37. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

11/2019 EBAZPENA, otsailaren 4koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira Valtierrako, Castejongo eta Tuterako udal-mugarteetan goi-tentsioko linea elektrikoaren aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta haren onura publikoaren deklarazioa.

Renovables de la Ribera SLk, 2018ko irailaren 28an, aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen, bai eta eraikitzeko administrazio baimena eta onura publikoaren deklarazioa ere, instalazio elektriko honetarako:

–Espedientea: SAT10928.

–Instalazioaren xedea: zenbait haize-parkek ekoitzitako energia elektrikoa ateratzea.

–Kokapena: Valtierrako, Castejongo eta Tuterako udal-mugarteak.

–Instalazioaren ezaugarriak: “Cavar-1”, “Cavar-2”, “Cavar-3A” eta “Cavar-3B” haize-parkeak eta “La Cantera” transformazio azpiestazioa lotzeko linea elektrikoa:

  • 1. tartea: 66 kV-eko zirkuitu bakuneko aireko tartea, duplex (dx: bi eroale fase bakoitzeko), “Valtierra” BTA-tik Gamesa Energiaren lineara lotzeko, 00.07 euskarrian (2.078 metro, 337-AL1/44-ST1A OPGW-16/48 eroalea).
  • 2. tartea: 66/220 kV-eko zirkuitu bikoitzeko aireko tartea (dx/sx), lotuneko 00.07 euskarritik 00.15 euskarrira, non 220/66 kV-eko linea lurpekoa bihurtzen baita (2.595 metro, 337-AL1/44-ST1A OPGW-16/48 eroalea).
  • 3. tartea: 66/220 kV-eko lurpeko tartea (dx/sx), 00.15 euskarritik 00.16 euskarrira (530 metro; 66 kV-eko eroalea: HEPRZ1 36/66 KV 1000 mm² Al + H75; 220 kV-eko eroalea: XLPE 127/220 kV 1200 mm² Al + H155).
  • 4. tartea: 66/220 kV-eko zirkuitu bikoitzeko aireko tartea (dx/sx), aireko-lurpeko trantsizioko 00.16 euskarritik 00.43 euskarrira (8.156 metro, 337-AL1/44-ST1A OPGW-16/48 eroalea).
  • 5. tartea: 220 kV-eko zirkuitu bakuneko aireko tartea (sx: eroale bat fase bakoitzeko), 00.43 euskarritik “La Cantera” azpiestaziora, eraikiko dena “La Serna” azpiestazioari atxikirik (1.834 metro, 337-AL1/44-ST1A OPGW-16/48 eroalea).

–Aurrekontua: 5.749.182,64 euro.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 10eko 1209E/2016 Ebazpenaren bidez, ingurumen eraginaren adierazpena egin zen “Cavar 1”, “Cavar 2”, “Cavar 3A”, “Cavar 3B”, “Cavar 3C”, “Cavar 4” eta “Cavar 5” haize-parkeen gainean. Sustatzailea Renovables de la Ribera SL da.

Nafarroako Gobernuak 2017ko urtarrilaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, “Cavar-1”, “Cavar-2”, “Cavar-3”, “Cavar-4” eta “Cavar-5” izeneko haize-parkeen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zen.

I.–JENDAURREKO INFORMAZIOA

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Renovables de la Ribera SLren eskaera jendaurrean jarri zen hogei egunean, iragarkia argitaratu baitzen 2018ko 208. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 26an, eta Diario de Navarra egunkarian, urriaren 30ean. Halaber, eskaera Tuterako Udalari, Castejongo Udalari eta Valtierrako Udalari ere igorri zitzaien txostena presta zezaten eta epe berean jendaurrean jar zezaten.

Jendaurreko aldian Tuterako Udalak eta Castejongo Udalak alegazioak aurkeztu dituzte. Honako hauek ere alegazioak aurkeztu dituzte: Santiago Chueca Oliver, Bodegas Escudero SL eta Jorge Castillejo Rodrigo. Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 145. eta 147. artikuluei jarraikiz, horiek guztiak enpresa sustatzaileari igorri zaizkio, bere txostena egin dezan.

