Iragarkia
38. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
236/2019 EBAZPENA, 2019ko otsailaren 7koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko A mailako O.L. teknikari lanpostu hutsak (Informatika Zerbitzua) lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko deialdia onesten duena.
Gobernu Kontseiluaren 2016ko azaroaren 25eko eta 2017ko azaroaren 27ko Erabakien bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen Lan Publikoko Eskaintzak onetsi ziren 2016. eta 2017. urteetarako. Eskaintza horietan jasotzen dira, besteak beste, O.L. teknikari lanpostuak, funtzionarioen araubidekoak eta A mailakoak (Informatika Zerbitzua).
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen lanpostuak betetzeko Arautegiaren 9.2 artikuluak ezarritakoa eta Nafarroako Administrazio Publikoetarako oro har ezarritakoa kontuan hartuz (Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 19ko erabakiaren bidez onetsi zen), bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoko A mailako O.L. teknikari lanpostu hutsak (Informatika Zerbitzua) lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko erabakia eta deialdiaren oinarriak onestea.
Ikusirik Langileen Kudeaketa Ataleko buruak egin duen txosten-proposamena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2015eko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko A mailako O.L. teknikari lanpostu hutsak (Informatika Zerbitzua) lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko deialdia onestea.
Bigarrena.–Deialdiaren oinarriak eta merezimenduak balioesteko baremoa onestea. Deialdia ebazpenaren I. eranskinean dago, eta baremoa II. eranskinean.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen webgunean argitara dadila agintzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta haren kontra zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2019ko otsailaren 7an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.
I. ERANSKINA
Nafarroako Unibertsitate Publikoko informatika zerbitzuko O.L. teknikari lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko deialdiaren oinarriak
1.–Arau orokorrak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko A mailako O.L.teknikari lanpostu hutsak (Informatika Zerbitzua) lekualdatze lehiaketaren bidez betetzea da deialdiaren xedea.
2.–Arau aplikagarriak.
Arau hauek aratuko dute merezimendu-lehiaketa: Gobernu Kontseiluaren 2018ko ekainaren 19ko Erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen lanpostuak betetzeko arautegia; Unibertsitateko kudeatzailearen 2019ko urtarrilaren 15eko 58/2019 Ebazpena, lehen aipatutako arautegia garatuz mugikortasun mapa onesten duena; Unibertsitateen 9T-ren Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen Mugikortasun Hitzarmena, 1993ko abuztuaren 30eko Legegintzako 251/1993 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Testu Bategina onesten duena, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeari buruzko Arautegia, 1985eko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoa; deialdiaren oinarriak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
3.–Argitaratzeak.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz, deialdi honetatik eratortzen diren jakinarazpen eta komunikazioak Nafarroako Unibertsitate Publikoko intraneten egingo dira (https://portal.unavarra.es), eta ez dira baliozkoak izango beste toki batzuetan egiten direnak, oinarri hauetan espresuki aipatzen direnak izan ezik.
4.–Lanpostu hutsak.
4.1. Deitutako lanpostuak III. eranskinekoak dira.
4.2. Zilegi da hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzea epaimahai kalifikatzaileak deialdia egin duen organoari lortutako puntuen hurrenkeraren arabera antolatuta dagoen lehiatzaileen zerrenda igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituta.
4.3. Halaber, zilegi da aipatutako lanpostua deialditik kanpo uztea zerbitzu aktibora itzultzen direnei edo burutza bat utzi duten langile finkoei esleitu zaizkielako, edo ordenamenduan ezarritako beste edozein arrazoirengatik.
4.4. Horretaz gainera, lehiaketan lanpostu berri bat lortzen dutenek hutsik uzten dituzten lanpostuak ere beteko dira lehiaketa honen bidez. Aurrekoa gorabehera, ez dira eskainiko lehiatzaileek lekualdatze lehiaketan lanpostua lortuta hutsik uzten dituzten lanpostuak, bete beharrekoak ez badira, “iraungitzeko” lanpostuak direlako edo titularrek nahiz ordezkoek betetzen ez dituztelako.
