38. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDIGORRIA

Ordenantza, Euskararen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Mendigorriko Udalak, 2018ko azaroaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Euskararen erabilera arautzen duen udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2018ko 226. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 22an, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Mendigorrian, 2019ko urtarrilaren 15ean.–Alkatea, Iosu Arbizu Colomo.

ORDENANTZA, MENDIGORRIKO UDAL ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

Euskara udalerriko bi hizkuntzetako bat dela uste du Mendigorriko Udalak. Horrez gain, herritarrek euskara sustatzearen eta normalizatzearen alde duten jarrera islatu nahi izan da ordenantza honetan. Era horretan, Nafarroan eta udalerrian berezkoak diren bi hizkuntzen balioa azpimarratzen da. Euskara Mendigorriko bizilagun guztien kultur ondarea da, hizkuntza horretan bakoitzaren ezagutza edozein delarik ere.

Mendigorriko Udalak, 2017ko urtarrilaren 13an, udalerri hau eremu mistoan sartzeko eskatu zion Nafarroako Parlamentuari, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean ezarritako hizkuntza-eremuen arabera. Nafarroako Parlamentuak eskaera hori onartu zuen 2017ko maiatzaren 22an.

Administrazio publikoekiko harremanetan, aukeratzen duten hizkuntza erabiltzeko eskubidea aitortzen zaie eremu mistoko herritarrei.

Bistan da gizarteak euskararen aldeko borondatea duela, eta horrek esan nahi du Mendigorrian, urteak iragan ahala, gero eta herritar elebidun gehiago egonen direla, hau da, gero eta euskaldun gehiago. Gizarte sektore horrek euskaraz zerbitzuak eman diezazkion eskatzen ahalko dio Udalari eta, segur aski, halaxe eginen du, legeak aitortzen dizkion hizkuntza eskubideak erabiliz. Udalak, berriz, behar den bezala erantzun beharko dio eskaera horri, zerbitzu publikoa denez gero.

Gaur egun eskaria handitzen ari denez, familiek nahi duten hizkuntza-eredua aukeratu ahalko dute, eta euskaraz matrikulaturiko ikasleen portzentajea gero eta handiagoa izanen da. Halaber, familia horiei arreta ematen ahalko zaie Nafarroako berezko bi hizkuntzetan, Udalak horretarako ezartzen dituen baliabideak baliaturik.

Horrenbestez, ordenantza honen helburu orokorra da bermatzea Mendigorriko herritarrek udal zerbitzuak eta arreta euskaraz jasotzen ahalko dutela.

Aipatu behar da Espainiako Konstituzioak botere publikoen esku uzten duela Espainiako hizkuntzen kultur ondarea errespetatu eta babesteko zeregina; Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak helburutzat duela herritarren eskubidea babestea euskara jakin eta erabiltzeko, eta hura berreskuratu eta garatzeko; lege horrek berak administrazio publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen diela herritarrei eremu mistoan, eta aukera ematen duela zenbait lanpostutarako euskaraz jakin beharra nahitaezkoa izateko eta, gainerakoetan, baloratua izateko.

Ez da ahaztu behar, bestalde, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak 1992ko ekainaren 25ean hitzarmen gisa onetsitakoa, eta hamaika estatu kidek (Espainia barne) urte bereko azaroaren 5ean sinatua. 10. artikuluan, administrazio agintariei eta zerbitzu publikoei buruzko gomendioak aipatzen dira, besteak beste:

“...jendaurrean dauden agenteek eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak erabil ditzaten zaintzea, hizkuntza horietan mintzatzen zaizkienekin.”

“...eskualdeetako hizkuntzetako hiztunek (...) eskaerak ahoz edo idatzita aurkeztu eta erantzuna hizkuntza horietan har dezaten zaintzea (...).”

Aipatu den araudiarekin bat, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, Udalaren eskumeneko esparru guztietan.

