38. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Administrazio Prozedura Erkidea eta Araubide Juridiko Elektronikoa arautzen dituen Ordenantza. Behin betiko onespena

Behin Udaleko Osoko Bilkurak, legezko den quorumarekin, 2018ko azaroaren 5ean hasiera batez onetsita, eta jendaurreko epea inolako erreklamaziorik aurkeztu gabe iragan eta gero, behin betiko onetsita gelditu da Administrazio Prozedura Erkidea eta Araubide Juridiko Elektronikoa arautzen dituen Ordenantza.

Segidan, haren testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324., 325. eta 326. artikuluetan aurreikusitakoa betetze aldera.

Iruñean, 2018ko abenduaren 26an.–Alkate udalburua, Joseba Asiron Saez.

IRUÑEKO UDALEKO ADMINISTRAZIO PROZEDURA ERKIDEA ETA ARAUBIDE JURIDIKO ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Iruñeko Udalak eta hari lotutako zein haren menpeko erakundeek eta entitateek duela zenbait hamarkadatatik egin dute, nabarmen egin ere, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKTak) gero eta gehiago erabiltzearen alde.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren segida logikoaren ondorioz eta hari buru emanez, 2010. urtean Iruñeko Udaleko Administrazio Elektronikoa arautzen duen Ordenantza onetsi zen (2010eko 153. NAOn, abenduaren 17koan argitaratua), eta hor jada apustu sendoa egin zen hala IKTak gero eta gehiago erabiltzeko nola administrazio elektronikoa ezartzeko Udal-administrazioaren eta herritarren arteko harremanetan, betiere Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen eta hura garatzeko araudiaren babesean.

2015eko urriaren 2an eman ziren argitara, EAOn, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea. Biek ala biek apustu garbia egiten dute elektronikoki osorik eta bakarrik jarduten duen Administrazio Publikoaren alde, eta, hartara, antolaketa-aldaketak eragiten dituzte eta gaitasun berriak sartzen dituzte, xede harturik zerbitzu publikoak hobetu eta herritarren administrazio-kargak eta kostuak Administrazioarekiko harremanetan gutxitzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen xedapen indargabetzaile bakarrak berariaz indargabetu zuen Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea, bai eta hura garatzen zuen azaroaren 6ko 1671/2009 EDaren parte handi bat ere. Horrek agerian uzten du administrazio elektronikoari buruzko udal-araudia egokitu beharra dagoela administrazio-prozedurari eta araubide juridikoari buruzko lege berrien aginduetara.

Horrela, bada, Ordenantza honek xede dauka Udalaren araudi arauemailea guztiz egokitzea Administrazio elektronikoaren esparruan Estatuan den arauketa berriarekin bat egin dezan, bai eta zenbait alderdi garatzea ere, hala nola bitarteko elektroniko batzuen erabilera, egoitza elektronikoaren zereginak, eta beste zehaztapen batzuk egitea, besteak beste, identifikazio-bide batzuen erabilerari eta sinadura elektronikoari buruz.

Urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta urriaren 1eko 40/2015 Legeak zehatz-mehatz heltzen diote administrazioen funtzionamendu elektronikoari herritarrekin administrazio-prozeduraren esparruan dituzten ad intra harremanetan zein ad extrakoetan. Nolanahi ere, beharrezkoa da, segurtasun juridiko handiago izatekotan, arauzko-garapenari ekitea, funtzionamendu elektronikoaren alderdi batzuk zehaztu eta zedarritzeko eta interpretazio-zalantzak ekiditeko, batik-bat kontuan harturik oraingo Udal-ordenantza zaharkitua eta gainditua geratu dela aipatutako Estatuaren araudiaren aldean.

Azken finean, Ordenantza honek segurtasun juridiko handiago eman nahi die herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanetan, Estatuaren araudiaren alderdi batzuk zehaztuz, garatuz eta argituz, Administrazioaren funtzionamendu elektronikoan eraginkortasun handiagoa lortze aldera, administrazio-zamak eta kudeaketa-kostuak gutxituta.

Herritarrei dagokienez, “pertsonen eskubideak” aitortzen zaizkie, garrantzitsuena izaki aukeratzea zer bide erabili Administrazioarekiko harremanetan; nolanahi ere, bide hori bide elektronikoa izanen da, derrigorrean, pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisiko jakin batzuen kasuan. Administrazio-jardunaren soiltzeak, lege-erreformaren printzipioetako bat izaki, isla dauka, funtsean, edozein administrazio publikotan jatorri duen ezein agiri ez aurkezteko eskubidean. Bada, zalantzarik gabe, soiltzeko beste modu bat Administrazioaren eta herritarren arteko harremanetan identifikazio elektronikorako sistemen erabilera ahal den neurrian orokortu izana, sinatu beharra bakarrik betetzen baita legeak berez zehazki ezarritako kasuetan.

Administrazioari dagokionez, lehenengo eta behin beharrezko mekanismoak ezarri behar ditu eskubide horiek gauzatzeko. Barne funtzionamenduari dagokionez, prozedurak guztiz elektronikoa izan behar du: Erregistroa elektronikoa eta bakarra da, eta jatorrizko agiri elektronikoen edo paperezko jatorrizko agirien kopia kautoen sarrerak erregistratuko ditu; espedientea, ofizioz eta bide elektronikoen bitartez abiarazia, elektronikoki izapidetu eta sinatutako agiri elektronikoez (probak, txostenak, irizpenak...) osatutako aurkibide elektroniko bat da; artxiboa ere bakarra izanen da eta berekin ekarriko du sortzen diren agiri administratibo guztiak modu seguruan eta konfidentzialtasunez biltegiratzea, bitarteko elektronikoak erabilita. Espendiente-izapidetzeari dagokionez, sinadura elektronikoa da gakoa, eta hura eduki behar dute prozedura izapidetzeko orduan arduraren bat duten administrazio publikoko langile guztiek. Pertsonari lotutako sinadura elektronikoaz gain, azpimarratu beharra dago administrazio-jardun automatizatua orokortzen dela, nagusiki, entitate-, organo- eta denbora-zigiluen bitartez.

Aurrekoaz gain, Ordenantza hau egiterakoan kontuan hartu da Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, argitaratu izana. Horrek Nafarroako toki-erakundeetara eta haien menpeko erakunde instrumentaletara zabaltzen du bere aplikazio-eremua. Izan ere, Foru Lege horren Atarikoan ezartzen den bezala, gardentasun printzipioa botere publikoen jarduna etengabe gidatu behar duen baliotzat hartzen da, herritarrekin jokatzeko eta haiei erantzuteko modua aldatuta. Hori horrela, eta gardentasunaren printzipioa udal-jardun publikoan bultzatze aldera, Ordenantzak XI. Titulua txertatu du administrazioko informazioa bitarteko elektronikoez hedatzeko eta eskuratzeko, printzipio hori bermatu eta gauzatzeko bide gisara.

Azken batean, egokitu beharra dago hala prozedura eta araubide juridikoko lege berrietara eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko foru-lege berrietara nola CORAk (Administrazio Publikoak Erreformatzeko Batzordea) berriki sortutako arau batzuetara, bereziki Gardentasunari buruzkora, lotura baitu prozedura elektronikoarekin. Horrek justifikatu egiten du, hain zuzen, Ordenantza hau onesteko beharra.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta araubide juridikoa.

1. Ordenantza honek xede dauka administrazio-prozedura erkidea eta araubide juridiko garatzea, Iruñeko Udalaren esparruan administrazio-kudeaketa gauzatzeko, zeina bitarteko elektronikoez izapidetuko baita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatzearen ondorioz.

2. Hori horrela, administrazio-jardunean informazio-teknologiak erabiltzeak eskatzen dituen baldintzak eta eragiten dituen ondorio juridikoak arautzen ditu Ordenantza honek, hala Iruñeko Udalaren eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeen arteko harremanez nola herritarrekiko harremanez bezainbatean, betiere herritarren eskubideak bermatzea eta, bereziki, administrazio-prozedurak izapidetzean bitarteko elektronikoak erabiltzeak dakartzan baldintzak eta ondorio juridikoak erregulatzea xede harturik.

3. Halaber, Ordenantza honek printzipio arautzaileak ezartzen ditu bide elektronikoaren tramitazioan izapideak eta administrazio-prozedurak txertatzeko.

4. Ordenantza hau Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29. artikuluetan eta Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko Legearen 4. eta 70. bis-3 artikuluetan aitortutako erregelamenduaren eta auto-antolamenduaren inguruko ahalen babespean eman da.

2. artikulua. Aplikazio eremu subjektiboa.

1. Ordenantza hau honako erakunde hauetan izanen da aplikagarri:

a) Iruñeko Udala osatzen duten administrazio-organoak.

b) Iruñeko Udalaren pean dauden edo hari atxiki zaizkion erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.

c) Iruñeko Udalaren pean dauden edo hari atxiki zaizkion merkataritza-sozietateak eta bestelako entitateak, administrazio-ahalak gauzatzen dituztenean.

2. Honako hauek hartzen dira Administrazio Publikotzat ordenantza honen ondorioetarako: Iruñeko Udala osatzen duten administrazio-organoak eta aurreko 1. zenbakiaren b) letran aurreikusitako erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak, zeinen multzoak hemendik aurrera “Toki Erakundea” izena hartuko baitu.

3. Halaber, Ordenantza aplikatzen ahalko zaie udal-zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuen esleipendunei, lizitazio-pleguetan edo bestelako kontratu-agirietan horrela xedatzen bada, horiek Toki Erakundearekin, erabiltzaileekin eta herritarrekin dituzten harremanetan, dagozkien zerbitzu publikoak ematearen markoaren barruan.

4. Ordenantza hau herritarrei ere aplikatzen ahalko zaie, halakotzat ulertuta Administrazio Publikoen aurrean jarduteko gaitasuna daukatenak, Iruñeko Udalarekin eta 1. zenbakian aipatutako gainerako erakunde eta entitateekin harremanak dituztenean bitarteko elektronikoak erabiltzen badituzte.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 3. artikuluarekin bat, honako hauek dute Administrazio publikoen aurrean jarduteko gaitasuna:

a) Arau zibilekin bat jarduteko gaitasuna duten pertsona fisikoak edo juridikoak.

b) Adin txikikoak, haien eskubideak edo interesak gauzatu eta defendatzen dituztenean, betiere haien jarduna ordenamendu juridikoak baimentzen badu guraso-ahala, tutoretza edo kuradoretza duen pertsonaren laguntzarik gabe. Salbuetsita daude adin txikiko ezgaituak, ezgaitasunaren eraginak ukitzen duenean kasuan kasuko eskubideak edo interesak gauzatze edo defendatze hori.

c) Pertsona-taldeak, nortasun juridikorik gabeko bateratzeak eta entitateak eta ondare independenteak edo autonomoak, Lege batek berariaz horrela adierazten duen kasuetan.

3. artikulua. Aplikazio eremu objektiboa.

1. Ordenantza hau Toki Erakundeak parte hartzen duen jarduketetan aplikatuko da, eta, zehazki, hauetan:

a) Herritarrekiko harremanetan, horiek izaera juridiko administratibokoak badira.

b) Herritarrek egindako kontsultetan, horiek informazio publiko administratiboa eta Toki Erakundeak haren esku dituen administrazio-datuak eskuratzeko badira.

c) Administrazio-izapideak eta -prozedurak egitean, Ordenantza honek aurreikusten duenarekin bat.

d) Toki Erakundeak bere ahalmenak gauzatzerakoan eskuratutako informazioaren tratamenduan.

2. Ordenantza honetan jasotako printzipio orokorrak aplikatzen ahalko zaizkie, halaber, administrazio-prozedurari buruzko arauei lotzen ez zaizkien herritarren gaztiguei, eta bereziki honako hauei: oharrak eta gertakariak jakinaraztea, erreklamazioak eta kexak aurkeztea, iradokizunak egitea, tokiko organoei zuzendutako galderak eta eskaerak aurkeztea zein parte hartzeko bestelako moduak, betiere halakoetan ez bada berariazko arauketarik bete behar.

3. Toki Erakundeak bermatuko du herritarren sarbidea zerbitzu elektronikoetara, kanal batzuek osatutako sistema baten bidez, zeinak gutxienez honako bitarteko hauek edukiko baititu:

a) Aurrez aurreko arreta-bulegoak, non herritarren eskura jarriko baitira, libre eta doan, Ordenantza honetan aitortutako eskubideak gauzatzeko bitartekoak eta tresnak, eta horiek erabiltzearen gaineko laguntza eta orientazioa eskainiko baitira, dela bulegoetako langileen bidez dela bitarteko edo tresna horietan txertatutako sistemen bidez.

b) Sarbide Elektroniko Orokorrerako Gunea, Iruñeko Udalaren eta hari lotutako zein haren menpeko erakundeen eta entitateen organoetara sartzeko, horiek herritarren eskura izanik komunikazio-sareen bidez.

c) Telefono bidezko harrera-zerbitzua; horrek, segurtasun-irizpideek eta aukera teknikoek posible egiten duten neurrian, aurreko ataletan aipatutako informazio eta zerbitzu elektronikoetarako sarbidea erraztuko die herritarrei.

4. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Toki Erakundeak errespetatu beharko ditu, bere antolaketan, jarduketan eta sektore publikoko gainerako erakundeekiko harremanetan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 2ko 40/2015 Legearen 3. artikuluak aipatzen dituen printzipioak.

2. Toki Erakundeak bitarteko elektronikoen bidez edukiko ditu harremanak gainerako Administrazio Publikoekin eta haien organoekin, erakunde publikoekin eta haiei lotutako edo haien menpeko entitateekin, eta haietan sistemen zein hartutako irtenbideen elkarreragingarritasuna eta segurtasuna ziurtatuko dira, izaera pertsonaleko datuen babesa bermatuko da, eta pertsona edo entitate interesdunei zerbitzuak batera ematea lehenetsiko da.

3. Halaber, administrazio-prozedura elektronikoaren ezarpena tokikoaren esparruan indartu, garatu eta xehekatzeko, Toki Erakundeak ondoko artikuluetan zerrendatzen diren printzipioekin bat jardun beharko du.

5. artikulua. Administrazio elektronikoari buruzko antolaketa-printzipioak.

a) Herritarren zerbitzura egoteko printzipioa.

Printzipio honek behartu egiten du sarbide elektronikoa sustatzera, administrazio-argibideetara, -izapideetara eta -prozeduretara sartzeko, ahalik eta eraginkortasun handienaz lortze aldera gardentasunari, hurbiltasunari eta herritarren zerbitzuari buruzko printzipio konstituzionalak gauzatzea.

b) Administrazio-jarduera soiltzearen aldeko printzipioa.

Printzipio honek xede dauka administrazio-prozesuak, -prozedurak eta -izapideak soiltzea, eta herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzea, administrazio elektronikoko teknikak erabiltzeak dakarren eraginkortasunari esker eta bereziki garrantzitsu jotzen ez diren izapideak edo jarduketak kendu eta administrazio-prozesuak zein –prozedurak berriz diseinatzeari esker, betiere aplikagarri den araudiarekin bat eta informazio– zein komunikazio-teknologiek eskaintzen dituzten aukerak ahalik eta gehiena erabiliz.

c) Bitarteko elektronikoak sustatzearen aldeko printzipioa.

Printzipio honek bitarteko elektronikoak bete-betean erabiltzera behartzen du jarduketa orotan eta bereziki herritarrekiko harremanetan, horretarako bitarteko pertsonal eta material egokiak zein beharrezko neurriak aplikatuta horiek eraginkorrak izan daitezen, eta akuiluak ezarrita bitarteko elektronikoen erabilera sustatzeko herritarren artean.

d) Neutraltasun teknologikorako printzipioa.

Ordenantza honetan araututako jarduketak egitea bermatzen du printzipio honek, horretarako erabilitako tresna teknologikoak gorabehera, halako moduz non bilakaera teknologikoak eta gizarteak eskuratzen dituen teknologiek zehaztuko baitute une bakoitzean zer bitarteko teknologiko erabiltzea komeni den.

Bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko tresnak eta gailuak bateragarriak izanen dira erabilera orokorreko produktu informatikoekin, eta ez dute murriztuko pertsonen sarbidea zerbitzu elektronikoetara.

e) Elkarreragingarritasun-printzipioa.

Elkarreragingarritasunaren estandarrak hartzea bermatzen du printzipio honek, betiere segurtasun, egokitzapen tekniko eta bitartekoen ekonomiari buruzko irizpideekin bat, erabiltzen diren informazio-sistemak aitortuak eta bateragarriak izan daitezen herritarrek eta beste administrazioek erabiltzen dituztenekin.

f) Konfidentzialtasun, segurtasun eta datuen babeseko printzipioa.

Konfidentzialtasuna eta herritarren datuen segurtasuna bermatzen du, bat etorrita datuak babesteko araudian eta datuen konfidentzialtasuna babesten duten beste arauetan zehaztutakoekin. Herritarren datu pertsonalak babestuko dira bereziki, Toki Erakundearen organoek eta departamentuek amankomunean erabiltzen dituzten argibideetan jasotakoak.

g) Gardentasun-printzipioa.

Udal-artxiboetan jasotako informazioaren eta administrazio-jarduketen hedapena, publizitatea eta gardentasuna ahalik eta gehien erraztera behartzen du, sektore publikoaren gardentasunari buruzko legeekin, gainerako ordenamendu juridikoarekin eta Ordenantza honetan ezarritako printzipioekin bat.

h) Eraginkortasun, eragimen eta ekonomia printzipioak.

Printzipio horiek dira bitarteko elektronikoen ezarpenaren funtsa, eta hori, bereziki, honako irizpide hauen arabera eginen da:

–Ezarpenak herritarrengan sortzen duen inpaktua eta herritarrek nola erabiltzen dituzten udal-zerbitzu horiek.

–Zer biztanleria kolektibori zuzentzen zaizkien.

–Zerbitzua emateko erdiets daitezkeen hobekuntzak.

–Herritarrekin, gainerako udal-antolaketarekin eta haren informazio-sistemekin harremanak edukitzeko sistemen integrazioa.

–Beharrezkoa den ahalegin teknikoa, antolakuntzakoa eta ekonomikoa.

–Teknologien heldutasuna eta eskuragarritasuna.

i) Lankidetza-printzipioa.

Herritarrei ematen zaien zerbitzua eta kudeaketaren eragimena hobetzea du xedea, horretarako hitzarmenak, akordioak eta kontratuak ezarriz elkargo profesionalekin, elkarteekin eta bestelako entitateekin, haien bazkideek eta bezeroek Administrazioarekin dituzten harremanak hobetze aldera.

j) Partaidetza-printzipioa.

Printzipio honek bitarteko elektronikoen erabilera sustatzen du honako eskubide hauek gauzatzeko: parte hartzekoa –bereziki, eskaerak egitekoa–, entzunaldirako eta informazio publikorako eskubideak, herritarren ekimena gauzatzekoak, kontsultak egitekoa, kexak, erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztekoa, bai eta eztabaida publikoa eta ideien zein iritzien adierazpenekoa ere, horretarako bitarteko elektronikoei dagozkien tresnak erabilita, betiere fede oneko eta erabilera arduratsuko printzipioak betez.

6. artikulua. Administrazio-informazio elektronikoa hedatzeko printzipioak.

a) Eskuragarritasun printzipioa.

Honako hauek bermatzen ditu:

–Herritarren intereseko informazioa modu azkarrean, seguruan eta ulergarrian eskuratzeko bidea ematen duten sistema erabilerrazak edukitzea.

–Irizpide bateratuak erabiltzea informazioa ikertu eta bistaratzerakoan, informazioari hedapen egokiagoa emate aldera, betiere eskuragarritasuneko eta agirien tratamenduko nazioarteko eta Europako irizpide eta estandarrekin bat.

–Administrazio-agiriak zein -ekintzak ulergarri izatea, ahal den neurrian erabiliz hizkuntza erraza eta kulturalki eskuragarria, agiriak intelektualki ulergarri izan daitezen ahalik eta pertsona gehienentzat.

–Desgaitasunen bat edo berebiziko zailtasunak dituzten herritarren eskura jartzea administrazio-informazioa bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko behar diren baliabideak, oro har aitorturik dauden irizpideei eta estandarrei jarraituz.

b) Zehaztasun-printzipioa, Toki Erakundeak argitara emandako informazioetan.

Informazioa bitarteko elektronikoen bidez eskuratzean, printzipio honek bermatzen du xede-agiriek paperezko euskarrian edo jatorrizko agiria egiteko erabili den euskarrian dituzten eduki berberak, egiazkoak, zehatzak eta fidelak dituztela. Informazioa bide elektronikoetan eskuragarri egoteak ez du ezertan eragotzi edo zaildu behar aurrez aurreko arreta bulego publikoetan edo beste bitarteko tradizionaletan ere egotea.

c) Eguneratze-printzipioa.

Kanal elektronikoetan eskuragarri dagoen administrazio-informazioa eguneraturik dagoela bermatzen du printzipio honek. Argitalpen elektronikoetan, eguneratze-datak ere agertuko dira.

d) Datu pertsonalak babestuko direla bermatzen duen printzipioa.

Printzipio honen arabera, unean-unean erabilgarri dagoen teknologia erabiliko da datu pertsonalei dagozkien eskubideak bermatzeko, betiere beharrezko segurtasun-neurriak hartuko direla bermatuta, agiriaren helburuak edo baimenak babesten ez duen edozein trazabilitate pertsonal ekidite aldera.

e) Kontsulta irekiko printzipioa, sarbide unibertsal eta irekiko informazio-baliabideetarako.

Honako hauek bermatzen ditu:

–Indarreko legeekin bat sarbide orokorrekoa den administrazio-informazioa eskuragarri egotea, aurrez ezein identifikaziorik eskatu gabe.

–Indarreko legeekin bat publikoa eta orokorra den informazioaren dohakotasuna, ordenantza fiskaletan aurreikusitakoa ezertan eragotzi gabe.

7. artikulua. Herritarrek administrazio-prozedura bide elektronikoez eskuratzeko printzipioak.

a) Legezkotasun-printzipioa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako herritarrendako berme juridikoak mantentzea bermatzen du.

b) Bitarteko elektronikoak erabiltzeagatik ez baztertzeko printzipioa.

Honen bitartez, eragotzi egiten da Toki Erakundearekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeak bazterkeria edo kaltea ekartzea.

Bitarteko elektronikoen erabilerak ezinen die ezein kasutan ere murrizketarik edo diskriminaziorik eragin Toki Erakundearekin harremana izateko bitarteko ez-elektronikoak hautatzen dituzten herritarrei, dela zerbitzu publikoak eskuratzeko orduan, dela beste edozein administrazio-jarduera edo -prozeduretan, betiere, bitarteko elektronikoen erabilera sustatzeko neurriak ezertan eragotzi gabe.

c) Administrazio-prozeduren eta -agirien trazabilitate-printzipioa.

Trazabilitate-sistema eta -prozedura egokiak eta ulerterrazak ezartzeko beharrezko ekintzak egitera behartzen du, herritarrei bidea emate aldera bitarteko elektronikoen bidez eduki ditzaten, une oro, administrazio-prozeduren eta -agirien izapidetzeari eta historialari buruzko argibideen berri, ezertan eragotzi gabe beharrezko bitarteko teknikoak aplikatzea ukitutako pertsonen intimitatea eta datu pertsonalak bermatzeko.

d) Bitartekoen intermodalitate-printzipioa.

Printzipio honekin bat, bitarteko batez abiarazitako prozedura bat bestelako batez jarraitu daiteke, betiere prozedura osoaren segurtasun eta osotasun juridikoa segurtaturik dagoelarik.

Bide elektroniko bitartez egin daitezkeen izapideak eta prozedurak Toki Erakundeak zehaztutako bitarteko eta kanal elektronikoen bidez egiten ahalko dira.

e) Proportzionaltasun-printzipioa.

Honako hauek bermatzen ditu:

–Izapide edo jarduketei ezarritako berme eta segurtasun-neurriak horien izaeraren eta ezaugarrien araberakoak izanen dira, ez besterik.

