36. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

5E/2019 FORU AGINDUA, urtarrilaren 9koa, Osasuneko kontseilariak emana, Jaiotzeko Laguntza Gizatiartzearen aldeko Ekimena (IHAN) garatzen laguntzeko Adituen Batzorde bat sortzen duena.

Gizarte garatuetan osasun arloan izandako hobekuntzen barruan dago ezinbertzean haurdunaldian, jaiotzan eta jaio ondorengo haur etapetan jartzen den arreta, emakumeei dagokienez bezala jaioberriei dagokienez ere, eta sustatu beharreko jardueren artean edoskitze naturalean laguntzea dago, funtsezkoa baita pertsonen egungo eta geroko osasuna hobetzeko.

2014-2020ko Nafarroako Osasun Planak, nafarren osasun-adierazleetan daukan eraginaren ondorioz, haurtzaroan osasun arazoetarako jarduketak garatzea planteatzen du, bizitzaren aldi horretan osasunari dagokionez erabakigarriak diren faktoreen gainean jardutea barne hartuta, eta Nafarroan gaur egun dauden egoera eta zerbitzuetara egokitzen diren eta osasun emaitzak optimizatzea ahalbidetzen duten ekintzak identifikatuta.

Nafarroako osasun sistema publikoa gizatiartzeko estrategiak lantalde profesionalak sortzea jasotzen du bere lan proposamenen artean, erabiltzaileen parte-hartzearekin sortu ere, arreta pozgarriagoa sustatzeko emakumeendako, familiendako eta jaioberriendako, haurdunaldian, erditzean eta jaioberrien arretan.

Osasun sistema publikoak ematen dituen zerbitzuen egungo antolabideak aurreikusita dauka haurdun dauden emakumeenganako arretari buruzko eskumenak unearen arabera deszentralizazio maila handiagoa edo txikiagoa duten ospitale baliabideei egokitzea. Pertsonenganako arreta osoa, emakumeak izan zein adin txikikoak, lehen mailako arretari dagokio goi mailako teknologia behar ez duten alderdietan, eta esparru horretan da handiena profesionalen eta pazienteen arteko interakzioen kopurua. Alderdi jakin batzuei dagokienez, erditzeko osasun arretan bezala oso ohikoak ez diren osasun arazo larriak artatzean ere, ospitale zerbitzuek esku hartu behar dute.

Prozesu guztien antolaketak eta emakumeei haurduntza prozesuetan, erditzean eta geroagoko haur arretan eta puerperioan arreta integral eta integratua ematea jomuga izateak eraginda, nahitaezkoa da pertsonak eta berorien zirkunstantziak ardaztzat dituzten arreta prozesu integratuen koordinazioan eta diseinuan aurrera egitea.

Haurren eta nerabeen osasunaren prebentzio eta sustapen estrategia garatzearen barruan, lan egiten ari da Jaiotzeko eta Edoskitzeko Laguntza Gizatiartzearen aldeko Ekimenaren sustapenean (IHAN), eta une guztietako arreta ibilbideen eta protokoloen antolaketan, Nafarroako egoerara egokituta.

IHAN ekimena UNICEFek eta Osasunaren Mundu Erakundeak abiatu zuten, ospitaleak aldatzeko prozesua bideratzeko, jaioberrien bizitzaren hasiera beroagoa izatearen alde, eta osasun zentroei laguntza emateko, programa eraginkorrak eta ebidentzian oinarrituak egin ditzaten, eta amagandiko edoskitzearen iraupena luzatzeko eta iraun dezan laguntzeko lana ahalbidetu eta bideratzeko.

Pentsatzen da IHAN eraginkorra izan daitekeela integra daitezen ahalegin profesionalak eta haurduntza prozesuetako emakumeenganako, haurrenganako eta familiekiko arreta hobetzeko helburua lortu nahi duten herritar erakundeak.

Horretarako, ospitale zentroak eta lehen mailako arretarako zentroak ekimenak planteatzen dituen egiaztapen mailetan pixkaka sartzea lortu nahi da, eta horrek, bere aldetik, amagandiko edoskitzea oinarrizko ardatz moduan sustatzea eraginen du.

Amagandiko edoskitzea sustatzeko motibazio handiagoa duten profesionalen prestakuntzari eta sentsibilizazioari lotuta hasitako urratsetatik abiatuta, beharrezkotzat jotzen da IHAN zentroen pixkakako egiaztapena sustatzeko aurreikusitako helburuak bermatzeko behar diren jarduerak oinarritu eta bultzatuko dituzten antolaketazko tresnak garatzea.