4.5. Hizkuntzen ezagutza maila nahitaezko eskakizuna duten lanpostuetarako, oinarri hauetan ezarri bezala frogatu beharko da.
5.–Izangaiek bete beharrekoak.
5.1. Merezimendu-lehiaketako lanpostuak betetzeko prozesuan hartzen dutenek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta lanpostuaz jabetzen diren arte:
a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko edo Unibertsitateen 9 Taldearen Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen Mugikortasun Hitzarmena sinatu duten Unibertsitateetako funtzionarioa izatea, zeinahi dela ere bere egoera administratiboa.
b) Lanpostu hutsei dagokien mailakoa izatea.
c) O.L. teknikari lanpostu baterako izendatua izatea (Informatika Zerbitzua).
5.2. Ingelesez edo euskaraz jakitea nahitaezko baldintza duten lanpostu hutsetan aritzeko, C1 mailaren edo handiagoaren egiaztagiria edo titulua eduki behar da, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (HEEEB).
5.3. Beharrezko hautaprobak gainditu ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskararen edo erkidegoko hizkuntzaren baten ezagutza nahitaezko baldintza duten lanpostuetan sartu diren langileek hizkuntza horren ezagutza nahitaezkoa duten Unibertsitateko lanpostu hutsak betetzeko aukera izango dute bakarrik.
Nolanahi ere, araudiak ezarritakoa ez da aplikatuko baldin eta, eskatzen den hizkuntzaren ezagutza-maila zein den kontuan hartu gabe, interesdunak hautaproben emaitzari esker hizkuntza ezagutzeko baldintza ezarri gabe duen lanpostua lortu badu.
5.4. Zerbitzu, atal, bulego edo aurrekoekin parekatutako unitate baten buru diren eta deialdi honetan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztenek lekualdatze lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute. Prozedura honetan esleitutako lanpostuaz jabetzeak berekin ekarriko du zerbitzuko, ataleko, bulegoko edo aurrekoekin parekatutako unitateko buru izateari uztea.
5.5. Lanpostua gorde gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete eman duten funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betikoz esleituko zaie.
5.6. Behin-behinean lanpostu huts bati atxikita berriz ere zerbitzu aktibora itzuli diren langileek nahitaez aurkeztu behar dute lekualdatze lehiaketa honetara, behin betiko destinoa esleitzeko.
6.–Eskaerak.
6.1. Eskaerak.
Eskabide-eredua Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan dago:
6.2. Izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, 5. oinarrian aipatzen diren betekizunen eta II. eranskinean zerrendatzen diren merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, aipatu dokumentazioa jada Nafarroako Unibertsitate Publikoak duenean izan ezik; hala bada, eskabidean adierazi beharko da. Nolanahi ere, zilegi izango da Giza Baliabideen Zerbitzuak lehiatzaileei xede horrekin eskatzea, aipatu dokumentuak lortzen ez baditu.
Zehazki, ezein kasutan ez dira aurkeztu beharko Nafarroako Unibertsitate Publikoak aitortutako zerbitzu emateak, administrazio publikoetan egindakoak, eta lehiatzaile bakoitzaren espedientean jasoko dira zuzenean, eta Epaimahaiari emango zaizkio barema ditzan.
6.3. Epea.
Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.
6.4. Aurkezteko modua.
A) Presentziala.
Parte hartzeko eskabideak, eta, beharrezkoa denean, dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Arrosadiko campusa, 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazona etorbidea z.g. 31500 Tutera), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea).
B) Telematikoa.
Nafarroako Unibertsitate Publikoren Erregistro Elektronikoan bere egoitza elektronikoaren webgunearen bidez: https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/azl?languageId=100001
7.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
7.1. Eskabideak aurkezteko epea igaro eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du onetsi diren deialdi hauetako onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onesteko.
Behin-behinean baztertu diren edo aipatu ez diren izangaiek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta ondorengo 5 egun baliodunetan, zilegi dute erreklamazioak aurkeztea eta, akatsik baldin badago, haiek zuzentzea. Aipatutako epean zerrendetan agertzen ez direla aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dira probetatik.
7.2. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emango du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko.