2. artikulua. Aipatu xedea betetzeko, ordenantzak honako berariazko helburu hauek ditu:

1. Herritarrei helaraztea euskara osagai garrantzitsua dela integrazioaren zein komunikazioaren aldetik.

2. Herritarrei bermatzea erabili nahi duten hizkuntzan kasu eginen zaiela.

3. Zehaztea noraino agertuko den euskara Udalaren irudian.

4. Zehaztea zein lanpostutan jakin beharko den euskaraz, herritarrei arreta zuzena egiten dietela eta, ikusita zein administrazio-prozedura ohikoenetan izaten ahal den laneko hizkuntza. Horretarako, batzorde bat eratu ahalko da.

5. Euskara jakitea nahitaezkoa ez den lanpostuetan, zehaztea hura zein portzentajerekin baloratuko den, lanpostu horietan euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal den neurrian, euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

6. Irizpidea ezartzea kale, auzo eta hiriko bestelako elementuen izendegirako eta udal-mugarteko toponimia txikirako.

7. Euskara sustatzeko bestelako jarduerak bultzatzea, ordenantzaren xedearekin lotura dutenak.

8. Udalaren barne funtzionamenduan euskararen erabilera sustatzea.

3. artikulua. Ordenantza hau Mendigorriko udal-mugartean aplikatuko da, halakotzat hartuta hura bera zentzu hertsian, eta erakundeak, autonomoak izan ala ez, eta zentro mankomunatuak, haren menpe daudenak.

4. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honen IV. kapitulua aplikatuko da.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

5. artikulua. Oro har, ele bitan idatziko dira, ahal den neurrian, Mendigorriko Udalak Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuei (tokikoak, autonomikoak, periferikoak) edo euskara ere hizkuntza berezkoa edo ofiziala duten erkidegoetako administrazio publikoei zuzentzen dizkien agiri, jakinarazpen eta komunikazio administratiboak, 103/2017 Foru Dekretuan adierazitakoa ukatu gabe.

Ordenantza honen ondorioetarako, ele bitako dokumentuen diseinuan bi hizkuntzek tratamendu grafiko berdina izan beharko dute, behar bezala bereizirik agertuko dira, eta testua, argi gelditzeko moduan banaturik.

Udalak, beste entitate publikoengana zuzendu behar duenean, itzulpen zerbitzua erabili beharko du, edo Udaleko nahiz Mankomunitateko euskara teknikari batena, ez baldin badago jakite maila nahikoa duen langile elebidunik. Hori aplikatuko da behar beste denbora badago agiri horiek prestatu eta idazteko, hots, presaz tramitatzen diren kasuetan ez beste guztietan.

6. artikulua. Mendigorriko Udalak ele bitan idatz diezaiotela eskatuko die administrazio publiko, entitate edo erakundeei, edozein agiri bidali behar badiote.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

7. artikulua. Herritarrek eskubidea dute Mendigorriko Udalarekin euskaraz nahiz gaztelaniaz aritzeko.

8. artikulua. Herritarren eskubide hori bete dadin, Udalak jarduketa plana diseinatu eta gauzatuko du, jendeari harrera egiteko tokietan udal langile euskaldunak egotea bermatzeko xedez, ordenantza honen V. kapituluan aipatzen den ildotik.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpoko irudia

9. artikulua. Mendigorriko Udalak euskara eta gaztelania erabiliko ditu herritar guztiei zuzentzen zaienean.

Hartara, pixkanaka ele bitan idatziko dira, euskarri tradizionaletan zein teknologia berrien bitartez, ondoko hauek:

a) Bandoak, ediktuak, bestetako programak, kartelak eta informazio plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisako elementuak.

c) Eraikin, kale eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udal egoitza eta bulegoetako errotuluak, ibilgailuetakoak, eta langileen arropa eta uniformeetakoak.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, horizontalak nahiz bertikalak.

f) Udalak, administrazio-prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez, herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

g) Beste edozein baliabide edo formatu, Udalaren irudia, kanpokoa edo instituzionala, adierazteko erabiltzen dena.

