Iragarkia
38. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
237/2019 EBAZPENA, 2019ko otsailaren 7koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana. Haren bidez, hautaproben bitartez bi izangai-zerrenda egiteko deialdiak onesten dira, Ikerketa Institutuetarako I+Gko kudeaketa teknikaria lanpostua betetzearren (A mailakoa), bat aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran, betiere Ikerketa Institutuei I+Gko Laguntza emateko Unitatean sortzen diren beharrak betetzearren.
2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, xedatzen du aldi baterako langileak deialdi bidez aukeratuko direla, eta deialdi horretan berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak bermatuko direla, bai eta publikotasun-printzipioak ere.
2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, xedatzen du ezen Nafarroako Unibertsitate Publikoak, aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, bete nahi dituen lanpostuak eskainiko dizkiela bere funtzionarioei, horretarako dagozkion hautaprobetarako deialdia eginez, zeinak aldi baterako kontratazioetarako hautagai-zerrenda osatzeko hautaprobekin batera egingo baitira.
Ikerketa Institutuei I+Gko Laguntza emateko Unitatearen beharrak asetzeko, bidezkoa da hautaprobetarako deialdiak onestea bi izangai-zerrenda egiteko, Ikerketa Institutuetarako I+Gko kudeaketa teknikaria lanpostua betetzearren (A mailakoa), bat aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran.
Ikusirik Langileen Kudeaketa Ataleko buruak egin duen txosten-proposamena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2015eko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehena.–Onestea bi izangai-zerrenda egiteko hautaprobetarako deialdiak, Ikerketa Institutuetarako I+Gko kudeaketa teknikaria lanpostua betetzeko, A mailakoa, bat aldi baterako kontratazioak egiteko eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran, Ikerketa Institutuei I+Gko Laguntza emateko Unitatearen beharrak asetzearren.
Bigarrena.–Deialdiak arautzeko oinarriak onestea. Ebazpen honekin batera doaz I. eta II. eranskin gisa.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen webgunean argitara dadin agintzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2019ko otsailaren 7an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.
I. ERANSKINA
Oinarriak
Honako hauek arautuko dituzte deialdiak: 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak (2014ko abenduaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen dituenak (2014ko abenduaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), deialdi honen oinarriek eta aplikatzekoak diren gainerako araudiek.
I.–DEIALDIA, IKERKETA INSTITUTUETARAKO I+Gko KUDEAKETA TEKNIKARIA IZATEKO ALDI BATERAKO KONTRATAZIORAKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT EGITEKO
Lehena.
Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat egitea hautaproben bidez, Ikerketa Institutuetarako I+Gko kudeaketa teknikaria lanpostua betetzeko (A mailakoa), Ikerketa Institutuei I+Gko Laguntza emateko Unitatearen beharrak asetzearren.
Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.
Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.
c) Graduko, lizentziako, goi mailako ingeniaritzako edo arkitekturako titulua edo haren baliokidea edukitzea, edo, bestela, titulua erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, halakorik badago. Baldintza hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.
d) Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren (HEEEB) ingeleseko C1 mailako titulua edo ziurtagiria edukitzea edo hortik goragokoa, edo CRUEren ingeleseko Hizkuntza Mahaiak aintzat hartzen dituenetako bat, edo baliokidea den eta ofizialki onartua den beste edozein:
e) Dagozkion eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoak edukitzea.
f) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.
2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete behar dira, eta hautaketa prozedurak edo kontratazio epeak dirauen bitartean ere bete beharko dira.
Hirugarrena.–Hautaketa-prozesuaren garapena eta balorazioa.
Hautaketa-prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera egingo da.
Laugarrena.–Behin-behineko kontrataziorako izangaiei dei egitea.
Arau hauen arabera dei egingo zaie izangaiei, eta, behar denean, kontratatu: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikuluak eta ondorengoak; 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duena; eta deialdi honen oinarriak eta aplikatu beharreko gainerako araudiak.
Deia egiteko, kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko Zazpigarren Xedapen Gehigarriko 4. atalak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasunen bat daukaten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoko lanpostuetan sartzeko prozedura. Horretarako, % 33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua daukaten izangaiek desgaitasuna egiaztatu beharko dute, organo eskumendunak horretarako egindako dokumentuaren kopiaren bidez.