I.1. Ukitutako udalak.

–Tuterako Udala:

Tuterako Udalak, 2018ko urriaren 29an, txosten teknikoa igorri zuen Hirigintzako Zerbitzu Teknikoetara. Bertan, adierazi zuen baimen horretan ez dela eragozpenik hirigintzako ikuspegitik, salbu ikusizko inpaktua herri-lurreko lurzatiak zeharkatzeagatik, betiere, ahal dela, dorreak edo euskarriak lurzatiaren mugetan edo bideetan jarrita.

Tuterako Udalak, azaroaren 26an, txosten teknikoa bidali zion Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi arloetako Unitate Administratibora; bertan, adierazten du “sakonago aztertu beharko direla dauden aukerak, zehazki, Castejongo azpiestazio elektrikoan sortzen den energia ateratzeari dagozkionak, eta eskatzen du aukeren azterketa xehatua egin dadila trazaduraren alternatiben eta proposatutako eraikuntzako konponbideen gainean”.

Erantzuna:

Renovables de la Ribera SLk adierazten du energia ateratzeko linea elektrikoaren diseinua egiterakoan saiatu direla finketan ukipenak txikiagotzen eta, horretarako, ahal dela, euskarriak mugetan jarriko direla, ikusizko inpaktua murrizteko. Halaber, adierazten du diseinua muga hauetara egokitu dela: trazadura paraleloa izatea N-232 errepidearekin eta 400 kV-eko linea elektrikoarekin, eta azpiegiturekiko egon behar diren segurtasun-tarteak egotea. Horri jarraikiz, lehenetsi da euskarriak lurzatien mugetan kokatzea.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak adierazten du instalazioak sortzen dituen eraginak jada ebaluatu direla ingurumen eraginaren adierazpenaren tramitazioaren barnean; Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 10eko 1209E/2016 Ebazpenaren bidez eman zen adierazpena.

Garraio sarerako sarbidea eta lotura egiteko baimenei dagokienez, bidezkoa da argitzea horiek sarearen kudeatzaileak ematen dituela, lotune bakoitzaren kapazitatearen arabera.

Aurrekoa kontuan hartuta, bidezkoa da Tuterako Udalak aurkeztutako alegazioa ezestea.

–Castejongo Udala:

Castejongo Udalak, 2018ko azaroaren 30ean, eskatu zuen proiektua onetsi aurretik alda zedila Castejongo udal-mugartean 19. eta 30. euskarrien artean aurreikusitako trazadura, euskarri horien arteko linea AP-15 autobidearen ekialdean kokatuz.

Erantzuna:

Renovables de la Ribera SLk adierazten du proiektatutako trazadura Castejongo Udalak proposatutakoa baino luzeagoa dela, bai eta kostu handiagokoa ere, AP-15 autobidea bi aldiz gurutzatzen baita; aldiz, ingurumen eragin txikiena duena da.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak adierazten du instalazioak sortzen dituen eraginak jada ebaluatu direla ingurumen eraginaren adierazpenaren tramitazioaren barnean; Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 10eko 1209E/2016 Ebazpenaren bidez eman zen adierazpena.

Aurrekoa kontuan hartuta, bidezkoa da Castejongo Udalak aurkeztutako alegazioa ezestea.

–Valtierrako Udala:

Valtierrako Udalari separata igorri zitzaion, eta Udalak ez du deus adierazi horri buruz.

I.2. Alegazioak.

–Santiago Chueca Oliver:

Santiago Chueca Oliverrek adierazten du ez dagoela ados bere jabetzako lurrak erabiltzearekin. Eskatzen du Castejongo 4. poligonoko 124. lurzatian (CA-036) aurreikusitako 00.18 euskarria jar dadila lurzatiaren izkin batean, edo bestela, lurzati osoa eros dadila. Adierazten du Castejongo 4. poligonoko 97. lurzatia (CA-040) lastoa biltegiratzeko erabiltzen dela, eta sute arriskua egon daitekeela. Halaber, esaten du Castejongo 4. poligonoko 13. lurzatiak (CA-046) baduela nekazaritzarako balio handia, eta euskarria lurzatiaren erdian kokatzen badute, ezinen dela erabili zuhaitzak jartzeko. Eskatzen du 00.20 euskarria lurzatiaren mugan jartzea, edo Castejongo 4. poligonoko 17. eta 26. lurzatietan kokatzea, biak bere jabetzakoak. Azkenik, adierazten du kalte-ordain gisa eskainitako prezioak txikiak direla.

