35. ALDIZKARIA - 2019ko otsailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGOITZ

Aldaketa, udal kirolguneko barne araubidearen erregelamenduan. Behin betiko onespena

Agoizko Udalak, 2018ko abuztuaren 2an egin osoko bilkuran, erabaki zuen, besteak beste, hasiera batean onestea udal kirolguneko barne araubidearen erregelamendua aldatzeko proposamena, Udalaren kirol alorrak aurkeztua. Iragarkia 2018ko 221. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 15ean, eta inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi eta haren testu osoa argitara ematen da.

Agoitzen, 2019ko urtarrilaren 9an.–Alkate udalburua, Unai Lako Goñi.

AGOIZKO KIROLGUNEKO BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Erregelamendu honen helburua da Agoizko Udalaren kirol instalazioen erabilera arautzea; instalazioek “Agoizko Kirolgunea” izena hartuko dute.

2. artikulua. Instalazio horiek erabiltzen ahalko dituzte Udalak horretarako zehazten dituen baldintzak betetzen dituzten herritar guztiek.

3. artikulua. Instalazio bakoitza zer kirol eta jardueretarako dagoen pentsatua edo egokia den, horiexetan aritzen ahalko dira bertan erabiltzaileak.

4. artikulua. Udalak onetsiko ditu instalazioaren egutegia eta ordutegiak.

5. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan kartela paratuko da, erabiltzaileek ongi ikusteko moduko tokian, ondoko jakingarri hauek azaltzeko:

–Instalazioko zerbitzuak erabiltzeagatik ordaindu beharreko prezioa.

–Jardueraren ordutegia.

–Erabiltzaile kopurua, edukiera eta ezaugarri tekniko aipagarrienak.

–Egiten diren zerbitzuak edo programak.

Kontsultatu ahal izateko eskura dagoen tokiren batean utziko da erregelamendu honen ale bat.

II. KAPITULUA

Abonatuak

6. artikulua. Abonatua izateko, pertsona batek inskripzioa eskatu behar du, hura onartu behar diote, eduki behar du “herritartasuna egiaztatzeko karneta”, eta Udalak finkatzen dituen kuoten ordainketa eguneratua izan behar du.

7. artikulua. Abonamendu motak:

7.1. Abonatua izan daiteke horretarako eskaera egiten duen pertsona fisiko oro.

Egoera berezietan abonatu izateko baldintzak zein izanen diren Udalak ezarriko du.

7.2. Abonatuen artean sailkapen hau egin da:

A mota: 4 urtetik beheitiko haurrak.

B mota: 4tik 10 urtera bitarteko haurrak.

C mota: 11tik 15 urtera bitarteko gazteak.

D mota: 16tik 64 urtera bitarteko helduak.

E mota: 60 urtetik goitiko pentsiodunak; desgaitasuna %50 baino handiagoa duten helduak (ziurtagiri ofizial baten bidez egiaztatua); eta orobat kasu berezi eta salbuespenekoak, Udalak bere iritziaren arabera erabakitzen dituenak. Adin kategoria hau da 65 urtetik goitikoak; erretiratuak, pentsiodunak eta onuradunak, “erretirodunak” izenekoa.

Abonatua dagokion kategorian sartuko da, egiaztatu dituen datuen eta aurkeztu dituen agiri eta ziurtagiri ofizialen arabera.

7.3. Familiarendako abonamendua: familia unitate bereko pertsonek, alta emateko, ez dute ordaindu beharko adin tarte bakoitzari dagokion matrikula. Familiendako abonamenduek %50eko murrizketa izanen dute haurren eta gazteen kuotetan. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Bikote ezkondua edo izatezko bikotea, eta haien 16 urtetik beheitiko seme-alabak.

–Guraso bakarreko familia unitatea, eta haien 16 urtetik beheitiko seme-alabak. Guraso-ahala ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko da aurretik.

–Helbide berean elkarrekin bizi direla egiaztatzen duen ziurtagiria, instalazioan aurkeztu ondoan Udalak luzatutako egiaztagiria.

7.4. Udalak unean uneko kuotak finkatuko ditu, abonatuek ordain ditzaten. Kuota horien zenbatekoa urtero zehaztuko da, urtarrilaren 1a baino lehen.

7.5. A motako abonatuek ez dute kuotarik ordaindu beharko.

7.6. Abonatu izan nahi duten guztiek sarrerako diru kopuru bat ordaindu beharko dute.

Sarrerako diru kopurua ordaindutakoan hasiko zaie ordainagiriak bidaltzen, kirol instalazioan aurkeztu beharreko dokumentazioa noiz aurkezten duten kontuan hartu gabe.

Baja egiten duen abonatuak ezin izanen du diru kopuru hori itzultzeko eskatu. Berriz ere abonatua izan nahi badu, beste behin ordaindu beharko du sarrerako diru kopurua.

Salbuespeneko kasuetan, Agoizko Udalak eta enpresa kudeatzaileak aztertuko dute aldi baterako eszedentziak ematea, kasuz kasu azterturik, arazo ekonomikoak frogatzen direlarik edo beste udalerri batera bizitzera joan beharra, eta hura dagoelarik gutxienez ere 100 kilometrora. Kasu horietan, onuradunek urtean 20 euroko gutxieneko kuota ordaindu beharko dute, eta justifikazio gisa aurkeztu beharko dute erroldatze-ziurtagiria, lan-kontratua, alokairu-kontratua, matrikula edo gisakoa.

Nolanahi ere, ez da onartuko aldi baterako eszedentzian 6 hilabete baino gutxiago edo bi urte baino gehiago egoterik.

7.7. 11 urte behar dira, gutxienez ere, instalazioko abonatu izateko. 11 urtetik 15 urtera bitarteko gazteek banaka lortu dezakete abonatu izaera, guraso edo legezko tutoreek baimen berezia sinatzen badute. Horrelakoetan, nahitaezko baldintza izanen da instalazioan bertan sinatzea baimen hori, abonatuaren fitxa ematen den unean.

7.8. Abonatu orok eman beharko dio instalazioari aurkeztutako datuetan gertatzen den edozein aldaketaren berri: helbidea, erroldatzea, kobratzeko kontu zenbakia, harremanetarako telefonoa, etab. Abonatuak hartuko ditu bere gain edozein daturen aldaketagatik sortzen diren ondorioak.

