren aldetik, egoera berezi hori justifikaturik baldin badago.

Garbigune finkoetan, 3.500 kg-tik beherako gehieneko pisu baimendua duten ibilgailuak bakarrik sartzen ahalko dira plataformara.

Garbigune mugikorretan, aldi bakoitzean utzitako bolumen eta pisua ez da izanen 100 litrotik eta 25 kilogramotik gorakoa.

11. artikulua. Onartzen diren hondakinak.

1. eranskinean zehazten da zer hondakin onartzen diren deskribaturiko garbigune mota bakoitzean.

1. ERANSKINA.–HONDAKIN ONARGARRIAK

Jarraian, zehaztu egiten da zer hondakin onartzen diren garbigune mota bakoitzean; betiere, lehen aditzera eman den bezala, erabiltzaile bakoitzak uzten ahalko duen hondakin bolumena egonen da mugaturik astean 2 m³-ra eta/edo 750 kg-ra.

Garbigune finkoak.

1. AEEH (aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak):

–Aparatu elektriko eta elektronikoak: etxetresna elektrikoak, ordenagailuak, etab.

–Material informatikoa: inprimagailuak, CDak, tonerrak, telefono mugikorrak, etab.

–Deskarga-lanparak (merkurioa), lanpara fluoreszenteak eta LED lanparak.

2. Tamaina handiko hondakinak: koltxoiak, somierrak, altzariak, etab.

3. Inausketen eta lorategien hondarrak.

4. Etxeko obretatik heldu diren obra-hondakin txikiak, egunean 1 m³ gainditu gabe, "obra txikiak" deitutakoetan sortuak bakar-bakarrik, hau da, martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren 3.d) artikuluan honela definitzen diren horietan:

"d) Etxeetako eraikitze eta konpontze obra txikiak: etxe partikular, saltegi edo bulego batean edo zerbitzuen sektoreko higiezin batean egiten diren eraikuntza edo eraispen obrak dira, teknika errazekoak eta eraikuntza eta ekonomia aldetik garrantzi txikikoak; haien ondorioz ez dira aldatzen bolumena, erabilera, denek erabiltzeko instalazioak edo etxebizitza eta lokalen kopurua, eta ez dute behar tituludun profesionalek sinatutako proiekturik."

5. Etxeetako sukaldeko landare olioa.

6. Motorretarako olio mineral sintetikoak: iragazkiak, latak, etab.

7. Aerosolak.

8. Produktu kimikoak: azidoak, baseak; kloroa, merkurioa, etab.

9. Ezkoak, koipeak eta produktu erregaiak.

10. CDak eta DVDak.

11. Disolbatzaileak, izotz kontrakoak, freno-likidoak.

12. Etxeko ontziak eta ontzi kutsatuak.

13. Fitosanitarioak.

14. Erradiografiak.

15. Pilak, bateriak (elektrikoak eta automobiletakoak).

16. Pinturak (lakak, bernizak, kolak).

17. Garbiketa produktuak.

18. Arropa, oinetakoak eta ehunkiak.

19. Tonerrak, tintak eta inprimagailuko zintak.

20. Fluoreszenteak eta kontsumo txikiko lanparak, goritasun-bonbillak, beira laua, oro har, eta zeramika.

21. Pneumatikoak.

22. Metalak.

23. Zura.

24. Papera eta kartoia.

25. Onartzen diren beste hondakin batzuk.

Garbigune mugikorrak.

Garbigune finkoetan onartutako hondakin guztiak, bolumen handiko AEEH (aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak), tamaina handikoak, inausketaren eta lorategien hondarrak eta EEH (eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak) izan ezik.

Ekarpen eremuak.

Eremuetako hiru edukiontzietan uzten ahalko dira, bereizirik eta ezarrita dauden baldintzetan, honako hondakin hauek:

1. Etxeko obretatik heldu diren obra-hondakin txikiak, egunean 1 m³ gainditu gabe, "obra txikiak" deitutakoetan sortuak bakar-bakarrik, hau da, martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren 3.d) artikuluan honela definitzen diren horietan:

"d) Etxeetako eraikitze eta konpontze obra txikiak: etxe partikular, saltegi edo bulego batean edo zerbitzuen sektoreko higiezin batean egiten diren eraikuntza edo eraispen obrak dira, teknika errazekoak eta eraikuntza eta ekonomia aldetik garrantzi txikikoak; haien ondorioz ez dira aldatzen bolumena, erabilera, denek erabiltzeko instalazioak edo etxebizitza eta lokalen kopurua, eta ez dute behar tituludun profesionalek sinatutako proiekturik."

2. Etxean bakarrik jatorria duten tamaina handiko objektuak (somierrak, koltxoiak, tresnak), edozein tamainatako aparatu elektrikoetako eta etxetresna elektrikoetako AEEHak izan ezik.

3. Inausketen eta lorategien landare hondarrak.

AEEH (aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak) horiek dituzten ekarpen eremuetako estalkien azpian uzten ahalko dira.

2. ERANSKINA.–EGOERA-ORRIAK

Egoera-orriak deskargatu (XLS formatua).

–Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa:

  • Hondakinen kudeaketa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Errege Dekretua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA:

Erriberako Mankomunitatea (IFK: P3125432I)

DATUEN BABESERAKO ORDEZKARI ETA ARDURADUNAREKIN HARREMANETAN JARTZEKO DATUAK:

Grillos pasealekua, 17 - 31500 Tutera - Nafarroa

Tel.: 948 41 18 94

Helbide elektronikoa: atencionalciudadano@mancoribera.com Webgunea: www.mancoribera.com

XEDEA:

Hondakinen kudeaketa.

–Hondakinak biltzeko zerbitzuaren kudeaketa eta kontrola.

–Administrazio-espedienteak eta horien ondoriozko jarduketak izapidetzea.

LEGITIMAZIOA:

(DBEOren 6.1.d) artikulua) Interes publikoaren izenean edo erakunde horri emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzea.

HARTZAILEAK:

Arloan eskumena duten beste administrazio publiko batzuei eta hondakinen kudeaketarekin zerikusia duten tratamendu-eragileei jakinarazten ahalko zaizkie datuak.

Ez da aurreikusten datuen nazioarteko transferentziarik egitea.

ERABILTZAILEAREN ESKUBIDEAK:

Datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, datuen aurka egiteko edo datu pertsonalak transferitzeko eskubidea.

Eskabidearen bidez, adierazitako helbidean edo posta elektronikoko helbidean: atencionalciudadano@mancoribera.com

INFORMAZIO GEHIAGO:

Hemen kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://mancoribera.com/proteccion-de-datos/

Kontrol-agintaritza: Datuak Babesteko Espainiako Bulegoa - Helbidea: Jorge Juan kalea, 6 - 28001 Madril (Madril) - Egoitza elektronikoa: sedeagpd.gob.es

Iragarkiaren kodea: L2317217