II.–DEIALDIA, IKERKETA INSTITUTUETARAKO I+G-KO KUDEAKETA TEKNIKARIA LANPOSTUAN PRESTAKUNTZARAKO ETA ZERBITZU BEREZIETAKO EGOERAN ARITZEKO, IZANGAIEN ZERRENDA BAT EGITEKO
Lehena.
Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat egitea hautaproben bidez, Ikerketa Institutuetarako I+Gko kudeaketa teknikaria lanpostua betetzeko (A mailakoa), Ikerketa Institutuei I+Gko Laguntza emateko Unitatearen beharrak asetzearren.
Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioa izatea, eta B, C, D edo E maila edo multzokoa izatea.
b) Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzu ematen hiru urteko antzinatasuna izatea gutxienez.
c) Eszedentzian ez egotea, non eta eszedentziak ez duen ezartzen lanpostua erreserbatzeko eskubidea; edo Gobernu Kontseiluaren 2014ko azaroaren 25eko erabakiaren xedapen iragankorrean adierazitako egoeran egotea –Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duen erabakia–.
d) Graduko, lizentziako, goi mailako ingeniaritzako edo arkitekturako titulua edo haren baliokidea edukitzea, edo, bestela, titulua erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, halakorik badago. Baldintza hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.
e) Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren (HEEEB) ingeleseko C1 mailako titulua edo ziurtagiria edukitzea edo hortik goragokoa, edo CRUEren ingeleseko Hizkuntza Mahaiak aintzat hartzen dituenetako bat, edo baliokidea den eta ofizialki onartua den beste edozein:
https://www.crue.org/Documentos%20compartidos/Certificados%20para%20la%20acreditaci%C3%B3n%20de%20niveles%20de%20ingl%C3%A9s.pdf.
2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira oinarri hauetan ezarritako baldintzak, bai eta hautaketa-prozedurak edo prestakuntza-epeak dirauen bitartean ere.
2.3. Gorago aipatutako baldintzak betetzen dituzten funtzionarioek ezin dute aldi berean parte hartu aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda osatzeko deialdian eta zerbitzu berezietako egoeran aritzeko prestakuntzarako izangaien zerrenda osatzekoan.
Hirugarrena.–Hautaketa-prozesuaren garapena eta balorazioa.
Hautaketa-prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera egingo da.
Laugarrena.–Prestakuntzako izangaiei dei egitea.
Izangaiei dei egingo zaie eta, behar bada, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran deklaratuko, honako hauetan ezarritakoaren arabera: 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen dituena, deialdi honen oinarriak eta aplikatzekoak diren gainerako araudiak.
III.–BI DEIALDIEN ARAU KOMUNAK
2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari dagokiona izan ezik (deialdien arau komunen 1. oinarrian aipatutakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean azalduko dira (http://www.unavarra.es/servicioRRHH/enplegu-publikoa/azl?languageId=100001), eta ez dira baliozkoak izango bestelako tokietan agertzen direnak.
Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.
Bi deialdietan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Bigarrena.–Eskabideak.
2.1. Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsuletxeetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora (Arrosadiko campusa, z/g, 31006 Iruñea).
2.2. Eskabide-eredua Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan dago:
https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak?languageId=100001 (aldi baterako kontrataziorako izangaiak).
https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/pruebas-selectivas-formacion?languageId=100001 (prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezietako egoeran).
Eskabidean, parte-hartzaileak adierazi beharko du eskaerak aurkezteko azken egunean eskaturiko baldintza guztiak betetzen dituela.
2.3. Parte hartzeko inprimakiarekin batera, izangaiek beste dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:
–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nortasuna eta nazionalitatea egiaztatzen duen dokumentuarena, eta, beharrezkoa bada, naziotasun eta ahaidetasun baldintzak egiaztatzen dituenarena.
–Deialdian eskatzen den titulazio akademikoa egiaztatzen duen dokumentazioa.
–Ingeleseko C1 mailako tituluaren edo ziurtagiriaren kopia edo hortik goragokoarena, hau da, deialdien bigarren oinarrian eskatzen denarena.