8. artikulua. Hilabeteko sariak eta hasiera sarrera ordaintzeko, banku igorpena erabiliko da abonatuak ematen duen kontu zenbakira; kuota ordaintzeko bestelako modurik ez dagoenez, kontu zenbaki bat ematea nahitaezkoa da, bertara egiteko banku igorpenak.

9. artikulua. Kuotak ordaintzen ez, edo ordainagiriak itzultzen badira, Udalak bi aldiz eginen du ordaintzeko errekerimendua, aldi bakoitzean 3 euro gehiago kobratuta, eta haietako bakoitzari dagokion hilabeteko epean abonatuaren erantzunik ez badago, baja emanen zaio eta abonatuen eskubideak galduko ditu. Baja deusetan ukatu gabe, lege prozedurei jarraituko zaie ordaindu gabeko kuotak ordainarazteko, behar diren errekarguekin.

Aurreko paragrafoa aplikaturik abonatuari baja eman ondotik, berriz ere alta hartu nahi badu, kuoten ordainketa eguneratu beharko du, eta beste behin ordaindu beharko du sarrerako diru kopurua.

10. artikulua. Baja idatziz jakinarazi beharko du abonatuak, kirol instalazioko harrera-lekuan eskura egonen den agirian. Interesdunak agiri hori beteko du, banakako aleetan, behar bezala sinatuak. Hilaren 25a baino lehen jakinarazi beharko da baja. Ordura arte ordaindutako kuotak ez dira inola ere itzuliko.

11. artikulua. Udalak mugatzen ahalko du abonatuen kopurua, instalazioen erabilera ahalik eta egokiena izan dadin.

12. artikulua. Abonatu karneta pertsonala eta besterenezina da. Beste pertsona batzuek erabiltzen badute karneta, hura kenduko da, eta Udalak zehazten duen zehapena jarriko da.

Inork kidea dela egiaztatzen duen karneta galduz gero, horren berri eman beharko dio berehala instalazioak kudeatzen dituen entitateari. Karnetaren kopia egiteagatik, Udalak zehazten duen diru kantitatea ordaindu beharko da.

13. artikulua. Erabiltzaileek eskubide hauek dituzte:

13.1. Instalazioetan libreki sartzea, abonatu karneta erakutsita, hautatu duen modalitatean eta jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.

13.2. Instalazioak erabili ahal izatea, Udalak kirol eremu bakoitzerako onesten duen araudiari jarraituz.

13.3. Antolatzen diren kirol jardueretan izena ematea, Udalak haien gainean onesten duen araudiari jarraikiz.

13.4. Udalak kasu bakoitzean onesten dituen deskontuez baliatzea.

13.5. Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduaren gainean.

14. artikulua. Abonatuak beharturik daude erabiltzaile guztientzat ezartzen diren obligazioak betetzera.

III. KAPITULUA

Abonamendurik gabeko erabiltzaileak

15. artikulua. Abonatu ez direnak honela sartzen ahalko dira kirol instalazioetara:

15.1. Udako denboraldia:

–Udako denboraldi osorako “udako abonamendua” erosita.

–Hilabeteko abonamendua erosita.*

–Hamabostaldiko abonamendua erosita.*

–“Eguneko sarrera” erosita.

–Kirol ikastaroetan izena emanda.

–Instalazioak alokatuta.

(*) Hilabeteko eta hamabostaldiko abonamenduetan, hura ordaintzen den egunaren ondoko 30 edo 15 egunak hartuko dira kontuan.

Udako abonamendua eskuratzen ahalko dute hura eskatu eta kategoria bakoitzerako ezarri den zenbatekoa ordaintzen dutenek. Kategoria horiek urteko abonamenduetarako berak izanen dira.

Udako abonamenduak banku transferentzia bidez edo txartelaz ordainduko dira. Ezin izanen dira eskudirutan ordaindu.

Udako abonamenduak instalaziorako sarbidea ematen du udako hiru hilabeteetan.

Udako denboraldian, denboraldiko, hilabeteko eta hamabostaldiko abonamenduekin, honako instalazio hauek erabiltzen ahalko dira: udako aldagelak, ostatua eta haren terraza, udako igerilekuak eta lorategi gisako alderdia.

15.2. Neguko denboraldia:

–“Eguneko sarrera” erosita.

–“Hilabeteko abonamendua”* eta “hamabostaldiko abonamendua” erosita.

–Kirol ikastaroetan izena emanda.

–Instalazioak alokatuta.

Hilabeteko abonamendua eskuratzen ahalko dute hura eskatu eta kategoria bakoitzeko ezarri den zenbatekoa ordaintzen dutenek.

Hilabeteko abonamenduak banku igorpenaren bidez, banku transferentzia bidez, txartelaz edo eskudirutan ordainduko dira.

Hilabeteko eta hamabostaldiko abonamendua zer hiletarako edo hamabostaldirako kontratatu duten, horiexetan baizik ez du instalazioan sartzeko aukera emanen. Ordaintzen den unetik hasiko da kontatzen.

Neguko denboraldian, hilabeteko eta hamabostaldiko abonamenduarekin, honako instalazio hauek erabiltzen ahalko dira: aldagelak, ostatua eta haren terraza, ur berodun igerilekua, muskulazio gela, alderdi hidrotermala, rokodromoa, kiroldegia-frontoia eta squash pista. Instalazio horiek erabiltzean, uneoro bete beharko da espazio bakoitzaren araudi espezifikoa.

15.3. Instalaziora sartzeko, aldiro aldean izan beharko da “herritartasuna egiaztatzeko karneta” eta aurkeztu, instalazioko langileek identifikatzeko edo datuak egiaztatzeko eskatzen duten aldiro.

Udako karneta pertsonala eta besterenezina da. Beste pertsona batzuek erabiltzen badute karneta, hura kenduko da, eta Udalak zehazten duen zehapena jarriko da.

15.4. Eguneko sarrera:

Eguneko sarrera eskuratzen ahalko dute hura eskatu eta aldi berean kategoria bakoitzeko ezarritako zenbatekoa ordaintzen dutenek, eskudirutan edo txartelaz.