–Herritarrei lortu nahi den xederako beharrezkoak diren datuak besterik ez zaie eskatuko.

f) Sistemen koordinazio- eta bakartasun-printzipioa.

Udal-administrazioak agiriak elektronikoki kudeatzeko sistema bakarra eta integrala sortzea sustatuko du, agiriak eta haien administrazio-zirkuituak ekoitzi, izapideak egin, kontrolatu, ebaluatu eta eskuragarri jartzen dituzten operazio guztiak normalizatze aldera, agiriok sortzen direnetik ezabatzera edo behin betiko gordetzera bitarte.

g) Erabilgarritasun-printzipioa.

Printzipio hau bermea da zerbitzu elektronikoen diseinuak erabiltzailea jomuga eduki dezan, halako moduz non zerbitzua erabiltzeko gutxieneko ezagutza teknologikoa ahalik eta txikiena izan dadin.

8. artikulua. Administrazioen arteko lankidetza eta elkarlana sustatzearen printzipioak administrazio elektronikoaren esparruan.

a) Administrazioen arteko lankidetza-printzipioa.

Hona printzipioaren xedea: herritarrendako zerbitzua eta baliabide publikoen kudeaketa-eraginkortasuna hobetzea, hitzarmenak eta akordioak sustatuz gainerako administrazio publikoekin, bereziki Ordenantza honetan jasotako aurreikuspenak garatze aldera, besteak beste estandar teknikoak zehazteari zuzendutakoak eta informazioa, datuak, prozesuak eta aplikazioak elkartrukatu eta partekatzeko mekanismoak ezartzekoak, betiere elkarreragingarritasunarekin bat.

Toki Erakundeak Egoitza Elektronikoan argitaratuko ditu beste administrazio publikoekin sinatutako akordioak eta hitzarmenak.

b) Elkarlan, sarbide eta eskuragarritasun mugatuko printzipioak.

Printzipio honek berekin dakar Toki Erakundeak bere esku eduki eta administrazio eskatzaileak bere eskumenak gauzatzeko behar dituen informazioa, datuak, agiriak edo froga-bitartekoak emateko betebeharra.

Xede horretarako, sarbidea emanen zaie gainerako administrazio publikoei Toki Erakundeak euskarri elektronikoan jasota dituen kasuan kasuko pertsonen edo entitateen datuak eskuratu ditzaten, betiere zehazturik aipatu datu horiek segurtasun- eta osotasun-bermerik handienaz eskuratzeko baldintzak, protokoloak eta funtzionaltasun-irizpideak.

Aurreko atalean aipatutako datuen eskuragarritasuna mugatua egonen da, administrazio publikoek beren funtzioak gauzatzeko beren eskumenekoak diren prozedurak izapidetu eta ebazteko zer datu behar diren eta horietara.

II. TITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

9. artikulua. Herritarren eskubideak.

Ordenantza honen markoan herritarrei aitortutako eskubideak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 2ko 39/2015 Legearen 13. artikuluan eta beste arauetan jasotakoak dira, eta bereziki administrazio elektronikoaren esparruetako honako hauetan aitortutakoak:

a) Toki Erakundearekin Sarbide Elektroniko Orokorrerako Gune baten bitartez komunikatzeko eskubidea.

b) Laguntza jasotzeko eskubidea Toki Erakundearekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltze aldera.

c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 2ko 39/2015 Legean aurreikusitako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak erabiltzeko eskubidea.

d) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 2ko 39/2015 Legearen 53.1.a) artikuluak sartzeko atari gisara jardunen duen Toki Erakundearen Sarbide Elektroniko Orokorrerako Guneari buruzko puntuan aipatzen duen prozeduraren gaineko informazioa kontsultatzeko eskubidea.

e) Toki Erakundeak prozeduretan jasotako agirien kopiak eskuratzeko eskubidea. Toki Erakundearen betebehar hori bete dela ulertuko da kopiak eskuragarri jartzen direnean Erakundearen Sarbide Elektroniko Orokorrerako Gunean.

f) Kopia kauto bat lortzeko eskubidea, salbuespenez jatorrizko agiria aurkeztu behar den kasuetan.

g) Bitarteko elektronikoak baliatuta ordaintzeko betebeharra betetzeko eskubidea, bide hauetako bat erabiliz: kreditu- eta zordunketa-txartela, banku-transferentzia, banku-helbideratzea edo Toki Erakundeak ezartzen ahal duen beste edozein.

10. artikulua. Herritarren betebeharrak.

Administrazio-jardunean eta herritarrek Toki Erakundearekin dituzten harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeaz bezainbatean, eta Administrazio Elektronikoaren esparruko informazio, komunikazio, prozesu eta aplikazioen gaineko funtzionamendu eta kudeaketa egokiak bermatze aldera, Estatuaren oinarrizko legeetan eta Erkidegoko lege aplikagarrietan ezarritako betebeharrek gidatuko dute herritarren jarduna, eta bereziki honako hauek:

a) Administrazio elektronikoaren zerbitzuak eta prozedurak fede onez eta gehiegikeriarik gabe erabiltzeko betebeharra.

b) Toki Erakundeari datuak zertarako eskatu eta hari horretarako egokia den informazio egiazkoa, osoa eta zehatza emateko betebeharra.

c) Toki Erakundearekin bitarteko elektronikoen bidez dituzten administrazio-harremanetan identifikatzeko betebeharra, harremanek halakorik eskatzen badute indarreko legeekin bat.

d) Toki Erakundearekin bitarteko elektronikoen bidez dituzten administrazio-harremanetan erabilitako identifikazio-osagai pertsonalak eta besterenezinak babesteko betebeharra.

e) Pribatutasun-, konfidentzialtasun- eta segurtasun-eskubideak, bai eta datuen babesaren esparruko gainerako eskubideak errespetatzeko betebeharra.

III. TITULUA

Toki Erakundearen funtzionamendu elektronikoa

11. artikulua. Interneteko ataria. Sarbide elektroniko orokorrerako gunea.

1. Sarbide elektroniko orokorrerako gunea da Toki Erakundearen Interneteko ataria, eta haren titulartasuna Iruñeko Udalarena da. Guneak bidea ematen du Interneten bidez eskuratzeko argitaratutako informazioa eta Toki Erakundearen egoitza elektronikora sartzea, zeinen bidez herritarrek elektronikoki jar baitaitezke harremanetan Toki Erakundearekin.

2. Sarbide Elektroniko Orokorrerako Guneak bidea emanen du Toki Erakundea osatzen duten organoen eta entitateen zerbitzuak, izapideak eta informazioa eskuratzeko.

3. Sarbide Elektroniko Orokorrerako Guneak lotura edukiko du Toki Erakundearen egoitza elektronikoarekin. Egoitzak, halaber, eremu pertsonalizatu bat edukiko du, eta haren bidez interesdun bakoitzak eskuratzen ahalko ditu, bere datu pertsonalen osotasuna eta konfidentzialtasuna bermatzen dituzten prozedura seguruen bidez, kasuan kasuko informazioa, administrazio-izapideen gaineko jarraipena eta bere gaztiguak zein jakinarazpenak, horretan eskumena duen Administrazio publikoaren esparruan.

12. artikulua. Egoitza elektronikoa.

1. Toki Erakundearen egoitza elektronikoa da herritarrek telekomunikazioko sareen bidez erabilgarri duten helbide elektronikoa, zeinen titulartasuna Iruñeko Udalarena baita haren eskumenak gauzatzearen esparruan.

Egoitza elektronikoa diren helbide elektronikoek modu ikusgarrian eta zalantzarik gabean eman behar dute horren berri.

Toki Erakundearen egoitza elektronikoa Iruñeko Udaleko Administrazio Elektronikoa arautzen duen Ordenantzak sortu zuen ofizialki. Hasiera bateko onespena Udaleko Osoko Bilkurak eman zion 2010eko irailaren 17an, eta behin betiko onespena 2010eko 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialak eman zuen argitara, abenduaren 17koak. Egoitza elektronikoan lotura bat dago Aldizkari Ofizialean egindako argitalpen horretara.

Herritarrek eskura izanen dute egoitza elektronikora sartzea, berariazko esteka baten bidez, Toki Erakundearen http://www.pamplona.es interneteko atarian (sarbide elektroniko orokorrerako gunea), honako helbide elektroniko honetan: https://sedeelectronica.pamplona.es.

Toki Erakundearen egoitza elektronikoa honako printzipio hauei zorrozki lotuta sortu zen: gardentasuna, publikotasuna, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, eskuragarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

Egoitza elektronikoa bakarra izanen da Toki Erakundea osatzen duten organo eta entitate guztientzat, eta Espainian ofizialak diren egun eta orduekin bat jardunen du.

2. Toki Erakundearen egoitza elektronikoa bulego birtuala da, zerbitzari batean edo batzuetan kokatutako hainbat web orrik osatutakoa. Zerbitzarietara sartzeko, aurreko puntuan jasota dagoen helbide elektronikoaz baliatu behar da. Hartara, horren bidez eta telekomunikazio-sare bat erabilita, herritarrek informazioa kontsultatu, bertan eskaintzen diren zerbitzuak erabili eta Toki Erakundearekin baliozko harreman juridikoei bide eman ahalko diete.

3. Iruñeko Udalak bermatuko du Toki Erakundearen egoitza elektronikoaren bitartez eskura daitezkeen informazioa eta zerbitzuak osoak, egiazkoak eta eguneratuak direla, eta haien gaineko erantzukizuna hartuko du.

4. Toki Erakundearen egoitza elektronikoak sistema batzuk izanen ditu, komunikazio seguruak ezartzea ahalbidetzeko, halakorik behar izanez gero.

5. Toki Erakundearen egoitza elektronikoan argitaratutako informazioek, zerbitzuek eta transakzioek irisgarritasun eta erabilgarritasun printzipioak errespetatuko dituzte, horretarako ezarritako arauekin, estandar irekiekin eta, halakorik balitz, herritarrek oro har erabiltzen dituzten estandarrekin bat.

6. Toki Erakundearen egoitza elektronikoak autentifikazio-ziurtagiri aitortuak edo kualifikatuak erabiliko ditu webgune edo horren antzeko bitartekoetan, identifikatzeko eta berekiko komunikazio segurua bermatzeko.

7. Toki Erakundearen egoitza elektronikoaren titulartasunaren identifikazioa bermatuko da, Iruñeko Udala horren titularra dela jasotzen duen ziurtagiri digital baten bidez.

Egoitza elektronikoa identifikatzeko erabilitako ziurtagiri elektronikoak aitortua eta kualifikatua izan behar du, eta bat etorriko da Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalak, Segurtasun Eskema Nazionalak eta identitatearen zein sinadura elektronikoaren esparruan indarrean diren legeek ezarritakoarekin.

8. Iradokizunak eta kexak:

Egoitza elektronikoak postontzi bat dauka, bertan iradokizunak eta kexak aurkez daitezen, betiere xede harturik horiek modu egokian aintzat hartzea eta haien bidez Toki Erakundeak ematen dituen zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko aukerak izatea.

Egoitza elektronikoan jasotako iradokizunen eta kexen izapideak Iruñeko Udalaren Iradokizun eta Erreklamazioen Batzorde Bereziaren Erregelamenduan (2008ko 128. NAOn argitara emana, urriaren 20koan) aurreikusitako moduarekin bat eginen dira.

9. Egoitza elektronikoak, besteak beste, eduki hauek izanen ditu:

a) Egoitza zuzen erabiltzeko beharrezko informazioa, egoitza elektronikoaren mapa barne, bai eta nabigazio egitura eta erabil daitezkeen sekzioak ere zehaztuta.

b) Egoitzaren identifikazioa eta egoitzak ematen dituen ziurtagiriak egiaztatzeko sistema, zuzenean eta doan eskuratu daitekeena.

c) Egoitzan identifikatzeko eta sinadura elektronikoa egiteko onartzen diren edo erabiltzen diren sistemen zerrenda.

d) Erabiltzaileei aholkularitza elektronikoa eta telefonikoa emateko zerbitzua, egoitza zuzen erabil dezaten.

e) Egoitza elektronikoan erabilgarri dauden zerbitzuen zerrenda.

f) Administrazioarekin harremanetan jartzeko duten eskubidea gauzatzeko herritarrek kasu bakoitzean erabil ditzaketen bitarteko elektronikoen zerrenda.

g) Postontzi bat, iradokizunak eta kexak aurkezteko.

h) Toki Erakundeak emandako agiriak –zeinak egiaztapen-kode seguru bidez autentifikatu baitira– osoak eta benetakoak direla egiaztatzea.

i) Egoitza elektronikoaren egun eta ordu ofizialen adierazpena, bai eta egun ez-baliodunen egutegia ere.

j) On-line ordainketak.

k) Erregistro elektronikoa sortzeko xedapena.

l) Informazioa, eskubide bat gauzatzeko beharrezkoa den sistema edo aplikazio baten ohiko funtzionamendua eragozten duen gorabehera tekniko ororen gainean, bai eta epe ez gainditu baten luzapenaren gainean ere.

m) Erregistroen esparruko bulegoen gaineko kontsulta, interesdunei bidea emateko etxetik hurbilen dutena identifikatzeko.

n) Interes orokorrekotzat jotzen diren edo lege zein arauekin bat eskatzen diren beste informazioak.

10. Herritarrek, halaber, honako zerbitzu hauek erabiltzen ahalko dituzte:

a) Erregistro elektroniko orokorra.

b) Herritarrek Toki Erakundearekin harremanetan jartzeko duten eskubidea gauzatuz erabil ditzaketen aurrez aurreko bitartekoen, bitarteko telefonikoen eta elektronikoen zerrenda.

c) Eskabide-ereduak.

d) Sarbidea egoitza elektronikoan erabilgarri dauden zerbitzu eta izapideetara, haien gehieneko iraupen-epea zein Administrazio-isiltasunak eragiten dituen ondorioak adierazita.

e) Nire Herritar Karpeta.

11. Nire Herritar Karpeta:

11.1. Nire Herritar Karpeta bide birtuala da norbera Toki Erakundearekin harremanetan jartzeko. Nire Herritar Karpetan sartzeko, erabiltzaleak nortasuna autentifikatu beharko du, Ordenantza honen IV. Tituluan xedatutakoarekin bat.

11.2. Nire Herritar Karpetaren bidez, hala pertsona fisikoek eta juridikoek nola nortasun juridikorik gabeko entitateek sistema eta prozesu telematikoak erabiltzen ahalko dituzte komunikaziorako tresna gisara, besteak beste, honako zerbitzu hauek eskuratzeko:

a) Iruñeko Udalaren datu-baseetan jasota dagoen pertsona edo entitate horren gaineko informazioa eskuratzea.

b) Nork bere kabuz eskura izatea Toki Erakundearen informazio orokorra, betiere horretara lehenago harpidetuz gero.

c) Eragiketak egitea, komunikazioak jasotzea eta jakinarazpenak jasotzeko agertzea eta administrazio-izapideak betetzea, bide elektronikoa erabilita.

d) Egindako komunikazio eta jakinarazpenetara sartzea, barne harturik atzera egindakoak eta iraungiak.

e) Prozeduraren izapidetze-egoera zertan den kontsultatzeko aukera. Horren bidez, interesdunak gutxienez jakiten ahalko du prozedura zein fasetan dagoen eta zein organo edo unitate arduratzen den prozeduraz, salbu aplikagarria den araudiak informazio horretara heltzeko murrizketarik ezartzen badu.

11.3. Nire Herritar Karpetara sartu eta hori erabiltzeak berekin dakar erabiltzaile-izaera hartzea, eta horrela ulertuko da Iruñeko Udaleko egoitza elektronikoan argitara emandako arauak eta baldintzak aurretik irakurri eta onartu direla. Izan ere, Karpetara sartu eta erabiltzeak berekin dakar erabiltzaileak espresuki, osorik eta erreparorik gabe onartzea egoitza elektronikora sartzen denean argitaratuta dagoen bertsioan agertzen diren erabilpen-arauak eta -baldintzak oro.

11.4. Jakinarazpena errazte aldera, pertsona edo entitate interesdunak beste bitarteko elektroniko batzuk ematen ahalko dizkio Toki Erakundeari, hala nola posta-helbideak edo telefono mugikorren zenbakiak, kortesiazko ohar osagarriak igor ditzan, adierazteko jakinarazpen elektronikoa egiten saiatzen ari dela edo egiteke dagoela.

11.5. Hala herritarrek Toki Erakundearekiko harremanak ahalbidetzeko ematen dituzten datuek –esaterako telefono-zenbakiek, helbide elektronikoek eta beste hainbatek– nola Toki Erakundeak sektorialki gaztiga diezaien hobesten dituzten aukerek bermerik handienak izanen dituzte, segurtasun, osotasun eta baliagarritasunez bezainbatean, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan, abenduaren 13koan, eta hori garatzen duten arauetan xedatutakoarekin bat.

12. Erantzukizun-arau bereziak:

Egoitza elektronikoak Toki Erakundearena ez den egoitza batekin lotura edo estekarik izanez gero, eta horren ardura beste organo edo administrazio publiko bati badagokio, Toki Erakundeak ez du erantzukizunik bere gain hartuko horren osotasun, egiazkotasun eta eguneratzeaz bezainbatean.

13. artikulua. Toki Erakundea osatzen duten entitateak elektronikoki identifikatzea. Zigilu elektronikoa.

1. Toki Erakundea osatzen duten entitateak elektronikoki identifikatzen ahalko dira zigilu elektroniko bat erabiliz. Zigiluak oinarri hartuko du sinadura elektronikoari buruz legeek eskatzen dituzten baldintzak betetzen dituen ziurtagiri elektroniko aitortua edo kualifikatua. Ziurtagiri elektronikoak barne hartuko ditu identifikazio fiskalaren zenbakia eta dagokion izendapena, bai eta, halakorik balitz, pertsona titularraren identitatea ere, administrazio-organoen zigilu elektronikoen kasuan.

2. Toki Erakundea osatzen duten entitateek erabilitako zigilu elektronikoen zerrendak, barne harturik ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek ematen dituzten emaileak, publikoak izanen dira, eta eskuragarri bitarteko elektronikoen bidez, eta argitara emanen dira egoitza elektronikoan Toki Erakundearen webgunean.

3. Toki Erakundeak behar diren neurri egokiak hartuko ditu bere zigilu elektronikoak egiaztatzeko.

4. Toki Erakundea identifikaturik dagoela ulertuko da interneteko atarian propiotzat argitara emandako informazioaz bezainbatean.

14. artikulua. Administrazio-jarduketa automatizatua.

1. Honako hau hartuko da administrazio-jarduketa automatizatutzat: Toki Erakundeak administrazio-prozeduraren baitan bitarteko elektronikoak osorik erabilita egiten duen edozein egintza edo jarduketa, non ez baitu zuzenean parte hartu inongo langile publikok.

2. Administrazio-jarduketa automatizatu baten kasuan, aurrez organo eskuduna edo eskudunak ezarri beharko dira, kasu bakoitzaren arabera, zehaztapenak, programazioa, mantentze-lanak, gainbegiratze-lanak eta kalitatearen kontrola zehazteko, eta, behar izanez gero, informazio-sistemaren eta haren iturri-kodearen auditoretza zehazteko. Halaber, organo arduraduna zein den adierazi beharko da, aurka aukeratze-ondorioetarako.

15. artikulua. Sinadura-sistemak jarduera administratibo automatizaturako.

Administrazio-jarduera automatizatuan eskumenaren erabilera gauzatzeko, Toki Erakundea osatzen duten entitate bakoitzak sinadura elektronikoko honako sistema hauek zein kasutan erabiltzen ahal diren zehazten ahalko du:

a) Zigilu elektronikoa –Administrazio publikoarena, organoarena, erakunde publikoarena edo zuzenbide publikoko entitatearena–, zeina oinarrituko baita sinadura elektronikoari buruz legeek eskatzen dituzten baldintzak betetzen dituen ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuan.

b) Egiaztapen-kode segurua –Administrazio publikoari, organoari, erakunde publikoari edo zuzenbide publikoko entitateari lotutakoa–, ezarritako zehaztapen eta baldintzekin bat, betiere egoitza elektronikora sarbidea emanez, agiriaren osotasuna egiaztatzeko.

Toki Erakundearen egiaztapen orokorreko kode seguruaren sistema erabilgarria izanen da paper-euskarrian emandako agiri elektronikoen kopiak kautoak direla bermatzeko.

Nolanahi ere, egiaztapen-kode seguruak berme tekniko nahikoak eman beharko ditu, kasuan kasuko jarduketak eskatzen duen segurtasun-maila kontuan hartuta, betiere aplikagarri diren legeek eta, bereziki, Segurtasunerako Eskema Nazionala Administrazio Elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak ezarritakoekin bat.

Baliozkoa izateko, Alkatetza Dekretu batek edo hark horretarako eskuordetu duen organoarenak sortu beharko du egiaztapen-kode segurua, betiere honako gutxieneko berme hauekin bat:

–Agiri bakoitzerako sortutako kode bakoitza bakarra eta aleatorioa izanen da, eta loturik egonen da agiria ematen duen partearekin.

–Segurtasun kriptografikoa, ziurtagiri kualifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko aurreratuko sistemaren baliokidea.

–Sarbidea agiri kautora, kodearen bidez, egoitza elektronikoaz baliatuta, eta, behar izanez gero, agiria gordetzen duen artxibo elektronikoa, agiriak zein epetan sortzen dituen lege-ondorioak eta horren bitartean. Sarbide hori berehalakoa eta doan izanen da pertsonentzat.

–Kodea loturik egonen da sortutako agiriarekin eta sinatzailearekin. Sortutako agirian egindako aldaketa orok beste agiri bat sortuko du eta, harekin bat, beste egiaztapen-kode bat.

–Agirirako sarbide murriztua egiaztapen-kode segurua duenarentzat.

Toki Erakundeak prozedura bat erabiliko du sistema zuzenean eta doan egiaztatzeko.

16. artikulua. Administrazioen zerbitzuko langileen sinadura elektronikoa.

1. 11., 14. eta 15. artikuluetan aurreikusitakoa ezertan eragotzi gabe, Toki Erakundea osatzen duten entitateen jarduna, bitarteko elektronikoak erabiltzen dituenean, organoaren edo langile publikoaren sinadura elektronikoaren bidez eginen da.

2. Toki Erakundeak zehaztuko du bere langileek elektronikoki sinatzeko erabili behar dituzten sistemak, non posible izanen baita batera identifikatzea lanpostuaren titularra eta hark zer administrazio edo organotan ematen duen zerbitzua. Segurtasun publikoko zioengatik, sinadura elektronikoko sistemek agertuko dute bakarrik langile publikoaren identifikazio profesionalaren zenbakia.

3. Organoetako titularrek edo kideek zein haien zerbitzura daudenek ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako identifikazio-sistemak eta sinadura elektroniko aurreratukoak erabiltzen ahalko dituzte, edo, baita ere, prestatzaile kualifikatuek emandako sinadura elektroniko kualifikatuko sistemak, kasuan kasuko jarduketak eskatzen duen segurtasun-mailaren arabera eta, betiere aplikagarri diren legeek eta, bereziki, Segurtasunerako Eskema Nazionala Administrazio Elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak ezarritakoekin bat.

Ziurtagiri horiek Toki Erakundeak eman beharko dizkie haren zerbitzura ari diren pertsonei, ezertan eragotzi gabe pertsona horiek dituzten ziurtagiri kualifikatu zeharo pertsonalak bere borondatez erabiltzea baimentzeko aukera, identifikazio eta sinadura elektronikoko agirian.

Ziurtagiriek datu gehigarri batzuk ematen ahal dituzte, hala nola, organoaren, unitatearen, karguaren edo lanpostuaren identifikazioa, betiere neurriz jokatuta eta gardentasunari zein datu pertsonalei buruzko legeek ezarritako mugak errespetatuz.