2.4. Desgaitasun aitortua daukaten izangaiek, eskabidearekin batera, desgaitasuna egiaztatzen dien dokumentua aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emandakoa. Halaber, modua izango dute ariketak egiteko denboren eta baliabideen egokitzapenak eskatzeko, eta hala adierazi beharko dute eskabidean. Adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten, horretarako diseinatutako orri bereizi batean:
Hirugarrena.–Izangaiak onartzea.
3.1. Behin-behineko zerrendak.
Eskabideak aurkezteko epea igaro eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dena, eta onetsi diren deialdietan onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onetsiko ditu.
Bi deialdien arau komunetako 2.3 oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izango dira, eta, gainera, horiek ezin izango dira zuzendu.
Baztertutako edo azaldu gabeko izangaiek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 10 egun balioduneko epean, zilegi dute erreklamazioa egin eta, akatsen bat badago, horiek zuzentzea. Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.
Izangai bazterturik ez bada, izangai onartuen zerrendak zuzenean onetsiko dira behin betiko.
3.2. Behin betiko zerrendak.
Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emango du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da zerrenda hori. Ebazpen horretan jakinaraziko da noiz eta non egingo den oinarri hauetan aipatzen den hautaproba.
Hautaprobetako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta ikusten bada izangairen batek ez duela betetzen eskatzen diren baldintzetakoren bat, bertan behera geratuko dira deialdian parte hartzeagatik erator litezkeen eskubide guztiak.
3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.
Laugarrena.–Proba.
4.1. Ebazpen honek onetsi dituen deialdietako hautaketa-prozesua proba baten bidez egingo da; bi parte hauek izango ditu:
–Lehen partea: erantzuteko hainbat aukera dituzten galderen zerrenda bat izango da, eta galdera bakoitzarentzat erantzun bakarra izango da balioduna. Galderak ebazpen honen II. eranskinean ezarririko gaitegiari buruzkoak izango dira. Huts egindako erantzunak puntuak kenduko dituzte.
–Bigarren partea: garatu beharreko galderak edo II. eranskineko gaitegiari buruzko kasu teoriko-praktikoak erantzun behar dira idatziz.
Bi parteak baztertzaileak izango dira, eta baztertuta geratuko dira parte bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak. Bi zatien probak egun berean egingo dira, bata bestearen ondotik. Lehen zatia gainditu duten izangaiei baino ez die zuzenduko epaimahaiak bigarren zatia.
4.2. Epaimahai kalifikatzaileak zehaztuko du probak zenbat denbora iraun behar duen gehienez, eta horren berri emango du proba hasi baino lehen. Halaber, jakitera emango du parte bakoitza nola balioetsiko den eta zein den lehen parteko erantzun okerren penalizazioa.
Zerrendetan egoteko, izangaiek probaren bi atalak gainditu behar dituzte.
4.3. Hautaprobarako deialdia dei bakar baten bidez egingo da, eta izangaiek epaimahai kalifikatzaileak adierazi duen tokian eta egunean bertaratu beharko dute, jardunak hasteko ezarri duen orduan. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, AIZ, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Nortasuna esandako dokumentuen bidez egiaztatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak probatik kanpo geldituko dira.
4.4. Desgaitasun aitortua izanik, eskabidean eskaera egin duten izangaientzat, ariketak egiteko behar diren denbora eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak garatzeko.
Bosgarrena.–Epaimahaia.
5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Ramón Gonzalo, Ikerketako errektoreordea.
Ordezko epaimahaiburua: Pablo Sanchis Gurpide, Ikerketarako Baliabideen eta Egituren Arloko zuzendaria.
–Epaimahaikidea: Iosu García Fernández, Ikerketa Zerbitzuko Jakintza Transferitzeko Atalaren burua.
Ordezko epaimahaikidea: María Sauleda Munárriz, Kontuhartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuko zuzendaria.
–Epaimahaikidea: Iñaki Casado Redin, Ikerketa Zerbitzuko Jakintza Transferitzeko Ataleko O.L. teknikaria.
Ordezko epaimahaikidea: Belén Altuna Esteibar, Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria.
–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.
Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.
–Epaimahaikide idazkaria: Aránzazu Del Rey Martínez, Ikerketa Zerbitzuko O.L. kudeaketaria.
Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Carmen Echeverría Arambillet, Liburutegi Zerbitzuko Liburutegiko Proiektuen zuzendariordea.
5.2. Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatutako egoera horietako bat gertatzen denean.
Baldin eta legeak ezartzen dituen abstentziorako edo errekusaziorako arrazoiak izaten badira, eta epaimahaiaren osaera aldatzen bada, jendaurrean jakinaraziko da hori, onartutako eta baztertutako izangaien zerrendekin batera.
5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.
Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.
5.4. Hautaprobak aurrera egin ahala, deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak Epaimahaiaren gehiengoak ebatziko ditu, eta deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartuko ditu.
5.5. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izango du hautaprobarako aholkulari adituak sartzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.
5.6. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izango da.
Seigarrena.–Gainditu dutenen zerrenda.
6.1. Hautaketa-prozesua bukatzen denean, Giza Baliabideen Zerbitzuak zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizirik:
A) Aldi baterako kontratazioaren deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren arabera ordenatuta. Deia egiteko salbuespenei dagokienez, Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25eko erabakiaren 8. artikuluan ezartzen duenari jarraituko zaio, hain zuzen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duen erabakian ezarritakoari. Halaber, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko Xedapen Gehigarrietako Zazpigarrenaren 4. atalak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeari buruzko alderdiak.
Puntuazio berdinketarik bada, probaren bigarren partean puntu gehien erdiesten dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bakar bat egingo da berdinketa duten izangaien artean. Zozketan ateratzen den pertsonaren deituretatik eta izenetik hasi, eta berdinketa guztiak ebatziko dira deituren alfabeto hurrenkerari jarraikiz. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean jakinaraziko dira zozketaren emaitzak, deialdiaren aipuan.
B) Prestakuntza zerbitzu berezietako egoeran egiteko deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren arabera ordenatuta.
Puntuazio berdinketarik bada, probaren bigarren partean puntu gehien erdiesten dutenen alde ebatziko dira. Berdinketarik badago, hura ebazteko, izangai bakoitzak aitortua daukan antzinatasun handiena zein den hartuko da kontuan, deialdiak ezartzen duen eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean.
6.2. Epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari igorriko dizkio arau honek aipatzen dituen zerrendak, onets ditzan, hautaketa-prozesuaren espediente osoarekin batera.
Zazpigarrena.–Izangaien zerrendak.
7.1. Behin betiko zerrendak.
Hautaprobaren espediente osoa jaso eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen ebazpen baten bidez, bi izangai zerrenda onetsiko dira hautaprobak gainditzen dituztenekin, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira.
7.2. Deia.
Arau honek aipatzen dituen zerrendetan dauden izangaien deia 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluko erabakiek ezarritakoarekin bat etorriz egingo da –Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa eta Administrazioko eta Zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta labide-hobekuntza arautzen duten erabakiak–. Bermatu egingo da, gainera, lehentasuna izango dutela prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran egongo diren izangaiek aldi baterako kontrataziorako izangaien aldean.
Zortzigarrena.–Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aritzeko gehieneko denbora.
8.1. Lanpostu bat prestakuntzan betetzea onartzen dutenak arrazoi horrengatik zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratuko da, gehienez ere urte bateko aldirako, hasiera batean, eta aldi hori urte bateko aldietan luzatzeko aukera izango da, gehienez ere sei urte bete arte. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du, eta aldi jakin baterako izango da.
8.2. Prestakuntzan sei urteko gehieneko epe hori bete eta gero, langile funtzionarioek automatikoki hasi beharko dute berriz ere zerbitzu aktiboan zerbitzu berezietan deklaratu zituztenean betetzen ari ziren lanpostuan, eta ezin izango dituzte berriz ere zerbitzu berezietan deklaratu arrazoi beragatik. Izendapen libre bat edo bitarteko izendapen bat izan zuen lanpostu batetik badatoz, amaitutzat joko da egoera.
8.3. Prestakuntza zerrenda batean baino gehiagotan daudenak sei urte egongo dira gehienez ere guztira prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran.