Eguneko sarrerak aukera ematen du egun batean instalazioan sarbidea izateko. Sartzeko, behar den tiketa erakutsi beharko zaio harrera-lekuko langileari.

Eguneko sarrera zilegi ez den edozein modutan erabiltzeak (faltsukeria, hirugarrenei ematea, etab.) egunaren gainerakoan instalazioan sartzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

Udako eguneko sarrerarekin, honako instalazio hauek erabili ahalko dira: udako aldagelak, ostatua eta haren terraza, udako igerilekuak eta lorategi gisako alderdia.

Neguko eguneko sarrerarekin, honako instalazio hauek erabili ahalko dira: aldagelak, ostatua eta haren terraza, ur berodun igerilekua, muskulazio gela, alderdi hidrotermala, rokodromoa, kiroldegia-frontoia eta squash pista. Instalazio horiek erabiltzean, uneoro bete beharko da espazio bakoitzaren araudi espezifikoa.

15.5. Kirol ikastaroetan izena ematea:

Antolatzen diren kirol ikastaroetako batean plaza lortzen dutenak sartzen ahalko dira instalazioan, abonatuak izan gabe ere, hala neguko nola udako denboraldian.

Ikastaroak dirauen bitartean izanen da sarbidea; 20 minutuko tartea izanen da instalazioetan sartzeko eta haietatik ateratzeko.

Sarrerako karneta nahiz kirol ikastaro batean parte-hartzaile izatea behar ez bezala erabiltzeak ikastaroan baja ematea ekarriko du, eta ez da izanen ordaindutako kuotak itzultzeko eskubiderik.

15.6. Instalazioak alokatzea:

Abonatu izan gabe instalazioa alokatzeko tarifak ordaintzen dituztenak sartzen ahalko dira instalazioan, betiere aitzinetik betetzen badute instalazio horretako araudi espezifikoa, eta hura erreserbaturik ez badago Udalaren edo enpresa kudeatzailearen jardueretarako.

15.7. Salbuespenez, beste batzuei ere instalazioetan sartzen utziko zaie, Agoizko Udalari eskatu badiote eta hark baimendu badu. Udalak zehaztuko ditu halakoak sartzeko baldintzak. Ez dira inola ere urteko abonatutzat joko.

IV. KAPITULUA

Zehapen araubidea

16. artikulua. Agoizko Udaleko alkatetzari dagokio erabiltzaileendako zehapen neurriak hartzea, erregelamendu hau betetzeko eta instalazioaren barreneko udal ondasunak zaintzeko.

17. artikulua. Kirol instalazioko langileek ahalmena dute erabiltzaileei ahoz kargu hartzeko edo instalaziotik egozteko, edo abonatuei karneta kentzeko, ahoz kargu hartu eta kasurik egiten ez dutenean, arau-hausleari geroago ezar dakiokeen zehapena ukatu gabe.

18. artikulua. Hona hemen zehapen prozedura:

18.1. Erregelamendu honetan ezarritako arauetariko edozein ez betetzeak karneta aldi baterako kentzea ekartzen ahalko du, baita, hala behar badu, instalaziotik kanporatzeko behar den zehapen espedientea tramitatu aitzinetik ere.

18.2. Kirol instalazioko kudeatzailetzak txostena eta arau-hauslearen datuak igorriko dizkio Udalari, erregelamendu honetan oinarriturik behar diren zehapen neurriak har ditzan. Zehapen horiek arau-hausleari jakinaraziko zaizkio. Ematen diren ebazpenen kontra, indarra duen legerian orokorrean ezartzen diren errekurtsoak paratzen ahalko dira.

19. artikulua. Falten sailkapena: falta arinak, astunak eta oso astunak.

19.1. Falta arinak:

–Kirol eremu bakoitzeko araudi berariazkoa ez errespetatzea.

–Kirol instalazioak erabiltzea erreserbako egun eta/edo orduetatik kanpo.

–Kirol instalazioak erabiltzea abonatu izan gabe, udako edo hilabeteko sarrera edo abonamendurik gabe, baimen berariazko puntualik gabe, kirol ikastaro batean izena emanda egon gabe, edo instalazioak erabiltzen dituzten klub edo taldeetako batekoa izan gabe.

–Espresuki debekaturiko eremuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

–Armairuak modu desegokian erabiltzea.

–Instalazioen ardura duten langileen oharrei kasurik ez egitea.

–Erregelamendu honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, falta astun edo oso astun gisa hartzen direnak izan ezik.

19.2. Hona hemen falta astunak:

–Liskar edo eraso fisikoak piztea edo haietan parte hartzea.

–Kirol instalazioetan animaliak sartzea.

–Instalazioak hondatzen dituzten produktuak sartzea haietan.

–Belardia eta/edo kanpo aldeak nahita zikintzea edo hondatzea.

–Igerilekuetako eta/edo jacuzziko uraren kalitatea hondatzea.

–Kirol instalazio, ekipamendu eta/edo materialetan listu edo pixa egitea edo zikintzea.

–Hiru falta arin egitea.

–Abonatu karneta beste edonori uztea instalazioan sartzeko.

–Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edozein arau-hauste.

–Instalazioko edozein higigarri edo higiezin hondatzea.

–Instalazioaren barrenean ordena larriki nahastea dakarren edozer egitea edo ez egitea.

19.3. Hona hemen falta oso astunak:

–Falta astun bat hiru aldiz egitea.

–Kirol materiala ebastea.

–Instalazioen arduradunei gorputzez edo hitzez eraso egitea edo lotsa galtzea.

–Erabiltzaileei gauzak lapurtzea.

–Urtebetean hiru falta astun egitea.

–Instalazioen barrenean bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dieten jarduketak.

–Instalazioen erabilera eragoztea erabiltzeko eskubidea dutenei.

–Instalazioen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

–Hornidura, azpiegiturak, elementuak edo instalazioak modu larri eta nabarmenean hondatzea.