Segurtasun publikoko zioengatik, sinadura elektronikoko ziurtagiri kualifikatuak izengoitiaz erabiltzen ahalko dira, agirien sinatzaileak identifikatzeari mugak aplikagarri bazaizkio eta muga horiek indarreko legeak aplikatzearen ondoriozkoak badira. Izengoitiaren erabilera gauzatuko da identifikazio profesionaleko zenbakiaz edo horren baliokideaz.

Organo judizialek eta horretarako legitimaturik dauden beste zenbait organok eta pertsonak eskatzen ahalko dute kualifikatutako ziurtagiria izengoitiaz sinatu duten pertsonen identitatea esan diezaietela, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2 artikuluak aurreikusten dituen kasuetan.

4. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, Toki Erakundeak klabe hitzartuen sistema propioa eman eta kudeatzen ahalko du bere langile publikoendako, Alkatetzak emandako dekretu bidez, non sistema erabiltzeko zehaztapenak eta baldintzak arautuko diren, betiere bete beharko duelarik, bermatzen duen segurtasun-mailaren arabera, Segurtasunerako Eskema Nazionala Administrazio Elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak ezarritakoa.

Halaber, Toki Erakundeak atxikitzen ahalko zaie klabe hitzartuetan oinarritu eta beste administrazio publikoek eskainitako identifikazio- eta sinadura-sistemei, betiere haien segurtasun-maila nahikoa dela jotzen bada.

5. Halaber, Toki Erakundeak sinadura elektronikoa eskuz egiteko mekanismoak ezartzen ahalko ditu, aurrez aurreko harremanetan erabiltzeko. Mekanismo horiek bermatu beharko dute, nolanahi ere, hala Toki Erakundeak edo hirugarrenek ez dituztela berriz ere erabiliko nola sinatutako datuak osoak eta aldaezinak direla.

17. artikulua. Komunikazio-ingurune itxietan datu elektronikoak trukatzea.

1. Administrazio publikoen, organoen, erakunde politikoen eta zuzenbide publikoko entitateen artean ezarritako komunikazio-ingurune itxietan transmititutako agiri elektronikoak baliozkotzat joko dira agiriok igortzen eta jasotzen dituztenak artikulu honetan ezarritako baldintzen arabera kautotu eta identifikatzeko.

2. Komunikazioetan parte hartzen duten pertsonak Toki Erakundekoak badira, horrek zehaztuko du komunikazioak arautuko dituzten baldintzak eta bermeak, non gutxienez kontuan hartuko baitira baimendutako igorleen eta hartzaileen zerrenda eta elkartrukatuko diren datuen izaera.

3. Komunikazioetan parte hartzen dutenak administrazio ezberdinetakoak badira, haien artean sinatutako hitzarmen batek ezarriko ditu aurreko atalean aipatu baldintzak eta bermeak.

4. Nolanahi ere, bermatu beharko dira komunikazio-ingurune itxiaren segurtasuna eta transmititzen diren datuen babesa.

18. artikulua. Sinadura elektronikoaren aseguramendua eta elkarreragingarritasuna.

1. Eskumeneko agintarien edo funtzionarioen sinadura elektroniko aitortua beharko dute honako agiri hauek:

a) Alkatetzaren dekretuak, bandoak eta pertsona bakarreko organoen ebazpenak, eta kide anitzeko organoek hartutako erabakiak.

b) Administrazio-prozedurari buru ematen dioten ebazpenak, eta ondoko izapide-egintzak: gaiaren funtsa zuzenean edo zeharka erabakitzen dutenak, prozedurarekin jarraitzeko ezintasuna xedatzen dutenak eta defentsa-gabezia edo legezko interesei zein eskubideei kalte konponezina sortzen dizkiotenak.

c) Administrazio-errekurtsoen gainean ebazten duten ebazpenak.

d) Banako organoek zein kide anitzekoek emandako administrazio-ziurtagiriak.

e) Administrazio-prozeduran derrigorrezkoak diren irizpenak eta txostenak.

f) Erabakiak, itunak, hitzarmenak eta kontratuak.

2. Hala agintarien, zuzendarien eta idazkari teknikoen sinadura elektroniko aitortua nola fede publikoaz, egiaztapenaz edo jakinarazpenaz arduratzen diren funtzionarioena taldeka edo administrazio-egintzen multzoka egin daitezke, sinadura hori arintze aldera.

3. Elkarreragingarritasuna sustatze aldera eta agiri elektronikoen sinadura elektronikoa automatikoki egiaztatzea posible egite aldera, Toki Erakunde honek edo beste administrazio batek ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuan oinarritutakoez besteko sistema bat erabiltzen badu elektronikoki sinatzeko, elektronikoki sinatutako agiriak beste organoei, erakunde publikoei, zuzenbide publikoko entitateei edo administrazioei igortzeko edo haien eskura jartzeko, ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko bat gainjartzen ahalko du.

IV. TITULUA

Administrazio-prozeduran interesa duten pertsonen eta beste entitateen identifikazio elektronikoa eta sinadura elektronikoa

19. artikulua. Prozeduran interesa duten pertsonak edo entitateak elektronikoki identifikatzeko sistemak.

1. Toki Erakundea beharturik dago administrazio-prozeduran interesdun diren pertsonen identitatea egiaztatzera, haien izen-deiturak edo izena edo sozietatearen izena kasuaren arabera frogatuz, zeina Nortasun Agiri Nazionalean edo identifikazio-agiri baliokidean jasota egonen baita.

2. Pertsona edo entitate interesdunak elektronikoki identifikatzen ahalko dira Toki Erakundearen aurrean horretarako erabilita haien identitatea bermatzea ahalbidetzen duen sistema bat, zeinak aurrez pertsona edo entitate erabiltzaileen erregistro bat izanen baitu. Zehatz-mehatz, honako sistema hauek onartuko dira:

a) Sinadura elektronikoaren gaineko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako sistemak, non eta “Ziurtagiri-zerbitzuen emaileen konfiantzazko zerrenda” delakoan jasota dauden entitate emaileek emanak baitira. Ondorio horietarako, aipatutako ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuen artean daude pertsona juridikoena eta nortasun juridikorik gabeko entitateena.

b) Zigilu elektronikoaren gaineko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako sistemak, non eta “Ziurtagiri-zerbitzuen emaileen konfiantzazko zerrenda” delakoan jasota dauden entitate emaileek emanak baitira.

c) Klabe hitzartuko sistemak eta Toki Erakundeak egoki jotzen duen beste edozein sistema, horiek garatzeko emandako Alkatetza Dekretuetan ezarritako zehaztapen eta baldintzekin bat.

d) Pertsona fisikoek erabiltzen ahalko dute, elektronikoki identifikatu eta sinatzeko, klabe hitzartuko Estatu-Administrazio Orokorraren Cl@ve sistema, haren hiru modalitateetan: unean uneko cl@vea (PIN cl@vea), cl@ve iraunkorra eta sinadura-cl@vea. Identifikazio- eta sinadura-sistema horiek haien garapenerako emandako Alkatetza Dekretuak arautuko ditu.

Pertsona fisikoa elektronikoki identifikatzeko klabe hitzartuko sistemek edo Toki Erakundeak baliozkotzat jotzen duen beste edozeinek honako datu hauek jaso beharko dituzte, gutxienez: pertsona fisikoaren izena, abizenak eta Nortasun Agiri Nazionala edo Atzerritarren Identifikazio Zenbakia edo Identifikazio Fiskaleko Zenbakia.

Pertsona juridikoen sistemek izena eta Identifikazio Fiskaleko Zenbakia jaso beharko dituzte gutxienez.

e) Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako identifikazio eta zigilu elektronikoko sistemak erabiltzen ahalko dituzte, edo zigilu elektroniko kualifikatuko sistemak. Zigilu elektronikoa onartzeko, honako baldintza hauek bete behar dira:

–Zigilu elektronikoa erabiltzeak berekin dakar jarduketa zuzenean esleitzea pertsona juridikoari edo nortasun juridikorik gabeko entitateari, ordezkaritza egiaztatu beharrik gabe.

–Onartua izan den izapideen multzoaren barruan, zigilu elektronikoa ezin izanen da mugatu.

–Zigilu elektronikoa norbait ordezkatzen ari den pertsona fisikoaren sinadura elektronikoaren ordez erabiltzen ahalko da, halako moduz non bi sistema horiek, bata zein bestea, izanen baitira erabilgarri, pertsona edo entitate interesdunak zer hautatzen duen.

–Zigilu elektronikoaren erabilera bakarrik onartuko da datuen jatorria zuzena dela eta datuak osoak direla bermatzea nahikoa den jarduketetan.

Izapide edo prozedura jakin batzuk egiteko, Toki Erakundeak zehazten ahalko du sistema horietako batzuk bakarrik onartzen dituen, betiere kontuan harturik c), d) eta e) letretan aurreikusitako identifikazio-sistemetako bat onartzeak berekin dakarrela aurreko a) eta b) letretan izapide edo prozedura horretarako aurreikusitako sistema guztiak onartzea.

Toki Erakundearen esparruan onartzen diren sinadura elektroniko aitortuko sistemen zerrenda publikoa izanen da, eta bitarteko elektronikoen bidez kontsultatzen ahalko da, egoitza elektronikoan. Zerrenda hori etengabe gaurkotuko da.

20. artikulua. Toki Erakundeak onartutako sistemak elektronikoki sinatzeko.

1. Pertsona edo entitate interesdunek edozein sistema erabilita sinatzen ahalko dute, betiere sistema horrek bidea ematen badu hala haien borondatearen egiazkotasuna eta adostasuna nola agiriaren osotasuna zein aldaezintasuna egiaztatzeko.

2. Pertsona edo entitate interesdunek hautatzen badute Toki Erakundearekiko harremanak bitarteko elektroniko bidez edukitzea, honako hauek joko dira baliozkotzat sinaduraren ondorioetarako:

a) Sinadura elektroniko aitortu edo kualifikatu eta aurreratuko sistemak, sinadura elektronikoaren gaineko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutakoak, non eta “Ziurtagiri-zerbitzuen emaileen konfiantzazko zerrenda” delakoan jasota dauden entitate emaileek emanak baitira. Ondorio horietarako, aipatutako ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuen artean daude pertsona juridikoena eta nortasun juridikorik gabeko entitateena.

b) Zigilu elektroniko aitortu edo kualifikatuko sistemak eta zigilu elektroniko aurreratukoak, “Ziurtagiri-zerbitzuen emaileen konfiantzazko zerrenda” delakoan jasotako zigilu elektronikoaren gaineko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutakoak.

c) Pertsona fisikoek erabiltzen ahalko dute, elektronikoki identifikatu eta sinatzeko, klabe hitzartuko Estatu Administrazio Orokorraren Cl@ve sistema, haren hiru modalitateetan: kasuan kasuko cl@vea (PIN cl@vea), cl@ve iraunkorra eta sinadura-cl@vea. Identifikazio- eta sinadura-sistema horiek haien garapenerako emandako Alkatetza Dekretuak arautuko ditu.

d) Toki Erakundeak sinadura elektronikoa eskuz egiteko mekanismoak ezartzen ahalko ditu, pertsona fisikoek aurrez aurreko harremanetan erabil ditzaten. Mekanismo horiek bermatu beharko dute, nolanahi ere, hala Toki Erakundeak edo hirugarrenek ez dituztela berriz ere erabiliko nola sinatutako datuak osoak eta aldaezinak direla.

e) Toki Erakundeak egoki jotzen duen beste edozein sistema, horiek garatzeko Alkatetzaren Dekretuetan ezarritako zehaztapen eta baldintzekin bat. Sistema horrek, nolanahi ere, pertsona edo entitate interesdunaren identifikazio-datuak jaso beharko ditu, halako moduz non identitatea lotzen ahalko baita borondatez sinatzeko egintzarekin.

Toki Erakundeak zehazten ahalko du sistema horietako batzuk bakarrik onartzen dituen haren eskumenekoak diren izapide edo prozedura jakin batzuk egiteko.

Toki Erakundearen esparruan onartzen diren sinadura elektronikoko sistemen zerrenda publikoa izanen da, eta bitarteko elektronikoen bidez kontsultatzen ahalko da, egoitza elektronikoan. Zerrenda hori etengabe gaurkotuko da.

3. Aplikagarri den araudiak espresuki hala xedatzen badu, Toki erakundeak onartzen ahalko ditu Ordenantza honetan aipatutako identifikazio-sistemak sinadura-sistema gisara, betiere bidea ematen badute pertsona edo entitate interesdunen borondatearen egiazkotasuna eta adostasuna egiaztatzeko.

4. Pertsona edo entitate interesdunek erabiltzen badute artikulu honetan aurreikusitako sinadura-sistemaren bat, beren identitatea egiaztatutzat joko da sinatzeko egintzaren bitartez.

21. artikulua. Identifikazio-bitartekoak eta sinadura erabiltzea administrazio-prozeduran.

1. Oro har, administrazio-prozeduran aurreikusitako edozein jarduketa egiteko, nahikoa izanen da pertsona edo entitate interesdunek beren identitatea aurrez egiaztatzea, ordenantza honek aurreikusi dituen identifikazio-sistemetako edozein erabiliz.

2. Toki Erakundeak bakarrik behartuko ditu pertsona edo entitate interesdunak sinatzera honako kasu hauetan:

a) Eskariak aurkezteko.

b) Erantzukizuneko aitorpenak edo komunikazioak aurkezteko.

c) Errekurtsoak paratzeko.

d) Egintzak bertan behera uzteko.

e) Eskubideei uko egiteko.

22. artikulua. Pertsona edo entitate interesdunendako laguntza bitarteko elektronikoak erabil ditzaten.

1. Toki Erakundeak pertsona edo entitate interesdunei bermatuko die harekiko harremanak bitarteko elektronikoen bidez edukitzeko aukera. Horretarako, haien eskura jarriko ditu behar beste sarbide eta kasu bakoitzean zehazten diren sistemak eta aplikazioak.

2. Toki Erakundeak bitarteko elektronikoak erabiltzeko laguntza emanen die 42. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan jasota ez dauden pertsona edo entitate interesdunei, hala eskatzen badute, bereziki honako gai hauei buruz: identifikazio eta sinadura elektronikoak, erregistro elektroniko orokorraren bidez eskariak aurkeztea eta kopia kautoak lortzea.

Halaber, pertsona edo entitate interesdunetako batek ez badauka bitarteko elektroniko beharrezkorik, funtzionario publiko batek egiten ahalko du modu baliozkoan haren identifikazio edo sinadura elektronikoa, horretarako elektronikoki sinatzeko zer sistemaz hornituta egon eta hura erabilita. Kasu horretan, bitarteko elektroniko beharrezkorik ez duen pertsona edo entitate interesduna identifikatu beharko da funtzionarioaren aurrean eta berariaz baimena eman beharko du jarduketa horretarako. Baimena jasota geratu beharko da, desakordiorik edo auzirik dagoen kasuetarako.

3. Toki Erakundeak erregistro bat edo sistema baliokide bat edukiko du, gaurkoturik eduki ere, non artikulu honetan arautzen den identifikazioa edo sinadura egiteko gaiturik dauden funtzionarioak agertuko baitira. Erregistro edo sistema horiek guztiz elkarreragingarriak izan behar dute eta elkarri lotuak egon gainerako administrazio publikoen erregistroekin, aipatu gaikuntzen baliozkotasuna egiaztatze aldera.

4. Erregistro edo sistema baliokide horretan agertuko dira, gutxienez, erregistroen esparruko bulegoetan zerbitzuak ematen dituzten funtzionarioen izenak.

V. TITULUA

Erregistro elektronikoa

23. artikulua. Erregistro elektronikoa.

1. Iruñeko Udalak Erregistro Elektroniko Orokorra dauka, Iruñeko Udaleko Administrazio Elektronikoa arautzen duen Ordenantzak ofizialki sortua. Ordenantzari Hasiera bateko onespena 2010eko irailaren 17ko Udaleko Osoko Bilkurak eman zion, eta behin betiko onespena 2010eko153. Nafarroako Aldizkari Ofizialak eman zuen argitara, abenduaren 17koak.

2. Erregistro Orokor horretan eginen da bertan aurkeztu edo jasotzen den agiri ororen idazpena.

Bertan idazten ahalko dira, baita ere, agiri ofizialen irteera beste organoetara edo partikularrengana.

3. Erregistro Elektroniko Orokorrak segurtasun-bermeak eta -neurriak bete beharko ditu, legeek datu pertsonalen esparruan aurreikusitakoak.

4. Egoitza elektronikoak zehaztuko du zer organok edo unitatek duen erregistroa kudeatzeko erantzukizuna, bai eta egun zein ordu ofiziala eta egun ez-baliodunen egutegia ere. Halaber, egoitza elektronikoan esteka bat egonen da Erregistro Elektroniko Orokorrarekin lotzeko.

5. Erregistrora sartzeko bidea ematen duen egoitza elektronikoan eguneraturik agertuko da erregistroan abiatu daitezkeen izapideen zerrenda eguneratua.

6. Erregistro elektronikoak bermatuko du idazpen bakoitzean honako hauek jasotzea: zenbakia, haren izaera adierazten duen epigrafea, zein data eta ordutan aurkeztu den, pertsona edo entitate interesdunaren identifikazioa, administrazio-organo igorlea, halakorik balitz, eta zer pertsonari edo administrazio-organori igortzen zaion eta erregistratu den agiriaren edukiaren aipamena, halakorik balitz. Horretarako, automatikoki ziurtagiri bat sortuko da, dagokion agiriaren kopia kautoa izanen dena, honako hauek jasota: agiria zein data eta ordutan aurkeztu den eta erregistroko sarrera-zenbakia, bai eta harekin batera aurkeztutako beste agirien egiaztagiria, halakorik aurkeztuz gero, non bermatuko baitira hala haien osotasuna nola ezin-arbuiatzea.

7. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, honako toki hauetan aurkezten ahalko dituzte pertsona edo entitate interesdunek Toki Erakundera zuzendutako agiriak:

a) Iruñeko Udalaren edo agiriek jomuga duten Administrazioaren edo Erakundearen erregistro elektronikoan, bai eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 2.1 artikuluak aipatzen dituen subjektuetako edozeinen gainerako erregistro elektronikoetan.

b) Postetxeetan, arauz ezarritako moduarekin bat.

c) Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsul-bulegoetan.

d) Erregistro-bulegoetan.

e) Indarreko xedapenek ezarritako beste edozeinetan.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluaren azken paragrafoan xedatutakoa betez, Iruñeko Udalaren erregistro elektronikoa eta Toki Erakundea osatzen duten entitateena guztiz elkarreragingarriak izanen dira, halako moduz non honako hauek bermatuko baitira: informatika-bateragarritasuna eta elkarren arteko lotura eta erregistro-idazpenen zein aurkeztutako agirien transmisio telematikoa.

8. Toki Erakundean aurrez aurre aurkeztutako agiriak digitalizatu behar dira, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 27. artikuluarekin eta aplikagarria den gainerako arauekin bat, horiek zein erregistro-bulegotan aurkeztu eta bertan, administrazio-espedientean txertatze aldera, eta jatorrizko agiriak pertsona edo entitate interesdunari itzuli behar zaizkio, ezertan eragotzi gabe zenbait kasutan arauek zehazten ahal dutela Administrazioak zaindu behar dituela aurkeztutako agiriok edo bete beharrekoa izan daitekeela objektuak edo agiriak euskarri jakin batean aurkeztea, eta hori digitalizatu ezin izatea.

Toki Erakundeak ezartzen ahalko du agiri jakin batzuk bitarteko elektroniko bidez aurkezteko betebeharra pertsona fisikoen prozedura eta kolektibo batzuen kasuan, baldin eta egiaztaturik bada haien gaitasun ekonomikoa, teknikoa, jardunbide profesionala edo bestelako zioak direla medio badituztela sarbidea eta eskuragarritasuna beharrezko bitarteko elektronikoetara.

9. Toki Erakundean agiriak aurkeztu behar diren unean ordaindu beharreko kopuruak dagokion bulego publikora zuzendutako transferentzia bidez ordaintzen ahalko dira, ezertan eragotzi gabe beste bitarteko batzuk ere erabil daitezkeela horretarako.

10. Toki Erakundeak jendaurrean edukiko du, gaurkoturik, agiriak elektronikoki aurkez daitezkeen bulegoen zerrenda.

11. Ez dira erregistro elektronikoan aurkeztutzat joko haien araubide berezian bestela aurkezteko beharrik ezarrita duten agiriak eta informazioa.

24. artikulua. Herritarren sarbidea Erregistro Elektroniko Orokorrera.

1. Herritarrek Erregistro Elektroniko Orokorrean agiriak aurkezteko sarbidea erabilgarri izanen da pertsona interesdun ororentzat, horretarako Toki Erakundearen egoitza elektronikoan gaitutako helbidearen edo helbideen bitartez.

2. Ez dira inongo kasutan Erregistro Elektroniko Orokortzat joko langile publikoei zein unitate eta organo ezberdinei egokitutako udal posta elektronikoko postontzi pertsonalak.

Ez dira Erregistro Elektroniko Orokortzat joko, ezta ere, Toki Erakundearen fax-gailuak.

25. artikulua. Erregistro bidez sar daitezkeen agiriak.

1. Erregistro Elektronikoan aurkezten diren agiri guztiak Toki Erakundeak erabilitako formatu edo aplikazio informatikoekin bateragarri diren formatu eta aplikazioetan egin behar dira. Onartzen diren formatuak eta aplikazio informatikoak egoitza elektronikoan emanen dira argitara.

2. Erregistro Elektronikoak honako inguruabar hauetan botatzen ahalko ditu atzera aurkezten zaizkion agiri elektronikoak:

a) Agiriok kode gaiztoa edo sistemaren osotasunaren edo segurtasunaren kontra jo dezakeen gailua dutenean.

b) Arauzko agiriak erabiliz gero, bete beharreko eremuak betetzen ez direnean, edo tratamendua oztopatzen duten inkongruentziarik edo ez-egiterik gertatzen denean.

3. Aurreko zenbakian aurreikusitako kasuetan, horren berri emanen zaio agiria igorri duen pertsonari edo entitateari, eta adieraziko zaio zergatik bota den atzera agiria, eta, halakorik posible denean, zein diren hutsegite horiek konpontzeko bideak.

26. artikulua. Funtzionamendua.

Erregistro elektronikoaren funtzionamenduak honako arau hauei eginen die men:

a) Bidea emanen du agiriak urteko egun guztietan eta hogeita lau orduetan aurkezteko.

b) Egun baliodunetan ezarritako epeak zenbatze aldera, eta pertsona edo entitate interesdunek epeak betetzeari dagokionez, egun baliogabe batean aurkezten diren agiriak hurrengo egun balioduneko lehenengo orduan aurkeztutzat joko dira, non eta arau batek ez duen aukera berariaz ematen agiriak egun baliogabean jasotzeko.

c) Agiriak aurkeztutzat joko dira egun ez-baliodunean benetan aurkeztutako orduaren araberako ordenan. Egun ez-baliodunean aurkeztutako agiriak lehenagokotzat joko dira, ordenaren beraren arabera, hurrengo egun baliodunean aurkeztutakoak baino.

d) Agiriak erregistro elektronikoan zein egunetan eta ordutan aurkeztu diren eta ordutik aurrera hasiko da Toki Erakundea osatzen duten organoek bete behar dituzten epeen zenbaketa. Nolanahi ere, epeak zenbatzen hasteko egiazko eguna eta ordua jakinarazi beharko zaizkio agiria aurkeztu duenari.

27. artikulua. Epeen zenbaketa.

1. Toki Erakundeak argitara emanen du agiriak elektronikoki aurkezteko bulegoak zein egunetan eta ordutan egonen diren irekita, eta pertsona zein entitate interesdunen eskubidea bermatuko du bitarteko elektronikoen erabileran laguntza jaso dezaten.

2. Epeen zenbaketaz bezainbatean, Erregistro elektronikoak sarbideko egoitza elektronikoaren data eta ordu ofizialaren arabera jardunen du, zeinak beharrezko segurtasun-neurriak eduki beharko baititu beren osotasuna bermatze aldera, eta modu eskuragarri zein ikusgarrian agertu.