10. artikulua. Udalak, publizitate eta zabalkunderako elementuak prestatzen dituenean, irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

1. Kartelen eta bestetako programen elementu guztiak ele bitan egonen dira.

2. Udalaren jardueren gaineko informazio eta propaganda liburuxkak ele bitan egonen dira.

3. Udalaren webguneko testuak eta teknologia berriak erabiltzean sortzen direnak (facebook, twitter...) euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira, pixkanaka. Osoko bilkuren aktak salbuespena izanen dira.

4. Udaleko informazio aldizkaririk egiten bada, hura euskaraz eta gaztelaniaz eginen da.

11. artikulua. 9. artikuluan aurreikusten diren kasuetarako, Mendigorriko Udalak ele biko formatua erabiltzeko eskatuko die ordenantza honen aplikazio eremuan diren seinaleen ardura duten administrazioei.

12. artikulua. Argitalpenak.

Mendigorriko Udalaren eta bere mendeko erakundeen argitalpenak ele bitan eginen dira interes orokorrekoak direnean eta herritar ororentzat direnean, interes turistikoa badute edo Mendigorriarentzat enblematikoak edo sinbolikoak badira.

13. artikulua. Publizitatea hedabideetan.

Euskaraz eta gaztelaniaz eginen da udal jardueraren publizitatea eta hedapena baliabide idatzietan eta/edo ikus-entzunezko baliabideetan.

V. KAPITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 3. artikuluko 1.c) puntuan jasotzen dira lege horren helburu nagusiak; hona hemen:

1. Foru dekretu honen funtsezko helburuak honako hauek dira:

Eremu mistoan, gauzagarri egitea herritarrek duten eskubidea euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzeko Nafarroako administrazio publikoengana, beren erakunde publikoengana eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateengana, bai eta beharrezkoak diren tresnak zehaztea ere ahalbidetzeko euskara eta gaztelania erabil daitezen herritarrei zerbitzua emateko; betiere, eremu horretako udalerrien errealitate soziolinguistikoarekin bat.

Orobat, foru dekretu horren 6. artikuluaren arabera, toki entitateek beren jarduketa-esparruaren barnean beren planak prestatuko dituzte.

14. artikulua. Dekretu hori kontuan hartuta, arau orientagarria izanen baita kontratazio berrietan (barne igoerakoak nahiz deialdi librekoak), Osoko Bilkurak erabakiko du, beharrezkotzat edo egokitzat jotzen badu, zein euskara maila eskatuko den aldi bakoitzean, hizkuntza eskakizunak modu arrazoituan ezarririk plantilla organikoan –nahitaezkoa (“lanpostu elebidunak”) edo merezimendu kualifikatua (“lanpostu elebakarrak”)–. Nolanahi ere, euskara merezimendu gisa baloratuko da nahitaez jakin beharrekoa ez denean.

15. artikulua. Gisa berean jokatuko da Udalean ordezkapenak egin behar direnean, Alkatetzak halaxe jasoko baitu onesten dituen deialdien oinarrietan. Udalak aldi baterako egiten dituen kontratazioetan, Alkatetzak baloratuko du euskara jakitea nahitaezkoa den edo meritu gisa balioetsiko den.

16. artikulua. Eskakizun horiek zehazteko eta baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

–Lanpostua beteko duenak zer nolako lanak egin beharko dituen.

–Erakundearen zer nolako unitatetan kokatzen den lanpostua.

–Zenbaterainoko harremana izan behar den herritarrekin, ahoz eta/edo idatzita.

17. artikulua. Irizpide horien beren arabera, borondatezko euskararen ikaskuntza bultzatu beharko du Udalak, jadanik plantillan dauden langile kontratatuen eta urtebete baino gehiagoko kontratuak dituzten aldi baterako langileen artean, are ordutan nahiz dirutan konpentsazioak ezarriz ere, legez bidezko den moduan.

VI. KAPITULUA

Kontratazioak

18. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honetan ezartzen dena aplikatuko da.