20. artikulua. Falta arinek instalazioa denbora batean (3tik 5 egunera bitarte) erabili ezina ekarriko dute zehapen. Orobat, 25-60 euroko isuna ekarriko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

21. artikulua. Falta astunek instalazioa denbora batean (15 egunetik hilabete batera bitarte) erabili ezina ekarriko dute zehapen. Orobat, 61-300 euroko isuna ekarriko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

22. artikulua. Falta oso astunek instalazioa erabili ezina ekarriko dute zehapen (hilabete batetik betiko erabili ezinera bitarte), Udalak arau-hauslearen aurka abiarazten ahal dituen legezko egintzak ukatu gabe. Orobat, isuna ekarriko dute, 301etik 600 eurora bitarte, eta egindako kalteak konpondu beharko dira.

23. artikulua. Falta oso astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute, astunek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan.

24. artikulua. Ematen diren ebazpenen kontra, indarra duen legerian kasu orokorretarako ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira.

25. artikulua. Zehapen araubideari aplikatzen ahal zaion araudia ondokoetan ezarritakoaren arabera arautuko da: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 2ko 40/2015 Legearen III. kapitulua, “Zehatzeko ahala”, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. titulua.

V. KAPITULUA

Instalazioen erabileraren gaineko araudia

26. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak:

Erabiltzaileek obligazio hauek bete behar dituzte:

26.1. Instalazioak eta zerbitzuak egoki eta zuzen erabiltzea.

26.2. Gainerako pertsonei behar den errespetua gordetzea, bizikidetasun egokirako behar den jokabidea erabiliz.

26.3. Garaiz ordaintzea ezarritako kuotak eta ordu erreserbak, aldez aurretik ematen direnak.

26.4. Onartu eta betetzea instalazioen erabilerari buruz ematen diren arau eta argibide guztiak.

26.5. Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.

26.6. Kirol instalazioen barrenean, pertsona helduek arduratu beharko dute beren ardurapeko adingabeen segurtasunaz. Instalazioen barnean, 11 urtetik beheitikoek heldu batekin egon beharko dute beti, edo 16 urtetik goitiko arduradun batekin. Ezin izanen dira sartu beste adingabe batekin.

26.7. Erabiltzaile adindunek erantzun beharko dute, baldin eta beren gain dituzten adingabeek erregelamenduko arauak betetzen ez badituzte edo bertan zehazturiko arau-hausterik egiten badute.

26.8. Udalaren kirol instalazioen erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dute ezarritako ordutegia. Hartara, aldez aurretik kalkulatu beharko dute zenbat denbora egin beharko duten dutxetan eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko.

26.9. Erabiltzaileek erantzun beharko dute, baldin eta Udalaren kirol instalazioetan egiten duten denboran, asmo txarrez, zabarkeriaz edo bestelako edozein arrazoi dela eta, kalte edo galerarik eragiten badiete instalazioei edo hirugarrenei.

26.10. Karneta aurkeztea Udalaren kirol instalazioetara sartzean, eta instalazioko langileek eskatzen dietenean. Norbaitek kirol instalazioetara sartzean karneta aurkezten ez badu, administrazioko langileek sarrera debekatuko diote.

26.11. 11 urte behar dira, gutxienez ere, instalazioetan nor bere kasa sartzeko. Gurasoek edo tutoreek erantzun beharko dute adingabekoek edozer eginez gero.

26.12. Higiene arrazoiak direla eta, debeku da erabat bizarra egitea, depilatzea, edo manikura, pedikura eta gisako tratamenduak egitea.

26.13. Soilik jaten ahalko da ostatuan eta haren terrazan, arkupeetan edo askaldegietan. Belardi gunean ezin izanen da deus jan.

26.14. Legez aldi bakoitzean baimendurik dauden espazioetan eta instalazioaren barnean horretarako prestaturik dauden tokietan baizik ez da erretzen ahalko.

26.15. Instalazioak ez du erantzukizunik izanen norberaren gauzak desagertu, galdu edo hondatuz gero (hamakak eta eguzkitakoak barne).

26.16. Ez da arropa garbitzeko baimenik, ez aldageletan ez igerilekuetan ezta instalazioko beste inon ere.

26.17. Debeku da kristalezko edalontziak edo kristala duen beste edozein tresna instalazioan sartzea, salbu eta ostatuaren terrazan.

27. artikulua. Zerbitzugunea.

27.1. Zerbitzugunea esaten zaion aldean kafetegia, jatetxea, aldagelak, armairuak, dutxak, zerbitzuak eta botikina sartzen dira.

27.2. Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioa garbi egon dadin, langileekin lankidetzan arituz, eta instalazioko bazter guztietan dauden paperontziak eta hautsontziak erabiliz.

27.3. Erabiltzaileek errespetatu eta zaindu beharko dituzte altzariak, bankuak, lorategiak, arbolak, etab.

27.4. Erabiltzaileek errespetatu beharko dituzte instalazioko ordutegiak, kasu eginez langileek horretarako egiten dizkieten oharrei.

27.5. Erabiltzaileek behar diren jokabidea eta egokitasuna agertu beharko dute, gainerako erabiltzaileak begiratu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.

27.6. Armairuak hutsik gelditu beharko dira egun bakoitzaren amaieran, bestela hustu eginen dira.

27.7. Erabiltzaileek eskura izanen dute botikin zerbitzua, langile espezializatuen ardurapean (igerilekuetako bainu ordutegiaren barrenean).

27.8. Higienea eta segurtasuna direla eta, txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.

27.9. Aldageletan armairuak erabili beharko dira; jarduera bakoitza egin bitartean ezin da ez poltsarik ez arroparik utzi esekitoki eta bankuetan.

27.10. Ez da libre izanen irristailu, bizikleta, aulkitxo, gurdi edo gisakoak igerilekuen aldean sartzea.

28. artikulua. Igerilekuak.

Igerilekuak erabiliko dira bainatzeko, igeri egiteko nahiz, kasua bada, lehiaketak egiteko, betiere igerilekuan ongi zehazturik bakoitzari dagokion aldea.

Igerilekuetan, soroslea da (eta instalazioko gainerako langileak) haien funtzionamenduaren gaineko arduradun nagusia, eta betearazi beharko ditu Udalak ematen dituen arauak, instalazioak zentzuz erabiltzeko eta bainulari guztien segurtasuna zaintzeko beste xederik gabe.

Sorosleek aginpidea dute jendeari kargu hartzeko.

