36. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko otsailaren 6an hartua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileentzat ezarritako 2019ko ordainsariak ehuneko 2,25 igotzen dituena, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legearen 6. artikuluak lehenengo apartatuan ezartzen du Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen eta estatutupeko langileen ordainsariei Estatuko legedian sektore publikoko langileentzat 2019rako ezartzen den gehieneko igoera globala ezarriko zaiela 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, deusetan galarazi gabe, hala dagokionean, ordainsarietan behar diren doikuntzak egitea ziurtatzeko ezen lanpostu bakoitzari esleitutako ordainsariak bat datozela lanpostuaren zailtasun tekniko bereziekin, arduraldiarekin, erantzukizunarekin, arriskugarritasunarekin edo nekagarritasunarekin.

2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 27/2018 Foru Lege horren beraren 7.1 artikuluak, bestalde, ezartzen du ezen, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lan kontratudunen ordainsariak haien hitzarmen kolektiboan zehazten direnak izanen direla, foru lege horretan funtzionarioentzat finkatutako irizpideekin bat etorriz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileei dagokienez, abenduaren 24ko 27/2018 Foru Lege horren beraren 8.3 artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileen ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dutela.

Ildo berean, aipatutako abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legearen 9.12 artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen eta gainerako behin-behineko langileen 2019ko ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dute.

Horiek horrela, kontuan izanik Nafarroako Gobernuak nahitaez aplikatu behar dituela arestian aipatutako legezko xedapenak, behin 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legea onetsi eta indarrean jarri ondoren, langile publikoen ordainsariak igotzeko beharrezkoak diren funtsak –kasuan kasuko legezko xedapenari jarraikiz– onetsi eta hartarako gaikuntza eman arte itxarotea besterik ez zegoen.

Hala bada, 2018ko abenduaren 27ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 24/2018 Errege Lege Dekretua, abenduaren 21ekoa, zeinaren bidez presako neurriak onetsi baitziren sektore publikoaren esparruko ordainsarien gainean. 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrak automatikoki luzatzeak ekarri zuen hura onestea, Espainiako Konstituzioaren 134.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Abenduaren 21eko 24/2018 Errege Lege Dekretu horren 3.2 artikuluan ezartzen denez, 2019an sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsariek ezin izanen dute ehuneko 2,25etik gorako igoera globalik izan 2018ko abenduaren 31n indarra zutenekin alderaturik, betiere konparatzen diren bi aldiak modu homogeneoan harturik, hala langileen kopuruari dagokionez nola haien antzinatasunari dagokionez.

Diputatuen Kongresuaren 2019ko urtarrilaren 22ko Ebazpenaren bidez agindu zen Sektore publikoaren esparruko ordainsarien arloan premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 21eko 24/2018 Errege Lege Dekretua baliozkotzeko erabakia argitaratzea (2019ko 25. Estatuko Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 29koa).

2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen ordainsarien %2,25 adinako diru kopurua kontsignatu zen, 27.499.069 eurokoa zehazki. Ildo horretatik, une honetan posible denez aipatu igoera gauzatzea –erabaki hau onartzeaz gain beste izapiderik egin behar izan gabe– egoki jotzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen ordainsariak %2,25 igotzea, honako honetan ezarritakoarekin bat: Sektore publikoaren esparruko ordainsarien arloan premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 21eko 24/2018 Errege Lege Dekretua.

Ordainsariak igotzeko orain hartzen den erabaki honek atzerako eragina izanen du 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta 2019ko otsaileko nominan ordainduko da.

Adierazitakoarekin bat, 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean badago behar adinako aurrekontu-kontsignazioa legez aurreikusitako igoerak eragindako zenbatekoak ordaintzeko. Ordainketa hori gastuen indarreko aurrekontuko 020002 04100 1800 921402 partidaren kargura finantzatuko da.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2019rako ezarritako ordainsariak ehuneko 2,25 igotzea, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2. Igoera aplikatzea, orobat, Nafarroako Gobernuko kideei, goi kargudunei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako gainerako behin-behineko langileei.

3. Erabaki hau Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igortzea, langileen kudeaketa sisteman behar diren neurriak har daitezen erabaki hau betetzearren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparru guztietan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 6an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1901908