Erantzuna:

Renovables de la Ribera SLk adierazten du ezin duela 00.18 euskarriaren kokapena aldatu, 13,2 kV-eko linea elektriko batek gurutzatzen baitu 00.17 eta 00.18 euskarrien arteko baoa. Euskarria finkaren mugara aldatzeak ekarriko luke 13,2 kV-eko linea horren euskarri baten gainetik gurutzatu behar izatea; horrek behartuko luke aurreikusitakoa baino euskarri altuagoa jartzera, oinplano-okupazio handiagoarekin, bai eta ikusizko inpaktu handiagoarekin. 00.18 euskarriak 69,72 m²-ko azalera okupatzen du, eta finkak, aldiz, 12.333,09 m²-ko katastroaren araberako azalera du; horrenbestez, ez dirudi zentzuzkoa lurzatia erostea.

Aipatutako sute arriskuari buruz, adierazten du linea elektrikoak, behin jarrita, behar diren segurtasun arau guztiak beteko dituela, lur-konexio egokia barne.

Bestalde, 00.20 euskarria ezin da lekuz aldatu, hau dela-eta: 00.19 eta 00.20 euskarrien arteko baoa baldintzatuta dago AP-15 autobidearekiko gurutzebideagatik, oso murriztailea baita, bai euskarrien arteko distantziagatik, bai eroale elektrikoek izan behar duten altueragatik.

Bestalde, bidezkoa da adieraztea jabetzarekin adostasun eza dagoenean, behin proiektuaren onura publikoa deklaratuta, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954eko abenduaren 16ko Legearen 52.7 artikuluan ezarritakoarekin bat, finka okupatu ondoren desjabetze espedientea tramitatuko dela, prezio justuaren eta ordainketaren faseetan.

Aurrekoa kontuan hartuta, bidezkoa da Santiago Chueca Oliverrek aurkeztutako alegazioa ezestea.

–Bodegas Escudero SL:

Ángeles Escudero Escuderok, Bodegas Escudero SLren izenean, adierazten du Bodegas Escudero SL dela Castejongo 5. poligonoko 87. lurzati (CA-058) ia guztiaren jabe, eta desjabetzeak ukitzen duen azalera guztiaren jabe. Jakinarazten du finka hori Banco de Santander entitatearen izenean dagoela katastroan, akats bat dela-eta. Planoa eta erregistroko ohar soila eransten dira. Eskatzen du titulartasun datuak eguneratzea.

Erantzuna:

Espedientean agertuko da Bodegas Escudero dela finkaren titularkide, baina argi mugatu beharko da proiektuak ukitutako eremua Bodegas Escuderorena bakarrik dela, edo zati batean Banco de Santander entitatearena.

Aurrekoa kontuan hartuta, bidezkoa da Bodegas Escudero SLk aurkeztutako alegazioa baiestea.

–Jorge Castillejo Rodrigo:

Jorge Castillejo Rodrigok, Castejongo 4. poligonoko 130. lurzatiaren jabeak, desadostasuna agertu du bere finka erabiltzearekin eta bertan euskarri bat kokatzearekin. Eskatzen du euskarri hori kokatzea lurzatiaren mugan edo lurzatia erostea. Azkenik, ezarritako prezioak merkatukoak baino txikiagoak direla adierazten du.

Erantzuna:

Renovables de la Ribera SLk jakinarazten du ahal den neurrian saiatu dela euskarriak kokatzen lurzatien mugetan edo ukipena txikiagoa den lekuetan. Kasu horretan, euskarria kokatu da 220 kV-eko linea elektrikora erregelamenduzko distantzia errespetatuz.

