38. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZUÑIGA

Ordenantza, Baratzeetako paisaia babestua arautzen duena. Behin betiko onespena

Zuñigako Udalak, 2017ko abenduaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Baratzeetako paisaia babestua arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia 2018ko 44. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, martxoaren 2an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zuñigan, 2019ko urtarrilaren 16an.–Alkate udalburua, Pedro María Oteiza Díaz.

I. ERANSKINA

BARATZEETAKO PAISAIA BABESTUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1.–Xedea.

Ordenantza honen xedea da Baratzeetako paisaia babestuaren baldintza berezien gaineko araua garatzea, Zuñigan gaur egun indarra duen Udal Planeko Lurzoru Urbanizaezinaren gaineko Hirigintzako Araudi Partikularraren 161. artikuluaren baldintza bereziekin bat.

Zuñigako Udal Planak, dituen balio estetiko eta kulturalak kontuan izanda, paisaia babestu deklaratu du baratzeen eremua, herriaren iparraldean dagoena, herria Gastiainekin lotzen duen errepidearen gainean.

Ordenantza honetan ezartzen diren xedapenen xedea da eremu horretan egin daitezkeen eraikuntza jardueren ezaugarriak eta haien funtzionamenduaren baldintzak ezartzea, betiere espazio horrek gaur egun duen izaeraren kontserbazioari zuzenduak.

2.–Eraikuntza jarduerak.

Lurzoru Urbanizaezinaren gaineko Hirigintzako Araudi Partikularraren 161.5 artikuluan jasorik dagoen bezala, eraikuntza jarduera baimenduak dira baratzezaintzarako eraikin lagungarriak egitea eta lurzatia ixtea; eraikuntza jarduera baimengarriak, berriz, lurpeko azpiegiturak dira, haien obra zibila lurraren kotaraino baizik ailegatzen ez bada.

3.–Eraikuntza lagungarriak eta haiei loturiko instalazioak.

Ordenantza honi dagokionez, eraikuntza lagungarriak dira ondotik aipatzen den baratzezaintzari loturik daudenak. Orokorrean, lurzatiaren azaleraren %50 hartzen ahalko dute gehienez.

3.1. Baratzezaintzari eta aisialdiko baratzezaintzari sostengu emateko eraikinak (etxolak). Eraikin hauen xedea da laborantzan erabiltzeko lanabes txikiak biltegiratzea; aisialdirako lokalen bat ere para liteke.

Baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Eraikinak ez dira finkako murruetan bermatuko. Debeku da mugen gainean eraikitzea.

–Eraikina gutxienez 6 m urrunduko da lurzatia eta errepidea bereizten dituen mugatik.

–Eraikuntza finkatuaren eta lurzati mugakidean dagoen eraikuntza berriaren artean gutxienez ere 2 metro egon behar dira, lehendik zegoen eraikuntzak lehentasuna duela.

–Eraikinak solairu bakarra izanen du, eta gehienez ere 45,00 m²-ko azalera; horietarik, gehienez ere 30,00 m² egoten ahalko dira itxirik, gainerakoa aterpe irekia izanen baita.

–Oina errektangeluarra izanen du, hegalkinik eta sargunerik gabea. Fatxadak material xumez bururatuko dira: harria, kolore apalez margoturiko zarpiatuak, hormigoizko bloke harekarak edo zuriak.

–Estalkiak maldadunak izanen dira, bat, bi edo lau isurkikoak. Akaberako material gisa honako hauek baimentzen dira: zeramikazko teilak edo teilen imitaziozko xafla uhinduak, betiere kolore buztin-gorrikoak.

–Eraikinaren garaiera 4,00 m izanen da gehienez, zorutik gailurrera.

–Eraikinaren barnealdea gehienez bi lokaletan banatzen ahalko da, trenkada batek bereizita.

–Baimentzen da edateko uraren sarerako hargunea paratzea, harraskarako. Lurpekoa beharko du izan.

3.2. Lurzatiaren sarrerako egitura (pergola).

Lurzatiaren sarreran pergola motako egitura bat eraikitzeko baimena izanen da (pergola), ibilgailu bat aparkatu ahal izateko.

Baldintza hauek bete beharko ditu:

–Gehienez ere 15 m²-ko azalera okupatzen ahalko du. Okupatutako azalera kenduko zaio baratzezaintzan laguntzeko eraikinarekin okupatzen ahal denari; hau da, etxolaren eta pergolaren batura 45,00 m² izanen da gehienez.

–Egitura zurezkoa izanen da, eta gehienez ere 2,5 m garai izanen da.

–Estaltzeko gaia landare natural bizia izan beharko da (landare igokariak). Landarerik ez den bitartean, ainarrezko keretaz estaltzen ahalko da; debeku da plastikoak, xaflak edo bestelakoak erabiltzea.

3.3. Berotegiak.

Baimenduta dago berotegiak paratzea. Ez dira 2,50 m baino garaiagoak izanen. Egoera onean mantenduko dira, utzikeria itxura eman gabe.

3.4. Obrak eta loturiko instalazioak.

–Zolatzea onartzen da, sarreratik eraikinera; zabalera sartzeko atearena izanen da gehienez.

–Energia sorgailu autonomoak baimentzen dira, argia emateko baizik ez badira; eguzki-panelak paratzen ahal dira, betiere zuzenean zoru gainean, inoiz ez estalkien gainean. Eztanda-motorrak erabiltzen badira, isolamendu akustikoa beharko da.

–Finka zaintzeko zakurrendako etxolak baimentzen dira, betiere haien gehieneko azalera 3,00 m² baldin bada.

4.–Lurzatiaren itxitura.