Sorosleen eginkizuna eta beharkizuna da igerilekuko erabiltzaile guztien segurtasuna zaintzea; 16 urtetik beheitiko haurren gurasoak edo legezko tutoreak dira beren seme-alaben arduradun nagusiak (bereziki igeri egiten ez badakite).

Kirol instalazioetako langileek ahalmena dute portaera gaitzesgarria duten erabiltzaileei kargu hartzeko edo instalaziotik bidaltzeko, baldin eta gainerako erabiltzaileenganako begirunerik ez badute.

28.1. Urgunea, sarbidea eta egonaldia.

–Erabiltzailea ezin da igerilekura sartu kaleko arropa eta oinetakoekin. Uretara sartu aitzin derrigorrezkoa da dutxatzea.

–Igerilekuetan nahitaez erabili behar da bainujantzia.

–Igerileku estalietan, uda nahiz negu, nahitaez erabili behar dira bainurako txanoa eta txankletak.

–Debeku da lasterka, jauzi edo bulka egitea, eta orobat gainerako erabiltzaileendako gogaikarria edo arriskutsua izaten ahal den beste zernahi eta, oro har, gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozein gauza. Orobat, ezin da jan igerilekuaren eremuan ez inguruan, ezta beirazko edo ezpaltzen ahal den bestelako zernahi erabili ere.

–Igerileku estalian debeku dira baloiak, koltxonetak edo gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dieten bestelako gauzak; onartzen dira, ordea, igeri egiteko betaurrekoak (salbu eta kirol instalazioan antolatzen diren aisialdiko jarduera edo ikastaro berezietarako egun jakinetan).

–Udako denboraldian, erabiltzaileek eguzkitakoak eramaten ahalko dituzte lorategi gisako alderdira; horiek horretarako prestatu den aldean paratu beharko dituzte. Ez enpresa kudeatzaileak ez Udalak izanen dute erantzukizunik eguzkitako horiek izan ditzaketen kalteetan.

–Udako denboraldian, erabiltzaileek beren aulki eta hamakak eramaten ahalko dituzte lorategi gisako alderdira; egun bakoitzaren amaieran, horiek bildu eta horretarako prestatzen den aldean utzi beharko dituzte (enpresa kudeatzaileak ez du erantzukizunik izanen hamaka horiek izan ditzaketen kalteetan).

–Guztiz debekaturik dago listu egitea, pixa egitea eta, oro har, uraren kalitatea txartzen ahal duen edozein gauza.

28.2. Bainu aldea.

–Erabiltzaileak erabiliko ditu beste xede batzuetarako mugaturik ez dauden eremuak (ikastaroak, entrenamendua...).

–Izena eman dutenek, eta ikastaroetan soilik, erabiltzen ahalko dute ikastaroetarako ematen den materiala (taulak, flotatzeko mahukak, ikasmateriala...). Sorosleak onartu eta baimenduak salbuetsita.

–Debeku da igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei lotzea.

–Bainu librean ari direnek ezin izanen diete kargu hartu, bulka edo traba egin, inola ere, ikastaroren bat edo instalazioen kudeatzaileek antolatutako jardueraren bat egiten ari direnei.

28.3. Ikastaroak eta entrenamenduak: instalazioak kudeatzen dituen entitateak programaturiko jardueraren batean izena eman dutenek kasu eginen diete monitoreek emandako aholku eta aginduei, jardueren gainean edo instalazioak erabiltzeko moduaz, eta errespetatuko dituzte erregelamendu hau eta indarra duen araudia.

28.4. Ez da libre izanen irristailu, bizikleta, aulkitxo, gurdi edo gisakoak igerilekuen aldean sartzea.

28.5. Gutxienez ere 9 urte eduki beharko dira igerilekuen aldean (hesituriko esparruaren barnean) egoteko heldu batek lagundu gabe, hala udan nola neguan. Adin horretatik beheitikoek heldu baten zaintzapean egon beharko dute beti; ezin izanen dira beste adingabe batekin sartu. Beste norbaitekin joan beharko dute, halaber, 16 urtetik beheitikoek, igerian ez baldin badakite. Gurasoek edo tutoreek erantzun beharko dute adingabekoek edozer eginez gero.

29. artikulua. Muskulazio gela.

29.1. 16 urtetik goitiko abonatuek dute muskulazio gelan sartzeko eskubidea.

29.2. Muskulazio gelara sartu ahal izateko ikastaro bat egin behar da, monitore bat egonda, gutxienez ere ordubeteko saio bat izanen duena.

29.3. Medikuak aginduta eta guraso edo tutoreen baimen idatzia dutela sartzen ahalko dira 16 urtez azpikoak muskulazio gelan, monitorea bertan dagoen orduetan.

29.4. Muskulazio gelako monitoreak eta instalazioaren ardura duten langileek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituzten pertsonei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, handik bidaltzeko, baldin eta bazterrak nahasten badituzte, makineria gaizki erabiltzen badute eta erabiltzaileen osotasun fisikorako arriskutsuak baldin badira.

29.5. Muskulazio gelara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, karrikatik ekartzen direnak erantzita.

29.6. Garbitasunagatik eta gainerako erabiltzaileenganako errespetuagatik, eskuoihala eraman beharko da aparatuak erabili ondoan horiek garbitzeko.

29.7. Muskulazio gelaren erabiltzaileek, pisu erantsiekin lanean aritzen direlarik, beren lekuan utziko dituzte, gela txukun egon dadin.

29.8. Aitzinetik osasun azterketa egiteko gomendatzen zaio erabiltzaileari.

29.9. Udala eta instalazioa kudeatzen duen enpresa ez dira izanen muskulazio gelan dauden aparatu eta materialekin erabiltzaileek egiten duten erabilera okerraren erantzule.

29.10. Makina kardiobaskularretan inor esperoan egonez gero, 30 minutuz erabiltzen ahalko dira gehienez.

29.11. Egiaztatzeko txartela ez daraman erabiltzaileak ezin izanen du gimnasioko atea ireki. Funtzionatzen ez badio, harrera-lekuan gaztigatu beharko du gorabehera hori konpontzeko.