3. Toki Erakundearen erregistro elektronikoko egoitza elektronikoak ezarriko ditu, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30.7 artikuluan aurreikusitakoa kontuan harturik, artikulu honen ondorioetarako ez-baliodun jotzen diren egunak. Hura izanen da erregistro elektronikoetan epeak zenbatze aldera aplikatuko den egun ez-balioduneko egutegi bakarra, eta epe horietan ez da aplikagarria izanen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30.6 artikuluan xedatutakoa.

4. Gorabehera tekniko batek eragotzi badu dagokion sistemaren edo aplikazioaren ohiko funtzionamendua, eta arazoa konpontzen den arte, Toki Erakundeak luzatzen ahalko ditu bukaturik ez dauden epeak, egoitza elektronikoan argitaratu beharko dituelarik hala gertatutako gorabehera teknikoa nola bukaturik ez dagoen epea zehazki noraino luzatzen den.

28. artikulua. Agiri-irteerak Erregistro elektronikotik.

Hona Erregistro Elektronikoaren eginkizunak, beste organoei edo partikularrei elektronikoki igorritako agirien irteeraz bezainbatean:

a) Egiaztatzea agiria zehazki zein egunetan eta ordutan igorri den eta epeak noiz hasi diren zenbatzen.

b) Zer administrazio-organok igorri duen zehaztea.

c) Zer pertsonari edo administrazio-organori igorri zaion adieraztea.

d) Labur azaltzea zein den kasu bakoitzaren gaia.

e) Zenbaki korrelatibo bat ematea egin duen irteera-idazpenari.

f) Automatikoki gordetzea igorri duen agiriaren kopia bat.

VI. TITULUA

Agiriak, artxiboa, kopiak eta espediente elektronikoak

29. artikulua. Toki Erakundeak eginiko agiriak.

1. Toki Erakundeak idatziz eginen ditu administrazio-agiriak, bitarteko elektronikoen bidez, salbu eta haien izaerak eskatzen badu modu egokiagoan adierazi eta jaso behar direla. Agiri horiek paper-euskarrian egindakoen ondorio berberak sortuko dituzte.

2. Baliozkotzat jotzeko, Toki Erakundeak egindako agiri elektronikoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Edozein eratako euskarri elektronikoan artxibaturik izatea informazioa, identifikatzeko eta bereiz tratatzeko modukoa den formatu baten arabera.

b) Indibidualizatzeko aukera ematen duten identifikazio datuak izatea, hargatik eragotzi gabe espediente elektroniko batean sartzeko aukera.

c) Agiriak noiz egin eta une horren denbora-erreferentzia bat edukitzea.

d) Eskatzen diren gutxieneko metadatuak edukitzea.

Hona metadatua zer den, Ordenantza honen ondorioetarako: agiri elektronikoei elektronikoki lotutako edozein argibide, izaera instrumentalekoa eta agiriaren edukiarekin independentea, agiriaren ezaugarriren baten berri berehalakoan eta automatikoki ematea xede duena, agiriaren baliagarritasuna, irisgarritasuna, kontserbazioa eta elkarreragingarritasuna bermatze aldera.

e) Dagozkion sinadura elektronikoak edukitzea aplikatzekoa den araudiarekin bat.

Baliozkotzat joko dira betekizun horiek betetzen dituzten eta hirugarren bati bitarteko elektronikoz helarazten zaizkion dokumentu elektronikoak.

3. Ez dute sinadura elektronikoaren beharrik izanen Toki Erakundeak egin eta informazio hutserako argitaratzen diren dokumentu elektronikoek eta, orobat, administrazio espediente baten parte ez direnek. Nolanahi ere, identifikatu beharra dago agiri horien jatorria.

4. Toki Erakundeak eginiko administrazio-agiriak bat etorriko dira Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean eta Segurtasun Eskema Nazionalean segurtasunari, kontserbazioari, informazioaren normalizaziori, formatuei eta aplikazioei buruz ezarritako irizpideekin eta aholkuekin.

5. Hala Toki Erakundeak egindako agiri elektronikoak nola erregistro elektronikoaren bidez jatorrizko formatu elektronikoan jasotakoak edo norberak pertsonalki aurkeztuak Udal Agiri-ondarearen parte izanen dira eta haien kudeaketa Artxiboei eta Dokumentuei buruzko 12/2007 Foru Legean xedatutakoaren arabera gauzatuko da.

6. Honako hauek gorde beharko dira: agiriak eta haien metadatu guztiak, jatorrizko sinadura elektronikoak eta denbora-zigiluak, eta horiek guztiak geroan egiaztatzea ahalbidetzen duten testuinguruko osagaiak. Sinadurak eta haiei loturiko osagaiak agiri elektronikoetatik bereizita gorde daitezke horretarako berez erabilitako plataforma batean, betiere osagai guztien arteko loturari eusten bazaio.

7. Zaintza-plataformak edo biltoki elektronikoak sortuko dira, osagarriak eta baliokideak, eginkizunaz bezainbatean artxibo konbentzionalekin, agiri elektronikoen bizitza-ziklo osoa estaltzeari begira.

8. Herritarren eskubideak bermatu eta udal-erakundearen memoria gordetze aldera, honako antolaketa-neurri teknikoak hartuko dira agiri elektronikoak eraginkortasunez kudeatzeko haien bizitza-ziklo osoan:

a) Jarraibideak, arauak eta prozedurak zehaztea, agiri elektronikoetarako sarbidea zaindu, kontserbatu eta kontrolatzeko, iraunkortasunez edo, kasuan-kasuan, agiria ezabatu arte, bermatzeari begira halako bitartekoen bitartez sortu edo jasotako agirien egiazkotasuna, fidagarritasuna, osotasuna eta erabilgarritasuna.

b) Agiri bakoitza modu bakar eta zalantzarik gabeaz identifikatzea horretarako konbentzio egokiak erabiliz, haren kontrola eta berreskurapena modu arin eta azkarrean eta behar bezala ahalbidetzeko. Agiri bakoitza administrazio-unitate bakar bati atxikiko zaio, eta hura izanen da haren arduradun. Espediente baten ardura duen administrazio-unitateak espedientean bildutako agiri guztiena ere edukiko du.

c) Agiriak sailkatzeko sistema bat zehaztea, Toki Erakundearen organo, alor eta zerbitzu bakoitzaren eginkizunetara eta eskumenetara egokitua.

d) Lotzea sortu beharreko gutxieneko metadatuak eta, horrela izanez gero, agiri osagarriak agiri elektronikoari haren bizitza-zikloan zehar. Datu horiek Toki Erakundearen metadatuen eskeman txertatuko dira.

e) Espediente bakoitzari hura osatzen duten agiriek osatutako aurkibide elektronikoa gehitzea. Aurkibidea horren ardura duen administrazio-unitatea zein alorri atxikirik egon eta alor horretako idazkari teknikoak sinatu beharko du.

f) Agirietara sarbidea edukitzea, horiek ikustea eta berreskuratzea ahalbidetzen duten kontsulta-prozeduren bidez, barne harturik sinadura elektronikoa eta lotutako metadatuak, eta, halakorik balu, denboraren zigilu elektronikoa.

g) Prozedurak ezartzea agiri elektronikoak kontserbatzeko epeak zehazte aldera, kasu bakoitzean aplikagarri diren legeekin, arau teknikoekin eta betebehar juridikoekin bat.

h) Prozedura egokia zehaztea, gaia erregulatzen duten arauekin bat, agiriak ezabatzeko eta baita, halakorik balitz, horiek biltzen dituzten bestelako euskarriak fisikoki suntsitzeko, baldin eta agiriak ebaluatzeko edo hautatzeko prozeduraren emaitzaren ondorioz komeni bada agiri elektronikoak osorik edo parte batez ezabatzea kudeaketa- eta zaintza-plataformetan.

i) Agiri elektronikoak gordetzea haien bizitza-zikloan zehar, izapidetze-plataforman zein zaintzakoan, halako moduz non une orotan ziurtatuko baita hala haien kontrola eta sarbidea, froga-balioa eta fidagarritasuna bermaturik jardueren eta prozeduren ebidentzia elektroniko gisara, nola agiria izapidetu duten administrazio-organoen identifikazioa.

j) Koordinazio zereginak gauzatzea agirien kudeaketaz eta artxiboaz arduratzen den zerbitzuaren eta Toki Erakundearen gainerako zerbitzu eta unitateen artean.

k) Langileak prestatzea, profil profesional ezberdinek behar besteko gaitasunak eskuratu ditzaten, hau da, Toki Erakundearen agiriak eta artxiboak kudeatzeko sisteman zehaztutako eginkizunak, jarduerak eta zereginak gauzatzeko esleitu behar zaizkienak.

l) Datu pertsonalei buruzko araudia betetzea eta segurtasun-neurriak hartzea agiriaren xedeak edo baimendutakoak bideratuaz besteko trazabilitate oro ekiditeko.

m) Gutxieneko betekizunak eta zehaztapen funtzionalak ziurtatzea, epe ertain eta luzeko elkarreragingarritasuna zein agiriak kudeatzeko sistemaren seguritatea bermatze aldera, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean eta Segurtasun Eskema Nazionalean ezarritakoarekin bat.

30. artikulua. Agiri elektronikoen formatuak eta euskarriak.

1. Partikularren interesei edo eskubideei eragiten dieten administrazio-ekintzak biltzen dituzten agiri elektronikoak iraupen luzeko euskarrietan gorde behar dira, betiere Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalak eta haren Arau teknikoek zehazten duten jarraibideekin bat, dela agiria sortzeko erabili zen formatu berean, dela hura birsortzeko beharrezkoa den informazioaren identitatea eta osotasuna ziurtatzen duen beste edozeinetan.

2. Kontserbazioa bermatze aldera, agiria estandar ireki bati dagokion formatu batean gordeko da, zeinak agiriaren edukiaren, sinadura elektronikoaren eta atxikitako metadatuen osotasuna babestuko baitu denboran zehar.

3. Agiri elektronikoak aurkezteko, Toki Erakundeak eguneraturik edukiko du formatu onartuen katalogo bat, eta horiek, ahal dela, estandar irekietan oinarrituko dira. Katalogoa Egoitza Elektronikoan emanen da argitara. Dena dela, gehien erabilitako formatuen artean formatu bakar bat galdegiten ahalko du agiriak aurkezteko, kolektibo profesional jakin batzuek erabili ohi duten eta izaera teknikoa duten agirien kasuan.

4. Aurreko ataletan ezarritakoa gorabehera, agiri elektronikoak, ahal dela, jatorrizko formatuan gordeko dira, sinadura elektronikoa eta metadatuak barne, haien froga-balioak dirauen bitartean.

5. Herritarrei agiri elektronikoak jakinarazteko, Toki Erakundeak erabiltzen dituen formatuek doaneko tresnak edo erabilerak eduki behar dituzte agiriak irakurtzeko, sinadurak egiaztatzeko eta deszifratzeko.

6. Amaitutako prozedurei dagozkien agiri elektronikoak honako hauek bermatzen dituen formatu batean gorde behar dira: agiriaren kautotasuna, osotasuna eta kontserbazioa, bai eta hura kontsultatzea ere, alde batera utzita zenbat denbora pasatu den agiria egin zenetik, beti ere posiblea izaki jatorrizko formatuaren ordez kontserbazio-formatu batera igarotzea, obsoleszentzia-arriskurik egonez gero, horretarako aplikatuko direlarik formatua eta etiketa aldatzen dituzten agirien kopia kautoko arauzko prozedurak, erabilitako formatuaren gaineko informazioa emanen dutenak, eta, halakorik balitz, migrazioak edo formatu-aldaketak egitekoak.

31. artikulua. Administrazio-agiri publikoen edo pribatuen kopia kautoak.

1. Administrazio-agiri publiko edo pribatu baten kopia kautotzat hartuko dira Toki Erakundearen organo eskudunek edozein euskarritan egindako kopiak, baldin eta haietan kopia egin duen organoaren identitatea eta agiriaren edukia bermatzen badira.

Kopia kautoek jatorrizko agirien baliozkotasun eta eraginkortasun bera edukiko dituzte.

2. Toki Erakundeak zehaztuko du zer organok dituzten esleituta administrazio-agiri publikoen edo pribatuen kopia kautoak egiteko eskumenak.

Agiri pribatuen kopia kautoek administrazio ondorioak besterik ez dute. Toki Erakundeak eginiko kopia kautoak baliozkoak izanen dira gainerako administrazioetan, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 27.1 artikuluak xedatzen duenarekin bat.

Ondorio horietarako, gaituriko funtzionario baten edo administrazio jarduketa automatizatu baten bidez eginen ditu kopia kautoak Toki Erakundeak.

Eguneraturik eduki beharko da erregistro bat edo horren sistema baliokide bat, kopia kautoak egiteko gaiturik dauden funtzionarioak jasotzeko; kopia horiek eta gainerako administrazio publikoetakoek guztiz elkarreragingarriak izan behar dute, eta interkonektaturik egon, gaikuntza horren baliozkotasuna egiaztatzeko. Erregistro edo sistema baliokide horretan agertuko dira, gutxienez ere, erregistroen esparruan zerbitzuak ematen dituzten funtzionarioen izenak.

3. Kopia elektronikoen edo paperezkoen identitatea eta edukia bermatzeko eta, beraz, kopia kautoak direla bermatzeko, Toki Erakundeak bete beharko ditu Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean, Segurtasun Eskema Nazionalean eta haiek garatzeko arau teknikoetan ezarritakoa, eta orobat arau hauek:

a) Jatorrizko dokumentu elektroniko baten edo kopia elektroniko kauto baten kopia elektronikoek, formatu-aldaketa izan edo ez, berekin eraman beharko dituzte kopia direla egiaztatzen duten eta dokumentua kontsultatzean bistaratzen diren metadatuak.

b) Paper-euskarria edo digitaliza daitekeen beste euskarri ez-elektroniko bat duten agirien kopia elektronikoen kasuan, dokumentuak digitalizatu beharko dira, eta kopiek berekin eraman beharko dituzte kopia direla egiaztatzen duten eta dokumentua kontsultatzean bistaratzen diren metadatuak.

Digitalizazioa, bestalde, prozesu teknologikoa da, non paperezko euskarrian edo elektronikoa ez den beste euskarri batean dagoen agiri bat fitxategi elektronikoa bihurtzen baita, betiere agiriaren irudi kodifikatua, fidela eta osoa jasotzen duelarik.

c) Agiri elektronikoen paper-euskarriko kopiek adierazi beharko dute kopia direla, eta elektronikoki sorturiko kode bat edo beste egiaztatze-sistema bat izanen dute, aukera emanen duena kopiaren kautotasuna kontrastatzeko, kopia egin duen organo edo erakunde publikoaren fitxategi elektronikoetan sartuz.

d) Paperean diren jatorrizko agirien paper-euskarriko kopiak administrazioaren esku dagoen dokumentu elektronikoaren paperezko kopia kauto bat eginez emanen dira, edo, bestela, jatorrizko agiriaren kopia kautoa daraman agerbide elektroniko baten bitartez.

Ondorio horietarako, Toki Erakundeak jendaurrean paratuko ditu, egoitza elektronikoaren bidez, egiaztatze-kode seguruak edo erabilitako beste edozein egiaztatze-sistema.

4. Pertsona edo entitate interesdunek noiznahi eskatzen ahalko dute Toki Erakundeak baliozki emaniko administrazio-dokumentu publikoen kopia kautoak emateko. Jatorrizko agiria eman zuen organoari zuzenduko zaio eskaera, eta abenduaren 9ko 19/2013 Legea aplikatzeak dakartzan salbuespenak salbuespen, hamabost eguneko epea emanen da, eskaera Administrazio edo Organo eskudunaren erregistro elektronikoan jasotzen denetik hasita.

Halaber, Toki Erakundea osatzen duten entitateak beharturik egonen dira pertsona edo entitate interesdunek aurkeztu eta administrazio-espediente batean txertatu behar den paperezko edozein agiriren kopia elektroniko kautoak egitera.

5. Toki Erakundeak kopia elektroniko kautoak egiten dituenean espresuki adierazi beharko dute, kopiaren agirian, kopia kautoak direla.

32. artikulua. Agiri elektronikoaren metadatuak.

1. Metadatuak agiri elektronikoei lotutako datuak dira, bidea ematen dute horiek identifikatzeko, eta berme dira agirien kautotasuna, fideragarritasuna, osotasuna, kontserbazioa, ulerkortasuna eta eskuragarritasuna gordetzeko.

2. Toki Erakundeak eginiko agiri elektroniko guztiek eduki behar dituzte loturik beren edukiaren eta beste zenbait alderdiren metadatu deskribatzaileak, modu elektronikoan.

3. Udal zerbitzu teknikoek katalogo edo eskema bat prestatuko dute, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean xedatutakoari doitua, udal-administrazio sisteman txertatutako agirien metadatuez osatua, eta haren erabilera bete beharrekoa izanen da Toki Erakundearen organo eta unitate guztientzat.

4. Agiri elektroniko bakoitzaren metadatuetan, nahitaez honako hauek jasoko dira:

a) Identifikadore bat eta bakarra agiriaren bizitza osoan zehar.

b) Agiria jatorrizkoa edo kopia den adierazten duten deskribatzaileak, eta, kopia bada zer kopia mota den, nor den horren egilea edo arduraduna eta zein den kopiatutako agiriaren izaera juridikoa.

c) Izena, sailkapen-kodea eta, halakorik bada, agiriaren ardura duen administrazio-unitatearen kodea.

d) Sarbidea. Kasuan kasuko espedientearekin interesdun diren pertsonek aukera izanen dute agiriaren edukia berehalakoan eskuratzeko edo, bestela, libreki kontsultatzeko prozedura amaitu eta gero. Bestela, sarbidea murrizteko zioak adierazi beharko dira.

e) Kontserbazio-epea. Proposamen arrazoitua, agiria zaintza-plataforman betiko gorde behar den ala ez azaltzeko, eta egonaldia etengabea izan ezean, egoteko denbora proposatu beharko da.

5. Toki Erakundeak eginiko administrazio-agiri elektronikoek denbora-erreferentziako modalitate hauetako bat edukiko dute, dagozkion prozedura-arauek ezarritakoarekin bat:

a) “Denbora-marka”: agiriari bitarteko elektronikoez data eta, behar izanez gero, ordua esleitzea.

b) “Denbora-zigilua”: agiriari bitarteko elektronikoez data eta ordua esleitzea, horretarako ziurtapen-zerbitzuen emaile batek esku hartuz.

6. Agiri elektroniko bakoitzaren metadatuetan adieraziko da agiriak datu pertsonalik duen. Prozedura edo agiria zein den, metadatuei esleitu beharreko edukia zehazten ahalko da prozeduren katalogo bateratuan.

7. Agiri elektroniko bati lotutako metadatuak ezin izanen dira aldatu, salbu eta aplikagarriak diren arau juridikoetan edo teknikoetan aurreikusitako kasuetan.

8. Ezertan oztopatu gabe unean-unean abiatu daitekeela agiriak zuzentzeko edo gaurkotzeko prozedura, metadatu hauen aldaketa eragotziko da:

a) Agiria identifikatzen dutenak.

b) Agiriaren originaltasunari dagozkionak, eta, halakorik balitz, kopia motari, kopiaren egileari edo arduradunari eta kopiatutako agiriaren izaera juridikoari dagozkienak.

c) Agiriko sinadurei eta kopiatutako agiriaren izaera juridikoari dagozkienak.

d) Trazabilitateari eta informazio-sarbideen kontrolari lotutakoak. Kontrol hori informaziorako datuei buruzko arauek galdatzen dute, eta haren gainean maila altuko segurtasun-neurriak aplikatzen dira.

9. Jasota egonen dira, agiriaren bizitza osoan zehar, une bakoitzean agiriari esleitutako metadatuak.

33. artikulua. Administrazio-espedienteak.

1. Hona administrazio-espedientea zer den: administrazio-ebazpenen aurrekari eta oinarri diren agirien eta jarduketen multzo ordenatua, bai eta ebazpena gauzatzera bideratutako eginbideak ere.

2. Espedienteek formatu elektronikoa edukiko dute eta modu ordenatuan atxikitako beharrezko agiriak, frogak, idazpenak, txostenak, erabakiak, jakinarazpenak eta eginbideak osatuko dituzte, bai eta espedientea igortzen denean hura osatzen duten agiri guztien aurkibide zenbakituak ere. Halaber, espedientean jaso beharko da hartutako ebazpenaren kopia elektroniko ziurtatua.

3. Arau bat betetzeko espediente elektroniko bat igorri behar izanez gero, hura Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean eta Elkarreragingarritasunaren gaineko Arau Teknikoetan aurreikusitakoarekin bat eginen da, eta, hortaz, igorriko da osorik, orri-zenbakiturik, kautoturik eta biltzen dituen agirien aurkibide batez hornitua, hura ere kautotu beharko delarik. Aipatu aurkibidearen kautotasunak bermatu eginen du sinatzen denetik sortutako espediente elektronikoaren osotasuna eta aldaezintasuna, eta bidea emanen du hura behar den guztietan berreskuratzeko, onargarria izaki agiri bera espediente elektroniko desberdinen parte izatea.

Orrien zenbaketa, kautotasuna eta aurkibide elektronikoa, hura ere kautoturik, Iruñeko Udalaren esparruan, kasu bakoitzean gaia zein den eta horren arabera diharduen Alorreko Idazkaritza Teknikoak eginen ditu.

4. Ez da espedientean sartuko informazio osagarria edo laguntzazkoa, hala nola Informatikako aplikazioetan, fitxategietan eta datu-baseetan bildutakoa, oharrak, zirriborroak, iritziak, laburpenak, gaztiguak eta barne txostenak edo administrazio-organoen zein entitateen artekoak eta Administrazio publikoek egindako balio-iritziak, salbu eta prozedurari buru ematen dion administrazio-ebazpena eman baino lehen egindako txosten derrigorrezkoak eta hautazkoak.

5. Administrazio-espedientean txertatzen diren agiriek iraupen luzeko formatuaren edo formatuen araberakoak izan beharko dute, betiere Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalak ezarritako baldintzekin bat.

6. Espediente elektronikoak sailkatu, ordenatu, deskribatu, aurkibidea egin eta kontsultatzea ahalbidetzeko beharrezko metadatuak txertatu beharko dituzte edo haiei lotu, eta kode unibokoa eta iraunkorra edukiko dute administrazioen arteko elkartruke batean identifikazioa bideratzeko.

VII. TITULUA

Artxibo elektronikoa

34. artikulua. Agiriak artxibatzea.

1. Administrazio-jarduketetan erabilitako agiri guztiak ingurune elektronikoetan gordeko dira, gardentasun-betebeharrak betetzea errazturik eta bidea emanez herritarrei unean-unean informazioa gaurkoturik eta azkar ematea.

Ez bada posible espediente elektronikoari kopia elektroniko kauto bidez agiriak txertatzea jatorrizko euskarrian, eta hori era justifikatuan ziurtatzen bada, agiriok legeetan aurreikusitako baldintzekin bat gordeko dira.

2. Toki Erakundeak artxibo elektroniko bakarra edukiko du, jada amaiturik dauden prozedurei dagozkien agiri elektronikoez osatua, betiere aplikagarri diren arau erregulatzaileetan ezarritako baldintzekin bat. Amaitu gabeko prozedurei dagozkien administrazio-agiriak izapidetze elektronikoko plataforman gordeko dira.

3. Artxibo elektronikoa Toki Erakundearen agirien kudeaketa-sisteman txertaturik dago, eta agiri horiek, orotara, Toki Erakundearen Agiri-ondarea osatzen dute, zeinen kudeaketa Udal Artxiboaren zerbitzupean egonen baita, Nafarroako Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 2/2007 Legeak agirien eta artxiboen kudeaketaz bezainbatean ezarritako arau teknikoekin bat. Udal Artxiboak euskarri teknikoa jasoko du, teknologia aferetan eskudun den organoak emana.