Bestalde, bidezkoa da adieraztea jabetzarekin adostasun eza dagoenean, behin proiektuaren onura publikoa deklaratuta, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954eko abenduaren 16ko Legearen 52.7 artikuluan ezarritakoarekin bat, finka okupatu ondoren desjabetze espedientea tramitatuko dela, prezio justuaren eta ordainketaren faseetan.

Aurrekoa kontuan hartuta, bidezkoa da Jorge Castillejo Rodrigok aurkeztutako alegazioa ezestea.

II.–UKITUTAKO ERAKUNDEAK

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127., 131. eta 146. artikuluekin bat, txostena eskatu zaie erakunde hauei:

–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Zerbitzua: Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atalak 2018ko abenduaren 18an emandako txostenean (Erreferentzia: 1160/2018) adierazi zen ezen, Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren zuzendariaren abenduaren 11ko 425E/2018 Ebazpenaren bidez, abelbideei dagokienez, baimendu zirela linea elektriko horren eta eremuan dauden abelbideen arteko gurutzatzeak, zenbait baldintzarekin. Flora, fauna eta habitatei dagokienez, eta kontuan hartuta linea elektrikoa aireko linea bezala proiektatu dela ia bere osotasunean, ezarri zen euskarrietako eroaleak isolatu beharko direla elektrokuzioak saihesteko, eta baoak seinaleztatu talkak saihesteko.

Renovables de la Ribera SLk adierazten du beteko duela Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren abenduaren 11ko 425E/2018 Ebazpenean xedatutakoa, abelbideak gurutzatzeko baldintzei dagokienez. Flora, fauna eta habitatei dagokienez, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 10eko 1209E/2016 Ebazpenean xedatuari jarraituko zaio, zeinaren bidez egin baitzen ingurumen eraginaren adierazpena.

–Garapen Ekonomikorako Departamentuko Zainketa Zerbitzua: 2018ko azaroaren 27ko txostenean (Erreferentzia: 2018/691430) adierazi zen ezen, “proiektatutako aireko bidegurutzeak baimentzen ahal direla, baina sustatzaileak lortu beharko du zerbitzu honek ematen duen aginduzko baimena, eta horretan ezartzen diren baldintzak bete, N-232 ukitzeari dagokionez, bai eta Audenasak, AP-15 autobidearen kontzesionarioak, ezartzen dituen baldintzei dagokionez ere”.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa: 2018ko abenduaren 18ko txostenean (Erreferentzia: 2018-O-1420) jakinarazi zen erakunde horretan egun izapidetzen ari dela 2018-L-115 espedientea, Renovables de la Ribera SLk eskatutako baimena tramitatzeko, zenbait jarraibide barne.

–Acciona Solar SA: Acciona Solar SAk, 2018ko urriaren 25ean, adierazi zuen ez duela eragozpenik proiektuari buruz, eta eskatu zuen entzunaldia ematea Centex Agrícola Ganadera S.Coop. sozietateari, Acciona Solar SA jabea den Castejongo 4. poligonoko 125. lurzatiaren arrendatari gisa.

–Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF): 2018ko urriaren 23ko txostenaren bidez (Erreferentzia: S3-V0-0-157), adierazi zen ADIFek ez diela eragozpenik jarriko instalazioaren eskatzaileak proposatutako zehaztapen teknikoei, baldin eta betetzen bada aplikatzekoa den araudia. Halaber, jakinarazi zen Renovables de la Ribera SLk obra egiteko aginduzko baimena eskatu diola ADIFi.

–Nafarroako Autobideak SA: Nafarroako Autobideak SAk, 2019ko urtarrilaren 14ko idazkian, zehaztu du ezen, “argitzen denez gurutzaketa desberdinen kableek galtzadaren gainetik duten gutxieneko altuera 13 metro baino handiagoa dela, AUDENASAk aireko gurutzaduretarako baldintzetan eskatzen duen gutxieneko altuera alegia, aldeko txostena ematen dela eskatutako jardueraren gainean”. Baldintza-agiria eransten da. (Erreferentzia: IM/oi/15947).