30. artikulua. Jardueretarako aretoak edo psikomotrizitate gela:

30.1. Kirol instalazioak kudeatzen dituen entitateak eta Udalak antolatzen dituzten ikastaroek lehentasuna izanen dute, jardueretarako aretoa erabiltzean. Udalak arautuko ditu partikularrek erabiltzeko baldintzak.

30.2. Ikastaroetatik kanpo, kirolgune hori itxita egonen da.

30.3. Kirol eremu horretara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, karrikatik ekartzen direnak erantzita. Arau hori betetzen ez dutenei kirol eremu horretara sartzea ukatzen ahalko zaie.

30.4. Psikomotrizitate gelako koltxoneta hilero garbituko da, Udalaren kontura eta haren bizkar.

31. artikulua. Squasha.

31.1. Squash kantxa kirol horretan aritzeko baizik ez da erabiliko; beraz, bertan ez da ez eskupilotan ez futbolean ez beste deusetan aritzen ahal. Ezarritakoa deusetan ukatu gabe, Udalak baimendu ahalko du pistan beste jarduera batzuk egitea.

31.2. Udalaren edo enpresa kudeatzailearen jarduerek squash kantxa okupatzen ez dutenetan, abonatuek haren erreserba eskatzen ahalko dute, asteko aldizkakotasunez; abonaturik ez daudenek, berriz, bi egun lehenago baizik ez dute eskatzen ahalko. Abonatu bakoitzeko ordu bat egunean.

31.3. Squash kantxa alokatzeko edo erreserbatzeko eskaerak Agoizko kirolguneko harrera-lekuan eginen dira, bertatik bertara edo telefonoz; haren esleipena eskaera ordenari hertsiki lotuz eginen da.

31.4. Kantxa erreserbatu den orduan erabili behar ez bada, harrera-lekuan jakinarazi beharko da, hura indargabetzeko eta beste erabiltzaile batzuek erabili ahal izateko.

31.5. Kantxa erreserbatzeko, hura erabiliko duten bi pertsonen izena eman beharko da, baita kide zenbakia ere, halakoak badira.

31.6. Erabiltzaileendako, kantxaren erreserba dohainik izanen da; abonaturik ez daudenendako, berriz, tarifa bat izanen da, harrera-lekuko taulan ikusgai egonen dena.

31.7. Kantxa ordubetez erreserbatuko da; garrantzitsua da ordutegi horiek zuzen betetzea. Hurrengo orduetan erreserbarik ez baldin bada, erabiltzaileek beren jarduera luzatzen ahalko dute.

31.8. Helduek eta gazteek erabiltzen ahalko dute kantxa. Haurrek kantxa erabili ahal izateko, ardura duen heldu batek egon beharko du bertan.

31.9. Squashean aritzeko eta instalazioa ongi mantentzeko, nahitaezkoa da zola zuriko kirol-oinetakoak erabiltzea. Segurtasun kontuak direla eta, debeku da oinutsik aritzea.

32. artikulua. Rokodromoa.

32.1. Debeku da rokodromoa beste edozertarako erabiltzea, eskaladarako ez bada.

32.2. Ibilbide sokadunak dituen rokodromoa 16 urtetik goitiko abonatuek baizik ez dute erabiltzen ahalko; gainera, federazioaren lizentzia izan beharko dute, eta instalazioen arduradunaren baimena. 16 urtetik beheitikoek instalazioa erabiltzen ahalko dute, gurasoek edo legezko tutoreek lagunduta, horiek betetzen badituzte rokodromoa erabiltzeko baldintzak.

32.3. Instalazioa erabiltzeko, material eta jantzi egokiak eraman beharko dira: eskalatzeko oinetakoak, soka dinamikoa, eskalatzeko arnesa, grigria edo azkoin askagaitza, espres zintak, kirola egiteko arropa, kaskoa, etab.

32.4. Hona hemen instalazioaren gehieneko edukia: bulderrean 3 lagun aritzen ahalko dira batera, eta ibilbideak dituen rokodromoan, 2 kordatara (4 lagun).

32.5. Segurtasun kontuak direla eta, gomendioa egiten da eskalatzen ari direnen azpian ez egoteko.

32.6. Koltxonetak zaindu behar dira; ez da haien gainetik ibili behar kaleko oinetakoak jantzita. Koltxonetak ez dira etzateko. Rokodromoaren zolan ez da onartzen poltsa edo motxilarik sartzerik, eskaladarako materiala soil-soilik.

32.7. Ibilbide sokadunak dituen rokodromoan lagunarekin eskalatu behar da. Nahitaezkoa da igotzen ari den kirol-ibilbideari dagozkion aseguru guztiak paratzea.

32.7. Ibilbideen aldean, sokarik gabeko eskalada mugatua dago marra gorriaren azpian dauden heldulekuetara.

32.8. Debeku da guztiz heldulekuak laxatzea edo aldatzea, arduradunaren baimenik gabe.

32.9. Ingurua garbi eduki beharrez, gomendatzen da bolazko magnesioa edo magnesio likidoa erabiltzeko.

32.10. Erabiltzaileak dira instalazioaren arduradunak; ongi mantentzen dela begiratu behar dute, eta hitz ematen dute:

–Fokuak modu egokian erabiliko dituztela, eta argiaren aginte-panelean ezartzen diren jarraibideen arabera.

–Ez dutela inolako jarduerarik eginen, instalazioa hondatzen badu edo kalte egiten badio.

–Erabili ondoan ez dutela deus utziko ez kantxan ez harmailetan.

–Bukatzean, instalazioa erabat itxirik utziko dutela. Aldagelak itxirik utziko dituztela, erabiltzen ari direlarik izan ezik.

–Ez dietela sartzen utziko jarduerarekin ikustekorik ez dutenei.

–Arauak betetzean axolagabe jokatzeak edo haiei kasurik ez egiteak zehapenak ekartzen ahalko dizkio erabiltzaileari.

32.11. Rokodromoa eskola orduetatik kanpo erabili ahalko da, instalazioa okupaturik ez badago Udalak edo enpresa kudeatzaileak antolaturiko jarduerak egiteko.

32.12. Rokodromoa erreserba egin duten lagunek erabiliko dute. Erabiltzaileek iruzurrez erabiltzen badute, horrek ondorioak ekarriko dizkie erreserbaren titularrei, falta astuntzat joko baita.

