38. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTAXOA

Kiroldegiaren, ondoko eremuaren eta padel pistaren funtzionamendu arauak

Artaxoako Udalak, 2019ko urtarrilaren 3an egin osoko bilkuran, honako funtzionamendu arau hauek onetsi zituen kiroldegirako, ondoko eremurako eta padel pistarako:

Pista arduraz erabiltzeak lagunduko du hura kontserbatzen eta guztiok goza dezagun.

1.–Ekipamendua.

1.1. Instalazioak erabiltzeko, kirolerako ekipamendu eta oinetako egokiak eraman beharko dira. Kiroldegian sartu aurretik, jokalariek oinetakoetan eraman ditzaketen lur edo lokatz arrastoak kendu beharko dituzte.

1.2. Padel pistan, bai erraketak bai pilotak padelekoak izango dira.

2.–Ordua erreserbatzea.

2.1. Erabiltzaile berberak ezin ditu ordubete baino luzaroago instalazioak erreserbatu, erreserbaturiko orduaren hasieran pista libre dagoela izan ezean.

2.2. Erreserba ezin da beste erabiltzaile batzuentzat egin.

2.3. Pista erreserbatu ondoren ordutegi horretan erabiltzerik ez dutenek horren berri eman beharko dute, egun bat lehenago gutxienez. Horren berri ematen ez badute, zehapen gisa, ordua erreserbatzeko eskubidea galtzen ahalko dute astebetez.

2.4. Instalazioaren kontroletik kanpo dagoen ezinbesteko arrazoi batengatik pista ezin bada erabili, erreserba beste egun batera aldatuko da, edo alokairuaren dirua itzuliko da.

2.5. Informazioa garaiz emanik, Udalak instalazioak erabiltzen ahalko ditu ekitaldiak antolatzeko.

3.–Erabilera eta kontserbazioa.

3.1. Debekaturik dago pistan sartzea bilgarririk edo beirazko ontzirik, ez inolako jakirik. Era berean, ezin dira sartu gainerako erabiltzaileei edo funtzionamendu normalari traba egiten ahal dieten gauzak (animaliak, bizikletak...). Erabat debekatuta dago erretzea kirol esparruaren barnean.

3.2. Pistatik ateratzen direnean, ez dituzte bertan utziko erabili dituzten botilak edo bestelako gauzak.

3.3. Bakarrik instalazioko langileek manipulatzen ahal dituzte jokorako sareak. Arazoren bat antzemanez gero, abisatu beharko da harrera-lekuan.

3.4. Instalazioetan sartzen eta egoten diren erabiltzaileek portaera egokia izango dute, eta behar den jarrera eta errespetua izango diete jardueren garapen normalari, instalazio osoari eta instalazioko langileei.

4.–Erabiltzaileen erantzukizuna.

4.1. Artaxoako Udalak ez du inolako erantzukizunik izango kirolean aritzetik sor daitezkeen lesioengatik.

4.2. Parte-hartzaileek, erreserba egiten duten unean, kirol ariketak eta jarduera fisikoa egiteko sasoian daudela adierazten dute.

4.3. Erreserbaren titularra izango da une oro instalazioetan egin daitezkeen kalteen erantzule, gaizki erabili baditu, eta bere gain hartuko ditu kalte horiek konpontzeko gastuak.

5.–Zehapenak.

5.1. Instalazio gaizki erabili edo bertan kalteak eragiten dituzten erabiltzaileak arduratuko dira horiek konpontzeaz. Horrez gain, instalazioa erabiltzeko eskubidea galtzen ahalko dute hilabetez.

Artaxoako Udalak bere egiten du indarreko araudi hau aldatzeko eskubidea, instalazioa hobeki erabili eta baliatzeko xedez.

Argitara ematen da, interesdunak jakinaren gainean egon daitezen.

Artaxoan, 2019ko urtarrilaren 15ean.–Alkatea, Adolfo Vélez Ganuza.

Iragarkiaren kodea: L1900754