VII. KAPITULUA

Euskara sustatzea

19. artikulua. Mendigorriko Udalak euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko programak edo jarduerak eginen ditu, Udaleko euskara zerbitzuak, Mankomunitateak, elkarteek nahiz norbanakoek aurkeztutako proposamenak oinarri hartuta.

20. artikulua. Mendigorriko Udalak Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan hartuko du parte eta, beste udal entitate batzuekin koordinatuz, baita D ereduko eskolatze kanpainan, helduen irakaskuntzako matrikulazio kanpainan eta euskara familian irakasteko kanpainan ere, eta halaber sor daitezkeen gainerako ekimenetan, egokitzat jotzen badu.

21. artikulua. Mendigorriko Udaleko Haur Eskolan, kontuan hartuko dira euskarazko haur irakaskuntzarako eskaerak, eta gurasoek edo tutoreek ziurtatuta dute seme-alabendako hizkuntz eredua hautatzeko eskubidea. Andion Haur Eskolan, landa eskola baita, matrikulazio kopuruaren arabera bananduko dira Nafarroako bi hizkuntza ofizialetako gelak eta mailak. Ondorengo ikasmailetan ere berdin jokatuko da.

22. artikulua. Udaleko Kultura, Ondare eta Euskara Batzordeak proposaturik, Udalak diru kopuru bat ezarriko du urteko aurrekontuetan, euskarazko ikastaroetan parte hartu nahi duten herritar helduentzat. Horretarako deialdia urtero argitaratuko da Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

23. artikulua. Orobat, Mendigorriko bezeroendako jarduketak (jakinarazpenak, fakturak, ordainagiriak, inprimakiak, informazio eta seinaleztapeneko errotuluak...) ele bitan izatea eskatuko die Mendigorriko Udalak berarekin lan egiten duten edo bera sartuta dagoen zerbitzuetako enpresa publiko eta pribatuei.

24. artikulua. Teknologia berriekin loturiko programek eta udal bulegoetan erabiltzeko eskuratutako material orok, ahal den neurrian, euskaraz zein gaztelaniaz lan egin ahal izateko moduan egokituta egon behar dute.

VIII. KAPITULUA

Toponimia

25. artikulua.

1. Gaur egun, Mendigorría da udalerriaren izen ofiziala.

Euskarazko toponimoa izanik, gaizki idatzita dago. Horregatik, hemendik aurrera Mendigorria izanen da haren izen bakarra.

Horretarako, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 21. eta 22. artikuluetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

2. Muruzabal Andionen kasuan, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 8. artikuluko prozedurari jarraituko zaio.

3. Andiongo Andre Mariaren kasuan, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 8. artikuluko prozedurari jarraituko zaio.

4. Done Jakue ermitaren izenari dagokionez, santuak eta erlijio eraikinak izendatzeko Euskaltzaindiak ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

2. Herriaren izen ofiziala legezkoa da, ondorio guztietarako, Nafarroaren barnean, eta errotulazioak horrekin bat eginen du.

3. Udal-mugarteko toponimia txikiaren modu ofiziala 201/1996 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen, eta Udalak erabiltzen ahalko du hiri barruko bideen izenetarako.

4. Betiere, Euskaltzaindia izanen da Udalaren organo aholku-emailea, gaian eskumen gorena baitu.

IX. KAPITULUA

Jarraipen Batzordea

26. artikulua.

Euskararen Batzordea sortuko da Mendigorriko Udalean, organo eskudunei proposamenak egiteko, ordenantza hau bete dadin, eta betetze maila horren jarraipena egiteko.

Horretarako, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, Euskara Batzordeak informazio txostena eginen du ordenantzaren betetze mailari buruz eta, kasua bada, egoki ikusten dituen neurriak proposatuko ditu, bilatzen diren helburuak zuzen gauzatzeko.

Mendigorrian, 2019ko urtarrilaren 15ean.–Alkate udalburua, Iosu Arbizu Colomo.

Iragarkiaren kodea: L1900798