Hautaprobetako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta ikusten bada izangairen batek ez daukala eskatzen diren betekizunetakoren bat, deialdian parte hartzeak ekar litzakeen eskubide guztiak bertan behera geratuko dira.
7.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egintzat joko da, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.
8.–Epaimahaia.
8.1. Honako hauek osatuko dituzte deialdiko lanpostu bakoitzaren merezimendu-lehiaketa kalifikatu behar duten epaimahaiak:
–Epaimahaiburua: Miriam Bacaicoa Hualde, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Informatika Zerbitzuaren zuzendaria.
Ordezko epaimahaiburua: Jesús Carlos Fernández Gómez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Informatika Zerbitzuko Erabiltzaileari Laguntzeko Ataleko burua.
–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.
Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.
–Epaimahaikide-idazkaria: José Antonio Marañón Oricain, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileen Kudeaketarako Ataleko Bulegoko burua.
Ordezko epaimahaikide idazkaria: Pedro Ardaiz Labairu jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.
8.2. Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.
8.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauen interpretazioan eta aplikazioan sortzen diren zalantzak.
8.4. Epaimahaiak sei hilabete izango ditu gehienez ere, eskaerak aurkezteko epetik kontatzen hasita, lehiaketaren atalen balorazioak egiteko.
8.5. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izango da.
9.–Merezimenduak.
9.1. Elementu hauek balioetsiko dira, gehienez ere 40 puntu eta honela banatuta egongo den eskala batean:
a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: hogeita hamar puntu gehienez.
b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: hamar puntu gehienez.
Aurreko apartatuetan adierazitako puntuazioari hizkuntzak jakiteari dagokion balorazioa gehituko zaio.
Salbuespen gisa, eta bidezkoa denean baino ez, lanpostu batean sartzeko titulazio jakin bat edukitzea betekizun gisa ezarri ez bada, lanpostu horretan jarduteko espezializazio jakin bat komenigarria denean, zilegi izango da, lekualdatze lehiaketetan oro har ezarritako elementuez gain, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktiko bat aintzat hartzea. Proba hori baztertzailea izango da.
9.2. Aurreko apartatuan aipatzen diren elementuak deialdi honen II. eranskinean ezarritako merezimenduen baremoarekin bat balioetsiko dira.
9.3. Epaimahaiak inolaz ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman. Epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan du aukera azalpenak eta datu osagarriak eskatzeko, betiere izangaiek garaiz eta forman alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.
9.4. Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, izangai zaharrenaren alde ebatziko da.
9.5. Merezimenduen kalifikazioa amaiturik, parte-hartzaileek lortutako puntuazioak argitaratuko ditu epaimahaiak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena alegatu dezaten beren merezimenduen balorazioaren inguruan.
9.6. Egin diren erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahai kalifikatzaileak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu, eta izangaien zerrenda Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari bidaliko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, espediente osoarekin batera.
10.–Lanpostu hutsen aukeraketa, esleipena eta jabetza hartzea.
10.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileei lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldi publikora deituko zaie Nafarroako Unibertsitate Publikoaren intranetean argitaratuko den iragarki baten bidez.
Giza Baliabideen Zerbitzuari emango zaio lanpostu hutsen aukeraketa-prozesuaren kudeaketaren ardura.
10.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Lanpostuak betetzeko Arautegiak ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek ezin izango dituzte beren atalari atxikitako lanpostu hutsak aukeratu, campus edo lanaldi aldaketa baten kasuan izan ezik.
10.3. Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileek lanpostu hutsak aukeratzen bukatutakoan, gainerako lanpostu hutsak 9 Taldeko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Mugikortasun Hitzarmena sinatu zuten beste unibertsitateetako langileei eskainiko zaizkie.
10.4. Lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldira joaten ez direnek galdu egingo dituzte lehiaketan parte hartzeko eskubide guztiak.
10.5. Inork ezingo dio lanpostu hutsen aukeraketari uko egin.
10.6. Lanpostu hutsen aukeraketa bukatuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak, ebazpen baten bidez, dagokien lanpostua esleituko die izangaiei, eta hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratu dadila aginduko du.