–Compañía Logística de Hidrocarburos CLH SA: 2018ko azaroaren 27ko idazkiaren bidez (Erreferentzia: 18-0262 S02), jakinarazi zen 2018ko urriaren 8an igorri zirela Renovables de la Ribera SLra baldintza teknikoen agiriak, kontuan izan beharrekoak proiektuaren gainean jasotako dokumentazioaren arabera. Renovables de la Ribera SLk, azaroaren 8an, baldintza-agiri horiek onartu zituen.

–Nedgia Navarra SA: dagokion separata igorri ondoren ezarritako epeak iraganda, Nedgia Navarra SAk ez du deus adierazi horri buruz.

–Iberdrola Distribución Eléctrica SAU: Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk, 2018ko urriaren 29an, “baimena eman zuen eskaeran zehaztutako lanak egiteko”. Halaber, gogorarazi zuen arrisku elektrikoen aurrean langileen osasuna babesteko eta segurtasuna bermatzeko beharra (Erreferentzia: CO/SG/2099818001212).

–Red Eléctrica de España SAU: 2018ko urriaren 30ean jakinarazi zuen ez duela eragozpenik jartzen proiektuari emandako baimen desberdinen aurrean (Erreferentzia: M/L/18-0871).

–Telefónica de España SAU: 2018ko azaroaren 22ko txostenaren bidez, zehaztu zuen ez duela eragozpenik jartzen lanen exekuzioaren aurrean, baldin eta indarrean den araudia betetzen bada (Errefentzia: I-169-18).

–Enagas Transporte, SAU: Enagas Transporte SAUk, 2018ko azaroaren 12an egindako txostenaren bidez, informazioa eskatu zuen euskarri batzuen lur-konexio eskasiaren intentsitateari buruz. Gogorarazi zuen gasbidearen segurtasun tartean egiten den edozein jarduketak Nafarroako Gobernuaren ordezkaritzaren baimena izan behar duela (Industria eta Energiaren Arlo Funtzionala). Renovables de la Ribera SLk lur-konexio eskasiaren intentsitateari buruz emandako informazioa igorrita, Enagas Transporte SAUk ez du deus esan horri buruz.

Ikusirik espedientean dagoen dokumentazioa, eta kontuan hartuta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatua, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak proposatzen du Renovables de la Ribera SLk eskatutako baimena ematea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldez aurreko administrazio baimena ematea Renovables de la Ribera SLri, “Cavar-1”, “Cavar-2”, “Cavar-3A” eta “Cavar-3B” haize-parkeak eta “La Cantera” transformazio azpiestazioa lotzeko linea elektrikoa jartzeko.

2. Instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, David Remírez de Ganuza Satrústegui industria-ingeniari teknikoak sinatua, onestea. Hogeita lau hilabete emanen zaizkio obrak burutzeko.

3. Zehazki, instalazio horren onura publikoa deklaratzea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan eta hori garatzen duen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikuluan aipatutako ondorioetarako.

4. Renovables de la Ribera SL enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

5. Bodegas Escudero SLk aurkeztutako alegazioak baiestea.

6. Tuterako Udalak, Castejongo Udalak, Santiago Chueca Oliverrek eta Jorge Castillejo Rodrigok aurkeztutako alegazioak ezestea, azaldu diren arrazoiak direla eta.

7. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

8. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

9. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

10. Ebazpen hau igortzea Garapen Ekonomikorako Departamentuko Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura eta Zainketa Zerbitzura, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Zerbitzura eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

11. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

12. Ebazpen hau jakinaraztea honako hauei: Renovables de la Ribera SL, Bodegas Escudero SL, Acciona Solar SA, Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF), Nafarroako Autobideak SA, Compañía Logística de Hidrocarburos CLH SA, Nedgia Navarra SA, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU, Red Eléctrica de España SAU, Telefónica España SAU, Enagas Transporte SAU eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrak. Aldi berean, ohartarazten zaie ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

13. Ebazpen hau Tuterako Udalari, Castejongo Udalari, Valtierrako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari jakinaraztea, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko otsailaren 4an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1901547