33. artikulua. Frontoiko hainbat kiroletarako pista.

Ikasturtean, ikastetxeak baizik ez du kiroldegia eskola orduetan erabiliko.

33.1. Agoizko kirolguneko harrera-lekuan txartel bat paratuko da, eta hartan hainbat kiroletarako pistako ordutegiak.

33.2. Kiroldegiko kantxa jarduera desberdinetan aritzeko izan daiteke; beraz, bereizten da haren erabilera, hainbat kiroletarako pista gisa edo frontoi gisa.

33.3. Udalaren edo enpresa kudeatzailearen jarduerek instalazioa okupatzen ez dutenetan, abonatuek haren alokairua eskatzen ahalko dute, asteko aldizkakotasunez; abonaturik ez daudenek, berriz, bi egun lehenago baizik ez dute eskatzen ahalko. Esleipena eskaera ordenari hertsiki lotuz eginen da.

33.4. Kiroldegia nahi den modalitatean alokatzeko eskaerak Agoizko kirolguneko harrera-lekuan eginen dira, bertatik bertara edo telefonoz.

33.5. Kantxa erreserbatu den orduan erabili behar ez bada, harrera-lekuan jakinarazi beharko da, hura indargabetzeko eta beste erabiltzaile batzuek erabili ahal izateko.

33.6. Kiroldegia erreserbatzeko, hura erabiliko duen pertsonaren izena eman beharko da, baita kide zenbakia ere, halakoa bada. Erabiltzeko tenorean, beharrezkoa da:

33.7. Abonatuek eginez gero, kantxaren erreserba dohainik izanen da; abonaturik ez daudenendako, berriz, tarifa bat izanen da, harrera-lekuko taulan ikusgai egonen dena. Pertsona fisikoen kasuan:

–Pilotalekua: instalazioaz baliatuko diren guztiek beren abonatu karneta utzi beharko dute.

–Kiroldegia: harrera-lekuan gutxienez ere 5 abonatu agertu beharko dira, bakoitzak bere karneta duela. Nolanahi ere, instalazioa erabiltzeko, San Migel ikastetxe publikoak izanen du lehentasuna eskola ordutegian, eta eskola ordutegitik kanpora, kirol klubak eta aldi bakoitzean udal igerilekuen ardura duen enpresak, eta kirol ikastaroetarako.

33.8. Kantxa ordubetez erreserbatuko da; garrantzitsua da ordutegi horiek zuzen betetzea.

33.9. Helduek eta gazteek erabiltzen ahalko dute kiroldegia. Haurrek erabili ahal izateko, ardura duen heldu batek egon beharko du bertan.

33.10. Erabiltzaileak dira instalazioaren arduradunak; ongi mantentzen dela begiratu behar dute, eta hitz ematen dute:

–Ez dutela ez janen ez edanen ez erreko bertan.

–Erreserba eta hartutako modalitatea egiaztatzen dituen gordekina hartuko dutela Agoizko kirolguneko harrera-lekuan.

–Fokuak modu egokian erabiliko dituztela, argiaren aginte-panelean ezartzen diren jarraibideen arabera.

–Ez dutela inolako jarduerarik eginen, instalazioa hondatzen badu edo kalte egiten badio.

–Erabili ondoan ez dutela deus utziko ez kantxan ez harmailetan.

–Bukatutakoan, instalazioa erabat itxirik utziko dutela, eta baita aldagelak ere, erabiltzen ari direlarik izan ezik.

–Ez dietela sartzen utziko jarduerarekin ikustekorik ez dutenei.

33.11. Erreserba egin duten lagunek erabiliko dute kiroldegia. Erabiltzaileek iruzurrez erabiltzen badute, horrek ondorioak ekarriko dizkie erreserbaren titularrei, falta astuntzat joko baita.

33.12. Bestelako jarduerak egiteko (bestak, herri bazkariak, etab.), nahitaezkoa izanen da Agoizko Udalaren edo enpresa kudeatzailearen baimena. Zoladura babesteko goma bat paratu beharko da.

33.13. Urtero, instalazioaren azterketa orokorra eginen da, aldi bakoitzean aplikatzen ahal den foru araudiarekin bat, Udalaren kontura eta haren bizkar. Aldagelen kontrola eginen da aldian behin, haien egoera orokorra, garbitasuna, etab. aztertzeko.

33.14. Zenbait kiroletarako pista astero garbituko da, kirol instalazioak aldi bakoitzean kudeatzen dituen enpresaren kontura eta haren bizkar.

33.15. 07:30etik 9:00etara, instalazioa goizeko haurtzaindegitako erreserbatuko da eskola garaian. Kasu horretan, debeku da psikomotrizitate gelan jatea, harmailetan izan ezik.

33.16. Kirol ikasturte bakoitza hasi aitzin, ordutegi bateratua koordinatuko da Udalaren eta instalazioak aldi bakoitzean kudeatzen dituen enpresaren artean.

33.17. Instalazioak oker erabiltzeagatik deus hondatzen bada, erantzukizuna erabiltzailearena, entrenatzailearena edo monitorearena izanen da.

Entrenatzaileak nahiz monitoreak arduratuko dira kirolguneko instalazioko giltza sortak erretiratzeaz eta uzteaz; haien ardura izanen da instalazioa zuzen erabiltzea eta zaintzea, jarduerak irauten duen bitartean, eta orobat arduratuko dira araudi honetako funtzionamendu araubidea betearazteaz; hori bermatzeko, behar diren langileez hornitu beharko dira.

34. artikulua. Futbol zelaia.

San Migel ikastetxe publikoak baizik ez du erabiliko eskola ordutegiaren barnean; ordutegi horretan guztiz debeku da soropila ureztatzea edo ongarritzea, eta betiere 07:00etatik 17:00etara. Lan horiek jai garaietan baizik ez dira eginen, eta kirol klubak horren berri eman beharko dio ikastetxe publikoari.

35. artikulua. Alderdi hidrotermala.

35.1. Eremu horietara 16 urtetik goitiko abonatuak baizik ez dira sartuko. Salbuespenez, adingabeek sarbidea izanen dute, Udalak enpresa kudeatzailearekin batera horrela erabakitzen duenean.