Ekimenaren ikuspegitik, baldintza garrantzitsua da diziplina anitzeko edoskitze batzorde bat eratzea, eta bertan ordezkatuta egotea haurduntza, erditze, edoskitze, hazte prozesu osoan zehar ama eta haren haurtxoa zaintzen esku hartzen duten profesional talde guztiak, irizpideak ahobatezkoak izan daitezen, eta bai antolaketa alderdiak bai jardunbideak itun daitezen laguntza maila guztietan.

Osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeari buruzko Osasuneko kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren 6. artikuluan adierazitakoarekin bat, beharrezkotzat jotzen da jaiotzako eta edoskitzaroko arreta gizatiartzen adituak diren pertsona batzuek osatutako batzorde bat eratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Aditu Batzorde bat sortzea, Jaiotzeko eta Edoskitzeko Laguntza Gizatiartzearen aldeko Ekimena (IHAN) Nafarroan garatzen laguntzeko, bost urte iraunen duena foru agindu hau onesten denetik.

2. Batzordearen helburua izanen da aholkularitza teknikoa ematea, jaiotza eta edoskitze naturala gizatiartzeari dagokionez osasun sistema publiko osoaren ekintza integratuak diseinatzeko, eta Nafarroan IHAN ekimena garatzen laguntzeko.

3. Pertsona hauek izanen dira batzordeko kideak:

–Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburua izanen baita, Osasun Departamentua ordezkatuz.

–Pertsona bat UNICEF Nafarroa ordezkatuz, elkarteak berak izendatua.

–Pertsona bat edoskitzen laguntzeari lotuta jarduten duten erakunde sozialak ordezkatuz, urteko txandakako ordezkaritzarekin, partaidetza ordenaren arabera; Esnearen Liga eta Amagintza.

–Nafarroako Ospitaleguneko Zainketa Anbulatorioen eta Diagnostikoan Laguntzeko Zuzendariordetzako burua, Nafarroako Ospitalegunea ordezkatuz.

–Erditzeen eta Obstetrizia eta Ginekologiako Larrialdietako Unitateko burua, Nafarroako Ospitalegunea ordezkatuz.

–Nafarroako Ospitaleguneko Pediatria Zerbitzuko pediatra bat, Nafarroako Ospitalegunea ordezkatuz; Ospitaleguneko zuzendaritzak izendatu beharrekoa.

–Iruñeko Osasun Barrutiko Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Ataleko bi pertsona, ataleko buruak izendatu beharrekoak.

–Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeko pediatra bat, Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzailetzak izendatu beharrekoa.

–Iruñeko Barrutiko Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeko erizain bat, Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzailetzak izendatu beharrekoa.

–Bi pertsona: bata, oinarrizko osasun laguntzaren esparrukoa; bestea Tuterako Barrutiko ospitalegunekoa, Tuterako Barrutiko kudeatzailetzak izendatu beharrekoa.

–Bi pertsona: bata, oinarrizko osasun laguntzaren esparrukoa; bestea Lizarrako Barrutiko ospitalegunekoa, Lizarrako Barrutiko kudeatzailetzak izendatu beharrekoa.

–Osasun Publikoko goi mailako teknikari bat, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak izendatu beharrekoa, hura ordezkatuz.

4. Honako hauek izanen dira Batzordearen eginkizunak:

–Irizpide orokorrak eta helburuak zehaztea IHANi lotutako prestakuntzarako.

–Prestakuntza proposamen zehatzak definitzea hurrenez hurrengo IHAN egiaztapen faseekin zerikusia duten langile sanitario guztiendako.

–Kudeaketa esparru bakoitzera egokitutako proposamenak egitea, eta IHAN zentro moduan egiaztatzeko hurrenez hurrengo faseak sustatzeko zentroak.

Haurdunaldia, erditzea, amagandiko edoskitze naturala eta haztea kontuan hartuta, ikerketa ildoak zehaztea eta, hala egokituz gero, proposatzea.

–Informazioa eskatzea IHANekin zerikusia duten zentroetako eta esparruetako lan batzordeei.

–Osasun zentroak IHAN zentroak izan daitezen behar den laguntza zehaztea: egiaztapena, laguntza ekonomikoa, IHANekiko harremanak, laguntza informatiboak, adierazle orokorren balorazioa.

–Azterketak egitea obrei edo proiektuei buruz, IHANen aurreikusitako kalitate estandarretara nola egokitzen diren kontuan hartuta.

–IHANi laguntzeko materialen eta bitartekoen edukiak proposatzea.

–Jardunaldiak, elkarguneak edo IHANekin zerikusia duten jardunbide onak bateratzeko eta zabaltzeko beste jarduera batzuk proposatzea.

5. Batzordeko idazkari lanetan batzordekideek beren artetik aukeratutako kidea arituko da.

6. Batzordeak egoki iruditzen zaizkion aholkulari espezialistei deitzen ahalko die laguntza eskatzeko.

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 9an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1900542