4. Artxibo elektronikoa kudeatzeko sistemak bidea emanen du honako hauek egiteko: agirien identifikazioa, sailkapena, deskribapena eta indexazioa, agiriak epe luzera baloratu eta gordetzea, erabiltzaileen kudeaketa, erabilera-auditoretzak eta agirien zirkulazioa, agiriei lotutako datuen eta metadatuen kautotasuna eta osotasuna, eta formatuen zein euskarrien berrikuntza, sarbidea eta eskuragarritasuna bermatze aldera bizitza-ziklo osoan.

5. Euskarriak eta formatuak bikoiztea ekiditeko, agiria justifikatutako zioengatik bakarrik pasako da informatika-euskarritik paper-euskarrira, eta betiere eskumena duen organoaren sinaduraren egiaztapen teknikoa egitea baimenduta.

6. Ordenantza honek indarra hartu baino lehen izapidetu eta ebatzitako administrazio-agiriak eta -espedienteak, zeinak udal-artxiboan bilduta baitaude, digitalizatu beharko dira –kopia elektronikoaren kautotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatuta-, eta Toki Erakundearen artxibo elektronikoan erantsi. Digitalizazio-prozesuan lehentasuna emanen zaie gehien kontsultatzen diren agiri-serieei eta administrazioarentzat zein herritarren eskubideak gauzatzeko funtsezkoa den informazioa dutenei.

35. artikulua. Zaintza-sinadurak.

1. Artxiboaren kautotasuna eta osotasuna bermatze aldera, zaintza-sinadurak egiten ahalko dira, banaka edo multzoka, artxibatzen diren agirien gainean. Zaintza-sinaduren baliotasun-aldia luzatzeko, horiek aldian behin birzigilatzen ahalko dira, denbora-zigiluak gaurkotuz.

2. Artxibo elektronikoak metadatuetan erregistratuko du zaintza-sinadurak erantsi izana eta horiek birzigilatzeko prozesuak, honela: erabilitako sinadura elektroniko aurreratuak identifikatuz eta sinaduraren aldian indarrean egon eta egiaztapen-zerbitzuen emaileak egindako ziurtapen-praktiken adierazpenaren bertsioa txertatuz.

3. Udal Artxiboak zigilu elektronikoak erabiliko ditu artikulu honen 1. zenbakian deskribatutako eragiketak egiteko eta artxibo elektronikoaren beste edozein funtziotarako, betiere sinadura elektroniko aurreratuak sortu behar badira prozesu automatizatuetan.

4. Artikulu honetan deskribatzen diren eragiketak gauzatuko dira ezertan eragotzi gabe agiri elektronikoen sinaduren kontserbazioa eta haien baliotasuna gordetzea xede duen izapidetze-plataforman egin daitezkeen birzigilatze-eragiketak.

36. artikulua. Artxibo elektronikoaren bermeak eta segurtasun-neurriak.

1. Agiriak gordetzeko erabiltzen diren bitartekoek edo euskarriek segurtasun-neurriak bete beharko dituzte, Segurtasun Eskema Nazionalean aurreikusitakoarekin bat, bildutako agirien osotasuna, kautotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa bermatze aldera. Xede horietarako, honako neurri hauek aplikatuko dira, besteak beste:

a) Elektronikoki sinatutako agirien gaurkotze kriptografikoa, horretarako data- eta ordu-zigilu berriak gehituz.

b) Elektronikoki sinatutako agirien erregistroa, euskarri fisiko iraunkor batean, sarrera-dataren bermeaz.

c) Artxibo elektroniko guztiek honako hauek ziurtatuko dituzte bereziki: erabiltzaileen identifikazioa eta sarbideen kontrola, datuak babesteko legeetan aurreikusitako bermeak bete izana eta Administrazio publikoek sortutako agiri elektronikoak epe luzera berreskuratzea eta kontserbatzea –administrazioek halakorik behar izanez gero–, betiere erabilitako zerbitzuen eta sistemen bizitza-zikloaren gaineko zehaztapenekin bat.

2. Agiriak kudeatzeko politikak ezarriko ditu segurtasun-neurri aplikagarriak, Toki Erakundearen segurtasun-politikarekin elkarlanean arituta.

3. Sinadurak eta ziurtagiriek ezin dutenean bermatu agiri elektronikoen egiazkotasuna eta haien egiaztapena denboran zehar, horiek berez etorriko zaizkie biltoki eta artxibo elektronikoetan emandako kontserbazio- eta zaintza-aldien bidez, bai eta agiriak kudeatzeko metadatuen eta haiei loturiko beste hainbat metadaturen bidez ere, betiere agiriak kudeatzeko Politikan eta sinadura elektronikoari eta ziurtagiriei buruzko Politikan zehaztuko diren ezaugarriekin bat, eta denbora luzean zehar sinaduren kontserbazioa zaintzen duten sinadura urtetsuko formatuak erabiliz.

37. artikulua. Artxiboen kudeaketa erregulatzen duten arauak betetzeko beharra.

1. Amaituta dauden prozedurei dagozkien agiri elektronikoen artxibo elektroniko bakarra ezartzea bateragarria izanen da artxiboen sistema eta sare ezberdinekin, indarreko legeek aurreikusitako baldintzekin bat, eta errespetatu eginen du zaintza eta lekualdatzeen gaineko ardura-banaketa.

2. Halaber, artxibo elektroniko bakarra bateragarria izanen da artxibo historikoaren iraupenarekin, dagokion Estatuko eta Autonomiako araudiarekin bat.

3. Agiri elektronikoak ezabatzeko, aurrez baimena eduki beharko da aplikagarri diren arauetan xedatutakoarekin bat.

38. artikulua. Bihurketa eta migrazioa.

1. Agiri elektronikoetarako sarbidea eta haien irakurgarritasuna babeste aldera, euskarriak bihurtzeko eta formatuak migratzeko eragiketak egiten ahalko dira, kopia kautoak eskuratzeko ordenantza honetan ezarritako arauekin bat.

2. Artxibo elektronikoen ardura duten pertsonek kopia kautoak egitea sustatuko dute, agiri elektronikoen formatua aldatuta, hark formatu onartuen zerrendan egoteari utzi bezain laster.

3. Ezin bada bermatu balio historikoa duten agiri elektronikoak modu iraunkorrean kontserbatzea, kopiatu eginen dira paperean edo mikrofilm batean, horretarako erabiliz kopiatutako agirien eta haiei lotutako metadatuen kautotasuna, fidagarritasuna eta osotasuna ziurtatzen dituzten prozedurak.

39. artikulua. Agiri elektronikoen kontserbazioa.

1. Udalaren informatika- eta artxibo-zerbitzuek proposatuko dituzte hala artxibo elektronikoa sortu eta kontserbatzeko politikak nola datuak migratzeko, euskarriak berritzeko eta programak gaurkotzeko irizpideak eta denbora aurrera joan ahalean agirien irakurgarritasuna bermatzeko estrategiak.

2. Agiri elektronikoak kontserbatu, suntsitu edo eskualdatzeko epeak zehazteko, Udal Artxiboko teknikariek txosten bat egin beharko dute agiriak zer serietakoak izan eta serie hori identifikatu zein baloratzeko. Txostena Alkatetzak onetsi beharko du.

3. Agiri elektronikoak kontserbatu, suntsitu edo eskualdatzearen gaineko ebazpenak agiriak kontserbatzeko taulan edo egutegian txertatu behar dira. Egutegi hori sortu eta kudeatzeko zeregina Udal Artxiboko teknikariei enkargatuko zaie.

4. Udalak hitzarmenak edo akordioak egiten ahalko ditu beste entitateekin bere agiri elektronikoak artxibatzeari begira, betiere kapitulu honetan ezarritako bermeak betetzen badira.

40. artikulua. Euskarri ez-elektronikoko agiriak suntsitzea.

1. Jatorrizko agiriak eta paperean edo proba gisa Legeak onartzen duen beste edozein euskarri ez-elektronikoan egindako kopiak, zeinen kopia elektroniko kautoak egin baitira, suntsitzen ahalko dira baldin eta ez badute legeek xedatutako zehaztapen eta baldintzekin bat babestu beharreko balio historikorik edo kulturalik.

2. Udal Artxiboaren zerbitzu teknikoek izapidetuko dituzte aurreko atalean aipatu agiriak ezabatzeko espedienteak.

3. Ezabatze-espedienteak segurtasun- eta kontserbazio-bermeak ezarri beharko ditu suntsitu nahi diren paper-agirien edo beste euskarri bateko agirien kopia elektronikoetan aplikatzeko.

4. Agirien suntsipena hirugarrenei enkargatzen ahalko zaie, xede horretarako ezartzen diren jarraibideekin bat. Entitate laguntzaileak ezabatze-ziurtagiri bat eginen du, eta hura dagokion espedienteari erantsiko zaio, bertan adierazita suntsipen-data eta suntsitutako agirien deskribapena.

41. artikulua. Artxibo elektronikoetarako sarbidea.

1. Artxibo elektronikoetarako herritarren sarbidea eginen da bat etorrita Estatuko eta Autonomiako Gardentasunari buruzko legeekin eta Autonomiako Artxiboei eta agiriei buruzkoekin.

2. Eskatzaileak erabiltzen badu aldez aurretik Toki Erakundeari aurkeztutako agiriak ez aurkezteko eskubidea, Ordenantza honetan araututako agiri eta artxibo elektronikoetarako Administrazio publikoen sarbidea gauzatuko da informazio publikora sartzeko eskubidea arautzen duten legeek aurreikusitako mugak zorrotz beteta, eta, betiere, dokumentazioa ezabatu ez bada arautzen duen araudiak aurreikusitakoarekin bat.

3. Informazioa formatu elektronikoetan eskuragarri egoteak ez du ezertan eragotzi edo zaildu behar aurrez aurreko arreta bulego publikoetan edo bestelako bitarteko tradizionaletan.

VIII. TITULUA

Administrazio-prozedura elektronikoa

I. KAPITULUA

Jardunbide orokorrak

42. artikulua. Toki Erakundearekin harremanak elektronikoki edukitzeko eskubidea eta betebeharra.

1. Pertsona fisikoek une orotan aukeratzen ahalko dute bitarteko elektronikoak erabilita edo erabili gabe jartzen diren harremanetan Toki Erakundearekin beren eskubideak eta betebeharrak gauzatzeko, salbu eta bitarteko elektronikoen bidez egitera beharturik badaude. Pertsona batek edozein unetan aldatzen ahalko du Toki Erakundearekin harremanetan jartzeko hautatu duen bitartekoa.

2. Nolanahi ere, honako subjektu hauek gutxienez egonen dira beharturik Toki Erakundearekiko harremanak bitarteko elektronikoen bidez edukitzera administrazio-prozedura baten edozein izapide egiteko:

a) Pertsona juridikoak.

b) Nortasun juridikorik gabeko entitateak.

c) Haien jardun profesionala gauzatzeko derrigorrean kolegiaturik egon behar duten profesionalak, haien jardun profesionalean Administrazio Publikoekin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako. Nolanahi ere, ulertuko da kolektibo honen barruan daudela notarioak eta jabetza- zein merkataritza-erregistratzaileak.

d) Administrazioarekin harremanak elektronikoki edukitzera beharturik dagoen pertsona edo entitate ororen ordezkariak.

e) Toki Erakundeko langileak, langile publikoak izateagatik haiekin egiten diren izapide eta jarduketetan.

3. Toki Erakundea osatzen duten entitateek haiekin harremanetan jartzean bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra ezartzen ahalko dute prozedura jakin batzuetan eta pertsona fisikoek osatutako zenbait kolektibotarako, baldin eta haien gaitasun ekonomikoa, teknikoa, jardunbide profesionala edo bestelako zioak direla medio egiaztatu bada badituztela sarbidea eta eskuragarritasuna beharrezko bitarteko elektronikoetara.

43. artikulua. Ordezkaritza.

1. Jarduteko gaitasuna duten pertsona edo entitate interesdunek ordezkari baten bidez jardun dezakete, eta haren bidez egin administrazio-jarduketak, salbu eta kontrakoa adierazten badu berariaz pertsona edo entitate interesdunak.

2. Estatutuetan hala aurreikusita badago, jarduteko gaitasuna duten pertsona fisikoak eta pertsona juridikoak beste batzuen ordez aritzen ahalko dira Toki Erakundearen aurrean.

3. Ordezkaritza egiaztatu beharra dago honako jarduketa hauek beste pertsona baten izenean egiteko: eskaerak egitea, erantzukizuneko aitorpenak edo komunikazioak aurkeztea, errekurtsoak paratzea, egintzak bertan behera uztea eta eskubideei uko egitea. Izapide hutsak diren egintza eta kudeaketetan ordezkaritza badela joko da.

4. Ordezkaritza egiaztatzen ahalko da Zuzenbidean baliozkoa izan eta egiaztagarri zehatza den edozein bitarteko erabiliz.

Xede horietarako, ulertuko da ordezkaritza egiaztaturik dagoela apud acta ahalordetze bidez dagokion egoitza elektronikoan pertsonalki edo elektronikoki agertuta, edo Administrazio Publiko eskudunaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan izena emana egiaztaturik.

5. Ordezkaritza Toki Erakundearen aurrean egiaztatzen ahalko da, urriaren 1eko 39/2015 Legean eta ordenantza honetan aurreikusitako bitartekoen bidez ez ezik, ordezkariendako ziurtagiri kualifikatu baten bidez ere, zeinak “Ziurtagiri-zerbitzuen emaileen konfiantzazko zerrenda” delakoan jasotako emaileek emana izan behar baitu, betiere bat etorrita 1999/93/CE Zuzentaraua indargabetzen duen identifikazio elektronikoari eta barneko merkatuetako transakzioetarako konfiantza-zerbitzuei buruzko Europar Parlamentuaren eta 2014ko uztailaren 23ko Kontseiluaren UE 910/2014 Erregelamenduarekin. Ordezkarien ziurtagiri elektronikoak bat etorri behar du Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalak aipatzen duen sinadura elektronikoari eta ziurtagiriei buruzko Politika markoarekin, eta jasotzen duen pertsonak gaitasun eta ahalmen osoak eduki behar ditu edozein administrazio jarduketa gauzatzeko edozein Administrazioren aurrean.

6. Prozedura izapidetzeko eskumena duen organoak ordezkari-izaera eta une horretan aitortuak dituen ahalmenen egiaztapena erantsi beharko dizkio administrazio-espedienteari. Dagokion ahalordetze-erregistro elektronikoan egindako kontsultaren emaitza egiaztatzen duen agiri elektronikoak egiaztapen-balioa edukiko du ondorio hauetarako.

7. Ordezkaritza ez egiaztatzeak edo behar beste ez egiaztatzeak ez du eragotziko dena delako egintza egindakotzat jotzea, betiere ordezkaritza aurkezten bada edo hutsegitea konpontzen bada administrazio-organoak horretarako eman beharko duen hamar eguneko epean, edo luzeagoan inguruabarrek halakorik eskatzen dutenean.

8. Toki Erakundeak pertsona fisiko edo juridiko baimenduak gaitu ahalko ditu, izaera oro hartzaileaz edo berariazkoaz, pertsona edo entitate interesdunen izenean elektronikoki hainbat hartu-eman egiteko. Gaikuntza horrek zehaztu beharko ditu ordezkarien izaera hartu duten pertsona fisikoek edo juridikoek zer baldintza eta betebeharretarako konpromisoa hartzen duten, eta ordezkaritzaren balio-presuntzioa xedatuko du, salbu eta aplikagarri diren arauek besterik aurreikusten badute. Toki Erakundeak edozein momentutan eskatzen ahalko du ordezkaritza horren akreditazioa. Nolanahi ere, pertsona edo entitate interesdunek beti edukiko dute aukera berez prozeduran agertzeko.

44. artikulua. Ahalordetze-erregistro elektronikoa.

1. Toki Erakundeak ahalordetzeen erregistro elektroniko bat edukiko du, non inskribatu beharko baitira, gutxienez, aurrez aurre edo elektronikoki apud acta emandako izaera orokorreko ordezkaritzak, zeinak administrazio-prozedura batean interesdun diren pertsonak edo entitateak ordezkariaren alde emanak baitira, Administrazio Publikoen aurrean haien izenean jardute aldera. Ahalordearen gainean egindako askiespena ere jaso beharko da.

Estatuaren esparruan, erregistro hori Estatuko Administrazio Orokorraren Ahalordetze-Erregistro Elektronikoa izanen da.

Ahalordetze-erregistro orokorrek ez dute eragotziko Organismo bakoitzean erregistro partikularrak izatea, non inskribatuko baitira berariazko izapideak egiteko ahalmenak. Organismo bakoitzak ahalordetzeen erregistro elektroniko propioa eduki dezake.

2. Administrazio bakoitzaren ahalordetzeen erregistro elektronikoek –orokorrak zein partikularrak– guztiz elkarreragingarriak izan behar dute, eta honako hauek bermatuko dituzte: elkarren arteko lotura, informatika-bateragarritasuna eta eskaeren, idazkien eta komunikazioen transmisio telematikoa.

Ahalordetzeen erregistro orokorrek eta partikularrek bidea emanen dute Administrazio Publikoen aurrean hirugarren pertsonaren edo entitatearen izenean jarduten dutenen ordezkaritza baliozki egiaztatzeko, horretarako kontsulta eginez beste administrazio-erregistroetan, merkataritzako erregistroan, jabetzakoan eta protokolo notarialetan.

Merkataritza- zein jabetza- erregistroak eta protokolo notarialekoak elkarreragingarriak izanen dira ahalordetzeen erregistro elektroniko orokorrekin eta partikularrekin.

3. Ahalordetzeen erregistro elektroniko orokorretan eta partikularretan egiten diren idazpenek gutxienez honako informazio hau jaso beharko dute:

a) Ahalordea eman duen pertsonaren edo entitatearen izen-abizenak edo izena edo sozietate-izena, eta nortasun agiri nazionala, identifikazio fiskaleko zenbakia edo baliokidea den agiria.

b) Ahalordea jaso duen pertsonaren edo entitatearen izen-abizenak edo izena edo sozietate-izena, eta nortasun agiri nazionala, identifikazio fiskaleko zenbakia edo baliokidea den agiria.

c) Inskripzio-data.

d) Ahalordea noiztik noiz arte ematen den.

e) Ahalorde mota, zer nolako gaitasunak ematen dituen.

4. Ahalordetzeen erregistro elektroniko orokorretan eta partikularretan inskribatzen diren ahalmenak tipologia hauetako bati egokitu beharko zaizkio:

a) Ahalorde orokor bat, hura jaso duen pertsonak jardun ahal dezan ahalordea eman dion pertsonaren edo entitatearen izenean edozein administrazio-jarduketetan eta edozein administrazioren aurrean.

b) Ahalorde bat, hura jaso duen pertsonak jardun ahal dezan ahalordea eman dion pertsonaren edo entitatearen izenean edozein administrazio-jarduketetan administrazio edo organismo jakin baten aurrean.

c) Ahalorde bat, hura jaso duen pertsonak jardun ahal dezan ahalmena eman dion pertsonaren edo entitatearen izenean ahalordetze-agirian zehaztutako izapide jakin batzuk egiteko bakarrik.

5. “Apud acta” ahalordetzea emanen da Toki Entitatearen egoitza elektronikoan elektronikoki agertzearen bidez, Ordenantza honetan aurreikusita dauden sinadura-sistemak erabiliz edo norbera aurrez aurre agertuta erregistro-bulegoetan.

6. Erregistroan inskribatutako ahalordeek luzera jakin bat edukiko dute, gehienez bost urtekoa, inskripzioaren datatik aitzina kontatuta. Nolanahi ere, epe hori amaitu baino lehen, ahalordea eman duen pertsonak hura errebokatzen edo luzatzen ahalko du. Pertsona edo entitate ahalorde emaileek emandako erregistro-luzapenek gehienez bost urteko balioa edukiko dute, inskripzioaren datatik aitzina kontatuta.

7. Ahalordea inskribatzeko, errebokatzeko, luzatzeko edo salatzeko eskabideak edozein erregistrotan aurkezten ahalko dira, betiere ahalordeak zein Administrazio edo Erakundetan ondorioak eragin eta haien erregistroan inskribatu beharko baita inguruabar hori, halako moduz non ondorioak sortuko baitira inskripzio hori egin eta hortik aitzina.

45. artikulua. Pertsonen aurrez aurreko agerraldiak eta agerraldi elektronikoak.

1. Pertsonen agerraldia, Toki Erakundearen bulegoetan, dela aurrez aurre dela bitarteko elektronikoak erabilita, betebeharrekoa izanen da bakarrik lege mailako arau batek hala aurreikusten badu.

2. Agerraldia bidezkoa den kasuetan, zitazioan berez jasoko dira agerraldia egiteko tokia, data, ordua, baliabide erabilgarriak eta agerraldiaren xedea, bai eta zitazioari uko egiteak dakartzan ondorioak ere.

3. Toki Erakundeak agerraldia egiaztatzeko ziurtagiria emanen dio interesdunari, hark eskatzen badu.

46. artikulua. Prozedura-zerrendak eta isiltasunaren ondorioak.

1. Toki Erakundeak webgunean argitara eman eta eguneraturik edukiko ditu, argibideak emateko xedez, haren eskumeneko prozedura-zerrendak, bertan jasota hala haien gehieneko epeak nola administrazio-isiltasunak ekar ditzakeen ondorioak.

2. Nolanahi ere, Toki Erakundeak interesdunei jakitera emanen die prozedurak ebazteko eta haiei buru ematen dieten egintzak jakinarazteko gehieneko epea, bai eta administrazio-isiltasunak ekar ditzakeen ondorioak ere. Aipamen hori ofizioz abiatutako erabakiaren jakinarazpenean edo argitalpenean txertatuko da, edo Toki Erakundearen erregistro elektronikoan prozedura abiatzeko eskaera jaso eta hurrengo hamar egunetan pertsona edo entitate interesdunari zuzendutako komunikazioan. Azken kasu horretan, komunikazioan jakitera emanen da, baita ere, organo eskudunak zein datatan jaso duen eskaera.

47. artikulua. Pertsona edo entitate interesdunek administrazio-prozeduran aurkeztutako agiriak.

1. Pertsona edo entitate interesdunek administrazio-prozeduran aurkeztu beharko dituzte Toki Erakundeak aplikagarria den araudian xedatutakoarekin bat eskatutako datuak eta agiriak. Halaber, pertsona edo entitate interesdunek egoki jotako beste edozein agiri ere aurkezten ahalko dute.

2. Pertsona edo entitate interesdunak ez dira beharturik egonen edozein administraziok emandako agiriak aurkeztera, alde batera utzita horiek dagokion prozeduran aurkeztea derrigorrezkoa edo hautazkoa den, betiere pertsona edo entitate interesdunak baimena eman badu agiri horiek kontsultatu edo eskuratu ahal izateko. Ulertuko da pertsona edo entitate interesdunek baimendu dutela kontsulta edo eskuratze hori, salbu eta prozeduran kontrako jarrera berariaz agertzen badute edo aplikagarri den lege bereziak berariazko baimena eskatzen badu.

Pertsona edo entitate interesdunak kontrako jarrerarik agertu ezean, Toki Erakundeak elektronikoki eskuratu beharko ditu agiriok, horretarako sare korporatiboak erabiliz edo kontsulta eginez datuen arloko bitartekotza-plataformetan edo gaitutako beste sistema elektronikoetan.

Prozedura izapidetzen ari denaz beste administrazio-organo batek emandako derrigorrezko txostenen kasuan, horiek hamar eguneko epean igorri beharko dira eskaera jaso eta hortik aurrera. Epe hori amaitutakoan, jakitera emanen zaio pertsona edo entitate interesdunari txosten hori aurkez dezakeela edo organo eskudunak hura igorri arte itxaron.

3. Toki Erakundeak ez die eskatuko pertsona edo entitate interesdunei jatorrizko agiriak aurkez ditzatela, salbuespenez aplikagarri den araudiak kontrakoa ezartzen badu izan ezik.