35.2. Instalazioko zuzendaritzak osasun azterketa egitea gomendatzen die erabiltzaile guztiei, jakin dezaten kirol eremu horiek erabiltzea osasunaren aldetik komeni zaien ala ez.

35.3. Erabiltzaileek modu librean erabiltzen ahalko dute espazio hori, elementu bakoitzaren erabilpen denborei men eginez gero.

35.4. Eremu horietan panel batzuk paratuko dira, erabileraren gaineko aholkuak emateko.

35.5. Higienea dela eta, nahitaezkoa da txankletekin sartzea esekitokietaraino, eta hortik aitzina oinutsik ibiltzea.

35.6. Debeku da edozein osagarri (zundak, erlojua, etab.) manipulatzea.

35.7. Debeku da saunan eta aldameneko eremuan bizarra egitea, jatea eta hondarrak sortzen dituen edozein egintza.

35.8. Debeku da spa eremura liburu, aldizkari edo paperak sartzea.

35.9. Nahitaezkoa da bainujantzia eta bainurako txanoa erabiltzea uraren eremuan.

35.10. Debeku da xaboia erabiltzea alderdi hidrotermaleko dutxetan.

36. artikulua. Barbakoen eremua:

36.1. Barbakoak erabiltzeko erreserba kirolgunearen harrera-lekuan eskatuko da, 24 ordu lehenago, beranduenez. Bi barbakoak erreserbaturik egonez gero, itxaron zerrenda eginen da.

36.2. Erreserbak denbora tarte bakoitzeko eginen dira (gosaria, bazkaria eta afaria): 10:00, 13:00 eta 19:00. Mahaiak 23:00ak arte erabili ahalko dira, eta ostatutik atera beharko da. Nolanahi ere, ezin izanen da sua piztu 22:00ak eta gero.

36.3. Instalazioa garbi-garbi eduki beharko da. Sorturiko hondakin guztiak bilduko dira, eta edukiontziaren poltsan sartuko. Erabiltzaileek kontu handiz ibili beharko dute, gantza lurrera eror ez dadin.

36.4. Nahitaezko baldintza da instalazioak era egokian erabiltzea eta behar bezala uztea, ondotik etorriko diren pertsonek erabili ahal izateko.

36.5. Erabiltzaileek eraman beharko dituzte xirmenduak, egurra eta kartoiak edo egunkari paperak.

36.6. Ez badira arau horiek betetzen, ezin izanen da barbakoarik berriz erabili bi asteko epean.

36.7. Instalazioak era desegokian erabiltzeagatik sortzen diren kalteak eskatzailearen ardura izanen dira.

36.8. Txorrotako ura arduraz erabiltzea gomendatzen da, alferrik ez xahutzeko.

VI. KAPITULUA

Jarduerak

16 urtetik beheitikoendako kirol ikastaroek tratamendu desberdina izaten ahalko dute.

37. artikulua. Kirol ikastaroak eta igeriketakoak.

37.1. Agoizko Udalak edo enpresa kudeatzaileak erabakiko du nola eman behar den izena kirol eta igeriketa ikastaroetan, eta zein prezio izanen duten.

37.2. Kirol ikastaro guztietan, gutxieneko eta gehieneko parte-hartzaile kopurua ezarriko du enpresa kudeatzaileak. Enpresa kudeatzaileak aldatu ahalko ditu taldeak, ordutegiak eta adinak, jarduerek hobeki funtziona dezaten, eta monitoreak erabaki ahal izanen du parte-hartzaileak taldez aldatzea.

37.3. Urte guztian ematen ahalko da izena, plazak baldin badaude eta jarduera egiteko oztopo ez bada, ikastaroa bukatu arteko tarteari dagokion proportzioa ordainduta.

37.4. Jarduera guztietan begiratuko da erabiltzaileak joaten ote diren kirol ikastaroetara, eta bakarrik baja ematen ahalko zaie bi hilabetez jarraian jarduera jakin batean agertzen ez direnei, inolako justifikaziorik eman gabe. Nolanahi ere, baja eman aurretik jakinaraziko zaie. Neurri hori hala dago jarria, kasuan kasuko jardueraren itxaron zerrendan daudenek ikastaroan parte hartzeko aukera izan dezaten.

37.5. Bajak sortzen badira, itxaron zerrendan daudenei deituko zaie.

37.6. Ikastaroan izena eman eta ordainketa egin ondoan, soilik honako kasu hauetan itzuliko da ordaindutako zenbatekoa:

–Jarduera hasi baino lehen, izena eman duen pertsonak bere borondatez eskatzen badu baja ikastaroan.

–Ezinbesteko kasuak justifikatzen badira, instalazioetako kudeatzailetzak aztertu ondoan. Kasu horretan, medikuaren ziurtagiria, erroldatzea aldatu dela egiaztatzen duen agiria edo gisakoa aurkeztu beharko da. Baja jakinarazten den egunetik ikastaroa bukatu arteko denbora tarteari dagokion proportzioa itzuliko da.

–Ikastaroan izena eman dutenen kopurua ezarritako gutxienekotik beheitikoa bada, edo bertan behera gelditzen bada parte-hartzaileekin ikustekorik ez duten arrazoiengatik.

37.7. Ez da inola ere onartuko egunez eta ordutegiz aldatzea, nahiz eta kirol jarduera bera izan; beraz, erabiltzaileak ezin izanen dira taldez aldatu.

37.8. Hizkuntzaren erabilerari dagokionez, Agoizko Udalak eta instalazioak kudeatzen dituen enpresak ezarri eta argitaraturiko irizpideei jarraituko zaie, euskarari buruzko ordenantzak kontuan hartuta, betiere.

VII. KAPITULUA

Erregelamendu honetan xedatua

38. artikulua. Agoizko Udalari dagokio erregelamendu honetako arauak interpretatu eta aplikatzea. Zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den pertsona edo entitatea Udalak eskuordeturik arituko da xedapenak interpretatu eta aplikatzeko eginkizunetan, eta konponbiderik zuzenena bilatuko du instalazioen eguneroko erabileran sortzen diren arazoetan.

Iragarkiaren kodea: L1900528