4.1. Errepide alderako mugaren gaineko itxitura.

Errepidearen gainean kokaturiko lerrokadura ofizialaren gainean, itxitura 1,40 m garai izanen da gehienez, lerrokadura ofizialaren puntu guzti-guztietan neurturik, eta harlangaitzez eraikiko da.

Finkak bi sarbide izan ditzake. Bata ibilgailuak sartzeko izanen da, gehienez ere 3,00 m-ko zabalera izanen du, eta ez du itxituraren garaiera gaindituko. Bestea pertsonen sarrera nagusitako izanen da, eta gehienez ere 1,50 m zabal eta 2 m garai izanen da. Ateak zurezkoak izanen dituzte, edo kolore marroiko zuraren imitaziokoak.

Urtebeteko epea ezarri da, ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, jabeek zurezko ateak edo kolore marroiko zuraren imitaziokoak paratzeko.

4.2. Beste mugen gaineko itxitura.

Lurzatiko gainerako mugetan, itxitura arina edo trinkoa para daiteke, Udal Planeko Hirigintzako Araudi Orokorraren 92. eta 93. artikuluetan ezarritako baldintzetan, berezitasun hauek kontuan hartuta:

–Itxitura arinak gehienez ere 1,50 m-ko garaiera izaten ahalko du; haietarik, soilik beheko 40 cm-ak izan daitezke trinkoak eta opakuak. Gainerakoa sare bat izanen da, heskaiarekin edo zuhaixkekin nahasten ahalko dena.

–Itxitura trinkoak gehienez ere 1,40 m-ko garaiera izaten ahalko du, eta harlangaitzez eraikiko da. Debeku da itxiturak goiti jarraitzea, edozein material erabilita ere.

–Gehieneko garaiera itxituraren puntu bakoitzean neurtu beharko da kasu guztietan, lurraren sestra garaiena den aldetik, lurzatiaren barnean nahiz kanpoan.

5.–Jarduera eta erabilera debekatuak.

Debeku dira eraikuntza jarduera guztiak, ordenantza honek espresuki arautzen ez baditu, eta haiek erabiltzea aurreikusi gabeko beste zerbaitetarako, bereziki hauetarako:

–Debeku dira eraikuntza finko edo mugigarri guztiak, hala nola “mobil-home”ak, karabanak, bungalowak, atoiak eta gisakoak, salbu eta zakur zaindariendako etxolak.

–Debeku dira eraikuntza elementu edo instalazio guztiak, erabilera baimenduari dagokiona ez bada, hala nola erregai biltegiak, klimatizaziorako edo berokuntzarako instalazioak, antenak eta abar.

–Debeku da sare elektriko orokorrera lotzea.

–Debeku da eraikina bizitegitako erabiltzea, edo beste edozein erabilera ematea, erabilera baimendu edo baimengarri gisa arautu ez bada Lurzoru Urbanizaezinaren gaineko Hirigintzako Araudi Partikularraren 161.5 artikuluan edo ordenantza honetan.

6.–Eraikinen bateragarritasuna.

Finka berean eraikin mota desberdinak ezartzeko baldintza hau bete behar da: ez da onartuko finkan mota bereko eraikin bat baino gehiago zutitzerik.

7.–Udalaren lizentzia.

Udalaren obra-lizentzia beharko da Baratzeetako Paisaia Babestuko lurzoruan baimentzen edo onartzen diren jarduera eta erabilera guztietarako. Lizentzia lortzeko aurkeztu behar den dokumentazioan (memoria edo proiektu teknikoa) xehe-mehe deskribatuko dira eraikina, instalazioak eta lurzatiaren itxiturak.

Nahitaez sartu beharko dira haien plano edo krokisak, eta bertan neurriak eta materialen zehaztapena, baita obren aurrekontu banakatua ere.

8.–Kontserbatzeko betebeharrak.

Eraikuntza eskubidea lortu ondoan, jabeak segurtasun, osasungarritasun eta estetika baldintza egokietan mantendu beharko ditu itxiturak. Jabeak eginbehar hori betetzen ez badu, baldintzei eusteko behar diren obrak egiteko aginduko du Udalak, ofizioz edo interesdunek eskatuta, eta horretarako epea ere ezarriko du.

Baratzeetako eremuko finka guztien jabeek bete behar dute artikulu honetan aipaturiko eginbeharra.

9.–Erretenak eta horien eta mugaren arteko espazioa garbitzea.

Udalak garbiketaren alorrean dituen eskumenei kalterik egin gabe, ezarri da herritarrek honako kasu hauetan lagundu beharra dutela:

Erretena eta horren eta finka mugaren arteko espazioa, mugari dagokion luzera osoan, honako hauek garbituko dituzte:

a) Baratzea lantzen edo erabiltzen dutenek.

b) Jabeek, finka lantzen edo erabiltzen ez bada. Jabeak eginbehar hori betetzen ez badu, Udalak, ofizioz edo edozein interesdunek eskatuta, behar den garbiketa egiteko aginduko du eta, gainera, horretarako epea ezarriko du.

10.–Udalak obrak eta garbiketa egitea.

Udalak jabeen ordez eginen ditu obrak, eta erretenak eta horien eta mugaren arteko espazioa garbituko ditu, emandako zerbitzuaren kostua finkaren titularrari egotzita, deusetan ukatu gabe kasuari dagozkion zehapenak ezartzea.

Erretenetan ez badira garbitzen hostoak, adarrak eta uraren joana trabatzen duten bestelako materialak, Udalak garbituko ditu, 20 euro kobratuta finkaren titularrari.

Iragarkiaren kodea: L1900691