Halaber, Toki Erakundeak ez die eskatuko pertsona edo entitate interesdunei araudi aplikagarriak galdatzen ez duen datu edo agiririk, edo lehenagotik pertsona edo entitate interesdunak edozein administraziotan jada aurkeztu duenik. Xede horietarako, pertsona edo entitate interesdunak adierazi beharko du zein unetan eta zein administrazio-organori aurkeztu zizkion agiri horiek, Toki Erakundearen zeregina izaki horiek elektronikoki eskuratzea bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datuen arloko bitartekotza-plataformetan edo gaitutako beste sistema elektronikoetan. Ulertuko da pertsona edo entitate interesdunek baimendu dutela kontsulta hori, salbu eta prozeduran kontrako jarrera berariaz agertzen badute edo aplikagarri den lege bereziak berariazko baimena eskatzen badu. Bi kasu horietan, informazioa jaso beharko dute, aurrez, datu pertsonalen babesari buruzko eskubideei buruz.

Salbuespenez, Toki Erakundeak ezin baditu aipatu agiriak eskuratu, berriz ere eskatzen ahalko dio pertsona edo entitate interesdunari horiek aurkezteko.

4. Salbuespenez Toki Erakundeak pertsona edo entitate interesdunari eskatzen badio jatorrizko agiri bat aurkezteko, eta hura paper-formatuan bada, pertsona edo entitate interesdunak kopia kauto bat eskuratu beharko du, 31. artikuluan ezarritako betekizunekin bat, agiria elektronikoki aurkeztu baino lehen. Kopia elektronikoak berariaz jasoko du inguruabar hori.

5. Salbuespenez, eskatutako agiriak prozeduran garrantzi handia duelako edo kopiaren kalitate ezak zalantzak sortzen dituelako, Toki Erakundeak, behin hori arrazoiturik, eskatzen ahalko du pertsona edo entitate interesdunak aurkeztutako kopiak alderatzeko; horretarako, jatorrizko agiria edo informazioa erakusteko eskatzen ahalko du.

6. Pertsona edo entitate interesdunek administrazio-prozeduran aurkeztutako kopiek administrazio publikoen jardunaren esparruan bakarrik edukiko dute eraginkortasuna.

7. Pertsona edo entitate interesdunak izanen dira aurkezten dituzten agirien egiazkotasunaren erantzule.

48. artikulua. Administrazio egintzen forma.

1. Administrazio-egintzak idatziz gauzatuko dira, bitarteko elektronikoen bidez, salbu eta haien izaerak eskatzen badu modu egokiagoan adierazi eta jaso behar direla.

2. Udal-ebazpen, -egintza edo -erabakien proposamen elektronikoek, kasuan-kasuan, Udal Erregelamendu Organikoak galdatzen dituen onespenak eta ontzat emanak jaso beharko dituzte. Horretarako, kasu horietako bakoitzean hura gauzatzen duen udal-langilearen sinadura elektronikoa –ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutakoa– txertatu beharko da.

3. Prozedura elektronikoari buru ematen dion ebazpen, egintza edo erabakiarekin batera, ebazpen, egintza edo erabaki hori emateko eskumena duen administrazio-organoaren sinadura elektronikoa –ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutakoa– ere txertatuko da.

4. Behin udal-ebazpenak, -egintzak edo -erabakiak hartu eta gero, Udaleko Osoko Bilkurako idazkariak, Tokiko Gobernu Batzarreko zinegotzi idazkariak edo Tokiko Gobernu Batzarrari laguntzeko organoaren titularrak fede emanen dute haietaz, zeinek bere eskumenaren esparruan, ziurtagiri elektroniko kualifikatuan oinarritutako sinadura elektronikoaz baliatuta.

II. KAPITULUA

Prozedura abiatzea pertsona edo entitate interesdunak eskatuta

49. artikulua. Abiatzeko eskaerak.

1. Aurkeztutako eskabideetan honako hauek agertuko dira:

a) Pertsona edo entitate interesdunaren izen-abizenak eta, halakorik balitz, hura ordezkatzen ari den pertsonarenak.

b) Jakinarazpena non jaso nahi den eta bitarteko elektroniko horren identifikazioa, edo, halakorik ezean, toki fisikoarena. Halaber, pertsona edo entitate interesdunek bere posta elektronikoaren edo gailu elektronikoaren helbidea ematen ahalko dute, Toki Erakundeak ohartaraz ditzan jakinarazpena igorri edo eskuragarri jarri izanaz.

c) Eskaera argi eta garbi zehazten duten egitateak, zioak eta eskaria.

d) Tokia eta data.

e) Eskatzailearen sinadura edo beste bitarteko batez adierazitako borondatea kautoa dela dioen egiaztapena.

f) Jomuga duen administrazio-organoa, -zentroa edo -unitatea eta hari dagokion identifikazio-kodea.

Erregistro-bulegoek betebeharra dute pertsona edo entitate interesdunei bere identifikazio-kodea emateko, pertsona edo entitate interesdunak ez badu kode hori ezagutzen. Halaber, Toki Erakundeak dagokion egoitza elektronikoan zerrenda bat eduki beharko du eguneraturik, non dagozkion identifikazio-kodeak jasoko baitira.

2. Pertsona multzo bati dagozkion asmoek eduki eta oinarri berdinak edo oso-oso antzekoak badituzte, eskabide bakar batean jasota aurkezten ahalko dira, salbu eta berariazko prozedurak arautzen dituzten arauek besterik xedatzen badute.

3. Pertsona edo entitate interesdunek egiaztagiri bat eskatzen ahalko dute elektronikoki edo erregistro-bulegoetan aurkeztutako eskabideen, komunikazioen eta idazkien gainean, haiek zer egun eta ordutan aurkeztu dituzten egiaztatzeko.

4. Toki Erakundeak ereduak eta sistemak ezarriko ditu agiriak masiboki aurkezteko, pertsona edo entitate interesdunek aukera eduki dezaten aldi berean eskaera batzuk aurkezteko. Eredu horiek, borondatez erabiltzekoak, pertsona edo entitate interesdunen eskuragarri egonen dira egoitza elektronikoan eta Toki Erakundearen erregistro-bulegoetan Nafarroak berezko dituen bi hizkuntzetan.

Eskatzaileek egoki jotako osagaiak eransten ahalko dituzte ereduaren datuak zehaztu edo osatzeko, eta jomuga duten organoak onartu eta kontuan hartu beharko ditu.

5. Arauzko eskabide-sistemek emandako informazioa automatikoki egiaztatzeko bideak izaten ahalko dituzte, bere sistemetan bildutako datuei edo beste administrazioen datuei dagokienez, bai eta formularioa eskaini ere, osorik edo parte batez betea, pertsona edo entitate interesdunak informazioa egiazta dezan eta, behar izanez gero, aldatu eta osatu dezan.

6. Toki Erakundeak eskaerak aurkezteko berariazko eredurik ezarriz gero prozedura jakin batean, pertsona edo entitate interesdunek derrigorrean erabili beharko dituzte ereduok.

7. 42. artikuluaren 2. eta 3. zenbakiek aipatzen duten subjektuetako batek eskaera aurrez aurre aurkeztuz gero, Toki Erakundeak eskatuko dio pertsona edo entitate interesdunari hori zuzentzeko eta elektronikoki aurkez dezala. Halako kasuetan, aurkezpen datatzat hartuko da eskaera zuzentzeko agiria aurkeztutako eguna.

50. artikulua. Erantzukizuneko aitorpena eta komunikazioa.

Toki Erakundeak beti edukiko ditu argitaraturik eta eguneraturik erantzukizuneko aitorpenak eta komunikazioak egiteko ereduak, pertsona edo entitate interesdunek erraz eskuratzeko moduan, egoitza elektronikoan eta Toki Erakundearen erregistro-bulegoetan, Nafarroak berezko dituen bi hizkuntzetan.

III. KAPITULUA

Prozedura elektronikoaren bultzada eta instrukzioa

51. artikulua. Prozeduraren bultzada.

Prozedura, bizkortasun-printzipiori lotua, ofizioz bultzatuko da izapide guztietan, bitarteko elektroniko bidez, eta gardentasun zein publikotasun-printzipioak betez.

52. artikulua. Prozeduraren instrukzioa.

1. Ebazpena zein egintzen gainean eman behar eta horiek zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko instrukzio-egintzak ofizioz eta bitarteko elektronikoak erabilita eginen ditu prozedura izapidetzeko ardura duen organoak, ezertan eragotzi gabe pertsona edo entitate interesdunek bere parte-hartzea eraginen luketen jarduketak edo legez edo arauz ezarritako izapideak eratuko lituzketenak proposatzeko duten eskubidea.

2. Prozeduren instrukzioan erabilitako informazio-aplikazioek eta sistemek bermatu beharko dituzte denboren eta epeen gaineko kontrola, organo arduradunen identifikazioa eta espedienteak modu ordenatuan izapidetzea, bai eta prozeduren sinplifikazioa eta publikotasuna erraztea ere.

53. artikulua. Txostenak ematea.

1. Kontrako xedapenik izan ezean, txostenak borondatezkoak izanen dira, eta ez-lotesleak.

2. Txostenak bitarteko elektroniko bidez emanen dira eta, Ordenantza honen 29. artikuluan adierazten den bezala, hamar eguneko epean, salbu eta xedapen batek edo prozeduraren gainerako epeak betetzeak baimentzen badu edo eskatzen badu beste epe luzeago edo laburrago bat.

54. artikulua. Informazio publikoa.

1. Prozeduraren gainean ebazteko ardura duen organoak erabakitzen ahalko du jendaurreko epea ezartzea, prozeduraren nolakotasunaren arabera halakorik behar bada.

2. Horretarako, iragarki bat argitaratuko da dagokion Egunkari ofizialean, pertsona fisiko eta juridiko orok aukera eduki dezan espedientea edo ebatzitako espedientearen partea aztertzeko.

Iragarkiak jakitera emanen du non jarriko den espedientea jendaurrean, betiere eskuragarri egon beharko delarik bitarteko elektroniko bidez dagokion egoitza elektronikoan hala eskatu duten pertsonentzat, eta alegazioak aurkezteko epea zedarrituko du, zeina ezein kasutan ere ez da izanen hogei egunetik beherakoa.

IV. KAPITULUA

Prozedura elektronikoaren gaineko ebazpena

55. artikulua. Prozeduraren gaineko ebazpena.

1. Pertsona edo entitate interesdunak jakinarazpenetarako emandako bidea eta tokia ezertan eragotzi gabe, prozedura elektronikoki ebatziko da eta bertan organo eskudunaren identitatea bermatuko da, bai eta urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako tresnetako baten bidez gauzatutako agiriaren kautotasuna eta osotasuna ere.

2. Eskuordetze bidez emandako administrazio-ebazpenetan berariaz adieraziko da inguruabar hori, eta eskuordetutako organoak emanak dituela joko da.

3. Sinadura-eskuordetze bidez sinatutako ebazpenetan eta egintzetan, jasota geratuko dira inguruabar hori eta jatorrizko agintaritza.

4. Ordezkapen bidez emandako ebazpenetan eta egintzetan, jasota geratuko da inguruabar hori, eta zehaztuko da nor den ordezkatua izaten ari den organoaren titularra eta nor ari den egiatan ordezkapena gauzatzen.

56. artikulua. Ordainketak Toki Erakundeari.

Administrazio-ebazpen batetik edo administrazio-prozedura amaitzeko beste edozein bidetatik ordaintzeko beharra sortzen bada, dela diru-zehapen batek, isun batek edo Tokiko Ogasun Publikoari ordaindu beharreko eskubide batek eragindakoa, ordainketa bitarteko elektroniko hauetakoren bat erabiliz eginen da lehentasunez, horrela egiteko ezintasuna justifikatu ezean:

a) Kreditu- eta zordunketa-txartela.

b) Banku-transferentzia.

c) Banku-helbideratzea.

d) Tokiko Ogasun publiko eskudunak baimendutako beste edozein bitarteko.

V. KAPITULUA

Jakinarazpenak egitea

57. artikulua. Baldintza orokorrak jakinarazpenak egiteko.

1. Jakinarazpenak, ahal dela, elektronikoki eginen dira, eta hala eginen dira, beti, pertsona edo entitate interesdunak beharturik badaude horiek elektronikoki jasotzera.

Aurrekoa gorabehera, Toki Erakundeak elektronikoak ez diren bitartekoez egiten ahalko ditu jakinarazpenak honako kasu hauetan:

a) Jakinarazpena egiten bada pertsona interesdunak edo hura edo entitate interesduna ordezkatzen duenak erregistro-bulegoetan egiten duen bat-bateko agerraldi baten karira, eta eskatzen badu jakinarazpena edo komunikazio pertsonala une horretan bertan jasotzea.

b) Administrazio-eraginkortasuna ziurtatze aldera beharrezkoa bada jakinarazpena egiten duen Administrazioko langile publiko batek zuzenean ematea interesdunari.

Erabilitako bitartekoa gorabehera, jakinarazpenek, baliozkoak izatekotan, bidea eman behar dute honako hauek jasota gera daitezen: igorri edo eskuragarri jarri direla, pertsona edo entitate interesdunak edo hura ordezkatzen duenak eskuratu duela edo horra sarbidea duela, jakinarazpenaren data eta ordua, eduki osoa eta igorlearen eta pertsona edo entitate hartzailearen nortasun fidagarria. Jakinarazpenaren egiaztapena espedienteari erantsiko zaio.

Jakinarazpen elektronikoak jasotzera beharturik ez dauden pertsona edo entitate interesdunek erabakitzen ahalko dute aurrerantzean jakinarazpenak bitarteko elektroniko bidez egin daitezela edo horrela egiteari utz diezaiotela, eta hori edozein unetan jakitera ematen ahal diote Toki Erakundeari, horretarako ezarritako arauzko ereduak erabiliz.

Toki Erakundeak ezartzen ahalko du prozedura jakin batzuetan eta pertsona fisikoen prozedura eta kolektibo batzuen kasuan jakinarazpenak bitarteko elektroniko bidez aurkezteko betebeharra, baldin eta haien gaitasun ekonomikoa, teknikoa, jardunbide profesionala edo bestelako zioak direla medio egiaztatu bada badituztela sarbidea eta eskuragarritasuna beharrezko bitarteko elektronikoetara.

Osagarri gisara, pertsona edo entitate interesdunak gailu elektroniko bat edo posta elektronikoaren helbide bat identifikatzen ahalko du, eta horretaz baliatu artikulu honetan araututako oharpenak igortzeko, baina ez jakinarazpenak egiteko.

2. Honako jakinarazpen hauek ez dira ezein kasutan ere elektronikoki eginen:

a) Jakinarazteko egintzarekin batera formatu elektronikora bihurtu ezin daitezkeen elementuak dituzten jakinarazpenak.

b) Betebeharpekoen aldeko ordainbideak –hala nola txekeak– txertaturik daramatzaten jakinarazpenak.

3. Pertsona edo entitate interesdunaren ekimenez abiatutako prozeduretan jakinarazpena egiteko, interesdunak horretarako adierazitako bitartekoa erabiliko da. Jakinarazpena elektronikoki eginen da interesduna beharturik badago Administrazioarekiko harremanak bitarteko elektroniko bidez edukitzera.

Posible ez balitz jakinarazpena eskaeran adierazitakoarekin bat egitea, horretarako egoki den beste toki batera eginen da, edozein bitarteko erabilita betiere horrek bidea ematen badu honako hauek jasota gera daitezen: pertsona edo entitate interesdunak edo haren ordezkariak jakinarazpena eskuratu duela, data, nortasuna eta jakinarazitako egintzaren edukia.

4. Ofizioz abiatutako prozeduretan, abiatze horren ondorioetarako bakarrik bada ere, Toki Erakundeak interesdunaren helbide-datuak –Udal Erroldan jasoak– eskuratzen ahalko ditu, Espainiako Estatistika Institutuaren datu-baseetan kontsulta eginez. Datu horiek Institutura igortzen zaizkio Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean aurreikusitakoa betetze aldera.

5. Interesdunak edo pertsona edo entitate interesdunaren ordezkariak uko egiten badio administrazio-jarduketa baten jakinarazpenari, hori espedientean jasota geratuko da, bai eta jakinarazpen-saioaren inguruabarrak eta erabilitako bitartekoak ere, izapidea egintzat emanda eta prozedurarekin jarraituta.

6. Alde batera utzita jakinarazpena paperean edo bitarteko elektroniko bidez egin den, Toki Erakundeak oharpen bat bidaliko du pertsona edo entitate interesdunak emandako gailu elektronikora edo posta elektronikoko helbidera, jakitera emate aldera eskuragarri jarri zaiola jakinarazpen bat Toki Erakundearen egoitza elektronikoan. Oharpen hori ez egiteak ez du eragotziko jakinarazpena guztiz baliozkotzat jotzea.

7. Pertsona edo entitate interesdunak zenbait bideren bitartez jaso badu jakinarazpena, jasotako lehenaren eguna hartuko da jakinarazpen-datatzat.

8. Paperean egindako jakinarazpen guztiak pertsona edo entitate interesdunaren eskura jarri behar dira Toki Erakundearen egoitza elektronikoan, hark sarbidea eduki dezan, nahi izanez gero, jakinarazpenen edukietara.

9. Pertsona edo entitate interesdunak egoitza elektronikoan eskuratzen badu jakinarazpen baten edukia, aukera emanen zaio gainerako jakinarazpenak elektronikoki jasotzeko.

58. artikulua. Jakinarazpenak bitarteko elektroniko bidez egitea.

1. Bitarteko elektroniko bidezko jakinarazpenak Toki Erakundearen egoitza elektronikoan egindako agerraldi bidez gauzatuko dira.

Artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, egoitza elektronikoan egindako agerralditzat ulertuko da pertsona edo entitate interesdunak edo haren ordezkariak, behar bezala identifikaturik, jakinarazpenaren edukira sartzea Toki Erakundearen egoitza elektronikoaren Nire Herritar Karpetan dagoen jakinarazpen-zerbitzua erabilita.

Agerraldi elektronikoak jakinarazpenaren ondorioak izan ditzan, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Jakinarazpen edukietara sartu baino lehen, interesdunak ohar bat ikusi beharko du, non ohartuko baitzaio, lege-ondorioetarako, edukietara sartze horrek administrazio-jarduketa bat dakarrela eta jarduketa hori jakinarazpen bat dela, bai eta hari uko egiteak legeak aurreikusitako ondorioak ekarriko dituela ere.

b) Sarrera egoitza elektronikoaren zer informazio-sistematan egin eta hor jasota geratuko da jakinarazpena onartu den edo hari uko egin zaion, betiere data eta ordua adierazita.

2. Elektronikoki egindako jakinarazpenak egintzat joko dira interesduna haien edukietara sartzen den unean bertan.

Jakinarazpena derrigorrean bitarteko elektronikoez egin behar bada, edo pertsona edo entitate interesdunak bide hori berariaz aukeratu badu, hari uko egiten zaiola ulertuko da jakinarazpena interesdunaren eskura jarri zenetik hamar egun naturaleko epea igarotzen bada edukietara sartu gabe.

3. Jakinarazpena Toki Erakundearen egoitza elektronikoan eskuragarri jartzearekin batera ulertuko da bete egin dela urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40.4 artikuluak aipatzen duen betebeharra.

4. Pertsona edo entitate interesdunak Sarbide Elektroniko Orokorrerako Gunearen bidez sar daitezke jakinarazpenetara, hura sarbide-atari gisara arituko baita.

5. Egoitza elektronikoko agerraldia egin daiteke jakinarazpenean sartzeko edo hari uko egiteko, betiere bi kasu horietan jakinarazteko izapidea egintzat ulertuko delarik, urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako ondorioetarako.

6. Pertsona edo entitate interesduna edo haren ordezkaria Toki Erakundearen egoitza elektronikoan bere borondatez agertu, Nire Herritar Karpeta bidez, eta jakinarazpenaren edukietara sartzeak edo haiei uko egiteak ondorio juridiko osoak ekarriko ditu, alde batera utzita Toki Erakundearekiko harremanak elektronikoki edukitzera beharturik dauden edo ez eta jakitera eman duten jakinarazpenak elektronikoki jaso nahi dituztela.

7. Egoitza elektronikoan Nire herritar Karpeta bidez egindako jakinarazpenak jaso izanaren gaineko agiri bat sortu eta hura pertsona edo entitate interesdunaren eskura jarriko du, jakinarazpenera sartu izana justifikatze aldera. Jaso-izanak honako alderdi hauek jasoko ditu gutxienez: jakinarazitako egintzaren identifikazioa eta haren hartzailea, zer egun edo ordutan jarri den eskura eta interesduna zer egun eta ordutan sartu den edo uko egin dion, edo noiz jo izan den ukatutzat horretarako legeek ezarritako epea gainditzeagatik.

8. Egoitza elektronikoak, non agerraldia egin baita, gaurkotu beharko du jakinarazpenaren egoera Nire Herritar Karpetan.

9. Toki Erakundeak beharrezko neurriak hartuko ditu administrazio-ebazpen, -erabaki eta -egintzetan agertzen diren datu pertsonalak babesteko, horien hartzaileak pertsona edo entitate interesdun bat baino gehiago badira, eta Gardentasun arloko legeek aurreikusitako mugak aplikatuko ditu, halakorik balitz.

Neurri horiek izan daitezke, besteak beste, erabakiak eta ebazpenak partzialki transkribatzea.

10. Toki Erakundeak paper-euskarrian eginen ditu jakinarazpenak administrazio-prozedura erkideari buruzko legeek horrela aurreikusten duten kasuetan. Halako kasuetan, egoitza elektronikoan eskuragarri jarritako jakinarazpenaren kopia kauto bat sortuko da automatikoki paperean, horretarako egiaztapen-kode segurua erabiliz.

Paperean egindako jakinarazpenetan jaso izanaren gaineko idazki bat sortuko da, are euskarri elektronikoan sortu ere, pertsona interesdunak edo hura ordezkatzen duen pertsona edo entitate interesdunak jaso duela egiaztatzeko, eta hura digitalizatu eginen da kopia elektroniko kauto gisara espedientean eransteko.

Paperean egindako jakinarazpen guztiak pertsona edo entitate interesdunaren eskura jarri behar dira Toki Erakundearen egoitza elektronikoan, hark sarbidea eduki dezan, nahi izanez gero, jakinarazpenen edukietara.

11. Aurreko artikuluetan ezarritako baldintzetan ezin bada jakinarazpena egin, hura egiteko iragarki bat argitaratuko da “Estatuko Aldizkari Ofizialean”. Horretarako, bada, banakako iragarkiak argitaratzen ahalko dira.

Halaber, aurrez eta bere borondatez, Toki Erakundeak iragarki bat argitaratzen ahalko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean edota egoitza elektronikoaren Ediktu-taula elektronikoan.

IX. TITULUA

Kide anitzeko organoen funtzionamendua

59. artikulua. Deialdiak eta bilkurak.

1. Toki Erakundea osatzen duten kide anitzeko organo guztiek ahalmena dute eratzeko, bilkurak deitu eta egiteko, erabakiak hartzeko eta aktak igortzeko, hala aurrez aurre nola urrutitik, salbu eta beren barne erregelamenduak berariaz eta salbuespenez kontrakoa jasotzen badu.

Kide anitzeko organoek urrutitik egiten dituzten bilkuretan, hura osatzen duten pertsonak toki ezberdinetan egoten ahalko dira, betiere bitarteko elektronikoak erabilita, halakotzat jo daitezkeelarik, baita ere, telefonoak eta ikus-entzunezkoak, honako baldintza hauek ziurtatzen badira: haien ordez ari direnen nortasuna, beren adierazpenen edukiak, horiek egiten diren unea, beraien arteko denbora errealeko elkarreragitea eta elkarkomunikazioa eta bilkura egiten den bitartean bitartekoak eskuragarri edukitzea. Besteak beste, baliozko bitarteko elektronikoen artean daude posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak.

2. Bilkurak egin, deliberatu eta erabakiak hartzeari begira kide anitzeko organoaren eraketa baliozkoa izan dadin, bertan egon beharko dute, edo urrutitik parte hartu, lehendakariak eta idazkariak, edo haien ordezkoek, eta organoa osatzen duten lagunetako erdiek gutxienez.

Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.2 artikuluak aipatzen dituen kide anitzeko organoen kasuan, Lehendakariak jotzen ahalko du organoa balioaz eratu dela, bilkura egitearen ondorioetarako, baldin eta bilkurara honako hauek bertaratu badira: Administrazio Publikoetako ordezkariak eta organoa osatzen duten erakundeen artean interes sozialak ordezkatzen dituztenetako ordezkariak, betiere bozeramaile-eginkizuna esleitu zaielarik.

Bilduta daudenean, dela aurrez aurre dela urrutitik, Idazkaria eta kide anitzeko organoko kide guztiak edo haien ordez ari direnak kide anitzeko organotzat eratzen ahalko dira, bilkurak egin, deliberatu eta erabakiak hartzeko, aurrez deialdirik egin beharrik gabe, kide guztiek horrela erabakitzen badute.

3. Kide anitzeko organoek bilkurak egiteko deietarako araubidea ezartzen ahalko dute, hori ez badago aurreikusita bere funtzionamendu-arauetan. Araubide horretan bigarren deia egiteko aukera aurreikus daiteke, bai eta zehaztu ere zenbat kide behar diren bigarren dei horretan organoa balioaz eratzeko.

Posible ez denean izan ezik, bilkura-deiak bitarteko elektroniko bidez igorriko zaizkie kide anitzeko organoa osatzen duten pertsonei, deian honako hauen berri emanen delarik: gai-zerrenda, deliberazioa egiteko beharrezko dokumentazioa –posible balitz–, bilkura nola eginen den, lotura egiteko sistema eta, halakorik balitz, baliabideak zein lekutan egonen diren erabilgarri bertaratu eta bilkuran parte hartzeko.

4. Ezin izanen da eztabaidatu ezta haren gainean erabakirik hartu ere gai-zerrendan jasota ez dagoen gai bati buruz, salbu eta kide anitzeko organoa osatzen duten pertsona guztiak bilkuran egon eta gehiengoaren aldeko botoaz erabakitzen bada gaia premiazkoa dela.

5. Erabakiak botoen gehiengoaz hartuko dira. Bilkurara urrutitik agertuz gero, ulertuko da erabakiak hartzen direla kide anitzeko organoak egoitza non eduki eta leku horretan, eta halakorik ezean, lehendakaria dagoen lekuan.

6. Organoa osatu eta aurkako botoa eman dutenek eta abstenitu direnek ez dute erantzukizunik izanen, halakorik balitz, hartutako erabakietan.

7. Legezko interesen titulartasuna egiaztatzen dutenek kide anitzeko idazkariarengana jotzen ahalko dute organoaren erabakien gaineko ziurtagiria eman diezaieten. Ziurtagiria bitarteko elektronikoez eginen da, salbu eta interesdunek berariaz kontrakoa adierazi badute eta ez badaude beharturik Toki Erakundearekiko harremanak elektronikoki edukitzera.

60. artikulua. Aktak.

1. Kide anitzeko organoaren bilkura guztien akta eginen du idazkariak, non zehaztuko den, nahitaez, bertaratu diren pertsonen izenak, bilkuraren gai-zerrenda, bilkura non eta noiz egin den, aztertu diren gai nagusiak eta onetsitako erabakien edukia.

Kide anitzeko organoaren bilkurak grabatzen ahalko dira. Grabazioaren fitxategia, Idazkariak haren gaineko kautotasun eta osotasunaren gainean emandako ziurtagiriarekin batera, eta bilkuran euskarri elektronikoan erabilitako agiri guztiak bilkuren aktekin batera joan daitezke, bertan jaso beharrik gabe bilkuran aztertu diren gai nagusiak.

2. Bilkura bakoitzaren akta bilkuran bertan onets daiteke, edo haren hurrengoan. Idazkariak eginen du akta, Lehendakariaren oniritziaz, eta kide anitzeko organoa osatzen duten pertsonei igorriko die bitarteko elektroniko bidez; horiek aukera izanen dute bitarteko berberak erabilita adostasuna agertzeko edo testuari eragozpenak jartzeko, hura onesteari begira, eta, baiezkoa ematekotan, akta bilkuran bertan onetsi dela joko da.

Egindako bilkurak grabatu badira edo euskarri elektronikoan gordetako agiriak erabili badira, horien kontserbazioan bermatu behar dira hala fitxategi elektronikoen osotasuna eta kautotasuna nola kide anitzeko organoa osatzen dutenek horietarako sarbidea edukitzea.

61. artikulua. Toki Erakundearen kide anitzeko gobernu-organoak.

IX. Titulu honetan kide anitzeko organoei buruz aurreikusitako xedapenak ez zaizkie aplikagarriak izanen Toki Erakundearen kide anitzeko gobernu-organoei.

X. TITULUA

Herritarren parte-hartzea arauak egitean

62. artikulua. Herritarren parte-hartzea arauak egitean.

1. Erregelamendu-proiektua edo aurreproiektua egin baino lehen, kontsulta publiko bat paratuko da Toki Erakundearen webgunean, geroko arau horrek ukituko dituenen iritzia ezagutze aldera eta beste pertsona edo entitateek egin ditzaketen ekarpenak oro jasotzeko.

2. Halaber, zuzenean jasotzen ahalko da legeak aitortzen dituen erakundeen edo elkarteen iritzia, arauak zer legezko eskubide edo interes ukitu eta horien jabe diren pertsonak taldekatu edo ordezkatzen dituzten horienak, hain zuzen.

63. artikulua. Salbuespenak.

Aurreko artikuluan aurreikusitako kontsulta, entzunaldi eta informazio publikoko izapideak egin gabe gera daitezke Toki Erakundearen edo haren menpeko edo hari lotutako erakundeen aurrekontu- edo antolaketa-arauen kasuan, baldin eta hori justifikatzen duten interes publikoko arrazoi larri tartean badira.

XI. TITULUA

Administrazioaren informazioa bitarteko elektronikoen bidez hedatzea eta horretarako sarbidea

64. artikulua. Araubide juridiko aplikagarria.

1. Maiatzaren 17ko Gardentasunaren, informazio publikoa eskuratzearen eta gobernu onaren 5/2018 Foru Legean, hura garatzeko onets daitekeen araudian eta Ordenantza honetan xedatutakoak arautuko dute Informazio publikorako sarbidea.

2. Ez da araubide hori aplikatuko baldin eta informaziora sartzeko eskubidea arau berezi batek erregulatzen badu edo informazio-eskatzaileak, pertsona edo entitate interesdun izaki, sarbidea eskatzen badu izapidetze-bidean den prozedura batean jasota dauden agirietarako. Kasu horretan, dagokion administrazio-prozedura erregulatzen duen araudiaren arabera eginen da sarbidea.

Espedientea amaiturik badago, sarbide iraunkorreko printzipioarekin bat, espedientearen zaintza duen pertsonak bermatu beharko du zuzeneko sarbidea espedientera, kasuan kasuko prozedura arautzen duten arau erregulatzaileek xedatutakoa betez, betiere eskatzaileak aurrez egiaztaturik pertsona edo entitate interesduna dela, eta ezertan eragotzi gabe espedientean jasota dauden agirien kopia eskuratzeko eskubidea.

65. artikulua. Eskubidearen titulartasuna.

Honako hauek dira urriaren 1eko 39/2015 Legearen 13, d) artikuluan eta maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 30.1 artikuluan ezarritako informazio publikorako eskubidearen titularrak: edozein pertsona fisiko edo juridiko, publikoa zein pribatua, dela banaka eta bere izenean dela pertsonak taldekatu edo ordezkatzen dituzten erakundeak –legearekin bat eraturik– ordezkatuz edo haien izenean, muga bakarrak izaki aipatu Foru Legean aipatutakoak.

Eskubide hori gauzatzeko, aurrez eskaera bat aurkeztu behar da, eta horretarako ez da baldintzarik bete beharrik nazionalitate, auzotasun edo parekoez bezainbatean, eta ez dira kontuan hartuko eskatzailearen prestakuntza, baliabideak, inguruabar pertsonalak edo gizarte-egoera.

Eskubide hori gauzatzeko, halaber, ez da beharrezko izanen ez eskaera arrazoitzea, ez ezein araurik aipatzea, ez ezein interesik egiaztatzea.

66. artikulua. Publikotasun aktiboari dagozkion betebeharren helmena.

1. Toki Erakundeak publikotasun aktiboari buruz dituen betebeharrak bide elektronikoaz gauzatuko dira, ahal dela egoitza elektronikoaren bidez, hura baita argitaratutako informazioaren osotasuna, kautotasuna eta gaurkotasuna bermatzen dituen kanala.

2. Administrazio elektronikoa behin betikoz ezartzearekin bat, Toki Erakundeak ahalik eta hedapen, publikotasun eta gardentasun handienak erraztuko ditu bere artxiboetan jasota dagoen informazioa erabiltzean eta administrazio-jarduketetan, betiere bat etorrita gainerako antolamendu juridikoarekin eta aitortutako praktika egokiekin.

3. Toki Erakundeak bere ekimenez emanen du argitara bere ezaugarrien arabera gardentasuna sustatzen duen informazioa, kontu-ematea ahalbidetzen duena, bidea ematen duena herritarrek beren eskubideak gauzatu ditzaten, eta gizarteari, oro har, zein jarduera ekonomikoaren garapenari onura handiena ekartzen diona.

4. Toki Erakundeak publiko egin beharko du, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak aipatzen dituenekin bat, gutxienez honako informazio hau:

a) Informazio instituzionala, antolamendukoa eta plangintzakoa.

b) Goi-kargudunei eta zuzendaritzakoei buruzko informazioa.

c) Garrantzi juridikoko informazioa.

d) Informazio ekonomikoa eta aurrekontuei zein finantzei buruzkoa.

e) Kontratazio publikoaren gaineko informazioa.

f) Zerbitzu-emakidari buruzko informazioa.

g) Lankidetza-hitzarmen, programa-kontratu eta bitarteko propioei egindako mandatu zein enkarguei buruzko informazioa.

h) Diru-laguntzen gaineko jarduerei buruzko informazioa.

i) Ondareari eta estatistikari buruzko informazioa.

j) Lurralde-antolamendu, hirigintza, ingurumen eta etxebizitzari buruzko informazioa.

k) Publikotasunaren xede diren bestelako edukiak.

5. Gardentasun-betebeharra betetze aldera, betiere maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aurreikusitakoarekin bat, Toki Erakundeak honako hauek egin beharko ditu:

a) Toki Erakundearen jardunaren gardentasuna, gutxienez artikulu honen 4. puntuan aipatu bezainbatekoa, bermatzen duen informazioa prestatu, aldian-aldian eguneratu eta hedatzea, iraunkortasun, egiazkotasun eta objektibotasunez, bere egoitza elektroniko edo webguneen bidez.

b) Atal honen a) letran aipatu informazio publikoaren inbentario bat prestatu eta aldian-aldian hedatzea, jakitera emanez non aurki daitekeen informazio hori.

c) Informazio publikoa kudeatzeko sistemak eta politikak garatzea, informazioaren fidagarritasuna, gaurkotze etengabea, osotasuna eta kautotasuna bermatze aldera.

d) Informazio publikoa kudeatzeko neurriak hartzea, hura lokalizatu eta hedatzeko erraztasunak emanez eta argitaratutako informazioaren eskuragarritasuna, elkarreragingarritasuna, kalitatea, egiazkotasunaren gaineko kontrola eta berrerabilpena sustatuz.

e) Informazioa modu garbian, egituratuan eta ulergarrian argitaratzea.

f) Argitara ematea eta hedatzea informazio publikoa eskuratzeko eskubideari buruzko baldintzak eta eskubide hori gauzatzeko prozedura, epea eta ebazteko organo eskuduna.

g) Maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak pertsonei aitortzen dizkien eskubideak hedatzea, eskubide horiek egoki gauzatzeko aholkularitza ematea eta informazioa bilatzeko laguntza ematea.

h) Eskatutako informazia ematea, hautatutako epeetan, forman eta formatuan, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Toki erakundeen esparruan, atal honetan aipatutako gaurkotzearen aldizkakotasuna berariazko xedapenek zehaztuko dute.

6. Informazio publikoak honako epe hauetan zehar egon behar du argitaraturik:

a) Izatezko egoerei buruzko informazioa egoera horiek dirauten bitartean gutxienez egonen da argitaraturik.

b) Arauei buruzko informazioa, gutxienez horiek indarra duten bitartean.

c) Kontratu, hitzarmen eta diru-laguntzei buruzko informazioa, horiek eragindako betebeharrek dirauten bitartean eta gutxienez horiek amaitu eta hamar urte bitarte.

d) Informazio ekonomikoa gutxienez hamar urtez, sortzen denetik kontatuta.

e) Ingurumen eta hirigintzari buruzko informazioa, indarra duen bitartean eta gutxienez hori amaitu eta hamar urte bitarte.

67. artikulua. Informazio publikoa berrerabiltzea.

1. maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aurreikusitakoarekin bat, Toki Erakundeak jendaurrean paratuko du informazio publikoa, hura berrerabiltzea erraztu eta sustatze aldera, libreki jasotzeko moduan jartzeko herritarren, erakunde akademikoen, enpresen eta bestelako eragileen eskura, produktu eta zerbitzu berriak sortuz balioa eman diezaioten, betiere informazioaren erabilera ez delarik administrazio-jarduera publiko bat, eta ordenamendu juridikoan ezarritako mugak errespetatzen direlarik.

Informazio publikoa bitarteko elektroniko bidez jarriko da eskuragarri berrerabil dezaten, eta haren erabileran muga bakarra izanen da: informazio publikoa berrerabiltzeari buruzko araudian ezarritakoa.

2. Toki Erakundearen egoitza elektronikoan zehaztu beharko dira argitaratutako informazioa berrerabiltzeko baldintzak, indarraldia eta hura gaurkotzeko aldiak.

3. Datu irekien elkarreragingarritasuna errazte aldera, elkarreragingarritasun eskema nazionala administrazio elektronikoaren esparruan arautzen duen Estatuko araudiari eginen zio men.

68. artikulua. Informazioaren kalitatea eta eskuragarritasuna.

1. Administrazio-informazioa eta interes orokorrekoa egoitza elektronikoan egonen da eskuragarri eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan, kalitatez, edukiaren ulergarritasuna bermaturik eta Europako zein nazioarteko irizpideei eta estandarrei jarraituz. Informazioaren publikotasunak sistema erabilerrazen erabilera bermatuko du, herritarren intereseko informazioa modu azkarrean, seguruan eta ulergarrian eskuratzeko.

2. Egoitza elektronikoan edo beste edozein formatutan erantsitako informazioak egiazkoa, erraz eskuratzekoa, ez-diskriminatzailea, egituratua, argia, soila eta laburra izan beharko du; halaber, herritarrek ulertzen dituzten mezu eta lengoaietan egon beharko du artikulaturik, halako moduz non bereziki bideoak, grafikoak, argazkiak, marrazkiak eta orriaren edo euskarriaren bestelako konposizio bat erabiliko baitira, betiere herritarrek hobeki uler dezaten eskuragarri jartzen den informazioa.

3. Publikotasun aktiboaren irudikapen grafikoak izanen dira konplexutasun handiko materia edo datuetan lehentasunez erabiltzen den publikotasun-bitartekoa. Lehentasun hori aplikagarria izanen da, bereziki, honako kasu hauetan: ekonomia eta finantzari buruzko informazioa, baliabide publikoen erabilerari lotua, politika publikoak lehenestekoa, herritarren zerbitzu publikoekiko asetze-maila adieraztekoa edo estatistika zein portzentajeen bidez agertu daitekeen beste edozein.

4. Toki Erakundeak egoitza elektronikoaren informazioa eskuratzeko beharrezko bitartekoak jarriko ditu desgaitasun edo dibertsitate funtzionalen bat duten herritarren eskura, betiere erabilgarri dauden baliabide teknologiko eta ekonomikoekin bat.

5. Toki Erakundeak zuzenean edo hirugarren pertsonen edo entitateen bidez sortutako agirietan eta euskarrietan, hizkuntza ez-sexista erabiliko dela bermatuko da.

6. Herritarrek informazioa euskarri elektronikoan eskuragarri edukitzeak ez du ezertan ordeztu behar Toki Erakundeak bere bulegoetan aurrez aurre edo beste bide batzuez, hala nola telefonoz, ematen duen harrera pertsonalizatua.

69. artikulua. Printzipio orokorra informazio publikorako sarbidearen alde.

Oro har, informazio publikorako sarbidea sustatuko da. Informaziorako sarbidean mugarik egonez gero, edo horra sartzeko eskaera ez onartzeko zioren bat badago, erantzuna edo ebazpena arrazoitu eginen da eskaera guztiz edo parte batez ezestea justifikatzen duten zioak agerian utzita eta, halakorik egonez gero, sarbidea eta publikotasuna gauzatzeko ezintasunak dirauen epearen berri emanda.

70. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

1. Kapitulu honetan ezarritakoa betetzera beharturik dauden pertsonek informazio publikoaren ahalik eta hedapen zein sarbiderik handiena sustatuko dute, datu pertsonalak babesteko eskubideari kalterik egin gabe.

2. Eskatutako informazioak datu identifikagarri hutsak biltzen baditu, Toki Erakundearen antolaketa, funtzionamendu edo jarduera publikoari lotutakoak, organo eskudunak sarbidea emanen du informazioa eskuratzeko.

3. Eskatutako informazioa pertsona juridikoei buruzkoa bada, informazioa eman eginen da, baita zuzendaritza-, administrazio- eta kontrol-organoetako ordezkari, administrari edo kide diren pertsona fisikoen izena eta abizenak eta harreman-helbideak agertuta ere.

4. Eskatutako informazioa pertsona fisikoei buruzkoa bada eta bertan jasota dauden datuak ez badaude bereziki babesturik, organoak informazioa ematen ahalko dio eskatzaileari eskaera kontuan hartzean honako hauek nagusitzen direla jotzen badu:

–Datuak bakarrik identifikagarriak edo harremanetarako izatea eta horien berri emanda kalte nabarmenik ez hautematea ukitutako pertsonen interesetan.

–Eskatzaileak eskaera justifikatu izana zuzeneko legezko interes baten titularra edo bere herritar-izaeraz besteko eskubide subjektibo batena den heinean.

–Eskatzailea ikerlaria izatea eta sarbide-eskaera justifikatzea helburu historiko, zientifiko edo estatistikoekin.

–Ukitutako pertsonei ahalik eta kalterik txikiena eragitea, agiria edo informazioa sortu zenetik hamar urteko epea iragan den kasuetan.

5. Aitzitik, eskaera zuzenean ukatzen ahalko da baldin eta jotzen bada ukitutako pertsonen eskubideek lehentasuna dutela, agirian jasotako datuek eragiten ahal dietelako beren intimitateari edo segurtasunari, edo adingabeenak direlako.

6. Eskatutako informazioak bereziki babestutako datuak baditu, ukitutako pertsonaren berariazko baimena beharko da, salbu eta horrek datuak publiko egin izan baditu modu ageriko batez horietarako sarbidea noiz eskatu eta lehenago, edo sarbidea lege mailako arau batek babesten badu.

7. Gainerakoan, kontuan hartuko da datu pertsonalen babesari buruzko araudia.

8. Ordenantza honen aplikazioaren esparruan eskudun diren organoek kontsultak egiten ahalko dizkiote Toki Erakundearen datuen babesaren gainean eskumena duen unitateari artikulu honetan xedatutakoa aplikatzeari buruz.

9. Artikulu honetan aurreikusi ez den orotan honako hauetan xedatutakoa izanen da aplikagarri: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoak datu pertsonalen tratamenduari dagokionez babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa –95/46/EE Direktiba (Datuak babesteko erregelamendu orokorra) indargabetzen duena–, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta geroan gai honetaz onets daitekeen araudia.

71. artikulua. Beste muga batzuk.

1. Aplikagarriak izanen dira, informazio publikora sartzeko eskubidea gauzatuta, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru legean ezarritako mugak eta aplikagarri diren sektoreko legeetan ezarritakoak.

2. Nolanahi ere, aurreikusitako mugak arrazoiturik eta proportzioan aplikatuko dira, betiere kontuan hartuta hala mugak babesten duen interesa nola datuen hedapenaren interes publikoa.

3. Sarbide-eskubidea zedarritzen duten mugetako batek ukitzen badu eskatutako informazioa, baimena emanen da mugak ukitzen ez duen informaziorako sarbide partziala baliatzeko.

4. Sarbide partziala ematen bada, eskatzaileak bermatu beharko du mugek ukitutako informazioa gordean edukitzea, eta inguruabar hori ohartaraztea zein jasotzea.

72. artikulua. Araubidea eta aurkaratze-prozedura.

Informazio publikoa eskuratzeko sarbide-eskubidearen prozedurak eta gai honi buruzko berariazko edo ustezko ebazpenen kontrako aurkaratze-araubideak men eginen diote maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. eta III. Kapituluetan eta III. Tituluan xedatutakoari.

XII. TITULUA

Ediktu Taula Elektronikoa

73. artikulua. Xedea.

1. Ediktu Taula Elektronikoan Toki Erakundearen iragarkiak eta ediktuak paratuko dira, bai eta beste administrazio publiko edo entitateek emanak ere, baldin eta lege edo erregelamendu baten xedapenak agindurik edo ebazpen judizial baten ondorioz Udaleko ediktu taulan jendaurrean paratu behar badira.

2. Ediktu Taula elektronikoa txertaturik egonen da Toki Erakundearen egoitza elektronikoan. Bertan jendaurrean paratutako agiriak ofizialak eta kautoak izanen dira, eta ondorio guztietarako ordeztuko dituzte ediktu taula fisikoan egindako argitalpenak, ezertan eragotzi gabe hor ere jendaurrean egotea informazio-xede hutsetarako.

3. Prozeduraren gaineko arauak ez badu aipatzen Ediktu Taula fisikoan argitaratzea, hura ez da beharrezkoa izanen, salbu eta behar bezala arrazoitutako interes publikoko zioengatik hori justifikaturik badago.

74. artikulua. Ediktu Taula Elektronikoaren funtzionamendua.

1. Bakarra izanen da Toki Erakunde osoarentzat, eta formatu digitala izanen du.

2. Ediktu Taula Elektronikoaren antolaketa- eta funtzionamendu-arauek honako hauek bermatu beharko dituzte une orotan:

a) Iragarkiak eta ediktuak txertatu ahal izatea edukiaren eskuragarritasuna, kautotasuna eta osotasuna bermaturik.

b) Beharrezko sarbide-baldintzak betetzea dibertsitate funtzionala duten pertsonek kontsultatu ahal ditzaten, eta horiek etengabe egokitzea bilakaera teknologikoen arabera.

c) Ebidentzia elektronikoak agerian uztea, fede emateko zer ordu eta egunetan txertatu diren taulan eta noiz arte egon behar duten jendaurrean.

3. Ediktu Taula Elektronikorako sarbidea doan izanen da, eta ez da eskatuko ezein identifikaziorik.

Ediktu Taula Elektronikoa kontsultagai egonen da Interneten, herritarrak aurrez aurre hartzeko bulegoetan eta Toki Erakundearen sarbide elektronikoko guneetan.

4. Ediktu-taula elektronikoak beharrezko sistemak eta mekanismoak izanen ditu, edukiaren egiazkotasuna, osotasuna eta eskuragarritasuna bermatzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, haren 17.2. artikuluan aurreikusten dituenekin bat. Kasu bakoitzari dagozkion epeak zenbatzeko mekanismo bat ezarriko da, ediktuak zein egun eta ordutan argitaratu diren jasota geratzea bermatuko duena.

5. Ediktu taula elektronikoa eguneko 24 orduetan egonen da erabilgarri, urteko egun guztietan. Arrazoi teknikoak direla medio aurreikusten bada ezin dela erabili, ahalik eta lasterren eman behar zaie horren berri erabiltzaileei, eta adierazi horien ordez zer bide erabil dezaketen kontsultak egiteko.