Argitalpen hori gauzatuta, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.
10.7. Esleipenari buruzko ebazpena argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean hartu beharko dute izangaiek esleitu zaien lanpostuaren jabetza, non eta ebazpen horrek ez duen jabetza hartzeko beste data bat ezartzen.
11.–Lansariak.
Lekuz aldatzen diren langileek xedapen indardunek esleitzen dizkieten lansariak jasoko dituzte.
12.–Errekurtsoak.
Epaimahai kalifikatzaileen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko ekintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat, arau indardunekin bat etorriz:
a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, aurkatutako erabakia jakinarazten edo iragartzen den eguna eta biharamunetik kontatzen hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatutako egintza edo erabakia jakinarazten den eguna eta biharamunetik kontatzen hasita.
II. ERANSKINA
Merezimenduak baloratzeko baremoa
a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak. 30 puntu gehienez ere.
Administrazio publikoetan emandako zerbitzuen balioespena egiteko, dagokion deialdia argitaratzean aitortutako antzinatasuna hartuko da aintzat, eta urte bakoitzak puntu bat balioko du.
Oharra a) atalari buruz: urte kopurua osoa ez bada, zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.
b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 10 puntu gehienez ere.
Oharra b) atalari buruz: atal honetan, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak besterik ez da aintzat hartuko.
b.1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartu izana: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu); 7 puntu gehienez ere.
Oharrak b.1. atalari buruz:
1. Baloratu beharreko prestakuntza-jardueretako ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.
2. Ikastorduen kopuruaren berri ematen ez duten ziurtagiriak kreditu batekotzat hartuko dira.
3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriak 12 kreditukotzat hartuko dira.
4. Puntuazio berarekin balioetsiko da prestakuntza-jardueretan parte hartu izana, baldin eta, erakunde antolatzailearen baldintzak bete ez arren, Administrazioaren aginduz egin badira edo Administrazioak baliozkotu baditu. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioetan antolatutakoak.
5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, nola unibertsitarioak hala unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan balioetsiko.
b.2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztu izana, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egin izana eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratu izana: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak balioetsi beharrekoak, betiere kontuan harturik lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak nolako maila duen, hots, lokala, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa.
b.3) Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatzea edo halakoetan irakasle aritzea: puntu bat gehienez ere, epaimahai kalifikatzaileak balioetsi beharrekoa jardueren iraunaldiaren arabera.
c) Puntuazio gehigarria hizkuntzak jakiteagatik.
c.1) Merezimenduen baremo guztietan baloratu beharreko merezimendu gisa gehituko da frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira. Bakoitzarengatik gehienez ere 2 puntu emanen dira.
c.2) Baremoetan baloratu beharreko merezimendu gisa gehituko da euskara jakitea. Gainerako merezimenduen baremoari esleitutako puntuazioaren %6 izango da gehieneko balorazioa.
Oharrak c) atal osoari buruz:
1. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa eskuratuko du.
2. Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.
III. ERANSKINA
O.L. Teknikari Lanpostu Hutsak (Informatika Zerbitzua)
LANPOSTUA | ATXIKIPENA | CAMPUSA | LANALDIA |
245 | KUDEAKETA KORPORATIBOAREN ATALA | IRUÑEA | GOIZEZ |
251 | CAMPUS ZERBITZUEN ATALA | IRUÑEA | GOIZEZ |
254 | SISTEMEN ETA KOMUNIKAZIOEN ATALA | IRUÑEA | GOIZEZ |
255 | ERABILTZAILEARI LAGUNTZEKO ATALA | IRUÑEA | GOIZEZ |
256 | SISTEMEN ETA KOMUNIKAZIOEN ATALA | IRUÑEA | GOIZEZ |
469 | ERABILTZAILEARI LAGUNTZEKO ATALA | IRUÑEA | GOIZEZ |
616 | KUDEAKETA KORPORATIBOAREN ATALA | IRUÑEA | GOIZEZ |
617 | KUDEAKETA KORPORATIBOAREN ATALA | IRUÑEA | GOIZEZ |
Iragarkiaren kodea: F1902324
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