8.4. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoera, hasierako deklarazioa eta bere luzapen guztiak barne, sei urtetik beherako aldi baterako bada, zerrendan dagokion lekua izango du berriz ere izangaiak aldi horren bukaeran.
Bederatzigarrena.–Datu pertsonalen babesa.
Hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko, datu pertsonalak eskatzen zaizkie izangaiei, eta datu pertsonalen fitxategi batean sartzen dira. Fitxategi horren helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileak kudeatzea da, eta, bereziki, hautaketa-prozesuetako hautagaiek izandako parte-hartzea eta unibertsitate-zabalpeneko jardueretan NUPeko langileek izandako esku-hartzea kudeatzea.
Deialdi honetan parte hartzeko eskabidean hautagaiek baimena emateak berekin dakar hautaketa-prozesuan emandako datuak tratatzeko baimena ematea ere. Datu pertsonalak babesteko indarrean diren araudien arabera interpretatu behar da hori. Zehazki, hauek dira bete beharreko araudiak: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduaren eta datu horien zirkulazio askearen gaietan pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.
Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak sartzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, bidali mezu bat delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, 3/2018 Lege Organikoaren 11. eta 18. artikuluei jarraikiz –2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa–.
Hamargarrena.–Errekurtsoak.
Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat, arau indardunekin bat etorriz:
a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazten edo iragarri eta biharamunetik kontatzen hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.
II. ERANSKINA
Gai zerrenda
1.–Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa, 2001eko abenduaren 21ekoa: II. titulua, Unibertsitateen egitura; III. titulua, Unibertsitateen gobernua eta ordezkaritza; VI. titulua, Ikasketak eta tituluak; VII. titulua, Ikerketa unibertsitatean eta jakintzaren transferentzia.
2.–110/2003 Foru Dekretua, 2003ko maiatzaren 13koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak onesten dituena: I. titulua, Unibertsitatearen egitura; II. titulua, Unibertsitatearen gobernua; IV. titulua, Unibertsitateko komunitatea.
3.–14/2011 Legea, 2011ko ekainaren 1ekoa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzkoa.
4.–15/2018 Foru Legea, 2018ko ekainaren 27koa, Zientziari eta Teknologiari buruzkoa.
5.–Ikerketa Zientifikorako eta Teknikorako eta Berrikuntzarako Espainiako 2017-2020ko Plana: kudeaketa-printzipioak, antolamendua, finantzaketa, helburuak eta onuradunak. Espainiako Plana eta I+G+b: programak eta azpiprogramak.
6.–Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Espainiako Sistemaren elementuak eta instituzioak: Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioa; Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroa (CDTI); Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoa (OEPM); Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT); Ikerketarako Estatuko Agentzia.
7.–Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Espainiako Sistema: unibertsitateak, CRUE, UGI sarea, OTRI sarea.
8.–Ikerketa kontratatua unibertsitatean. Arau-esparrua. Kostuen eta kontraprestazioen kalkulua; konfidentzialtasuna; emaitzen jabetza eta ustiaketa
9.–Eskualdeetako Berrikuntza Sistemak. Espezializazio Adimentsuaren Eskualdeetako Estrategia (RIS3). RIS3 Nafarroan.
10.–Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Nafarroako Sistema. Zientziarako, Teknologiarako eta Berrikuntzarako Nafarroako Plana.
11.–Europako Ikerketa Eremua (ERA) eta I+G+Tko Esparru Programak. Horizon2020 programa: egitura, oinarriak eta helburuak, aurrekontua.
12.–H2020 programako “Societal Challenges” oinarria. Erronka sozialak. Lankidetza-proiektuetan parte hartzeko eta haiek kudeatzeko tresnak.
13.–H2020 programako “Excellent Science” oinarria. Edukia eta parte hartzeko tresnak. Europako Ikerketa Batzordearen “ERC Grants” eta Marie Skłodowska-Curie ekintzak.
14.–Ikerketa-emaitzen zabalpena eta komunikazioa. Argitalpen zientifikoak. Sarbide irekia, Open Access eta Open Data.
15.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Institutuak. Formatua, egitura eta araudia.
16.–2017ko maiatzaren 3ko Gobernu Kontseiluaren erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegia onesten duena.
Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.
Iragarkiaren kodea: F1902314
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