75. artikulua. Epeen zenbaketa.

1. Iragarkiak edo ediktuak jendaurrean paratuko dira Ediktu Taula elektronikoan dagokion egintzan edo espedientean zehazten den epearekin bat, eta epe horren zenbaketa egiteari begira argitaratze-data izanen da agiriaren sinadura elektronikoan bisualki irudikatzen dena.

2. Horretarako, dataren eta orduaren sinkronizazioa denbora zigilatzeko sistema baten bidez eginen da, eta betiere Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta aplikagarri den arauan xedatutakoarekin bat.

3. Artikulu honek aurreikusten ez dituen orotan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak epe-zenbaketari buruz ezarritako arauak aplikatuko dira.

76. artikulua. Ondorioak:

1. Toki Erakunde honek bere eskumenen esparruan emandako administrazio-egintzak Ediktu taula elektronikoan argitaratzeak indarreko araudian xedatutako ondorioak ekarriko ditu.

2. Artikulu honek aurreikusten ez dituen orotan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak jakinarazpenei eta argitalpenei buruz ezarritako arauak aplikatuko dira.

77. artikulua. Ediktu Taula elektroniko bakarra.

Toki Erakunde honen jakinarazpenen iragarkiak, gainerako administrazio publikoenen kasuan bezala, EAOren Ediktu Taula Bakarrean argitaratuko dira, gutxienez prozeduran interesdun diren pertsonak edo entitateak ezezagunak badira, jakinarazpenaren tokia edo bitartekoa ezagutzen ez badira edo, behin jakinarazten saiatuta, ezin izan bada halakorik egin.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Eskumen-gaikuntza Ordenantza garatu eta betetzeko.

1. Ordenantza honek Alkatetza gaitzen du berariaz Ordenantza hobeki aplikatzeko beharrezko diren garapen- eta betetze-xedapenak emateko.

2. Aurreko atalean xedatutakoaz gain, Alkatetzari berariazko gaikuntza ematen zaio Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen 3/2010 Errege Dekretutik eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen 4/2010 Errege Dekretutik eratorritako agiriak onesteko organo eskudun gisara; izan ere, agiri horiek Estatuko Administrazio Orokorraren Elkarreragingarritasun Arau teknikoen baliokideak dira.

3. Alkatetzari dagokio, halaber, egiaztapen-kode segurua sortzeko agiria onestea Ordenantza honetan aurreikusitakoarekin bat, bai eta Ordenantza honek aipatzen dituen langile publikoentzat klabe hitzartuko sistemaren zehaztapenak eta erabilera-baldintzak finkatzea ere.

Bigarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza ofizialen eta beste hizkuntzen erabilera.

Bermatuko da Udalaren webguneak, Sarbide elektroniko orokorrerako guneak, egoitza elektronikoak eta Toki Erakundearen erregistro elektronikorako erregistroak sarbidea edukiko dutela herritarrek Nafarroako Foru Komunitatean ofizialak diren bi hizkuntzetan eskuratu ditzaten Toki Erakundeak herritarren eskura jartzen dituen informazioak, ereduak eta zerbitzuak.

Halaber, hainbat informazio beste hizkuntzatan ere ematen ahalko dira, horiek interes orokorrekotzat joz gero.

Bi hizkuntzak zein bere kabuz argitaratuko dira, herritar bakoitzak egokien jotakoa aukeratu dezan.

Hirugarrena.–Zerbitzu-jarduerak eta leihatila bakarra.

1. Zerbitzuen jardueretara askatasunez iristeari eta haien erabilerari buruzko 17/2009 Legean, azaroaren 23koan, xedatutakoa betez eta gauzatuz, Toki Erakundeak bermatuko du zerbitzu-jarduera bati eta haren erabilerari heltzeko beharrezkoak diren prozedura eta izapide guztiak elektronikoki eta urrunetik egiteko aukera, salbu eta zerbitzu bat emateko erabiltzen den tokiaren edo lekuaren ikuskaritza egin behar den kasuetan.

2. Halaber, Toki Erakundeak bermatuko du pertsona edo entitate zerbitzu-emaileek eskura izanen dutela, elektronikoki eta urrunetik egoitza elektronikoan dagoen leihatila bakarraren bidez, hala zerbitzu-jarduera batera eta hori gauzatzera iristeko beharrezkoak diren prozeduren gaineko argibideak nola horretarako egin beharreko izapideak egiteko bidea.

Leihatila bakarrak honako hauek bermatuko dizkie bereziki pertsona edo entitate zerbitzu-emaileei:

a) Behar diren argibideak eta formularioak jasotzeko aukera –jarduerara eta horren erabilerara iristeko–, azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 18. eta 19. artikuluekin bat.

b) Behar diren agiriak eta eskabideak aurkeztu ahal izatea.

c) Pertsona edo entitate zerbitzu-emaileek interesdun izaera zein prozeduratan eduki eta horien izapidetze-egoera ezagutzea eta egin beharreko izapide-egintzen gaineko jakinarazpena zein horien gaineko ebazpena jasotzea, administrazio-organo eskudunak igorrita.

3. Halaber, Toki Erakundeak beharrezko neurriak hartu eta beharrezko teknologiak erabilgarri jarriko ditu sistema ezberdinen elkarreragingarritasuna bermatzeko.

4. Iruñeko Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu Toki Erakundea osatzen duten entitateen eta Espainiako gainerako administrazio publikoen zein Europar Batasuneko herrialdeetako gainerako administrazioen arteko informazioa trukatzeko sistema elektroniko batez hornitze aldera, betiere azaroaren 23ko 17/2009 Legeak ezarritako betebeharrak betetzen direla bermaturik.

Laugarrena.–Elkarreragingarritasun eta Segurtasun Eskema Nazionaletara egokitzea.

1. 2010eko urtarrilaren 8ko 3/2010 eta 4/2010 Errege Dekretuak betetze aldera, Toki Erakundea bere Segurtasun Politikaz hornitu da, 2018ko maiatzaren 23an emandako Alkatetza dekretuaren bidez (DAL 23-MAY-18, 1/TP).

2. Elkarreragingarritasun-kontzeptua ulertuko da antolamenduzko dimentsioak eta dimentsio semantikoak zein teknikoak kontuan hartuta, betiere 2010eko urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren III., IV. eta V. kapituluetan ezarritakoarekin bat.

3. Toki Erakundeak Sinadura Elektronikoaren eta Egiaztagirien gaineko Politika onetsi eta argitaratuko du, betiere horretarako abiapuntu harturik 2010eko urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian ezarritako arau teknikoa.

4. Toki Erakundeak kontrol-mekanismoak ezarriko ditu Elkarreragingarritasun eta Segurtasun Eskema Nazionalak benetan eta eraginkortasunez beteko direla bermatzeko.

5. Toki Erakundeak ezagutzera emanen ditu, egoitza elektronikoan, adostasun-deklarazioak eta eratu ditzakeen beste segurtasun- edota elkarreragingarritasun-bereizgarriak, zeinak Elkarreragingarritasun eta Segurtasun Eskema Nazionalekin bat eratuko baititu.

6. Segurtasun-zehaztapenak eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalarekiko adostasuna zerbitzuen eta sistemen bizitza-zikloan sartuko dira, dagozkien kontrol-prozedurekin batera.

Bosgarrena.–Toki Erakundearen atxikimendua Estatuko Administrazio Orokorraren eta beste administrazio publikoen plataformetara eta erregistroetara.

Ahalordetze-erregistro elektronikoaren, erregistro elektronikoaren, artxibo elektroniko bakarraren, datuen arloko bitartekotza-plataformaren eta Administrazioaren sarbide elektroniko orokorrerako gunearen gaietan aurreikusitakoa betetze aldera, Toki Erakundea bere borondatez eta bitarteko elektronikoak erabilita atxikitzen ahalko zaie Estatuko Administrazio Orokorrak eta beste administrazio publikoek xede horretarako ezarritako plataformei eta erregistroei. Betiere, atxiki ezean, horren justifikazioa egin beharko du, eraginkortasunari helduta, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 7. Artikuluarekin bat.

Toki Erakundeak justifikatzen badu, administrazio publiko eskudunaren aurrean, zerbitzua ematen ahal duela eraginkortasun handiagoz, aurreko paragrafoan aurreikusitako irizpideekin bat, eta hautatzen badu bere erregistro edo plataformari eustea, Toki Erakundeak bermatu beharko du Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean, Segurtasun Eskema Nazionalean eta haiek garatzeko arau teknikoetan ezarritako baldintzak betetzen dituela, halako moduz non bermatuko baititu hala bateragarritasun informatikoa eta elkarri lotzekoa nola dagokien erregistro eta plataformetan egiten diren eskaeren, idazkien eta komunikazioen transmisio telematikoa.

Seigarrena.–Erregistro-bulegoak.

Toki Erakundeak etengabe gaurkotuko du erregistro-bulegoen direktorioa egoitza elektronikoan, interesdunak aukera eduki dezan bere etxetik hurbilen dagoen erregistro-bulegoa identifikatzeko.

Zazpigarrena.–Erakunde eta entitateen inskripzioa Estatu, Erkidego eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan.

Iruñeko Udalaren menpeko eta hari lotutako erakundeek eta entitateek, beren izaera juridikoa edozein delarik, inskribaturik egon beharko dute Estatu, Erkidego eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan.

Zortzigarrena.–Prozedura eta izapide berriak txertatzea eta jendaurrean jartzea.

Hala elektronikoki izapidetu eta jakinaraz daitezkeen administrazio-prozeduren eta izapideen gaineko informazioa eta hedapena nola prozedura zein izapide berriak txertatzea egoitza elektronikoan gauzatuko dira, ezertan eragotzi gabe bete beharrekoak edo egoki jotakoak diren publikotasun-bitartekoak erabiltzea.

Bederatzigarrena.–Prozeduren katalogoa.

1. atala. Prozedura elektronikoen onespena eta katalogoa:

1. Bide elektroniko bitartez izapidetze-prozesuan eransten diren prozedurak Administrazio Antolaketako Batzar Tekniko eskudunak onetsiko ditu udal-zerbitzu teknikoen proposamenari jarraikiz.

2. Prozeduren kudeaketan bitarteko elektronikoak aplikatu baino lehenago azterketa funtzional bat eginen da administrazioa sinplifikatzea posible egiteko.

3. Nolanahi ere, behar bezala hornitu beharko dira prozedura elektronikoak kudeatu behar dituzten langileak baliabide eta bitarteko materialez, bai eta haiei behar besteko prestakuntza eman ere kudeaketa hori aplikatzeko.

4. Onetsitako prozedura elektronikoak Toki Erakundearen prozedura elektronikoen katalogoan erantsiko dira, eta haien gaineko informazioa egoitza elektronikoan egonen da kontsultagai.

2. atala. Prozeduren katalogo bateratua:

1. Toki Erakundeak prozeduren katalogo bateratu bat prestatu eta etengabe eguneratuko du, non bertan garatzen diren prozedura guztiak deskribatuko baitira. Katalogo hori, hain zuzen, funtsezko tresna izanen da administrazioaren arrazionalizazioa eta sinplifikazioa lortzeko.

2. Unitate bat egonen da eta horren ardura izanen da prozeduren katalogo bateratuan informazioa bildu eta sistematizatzea, xede harturik prozedurak era egokian doitzea, izapidetze elektronikoko plataforman txertatze aldera.

3. Toki Erakundearen administrazio-organoek eta unitateek zehaztuko dituzte beren eskumeneko prozedurak eta haien ezaugarriak, dagokion informazioa aurreko atalean aipatutako unitatearen eta Egoitza Elektronikoaren ardura duen unitatearen eskura jarrita, bertan argitaratu dadin herritarrei zuzendutako prozeduren gaineko informazioa.

4. Katalogo bateratuak prozedura bakoitzaren izapideak eta faseak deskribatuko ditu, bai eta haiei lotutako agiriak eta komunikazio-egintzak ere, halako moduz non formularioak eta plantillak sortzen ahalko baitira izapidetze elektronikoko plataforman eransteko. Horrez gain, izapide edo agiri bakoitzeko, prozeduren katalogo bateratuak honako hauek zehaztuko ditu:

a) Modu automatizatuan egiten den edo ez.

b) Kautotasunik behar duen, eta, behar izanez gero, hura zigilu elektronikoaz edo ziurtagiriaz egiten den.

c) Egintzaren beste edozein baldintza formal.

d) Prozedura bakoitza osatzen duten agiriei dagozkien metadatuen balio lehenetsia, edukian datu pertsonalak dauden eta, egonez gero, haiei aplikagarri zaien segurtasun-maila, sarbide-jarraibideak eta agiria epe luzean kontserbatzeko arauak.

Hamargarrena.–Agiri Elektronikoak kudeatzeko Batzorde Teknikoa.

Iruñeko Udaleko Agiri Elektronikoak kudeatzeko Batzorde Teknikoa, 2016-09-28ko Alkatetzaren Dekretuaz sortua (DAL 28-SEP-16, 1/GT), organo koordinatzailea da honako gai hauetan: administrazioaren modernizazioa, berrikuntza teknologikoa, agirien kudeaketa eta administrazio elektronikoa. Helburu horiek hartuta, batzordeak azpibatzorde edo lantalde bat edo batzuk sortzen ahalko ditu eginkizun hauek garatzeko:

a) Plan zuzentzaileak eta estrategikoak prestatzea Ordenantza honetan aurreikusitako edukiak ezarri eta garatzeko, barne hartuta organo eskudunaren proposamena, ordenantza aplikatzeko baldintzak, bitartekoak eta arau teknikoak onesteko.

b) Ebaluazioa eta jarraipena egitea Ordenantza hau betetzearen gainean.

c) Eskatzen zaizkion txostenak ematea administrazio-prozedurak izapidetze elektronikoan txertatzeko, eta hobekuntza-neurriak proposatzea Ordenantza honetan jasotako eduki oroz bezainbatean.

d) Koordinazio lanak egitea administrazio-prozeduren izapidea ezartzeko eta normaltzeko, eta horiek ingurune elektronikora egokitzeko Toki Erakundearen zerbitzuetan.

e) Berariazko proposamen eta arau teknikoak onesteko proposatzea, honako hauek arautze aldera:

–Agiri elektronikoa: Beharrezkoak diren gutxieneko metadatuak, sinaduraren edo denbora-zigiluaren datuen eta metadatuen lotura, lotutako beste metadatu osagarriak eta agiri-formatuak.

–Agirien digitalizazioa: Formatu eta estandar aplikagarriak, kalitate-mailak, baldintza teknikoak eta digitalizazio-prozesuari lotutako metadatuak.

–Kopia kautoak egiteko prozedurak eta agiri elektronikoen arteko bihurketa, bai eta paperetik edo bestelako bitarteko fisikoetatik formatu eektronikoetara bihurtzea ere.

–Espediente elektronikoa: Bere egitura eta formatua, bai eta igortzeko eta eskura jartzeko zerbitzuen zehaztapenenak ere.

–Udal-administrazioaren politika sinadura elektronikoak eta ziurtagiriak egiteko: Elkarreragingarritasunari eragiten dioten alderdiak, barne hartuta sinadura-formatuak, erabili beharreko algoritmoak eta klabeen gutxieneko luzerak, sinadura elektronikoa sortzeko eta baliozkotzeko arauak, denbora-erreferentzien eta denbora-zigiluaren erabilera, sinadura elektronikoaren irudikapena normalizatzea pantailan eta paperean, herritarrentzat eta administrazio publikoen arteko harremanetan.

–Informaziorako sarbideari eta datu pertsonalen babesari buruzko arauen erabilera eta aplikazioa arautzea.

–Neurriak arautzea segurtasun-baldintzak aplikatu eta bete daitezen agiriak biltzeko erabiltzen diren bitarteko eta euskarrietan.

–Datuen arloko bitartekotza-protokoloak egitea zerbitzuak beste administrazio publikoetan txertatu eta berrerabil ditzaten.

–Agiri elektronikoak kudeatzeko politika: Agiriak kudeatzeko eta biltoki elektronikoak administratzeko programak, prozesuak eta kontrolak zehaztea, barne harturik agiriak hautatzeko eta ebaluatzeko planen eta dagokien kontserbazio-egutegien onespena.

Hamaikagarrena.–Fakturazio elektronikoa.

1. Estatuko Administrazio Orokorraren FACe –Faktura Elektronikoen Sarrera-puntu Orokorra– plataforma elektronikoa izanen da faktura elektronikoetarako sarrera gune orokorra, hala legez faktura elektronikoa erabiltzera beharturik dauden pertsona eta entitate interesdunen kasuan nola legez beharturik egon gabe faktura elektronikoak egin eta igortzea bere borondatez erabaki duten gainerako pertsona edo entitate hornitzaileen kasuan.

2. Hala legez faktura elektronikoa erabiltzera beharturik dauden hirugarrenek eta entitate interesdunek nola legez beharturik egon gabe faktura elektronikoak egin eta igortzea bere borondatez erabaki duten gainerako pertsona edo entitate hornitzaileek nahitaez erabili beharko dute unean-unean Estatuko Administrazio Orokorrak adierazten duen formatu elektronikoa.

Horretarako, egoitza elektronikoak beharrezko argibideak emanen ditu hala une bakoitzean indarrean den formatu elektronikoari buruz nola faktura formatu elektronikoan zuzen egin, sinatu eta igortzeko lotura edota programa egokiei buruz.

Hamabigarrena.–Kontratazio publiko elektronikoa.

Kontratu publikoei buruzko legeetan aurreikusitako administrazio-alderdiak (publikotasuna, Kontratazio Ataria, lizitazio elektronikoa, eskaintza elektronikoa, erreklamazio telematikoa, etab.) sektore horretako legeek arautuko dituzte, eta zehazkiago Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak (edo geroan hura ordeztu edo alda dezakeen araudia), Toki Administrazioari buruzko Foru legeek araututako berezitasunekin batera.

Hamahirugarrena.–Publikotasun aktiboari buruzko betebeharrak betetzeko epea.

1. Bat etorrita maiatzaren 17ko Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 5/2018 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarriaren lehenbiziko atalean xedatutakoarekin, eta ezertan eragotzi gabe xedapen gehigarri horren 2. zenbakian xedatutakoa, Toki Erakundeak beharrezko neurriak hartuko ditu Foru lege horretan eta Ordenantza honetan aurreikusitako publikotasun aktiboko betebeharretatik eratorritako informazioa eskuragarri egon dadin egoitza elektronikoan edo haren webgunean, urtebeteko gehieneko epean Foru Lege hori indarrean sartu eta hortik aitzina kontatuta.

2. Bat etorrita maiatzaren 17ko Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 5/2018 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarriaren bigarren atalean xedatutakoarekin, Toki Erakundeak gehienez bi urte edukiko ditu Foru Lege horrek indarra hartzen duen unetik, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 legetik eratorritako betebeharrak gainditu eta 5/2018 Foru Legean jasotako betebeharretara egokitzeko.

Hamalaugarrena.–Intereseko taldeen Erregistro Publikoa sortzea.

Bat etorrita maiatzaren 17ko Gardentasunaren, informazio publikoa eskuratzearen eta gobernu onaren 5/2018 Foru Legearen laugarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin, aipatu Foru Lege horrek indarra hartu eta urtebeteko epean, Toki Erakundeak aipatu legearen IV. Tituluak aipatzen duen Intereseko taldeen Erregistro publikoa sortuko du.

Hamabosgarrena.–Udal-langileen prestakuntza.

Toki Erakundeak bere zerbitzura lan egiten duten langileen prestakuntza bultzatuko du, ordenantza hau ezagutu eta aplikatuko dela bermatzeko.

Hamaseigarrena.–Zinegotzien informaziorako sarbidea.

Gobernu-organoen eginkizunaren gaineko kontrola gauzatzeko, espediente baterako sarbidea eskatzen duten udal-taldeek sistema elektronikorako sarbidea edukiko dute, ezertan eragotzi gabe Osoko Bilkuraren Erregelamenduaren 16.5 artikuluan ezarritakoa.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.–Agiriak artxibatzea.

1. Urriaren 1eko 39/2015 Legeak indarra hartu baino lehen abiatutako administrazio-prozedurei dagozkien agiriak artxibatuko dira aurreko araudian xedatutakoarekin bat.

2. Ahal delarik, urriaren 1eko 39/2015 Legeak indarra hartu baino lehen amaitutako administrazio-prozedurei lotutako paperezko agiriak digitalizatu beharko dira aplikagarri den araudi erregulatzailean ezarritako betekizunekin bat.

Bigarrena.–Udal webgunean argitaratzeko gutxieneko epea, udal-erregelamenduak edo -ordenantzak egiteko prozeduren kasuan.

Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen bosgarren azken xedapenak aurreikusten duen arautegi-garapenaren araua onesten ez den bitartean, lege horren 133. artikuluak eta ordenantza honen 62. artikuluak aipatzen duten epea –Udalaren webgunean kontsulta publikoa egitekoa– gutxienez 10 egun baliodunekoa izanen da, betiere posible delarik epe hori organo eskudunak luzatzea egoki jotzen badu, onetsi nahi den arauaren izaera, konplexutasuna edo irismena kontuan harturik.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Arau-indargabetzea.

Ordenantza honek indarra hartzearekin batera indarrik gabe geldituko da Iruñeko Udaleko Administrazio Elektronikoa arautzen duen Ordenantza, zeinaren behin betiko onespena eta testua 2010eko 153. NAOk, abenduaren 17koak, argitaratu baitzuen.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Toki Erakundearen egoitza elektronikoa eta erregistro elektroniko erkidea.

1. Iruñeko Udalaren pean dauden edo hari atxiki zaizkion erakunde publikoek eta zuzenbide publikoko entitateek, ordenantza honen ondorioetarako Toki Erakundea osatzen dutenek, egoitza elektroniko eta erregistro elektroniko berak erabiliko dituzte, zeinek bereak sortu beharrean.

Baldin eta legearekin bat gobernu-organoek hartu behar badute erabaki hori, lehenagotik hartu ez badute, organo horietako udal-ordezkariek erabaki horren alde eginen dute.

2. Iruñeko Udalaren pean dauden edo hari atxiki zaizkion merkataritza-sozietateek eta zuzenbide pribatuko bestelako entitateek Toki Erakundearen egoitza elektroniko eta erregistro elektroniko berak erabiltzen ahalko dituzte, betiere beren gobernu-organoek hala erabaki eta erabakia ondorio horietarako jakinarazten badiote Iruñeko Udalari.

Bigarrena.–Prozedura eta izapide berrien erregulazioa.

Ordenantza honek indarra hartzen duen unetik aitzina, administrazio-prozedura eta -izapide berririk erregulatuz gero, edo daudenak aldatuz gero, aintzat hartuko da horiek bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko aukera.

Hirugarrena.–Indarraldia.

1. Uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik sortuko harik eta bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko nahiz Foru Komunitateko Administrazioek toki-entitateei haien egintzak eta erabakiak ezeztatzeko errekerimendua egiteko duten ahalmena gauzatzeko ezarritako epea (hamabost egun baliodun) iragan arte.

2. Ordenantza honen testu osoa kontsultagai izanen da Toki Erakundearen egoitza elektronikoan.

3. Nolanahi ere, ahalordetze-erregistro elektronikoari, gaitutako langileen erregistroari eta artxibo elektroniko bakarrari buruzko aurreikuspenek ondorioak ekarriko dituzte, gehienez ere (eta halakorik egonez gero), 2020ko urriaren 2tik aurrera, urriaren 39/2015 Legearen Azken Xedapen Zazpigarrenean aurreikusitakoaren babesean, abuztuaren 31ko Errege Dekretu-Legearen seigarren artikuluan jasota dagoen erredakzioaren arabera, betiere kontuan hartuta Toki Erakundea saiatuko dela zerbitzu horiek aipatu data baino lehenago herritarren eskura jartzen, eta egoitza elektronikoan argitaratuko dela, behar den unean, horiek noiz jarriko diren martxan.

Iragarkiaren kodea: L1902389